ESKUAK HASERRE
Zerbait berria aukeratu dut,
alferrik ez sufritzea.
Adrienne Rich
Okaranak janez hitz egin dugu
liburuez, eguraldiaz eta nork bere buruaz.
Esan didazu: haserre dituzula eskuak,
ezagutzen dituzun tanatorio guztiek
jatetxe bat dutela ondoan,
telefonoak bete duela zure lekua gurasoen etxean.
Ez dakit zehatz zer esan dizudan nik:
gogoan zaituztela nire eskuek
maite dudala irribarre erraza duen jendea,
logela huts bat naizela amarenean.
Esan didazu: zure erdiak lo egin nahi duela
eta besteak hozka, zaila dela erraza izatea,
dena dela jolasa, dena dela jokoa.
Erantzun dizut: batzuetan oso urrun nagoela nigandik,
ez dakidala nongoa naizen gaur,
bihar zer izan nintzen.
Esan didazu goxo daudela okaranak
baietz erantzun dizut nik.
© Leire Bilbao