1977ko URRIKO GAU BAT
Urriko gau batez aita eta ama euren logelan,
oraindik ez nire ez beste inoren
aita eta ama ez direnean.
Gizonak jertsea erantzi du:
aulki gainean utziz burua kendu dioten hilotza.
Andreak armairuan sartu ditu galtzak eta alkandora:
pertxatik zintzilik beste emakume urkatu bat.
Bietako batek ere ez dio komodako ispiluari begiratu.
Maindire artera sartu dira
bakoitza bere ohe ertzetik:
mugaren alde biak eta aduana.
Hezetasunak hartutako pareta zatia
irudimenez margotzen ahalegindu da andrea.
Hotzak ditu oinak. Kuzkurtu egin da
gizonaren sabelpera, beroa da haren aho-lurruna.
Argiak itzalita izarak ez dira zuriak;
gorputzak bai, garbiagoak dira.
Andreak eguna du nahiago.
Gizonak gaua.
Urriko gau hartan aita eta ama
oraindik ez nire ez beste inoren
aita eta ama ez direnean
desiratzera behartuta ezkon-ohean
nor bere bazterrean
loak hartzeko zain.
© Leire Bilbao