GALDERA BAT DA NIRE GORPUTZA
nire gorputza galdera ikurra da
bere puntuaren bila
plastikoa bezala urtzen da
nahiz eta antikonjelanteak izan biriketan
suge bat darama bizkarrean
zigilu bat ipurmasailean
dena ezkutatzen du
kezko azalean
zabalik uzten dut batzuetan
armairuak bezala
barrura begiratu beharrik ez izateko
oihu egiten duenean
saihestu egiten dut bestetan
aulki batean aparkatuta
larregi ahazten naiz berataz
baina atzetik datorkit nahitaez
galdera ikurra legez
noiznahi abandonatuko duen esaldi baten ostean
© Leire Bilbao