ANIMALIAK OHEAN
elurra ari du
larrua jotzen dizudan bitartean
«ez dago maitasun aseptikorik» diotsut
leihoak izerdituta
odol tantak izaretan
gu: bi elefante igerian
bero urdina
gaur zoriona ez dator berandu
katuak bezala miazkatzen dizkizut zauriak
animalia guztiak naiz zugan
lepoa ohe ertzetik kanpo
hilko zaitut une betez
isiltasuna musukatuko dizut
mudatuko naiz behin eta berriz
hondartutako balea zara orain
hezurrak agerian
eta ni zakur bat
zure eskeletoa berriz itsasoratu nahian
alferrik dabilena
© Leire Bilbao