AMESTU NAHI ZINTUZKET
Ama, gaztetu nahi zintuzket
neu ere ume izan nadin.
Haizeak ditut saihets artean
ezin dute ihes egin.
Ama, ilea luzatu nahi nizuke
neuri ere orraz diezadazun,
min egiten zenidan arren
amatasunezko amorru harekin.
Ama, amestu nahi zintuzket
hogei urterekin beti,
zelai batean dantzan
kristalezko kanpaiak hautsiz.
Ama, asmatu nahi zintuzket
sabel azpiko orbainik gabe,
ahantz dezazun nondik atera nintzen
leun, irribarrez; seme-alabarik gabe.
Ama, askatu nahi zintuzket
libre izan nadin neu ere.
© Leire Bilbao