TRENA
zikin daude kristalak
hildako euliak leihopean
gortinak dira nire eskuak
hormak zeharkatzen ditu
trenaren zaratak
barrerak jaitsi dira
autoak bidaztiak ertzeko guztiok gelditu gara
trena nola badoan begiratzearren
bizilagunak plastikozko loreak
jarri ditu leiho ondoan
garbi dago zerua
txoriak ere ez dira jada
argindar kableetan pausatzen
tren taupadak nire bularrean
requiem
nire hezurrek ez dute hitz egin nahi
berbak ez dira beti mapak
bideek edonora eta inora eraman zaitzakete
nik ere eutsi behar izan diot
errepideetako kono gorriak
botatzeko tentazioari
autodiziplina kontua
umetatik euspen-horma
izaten erakutsi digutenondako
ez zeharkatu
argi gorria
trena dator
heldu eskutik
hau da bidea
barrerak igotzen hasi dira
berriz hasi da dena
berriz hasi da dena amaitzen
dagoeneko ez naiz makurtu gabe
barrera azpitik kabitzen
© Leire Bilbao