Erreplika
Erreplika
2026, nobela
216 orrialde
978-84-19570-64-2
Azala: Xabier Gantzarain
Maialen Berasategi Catalán
1989, Gasteiz
 
 

 

VIII
Erreplika

 

 

 

Kale-zokoko etxea, astakardu-egunak

 

Maria:

Entziklopedian bageunde, tomo berean geundeke.

Horrela zen, ezta?, bukatu gabe utzi zenuen esaldia.

Tomo berean geundeke, bai, baina ez ondoz ondo; gure izenen artean sarkin agertuko litzateke-eta maratila bat bion arteko atea betiko itxiko lukeena, eta maratoi bat helmugaren aurretxoan bihotzekoak jota hilko gintuzkeena, eta marexal bat gerra guztiak berpiztuko lizkigukeena, eta batez ere, batez ere, maremagnum bat, itoaraziko gintuzkeena elkarren letretan.

Hizki baten gorabeheran alda daiteke dena.

Zuk ezin zenuen zeure izena esan neurea ere esan gabe; nik bai neurea, lasai asko, zeurea esan gabe.

Ulertzen dut zergatik gaizkitu zinen.

Eta ulertzen dut zergatik utzi zenion itsasertzeko etxea Sandra Smirnoffi, eta zergatik ez zuen hark etxeaz ezertxo ere jakin nahi izan eta zergatik utzi zion dohaintzan unibertsitatearen ekimenez hain komenigarriro zure izenarekin sortu duten fundazioari (ze imajinazio gutxi). Ulertzen dut zergatik bota ninduten, zuregatiko dolu betean nengoela, inoiz etxetzat eduki dudan etxe bakarretik (ezingo naiz, ez, inora bueltatu), eta zergatik Dorak Noe hartu zuen etxean eta ni ez.

Lehenengo entenditu, eta gero idatzi, zuk irakatsi zenidan bezala. Horrexetan ari naiz.

Gauez idazten dut, “Eta halere, hautsa bezala, altxatuko naiz berriro” dioen boligrafoarekin. Gauez idazten dut, egunez lanean nagoelako. Bai: amak iturria itxi zidan unibertsitateko deskalabruaren berri izan orduko, eta, ez zenuke sinetsiko, baina lan bat aurkitu dut. Non, eta lanpara-denda batean. Ez da batere lan sortzailea, eta jabeak propio itxita edukitzen ditu pertsianak, lanparek gehiago luzitu dezaten. Kobazuloan preso, jendeari beha entretenitzen nintzen hasieran, entenditu nahian, harik eta konturatu nintzen arte jendeari aurpegi bera ikusten niola bonbilla diferenteen argitan ere.

Egunero egingo nuke edo dena utzi eta alde egin, edo denak akabatu eta bertan geratu.

Baina orain pixka bat entenditzen hasi naiz, Maria: badakit zer den nomina bat eta zergatik diren zergak.

Gauez idazten dut, etxebizitza estu batera etorri behar izan dudalako bizitzera hiru ezezagunekin, eta gauean baino ez direlako isiltzen.

Hemendik, Maria, itsasoa ez beste guztia entzuten da.

Eta jabetu naiz: batzuetan lekuak nor bere denboran jartzen du.

Etxe honen ospelera etorrita, azkenean errenditu nintzaion nire garaiari, eta sekula irakurriko ez duzun gutun honekin bukatzen den liburu hau idazten hasi nintzen, enborretik onddoa. Oso eskuzabalki eta arrunt dibertiturik istorio honetako pertsonaietako bat izatea onartu duen editore batek ekin handiz akuilatu ninduen hartarako, besteak beste pizgarri gisa emanez dozenaka liburu-aleren aurre-ordaina.

Hona hemen Mara Meleiro, Maria M. Mullerren kopia duingabea, Maria M. Mullerren biografia lantsua pseudomanoki suplantatzen, nahiz eta aldi berean ez duen, egia esatera, bestek egin ez duen ezertxo ere egin, hots, besterena kontatzeko itxuretan norberarena kontatu.

Lapurreta eta ironia ozarra, bai, zure liburua itzalperatu eta neronen liburu hau idaztea Maria eta Mara zidor berean ibili zirenekoaz, eta gainera zer-eta Erreplika jartzea obrari izenburua.

Ez da justua, bai ohikoa: maisulan original hausbera almazenean gordetzen da askotan, eta haren erreplikak museoan jasotzen ditu flashak, diruak eta miresmen-begiratuak.

Zure hiletaren biharamunean, dena nola aldatu zen pentsatzen nenbilela, komun-zuloan eserita potosari begira, ohartu nintzen ondo zegoela landarea, ondoegi eta berdeegi, nahiz eta inork ez zion ura egin ospitalean egon zinen hilabeteetan. Hosto bat erauzi, eta bitan tarratatu nuen: zuria zen barrutik, paperez egina.

Maria, gauza faltsuen botanikaria.

Sekula bakarrik ez zegoen Bakardadearen Jainkosa.

Eta hala ere, Maria: biok gezurtiak, baina ni traidorea.

Klaserik okerrenekoa, gainera: traidore desleial zabarra, patua bezain imajinaziorik gabea eta, horrexegatik, gauzak izan diren bezalaxe kontatzeko bezain desirudimentsua.

Oraintxe entzungo bazenit, seguru nago, botako zenidake ez dela posible gauzak izan diren bezalaxe kontatzea.

Egia bat kontatzeko, badaki hainbeste unibertsitario ohi honek, hamaika egia asmatu behar izaten dira.

Argi dago ez nuela talenturik izan, edo gogorik, zuk irakatsitako guztia ikasteko. Agian bai (mmm) hizkirik larriena ere barren-hutsa izan daitekeela, eta puntu eta komak mengelkeria direla izate biribilegientzat, eta ez zitzaidala batere komeni itsasoaz haraindi txalupan joatea. Horregatik, neure burua konbentzitu dut istorio hau hirugarren pertsonan idaztea eta pertsona-izen guztiak moldatzea, zeurea eta neurea barne, nahikoa izango zela behar adina urruntzeko neuregandik eta zeuregandik, epaitzeko Mararen miseriak gupida handirik gabe, eta beste hainbesteko pudorez erreplikatzeko Mariaren ahotsa.

Originalagoa izan behar nuen, bai: gaur egun ezin da andre zaharraren hiletarekin bukatu andre zahar baten istorioa. Baina gauza batean behintzat kasu egin dizut: idoloei erronka jo behar zaie, ez kanpaia.

Musa bihurtu dut jainkosa.

Zer bihurtzen nau horrek.

Gauez idazten dut, iluntasunak modua ematen didalako neure burua engainatu eta asmatzeko beste egia bat: nire gelako leiho-zulotik ikusten den uralitazko teilatu uhintsua zure itsasertza dela, eta zure langelan nagoela eta maluta zuriak mara-mara hasi direla hor kanpoan, eta egunak eta asteak emango dituela bota eta bota, itsasoa bera ere zuritzeraino oraingoan eta itsasertzeko etxea osorik azpian hartzeraino, barruan elurperaturik dagoen neskak gutun bat idazten duen bitartean.

Itxuraz bai, Maria, baina egiaz inoiz ez ginen bat izan: ez dira gauza bera asuna eta asun borta.

Esan gabe doa; baina asunak diotsu.

 

Mara