Erreplika
Erreplika
2026, nobela
216 orrialde
978-84-19570-64-2
Azala: Xabier Gantzarain
Maialen Berasategi Catalán
1989, Gasteiz
 
 

 

V
Eskerrik asko, polit hori

 

 

 

“Ariadna pertseidazkoari betiko agur esan, eta urre-lanbrozko egunsenti batean itzuli nintzen Moiraren etxera. Tira, gure etxera. Moirak geure bilakatua baitzuen, bere ginkgo-eskuzabaltasun eternalean.

Lo aurkitu nuen, ilea burukoan uhinduta, begi-ertzetako barre-zimurtxoak nasai, bake-bakean lo. Minez gogoratu nintzen nola bakea hartzen nuen nik ere beti, egon ezinezko gauetan, burua haren bularrean pausatuta, haren arnasa motelaren gora-eta-behera leunean.

Moira, ene aintzira infinitua. Ene patu leiala.

Ariadnari agur esan izanaren zuloa oraindik zulo erraietan, duda egin nuen lipar batez, ahul eta neurekoi, benetan alde egin behar ote nuen Moiraren ondotik ere. Baina neurekoiagoa izango zen bertan gelditzea. Eta zor nizkion gauza guztien artean, bakarra eman niezaiokeen orain: bakea.

Utzi nuen Ariadna ene lorea, utzi nuen Moira ene sustraia, eta alde egin nuen, atzera begiratuko nuela ederki jakinda.

Uko egin nion patuari, hilkorron manu horri, eta bakarrik bizi naiz harrezkero, jainko-jainkosen zigorraren esperoan”.

Maria M. Muller, Urrunean gu (eguneroko bat)

 

      Gau-mahaiko lanparatxoak leun argiturik, ohean eserita zegoen andre biguna, ile urdindua nahasita, soilik burua eta beso bat pijama lodian sartuta. Haren aurrean, berriz, Maria zutik ahaleginean, Moirak beste besoa ere, jasoa eta zurrundua, mahukan sar zezan.

      Harri gelditu zen Maria Marari so, esku bat goian Moiraren eskumuturrean, bestea beherago mahukan, zeinaren muturrari baitzerion, zimel, hari zuri solte bat.

      — Maria… —Moirak burua jiratu zuen motel-motel Mariarengana, eta oraingoan galdera gisa errepikatu—: Ariadna?

      Mahukako hari-mutur soltea hortzez eten, eta ezetz esan zion Mariak, ez zela Ariadna. Moira ez zen oso konbentzituta gelditu, eta Marari begira segitu zuen, burua adi, gorputza distraituta. Horixe aprobetxatu zuen Mariak, eta besoa halako batean mahukan sartu, eta sartu pijamaren jertsearen barrena ere fardelaren eta praken artean (“Holaxe, gerri-buelta ez hozteko”), eta orraztu zuen pixka bat hatzez, eta poliki, amultsu, etzaten lagundu eta kokotseraino estali zuen tapaki lodiez.

      — Horrela ondo?

      Moirak baietz buruaz, Mariari liluraz begira orain, Maraz zeharo ahaztuta nonbait.

      — Gaur elurretara?

      — Gaur gaua da, Moira. Bihar igual.

      — Bihar elurretara?

      — Dorak permisoa ematen badizu…!

      Moirak argi zeukan, bai, Dorak baimena emango ziola, zeren irribarrez baitzegoen Mariak mesanotxeko argia itzali zuenean.

      Marak presaka korridorera atera zuen logelan zeukan gorputz-erdia. Maria atzetik irten zen, eta atea leun itxi.

      Korridorean ere argi leun bat baino ez zegoen piztuta, eta ilunantz hartan Mariak ezer edo inor ikusten ote zuen, horretaz Mara ez zegoen oso seguru. Maria ez zegoela besoak zabalik, horretaz bai, seguru zegoen Mara, Doraz nahiko fuerte akordatzen zen bitartean.

      — Dorak izara garbiak jarri ditu zure gelan.

      “Nire gelan”.

      — Gabon, Mara.

      Eta logelara bueltatu zen, Moiraren alboan lo egitera.

 

 

 

Erretxintzen zenean, Mariaren maitale aspaldikoen izenak ez ezik, izen biblikoak jartzen zizkion Moirak Marari: “Betsabe, ekarri ura!”, etxeko nagusiaren mirabe amoranteari mespretxuz ari zaion etxeko andre burgoiaren pare. Edo “Hara, badator Mara Magdalakoa”, burlaizez. Bere senera erdi etortzen zenean ozpintzen zen, ohartzen zenean bere senera etorria zela eta beraz bere senetik kanpo ibilia zela orduantxe arte.

      Gainerakoan, aldarte gozoan, bizitza narratzen zuen Moirak:

      “Jertse goxoa daramat gaur”.

      “Elurra hasi du berriz”.

      “Horra hor Angus”, lorezainari atsegindurik begira.

      “Hara, kaio bat karranka”.

      “Isilik zaudete biok”.

      Orainaldi perpetuo bat, atzorik apenas gogoratu ahala eta etzirik imajinatu ezina konpentsatzeko mekanismo zuhurra.

      Herioagatik laborritutako andre baten herioan utzia zuen Marak itsasertzeko etxea, eta, bueltatu zenean, heriorik gabeko orainaldi zelaian lasai paseatzen zen andre baten tenple eztia aurkitu zuen han.

      Dorak elurretara ateratzen zuen, besotik helduta tipi-tapa, pazientzia alimalekoz. Mariak, sekula baino etxekoandreago, bere esku bat-batean mundutartuez elikatzen zuen, eta garbitzen, eta janzten eta eranzten. Maiz samar, besotik helduta oinez, biek batera egiten zuten estropezu, bataren baldarrean, bestearen itsuan.

      Andreak errieta onbera, antzeztua egiten zien katuaren katukeriei, eta Dinak eraman onberaz toleratzen zuen; hitz samurrak egiten zizkion txakurrari, eta Noek magalean jartzen zion burua, bere txakur-bekainaldearekin elokuente erantzunez.

      Marak ere, herabeago, baina laguntzen zion eskailerak igotzen eta bestelako premia xumeak asetzen, musuzapia goizeko mukiak kentzeko, poltsa beroa arratsean oinak ez hozteko. “Eskerrik asko, polit hori”, Moirak orduan erabidetsu.

      Hura itsasertzeko etxean zenetik, gela berri bat irekia zen, lo aurreko ordu parea betetzeko: beheko solairuko egongelatxo berdea. Sofa bat eta besaulki bat, eta txoritxoa zulotik atera arren kuku egiten ez zuen kuku-erloju bat, eta telebista zahar bat, urrutiko aginterik gabea, ozta-ozta koloretakoa.

      Gizon garai beltzarana korrika bizian zihoan pantailan, desertuaren erdian, gorbata airean, fumigazio-abioneta bat atzetik zebilkiola, ez helburu inozentez.

      — Begira, Maria, zu bezala —Moirak, dibertiturik.

      Biak sofan, Moirak esku artean zeukan Mariaren eskua, maitekiro laztanduz.

      Mariak, bezperan egindako gaiztakeriaren bat gogorarazi dioten ume damutuaren airez, ez zuen ezer esan. Eskergegiak ziren Moiraren egiak. Eta Mariak utzi egiten zion: egiten, eta esaten.

      Marak, bitartean, berez Mariaren lekua izateko itxura zuen besaulkian, ez entzun samar egiten zuen halakoetan badaezpada, adi baina disimuluan, Mariaren umiltze-ariketa hartaz ohartuko ez balitz bezala.

      — Nik esaten nion: astiro, Maria; mina hartzeko ere… —zuzenean Marari narratzen zion Moirak halakoetan, iraganaren ispilu uherra pixka bat deslausotzen zitzaiolarik—. Baina zazpikia izan, eta ezin geldi egon. Beti ihesi, beti zerbait atzetik —Mariaren eskuari une batez jaregin, eta pantaila seinalatu zuen—. Gizon hori bezalaxe: beti zerbait atzetik.

      Biharamunean, goizean goiz, Maria ibili zen etsi-etsian Moiraren atzetik, hark ez omen zuen-eta bularretako zuria jantzi nahi, baizik gorria. Marak iskanbila aditu zuen ohetik, eta, korridorera atera zenean, hantxe aurkitu zuen Moira, bular-bistan eta eskuak gerrian.

      — Gorririk ez daukazu, Moira —Mariak, neka-neka.

      — Ez dut, ba, izango! Zuk erregalatu zenidan eta! Zinera eta afaltzera eraman ninduzun gau hartan. Bazenuen kulparen bat orduan ere.

      Ordu-erdi barru Moiraren bila etortzekoa zen Dora, iloben etxera eraman behar zuen-eta, Urtezaharra eta Urteberria familiarekin pasa zezan. Maria bularretakoarena negoziatzen utzita, Marak Moiraren maleta egin berria hartu eta atondora jaitsi zuen kontu handiz, penaren antza zuen zerbait harrituta sumatuz barrenean.

      Kasketa hartuta igo zen Moira jeepera, eta ia agur ere esan gabe desagertu zen lur-bidean.

      Neguko eguzki etzana ahul urtzen ari zen hosto-puntetako elurra, jardina pozez tantaka. Mariak, aurpegia gorrituta eta bihurrituta, lortu zuen nolabait malkoei eustea, eta, bat-batean han kanpoan zertan ari zen ez baleki bezala, etxerako bidea hartu zuen.

      Mara kanpoan geratu zen puska batean, Noe paseatzeko aitzakian. Begiak ñarrotuta, izpiak eta haien bero hotzila ezin sinetsiz, plisti eta plasta gesaletan. Beti han egon balitz bezala.

      Urtezahar gauerako, Mariak untxia prestatu zuen labean, eta, bapo afaldu ondoren, Moira joana izanagatik, telebista aurrean kokatu ziren berriz. Ardo gorri apartsu bat ireki zuen Mariak, eta bai botila eta bai kopa erdi betea telebista aurreko mahaitxoan utzi. Marak uste izan zuen Maria besaulki nagusian eseriko zela, bere tronua berreskuratuko zuela, baina sofaren alde batean jarri zen berriro, purutxo bat piztuta. Noe esfingeki etzan zen lurrean, eta Mara, luzexko dudan egon ondoren, Moiraren lekuan eseri zen.

      Lehenik bizimodu gatzgabe batetik eta gero legearen indar gupidagabetik ihesi zihoazen bi emakumeren road movie-a ikusi zuten urteko azken gauean, ez hain aspaldi zineman arrakasta handia lortua baina ez Marak eta ez Mariak ikusia. Amaiera hegalari apoteosikoan, algara egin zuen Mariak, eta txalo pantailari: “Bai horixe!”, gogobeteta. Trago bat hartu, eta mahaitxoan utzi zuen berriz kopa, orain iragarkiek egongelatxoa burrunbatzen zuten bitartean.

      Mara aurreraka makurtu zen, alegia deus ez. Mariaren kopa hartu, eta azken ardo-hondarra edan zuen trago bakarrean.

      Artean mahairantz makurtuta telebistara begira, irribarre-erdi egin zuen. Eta garbi sumatu zuen, bizkarrean, Mariaren ahoan pizten irribarre beraren beste erdia.

      Erlojuko kukuak hamabiak jo zituen, mutu.

 

 

 

— Gertuko lagun batzuk baino ez gaitun juntatuko, etxean. Komodo egoteko moduan, ez jende gehiegi eta ez gutxiegi —bere pertsuasio guztia baliatu zuen Dorak Urteberriko koktelera eta bazkarira etor zitezen—. Ni taxista. Ez dun Ameliarekin hitzik ere egin beharko, nahi ez badun. Baina Joanna etorriko dun, David, Greta… Poztuko ditun hi ikusteaz.

      — Eta Freyja?

      — Bueno, Freyja ere bai igual… baina koktelera ez omen dun iritsiko, bazkaltzera bakarrik.

      — Orduan bazkaltzera ez. Koktelera bakarrik.

      Mararen uste urduriaren kontra, inor ez zen harritu neska gazte ezezagun bat festara sartzen ikustean, nahiz eta festalari guztiek Marak halako bi, hiru edo are lau urte izan. “Ongi etorri”-ka eta “Urte berri on”-ka hartu zituen Davidek, zeina gelako gizon bakarra izateaz gain gelako pertsonarik makillatuena ere bai baitzen, eta launa musu eman zizkien, ezpainetakoaren gorria masailean ondo irarrita uzteko moduan. Amelia jangela handiaren beste aldean gelditu zen, agur-keinu lehor bat eginda. Joannak, berriz, segituan hartu zuen Maria besotik, eta, kanapeen mahaira eramanda, motel baina isildu gabe hizketan hasi zen, Mara atzean erdi aparte utzita. Txerri-sudurreko emakume hura miresgarriro ondo moldatzen zen Mariari besotik jaregin gabe beste esku automatikoaz kanapeak binaka ahoratzen.

      — A ze disgustua, Maria... Freyjarena —irentsi, eta ahotsa apaldu zuen, ingurura begira—. Jakin nuenean, ezin nuen sinistu…! —hitzak hainbeste arrastatuz mintzatzen zen, ezen esklamazio-esaldiek ere ez baitzuten esklamazioak ematen—. Eta zeinekin publikatu behar duzu orain...?

      — Hitmann oso interesatuta dago.

      — Hitmann? Baina ez al zizun bere garaian ezetz esan…? Eta ez al zizun, gainera, haren lagun minak egin ilargiaren kritika hura…?

      — Ai, kritika musikala egin zizun hura? Mundiala! Nola zen? —David sartu zen elkarrizketan, bere kopa xanpainez betetzera etorrita, eta kantuari ekin zion ahots bikainez—: “Ilargiari begira, besterik ikusten ez, itsu gaixo bat bezala zoaz alderrai oinez. Beha meatzariei…”.

      — Nahikoa, David —eten zuen ahots grabe batek.

      — Zer.

      — Ba, oso guapo hagoela isilik.

      Davidek marmarka alde egin zuen, etorri berriari lekua utzita.

      — Guapo hagoela esan diat eta! —etorri berriak Davidi atzetik, trufari.

      Emakume garai eta beltzaran bat zen, ile-kizkurra, 60 bat urteren bueltakoa. Mariaz eta Maraz gainera ezer jaten eta edaten ari ez zen bakarra. Alkandora zuri dotorearen hegal zabal bat kolokatu zuen, lehendik ere ezin hobeto kolokatuta zeukan arren.

      — Urte berri on, Maria.

      Mariak, sinesgaiztasun amorratuz, ez zion erantzun.

      Isilunea aprobetxatuta, Joannak, are gogorrago heldu Mariari besotik, eta jo eta su geldoan ekin zion atzera, Mara berriro elkarrizketa-monologotik baztertuta. Orduan sumatu zuen Marak etorri berria begira zeukala, marra beltz lodiz pintatutako bi begi sarkor so. Ahoaz bakarrik irribarrez, hatzak adina eraztun zeuzkan esku bat luzatu zion emakumeak:

      — Freyja naiz. Eta zu?

      Marak, zurbil, bere izena trisilabotu zuen:

      — Ma-mara.

      — Mara, alegia.

      — Mara, bai —eta duintasun pixka batez eskua estutzea lortu zuen azkenean.

      Itzulingururik gabe, emakume ahots-sakona bor-bor hizketan hasi zitzaion bere argitaletxe “independenteaz”.

      — Ezagutuko duzu agian.

      — Bai… Zera, Mariaren egunerokoak eta…

      — Den-denak neronek editatuak —Freyjak, garaile—. Bueno, editatuak bakarrik ez. Badakizu nola izaten den hau —Marak ez zekien—: editorea editore da, bai, baina baita zuzentzaile ere, eta public relations, eta aholkulari, eta psikologo, eta batzuetan baita psikiatra ere —sardoniko, zeharka Mariari begira—. Gehien asebetetzen nauena, ordea, talentu berriak aurkitzea da.

      Zigarro bat piztu eta estilo handiz atxiki eginda, Marari kontatu zion “Urreak lurpean distirarik ez” zela argitaletxearen leloa.

      — Mariarekin bizi zara orduan —galde-baieztatu zion segidan, lotura balu bezala baina loturarik gabe.

      Nolabait urrunki ari zitzaion, eta, era berean, munduko pertsonarik interesgarrienaren aurrean balego bezala.

      — ... oraintxe bai.

      — Haren oraingo laguna zara, beraz.

      — O-oraingo...?

      — Aprendiz-laguna agian? —Freyjak, zeinahi urtzeko moduko irribarre zabalez.

       “Idazkaria” erantzun nahi izango zion Marak, baina buruaz baiezkoa egitera mugatu zen.

      Isiltasunak, halere, ez zion luze iraun: Freyjaren lanproi-galderek eta atentzioak horditurik, Mara hantxe hasi zitzaion kontatzen, ahotsa apalduta Mariak ahalik eta gutxien entzun zezan, nola ikasketak erdi utziak zituen (“mundu guztiak daki benetako ikasbideak unibertsitatetik kanpo daudela”), nola ama hotz baten alaba zen eta aita oraingoan kleptomano batena (“bere gauzak ezkutatu eta bere buruari berari lapurtzen dizkio gero, bizioaren bizioz”), eta nola behin enara batekin topo egin zuen baina nola hura hegaldatu zenetik berriz bakarrik egon besterik ez zuen nahi izan, eta nola itsasertzeko etxean naturaren erdian aurkitu zuen bakea.

      — Eta literatura izango duzu noski ihesbidea —Freyjak.

      “Nola daki, nola daki dena”, Marak liluratuta.

      Sukar-amets batean bezala erantzun zion baietz, irakurtzen zuela eta idazten zuela, hasiberria zela eta ez zekiela nola baina jakin nahi zuela, idaztea zuela ilusio eta askabide, Eguberri guztiak eman zituela idatzi eta idatzi, eta…

      — Beraz, Eguberri guztiak eman dituzu idatzi eta idatzi —Mariak handik pare bat ordura, itsasertzeko etxera sartu eta atea danba itxiz.

      Marak sustoa hartu zuen aspaldiko partez. Azkenaldiko barealdiaren ondoren, ez zuen espero dragoia bat-batean pizterik.

      — Bai, etxean... tira, campusera itzuli naizenean.

      — Eta zer, Freyja Gustafssoni bidaliko dizkiozu idatzitakoak? Hark publikatuko dizkizula uste duzu? Zer esan dizu, bere idazle gazteen klubtxoan sartuko zaituela?

      Noe, ate nagusiaren hotsa entzutean Maria eta Mara agurtzera sukaldetik aterea, barrura sartu zen berriz isilean, belarriak zimel.

      — Ez dakit, jatorra izan da, besterik ez… —Marak, ahalik eta inozenteen.

      — Ez zen, ba, izango!

      — Lehen David horrengandik defendatu zaitu...

      — Defendatu? Egunen batean David gizagaixoarengandik defendatu behar banaute, orduan bai akabua! —beroki kendu berria esekitokian zintzilikatzen saiatu zen, baina lurrera erori zitzaion; hantxe utzi zuen—. Piztu argia, faborez, ez da pitorik ikusten.

      Mara etengailura hurbiltzen zen bitartean, Mariak, marmarka, sarrerako komodako tiradera ireki zuen, eta bertatik zerbait atera. Lanparak argi egiteaz bat, Mariak opari-paperetan bildutako fardel bat jarri zion zakar Marari eskuetan.

      — Zer d...?

      — Zure Gabonetako oparia! —Mariak, ozpinduta baina barexeago—. Lehenago eman nahi nizun, baina, Moira hemen zela eta ez zela, bart lotaratu zinen arte ez nuen astirik izan behar bezala paperetan biltzeko.

      Kaier larruztatu dotore bat zen, barrenean orriak zuri eta zain, eta kaxatxo batean, berriz, zilarrezko boligrafo dotore bat, albo batean hizki etzanez grabaturik May Angelusen poema baten hitzak:

 

“Eta halere, hautsa bezala, altxatuko naiz berriro”.

 

 

 

Urte berriarekin, Moiraren eta koktelaren jalkinak pausatuta, diligentziaz heldu zioten berriz biografiari, eta, Freyjak Mararen inguruan marraztutako txiza-arrastoa lehenbailehen ezabatu nahirik nabarmen, Maria interes pitin bat azaltzen hasi zen Mararen idazkien inguruan ere, bestela aprendiza beste maisuren batengana eskapatuko ote zitzaion beldurrez, edo hori susmatu zuen Marak behintzat, disgusturik batere gabe.

      Jakina, Mara ederki gorde zen Eguberrietako mendeku-egun bakarti haietan Mariaren idazkiak porrokatuz idatzitakoak Mariari erakustetik. Horren ordez, kaier zaharragoetan idatzitako poemak eta prosa-txatalak irakurtzen zizkion hots handian, eta Mariak kritika eta iruzkin literarioa egiten zion, zer kendu, zer ñabartu.

      — Joan behar bazenu oraintxe ondoko itsasertz horretatik beste kontinente batera, txalupatxo batean joango zinateke? —galdetu zion behin Marari, biak portxean lau hankan zeudelarik Dinaren ehizakietako batek zoruko oholetan utzitako odol-arrastoak garbitu nahian.

      — Lurrez edo airez nahiago, ahal bada —Marak, izerditan.

      — Ezin da.

      Marak, “hosto asko dituen hori” eta “adar arraroko hori” esanez bereizten zituen bezala landareak, ez zekien ontzi-izenik.

      — Orduan, itsasontzi handi batean nahiago.

      — Bai? —bota zion Mariak, begiratu ere egin gabe.

      — Ez…?

      — Txalupa intimoagoa da. Norberak bakarrik gida dezake, inoren laguntzarik gabe. Egunez eguzkiak berotzen dizu azala, eta gauean izarrek begiak. Txalupatik dena uki dezakezu, denak ukitzen zaitu.

      — Ontzi handi bat egonkorragoa da, seguruagoa —Marak, langelako dibaneko bibliozorabioa gogoan—. Ez du ekaitzak hain erraz hondora botatzen.

      Odol-orbana marroitzen ari zen igurtziaren igurtziaz, eta ez zion horrek itxura lasaigarriagoa ematen.

      — Erantzunaz seguru orduan?

      — Seguru.

      — Ba, egiozu fabore zeure buruari, eta utzi dena beti lehen pertsonan idazteari.

      “Izango duzu astia” erantsi, eta bukatutzat eman zituen elkarrizketa eta garbiketa, jaiki eta Mara hantxe memelo utzita.

      Halako tranpaz jositako dialogoetan murgiltzen ez zirenean, Mariak zuzenean gaia edo hitza emanda jarduten zen Mara, estilo-ariketa halako batean, bere boligrafo distirantaz bere kaier berri larru-usainekoa estreinatuta.

 

            “Kanpotik geldi eta bare

            barrutik bixi halare:

            karakolak espantu egiten du

            baina inor ohartu gabe.

 

            Oskola hortxe darama

            hauxe bai kontraesana:

            etxea berdin izan liteke

            bai babes eta bai zama”.

 

Halaxe idatzi zion Marak, lehen pertsonatik urruntzeko ahalegin nekezean, etxea hitzari, goiz bereziki motel batean Maria sukaldera oinak arrastaka sartzen ikusi eta irudiarekin oso inspiratuta.

      — Baina norentzat ari zara idazten —galdetu zion Mariak gero langelan, poema entzun eta pausaldi dramatiko bat egin ondotik.

      — Zuretzat.

      — Niretzat ezta pentsatu ere. Norentzat idatzi behar duzu.

      — Neure buruarentzat —Marak, iluminatuta.

      — Eta zu zer zara, bost urteko ume bat?

      Marak, berak ere ez jakin nola ausartu zen, irribarre bihurri bat egin zion, eta orduan jabetu zen Maria bere dizipuluaren aldarte jolastiaz.

      — “Arbolek fruituak nola, gauzek zintzilik dituzten hitzak” hartu beharra dago: “urrebotoi hitza urrebotoitik, asun hitza asunetik” —errezitatu zion Mariak, larderiaz.

      — Philipson! —Marak, asmakizunen jolasari gustua hartzen hasita.

      — Ez. Thunderlap —Marak ez zuen arrastorik ere nor zen Thunderlap—. Gauzei izenak darizkie, eta hitzei gauzak. Hor daude, baina bista zolitu behar duzu, txorakeriatan ibili ordez.

      — Zuk ere idatzia duzu haurrentzako liburu bat.

      — Bai, besteak beste. Baina zuri besteak beste guztia falta zaizu —Dinari burua laztandu zion, pentsakor—. Dena den, olerkitxo infantilak idatzi nahi badituzu, aurrera. Haur-liburu eskas gehienak puskaz gehiago saltzen dira helduentzako poema-liburu bikain gehienak baino. Niri neuri beste kuku batek joko zidan horretaz lehenago jabetu izan banintz. Beraz, lasai har dezakezu etxea, bai, eta porrokatu, edo harekin bola bat egin plastilina balitz bezala —lantokiko sabaira bideratu zituen bere begi zaurituak, leihora, alfonbrara, idazmahaiko lanparatxora, apaletara, beraren etxea iraindu balu bezala Marak poematxoarekin—. Hartu etxea hatz-puntekin, zomorro ezdeus bat balitz bezala, eta begiratu axaletik. Pintatu kolore estranbotikoz. Ez galdetu sekula zergatik, ez galdetu nolatan, ez noiz arte. Libre zara etxeaz zientoka lerro idazteko lanpasera hurreratu ere egin gabe.

      — Inspirazioa falta zait…

      — Lanpasa da inspirazioa. Gehixeago leituko bazenu —“zuk, ahal duzun horrek” ulertu zuen Marak—, igual aurkituko zenuen Olaf Saganen poema bat etxeen fundazioa aipatzen duena.

      — Ez dut irakurri.

      — Harritzekoa —beste pausaldi dramatiko bat, zain—. Baina leitu nahi duzu.

      — Bueno.

      — Ba, orduan, ezta okurritu ere aulkitik jaiki eta liburua apaletik hartzea.

      Indolentziaz jaiki eta hartu zuen liburua Marak.

      — Berdin dio idazle bohemio horiek zer dioten. Lehenik entenditu egin behar da, eta gero idatzi, ez aldrebes —Mariak gogobeteago, eta gero harpa-jole samar—: ea poema horrek inspiratzen zaituen. Igual orduan asmatuko duzu etxea zer den; edo, gutxienez, zer ez den. Horrela ere entenditzen dira-eta gauzak.

      Marak, gogogabe bilatu arren, aurkitu zuen halako batean Mariak aipatutako pasartea:

 

            “Diote maitasunarengatik fundatzen direla etxeak

            baina fundatu behar direlako fundatzen dira,

            arrasoan, bestela, hotz egiten duelako.

            Eta urteak igarotzen dira gero”.

 

 

 

Eta asteak igarotzen dira gero.

      Neguan aurrera, eguzkia egunero pitin bat luzatzen zen bezala berotuz zihoan itsasertzeko etxea ere, bi etxekideen hitzen txingarretan.

      Olaf Saganen poema hura irakurrita ere ez zuen ulertu Mara Meleirok, noski, zer den etxe bat, baina ohartu zen Mariak arrazoi zuela, zer ez zen jakitea ere ez zela gutxi, alegia.

      Itsasertzeko etxea ez zen presondegi bat. Ez zen uharte bat. Ez zen itsaso bare bat ere. Ez zen salbaleku bat, ez eden bat. Ez zen, alegia, Maria M. Mullerren liburuetan jartzen zuen ezer.

      Jostagarria iruditu zitzaion Marari gauzak ez zirenagatik definitzeko jolas hura, eta boladatxo batez entretenituta ibili zen horrela. Gosaritako katiluari begira geratu, eta pentsatuko zuen: “Ez da lorontzi bat. Ez da orinal bat. Ez Dinaren esne-platera ere. Ez da ez objektu dekoratibo bat, ez itoginen ura biltzeko kuboa. Ez da erlikia bat. Ez errauts-ontzi bat ere. Ez da berria. Ez da portzelana finezkoa. Ez da kabitzen bertan dragoi baten bihotza”.

      — Bukatu esne hori, lanean hasi behar dugu eta —dragoiak, urduri, bere transkribatzaile ofiziala katiluari so lelotuta ikusita.

      “Maria ez da ankerra”, pentsatu zuen orduan Marak, begiak katilutik Mariarengana altxatu eta liluraz hari begira. “Maria ez da lasaia. Maria ez da irekia. Ez da ergela. Ez oso egiatia. Maria ez da askea. Ez da berunezkoa. Maria ez da presoa. Maria ez da berekoia. Ez da ez ausarta eta ez koldarra. Maria ez da fidakorra. Ez da umila. Ez guztiz itsua. Ez da mengela. Ez da hain arraroa. Ez da zoriontsua. Maria ez da itsusia. Maria ez da gaztea. Maria ez da orainzalea, ez atzozalea. Maria, egiaz, ez da bakarzalea. Eta ez: Maria ez da jainkosa”.

 

 

 

Ez eta konplizeak ere hautsezinak.

      Jakina da hori, eta, jakina izanagatik, ez zen kommozio txikia sortu otsailaren bukaerako goiz lanbrotsu hartan, Janusek lokatzetan laprast egin eta besoa eta bi saihets puskatu zituenean.

      Mariari lindy-hopa dantzatzen hasi zitzaizkion kirioak.

      Janusen osasunagatik bai, baina, ospitaletik etxerakoan jeepean Marari eta Dorari oso argi jakinarazi zienez, Maria oso kezkatuta zegoen udaberria zetorrelako, udaberria!, eta zeinek zaindu behar zion orain jardina: zer egin behar zuen erraboilekin, nork ongarritu behar zion lurra, nork kontrolatu izurriak. Jardina azkenik piztear zen, hori zen orain halabeharra, baina, Mariaren begi eta esku baldar haiekin, Janusen trebeziarik gabe, lorategi lokartuak lo segitu beharko zuen, edo are okerrago, hilda.

      Dorak ez omen zeukan astirik; Marak, xuabe esanda (karkargarria zen pentsatze hutsa), ez zeukan talenturik; Amelia ez zen aukera bat, eta beste lagunak urrutitxo bizi ziren, “lekuz eta gogoz urruti”, Mariak itzalirik zehaztu zuenez.

      Marari bururatu zitzaion esatea beharbada ez zela halako zorakeria ere izango behingoagatik lorategiari libre uztea, basa, ea nola erreakzionatzen zuen:

      — Naturak bere bidea egiten du —bota zuen, halako esaldi jakintsua entzunda Maria pixka bat kontsolatuko zelakoan.

      Mariak, jakina, begiradaz zazpi labana kamuts sartu zizkion bere dizipulu marijakintsuari, eta dizipulu marijakintsuak isiltzea hobetsi zuen, gau hartan afaldu gabe geratzeko arriskua larriro gertu sumatuta.

      Ez zuen, ordea, lan handirik hartu disimulatzen zein berdin zitzaion lorategia, eta, batez ere, nolako arindua ekarri zion ez sentitu beharrak Janusen zehar-begirada egunero kokotean, aldiro betzuloa ikusiko balio bezala eta ez maskara, kamerinoa eta ez funtzioa.

      Mariarentzat, berriz, Mararen ezaxola patxadatsuaren iturria traizio latza zen. Traizioa Janusena, baina batez ere destinoarena.

      — “Nahikoa egiten duzunean, utzi”, esaten zidan aitak beti, otorduetan betekada hartzen nuenean —kontatu zion bazkalordu batean Marari, Dorak prestatutako haragi gisatua platerean sardexkaz lardaskatuz, Marak bere anoa aho-beteka jaten zuen bitartean—. Erraz hartzen nuen betekada garai hartan, jatea denbora galtzea zen-eta, denbora kendua jolasari, denbora kendua irakurketari, amaren lorategiari. Ama haserretu egiten zen orduan ere: “Ez esan halakorik umeari, bestela zeharo mizkinduko zaigu eta”. Gerora eskertu egin diot amari ekin hori; “jaten dakienak asko daki”, esaten zuen beti —narda-keinuz irentsi zuen ahoan sartutako haragi-puskatxoa—. Aitaren esaldia ere, ni mainatzeko hura, “Nahikoa egiten duzunean, utzi”, zentzuzkoa da berez, baina gauza guztiekin ezin da hala egin. Oraintxe piztuko balitz, horixe esango nioke: “Gauza gehienak ezin dira utzi, aita, nahikoa egiten duzunean”. Nik nahikoa egin dut. Ez zait traizio gehiago kabitzen estomagoan.

      Ameliaz gogoratu zen Mara. Freyja sorgingarriaz.

      — Zeinek egin dizu traizio, Maria? —galdetu zuen txakurkume-aurpegiz, ahoa beteta.

      — Zeinek ez dit egin?

      Gau hartan, Marak zerbait desordenatua sumatu zuen armairuan, musen argazki-albuma eta egunkari-paperak zeuden txokoan, eta zirraraz ohartu zen Mariak egina zuela orduan ere modua mezuren bat hitzik gabe helarazteko. Inteligentzia-zerbitzuen artxibo sekretuan informazio klasifikatua aztertzeko baimena eman dioten detektibe bizkorraren antsiaz, meta ezagunean begiratu eta ordura arte ikusiak ez zituen orri batzuk aurkitu zituen berehala, egunkari-orriak eta fotokopiak. Artikulu baten kopia armairutik argi motelera atera, eta hantxe, zuri-beltzeko argazkian, Maria ikusi zuen, Maria gazte-gazte bat, oraindik benetako Maria M. Muller ez zena, irribarre herabez. Sudurra eta belarriak txikixeagoak zituen, eta masailetan, berriz, kolorea antzematen zitzaion zuri-beltzean ere. Bi begiak, txinpartatsu, betaurrekorik gabe, ondo enfokatuak kameraren objektiboan. Hegaldatuko ahal da zuen izenburua artikuluak.

 

“Hegaldatu behar noizbait ere habiatik txoria.

Eragingo die hegotxoei, eta, baldin badu zoririk eta antzerik, igoko da pittin bat, goraxeagoko adarreraino.

Txoriari, pozik, begitanduko zaio munduaren gailurra.

Papartxoa harro, gailurrago nahi, eragingo die berriz hegoei, baina hara non oraingoan ustetik behera geratu zoria eta antzea, eta hara non doan txoritxoa lurrera.

Txori txikiaren hego txikiak txiki-txiki eginda.

Debutari gehiegiren parabola suertatu ohi da, tamalez, txoriarena. Nahiko nuke, eta motiboak ez ditut alferrekoak, besterik esan Maria M. Muller gaztearen bigarren liburuki honen gainean. Baina ezin: zor diot hainbesteko zintzotasunik berripaper honen irakurleari.

Mariak lehen poema-bilduma ondu zuenean, Maitamoldeak samur hura, suertea izan nuen bidean nolabaiteko aholkulari edo aita-ponteko(-edo) jarduteko. Aurkitu nuen han ahots bat sendoa eta delikatua, neska gazte baten esperantza- eta deskubrimendu-oihu zolia. Eta umil esan dezaket lagundu niola hegan egiten goraxeagoko adarreraino.

Oraingo Jarioak delako honetan, ordea, amiltzen ikusi dut tamalez txoria. Ez dakit non gorde diren neska haren bizipoza eta txorrotxioa. Temaz hondoratu da Maria basatza loditan, direnik-eta gairik uherrenetan (horren adibide kaboaren eta sarjentuaren arteko pasio-gorroto ilun hori, bere nazioa saltzen duen ministroaren damu anbiguoa, sabelean daraman haurtxoaren biziaren gainetik berea jartzen duen erizainaren zuribidea…), konturatu gabe, nonbait, inozentziatik etsi-etsian apartatu nahi horixe dela lañotasunaren salagarria.

Akabo hasierako airostasun hura, txingar emeki piztua. Eskarmentu handiko idazle askok ere lortzen ez duten gauza da halako su beltza piztu eta bertatik kiskali gabe ateratzea. Horrexegatik, bekatua egiatan ez datza eginbidean, jatorrizko asmoan baino: berez zegokion hegaldiari txikiegi iritzita-edo, Mariak anbizioa izan du galbide.

Honetara ezkero, esperantza bakarra baino ez zait geratzen: osatuko ahal zaizkio bi hego hautsiak txoriari, eta hegaldatuko ahal da berriz txoriago, argizaleago, ez hain goranahi.

Alain Gross”.

 

      Kritikak estimu bitxia zion, inondik ere, Maria M. Mullerri.

      Iruzkinen batek, egia da, ona ematen zuen hasieran, baina onbera baino ez zen azkenerako.

      Beste batzuek onak izan nahi zuten asmoz eta zinez, baina:

 

“Maria M. Mullerrek, funtsean, gogorarazten digu Ama Lurra dela inportanteena, eta natura zaindu behar dugula”.

 

      Edo:

 

“Jendartea zeharkatzen duten gaiak neketik baina aldi berean borrokatik planteatuz, ekarpen esanguratsua egin du Mullerrek postranszendentalismoaren semiotika berri baterako bidean”.

 

      Marak gosez irentsi zuen, errukiari morboa gailenduta, Maria M. Mullerren autopsia literarioa, tartean aurkiturik, azkenean, intrigatzen zuten galdera handietako baten erantzuna, Thomas Georgakas izeneko kritikari batek emana:

 

“Laugarren egunerokoa ere plazaratu du, plazaratu diote Maria M. Muller andereari: 70 urte eguzkiari biraka (eguneroko bat). Eta, laburbilduz, esan daiteke ez dela titulu engainagarria, izenburuari darion originaltasun falta bera dario-eta liburuari berari. (...) Lehen egunerokoak freskotasun halako bat baldin bazuen, laugarren hau errepikak lastatzen du, aurreko aleetan plazaratutako gai eta ideiak asmamen txikiagoz aurkeztu beste ekarpenik ez baitu egin oraingoan autoreak. Maiztxo gertatzen da, egia, idazle batek bere obra gogoangarriren baten kopia merke-zurrekoa egitea, baina maiztasun horrek ez du barkagarriago egiten hutsa.

(...) Ideiak berez ez dira (ez ziren) txarrak; orrialdeek aurrera egin ahala irakurleak sumatzen duen agor-usaina da arazoa. Lore arteko bizi-oda haiek limurtzaileak izan zitezkeen hasieran, baina, ahalegina horretan gelditzen bada, emaitza azkenerako gehiago antzeratzen zaio zeramikazko gatzontzi gatzgabe bati.

(...) Nago hasieratik seduzitu zuen publikorik leialenak baino ez duela beso-zabalik hartuko Maria M. Muller anderearen azken monologo konfesional hau, Harry Daniel Moreauren bertsio femenino eta sozialki konprometitu gabe honetan kontsolamendua aurkitu duten irakurle-klub amateurretako kide zenbaitek agian. Egia da ideologia askotako irakurleak biltzea lortu duela, ezker eta eskuin, baina segur aski ideologia baten falta gehiago salatzen du horrek, kontrakoa baino. (...)

Auzia ez litzateke hain larria liburuaren edukia eta oihartzuna bat baletoz. Baina, argitaletxeak Maria M. Muller bezalako idazleak “bizitzaren militantetzat” saltzen ari zaizkigun honetan, mengeltasuna eta samurtasuna lotsarik gabe nahasten ari zaizkigun honetan, eskubidea ere izango dugu erantzuteko batzuek oraindik badakigula bereizten lastoa eta bihia. (...)

Karaktere batzuk gehiago idazteko lekua badut oraindik, baina uste dut nahikoa esan dudala Maria M. Muller andereari irakurriko diodan (espero dut) azken eguneroko honi buruz, eta kasik probetxuzkoago deritzot bizitzaren benetako militante baten hitzak ekarriz bukatzea artikulua, Apahualta Qupanyi kantautorearen hitz batzuk hain zuzen; besterik ez bada ere, irakurleak hitz gutxitan nabaritu dezan aldea:

Izarrez haraindi duzu

mundu oso bat zeurea,

poetatzat zauzkate ta

zu bai zu ilustrea.

 

Ilargiari begira

besterik ikusten ez,

itsu gaixo bat bezala

zoaz alderrai oinez.

 

Meatzariei beha

gari-biltzaileei,

eta kanta ogi-puska

bila dabiltzanei.

 

Bizi herrikideekin,

ez so egin kanpotik,

poeta gorena ere

gizon baita lehenik”.

 

 

 

Ezin eutsi, goiz batean Marak Mariari galdetu zion ea bere biografia benetan argitaratu behar zuen “kritika musikalaren egilearen lagun min Hitmann” harekin.

      Maria, marmarrez hitz beste egin, eta, Noe atzetik segika zuela, arrapaladan irten zen etxetik, lorategiko lanak gainbegiratzeko aitzakian. Janusek, izan ere, iloba bat bidalia zuen ordezko: Magnus. Lorezaintzako lanbide-heziketako lehen mailan zegoen, eta beso-zuztar sendoak zituen, eta kontzentrazio gutxi. Ez zen zabarra, baina ezta fidatzekoa ere, “ezein debutari ez den heinean”, imajinatu zuen Marak Alain Grossen sententzia. Maria, beroki lodi bat jantzi, eta portxetik begira eta aginduak ematen aritzen zitzaion goizero, besoak gurutze, obra-zuzendari, ikusten zuen gutxirako jarraibide harrigarriro zuzenak emanez.

      — Hobe din kontuz ibili, gizajo horrek —Dorak egun hartan, kezkatuta, hiruzpalau poltsatan ekarri berri zituen jakiak hozkailuan gorde bitartean—. Inoiz hanka sartzen badu, Maria kapaza dun hari jo-eta buruan aitzurka hasteko…

      — Goi-traizioagatik zigortua… —Marak, gosaritan azazkaletan sartua zitzaion marrubi-marmelada iturrian patxadaz garbituz.

      — Ene, matraka horrekin al dabil oraindik…?

      Bestela bezala sortu berri zuen abagune mamitsuan, Marak Hitmanni eta Freyjari eta Mariaren beste traidoreei buruz ekin zion Dorari. Hark errezeloz begiratu zion hasieran, eta antsiaz gero, kontatu behar ez zuena kontatzeko irrikaz nabarmen.

      — Hi azaldu baino lehen, ez dakit akordatuko haizen, ni nindunan Mariaren sekretaria —“Akordatuko ez naiz, ba!”, Marak bere artean alegera—, eta nik dakidala, lehen ezezko hartatik behintzat, Hitmann sekula ez dun berriz jarri harremanetan Mariarekin.

      Mihiari ezin eutsi, Dorak elukubratu zuen Hitmannen kontu hori ez ote zen kanpora begirako bertsio ofizial bat baino, muturluzeak eta ahohandiak isilarazteko, aprobetxatuz Hitmannen argitaletxea “apar-aparretan” zebilela. Zuhurrena berez, hala zeritzon Dorak behintzat eta bat zetorren Amelia ere, Freyjarengana bueltatzea izango zuen; “baina urguilua, ai urguilua…”.

      — Ez dira oso ondo moldatzen, ezta? —Marak, axuri—. Pena da, jatorra iruditu zitzaidan Freyja zuen etxeko festa hartan…

      Dorak hozkailuko atea itxi eta izotz begiratu zion Marari.

      — Gauza bat kontatuko dinat, Maratxo, eta hik ondo-ondo adituko didan, hire eta denon hobe beharrez.

      Mariaren azken liburuen editorea zen, bai, Freyja Gustafsson, Mariaren lehen obren harrera erdipurdikoaren berri izanik ere berarekin publikatzeko aukera eman ziona, beste hamaikak atea “muturren aurrean itxi” ziotenean; Mariaren zaintzaile eta zaindari literarioa, harik eta, eztabaida gori baten ondoren, Mariak erabaki zuen arte ez zuela berriro haren “zerbitzurik” baliatuko.

      Liskarraren iturria zen, Mariaren hitzetan behintzat, Freyjak eguneroko gehiago eta gehiago eskatzen zizkiola, Maria “limurtzen” saiatuz poesia eta nobelak bazter utz zitzan eta dedikatu zedin oso-osorik ez-fikziora, bere bizitzaren “kronikatxoetara”. Azken batean, Freyjak “nitxo berri bat” aurkitua zuen, aurrez Maria M. Mullerren beste zenbait liburuk argitaletxeari egindako zuloa berdintzeko. Mariak, ordea, irizten zion irabazia zuela nahi zuena nahi zuenean argitaratzeko eskubidea, “ezein editoretxok aginduak eman gabe”. Nazkatua zen egunerokoez, bere bizitzaren eta bere ingurukoenaren “striptease-a” egiteaz eta, batez ere, biluzte horrek ekarri zizkion ondorioez, tartean lagun mordoxka bat galtzea eta herrialde osotik eta are atzerritik idazten zioten emakume tristeen gutun-mordo gobernaezin bat jasotzea. Egunerokoetara soilik mugatzen bazen, azken batean, zer pentsatuko zuen jendeak? Idazle konfesional hutsa zela, “talenturik gabeko kontakatilu bat”, zahartzaroan bere burua saltzera kondenatua. Eta “hori ez, lehenago hil”.

      Hala, Doraren ustez Freyjari mendeku hartzeko, autobiografiaren ideia bururatu zitzaion Mariari: “autobiografia mamitsu bat” idatziko zuen, bai, Freyjak hainbeste irrikatzen zituen ez-fikziozko kronika horietako bat, kroniketan kronikena egiaz, bere editore ohien “zerrikeriak” xehe-xehe kontatuz gainera, eta gero beste argitaletxe batekin publikatuko zuen, eta “zientoka” salduko ziren aleak, eta orduan Freyjak, oso harroa ez bazen, bueltatzeko erregutuko zion, eta oso harroa bazen, berriz, ez zen erregutzera ausartuko eta isilean pairatu beharko zuen bere hanka-sartzearen “atarramentua”.

      — Ez badun nahi Maria buruan aitzurka hastea, izan neska txintxoa eta ezta okurritu ere Freyjaren konturik aitatzea, ezta, festak festa, harengana berriz arrimatzea ere.

      “Baina nik ez dinat txintik ere esan”, despeditu zen Dora, atzean damu-arrasto likatsu bat utzita.

      Afalostean, Maria isilik egon zen, hausnarrean, Marari tartean behin zeharka begiratuz. Marak beldur- edo lotsa-kutsu bat antzeman uste izan zion, harrituxe.

      — Ondo ezagutzen nauten guztiak edo hilda daude, edo burua galduta, edo urruti —bota zuen Mariak halako batean, “Edo animaliak dira” erantsi nahiko balu bezala begiratuz Dinari, amultsu, hark atzeko hankaz gimnastikoki buruan hazka egiten zuen bitartean—. Ia inork ez nau jada benetan ezagutzen, eta ezagutzen nautenek ez dute bi letra juntatzeko talenturik.

      Purutxoa hautsontzian piztuta zegoen, bere kabuz errausten. Mariak hur-likore pixka bat isuria zuen whiski-edalontzi batera, baina ez zuen probatzeko imintziorik egin.

      — Inork igual esperoko du lagun idazle edo akademikoren bati eskatuko diodala —jarraitu zuen, tentuz—. Ameliari edo auskalo nori. Usteko dute norbait prestigiotsua bilatuko dudala… punpezia-premian banengo bezala… Pitorik ez dute entenditzen.

      Tar-tar-tar segitu zuen, bere kolkorako gehiago beste inorentzat baino, edo hala iruditu zitzaion Marari behintzat, eta horrexegatik distraitu zen Mara halakoetan distraitu ohi zen bezala, une jakin hartan zehazki mahaiaren hankan gora zetorren armiarmatxo hankaluze bati begira, eta horrexegatik esan zuen gero “e?” Mariaren galdera entzun zuenean:

      — Egingo didazu?

      — E?

      — Biografiaren hitzaurrea —zortzi pausotxo entzun uste izan zituen Marak isilune sarkorrean—. Pentsatzen ibili naiz, eta behar du —Mariak segi—: hitzaurre bat. Zuk egingo didazu?

      Hotzikara handi bat sentitu zuen Marak, inurritze bat sorbaldetatik hatz-puntetarainokoa.

      Zerbait ikusezina, astuna eta zorrotza mamitzen ari zitzaion eskuetan.