II
Ez, pseudomano bat
Hantxe kieto gelditu zen astakardua, bakar-bakarrik, sarrerako alfonbra melatzen.
Emakume besarkatzaileak, izan ere, Mara presaka etxera sarrarazi, guardasol zahar koadrodun bat zabaldu, eta airean alde egin zuen, gotorlekuko atea kolpean itxiz.
Marak doministiku egiteko gogoa zeukan, baina eutsi egin zion nolabait ere, gogo hura baino handiagoa izaki doministikua etxe barruan nola oihartzunduko ote zen beldurra. Gainera, begiak barneko ilunera erabat ohitu gabe artean, ziur zegoen mugitzeko imintzioa eginez gero lorontziren bat jo eta botako zuela itsumustuan, edo aterki-ontziren batekin estropezu zalapartatsua egin.
Zaunka makal bat entzun zen.
Katu arre bat azaldu zen ezkerreko atean.
Hurbiltzen hasi zitzaion katua Marari, indiferente baina erne, felidoek soilik dezaketen gisa aristokratiko horretan, oso argi edukiz bezala bere arbaso ahaltsuek Mararen arbaso xaxtarrak jaten zituztela aspaldiko denbora loriatsuagoetan. Andre mardularen beso babesgarriez gogoratu zen Mara.
Dina, ordea (Marak istantean ezagutu baitzuen Dina, nahiz eta ahutzetan katagorri gorririk ez zekarren), harengandik metro eta erdi ingurura gelditu eta lasai eseri zen, eta hara-hona distraiturik begira hasi, arrotz hura azkenerako hain interesgarria ez, antza.
Argi laranja bat azaldu zen bat-batean korridorearen ezkerraldean.
Hara begiratu, eta ia erori zen Mara lurrera.
Hantxe, katua irten zen atean bertan, hiru kandela zeuden airean, tira hiru ez baina bat bai, eta gero haren isla bat atearen ezkerreko leihoan eta haren beste isla bat atearen eskuineko koadroaren kristalean, hiru sugar beraz, bata erregarria eta beste biak hotz-hotzak, eta tira airean ez, kandelak ez zeuden airean, zaindari bana zuten, bata hezur-haragizkoa eta beste biak islazkoak, leihoan eta koadroan, nor bere angeluan, eta figura garai haiek giltza bana zeukaten beste eskuan, eta bufanda berde bana lepotik zintzilik, hiru giltza eta hiru bufanda sugekara beraz, atalasean geldi.
— Ez da argirik.
Su ahul batek doi-doia argituriko kobazulo bat bezala mintzatu zen Maria M. Mullerren ahoa, harpe mortaletan harrapatuta gelditutako piztia baten azken orroaren oihartzun.
“Ez da argirik, ez da argirik, ez da argirik...”, hitzek durundi Mararen garunean.
Eguraldi makurraz ari ote zen, etxe barrenera argi margul hura igortzen zuen azaro-zeruaz. Ez. Zerbait sakonagoa behar zuen. Liburu onetan bezala, elipsian behar zuen gakoak. “Ez da argirik munduan”. Edo “ez da argirik etorkizunean, dena da itzal, hits, ilun”. Edo zuzeneko interpelazioa izango zen beharbada: “Ez da argirik zuretzat hemen, zoaz etorritako bidetik”. Etorritako bideaz pentsatzean, ordea, Marak irmo erabaki zuen, iritsi zenetik lehen aldiz, ezin zela itzuli, ez oraindik, iristea zenbat ordu ez baizik zenbat aste kostatu zitzaion gogoratuta.
— Elektrikariaren bila joan da.
“Nor? Zer?”. Han beste inor ikusten ez, eta katua zegoen txokora bideratu zituen begiak Marak, baina katua desagertua zen.
— Berez ia inoiz ez da etortzen —isilunea—. Dora.
Dora. Dora Casius.
Pila jarri berri dioten erlojua nola, martxan jarri zitzaion burua azkenik Marari, eta Maria M. Mullerren egunerokoetara bideratu: Dora Casius, jatorra, burugogorra, hiztuna, abstrakzioen etsaia, Amelia Armandekin batera itsasertzeko etxetik kilometro batzuetara bizi zena, Armand eta Muller unibertsitatean lankide izan zirenetik Mariaren laguna, zenbait urte lehenago senarrarengandik bereizi, tabernako lana utzi, Armandekin bizitzera joan eta haren etxe puskako lursailean oiloak, behorrak eta beste zenbait abere jarriak zituena.
Lehendik zekienari informazio lortu berria erantsi zion Marak: andre garaia eta mardula, begi-berdea, ahots sendo galantekoa, izerdi- eta kresal-usainekoa, sasoitsua, kanpoan aparkatuta zegoen jeep galardoaren gidaria inondik ere, Maria M. Mullerren etxera bakanki baino joaten ez zena antza, eta Marari urteetan inork eman zion besarkadarik gogoangarrienaren emailea dudarik gabe.
Itzal bat agertu zen Maria M. Mullerren gerri-bueltan, Mara besarkada haren oroitzapen berotik supituan aterarazi zuena: txakur puska baten burua, bueno burua ez baizik hiru buru, bata haragi-hortzezkoa eta beste biak leihoan eta koadroaren kristalean islatuak, zaintzailearen zaindari.
Marak zorabio bitxi bat sentitu zuen.
— Dardarka zaude —ateko figurak.
Erruki-kutsurik ez. Konstatazio bat zen, hutsa.
Baina, halako batean, jainkosaren figura argi-itzaltsua, kandelaren dardara batez, albo batera baztertu zen pixka bat, atalasetik guztiz mugitu gabe, bidaiari nekatu inuzenteari erakutsiz-edo azpimundurako sarrera.
Algak kopetan heze.
Hotzak dago Mara, dardarka, konstatazio bat da. Moretuta ezpainak, ikusi ez ditu ikusten baina more ikusiko lituzke, seguru, ispilu aurrean zabalik balitu begiak. Itxiak ditu, baina irekitzen ditu tarteka: bere bi idi-begien erretenetatik begiztatzen du inguruan itsasoa, eta itsasoa sagailo da. Arnasestua gailentzen zaio inoizka dardarari. Bustita dago. Zer da, ura ala izerdia. Olatu hautsien hotsa letargikoa da. Baina esnatu nahi du. Nahi du? Itsasoa orroka dabil isil-isilik, eta bertikala da, koloretakoa, mosaiko beldurgarri bat babesgarria.
Non dago. Benetan dago, ala gezurretan. Ez dago inon, baina benetan dago. “Benetako lekuak inoiz ez datoz mapetan”, ahots batek iraganeko orrialde ozeaniko batetik. Pauso-hotsak ere entzuten ditu aldian behin inguruan, nor ote dabil oinez itsasoan, eta beste batzuetan goian, nor ote dabil oinez zeruan, zer kreatura, ala agian ez da zerua, ez ote da sabaia, itsaso sabaitu bat ote. Zer dago hor goian, ganbera gotor bat akaso, ez, ganbara bat seguru, atiko bat, eta han kreaturaren bat hara-hona, espirituren bat igual, infernua behean ez baizik goian dagoen mundu aldrebes batean herratzera kondenatua, itsasoari bere goi-kartzelatik uluka.
Xuxurla bat aditu du Marak halako batean erauntsi eta erauntsi artean, ez espirituaren ahotsa zoli, baizik beste boz bat sendo: “Hi bai astakirtena, Maria. Nola bidaliko dun, ba, orain etxera”.
Maria, Maria, Maria. Astakirtena ez, sirena.
Sirenak limurtu baitu itsasora, badaki. Hori egiten dute enarek eta hori egiten dute sirenek. Ez zien kasu egin ohartarazpenei, ez senezkoei, ez eta karei-antiojodun irakasle hark egindakoei ere: “Seguru zaude ez duzula Alain Grossekin jarraitu nahi? Informazio gehiago aurkituko duzu, dokumentazio osoagoa... eta dezentez fama hobea du Grossek literarioki; eta pertsonalki”. Alfer-alferrik gizon ahots-eztiaren ahalegina. Alain Grossengandik ez zetorkion sirena-kanturik. Nola abiatuko zen, bada, begiak ortzian eta bihotza airean, itsasoaren beltzak zeharkatuz Grossen ubera lausoari segika, Mariak luzatutako txikot sendoari tira egin ordez. “Nola, ba, nola”, ganbarako espirituak adostasunez berretsi.
Urteak zeramatzan Marak itsaso hartan deliriotan; edo egunak; edo agian ordu batzuk baino ez. Auskalo: sukar-eldarnioak droga gogorra dira sekula droga bigunik ere hartu ez duten txintxoentzat.
Baina deslausotzen hasi zitzaion halako batean ikusmena, deskulunkatzen garuna, zer-eta kolpe-hots etengabe batzuk aditzen hasita. Uste baino lehen konturatu zen ez zela kaio temati bat bere kroskoan mokoka, baizik idazmakina-hotsa, tak-tak-tak, irmoa baina ez lasterra. Eta bi ahots, bata bestearen oihartzun:
— Zorionez, koma, ospitaleko garuneko probak ondo atera ziren. Puntu.
— Zorionez… koma… ospitaleko garuneko probak… ondo atera ziren. Puntu.
Oihartzun-ahotsa motel zihoan, hizketan ikasten ari balitz bezala. Ahots gidaria, berriz, sakona zen, arbaso guztien bozaz mintzo den sirena zahar baten boza:
— Ospitalea hatxe gabe.
Oihartzun-ahotsa, ilinti:
— Deabrua...! Bista fina daukan, gero, nahi dunanean…! Hatxeak eta hatxeondoak… Ezabatuko dinat gero. Segi!
— Orain hobe.
— Ez, gero. Hik segi!
— Eta, koma, mamuak mamu, koma, arindua hartuta itzuli nintzen itsasertzeko etxera. Puntu.
— Eta mamuak…
— Eta koma.
— Eta koma, mamuak mamu…
— Koma…
— … koma… arindua hartuta… itzuli nintzen… itsasertzeko etxera. Puntu.
— Orduan konturatu nintzen ez ninduela izutzen hiltzeak. Puntu.
— Orduan kont… —purrustada—. Bai, putza!
— Orduan konturatu nintzen ez ninduela izutzen hiltzeak.
— Ederra lukainka, Maria! —barrez—. Hori ezin dinat idatzi. Ez haiz, ba, izango…
— Zer ez naiz izango.
— … ba, beti aipatzen ditunan zera greziar horietako bat.
— Hidra bat.
— Ez, pseudomano bat!
— Pseudologo bat.
— Horixe!
Marak guztiz ireki zituen begiak, suspertuta: itsasoan zegoen, baiki, liburu-itsaso batean. Apalategiak mukuru hormetan sabairaino, eta liburu- eta paper-metak orobat gainerako altzarien gainean. Mara inguratuta zegoen, liburuz inguratuta: Mara ez zegoen bakarrik.
Ahotsak zetozen lekuan, bi itzal, leiho bertikal listoidun baten argi artikoaren kontra. Ez zitzaien aurpegia ikusiko ez balute mahaiko lanparatxoa piztu izan. Bonbilla beroak idazmakina argitzen zuen batez ere, eta haren gainean tak eta tak zebilen emakume handiaren eskuak. Ahulxeago egiten zion argi ondoko figuraren aurpegiari, baina esankorrago: bonbillaren isla biribila betaurrekoen bi leiarretan, bi begi zeruzkoen gainean suzko begi bi.
Mara konturatu zen sofa edo diban edo halako etzaleku beluskara batean zegoela. Begira gelditu zen, isil. Gogoratzen hasia zen zerbait, adibidez azaroa zela. Eta azaroko argi grisak ahizpa sekretu batek bezala distirarazten zion ile urdina Maria M. Mullerri. Sudur luze eta zuzena, belarri handixkoak. Azala beltzarandua, pianista-bizkarra.
Mara gogoratzen zen, bai: Dora Casiusi esker izan zen dena, Dora Casiusen kulpaz.
Bezperan, elektrikariarekin itzuli zenean, Dorak sukaldeko sutondoan isilik aurkitu zituen Maria eta Mara. Elektrikariak lanari ekin zion, ea ilundu baino lehen konpontzen zuen ekaitzak eragindako aberia, eta Dorak errieta egin zion Mariari, ez ziolako lehortzeko eta aldatzeko ezer eskaini Marari (“Nola, ba, neska gaixoa hortxe, mela-mela eginda… Pulmonia harrapatzeko ere!”).
Komunean katu brodatudun toalla batez lehortu eta jantzi ondoren, berriz sukaldean aurkitu zen Mara, Maria M. Mullerren lorezain-peto bat soinean, jertse lodi bat azpitik, den-dena Doraren kortesiaz, Maria M. Mullerrek eta Dina katuak guztiari sinesgaitz behatzen zioten bitartean. Eta orduan bai, doministikua bata bestearen atzetik, ezin eutsi. Dorak katilukada bat salda eman zion, “afari-merienda, barrenak suspertzeko”. Marak bazekien alde egin behar zuela lehenbailehen, ezin zela han gelditu Dinaren eta Mariaren begiradapean, baina Noe txakurtzarra oinetan zeukan bero ematen, eta Mararen gorputzak horixe behar zuen, txakur-beroa eta salda beroa, eta gustura hartuko zuen Doraren besarte beroa ere berriro, glaziar batean bizi zela sentitzeari uzteko.
Doraren artak ere ezin izan zizkion eten, ordea, doministikuak. Hotzak zegoen eta beroak. Dardara biziagotu ahala, gorputza itzaltzen zihoakion, kanpoko argiarekin batera. Ilunabarrerako, bista lausoturik, Doraren ahotsa entzun zuen, ondoan ez balu bezain urrun:
— Kalentura, ume honek kalentura zaukan!
Eta Marak gogoan zuen Doraren esku sendoek jaikiarazi zutela, eta komun-ontzian eserarazi, eta gero kandela-argitan korridore ilunean barrena eraman, eta hain justu korridore ilunean barrena zihoazela piztu zirela etxeko argiak, elektrikariak bere lana egin zuen seinale, eta begiak ñarrotu behar izan zituela itsuturik, baina hortik aurrera dena zen lanbroa eta galerna.
Eta orain hantxe zegoen, zapi heze bat kopetan, Maria M. Mullerren jertsea eta dibana izerditzen, Maria M. Mullerri ezkutuan begira, egarriak joa, irrikatan itoa, Maria M. Mullerrek Dora Casiusi nola diktatzen zion entzuten.
— Ez bazain gustatzen nola transkribatzen dudan, kulpa ez zaukanat nik. Gainera, esana dinat: astia falta. Gozoak zauzkanat, ba, behorrak eta oiloak eta Amelia, azkenaldian ez zienat-eta kasu-zipitzik egiten...
— Eta txerriak.
— Baita txerriak ere, bai: gozoak zauzkanat.
— Nik ez dizut laguntzarik eskatu.
— Ez dun eskatu, Maria, baina behar dun. Kaskagogorra halakoa. Zertarako gaude, ba, bestela?
— Jendea ez da zertarako. Jendea sekula ez da zertarako. Jendea nor da.
— Hara gure filosofoa! “Jendea nor da”, eta nor horiek gauzak egiten ditizten. Ala ez? Zerbaitetarako. Begira: hik liburuak idazten ditun gu entretenitzeko. Noek konpainia egiten din hi hire buru-janekin seko ez txoratzeko. Dinak, egia esan, ez zakinat zer deabru egiten duen... katu malapartatua... Baina Janusek jardina txukuntzen din hik beti gauza polit bat eduki dezanan begien bistan, eta hartara inspiratuta egon hadin beti. Eta nik, ba, otorduak eta enkarguak egiten dizkinat ez hadin goseak eta utziak hil. Ulertzen? Nork, zer, zertarako.
Mariak marmar.
Dorak murmur:
— Eta badakin zer? Okurritzen ari zaidan oraintxe nor bat oso aproposa hire lantxo honetan laguntzeko.
“Azkenean, nork bere lekura bueltatu behar izaten du beti.
Ez da betebeharra, halabeharra da.
Bere lekuan dagoenarentzat, norabait joatea horixe izango da, joatea, ez bueltatzea. Bueltatu, norbere lekura baino ezin da bueltatu.
Norbaitek norabait bueltatu beharra badu, bere lekuan ez dagoen seinale.
Ni, orain badakit, ezingo naiz egundo bueltatu etxe honetara baino”.
Maria M. Muller, Itsasertzean ni (eguneroko bat)
Dorak oiloengana, behorrengana, Ameliarengana eta txerriengana bueltatu behar izan zuen halako batean. Marak, esnaldira.
— Ez duzu paperik eta boligraforik ekarri.
Biak zeuden orain, bakarrik.
Gaueko sukarrenak eginda, Marak lo-plantak egiteari utzi behar izan zion halako batean, eldarniotan izerditu gabeko urak hustu beharrez. Maria M. Mullerren komunean pixa egin zuen berriz, gerora potos bat zela jakingo zuen landare zintzilikari bati zeharka begira.
Tripazorriak sumatuta, eta leiho ilaunduari erreparatuta, Marak kalkulatu zuen eguerdia pasea izango zela. Ia egun oso bat zeraman, beraz, itsasertzeko etxea bere presentziaz kutsatzen.
Maria M. Mullerrek, ezustean, bezperatik sobratutako katilukada bete salda lurruntsu ekarri zion, batere nahi ote zuen galdetu gabe. Esker ona adierazten saiatu zen Mara, baina saldak zeharo erre zizkion ezpainak eta aho-barrunbeak, eta, min-ulu bati eusteko eta salda irakina zintzurretik behera pasarazteko ahaleginean zebilela, orduan esan zion Maria M. Mullerrek harako hura:
— Ez duzu paperik eta boligraforik ekarri —eta erantsi—: bizkar-zorroan begiratu dizut, eta ez duzu ekarri.
Ez da erraza infernua irentsi bitartean aitzakia on bat asmatu eta ahoskatzea.
— E… eh nnnuen nnnahi pennn-ttea… huk penn-tta cenehan… uhte nnnuela… bbbaiez ehango henidala.
Horra hilkorrak jainkosari esan zizkion lehen hitzak.
Maria M. Mullerrek zeharka begiratu zion, begiak alde batera okertuta eta muturra bestera.
— Ez nuen nahi pentsa zenezan uste nuela baietz esango zenidala —Marak dolorez errepikatu.
Isiltasuna.
Harik eta:
— Ahozkoan bereziki, menpeko perpausak oso tentuz erabiltzea komeni da, Meleiro andrea.
Marak baiezko etsia buruaz, eta Maria M. Mullerrek segi:
— Gutunetan esan zenidan niri buruzko lan bat egin behar zenuela. Baina ez duzu paperik eta boligraforik ekarri. Ez omen zenuelako nahi nik gaizki pentsatzea, baiezkoa emango nizulako uste seguruan etorri zinelakoan.
Marak baiezko oso etsia buruaz, bere zirkunlokioari Maria M. Mullerrek egindako zirkunlokioa ulertzeko lanetan.
Loreak ere erosi zituen eta.
Ez zekien, noski, zer lore zehatz-mehatz, dendariari hatzaz txinpantzeki seinalatuz hautatu baitzituen banan-banan, itxura irizpide huts hartuta, baina zuriren eta lilaren batez gain laranjak eta horiak sartu zituen batez ere, zeren Marak ez zekien lore-izenik baina bazekien udazkena. Eta hiruzpalau egunerako bazkariak adina kostatu zitzaion sortatxoa. Eta Maria M. Mullerrentzako bandera zuria izan behar zuen hura bide-erdian sarraskituta zegoen orain, eta zer ofrenda-modu ekarri zion, bada, azkenean Mara Meleirok Maria M. Mullerri… motxila bat erdi hutsa, sarrerako alfonbra mela-mela egina, eta, azak ontzeko, hotzeria sukartsu hura, jainkosa ezorduan behartu zuena inbaditzaile ezezagun bat gizalegez bakartoki sakratuan hartzera.
Tximinia piztuaren ondora eramandako aulki pare baten bizkarrean zabaldurik, hantxe begiztatu zituen Marak bere arropak, jertse beix zatar-dotorearen parpaila eta honbrerak lehor ordurako. Negargura lotsak neutralizatuta, poliki bideratu zen, erdi zorabiaturik artean, janztera.
— Euria ari du oraindik —Maria M. Mullerrek orduan, harrapari bat nola harrapakin zaurituaren ihes-ahaleginari begira—. Urte-garai honetan oso goiz iluntzen du. Zu gaixo zaude oraindik. Eta Dorak autoa eraman du.
Beti emaitza desatsegin berbera ematen zuen ekuazio baten elementuak irakurtzen ari balitz bezala errezitatu zuen zerrenda Maria M. Mullerrek, nabarmen, Marari ezer argudiatzeko asmoz baino gehiago.
Dina, Mararen oharkabean han jabearen ondoan zaindari egona, gelatik irten zen indignazio-airez, eta, konturatzerako, Mara Maria M. Mullerren atzetik zihoan gotorlekuko eskaileretan gora.
Beheko solairua baino txikiagoa zen goikoa. Trasteleku leihogabe bat, konketa eta komun-ontzia baino ez zituen gelatxo bat, eta bi logela: Maria M. Mullerrena izango zena, itsasora begira, tximinia piztuta, urrin gozo sarkor bat zeriola (izpilikua, Marak oraindik ez zekien arren), eta beste bat belardira eta bidera ematen zuena, txikiagoa, heze-usainekoa (urrin hura bai, ondo ezaguna zuen Marak). Txikiago hartan, tximiniarik ez baizik estufa bat zegoen, baina gas-bonbona ahitua omen, hala esan zion behintzat Maria M. Mullerrek, konstatazioa berriro, armairutik manta lodi bat atera eta bere hartantxe tolestuta ohearen oinean uzten zion bitartean. Armairua itxi zuenean, ateko zur iluneko adabegi obalatu bereziki ilun bati begira geratu zen, hura arinki laztanduz.
— Txikitan, zulo bat ikusten nuen beti adabegi honetan. Infernuaren ahoa —Maria M. Mullerren garondo urdindua zur-hondoan nabarmen, gailur elurtu baten bista satelital—. Amak esaten zidan: “Ez izutu, arbola bizi zeneko arrastoak dira zuraren zainak”. Lasaigarri-edo esaten zidan. “Imajinei ondo-ondo erreparatzen badiezu, istorio bat kontatuko dizute, arbola bizi zeneko basoaren istorioa”. Eta ni hantxe, mantapean kume… seko izututa, noski. “Arbola bizi zeneko” hori entzuteak gogora ekartzen baitzidan arbola hilda zegoela, arbola-gorpuz eginda zegoela gure etxe hura eta altzariak eta agian gu geu ere bai, arbola-hilerri batean bizi ginela hirurok, bizi baginen, eta zuraren zainek irudi-hizkeran mendekuz kontatzen zutela beren istorio sekretua, zera, hieroglifo madarikatuak balira bezala —ufada labur bat—. Ez nintzen, ba, izutuko: kamisoia bustitzeraino bai kasik. Uste dut horrek ere galarazi didala gerora begetariano izatea —erantsi zuen, Mara ametsalditik kolpean ateraz—. Amak beti jokatzen zuen arbola-gorpuen sekretu hura egia ez balitz bezala, baina nik banekien engainua zela, helduek umeei esaten dizkieten gezur lizun horietako bat, zeren ni ume xaloa banintzen, baina inuzentea ez…
“… zeren nik entzuten nituen arbolen hilotzak gauean lanturuz kirrinka, eta leitzen nituen haien elegiak zainen irudi makabroetan”. Marak ondotxo zekien zuraren zainena, Maria M. Mullerren egunerokoetatik.
Maria M. Muller gelatik irten zenean atea atzean itxita, giltzapetze-hots bat entzuteko zain geratu zen Mara. Baina ez. Pauso-hotsak baino ez korridorean, eta ondoko gelako atea, sor ixten.
Metalezko barroteak oheburuan, hormako paper horitua altxaturik nonahi, eta zur iluna denean: eszenografoak Karl Likens-en antiheroiren batentzat propio prestatutako teatro-dekorazioa.
Marak enara bat bereizi uste izan zuen ohe-hankaren ondoko lur-oholaren zainetan, hegal-zabal, baina ez, konkorregia zen soslaia, demonioegia, belearen tankerakoa gehiago.
Hotzikara.
Iluntze margul hartan ohean nolanahi zabaldutako mantaren azpian dardarka, lorezain-petoaren botoiak gorputzean iltze, Marari askotxo kostatu zitzaion loak hartzea, ezin sinetsi, ezin ulertu, ez soilik nolatan zegoen bera, Mara Meleiro, Bakardadearen Jainkosaren gonbidatuen gelako ohean sartuta, baizik, batez ere, nolatan zeukan Bakardadearen Jainkosak gonbidatuen gela bat.
— Atertu du —Maria M. Mullerren burua biharamun goizean ateko zirrikituan—. Noe eta biok paseora goaz.
Mara saltoan jaiki eta atzetik joan zitzaion, bat-batean etxean bakarrik geratzeko ikarak hartuta.
Noe hirugarren jarri zen ilaran, belarriak eta buztana zut.
Sarreran, Maria M. Muller kolpean gelditu zen, Marari goitik behera so. Esekitokitik bi beroki hartu, marroi bat Marari zakar eman, hori min bat berak jantzi, eta kanpora irten zen bizi-bizi.
Goizeko argia iluntzekoaren bikia zen. Itsas hezetasunak oilo-ipurdia jarri zion Marari; baina, gutxienez, norbaitek (Dorak argi eta garbi) bide-erditik txukun baztertua zuen Mararen bizikleta eta garbitua lore-anabasa, eta, horri esker, inguru hark jada ez zeukan bi egun lehenagoko itxura gerraostekoa. Arinduta, Mara bizikletara hurreratu zen, lehenbailehen itsasertzeko etxetik hanka egiteko asmoz. Baina:
— Nora zoaz.
Orduan ohartu zen Mara ez zuela hartu motxila, barnean ez boligraforik eta ez koadernorik ez eduki arren bazeuzkanak Mararen diru-zorroko bi sosak, dokumentazioa, walkmana, Maria M. Mullerren bi liburu eta amak brodatutako musuzapia, eta orobat ohartu zen Maria M. Mullerren jantzitan zebilela oraindik, eta ezingo ziola, bada, Maria M. Mullerri denboraz gainera arropa ere ebatsi.
— Ez da hortik, hemendik da.
Lur-bidearen ertzeko belar luzeen artean ozta-ozta zabaltzen zen zidor bat seinalatzen ari zitzaion jainkosa. Noe, bidearen jakitun nabarmen, bidexkan aurrera abiatu zen, poza erabidetsu disimulatuz. Maria M. Mullerrek, Marari bizkarra eman, eta txakurrari segitu zion, kemenez. Eta Marak ere, hiru segundo luzeegiko paralisiaren ondoren, haren atzetik jo zuen, oraingoan ilaran txakurraren lekua hartuta, “merezitako lekuan” bere artean pentsatuz.
Ekialderantz, urrun samar, basoa begiztatzen zen. Hantxe ibiliko zen Maria M. Mullerrek askatutako katagorri gorria, adar batetik bestera, salbatzaileak salbatu zuelako pozak airean.
Haizea bizi zebilen, kresaltsu. Kaioen karranken artean, hurbil aditzen zen itsasoaren marmarra, Mararen tripazorriak estaltzeko bezain ozen. Sudurra eta kopeta mukitsu oraindik, Maria M. Mullerren botetara ahul begira zihoan, zorabioari ez senti eginez. Lausoki ezaguna egiten zitzaion haren urratsen hotsa, inoiz ametsetan entzuna balu bezala, edo ganbara batean. Pausaje irmoa iruditu zitzaion hasieran, baina luze gabe jabetu zen Maria M. Mullerrek lurra zolarekin tentuz laztantzen-edo zuela oina erabat bermatu baino lehen.
— Gure aitak, gaixotzen zenean, eta ez zen gutxitan gaixotzen, astebete ematen zuen ohean izerditan, mugitu ere egin gabe —entzun zuen Marak halako batean Maria M. Mullerren garondoaz bestaldetik—. Gure ama, berriz, ez zen sarri gaixotzekoa, baina ondoezen bat zeukanean, jardinera irteten zen, edo mendi aldera, eta bueltatzen zenerako sano zegoen berriz, musua haizeak gorrituta. “Haizea eta argia”, esaten zigun, “besterik ez da behar”.
Marak “Aaa”, bestetarako indarrik gabe.
Biharamunera arte ez zen konturatu, maiz bezala berandu, agian eskerrak eman behar zizkiola paseoko une hartan Maria M. Mullerri, azken batean jainkosa esaten ari baitzitzaion haren hobe beharrez atera zuela bere gonbidatu sukartsua etxearen goxotik aire zabal umelera, argiaren eta haizearen mirariak senda zezan.
— Nik ere izan nuen bizikleta bat —Maria M. Mullerrek berrekin, lehen aldiz bista bidetik itsasora aldatuz, halako moldez non Marak aurpegiaren soslaia ikusi ahal izan baitzion, ahoa bare, begi griskarak tenk.
Marak bazekien bizikletarena ere, egunerokoetatik: paseorako bizikleta bat, “udaberriaren kolorekoa”, Moirak oparitua, Maria M. Mullerrek unibertsitaterako joan-etorriak egin zitzan han irakasle gonbidatu aritu zen garaian.
— Portxean gorde beharko duzu gero, bestela zeharo herdoilduko zaizu —Maria M. Mullerrek lasai, haizea eta langarra existituko ez balira bezala.
Marari, ezin eutsi, pilpiraka hasi zitzaion bihotza: Maria M. Muller hitz egiten ari zen, hitz egiten ari zitzaion, berari, zertaz-eta etorkizunaz. Edo geroaldian behintzat.
— Lorategiko hesiaren kontra utzi nahi nuen —ausartu zen, odola belarrietan—. Baina ez dago hesirik.
Maria M. Mullerrek kolpean baztertu zuen begirada itsasotik, eta pausoa irmotu.
— Eta? —handik puska batera.
“Eta? Zer, barkatu?”.
— Eta? Zer, barkatu?
— Hesirik ez dago, eta?
Mara totelka hasi zen. Behin ahoa irekiko eta.
— Hesolak? Txarrantxak? —Maria M. Mullerrek dragoi-bozez—. “Kontuz txakurrarekin” dioten kartelak? Zer espero zenuen zehazki? Noek, gainera, aditu ondo, txoratuta ere ez lioke koska egingo lapur alproja bati; gauza eskisitoagoetara ohituta dago —txakurra gutiziaz usnaka zebilen sator-zulo umel batean—. Baina kontua ez da hori, kontua da: hesitu eta mugatu egin behar nuen neure etxea, neure burua? Zer da muga bat eta zer ez? Muga ematen ez duen guztia ez da muga? Sekula pentsatu duzu horretan? Eduard Merlin edo dena delako maisutxo horrek gaia jarri ezean, gogoeta egiten duzu sekula ezeren gainean? Ala behartuta bakarrik? Ez, ezta? —Marak atzetik buruaz ezetz, baina Maria ez zen jiratu erantzuna ikusteko, imajinatze hutsa nahikoa antza—. Hala uste nuen. Idazlea izan nahi omen duzu eta. Pentsatu, Meleiro andrea, pentsatu ondo: lorategi zaindu bat basa-belardi zabalaren erdian, izadia eta etxea separatuz: hori zer da, muga bat ez bada? Ez al du giza begiak argi eta garbi bereizten? Ez al du, are, horko kaio buru-huts horrek ere argi eta garbi bereizten? Kaioak kartelik leitzen ez daki, baina badaki noraino hurreratu. Muga larriagoa dago belardiaren eta nire etxearen artean, oraintxe gu bion artean baino. Zidor honexek elkartzen gaitu gu.
Maria M. Mullerrek estropezu txiki bat egin zuen, eta isilarazi egin zuen horrek, bakarrizketa lasaian ari dena konturatzen denean bezala ez dagoela bakarrik, norbait adi duela ateaz bestalde.
Noe, kaio buru-hutsari gora begira, gehitxo hurbildu zen amildegira, eta Maria M. Mullerrek oihu erlats batez etorrarazi zuen, eskuak ahoan bozgorailu. Hizketa piztu zitzaion berriz:
— Bere garaian, egunerokoak publikatzen hasi nintzenean, sasi-kazetari eta sasi-irakurle batek baino gehiagok egin zidan galdera: ea muga non zegoen. Ea non zegoen, alegia, egiaren eta fikzioaren arteko muga nire egunerokoetan. Egunerokoetan! —Marak sustoa—. Zer kristo erantzun behar zaio horri. Oin-oharrak nahi al dituzu, maitea, esanez “Hau benetakoa balitz bezala idatzi dut, baina egiatan asmazio fantastiko bat da”? Dena mamurtua nahi. Zertarako imajinazioa, zertarako fedea. Eguneroko bat leitzen hasten denak fedea behar du, edo entendimentua sikiera, leitzen ari den horretan fedea daukan edo ez daukan erabakitzeko. Hainbesterako gogorik ez daukanak, edo talenturik, abentura-nobela bat leitzea asko du.
Maria M. Muller kolpean gelditu zen, eta Marak hutsa falta izan zuen harekin tupust egiteko. Noeri buztan tentearen punta baino ez zitzaion ikusten belardi garaian hara-hona. Hari begira lehenik eta basora begira gero, Maria M. Mullerrek purutxo bat atera zuen poltsikotik, eta antigoaleko metxero zilarkara batez piztu. Ez zion Marari atxikirik eskaini, eta Mara izugarri poztu zen horregatik.
— Alain Grossi ez zioten sekula galdetzen non hasten eta non bukatzen zen egia bere liburuetan —ke-laino trinko bat sudur-ahoetatik lanbro trinkora—. Nigana, berriz, amua ezpainean etortzen ziren, entenditzen? Susmotsu. Ez ziren etortzen entenditu nahian: etortzen ziren… mutxurdin buruarinari bere idazkiak zuriaraztera. Mugak, mugak… beti mugekin bueltaka. Zein ote zen bakardadearen muga. Hiruzpalau eguneroko idatzi ez banitu bezala galdera horri erantzun nahi eta ezinean, edo, hobeto esanda, galdera horri ezin erantzuteko etsi ona hartu nahian —irribarrerik batere ez Maria M. Mullerren espartzu-aurpegian—. Batzuek esaten zidaten, ez, esaten ez, aurpegiratzen zidaten ez zela posible bakardade erabatekoa, joan beharko nuela, ba, tarteka ezinbestean erosketak egitera, eta hor sikiera tratua izango nuela, ba, dendariekin, herrikideekin. Jende listoa, alajaina. Argia sortu zen etxean jaioa! Janus aurpegiratzen zidaten, eta Dora. Jendeak ez du pitorik entenditzen, Meleiro andrea. Laino bat ikusi —Marak lainoei begiratu zien—, eta pentsatzen du laino bat besterik ez dela —Marak lainoei begiratzeari utzi zion—. Eta jende horrek, demokrazia batean, galderak egiteko eskubide osoa du. Gaitz-erdi, eskubide horrek ez balekar erantzuteko obligazioa. Bestela, edukazio txarra. Ezta? —Marari begiratu ere egin gabe galdetu zion “Ezta?”—. Baina zer hizkuntzatan erantzun behar diozu, zer hitzekin, zure hizkuntza entenditu nahi ez duenari. Gure amak beti esaten zuen bezala…
— … ez dira astoentzat konfiteak —bukatu zuen Marak esaldia, beretzat ere ustekabean.
Marak ez zeukan arrastorik ere zer ziren konfiteak. Baina Marak, ia bi hilabete eman ondoren Maria M. Mullerren liburuak gau eta egun irensten, buruz zekien baita Maria M. Mullerren ama hilaren idiolektoa ere.
Bakardadearen Jainkosak paseo osoan lehen aldiz begiratu zion paseokideari.
— Noek egin ditu egin beharrekoak —bota zuen, sakelatik ateratako ontzitxo batean gordez puru guztiz erre gabea.
Bira eman, eta etxerantz oinez hasi zen, eta Marak ere, ondorioz, derrepentean jiratu eta kontrako noranzkoan abiatu behar izan zuen, ilaran aurrena.
Mara etengabe begien bistan orain, isilik itzuli zen Maria M. Muller. Garondoan sentitzen zituen Marak haren begi glaziarrak, arnasa txingarra. Zorionez, Noek berehala hartu zien aurrea, kezkagabe, eta Marak arinduta galdu zuen ilara-buruaren rola.
Itsasertzeko etxeko lur-bidera iritsi zirenean, bizikletari begira geratu zen Mara. Baina:
— Gosaldu gabe zaude —Maria M. Mullerren konstatazioa, eskuak berokiko poltsikoetan sartuta.
Eta halaxe, jardina zeharkatu, eta etxera bueltatu zen Maria.
Eta halaxe, haren atzetik, jabetu gabe artean, etxera bueltatzen hasi zen Mara.
“Bizi honetan lau liburu baino gehiago leitu dituenak, ez, bizi honetan liburu bakar bat irakurri gabe ere ingurura pixka-pixka bat begiratzeko giza duintasuna izan duenak ondotxo daki mugak ez direla amildegi etenak, etxe ondoko labar hori bezalakoak, baizik mugak lokarriak direla batez ere, igarobideak. Mugarik ezean, nahita ere ezin zara joan, han ez baita han baizik hemen.
Etxera norbait etortzen zaidan aldiro, azken arnasa nola eskapatzen zait bakardadea. Oldar bortitza izaten da, eta gogo-baretasuna urratzen dit, baina, zorionez, ez labanak oihala tarratatzen duen moduan, atzerabiderik gabe. Zeren jendea etorri bai, baina joan ere joaten baita gero, eta orduan bai, orduan sortzen da muga bat bestelakoa, konpainiaren eta bakardadearen arteko trantsizio hori. Erdibide horretan, jendearen oihartzuna etxean gelditzen zait, jendearen testura larruan, eta ez dut nahi, baina nahi dut. Muturtzen naiz, dardaratzen naiz, arnasgabetzen naiz. Egunak behar izaten ditut abstinentzia-sindromea gainditzeko.
Baina jendetzaren amaraunean trabatuta bizi denak ez daukan zori bat daukat nik: jabetzen naiz zerk bereizten nauen eta zerk lotzen besteengandik eta besteengana.
Nire bakardadean ere, ez naiz harri gotor bat.
Fosildu nahi ez izatera, harriak (entenditu dut azkenean itsaslabarreko kalatxoari so) harria behar du izan, baina harri porotsua, berandu baino lehen hondartza bihurtuko bada.
Pellokeria hutsa, bai, bizitza eta heriotza bezain gauza pelloa, hain pelloa ezen ia atzemanezina baita, ia entendiezina”.
Maria M. Muller, Itsasertzean ni (eguneroko bat)
Ateri zen, baina esne beroa. Klasea zeukan, baina tostadak marmeladarekin.
Astelehen hura izan zen Mara Meleiroren bizi guztiko lehen piper-eguna.
Amaren etxetik joan zenetik behin ere hartu ez bezalako gosari oparo hartan desegin zitzaizkion dardarizoa eta zorabioa.
Zantzu nabarmen hartaz jabetu izanaren seinalerik eman gabe, Maria M. Mullerrek poliki hartu zituen esne-zopak, pittintxo bat zurrupatuz, begiak mahaian finko egunkari ikusezin bat irakurtzen ari balitz bezala, Isiltasunaren Jainkosa.
Marak leial segitu zuen han ez balego bezala. Bizpahiru aldiz saiatua zen han ez egoten, ospa egiten, eta denetan geldiarazia zuen Maria M. Mullerren konstatazioren batek; hortaz, Marak ondorioztatu zuen kontua ez zela han ez egotea, baizik ez egoteko plantak egitea: ekintzaren imitazioa, ez ekintza bera.
Eta Mara Meleirok, imitatzeaz, bazekien zerbait.
Ez-esatezko arau hartaz gainera, ordea, ezer gutxi ulertzen ari zen gosari hartan, sabela beteta gustura, sarean lehen aldiz marrazo koxkor bat harrapatu duen gizaki primitiboaren satisfazioan, badaezpada gehiegi galdetu gabe zergatik gertatzen diren zorioneko gauzak eta zergatik ote daukan arrain misteriotsu horrek ahoa hain bete hortz.
Motor-burrunba bat entzun zen, eta Noek zaunka egin zuen. Maria M. Muller, katilua harraskan utzita, sukaldetik irten zen txakurtzarrarekin batera.
Ez zuen irtetean sukaldeko argia itzali, Mararen harrigarri.
Beste paralisi luzeegi baten ondoren, Marak oraingoan ebatzi zuen gosaltzen bukatzea izango zuela zuhurrena. Etxe hartan diferentea zen denbora, ez ziren munduaren gainerakoan bezala betetzen fisikaren eta errutinaren arauak, eta ezerk ez zion ziurtatzen luze gabe beste otordu fundamentuzkorik egingo zuenik.
Ahots sor batzuk entzun zituen kanpoan, eta, berehala, zarata irregular bat. Azken tostada marmeladatsua eskuan hartu, korridorera irten, eta lorategirantz begiratu zuen ate nagusiko leihotxotik. Gizon ziradun bat, konkortuta, eskuareaz orbela biltzen ari zen keinu-jario harmonikoz.
Beste bizitza bateko norbait berriz ikusten ari balitz bezala ezagutu zuen Marak Janus lorezaina. “Trebetasun hori dute idazle onek, artistenek, pertsonaiak pertsona bihurtzen dituztela”, Marak bere kautan, papur batzuk ezpain-ertzetik kenduz.
Artista bera portxearen ertzean zegoen, lorezainari so. Triptikoa, beraz, honela zen: barruko beroan Mara, tostada janez mundura begira; atearen mugaz bestalde, erdiko lurraldean, Maria M. Muller, kanpoan baina aterpean; eta portxeko eskaileren mugatik harago, berriz, Janus aire zabalean, lan eta lan, Noe inguruan zebilkiola lurrean usnaka.
Atea zabaldu zuenean, Marak kilima siniestro bat nabaritu zuen oinetan, eta, behera begiratuta, katua ikusi zuen, gaua kanpoan parrandan eman eta gero etxera bueltan, nonbait. Marari kasurik egin gabe sartu zen barrura, artxidukesa perladun bat nola atezain izengabearen ondotik.
Atearen hotsa eta tostadaren usaina adituta seguruena, Noek zaunka egin zuen berriz, Mararen aldera. Maria M. Mullerrek jiratu zuen burua lehenik, eta Janusek gero. Biak begira-begira gelditu zitzaizkion, ez harrituta baizik nahiko natural, nenufarraren azpitik burua agertzen duen igeltxo bati bezala.
— Zein dugu, ba, neskamotza? —lorezainak lakar galde, lehengo posturan konkortuta oraindik, etenak askorik iraungo ez zuela ondo baleki bezala.
— Meleiro andrea —aurreratu zen Maria, eta, zeharo txundituta, Marak irribarre-imintzio bat antzeman uste izan zion sudur zorrotzaren itzalean—. Ez al zaizu iruditzen, Janus, abizen aski dultzea?
Nahiz eta garai batean, zernahi logiarekin etengabe txunditzen zen boladan, etimologiazaletasun-sukar pasakor batek ere jo zuen eta buruan bueltaka ibili zituen bere abizenaren nondik norakoak, Marari orain arte inork ez zion behin ere esan, ezta Noa enara ele-ederrak ere, “abizen aski dultzea” zeukanik. Ez “abizen polita” edo “kuriosoa”, ez “ogitan jango nuke zure abizena”, ez: “abizen aski dultzea”. Zer zen hura, zer magia-klase. Hitz-erritu bat, klasean Noak baino nota hobea ateratzeak pizten zion gogobetetasuna baino zerbait are zirraragarriagoa, Marak jada ahaztua zuen zera bat: Aukeratuaren Ahalguztiduntasuna.
Iruzkinak majo gozatuta, eta Maria otorduetan salda irakina ez beste jaki batzuk eskaintzen hasi zitzaionetik, Marari nabarmen hobetu zitzaion tenplea. Horretan, noski, funtsezkoak izan ziren Doraren bisitak:
— Hortzetako zepilloa horra. Eta no, pare bat galtzerdi-pare. Artilea, bai. Badakin esaera: hotzak eta sugeak, beti hankatik heltzen. Eta kalekume delikatua haiz hi: bi tanta, eta burutik beherakoa, alajaina. Proba itzan, ba. Oraintxe, bai, bihar arte egon behar al dut txorimaloa bezala hire zain? Ameliak ez ditin janzten. Nik oparitu nizkionan, hemen inguruko baserritar bati erosita, baina azkura ematen diotela, eta hortxe zeuzkan armairu-zoko batean utzita. Esan zionat, hari ere, igual-igualak dauzkazuela hankak: triku-hankatxoak. Begira, neurri-neurrikoak! Ekarriko dinat bota-pare bat ere, lokatzetarako. Pijama, utziko din baten bat Mariak; nire kontu. A, eta kulero hauek aurkitu ditinat herriko dendan, Marlenerenean, erdi prezioan. Txiki samarrak hartu ditinat… popa-estua haiz, gero! Hortxe hasi zaidan Marlene iji eta aja… Esan behar izan zionat ez zirela niretzat.
Egun biz behin-edo azaltzen zen Dora, eta, Mararentzako oinarrizko hornigaiak ekartzeaz gainera, pare bat egunerako jakiz beteta uzten zizkion, zizkien despentsa eta hozkailua. Maria M. Mullerrek ohitura suharra zeukan eguneroko objektuak toki bitxietan uzteko, eta han ibiltzen zen bizilagun leiala, ezlekuan aurkitutako labana zorrotzak leku seguruan gordetzen. Beste gauza batzuk, berriz, gorde ez baizik bista-bistan uzten zituen, pilulak eta orrazia besteak beste. Maria M. Mullerrek billete batzuk, billete asko eta handiak jartzen zizkion eskuan gero; hurrengo enkarguetarako, pentsatzen zuen Marak.
— Hi, Mara, zer moduz talasoterapia?
Marak ez zuen jakiten Dora on asmotan ala adarra jotzen ari ote zitzaion halakoetan, eta “ondo” tentelen bat erantzuten zuen, erantzunari ezin hobeto zegokion irribarre tentel batez.
Eta, hala, piper-eguna piper-egunari, Marak arrastoa galdu zion denborari.
Gutunen gaizki-ulertua konpontzeko bake-nahi etsiak itsuturik heldua zen hara, baina berehala atzendu zitzaion motiboa, eta orain, nora joanik bai, baina nora bueltaturik ez zeukan. Nola biziko zen, bada, Maria M. Mullerren liburu-etxe hartan ez beste nonahi.
Egoitzan zegoenean bezala, lehenengo asteetan amari deitu zion ondo zegoela esateko, jada usaindu ere egiten ez zuen bizimodu unibertsitario hari buruzko konturen bat asmatuz tarteka, kontakizunari errealismoa eman nahian, hatza oharkabean telefonoaren kable kiribilean kiribilduz hatz-muturra ia erabat zurbiltzeraino; izan ere, bat-batean, harrigarriro nekeza egiten zitzaion gezurra esatea, lehengo bizimodu hura beste mundu batekoa iruditurik.
Itsasertzeko mundu orohartzailea, aitzitik, gero eta gehiago zuen berea. Behin eta berriro, behin eta berriro, Maria M. Mullerren egunerokoen oroitzak egiten zizkion ohiko hango gauza ezohikoak. Noaren berririk ez izatea, Maria M. Mullerren txakurrarekin paseatzea, Maria M. Mullerren katuak ignoratua izatea, Maria M. Mullerren pijama jantzita lo egitea, haren liburutegiko aleak beste zereginik gabe patxada ederrean irakurtzea, haren hitz-parrastada bat-batekoak entzutea, sutondoan biak isilik egonean egotea. Eta loa, lozorroa, beti esnaldi ameskararekin nahastua, zer ote nor, non ote noiz.
Zeruaren berun guztiak ikasi zituen lehenik, eta ezin bereizteraino ahaztu gero.
Eskatu zizkion azkenean Maria M. Mullerri boligrafoa eta papera, Edgar Martinen lana oraindik zertxobait axola zitzaiolako plantak egiteko, eta Maria M. Mullerrek ere, konplize, plantak egin zituen sinesten zuela Mara Meleiro Edgar Martinen lanagatik zegoela han.
Hala, idazten hasi zen Mara. Idazteak, hala pentsatu zuen, ondo ematen zion itsasertzeko etxeari, komuneko potosak bezala. Halaxe hasi zen oharrak hartzen, jakin gabe noizbait, egun ez oso urrun batean, ohar haiek bizitza irauliko ziotela. Nola susmatuko zuen, bada, halakorik, lehenengo esaldiak zer-eta zeruari buruzkoak izan baziren, hodeien eta artilearen eta kotoiaren arteko konparazioak barne hartzen zituzten ohar txit originalak.
Aurreraxeago, ordea, etxeko gauzez idazten hasi zen. Eta etxean bizidunak zeuden. Eta etxeko bizidunik garaienak (Mara txikitzen zuten beste kontuetako bat zen hura, Maria M. Muller emakume garaia zela, bera baino pare bat hazbete garaiagoa bai), Edgar Martinen klaserako lanaren aitzakian hark ere, zenbait kontu kontatzen zizkion: nola alde egin zuen etxetik artista izan nahi zuelako, nola Alain Grossek lagundu zion lehen liburua publikatzen, nola azkenerako “gaiztoa” iruditu zitzaion Grossen beraren bidez ezagutu zuen “artista-mundu kanpolarrosa” hura...
Kimerarako bere ohiko joeran, Marari batzuetan iruditzen zitzaion liburu batean bizi zela, edo film batean. Jokalekua eta argazkia, behintzat, aukera-aukerakoak ziren. Arazoa zen bere film gogoko ia mutuetan ez bezalako dialogo-arauak zituela bere pelikulak: Mara kontu-gosez zegoenean, Maria M. Mullerrek ez zuen txintik ere esaten, eztul karkaxadunen bat egiteaz harago; isilunerik inspiragarri eta poetikoenetan, berriz, hantxe hasiko zen itsasertzeko etxe lirikoaren jabe lirikoa kontatzen nola Dora behin kakapirriak jota etorri zen etxera, eta nola ez zen iritsi komunera, eta nola berak, Maria M. Mullerrek, guztiz injustuki errieta egin zion gero Noeri, portxean aurkitutako pastela harena zelakoan haserre.
Behin, sutondoan isilik, inork ezer esatekorik ez zeukalarik itxuraz, walkmana piztea otu zitzaion Marari.
Baita itzali ere istantean, Maria M. Mullerren dragoi-begiradak agudo hartaratuta.
Egunean bizpahiru aldiz, Maria M. Muller paralizaturik-edo geratzen zen leihotik begira edo kazolari begira edo bere eskuei begira, kopeta beltz, begiak kliskatuz, eta, bertsio ofizialak zioena zioela, egunean hiruzpalau amorrualdi ere izaten zituen: posta berandu zetorrelako, edo pilulak ez zeudelako bezperan utzi omen zituen lekuan, edo beheko suaren argitan bat-batean ohartua zelako ez zituela kolore bereko galtzerdiak jantzi, edo belar txarrek haztea galarazia ziotelako auskalo zer belar oni.
Egun batean, haren “argitaletxe ohiaren” gutun bat heldu zen, eta jainkosak, zer egin duda-mudan urduri ibili ondoren, ahots goran irakurtzeko eskatu zion Marari. “Kalte-ordaina” eskatzen zion argitaletxeak, antolatu eta Maria M. Mullerrek “justifikaziorik gabe” bertan behera utzitako hitzaldi-sorta batek eragindako “diru-galerengatik”.
Maria M. Mullerrek bi hatz-puntarekin itzali zuen purutxoa amorruaren amorruz.
— Judas, jakina, beti txanpon eske!!!
Maldizioka, krema bat atera zuen nola edo hala erre gabeko eskuaz komuneko botika-kutxatik, baina Mara garaiz konturatu zen azazkaletako onddoetarako zela, ez erreduretarako, eta herabe ohar egin zion, liluraz so, ezin sinetsita nola izan zitekeen errealitatea liburua baino, pertsona pertsonaia baino are hobea.
— Ez begiratu horrela, Meleiro andrea —Maria M. Mullerrek, azkenean erreduretarako krema aurkitu eta tapoia irekitzeko borrokan—. Zer zara, ba, katakume bat? Begitxo arrobatuak etxe honetan, egundo halakorik… Lilura gauza antzua da, aditu?, naturatik eta poesiatik kanpo —lortu zuen halako batean potoa irekitzea, exasperazio arinduz, patuak azkenean zor bat kitatu balio bezala—. Idazlea izan nahi duzula, idazlea izan nahi duzula ni naizen bezala… Ba, begira: ez miretsi, hastiatu. Ez hartu idoloak bihotzean, hartu begitan. Nik Grossekin halaxe egin nuen azkenean. Ona izan nahi duenak hobeen kontrario izan beharra dauka, entenditzen didazu? Joiezu erronka, ez kanpaia. Bestela, idazlea ez baizik mirabea izango zara, edo gehienez dizipulua, beti, beti, baita ile-urdindutakoan ere. Ala hori nahi duzu? —zerura begira erantsi zuen—: Igual hori nahi du, alajainkoa...
Marak zira mentala jantzita eusten zion halakoetan zaparradari, eta zain geratzen zen, zeren, itsasoa noizbait baretzen den bezala, lasaitzen baitzen halako batean Maria M. Muller ere.
Marmarra eta abulia, dena ondoz ondo, dena zen normala, normalegia itsasertzeko etxean.
Beharbada horrexegatik kostatu zitzaion hainbeste Marari ohartzea bazela zerbait bereziki bitxia ohikotasun bitxi hartan. Oso berandu ohartu zen gorputzean kabiarazten ari ez zen galdera-pila hartara ez zitzaiola ordura arte pilatu galderetan galderena.
— Ezer idazten ari al zara, Muller andrea? —ausartu zen egun batean.
— Idazten? Ni? —betaurrekoak birkokatu zituen, disgustu-keinuz—. Beti. Baita idazten ari ez naizenean ere.
Baina Marak, han zegoenetik (noiztik zen hori, noiztik?), ez zuen behin ere ikusi Maria M. Muller ezer idazten. Ondo pentsatzen jarrita, ez zirudien askotan geldi egoten zenik, beti hara-hona, baina, aldi berean, Marak ez zekien oso ondo zertan ematen zuen Maria M. Mullerrek eguna, zeren Dorari esker etxeko lanak gutxi, lorategian ere Janusen graziaz pintxe-lan batzuk baino ez, eta inoiz, agian, esertzen zen idazmahaira, eta paperen batzuekin lardaskan ibili, baina ez zuen libururik irakurtzen sekula, eta idatzi… eldarniotik esnatu eta ahots gidaria eta oihartzun-ahotsa diktaketa-saioan entzun zituenetik, ez: Marak ez zuen Maria M. Muller behin ere bere ustezko lanean ikusi.
Mara Meleiro iaioa zen egonean egoten, baina ez hain iaioa zain egoten, salbu destino literario zoragarriren baten zain.
Zaputz-mamu bat tontortzen hasia zitzaion barneko lautadan. Dorak ekarritako artilezko galtzerdien azkurak ere ez zion askorik goxatzen aldartea, eta, ordura arte ederki kontsolatua eta entretenitua zuen arren Maria M. Mullerren liburutegi oparoak, orain liburu bat ireki eta segituan uzten zuen, ezin aurrera egin esaldi bakoitza gutxienez hirutan leitu gabe. “Zeren esperoan zaude, Maria M. Muller, zeren esperoan”, marmartzen zuen bere artean, burutik erauzia. Behin, Noerekin paseoan, ilaran nahita Mariaren aurretik jartzea ere otu ez zitzaion, ba, kokotetik “Hemen nago, hemen nago, erabil nazazu!” mutu esanez. Baina Maria M. Mullerrek ez zion, jakina, txintik esan. Ezta hitz-erdirik ere, paseo guztian. Zirkulariak bai baitaki piztiatxoa nola umildu.
Piztiatxoak, ordea, beti du piztiatzar-infularik.
— Une honetantxe ere idazten ari al zara, Muller andrea? —berrekin zion gau batean lainezaz, afaldu berritan harrikoa egiten ari, Maria M. Muller alboan zeukala sutara begira—. Zeure buruan idazten, pentsatzen dut —kizkurtu zuen kizkurra, plater bateko tomate-hondarra harramazkatuz.
Dragoiak motel altxatu zuen burua.
— Zertan ari naizen galdezka ibiltzea baino probetxuzkoagoa zenuke, igual, zeure buruari galdetzea zertan ari zaren zu.
— Ni? —despistatu-galdera Marak airoski—. Harrikoa egiten.
Maria M. Mullerrek bi kopa eta botila bat ardo atera zituen, motel, arasatik. Mahaiaren hankarekin estropezu egin, eta ia erori zitzaion dena lurrera, baina, alegia deus ez, kopak irmo mahai gainean jarri, ardoa zerbitu, eta berriz eseri zen, zain.
Mara ere jarri zen azkenean, erdizka amore emanda.
— Ez dut edaten —bota zuen Mararen beste erdiak, amore eman gabeak.
— Edaten duzu.
— Ez dut alkoholik edaten.
— Probatzeko lain ere ez? —Marak ezetz buruaz—. Eta zer egiten du orduan estudiante batek? Estudiatu eta kito? Estudiatu eta lo? Zertan ematen du bizia? Leitu eta leitu? Esadazu, Meleiro andrea: zertan ari zara zu?
Ahuldade-zerrenda luzetik, zer eta abstemiotasuna, abstemiotasuna! aukeratu behar Maria M. Mullerrek erasorako.
Edo agian beste bat zen auzia. “Jendeak ez du pitorik entenditzen, Meleiro andrea. Laino bat ikusi, eta pentsatzen du laino bat baino ez dela”…
— Amorratuta zaude, Meleiro andrea.
— Ez nago amorratuta.
Maria M. Mullerrek algara labur bat egin zuen, ozpin, Noe lasai etzanari burua altxarazi ziona. Keinukera ez batere sakratuz, trago luze bat hartu zuen segidan jainkosak, errea ez zuen eskuko hatzez kopari sendo helduz. Esku ederrak ziren, zaintsuak eta ahaltsuak. Mara lelotu samar gelditu zitzaien begira. Maria M. Muller, berriz, besaurrea mahaian bermatuta, aurrera makurtu zitzaion. Marak begi-zuringoetako zaintxoak ikusi zizkion, eta bere garaian peka izandako mantxa pare bat ezker masailean, eta ile urdina tximiniako argiak sututa.
— Zuk badakizu zertaz dakidan nik literaturaz baino gehiago eta bakardadeaz baino gehiago? —beste trago bat, laburragoa orain—. Zuk badakizu zeri antzematen diodan nik hobeto petunia egarritu bati eta errima maiztu bati baino?
— Bai —Marak desafioz.
— Bai? —Mariak desafioz.
— Bai: amorruari.
— Amorruari, bai, Meleiro andrea. Irakurle fina zu —berriz ere bermatu zen aulkiaren bizkarrean, gogobeteta nonbait—. Itsasertzeko etxera etorri nintzen arte, bi gauzak bizi ninduten, bi gauzak bakarrik: nire musek eta amorruak. Orain biak galdu ditut, biak galduta nago aspaldi, baina badakizu zer? Arrastoa betiko da. Galdetu, bestela, Valeria Wolfi. “Suge beltza” esaten zion hark. Badakizu ezagutu nuela Valeria Wolf? —Marak bazekien ezagutu zuela Valeria Wolf—. Andre lasaia iruditu zitzaidan, hotz samarra igual; agudo samar bukarazi zuen te-ordua. Baina ozpinik ez nion sumatu. Gero, ordea, haren hitzak leitu, eta... Tira, ez da gutxiagorako, bere garaian nola gutxietsi zuten jakinda. Zer, harrituta? Gaur egun beste kontu bat da; gaur egun mundu guztia da Valeria Wolfen mireslea, ez duzu inortxo ere inpresionatuko esaten baduzu Valeria Wolf leitzen duzula gauero-gauero lotaratu aurretik. Baina bere garaian ez zuen mundu guztiak entenditu. Horra zauria, ipurdi-bistan. Ez zituen, bestela, idatzi zituenak idatziko. Eta orduan konturatzen zara amorrua ez dela, zera, fardel bat norberarena, baizik eta Wolf andre sereno hura ere amorratuta bizi zela eta zu ere amorratuta bizi zarela eta aldamenekoa ere bai; batzuk disimulatzen tematzen diren arren, e, Meleiro andrea? Baina amorratu lasai. Hori gasolina da —Marak ezinegon-keinu bat disimulatu behar izan zuen—. Niri, egia da, kalte pixka bat egiten zidan. Hori ere ardoa bezala baita: neurrian amorratu behar. Baina neurrian, ona da. Idazteko, adibidez. Eta zuk idazlea izan nahi duzu. Ez ala bai? —Marak baiezko isila buruaz—. Eta idatzi partez, eta lagunekin kalean ibili partez, mozkorkerian eta lizunkerian, hementxe zaude, andre zahar baten etxean, lotan, paseoan eta ez-edanean.
— Ez naiz parrandazalea —Marak azkenean, ernegatuta—. Zarata gogaikarria da. Jendeak denetik hartzen du, alkohola, pastillak, gauza okerragoak ere bai, eta oso ozen hitz egiten hasten da, txorakeria txorakeriaren atzetik, eta izerdi- eta tabako-usainez itzultzen zara etxera. Hobe etxean lasai gelditu, liburu bat irakurtzen. Edo kalean banku batean, munduari begira.
Isilik geratu zen tarte batez, Maria M. Mullerrek diskurtso ponpoxoa noiz etengo. Baina Maria M. Muller isilik zegoen harrigarriro, aurpegiera geldian igeri Marak ondo deszifratu ezin zuen nahastura bat, faszinazioaren eta dibertsioaren eta dezepzioaren artekoa.
Dialektikoki gailentzen ari zela sinesten hasita, haizetuxe jarraitu zuen Marak:
— Jendeak pasio ankerrak ditu. Zaharrek, umeek, denek. Mareak bezala erakarri eta listukatzen zaitu jendeak. Eskola batera joan besterik ez dago, edo taberna batera, horretaz jabetzeko. Maitasuna interes-dantza bat da. Laguntasuna, berriz, ispilukeria hutsa, edo trantsizio bat onenean ere. Eta asmo onak, asmo hutsak. Biktimarioz beteta dago mundua. Horregatik maite ditut zure liburuak, Muller andrea. Ez soilik konpainia zintzoa egiten didatelako; baizik miresten dudalako nola begiratzen diozun munduari kanpotik. Nik ere… nik ere jakin nahi dut nola egiten den —belarriak bero—: nola egiten den bakardade nare hori.
Hara komuniorako gonbita.
Maria M. Mullerrek, ordea, begirada baztertu zuen tximiniara.
— Sua egurrik gabe piztu —murmurikatu zuen, trantze antzean.
Berriro tenk Mara, zer ote esaldi hura, beste konstatazio bat, edo epifania bat, edo agindu bat.
— Sua egurrik gabe piztu, alajaina —Maria M. Mullerrek berriro, lehen baino ozenago—. Lore izan ez, eta loratu: horixe nahi du, nonbait, Meleiro andreak —akabo komunioa—. Jendeak pasio ankerrak omen ditu. Eta zer dago, ba, ankerragorik eta hutsalagorik pasiorik gabe, edo zurea bezalako pasio antzuetan bizi nahi izatea baino? —atera seinalatu zuen zakar—. Zer litzateke hor kanpoko jardin hori, inork benetako pasioz imajinatu eta mamitu ez balu? Loratzea emaitza da. Jakingo du hainbeste unibertsitario batek. Ezta? Tira, Meleiro andrea, asko-asko leitu duzu zuk, eta jakingo duzu poema. Loratzea emaitza da… eta?
— Eta…?
— Eta nola dio.
Hori ere, noski, ez zekien Marak.
Katua magalera igo zitzaion jabeari, espektakulua galdu nahi ezean argi eta garbi.
— “Loratzea emaitza da. Lore bat ezagutu eta hari bestela bezala behatuta, ia susmorik ere ez lioke batek hartuko halako afera distiratsuan lagun izan den zirkunstantzia koxkorrari. Hain bihurdika egina… gero tximeleta gisa ofrendatua eguerdi beteari. Bildu kuskua, buru egin harrari, erdietsi ihintzerako eskubidea, egokitu hozberoa, egin iskintxo haizeari eta ihes jirabiran dabilen erleari —begiak itxita bukatu zuen Maria M. Mullerrek errezitala—. Har ez dezan desengainua Natura Handiak, egun horretan zain daukalarik… ardura sakona da… lore izatea”.
— Mastral? —Marak, esperantzaz.
— Philipson!
Katuak magalean urruma.
Katuaren jabeak, berriz, lehengo liluraren eta dibertsioaren arrastorik ez orain, baizik soilik nekea, gau hura kolpean mende bihurtu balitzaio bezala.
— Esan gabe doa, baina esango dut: bakardadea ere emaitza da. Beti esaten duten hori, berriz, bakarrik jaiotzen garela eta bakarrik hiltzen, hori gezurra da. Gizontxo malapartaturen batek asmatuko zuen hori ere. Zeren inor ez da bakarrik sortzen mundura: mundura norbaitek ekartzen gaitu. Bakardadea, benetakoa, gero dator, ondo bidean oso gero. Nire “bakardade narea”, zuk aipatu duzun hori, hamaikatxo bat urteren eta sufrimenduren emaitza eta saria da. Dozenaka urte eman ditut jende artean, hain gaitzesgarriak zaizkizun pasio horiek janda, pasio berberek bizi zuten jendearen artean erdi itoan erdi balsean. Hala ezagutu ditut nire musa guztiak, hala ezagutu dut maitasuna, eta amorrua. Mozkortu naiz, seko aspertu, seko desesperatu eta seko izutu. Baina dena seko, ez erdizka. Nahita eta nahi gabe zorabiatu naiz. Negar egin dut barrenak sikatu arte. Dibertitu naiz, erori naiz, iraindu dut, eta traizio egin didate. Abandonatu ez nauen bakarra abandonatzeko ausarkeria ere izan dut. Eta orain, soilik orain etsi dut bakardadean. Eta horregatik orain, soilik orain idatz dezaket idazten dudan guztia.
Marak zorabiatu egin nahi zuen, eta negar egin, barrenak sikatu arte. Baina neska azkarra zen, klaseko azkarrena, eta beste inork lortu ez zuena lortua zuen: Maria M. Mullerren sukalderaino literalki sartzea. Ezin zuen, beraz, hain erraz galdu duintasuna.
— Zerk bizi zaitu orain orduan? —galdetuz suspertu zen.
Ez ulertzeko keinua egin zion Maria M. Mullerrek.
— Lehentxeago esan duzu musek eta amorruak bizi zintuztela, eta orain biak galdu dituzula.
— Zahartzea galtzea da.
— Nik entzuna nuen bizitzea bera dela galtzea…
— Gazteren batek esana, seguru —zirkularia berriz zartailua erakutsiz—. Ez, zahartzea da benetan galtzea. Dramatismorik gabe diot. Umeak behar du fantasia, eta gazteak ere zilegi du. Zaharrok, berriz, egia zor. Beren alegiazko sasimunduetan bizi diren atso-agure txatxu horiek baino gauza tristeagorik ez dago. Zahartzean, eta beraz galtzean, bakeak egin behar dira egiarekin.
— “Galdu zerbait egunero. Egin bakea galdutako giltzen aztoramenarekin, ordu xahutuarekin. Ez da zaila menperatzen galtzeko artea” —errezitatu zuen Marak, bihotza berriz pilpiraka.
Mariari harridura- eta sinesgaiztasun-keinu bi nahastu zitzaizkion oraingoan. Eta irribarre-erdi bat:
— Mary Anne Loore?
— Elisa Hitchcock —Marak garaile.
— Hitchcock, jakina. Memoria ere galtzen da zaharbide honetan.
Marak bihozkada bitxia izan zuen, lehen aldiz eta ez azkenekoz, Maria M. Mullerri partida irabazi berri ziola, bai, baina hain justu Maria M. Mullerrek hala nahi izan zuelako; hark eragin zuela lurrikara, hark dardararazi plaka tektonikoak, eta hark gerarazi azkenean, errepliketarako tarterik utzi gabe.
— Eta nik neuk, memoria bakarrik ez —segitu zuen Maria M. Mullerrek, orain bareago, bere buruarentzako opari bat paperetan kontuz biltzen ari denaren airez—: beste gauza inportante bat ere galdu dut; galtzen ari naiz. Gaitasun inportante bat. Honezkero badakizu zer, ezta, M... Mara?