VII
Ze imajinazio gutxi
— Traste puta hau...
Walkmana berriro pilarik gabe.
Garuna entzungailuen bidez sorgortu ezinik, hotsak entzuten hasi zen Mara, Janus kanpoan lardaskan, Mariaren pauso-hotsak ondoko gelan.
Zoratuko zuten bien artean.
Gurpilak puztu, Janusen zehar-begiratuari ez ikusi egin, eta han abiatu zen itsasertzeko etxetik, ezin sinetsi lursail hartan zerbait bazebilenik azkenean, bere bizikleta bidean, bere hankak pedaletan. Bazebilen, aurrera behingoagatik, ez gelditasunera.
“Berez ez zen ezinegona, ezpada gizatiarretik ezer ez zuen tristura arraro bat, ez zekarrena ez ausardiarik ez esperantzarik. Horrela egoten dira abereak heriotzaren zain; horrela ikusten dute sarearen mailetan harrapatutako arrainek arrantzalearen itzala, behin eta berriz gainetik pasatzen”.
Marak Mariaren apaletan berriki aurkitutako Eleine Reminovskiren hitz haietan anbarturik zegoen itsasertzeko etxea Eva Grossen gutuna iritsi zenetik.
Maria eguerdira arte geratzen zen logelan itxita, inoiz baita arratsaldera arte ere. Jatekotan, desorduetan jaten zuen, Mararekin sukaldean ez topo egiteko segur aski. Egun batzuetan alerik probatu ez, eta beste batzuetan eltzekada osoak irentsi. Dorak behin eta berriz esaten zion jateko ganoraz, gaixotu egingo zela bestela, eta Mariak, orduan, begiak amildegi begiratzen zion, galdetuz bezala “Are gehiago gaixotu, esan nahi duzu?”. Gau batean, Marak ohetik entzun zuen hotsa; bainugelara joan, eta hantxe aurkitu zuen Maria, nola-hala komunzulora belaunikatuta, botaka eta botalarrian. Laguntzen saiatu zitzaion, baina, berriz ere, esku oraindik ahaltsu batez apartatu zuen Mariak.
Zeruak ostera ilun, Mariaren ikuskapenik gabe Janusen azkenaldiko baldartasuna sufritzen ari zen lorategia, kaos-muturrak han-hemen agerian arre-gorri-berdeen artean. Mantxa itsusi batzuk ere atera zitzaizkien hostoei, eta sator-zuloen ugaldura isilak zeharo areagotu zion Noeri paseora jabearekin ezin irteteagatik bestela ere bazeukan aztoramendua.
Egun batean, hogei urte lehenago dotorea izango zen traje bat soinean zeraman gizon maletatxodun bat azaldu zen etxera, eta, Mariarekin langelan itxita, Marak ate atzetik ez entzuteko bezain xuxurlaz aritu ziren biak luze.
Horrek are gehiago amorrarazi zuen Mara, buruan pentsamendu bera etengabe hozkaka: ia urtebete zeraman etxe hartan sartuta. Hanka egin behar zuen. Nora ez zekien, zeren hilabeteak ziren ikasle-egoitza utzia zuela, eta amarengana itzuliz gero, berriz, esandako gezur guztiak egiatu beharko zizkion eta unibertsitatea utzi zuela aitortu, eta haren histeria jasan, eta bere orduekin ez baizik bere bizitzarekin zer egin pentsatu. Gainera, amak ikasle-gela fantasma ordaintzeko oraindik ere sartzen zion dirua baino ez zeukan bankuan, eta Mariak bere “zerbitzuengatik” azkenaldian eskudirutan emandako lau sosak poltsikoan.
Horrek eta Dorak eragotzi zioten ihesa:
— Ez alde egin. Faborez —erantzuten zuen suharki eta urduri, Marak gaia hizpidera ekartzen zuen bakoitzean—. Denbora pixka bat baino ez din behar disgustua pasatzeko. Hik bitartean eutsi. Utz ezan bakean. Baina ez oso bakean ere.
Hanka biak txalupa banatan arraunean ibiltzea bezala.
Marak alde handiz nahiago izango zuen Mariak beste nolanahi zigortu balu.
Amorruarekin, izan ere, ikasia zuen zer egin, baina hura oso besterik zen. Ezin zuen asmatu nola ezkondu bere gogait estratosferikoa Mariaren tristura abisalarekin.
Herrira iritsi eta bizikleta farola baten kontra utzi zuenean, kalean jendetza zebilela iruditu zitzaion, nahiz eta herritar bakan batzuk baino ez zebiltzan. Begira geratu zitzaizkion batzuk, argi eta garbi pentsatuz “Hau zeinena da”, baina Mara arnasberritu egin zen kresal-haizeak jotzen ez zuen herri hartan, eta “Ez naiz inorena, ez naiz inorena, ez naiz inorena” mantra mentalaz erantzun zien.
Pilak erosi zituen, pila asko, eta besterik ezer ez, dirua eskuetan zikin. Hala ere, lasai luzatu zen dendetako apalei begira, beste erostunen pausajeari eta hizketaldi arinei adi, mundu bat hitzetik at hantxe, jende arrunt eta benetakoaren mundua.
Itzuli zenerako, arrasten ari zuen. Janus aspaldi joana izango zen. Irtenaldiak eta pedalkadek gogoberoturik, gelara lasai igo, walkmana pilaz pozik hornitu, eta eskaileretan behera joan zen berriz, Reminovski irakurri bitartean mokaduren bat jateko asmoz.
Sarrerako atearen ondotik pasatzean, ordea, paper bat ikusi zuen begi-ertzetik, Mariak behiala Gabonetako oparia gorde zion komodaren gainean. Eta bertan, Mariarena ez zen letra biribil batez, oharra:
“Hospitalean gauden. Hi gelditu hor, joango naun hire bila”.
Gau bakar bat ere erietxean eman ez izana: horra zer zeukan komunean jende-multzo nabar hark.
Denei herraz begira, lau begi: neska itsas begidun batenak bi eta neska katagorri-begidun batenak beste bi.
Bakardadearen Tenplua inoiz ez bezala gainezka, hirurogei bat lagun bai sukaldean, korridorean, langelan sakabanatuta, denak janean eta zurrutean eta berriketa lasaian. Eta, jendartean bakarturik, Mara Meleiro suminez bere kautan galdezka ea zer alde demontre zegoen bilkura haren eta Doraren Urteberriko festa pertxentaren artean.
Goizeko zeremoniako aurpegi tamalduak ederki etorriak ziren, bai, bere onera.
— Katua non dabil? —azaldu zitzaion Dora auskalo nondik.
Ez jakiteko keinua egin zion Marak.
— Gaur ez dinat ikusi. Ehizan ibiliko dun —Dorak bere buruari erantzun.
Orduan jabetu zen Mara Dinaren absentziaz, absentzia ezohikoaz, azken egunetan gain-gainean eduki baitzuten begira, sekula baino begirago, hala nola pare bat egun lehenago, Dora udaletxetik itzuli eta Marari kontatu zionean ez zutela baimenik errauts-ontzia jardinean lurperatzeko, ordenantza batek irmo debekatzen zuela baita lursail pribatuetan ere, eta intsumiso eginez gero arriskua ez zela izango isuna pagatu beharra bakarrik baizik eta udal-langileak pala eta guzti etorri eta Mariaren atsedena betiko asaldatzea.
Ordenantza, tramite, nomina, hitzarmen, errenta-aitorpen, hipoteka, isun eta halako hitzek zeharo zurtzen zuten Mara, kasik epitafio hitzak baino gehiago, eta harri eta sor geratu zen zer esan ezin asma, harik eta Dorak, noblezia- eta erabakitasun-bulkada batean, “pikutara ordenantza, itsasora botako ditinagu errautsak” esan zuen arte.
— Kostako zaien handik palarekin biltzea.
Maria behera, amildegitik itsasora bota: “zinematografikoa oso”, pentsatu zuen Marak, guztiz seguru Mariari txar mortala irudituko litzaiokeela azken hegaldi haren ideia. “Irudimentsua behintzat”, lasaitu zuen gero kontzientzia. Maria ez al zen, bada, bere harako esaldi ospetsu hura okitzeraino errepikatzen ibili ospitalean, aste batzuk inkontziente eman ondoren bere senera itzuli zenean:
— Ze imajinazio gutxi.
Alegia patuak, alegia patuak Mariarekin: imajinazio gutxi. Hainbeste lan, hainbeste neke bizimodu estraordinario baten alde, eta bat-batean zer-eta hantxe esnatu behar, erietxean, munduan zen destinorik ordinarioenean.
Dora, Mararentzat ezustean, nabarmen desagertu zen. Sudur parean gorotza jarri baliote bezala “Ospitaleak eta ni ez gaitun lagun-lagunak” esanez, ebatzi zuen taxista- eta mandatari-lana egingo zuela berak; edozer, baina “akuri-kaiola” hartara sartu ez, inondik ere ez. “Gainera, neurea bezalako popa galantik ez dun kabitzen hor”, erantsi zuen, Mariaren ohe ondoko besaulki deserosoaz mintzo.
Mara popa-estuak gauak eta egunak eman zituen, beraz, besaulkian lo-galduta, ondoan zuen gorputz geldoaren metamorfosiari sinesgaitz begira: hodituta hantxe Maria, ahoa erdi zabalik, betazalak antzigar, buru zerraldoan azal zurbila guneka bistan ile urdinaren artean, gaztaren urdina nola gaztaren horian. Ahitua zitzaion basaloreak erromero-alkoholetan ontzen utzita etxean egindako kolonia-ur sendo eta freskoaren arrasto oro, eta zeozer minagoa zerion orain, behar baino azkarrago aldatzen ari diren gauzen usaina, hala pentsatu zuen Marak.
Doraren jarraibideei kasu eginez, Marak burukoa harrotzen zion ahal bezala, eta ezpainetan ukendua eman hatz nagiaz, eta krema gorputz-adarretan hatz guztiez, bere buruaz higuinduta, dagoen lekuan egiten ari dena egiteko baimenik ez daukala badakienaren gaizkiletasunaz.
Halakoetan, ordea, zaputzak gainditzen zion berehala ezinegona, eta haserretzen saiatzen zen, Dorarekin Mararen abandonu ekinagatik, Mariarekin bere buruaren abandonu sorragatik. Nola egongo zen, bada, Maria M. Muller jainkosa ahaltsua hain horizontal eta hain zurrun eta hain isilik. “Mendeku ederra, Maria”, Marak bere artean behin eta berriz, ohartuta orain jada ez zuela ihesbiderik, kulpak besaulki demoniozko hartara itsatsita edukiko zuela ipurdia ultzeratzeraino.
Bisitaririk ez zen etortzen ia. Davidek, inoiz bai, goizean goiz gaueko lan-txandatik irtenda tabako-usainez betetzen zuen gela, eta bide batez aprobetxatzen zuen hango komunean ilea eta besapeak pixka bat garbitzeko. Gero, burua toallazko turbante batean bilduta ateratzen zenean bainugelatik, garai bateko pasadizoak kontatzen ibiltzen zitzaion Marari, Maria gogoz kontra gay eta lesbianen taberna klandestino batera eraman zuenekoa besteak beste.
— Hasieran, ez zela sartuko eta ez zela sartuko —Davidek Mariari samur begira, negar eta barre, Mariaren kremaz eskuak igurtziz—. Eta gero, berriz, ez zela irtengo…!
Moira ere ekarri zuten behin ilobek.
— Ai, Maria, gure Loti Ederra —Mariari esku hodituan amakiro musu emanez—. Sendatu behar duzu —eta lepoan bufanda zeramala orduantxe gogoratuta-edo, erantsi zuen—: Igual gutxi falta da Gabonetarako.
Beste egun batean, Mara aparkalekuan zela jeepeko leihatilatik Dorari partea ematen, autotxo zahar penagarriro marroi bat gelditu zen ondoan, eta hogeita hamar bat urteko neska ile-beltz itsas begidun bat atera zen barrutik.
— Sandra…! —Dorak sorpresaz, errezelo-puntta bat aho-ertzean.
Neskak hotz begiratu zion lehenik Dorari, sinesgaitz gero Marari, eta, buruaz agur-keinu behartu bat eginda, ospitalera sartu zen.
Mara gelara itzuli zenean, hantxe aurkitu zuen neska, Mariari begira-begira, eskuak ohe-alboetako heldulekuetan tinko, erauntsiak astindutako barku baten kareletik ez erortzeko ahaleginetan ari balitz bezala. Erizain bati galderak egiten ari zitzaion lehor samar, bisitari-galderak baino gehiago kasik mediku-galderak: “Pultsua nola du?”, “Zein da pronostikoa?”…
Erizain jazarriak alde egin zuenean, Marak bere lekura itzultzeko keinua egin zuen, baina arrotzak ez zuen apartatzeko imintziorik egin.
— Hemen geldituko naiz pixka batean —esan zuen Marari begiratu ere egin gabe, argi utziz ez zela baimen-eske ari.
— Nor zen hori? —Marak geroxeago jeepean galde.
— Hori? Sandra —Dorak tenk.
— Ze Sandra? —labur-findu zuen Marak buruan zeukan galdera puskaz zakarragoa.
— Stankov. Edo halako zerbait. Nik zer zekinat.
Marak garbi ulertu zuen Dorak, azkenaldiko Dora erretiratu hark, jada aterik irekitzen ez zion Dora hark ez zeukala asmorik gai hartaz hitz-erdirik esateko.
Baina Marari ezagunak zitzaizkion, nolabait ere, itsasoa irentsi izana ageri zuten bi begi haiek.
Armairuko argazki-albumean berraurkitu zituen biharamunean, arropak aldatzera itsasertzeko etxera itzuli zenean, “Sandraren agurra” argazki-oinaren gainean. Bai eta liburu-hegal batean ere, Mariaren liburutegiko S letran: Smirnoff, Sandra. Argitaletxea, Hitmann. Izenburua, Hitza egin zenidan eta kaio-zeru bat jaio zen gramofonoan. Hegaleko erretratuan, berriz, misil-begiak bai baina irribarre-erdi ezti ezezagun bat ere bai.
Liburua orriztatu zuen Marak, bukaeratik hasita. Poemak. Inoiz ibilia zen ale hura apaletik ateratzekotan, baina azkenean sekula ez zion amore eman tentaziotxoari, izenburu bere ustez kaskarrak uxatuta.
Orriztaketan liburuko lehen orri zurira heldu zenean, boligrafo urdin biziz idatzitako hitz batzuek salto egin zioten begira, koipe-txinpartak zartaginetik nola:
“Liburu hau, ezinbestean,
zuretzat da, zuregatik.
Ez nekien
ez nintzela
harik eta itsasertzeko etxe batean
gramofono baten habian
jaio nintzen arte.
Eternitatez,
sss”.
Herdoila ahoan, Mara ez zen ospitalera itzuli egun hartan. Gaixo-aitzakia jarri Dorari, eta langelako dibanean geratu zen goserik gabe, orain leihoko udazkenera begira, gero idazmahaiko biografia bukatu gabera, Dinaren katu-barre burlatia sumatuz hormaren beste aldean.
— Ez zeunden —eten zuen hurrengo goizean Mariak Mararen “Maria…!”, Mara oinak arrastaka ospitaleko gelara itzuli zenean—. Atzo. Esnatu nintzen, eta ez zeunden.
Gauza bera diferente berresaten eman zuen Mariak eguna, bikain atera arte etsitzen ez duen ikaslearen grinaz eta sufrimenduaz:
— Ez zen gaur. Jada ez nengoen lo, eta bakarrik nengoen. Bakar… bakar… bakarrik.
Hurrengo egunetan, lirismotik narraziora egin zuen, Moira han ez egon arren haren hizkuntzan nahi balu bezala:
— Eguerdia da. Makarrak ez dituzu kendu.
Eta handik egun batzuetara iritsi zen patuarekin ernegatzeko garaia:
— Ze imajinazio gutxi.
Petraldu egiten zen erizainek ospitaleko gelan pururik erre ezin zuela esaten ziotenean. Gero, tarteka, bat-batean esku ahuldu bat jaso eta masaila ukitzen zion Marari arrasetik, ez laztanez baizik deskubrimenduz; edo barre mingots bat egiten zuen, norbaitekin aspalditik hasitako xake-partida ziur galtzear zegoela ohartu berri balitz bezala.
Goiz batean, Marak amets egin zuen Maria itotzen zuela Sandra Smirnoffen liburu erditik irekia aurpegian estututa. Besaulkian bere lo txarretik esnatu zenean, begira-begira aurkitu zuen:
— Sagailo zaude.
Eta Mararen hondoraldian txanpa hartu balu bezala, hurrengo egunetan indartu egin zen Maria. Asko ez, baina jaten zuen, eta lasai lo egiten. Esku batekin Marari gogor helduta eta beste batekin erizain-laguntzaileari, pauso batzuk eman eta komuneraino ere iritsi zen, baldar baina irmo.
Eguerdi batean, Mariak Marari eskatu zion eros zezala jolaserako karta-sorta bat ospitaleko dendan:
— Pentsaketan aritzeak askotan tristatu izan nau, maitea; arian aritzeak, sekula ez.
Txerazko apelatibo harrigarriak muzin sorgorretik atera zuen une batez Mara, harik eta konturatu zen arte lepoa aurreratuta eta begiak diz-diz zain zeukala Maria, telebistako galde-erantzunen lehiaketa bateko aurkezlea balitz bezala.
— Ez dakit, Maria —erantzun zuen, galderari aurrea hartuta, asmakizunetan jolasteko batere gogorik gabe.
— Norena da esaldia?
— Ez dakidala, Maria.
— Jakingo ez duzu, ba. Duela gutxi leituarazi nizun…
— Ez dut gogoan.
— Masustak biltzen ibili ginen egun hartan.
— Masustarik ez dago jada, Maria. Ia negua da.
— Ez niri mariaka ibili, gero!
Baina ez zegoen haserre benetan.
— Elvira Gasbethena, jakin nahi baduzu —segitu zuen gogobeteta, izararen goialdea hobeto tolestuz; baina bat-batean, kopeta zimur—: Ez. Elisa Gasbethena —txistua irentsi zuen kostata—. Bueno, berdin dio; berdin dio nork zer. Etxera itzultzen garenean —ilusio-pinportak begietan—, biografia bukatuko dugu.
Marak alde egin nahi zuen munduaren beste muturrera, komun-zulotik sartu eta antipodetako komun batean azaldu.
— Isilik zaude. Ez protestarik, ez erreplikarik. Isil… isil… isilik.
Eta, handik ordu batzuetara, gauaren beltzean, jada argiak itzaliak zituztela, erdi lo xuxurlan gehitu zuen:
— Baina Mara eta Maria… badakizu non geundekeen, ezta?… entziklopedian bageunde.
Magnus begiak gorri-gorri irten zen komunetik, bere gorputz handi sendoaren barruko ume samurra oraindik ageri. Osabak, besoa altxatu, eta txerazkoa izan nahi bide zuen zartako-pare zakar bat eman zion sorbalda-hezurrean.
Orduantxe azaldu zen Dora auskalo nondik eta galdetu zion Marari harako hura:
— Katua non dabil?
Eta ez jakiteko keinua egin zion Marak, arreta osoz begira nola zebilen Sandra Smirnoff etxe guztian hara-hona, bere ospeltasuna nabarmentzen, hitza egin zionaren desagerketak jende hari guztiari eragiten ez zion xangrinaren bila-edo zoko guztietan.
Azkenean, aurkitu nahi zuen hura aurkitu ezta antza, inori agur esan gabe alde egin zuen itsasertzeko etxetik.
Kito katua, pentsatu zuen Marak, eta kito sss. Dena ez zen hain txarra.
Purutxo-usain bat hartu eta salto egin zion barrenak, segundo-erdiz sinetsirik guztiz esnatu aurretxoan garunak sinets ditzakeen zorakeria horietako bat.
Freyja zen purutxoaren jabea, beste eskuan kopa bat zeukala Marari doluminak ematera etorria:
— Ona zen.
Marak ez zekien Maria pertsonaz ari zen ala Maria idazleaz ala Maria ez zen zerbaitez, baina ez zion galdetu. Segidan Freyjaren esku bero ketsua sentitu zuen sorbaldan, eta entzun zuen nola gonbidatzen zuen haren ahots urratu sentsualak egunen batean argitaletxeko bulegora, “kafetxo bat hartu eta lasai hitz egiteko”.
— Horra sugegorria poz-pozik —Dorak berriz, auskalo nondik azalduta, Freyja nola urruntzen zen sutan begira—. Horrek poltsikoa berotuko din orain majo —eta segituan erantzun zion Mararen begiratu galdekorrari—: Hik badakin ze liburu-parrastada saltzen den idazle batek hezurrak uzten dituenean?
Sandraren performance dramatikoaren lekukoa hartuz-edo, Marak goiko solairura alde egin zuen, jendetzatik urrun, bere artean kexaka zer demontregatik ekarri behar zizkion orain gogora Doraren hizkera zakarpoetikoak Mariaren hezurrak eta goizeko hileta uherra.
Ekaitz motel bat atertu berri, zerua gris-hori makal, lagun min nekatuen autoek banan-banan zanpatu zituzten goiz hartan etxe inguruko belar luzeak. Lorategi lokaztuan bilduta, gehienak oinetako desegokiak jantzita, burua makur egon ziren denak entzuten nola errezitatzen zuen Joannak Mariaren poema bat, bere moteltasun antologikoan.
Gero, trakets bota zituzten errautsak itsasora, inork haize-kontra ere bai.
Elkarri begira geratu ziren guztiak ondoren, zeremonia nola bukatu asmatu ezinik, eta Davidek kantu triste bati ekin zion, masailak anpolai. Dorak segitu zion, malko mardulez, eta beste batzuek ere bai gero, leun eta grabe. Gehienek, salbu Sandra Smirnoffek, Mara Meleirok eta beste aurpegi serioren batek.
Horretan ere bukatu zutenean, isiltasuna atzera. Eta bat-batean Moirak, atsegin baina zurtu samar, bere gurpil-aulkian bigun:
— Oso ederki aritu zarete... baina ez diozue itxaron —ezker-eskuin begira—. Noiz dator, ba, Maria?
Esku eraztundu urduri bat beste eskuko eraztunak haztatu eta haztatu.
— Barkatuko didazu tika: Mariaren kontu honekin, azkenean erretzeari utzi diot berriz, eta…
Freyja Gustafssonen hitzak metaliko eta belusezko aditzen zituen Marak. Aire girotuak moketan errebotarazten zuen haizeagatik begiak lehor eta kliskati, itzal bat sumatzen zuen une oro buruaren inguruan, fantasma temoso bat balebilkio bezala esku ahaltsu batez ilea nahasten.
— Ez dago bukatuta. Ez zuen bukatu —murmurikatu zuen.
Zenbat eta denbora gehiago eman Freyjaren bulegoan, Marak orduan eta gehiago nahi zuen beltzezko indar armatu espezial batzuk indarrez sartu eta bahituta eraman zezaten, pelikuletan bezala.
— Mara. Lasai. Ondo egin zenuen biografia bidalita. Gustura irakurri dut, bukatu gabe egonda ere. Eta badakizu zer? Maria pozik legoke, seguru, bere bizitzaren legatu hau hain esku onetan dagoela jakinda. Zin degizut: ez dugu ez-egitekorik egingo.
Ezin Freyjari zuzenean begiratu, eta aterantz jiratu zuen Marak aurpegia. Ez zetozen, zergatik ez zetozen?
— Baina, egia esan, beste zerbaitengatik etorrarazi zaitut gaur hona. Mara —Freyjak, abisurik gabe, eskua jarri zion leun eskuan, eta Mara ia-ia erori zen aulkitik—. Hitzaurre hori.
Mararen arreta berriz bereganatua zuela segurtaturik, eskuari jaregin eta, aulkiaren bizkarrean bermatuta, besoak zabaldu zituen Kristo erredentore baten moldean.
— Harribitxi bat… harribitxi hutsa! Maria, gure Maria ikusten eta entzuten nuen lerro bakoitzean. Haren aldarteak, haren hizkera... eta, gehien harritu nauena, haren idazkera ere bai —besoak beheratu, eta hatzak lotu zituen mahai gainean—. Mara Meleiro, ez nenbilen oker: zu zara haren benetako dizipulua. Haren muinari heldu diozu, akainak larruari nola. Nabari da, nabari denez, inork ez duela Maria bere zahartzaroan ezagutu zuk ezagutu duzun bezala.
“Sandra Smirnoffen berririk ez?” pentsa-marmartu zuen Marak; “Dora Casiusen berririk ez?”.
Baina ez zuen barrenik izan, noski, Freyja Gustafssonen entusiasmo kizkurretarainokoa itzaltzeko.
— Bai, nabari da koipea emateko idatzia dagoela pixka bat. Baina hori konpongarria da, konpongarria. Interesgarriena begirada da, eta ahotsa. Detaileak. Etxearen baitatik idatzia dago, ulertzen? Etxeak hitz egingo balu bezala. Ez nuen halakorik sentitzen idazle batekin, ba… igual Maria deskubritu nuenetik. Behatzaile eta idazle bikaina zara, Mara, bikaina —Mara gorritu egingo zen, gorritzen diren horietakoa izan balitz—. Eta ez dizut gezurrik esango: bihotza astoa bezala taupaka hasi zait gordeta edukiko dituzun gainerako oharretan pentsatze hutsarekin…
— Gustafsson andrea, pentsatzen ibili naiz egunotan, eta ez nuen eskubiderik Mariaren paper horiek inoren esku uzteko. Beroaldi bat izan zen —eten zion halako batean Marak—. Baina liburu hori ez da nirea. Ni zati baten transkribatzailea baino ez naiz izan. Eta Mariak... Mariak esan zidanez, beste argitaletxe batekin argitaratu nahiago zuen berak. Desadostasun batzuk tarteko.
Freyjari apetituz piztu zitzaion begitartea, lehoia belar artean gazelari begira, eta, ahotsa grabetuta, gorputza Mararengana hurbildu eta esan zion, konfidente:
— Ez didazu ulertu, Mara. Umiltasunak itsutzen zaitu —Marak ez zuen sekula ikusi Freyjaren begiak bezain gauza ilun bat hain argi distiratzen—. Oraintxe ez daukat buruan Mariaren autobiografia. Maria M. Mullerren kontuak Maria M. Mullerrek berak kontatuak… ados, ondo: maiztu samarra honezkero, baina ondo —eta oraingoan ozenago—: Zure hitzaurrea, berriz… ufa —burua astindu zuen segidan, txori ez oso bete bati hegan nola egin esplikatzear balego bezala—. Ez zara jabetzen, Mara, zer den lilura ni bezalako norbaitentzat, nik bezala kilometroak eta kilometroak irakurri dituen norbaitentzat. Nik akats asko ditut, asko-asko-asko, amoranteek gogorarazten dizkidate egunero, baina gauza bat daukat ona: sena. Huts egin didala dirudienean ere ez dit huts egiten, ezta behin ere. Eta senak, aditu ondo, bi hitz esaten dizkit oraintxe. Ez Maria Muller, ez. Senak oraintxe argi eta garbi diost: Mara Meleiro.