Erreplika
Erreplika
2026, nobela
216 orrialde
978-84-19570-64-2
Azala: Xabier Gantzarain
Maialen Berasategi Catalán
1989, Gasteiz
 
 

 

III
Errautsaren partez arrautza

 

 

 

Bizpahiru urte lehenago, bi aldiz zorabiatu zen Maria, etxean bakarrik zegoela. Lehenengoan arriskurik ez, ohean irakurtzen ari zela gertatu baitzitzaion, baina bigarrenean, bigarrenean idazmakinaren gainera erori zitzaion burua, danba, eta min hartu zuen kopetan, paper-arrabolaren kontra, eta sudurrean, C letraren kontra, eta min are handiagoa ezkerreko begian, W letraren kontra. Aberia egin zion sarde-letra madarikatuak.

 

“Zorionez, hospitaleko garuneko probak ondo atera ziren. Eta, mamuak mamu, arindua hartuta itzuli nintzen itsasertzeko etxera. Eta orduan kont”.

 

      Horraino Doraren azken transkripzioa.

      Mariak Marari kontatu zion, ahoa oker (segur aski Doraren matxinada gogoan), nahitaezkoa iruditzen zitzaiola bere autobiografia zorabioen aferatik hastea, gertakari kritikoa izan baitzen, bere bizitzako esnaldi inportanteenetako bat, bakardadearen deiaren parekoa.

      — Segaduna gertutxo ikusi nuen, eta… Ez jarri txunditu aurpegi hori, Melei… Mara. Ez naiz zozoa, badakit hilko naizela —desenkusatu zen, Mararen bekain goratuak ikustean—. Baina ordura arte, ideia zen bakarrik lo egitea, bakarrik jatea, bakarrik paseatzea eta gogoetatzea, entenditzen didazu? Plana zen bakarrik idaztea, jardina eta denbora bakarrik gobernatzea. Bakarrik, baina bizitzea. Nire buruko imajinetan, ez zen azaltzen bakarrik hiltzea —oso konbentzigarri sentitu ez nonbait, eta eraso klasikoari ekin zion—: Zeuk ere badakizu hilko zarela. Baina horren jabe al zara? Ez da gauza bera jakitea eta jabetzea. Edade batera ezkero, jabetu beharra dago irauteko baino pentsatuago gaudela hiltzeko. Amak kaskatxo bat joko lidake garondoan oraintxe adituko balit, baina ama zer dago? Zeruan? Ez. Hilda —trago bat kafe hartu zuen idazmahaiko kikaratik—. Ez da samurra izan. Baina, esan gabe doa, azkenerako bakeak egin ditut heriotzarekin.

      Okerrago zeraman, hala zioen, begiarena. Ia ikusmenik gabe utzia zion sarde-letra demonioak ezkerreko begia, eta eskuinekotik ere ez omen zuen jada batere ondo ikusten, edadearen, “galtzearen” ajeak. Betaurrekoek ezin miraririk egin.

      Ez zen, gainera, argia lausotzea bakarrik, udazkeneko koloreak histuta begietsi beharra: sakonari ezin antzematea ere bazen. “Ez jakitea gauzen hondoa non den”. Hori gutxi ez, eta letrak “zopatan bezala” nahasten omen zitzaizkion. Bazekien begiratu gabe mekanografiatzen, baina, hala ere, ezin teklak xuxen jo:

      — Begia bakarrik ez, zerebroa ere hondatu balitzait bezala. Eta hasten naiz, eta aritu-ren partez aditu idazten dut, eta errautsa-ren partez arrautza. “Eta itsasora bota genituen aitaren arrautzak”! Ño, poesia!

      Mukurua, ordea, topikoa bera iruditzen zitzaion:

      — Konpositore gorra! Eskultore besamotza! Idazle itsua! Jenio oso errekonozitua izan beharra dago topiko horretatik salbu irteteko. Bestela, hil, eta jendeak xehekeria hori besterik ez du gogoan hartzen.

      Susmo gotorra zeukan, Marari hala iruditu zitzaion behintzat, bera ez zela izango jenio errekonozitu haietako bat, bera ez zela salbu irtengo. Zer, eta bizi guztian idazkuntzari emana bizi eta gero.

      — Uste nuen patuak imajinazio handiagoa izango zuela nirekin —errepikatzen zuen.

      Pairakortasunak arintzen zion pixka bat dezepzioa, eta “bizitzeko moduko bizimodu bat” eduki zuela jakiteak (“Gauza bera esan al dezakezu zuk?”). Baita bere jakintza literario, filosofiko eta, zergatik ez, mitologikoak ere.

      — Tiresiasen ondorengoa naiz ni. Egia esateagatik jainkoek itsumenera zigortua, egia esateagatik jainkoek berek iragarmen zoli batez saritua.

      Mara eskuak prest zegoen idazmakinaren aurrean, Dorak etenda utzitako sokari helduta. Baina abartsu zebilen Maria, mamiari inguru-minguru, Mararen begiei orain bat-batean ihes eginez.

      — Tiresias, emakume ere izan zen gizon hura —Mariak pentsakor, ahoa ke—. Nekez entendituko du gizadia bizitzan gizon-pausoz baino ibili ez denak. Eta alderantziz. Nik txiki-txikitatik izan dut, zera, halako gizon-bulkada bat. Aitak viragotxo esaten zidan batzuetan, tximinoa bezala arbolara igota harrapatzen ninduenean, edo bere liburukoteren bat leitzen, hanka motxak besaulkitik zintzilik. Nik ez nekien hitz hark zer esan nahi zuen, baina egun batean entziklopedian begiratu nuen. Eta gustatu. Amak demanda egiten zidan ilea adaxkaz endredatuta etxeratzen nintzenean, baina aitak igual esango zidan: “Nondik atera ote dun kemen hori, eguzki amandrea bera ere ernalduko huke utziz gero! Baina kontuz, viragotxo, kontuz erre gabe”. Orduan amak aitari egiten zion demanda, ez esateko halakorik umeari, banuela lehendik ere nahikoa fantasia, eta istorio aldrebes demontreak sartuko zizkidala kaskoan. Gizon despistatua zen aita, hitzekin asto samarra akademikoa izateko, baina… bazekien zerbait. Eta ez hark bakarrik. Izan da gerora ere nire bulkada horren beste testigurik, eta onuradunik —lipar batez begiratu zion Marari, eta gero berriz ihes—. Bulkada horrek eraman nau bestela zoratuta ere iritsiko ez nintzen lekuetara. Eta eskuetara —Marak eskuetara begiratu zion—. Bulkada horrek bultzatu ninduen gazte-gazterik gurasoen gerizpetik alde egitera. Antzezlea izan nahi nuen, entenditzen? Idazlea, igarlea, alpinista, dantzaria, abenturazalea, jakintsua. Den-dena. Eta bulkada horrek eutsarazi dit hemen, letretan, letra-jendeak egin dizkidan ez-egiteko guztiak eginda ere. Gizon-bulkada horrek sinistarazi dit, besteak beste, merezi duela, merezi dudala nire istorioa kontatzea.

      Marak bero-bero zituen masailak, belarriak zut, begiak urtsu Mariari so. Kosta egiten zitzaion Maria M. Muller umetxo imajinatzea, aitaren sorbalda gainean igota agian, pururik erre gabe eta ume-bozez kantari, jainkosak jainkosa baitira, diren-direnean sortuak, haurtzaroa den zera ordinario eta lurtar horretatik pasatu beharrik gabeak. Ez zitzaion, ordea, hainbeste kostatzen Maria M. Muller gazterik irudikatzea, “den-dena” izan nahi zuen neska hura, esku ahaltsuko gazte lerden bat, beharbada Mararen beraren adinekoa, biziari banpiroki jarraika.

      — Baina tira, orain bai: prest —atera zuen Mariak ametsalditik.

      Eta diktatzen hasi zen.

      Orduantxe ulertu zuen Marak Mariaren harako ustezko fanfarroikeriatxo hura, idazten ari ez zenean ere idazten ari zelakoa: buruz zekien dena. Buruan zeuzkan ez ideia orokorrak, bai esaldi zehatzak. Zer adberbio, zer lokailu. Komak noiz (“komak denbora dira”) eta puntuak non (“puntuak lekua”). Puntu eta komarik ez; ez baitzuen batere erabiltzeko asmorik (“nire memoriek fermuak eta lirainak behar dute, nire bizitza bezalakoxeak: ez dut nahi erdibideko mengelkeriarik”).

      Mariak ez zuen ahots goran esan, baina nabarmen igarri zitzaion ez zuela poz makala hartu konturatzean Marak bizkor mekanografiatzen zuela, inork aldiro ortografia-arauak gogorarazi beharrik gabe, eta, batez ere, ahots gidariak zioena batere eten eta zalantzan jarri gabe.

 

“Zorionez, hospitaleko garuneko probak ondo atera ziren. Eta, mamuak mamu, arindua hartuta itzuli nintzen itsasertzeko etxera. Orduan konturatu nintzen ez ninduela izutzen hiltzeak.

Izu primigenioa, izuen izua gainditzen denean, gainerako beldurtxoak berez-berez desegiten dira. Libertaterako beste biderik ez da.

Gogortu ez, indartu egin didate barrena urteen latzak eta beroak. Noiz, eta giharrak ihartzen hasi zaizkidan honetan.

Orain hobeto egiten dut lo. Neuretu dut haurren eta jende bizkorraren dohain hori.

Orain ia egunero akordatzen naiz Aubrey Goldek esandako hartaz: ‘Boteretsua izatera ausartzen naizenean, (…) gero eta garrantzi gutxiago du beldurtuta nagoen edo ez’”.

 

 

 

Arropa esekitzeko lana berari egitea gustatzen zitzaion; esaten zuen Dorak ez zeukala ez pazientziarik eta ez eskurik, eta hari utziz gero “mahaspasa bezala” geratzen zirela jantzi denak.

      Goiz batean, oso goiz, izarak zintzilikatzen zebilen beraz Maria portxean, arretaz neurtuz oihala nondik tolestu, nola eta noraino zabaldu, libre haizatu zedin baina ez etxearen fatxada ukitu eta harekin zikintzeko beste. Mara ohi baino lehenago esnatu zen egun hartan, eta, eskaileretan kuzkurtuta, korridoreko leiho batean zehar begira geratu zitzaion errituari, hipnotizaturik. Amaz gogoratu zen, burura etorri baitzitzaion nola hedatzen zuen arropa hark, nolanahi, galtzerdiak paregabetuta eta barrukoz kanpora, praka pare bat barrenetatik eta beste pare bat gerritik, pintza-kolore guztiak nahastuta. Noaz ere gogoratu zen: hark pintzarik gabe erdi zabaltzen zuen arropa, gelan jarritako esekitoki tolesgarri badaezpadako batean, eta sekula ez zuen itxaroten arropa guztiz lehortu arte.

      Garai batean, Marak animaliak ikusten zituen arropa eseki bihurrituen soslaietan; orain, arropa besterik ez zuen ikusten.

      — Imajinazio pixka bat, arren. Agure bati buruzko istorio bat idatzi, eta istorioa ez da, ba, bukatuko agurearen hiletarekin…!

      Mariak halaxe eman zion lezio literarioa egun batean, matxino-bozez, Marak kontatu zionean buruan zuela nobela bat idaztea kale-txakur bat etxean hartu eta bizitza aldatzen zaion emakume marmarti bati buruzkoa, andre bat lur jota geratuko zena txakurra hiltzean baina galera horri esker erabakiko zuena bere bizi tristea berregitea.

      Langarra hasi zuen Mariak arropa zabaltzen bukatu orduko, eta itsas haizeak ufadaka ekarri zituen portxe barruraino tantatxoak. Zorua eta fatxada, ordea, Mariak azken izara eseki zuen lekutik hazbete batzuetaraino baizik ez ziren busti.

      Kalkuluak ondo egin izanaren satisfazioan argiki, Maria lorategiari so geratu zen, eskuak gerrian. Handik puska batera, lepoa jiratu, eta atzera begiratu zuen, etxearen goiko solairura lehenik eta behekora gero.

      Marak burua makurtu zuen, Mariak harrapa ez zezan.

      Eta, bat-batean, txundituta begiztatu zuen nola Maria M. Mullerren burua leihotxotik behera desagertzen zen, poliki baina irmo. Jaiki egin zen hobeto ikusteko, baina ezer ez. Xisterako untxiarena lehen aldiz egin dioten umearen sorpresaz, leihotxora hurbildu eta, orduan bai, Maria ikusi zuen portxeko lur bustian eskaileren ondoan kontuz esertzen eta gero etzaten, hanka bat oker eta besoak zabal.

      Marak tripa-zorri bat entzun zuen, berea, eta sukaldeko atea sumatu zuen garondoan deika, baina, pixka bat hausnartu ondoren, Mariaren egunerokoetako batean gogoz azpimarratua zuen esaldi batez oroituta (“Idazleak ase-mina baino handiagoa behar du jakin-mina”), lehentasunak berrordenatu eta sarrerako atea ireki zuen azkenean.

      — Maria…! —Marak.

      — Mara…! —Mariak.

      — Zer duzu…? —gorputz horizontalera hurbildu eta ondoan belaunikatuz.

      — Irrist egin dut.

      Gonbidatuen gelara joan zitzaion gogoa Marari. Egun batzuk lehenago, estufa zaharraren beroa nahikoa ez eta armairuko ate astunak ireki zituenean jertse lodiagoren baten bila, zerbait ezohikoa sumatu zuen behealdeko zoko batean. Bi kubo egoten ziren han normalean, bata bestearen barruan, euria oso gogotik egiten zuenean itoginak izaten baitziren, zurrusta bat leiho ondoan eta beste bat oheburutik arriskugarriro gertu, eta Mariak egunkari-orri zahar batzuk ere gordetzen zituen kuboen ondoan, zurezko zorua babesteko. Egun hartan, nahasita-edo sumatu zituen Marak orriak, eta begiratu bat eman zien: Libertatearen Kazeta zen. Gogoratu zen Noak Libertatearen Kasketa esaten ziola: “Gizontxo zakilzahar asko-jakinak negarrez, beren garaia aspaldi joan delako”. Enpresa publiko bat pribatizatu zutelako albiste triunfal bat ikusi zuen orri batean, eta beste batean, berriz, zinema- eta literatura-kritikak, baina ez zuen sakonago irakurri, ohartu baitzen orrien artean bazegoela beste zerbait mardulagoa: argazki-album bat.

      “Aitatxo eta amatxo” zioen zuri-beltzeko erretratu batean, bi gizon-emakume edadetu samar ageri ziren, gizona gurpil-aulkian irribarre samurrez eta andrea argazkilariari zuzen begira, ia-ia argazkitik ateratzerainoko begi ilun zorrotzez. Zuri-beltzeko beste batean, “Moira eta biok antzarak ferratzen” oina idatzita zeukanean, bi emakume gazte irribarretsu eta animalia-etxalde bat agertoki. “Helena” zioen batean, sepia-kolorez, emakume beltzaran eder bat eta gizon alai lodikote bat sukalde batean, elkarri bizkarretik helduta, oihuka edo kantari. Eta bukaera-bukaerako batean, koloretan, “Sandraren agurra” argazki-oinaren buru, begi urdin ilun biziko neska baten lehen planoa, espresioa gogor.

      “Nola sar daiteke halako musa-album bat egunkari zaharrekin batera deskuiduan armairuan”, Marak bere kautan, oso sen zoliz.

      Logikaz, hasieran Mariaren begi zaurituei egotzi zien istripua.

      “Baina album batek pisua du, eta begiak bai, baina eskuak ez ditu batere zaurituak…”, buruak erantzun.

      Bi ordu eman zituen gau hartan argazkiei begira.

      Biharamunean ez zion aurkikuntzaren berri eman Mariari.

      Ez-esanak eta ezariak ez zuten etenik, ezin zuten izan.

      — Min hartuko zenuen —erantzun zion, beraz, azkenean Mariari, besotik heldu eta portxeko lurretik jaikitzen lagunduz.

 

 

 

Gurasoak ez zitzaizkion erbesteratu. Amak nahi zuen, ez baitzeukan ahazteko aurreko gerraren kalamitatea, baina:

      — Baina aitak ezetz, hemen lur honetan moztua ziotela hanka bat eta hartara ezkero ez zuela bestea inora eramango —diktatzen ari zen Maria—. Ez zuen borroka-zelaian galdu hanka. Tronbo bat izan zuen, gehiegi jateagatik eta erretzeagatik, eta moztu egin behar izan zioten. Horren ondoren ere “Beste saltxitxatxoren bat ez ote da gelditu zartaginean niretzat…?” galdetzen zuen noiznahi, pikaro. “Muttur batekin nahikoa…”. Artista, gure aita, bere moduan —irribarre malenkoniatsuz—. Eta ni ere bai, nire moduan.

      Marak baiezkoa egin zuen buruaz, teklak kontzentraturik jo bitartean.

      — Baina ni oso goiz konturatu nintzen hemen ezingo nintzela benetako artista izan sekula —Mariak segi—. Horregatik, gerra piztu zenerako, bizpahiru urte neramatzan herrialdetik alde eginda. Han atzerrian salbu nintzen ustez, baina gorriak ikusi nituen nik ere. Antzokian ozta-ozta ateratzen genuen funtzioen gastuetarako lain, eta, gerrarekin, gurasoen laguntzatxoa jasotzeari ere utzi nion. Ikuslerik ez genuen falta, baina… beti diodan bezala: ofizio honetan, gosea aiseago asea baino —irribarreño bat egin zuen, atseginduta-edo, baina segituan belztu zitzaion kopeta—. Errentan hartuta neukan gela ezin ordaindu geratu nintzen. 20-21 urte, eta kale gorrian, goian zerua eta behean lurra. Zorionez, banuen lagunik. Ordukoak bai benetako lagunak —sabaira joan zitzaizkion begiak—. Helenak hartu ninduen etxean. Gure teatro-irakasle eta -zuzendaria zen Helena, eta udan labezomorroz betetzen zen pospolo-kaxa batean bizi zen, nobio potzolo batekin, baina lekutxo bat egin zidan hala ere sofan eta mahaian. Bigarren ama bat, horixe izan zen niretzat. Zeren ni, praktikan, umezurtz bainengoen han —isilune luzexka bat—. Eta orain esan behar dizudana ez idatzi, Mara —Marak teklei utzi zien—, baina iruditzen zait gaur egun oso diferentea dela. Zuek, milurteko-bukaerako gazteak —Mara zira mentala jantzita geratu zen beste behin kolpearen zain— mainatuxeak zaudete. Ez dut esaten hori ezinbestean okerragoa denik. Nik neuk gustura hartuko nuen gurasoek eta munduak kasu gehixeago egitea... Gu, ikusitakoak ikusita, ez uzkurrago, baina zapalduago hazi ginen, eta horrexegatik igual itxaropentsuago. Zuek, berriz, beti haserre, baduzue modua zuen kopeta beltz horrekin esperantzaz begiratzeko datorren milurtekoari, benetako gerra eta eskasia zer den ez dakizue eta. Baina ez zarete gu bezain libreak. Zuri gurasoek ez lizukete txoratuta ere utziko hain gazterik beste herrialde batera alde egiten, ezta?

      “Asteak dira amak uste duen tokian ez nagoela, eta ez da konturatu ere egin”, pentsatu zuen Marak, baina, horren ordez, esan zuen:

      — Amak? Ez dakit. Gure herritik gertuen dagoen unibertsitatera joatekoa nintzen ni, etxean geratu eta lolekurik-eta pagatu behar ez izateko, baina amak dezente insistitu zidan hiriburuko unibertsitatera joan nendin ikastera.

      Marak onberatasunarekin nahastu zuen irribarre kondeszendente bat atera zitzaion Mariari, dibertiturik.

      — Eta zergatik hori, zure ustez?

      Egia esan, bitxia zen, bai, zeren amak nahikotxo diru aurreztuko baitzuen berez alabaren lehen hautua onartu izatera:

      — Auskalo —bizkarrak jaso zituen Marak, betidanik eta munduan gazterik dagoen arte gazteek egingo duten axolagabetasun-keinu unibertsala erreplikatuz—. Unibertsitate hau askoz hobea da, baina, bestalde, amari bost axola zaizkio izen onak eta halakoak. Berak ez du ikasketarik.

      — Eta aitak zer dio? —Mariak iltze zeuzkan begiak bere bizikidearengan.

      — Aitak ez dio ezer.

      Pentsakor, ardo-kopatik zurrutadatxo bat eginda, Mariak galdera ez-erretoriko bat egin zuen galdera erretorikoak egiten diren doinuan:

      — Aita absente horietako bat.

      — Emaitza gisa, bai. Baina ofizioz, alkoholikoa. Eta ludopata, aisialdian.

      Marak desafio-itzal etsi batez begiratu zion Mariari, flekilloa begietan, bere grunge-kantari faboritoa imitatuz. Maria aulkiaren bizkarrean bermatu zen, kopa mahaian utzita, eta kokotsa jaso zuen, Marari goragotik begiratuz.

      — Aspaldi ez da gurekin bizi, ez dakit non dagoen —segitu zuen Marak, Mariaren arreta kontzentratuagatik harriturik eta laketurik—. Amak etxetik bota zuen.

      — Hara. Zenbat aldiz?

      — Sei. Azkenekoan, betiko.

      — Eta?

      — Eta? Zer?

      — Ea zer den hori zuretzat: aita mozkor jokozale hori, eta aitzakia onargarri batekin etxetik bota zaituen ama hori, eta zure abstemiotasun hertsi baina bestalde ulergarria, eta jendearekin erlazionatzeko duzun ezintasun patologikoa, eta ezintasun hori ezkutatzeko asmatu duzun bakarzaletasun poetikoa. Hori dena.

      — Ba, poema asko idatzi nituen bere garaian aitari buruz. Baina —desafioari eusten gogotik saiatu zen Mara— orain jada berdin zait.

      — Berdin zaizu.

      — Txarrak ziren. Poemak. Eta gainditu dut. Aitarena. Beste gauza batzuez idatzi nahiago, bizitzen ez dakien gizon bati bueltaka denbora galdu baino.

      Pausaldia, eta:

      — Ulertzekoa.

      Marak, noski, ez zuen jakin erantzuna ironikoa zen, ala zintzoa, ala hitz beste egiteko eten-esaldi bat.

      — Gure aitaren lagunik minena arkeologoa zen —ekin zion Mariak, Mararen bizitzaren inguruan jada aski hitz egin zutela ebatzita nonbait—. Pierre Pallottino. Asko maite ninduen, eta nik ere bai bera. Ezaguna egingo zaizu agian —Marak buruaz ezetz, eta Mariak zirkin bat etenez erdi ezkutatu zuen dezepzioa—. Ba, arkeologiak bizi zuen, zeharo. Hainbeste, ze sekula ez baitzen ezkondu, eta aldamenekorik ere ez zitzaion inoiz ezagutu. Aitak, pixka bat txispatzen zenean, barrez esaten zuen Pierre ergeltxo horrek nahiago zuela eskeleto-puska bati eskua sartu, hezur-haragizko emakume bati baino. Eta —irribarre mingots bat— ez zebilen oker. Zeren aitak, nik uste, ez zuen sekula jakin bere Pierre estimatua maritxu totala zela, eta segur aski gazte-gaztetatik egon zela nire aitaz enamoratuta —beste zurrutadatxo bat—. Esan nahi dudana da ni oraintxe erdi itsu nagoen bezala besteak ere halaxe egoten direla, begiak sano edukita ere. Zure aitak bere itsumen partikularra du. Eta zuk beste bat, zeurea.

      Marari zeharo hustua zitzaion erantzunen puxika, Pierre Pallottino arkeologo bipila imajinatzen lanpetuegi.

      — Pierre beti kexatzen zen aurkikuntza handirik ezean arkeologia ez zelako sekula ateratzen periodikoetan. “Ezurteetan ere aitatuko balute…”, esaten zuen, eta txantxetan titularrak asmatzen hasi: “Gaur ez dute ezertxo ere aurkitu Pallottinoren indusketan. Gaur ere ez. Eta, hara!, ezta gaur ere, harritzekoa”. Esaten zuen horrela konturatuko zela benetan jendea nolako tema behar den, nolako asperrari eta desesperantzari aurre egin behar zaion ezer baliozkorik aurkitzerako —Mariak argitsu zituen begiak—. Behin, umea nintzela, zirrarak jota azaldu zitzaigun etxean Pierre. Auskalo noizko buztinezko ontzi baten pusketak aurkituak zituztela kobazulo batean, eta zatiak bat zetozela: elkarrekin, nola zen?, ahokatzen zirela. Ontzia erori, puskatu, eta puskatu bezalaxe hantxe utzia omen zuten milaka urte lehenagoko gizakiek. Pierreren taldeak berregin zuen ontzia, partez, % 30-edo igual, eta, zati hari begiratuta, asmatzeko % 98ko probabilitatearekin osa omen zezaketen ontzi guztiaren erreplika, ontzia pieza bakarra zenekoa eta ez berrogeita sei.

      Maria ederki ohartu bide zen Marak beste behin ez zuela batere ulertzen nora zihoan elkarrizketa, eta are gogobeteago jarraitu zuen:

      — Ez al zara konturatzen? —begiak oraindik ñir-ñir—. Ez da hain diferentea arkeologoen lana eta gurea.

      — Gurea…?

      — Idazleona.

      Anbiguotasuna bertute egiteko zeukan gaitasun txundigarrian, Mara pozikegi jarri zen pentsatuta Mariak agian gu horretan sartua zuela bera ere, eta barnean goxo bildu zuen pentsamendu hura, Pierre Pallottinok zeramika-puskak bilduko zituen bezain txeratsu.

 

 

 

Konplizeak asmo txarrekoak daude, eta txintxoak; arriskutsuak, eta esanekoak; bake-emaileak, eta liskarzaleak; hotz urrunak, eta mamu pertsegitzaileak.

      Mara ez zen bakar bat ere, eta guzti-guztiak zen.

      Bapo jan eta bapo lo egin, ez zebilen, bitartean, oso aparte beti amets izan zuen bizimodu kontenplatibotik. Oharrak hartu eta hartu, dena biltzen zuen bere konplize-jarleku erosotik begira, Maria M. Mullerren aura jainkotiarretik hasi eta Mariaren irrits tragikoetaraino.

      Konplizetasuna, ordea, txirikorda bat da: konplizeak konplizeak egiten ditu usterik gutxienean.

      Maria hizketarako eta diktaketarako aldarterik gabe zegoen goiz batean, berez eskaria zen eskaintza bat egin zion Marak Janusi: ea lagunduko zion lorategian “zerbait egiten”.

      Hasieran, ezin ulertuta begiratu zion gauza lurrekoen zaindari nobleak, zerbait hitzaren zabalegiak nahasita, nabarmen. Azkenean, baina, onartu zuen proposamena, kaktus batekin masaje bat ematea eskaini izan baliote adinako entusiasmoz.

      Neskamotzari horixe baino dohain jasoagorik sumatu ez nonbait, eta misio soil bat jarri zion: belar txarrak kentzea jardinaren ekialdean. Ohartarazpena bakarra zen:

      — Horko asuna kentzeko, guanteak, eta erro-errotik tira.

      Handiak gelditzen zitzaizkion eskularruak Marari, txipiroi-buru huts bat hatz-punta bakoitzean. Baina gogo onez ekin zion, zirimiritan. Erro-errotik.

      Ez zen hain lan zaila, pentsatu zuen. Eta tirakada bakoitza garrasi mutu bat zen, askatzailea.

      Bukatu zuenean, gogobeteta, lanaren emaitza erakutsi zion Janusi.

      Lorezainak hontz-begiz begiratu zion landare erauzien metari, gorpu-saldo bati so bezala, eta euritarako txano xelebrera igo zitzaizkion eskuak, txotxongilo.

      — Zer duk hau —marmarkatu zion Marari ez baizik bere buruari.

      — Asunak...

      — Asuna ez...! —oraingoan Marari.

      — Asuna ez?!

      — Asun borta! Asun borta kendu dun! Aaaaiii... Mariak jakiten badu...!

      Kirioak dantzan, Marak entziklopediara jo zuen lehen-lehenik. Eta: izenez ia berdin, izatez ezberdin. Asun borta edo Lamium maculatum delakoak, asun arruntaz bestera, ez omen zuen erretzen, eta lorea ematen omen zuen, more-arrosaxka: zuri-beltzeko argazkitik antzeman zitekeenez, eder askoa.

      Marak edertasuna abortatu berri zuen, beraz, Maria M. Mullerren lorategi sakratuan.

      Barnea lurrikara.

      Hurrengo gauetan, amesgaiztoa besterik ez zuen izan. Behin, amets egin zuen goizean minez esnatu eta Dina katua ikusten zuela hantxe, ur-ohearen ondoan, berari eskuineko eskuko hatzak jaten. Beste batean, Dorak pikuak ekartzen zituen etxera, Mariarentzat espresuki, baina Marak jaten zituen denak, tentazioari ezin eutsi, eta Mariak hantxe harrapatzen zuen, ahoa fruitu guri gozoz beteta. Beste amets-gau batean, ama azaldu zitzaion Mariaren portxean, eta kargu hartu zion esanez Marak oraindik ez ziola bidali baratzeko arbien kargamentua, eta horrela ezin zuela aita bazkatu, eta aita bazkatu ezin bazuen ezingo zuela gero harekin txuleta goxorik egin.

      Gero eta gehiago, ordea, Janus zaharra agertzen zitzaion ametsetan, ate-zirrikituetatik edota etxeko zoko itzaltsuren batetik zelatan. Behin, lorezain-jantziz ez baizik toga beltzez ere azaldu zitzaion, inausteko guraizeak eskuan.

      Beste gau larri haietako batean, berriz, Maria agertu zitzaion, oniriko. Mara ohean zela logelako atean azaldu, eta xuxurlatu zion:

      — Esan gabe doa, baina: badakit zu izan zarela.

 

 

 

Itsasertzeko etxea, poinsetia-egunak

 

Helena maitea:

Badoala, eta badatorrela. Beste gutun bat, beste urte bat, berria ustez.

Izan ote daiteke berria urte bat guretzat, erlamandoak loreari nola Eguzkiari hainbeste jira egin dizkiogunontzat?

Zuri urteroko eguberri-gutun hau idazten hasi aurretik, begiratu bat eman diot iaz bidali zenidan erantzunari. Eskuz idatzi zenidan orduan ere, eta poztu naiz hori ikusita, gero eta etxe gehiagotan konputadore zera horiek jartzen hasi diren garaiotan. Begiak alaitu dizkit zure letra biribildu gazteak, eta gogorapen asko ekarri (barkatuko didazu nik makinaz idaztea, pultsua ez daukat oso ona).

Bazituen zure gutunak lerro batzu-batzuk, baina, egiatan, ez zenidan ezer askorik kontatu. Zeure buruaz, esan nahi dut. Familiaren inguruko zertzelada batzuk bai: bilobekin oso entretenituta zenbiltzatela eta. Ze gauza, umeak. Oraindik akordatzen naiz nola esan zenidan egun hartan, ezustean, haurdun zeundela eta teatroa uztekoa zinela. Bihotza tarratatu zenidan pixka bat. Jon ondo? Oraindik akordatzen naiz haren erreki goxoaz. Espero dut osatuko zela tripetako gaitz horretatik. Ezin dut imajinatu Jon argal eta apetiturik gabe.

Ni lasai nabil. Asko akordatzen naiz amak nola esaten zuen mundu honetan gauza bat aztoratzen den aldiro beste bat asentatzen dela, orekatzeko. Bada, halaxe gabiltza izadia eta biok. Zenbat eta oldarrago itsasoa hor kanpoan, zenbat eta uluago haizea, orduan eta zelaiago ni hemen barruan.

Begiaren sustoak, bai, dena bere neurrira ekartzen lagundu dit, eta, zaurgarriago banago ere, inoiz izan ez dudan barne-indar bat ernatu zait.

Hemen atzo erori ziren lehen malutak, berandu baina garaiz. Lur bustian desegin ziren bezala desegin zaizkit gogoan Freyjaren traizioa eta burua nahasten zidaten huskeria haiek guztiak. Orain ez dut daukadana baizik espero. Zenbat eta bakarrikago, askoz ere zoliago gogoratzen naiz, amultsuago, nire bizitzako paisaiez eta jendeaz, zuetako bakoitzaren lorratzaz. Eta, aldi berean, inoiz ez naiz bizi izan orain baino orainago.

Bakarrik nago erabat, eta bakardade horretan piztu naiz.

Gainerakoan, neurean tinko diraut: ez dut asmorik egunerokoak publikatzen segitzeko, nahiz eta jabetzen naizen haiek eman didatela estuasunik gabe bizitzeko modua, eta beraz bakardadearen libertatea, eta soil-soilik nahi dudanean eta nahi dudana idazteko eskubidea. Nire bizimodu berriaren txatal batzuk argitaratu nahi izan nituen, bai, jendearengana hurbildu nahian, inori atsegingarri edo ukendu izango zitzaizkiolakoan, konturatu gabe egiatan salgai jartzen ari nintzela nire bizitzaren muina bera, eta beraz merke-zurrean erosgai uzten jende asmo-onari ez ezik piperrik ere entenditzen ez duen pello-saldo bati ere. Ez dakit zuenean nola den gaur egun, Helena, baina herrialde honetan aiztoak eskuregi jartzen zaizkie kaikurik goranahi eta mediokreenei.

Odolusten ari nintzela beranduegi konturatu izana, horixe nire arima tolesgabeegiaren bekatua.

Egunerokoen ordez, memoriak idazten ari naiz orain. Gabriele Arcettik zioen bezala, ez didate hitza eman, baina lapurtu egin nien beren loriak zenbatzen zebiltzala, eta orain hitza nirea da. Ez dut emango ez diru-truk, ez ogi-truk, ez musu-truk.

Eguzki ez den andre honek eman dezakeen bero eta maitasun guztia doakizu gutun honetan itsasoz haraindi zuri, nire adiskiderik aspaldikoenari.

Eguberri on, eta har zaitzala urte berri zaharrak osasun onean, bihotza alai.

Beti zure,

 

Maria

 

      Pinu galant bat jeepean zekarrela azaldu zen egun batean Dora, Santa Nikolasa musugorri irribarretsu bat berri pozgarrien garraio, eta ia zeharo eten zen biografiaren idazkuntza.

      Arbola eta etxea apaintzeko zintzilikarioz eta figuratxoz betetako bi kaxa handi aterarazi zizkion Mariak Marari trastelekutik, eta Eguberriak zoriontzeko gutunak eta postalak transkribarazten hasi, jo eta su.

      — Ez, Helenari orbelaren papera ez, hobe ilen-loreena —esan zion egun hartan, Marak orbelaren gutun-paper ezaguna hartu zuenean Helena Durandentzako eskutitza idazteko—. Lore biribil laranjena, alegia —zehaztu behar izan zion, Mararen ezbaiari bere onetik atera gabe erantzuteko esfortzu onbera eginda nabarmen.

      Ez ziren haiek Marak Mariari transkribatuak zizkion lehen eskutitzak, baina ordura artekoak formalagoak eta aspergarriagoak izan ziren askoz ere: hitzaldiren baterako gonbidapenari emandako ezezkoa, haren ondasunez arduratzen zen administratzaile-abokatuari bidalitako baimen sinatua, barnealdeko herrixkaren bateko andre helduren batek egunerokoengatik helarazitako miresmenari erantzundako esker on mezu aseptikoa… Eguberrien atariko zorion-gutunak, berriz, oso besterik ziren: intimoak, alaixeak, nostalgikoak eta, batez ere, asmo onez beteak.

      Ezin konta ahal gutun transkribatu zituen Marak, Mariaren lagunen eta ezagunen multzo itxuraz amaiezinagatik harrituta.

      Gero, Mariak postariari ematen zizkion goizean, ilusio malatsez.

 

            “Txortenari pipila nola

            dama izotzezko honi

            jaio zaio bularrean

            astro bero bat”.

 

      Marak zurtu samar presentziatu zituen metamorfosia eta arrandia.

      — Hori zer da, Maria, haiku bat?

      Eta haserretu ordez, samur barre egin zuen Mariak.

 

 

 

Piztu hitza suelto azaltzen hasi zen Maria M. Mullerren hiztegian. Funtsaturik. Izan ere, goizero disko bat jartzen zuen egunari diosal egiteko, jazza, bluesa, musika klasikoa, are bossa nova eta are Hank Strattaren gabon-kantak ere, eta transistore zahar bat txabusinako edo berokiko poltsikoan sartuta ibiltzen hasi zen.

      Sakela kalakarian barrena, mundua sartu zen itsasertzeko etxera.

      Batez ere, kultura- eta musika-programak entzuten zituzten irratian. Zer ere tokatzen zela, Maria kontentu; baita (Mararen higuingarri) One! bikote musikalaren gabon-arrakasta aspergarrenez jartzen zutenean ere. Baina Maria bazkalondoan egoten zen bereziki gustura, eguberri-giroko ipuin eta kontu zaharrak kontatzen zituen gizon zahar baten saioari adi. “Hau amak kontatzen zigun urtero”, esaten zuen tarteka, edo “Hauxe nuen gustukoena”, begiak biribil.

      Dena biribil, dena biraka: malutak zirimolan, Maria sukaldean, diskoa gramofonoan. Baita Mararen garuna ere kaskezurrean.

      Zuritu zuen lehen gauean, ezin izan zuen begirik bildu. Leihoaren bestalde beti beltzaren argitasun bat-batekoak asaldatu zuen, eta biharamunean, etxe hartara iritsi zenetik lehen aldiz, labarraren ertzera hurbildu zen, ikustera nola irensten zituen malutak itsaso morantzak, nola itsasoa bai, gailentzen zitzaion lurra otzandua zuen indar bare astunari.

      Ordura arte sekula ez zuen ikusi elurra itsasoan. Egia esan, itsasertzeko etxera iritsi zen arte ez zuen aurrez askotan ikusi itsasoa bera ere, zeren, hiri unibertsitarioa ez bezala, kostaldetik urruntxo baitzegoen Mararen jaioterria, eta uda iristen zenean amak, histeriko samar, “etxean bezala inon ez” errepikatzen baitzuen atergabe, mantra bat Marak ondotxo, ondoegi ikasiko zuena betiko.

      Ohitua zegoen Mara, beraz, munduan itsasorik ez balitz bezala bizitzera. Bazekien inportantea zela itsasoa, bai izadian eta bai literaturan, baleak izan zitezkeen bezala, baina, baleena bezalaxe, ez zuen haren faltarik sekula sumatu.

      Egun hartan, bidera irtendako arrotz dotore bat bezala agurtu zuen itsasoa, begirunez baina uzkur.

      Agudo bueltatu zen etxera, lorategian barna. Janusek burua jiratu gabe begiratu zion begi-ertzetik, landarerik delikatuenetatik elurra kentzeko lanean buru-belarri. Asteak zeramatzaten horrela, iheslari elkar pertsegitzen, baina Janusek ez zuen inor salatu.

      Mara, hala ere, denboraletuta sartu zen sukaldera, lorezainaren eta itsasoaren arnasak egonezindurik.

      — Mara, Mara. Elurra bera ere belztuko duzu kopeta beltz horrekin —Mariak, alaikiro.

      Azkenaldiko aldarte gozoak sukaldezaletuta, zopa prestatzen ari zen, transistoretik zetorren doinua ahapean kantari. Mara gogo txarrez eseri zen, laguntzeko imintziorik egin gabe. Halako batean, Mariak gehiegi hurbildu zuen burua lapikora, usaina hartzeko asmoz-edo, eta betaurrekoak gandutu zitzaizkion zeharo. Barrez, amantalarekin kristalak lehortuz, jira egin eta esan zion:

      — Espiritu pixka bat ere bota diot, baina lasai, beroak lurrunduko du eta.

      — Espiritua?

      Marari muzina ahantzarazteko teknika (espero ez zuen zerbait esan eta txundi-txundi uztea, alegia) benetan perfekzionatua zuen Mariak.

      — Espiritua, bai. Alkohola. Koñak pixka bat, zehazki. Eguberri-espiritua suspertzeko lain bakarrik.

      — Esango nuke bestela ere aski suspertua dagoela etxe honetan —marmarrera bueltatzeaz akordatu zen Mara.

      — Ez baitzara gabonzalea —Mariak, koilarakada bero bati puzka.

      — Trikimailu komertzial bat besterik ez da, kontsumismoa, familia-eredu nuklearra eta desmobilizazio soziala hauspotzen dituena —errezitatu zuen Marak.

      — Hara. Orduan, zure ustez, kantu hau kantatuz beren eskubideen alde altxatzea galarazten ari natzaie mundu osoko proletarioei, ezta? Eta hementxe zurekin sukaldean zopa hau eginez gupidarik gabe berresten ari naiz familia-eredu tradizionala.

      — Gabonak ondo daude umeentzat, baina hortik aurrera…

      — Jakin banu, Ebenezer, espiritu gehixeago botako nion zopari.

      Mara isilik gelditu zen, muturtuta. Egia esan, usain goxoa zerion lapikoari, eta ahoa lerdetu zitzaion pixka bat, baina besoak tinko gurutzatu zituen, gorputza beste behin ere Mariaren magiari nola errenditzen zitzaion onartu nahi ezean.

      — Gabonak, erlijioa —marmarkatu zuen—. Nik ez dut sinisten. Unibertsoari bost axola gu. Nire ama sinestuna da, eta begira. Zertarako balio izan dio horrek?

      Zopa, borborka, lapikoaren estalkiaren zirrikitu batetik gainezkatzen hasi zen, eta Mariak laster batean apaldu behar izan zuen sua.

      — Argi dago, bai, zuk eta zuk bakarrik ikusi duzula argia —ahots erlatsez, Marari garondoa emanda—. Zergatik ospatzen ditudan Gabonak, zertarako balio dion sinesteak zure amari… Ez zaizu sekula okurritu, Meleiro andrea? —azken aldiz jiratu zen, eta Marari nekatuta begiratu—. Ba, gutaz batere axolarik ez duen unibertso honetan hain bakarrik ez egoteko —borborra baretuta, isiltasun galaktiko bat zabaldu zen sukaldean—. Ez egoteko beti hain bakar-bakar-bakarrik.

 

 

 

—Joango naun ni haren bila, ez preokupatu. Iaz ere hortxe ibili hintzen, akordatzen?, tripak jaten, eta gero gustura asko egon zineten biok. Hura poz-pozik etorri zunan kopilotu, kotxeko leihotik begira, “elurra, elurra!”.

      — Gustura, bera bai. Baina ni? “Jantzi eta goazen paseora”, esan nion goiz batean, eta, luzetxo jotzen ari zitzaiola-eta logelara sartu nintzenean, ez nuen, ba, hantxe aurkitu, kulerotan, arropa guztiak ohe gainean nolanahi botata, erdi negarrez ez zekielako zer jantzi… ez zekielako janzten! Janzten ere ahaztu, Dora, ba al dakizu zer den hori? Besoa zer zulotatik sartu ere ez jakitea? Eta haren ilobak goizean deitu didanean esan dit asko bajatu dela azkenaldian. Erdi haserre-edo ez ote zegoen, iloba... Iruditu zait hitz-erdika leporatu ote didan aspaldian erresidentziara bisitan ez joana. Esan diot begiarena, esan diot ez nagoela inorako, baina…

      — Maria: Moira dun. Zenbat urte harekin? Zenbat urte Gabonetan elkarrekin?

      — Deskuidatuz gero, akordatu ere ez da egingo.

      — Igual du. Ez dun, ba, orain zulo horretan utziko. Ezin dun berriz zulo batean utzi.

      — Badakit zer egin nuen, Dora, zuk gogoratu beharrik gabe ere! —intziri-txilio Mariak—. Noiz demontre bukatuko da penitentzia!

      — Hire senera etortzen haizenean!

      — Sermoirik ez niri, gero —Mariak, hotz baino gehiago abailduta—. Neure burua aski neure burua tormentatzeko.

      Isilaldia. Eta Noek zaunka, behin.

      — Hor konpon, ba. Heuk ikusi.

      — Ikusi? Pitorik ez dut ikusten! Zure buru gogor hori besterik ez! Horixe da problema!

      Sukaldeko atea entzun zen, eta sarrerakoa gero, danba.

      Mara eskaileretan behera gosaltzera zihoala ohartu zen hizketa ohi baino sutsuagoan ari zirela Maria eta Dora sukaldean, eta hantxe kuzkurtuta geratu zen beste behin ere, laztuta baina adi.

      Moira. Albumean, “Antzarak ferratzen” izenburuko argazkiko emakume irribarretsua. Egunerokoetan, Mariari “udaberri-koloreko bizikleta” oparitu ziona. Mariaren garai bateko bizikidea, bizikiderik luzarokoena.

      Marak gosaria sakrifikatzea erabaki zuen, sukaldean nolako laino beltzak aurkituko zituen irudikatuta.

 

 

 

Alarau batek esnatu zuen gau hartan. Ulu bat, eta gero beste bat.

      Bihotza kank-kank, presaka jaiki eta ordura arte sekula egin ez zuen zerbait egin zuen Marak: Mariaren logelan sartu zen, atea jo ere egin gabe.

      Ohean agonduta aurkitu zuen, elurrak leihotik islatzen zuen ilargi-argitan zurbil, aurpegia laborriz desitxuratua, esku batekin izarari gogor helduz eta bestearekin aurpegiari atximurka, oihuari arnasestu eta arnasestuari oihu. Zer zuen galdetu zion Marak, ea non zuen min, baina Maria, beste presentzia bat sumatu orduko, are ozenago hasi zen txilioka, eztarria urratu beharrean, espantuka eta dardarka, ohetik eskapu egin nahi baina oheaz haragoak are gehiago ikaratuko balu bezala.

      Esku bat sorbaldan jarri zion Marak eta bestea masailean, eta lasaitzeko erregutu, esateko arren zer zeukan eta lagunduko ziola, deituko ziola norbaiti nahi bazuen, baina baretzeko otoi. Mariak, izerditan blai, azala izotz, besotik heldu zion Marari bere bi esku ahaltsuez, eta, begietara etsi-etsian begira, oihuari une batez utzita, ito beharrean hitz egin zuen, malko mardulak masailetan behera: “Hilko naiz… hilko naiz betiko!”.

      “Ez zara hilko, ez zara hilko”, Marak letaniari erantzun, “etxean zaude, ondo zaude…”, baina Mariak astindu egin zuen bere esku ahaltsuekin, min egin zion azazkalak larruan sartuta, oraindik ere isildu gabe errepikatuz “Hilko naiz, hilko naiz…”.

      Marak bi eskuak jarri zizkion orduan masailetan, buruari tinko eutsiz, eta erraietatik esan zion: “Ez zara hilko, hemen nago, bizi zara, Maria, zurekin nago, hemen geratuko naiz zurekin…”.

      Eta orduan izan zen. Orduan isildu zen Maria, ez hitz ez oihu, eta haren eskuek ere pixka bat laxatu zuten Mararen besoa, eta arnasa luze dardaratsu bat hartu zuen, barru-barruraino sakon, eta haren gorputzak amore eman zion barealdiari.

      Artean begietara zuzen begira, jainkosak erregu egin zion dizipuluari.

      Eta dizipuluak men, jainkoturik.