VI
Nire erdiko emea
—Ba, Maraka Meleiro ez dakit, baina Marasma Meleiro ez zait iruditzen batere izen artistiko txarra —Mariak halakoxe alegrantziaz erantzun zion Mararen haur-traumaren kontakizunari—. Idazleak probetxua atera behar die bere bizitzako desgraziatxoei.
Noe langelako alfonbran luze etzanda zegoen, bere baretasun ilargizkoan, eta Marak kopeta belztu zuen haren patxada ezin ulertuta, gramofonoan burrunba betean baitzebilen Mariaren sinfonia gogokoenetako bat, allegro con brio. Marak, noski, garai hartan ez zekien zer zen allegro con brio, baina bazekien, ondotxo, musika hark ez zizkiola barrenak alegrantziaz pizten baizik kirioak dantzan jartzen.
Mundua udaberritzen ari zen, eta, egiantzekotasun eskaseko ipuin batean nola, Magnusek lortua zuen nahiko denbora gutxian nahiko lorezain errespetagarria bihurtzea. Hala edadez nola aiurriz berezkoa zuen despisterako joera hasiera batean arriskutsu hura, nolabait ere, lagungarria zitzaion Mariaren zorrozkeriari lasai paso egiteko eta, hala, jarraibideen mamiari soilik jaramon egiteko eta ez tonutxoari. Ba omen zuen, Mariaren arabera, sen botaniko pixka bat, eta, esan gabe doa, osaba baino sasoi hobean zegoen; abantaila handia udaberriko jardunaldi amaigabeetan gerriko minik gabe makurtu eta altxa ibiltzeko.
Mara ez zen gai bereizteko noiz zegoen lorategi bat esplendoroski zaindua eta noiz soilik ondo samar, baina, ikusita zein eskuzabal ordaintzen zion Mariak mutilari, argi eta bekaizti ulertu zuen baietz, jada esplendoros ez bazegoen esplendoroserako bidean behar zuela jardinak.
Horrexegatik seguruena, eta autobiografiarekin martxa onean zihoazelako, Maria askoz ere lasaiago eta irriberago zebilen, poz txoro batek hartuta.
— Izenez ari garela —hasi zen Mara tarte baten ondoren, barne-minak serio hartzen ez zizkioten bakoitzean erraiak jaten zizkion zaputzari ez ohartu egiten saiatuz—, konturatu naiz ez dakidala zure erdiko M hori zer den.
— Nire erdiko emea? —Mariak, trufari—. Sekula entzun gabea nintzen zera horri horrela esaten —te-kikarari hatz txikia tentetuta heldu, eta teatralki erantsi zuen—: Meleiro andrea, otoi… ez al zaizu iruditzen galdera lizunegia nire gisako dama agurgarri bati egiteko?
Mara gorritu egingo zen, gorritzen diren horietakoa izan balitz.
Eta Mariak ozpin-pozez:
— Ez dira hauek atso zahar batekin txantxetan ibiltzeko kontuak, ezta?
“Ez dira hauek inorekin txantxetan ibiltzeko kontuak, salbu eta 11 urte badituzu”, Marak bere artean marmar, baina aldi berean lotsatuta egoteaz lotsatuta.
— Zaharra naiz, ez aingerutxo bat —Mariak errematatu.
Eta Marari, urduri, Eva etorri zitzaion gogora, Eva Gross, eta testigu “nardatu” samarren arabera Mariak eta biek izan zuten harreman sutsua, eta Mariak hari bidalitako gutunaren sinadura.
— Beraz, ez didazu esango zer den zure izenaren erdian idazten duzun M hori —Mariari ikasia zion taktika saiatu zuen Marak, hots, erasora jotzea eta jokatzea Maria ari balitz bezala mamiari ihesi, eta ez Mara bera.
— Zergatik halako interesa? —Mariak eutsi—. Letra bat besterik ez da.
— Pentsatu dut datu esanguratsua izan zitekeela hitzaurrerako —Marak serio, inspiratuta—. Nik dakidala, beste inon ez duzu argitu zer den M hori. Eta zer abagune hoberik zeuk zeure buruaz inoren esku-sartzerik gabe osatuko duzun kontakizuna baino?
— Letra bat besterik ez da —Mariak berriro, irribarre erronkariz.
— Izen bat ordezkatzen duen letra bat; hortaz, izen bat. Laburtua egonik ere —berrekin zion klaseko neskarik azkarrenak—. Marta…? Monika…? Matilda...?
— Ezetz, ba —Maria aulkian mugitu zen—. Ez didazu aditzen, Mara: letra bat besterik ez da.
— Letra bat —Marak, larri, beti bezala jokoa galduko zuela susmatzen hasita.
— Letra bat besterik ez —Marari betaurrekoen gainetik begira—, nirekin jaio ez zena.
— Baina…
— Gurasoek Maria jarri zidaten, Mara: Maria eta kito.
— Eta M hori orduan…?
— Hitz-joko pribatu bat. Eta izen artistiko bat dotoretzeko modua —Mariak oso garaile, teari zurrut eginez—. Esan dizut inportantea dela izen artistiko on bat aukeratzea.
Letra huts bat. Letra bat hutsa, dekoratiboa.
— Datu hori, dena dela, nahiago off the record geratzen bada.
Marari zerbait trabatu zitzaion eztarrian.
— Esango didazu, ba, beste zer nahiago duzun off the record geratzea —bota zion—. Baina martxa honetan, pentsatzen ibili naiz, eta… uste dut beste iturri batzuetatik dokumentatzea ere komeniko zaidala hitzaurrea idazteko —Mariari irribarre txoroa ezabatu zitzaion istantean—. Dorarekin-eta hitz eginez, esan nahi dut. Gertuko lagunekin. Zuk nahi ez duzun inori ez diot galdetuko.
— Negoziatuko dugu hori.
Gauzak negoziatu beharrik ez izateko modurik onenetako bat da zer negoziaturik ez dagoelako plantak egitea. Eta halaxe, berdin-berdin, gezurra esateko modurik onena da egia esateko plantak egitea.
Marak orain astero deitzen zion amari itsasertzeko etxeko telefonotik, ikasle-gelatik ari balitzaio bezala: dena ondo zihoan, ikasketak, Mariorekikoak, baina oso-oso lanpetuta segitzen zuen.
Behin, egia da, susmoa piztu zitzaion amari, Dina beti isilak miau lakar luze bat egin baitzuen bat-batean Mararen ondoan.
— Txakurraren bibolina! Katuren bat hartu al dun, ala? Egoitzako arauetan jartzen din debekatuta daudela maskotak, Mara!
Iritzita oraingoan igual gehitxo izango zela amari esatea Danielak egin zuela miau, Marak asmatu behar izan zuen Danielari oparitua ziola katu zikina Danielek (bereziki azpimarratu zuen zikin adjektiboa, Dinari nardaz begira), eta orain arte zintzo aguantatu zuela gelakidearekin bakean egotearen izenean, baina nazkatuta zegoela animaliaz eta asmo sendoa zeukala egoitzako atezainari salatzeko, ea hura arduratzen zen araua betearazteaz.
Batzuetan, Marak errezeloa izaten zuen ez ote zuen gezur haietan guztietan xahutzen idazketarako hain beharrezkoa zuen imajinazioa.
Gehienetan, ordea, Mara satisfos baino ez zen geratzen, zeren azken batean ipuin haiek asmatu beharrez ere olioztatzen baitzuen irudimena, eta hori ezin baitzen, logikaz, kalterako izan ezein idazlerentzat.
Mariak galdera egin zionean ere, Marak erantzun zion baietz noski, amari kontatua ziola utziak zituela ikasketak eta beste proiektu batean zebilela orain, eta amak, grazia handirik egin ez arren, esana ziola bazuela adina bere kabuz erabakitzeko bere bizitzarekin zer egin.
Lukainka sartu ez ziolako keinua egin zuen Mariak, baina erantzuteko imintzioa eten zion Marak:
— Aizu, Maria: naturaz eta bakardadeaz idatziko ez bazenu, zertaz idatziko zenuke?
— Hankarik ez bazenu, zerekin ibiliko zinateke? —Mariak marmar.
Epeltasuna aprobetxatuz, ibilaldi luzeagoak egiten zituzten orain, labarrak beheratu eta kala harritsu bat itsasertzera zabaltzen zen lekuraino. Besotik edo eskutik heldu beharrari umiliagarriegi iritzita seguruenik, Mariak Mararen saihetsetik zentimetro eskasera jartzen zuen eskua, ukitu-hurren baina ukitu gabe, estropezu eginez gero non bermatu izateko, eta halaxe jaisten ziren hondartza harritsuraino.
Liken-koloreko itsasoko argi-pinportei begira zeuden biak, Maria zutik arroka handi batean bermatuta, Mara hondar lakarrean eserita.
— Ez didazu, ba, benetan esango bakardadeaz eta naturaz baino ez dudala idazten —Mariak, Mararen akusazioaz hausnartzeko denbora luzea hartuta—. Bi gau eternal, egun-lipar bat. Arimena. Lau goseetara... Jendeari beti ahazten zaizkio horiek, baina nik doluaz idatzi dut, injustiziaz, gaitz mentalaz, pobreziaz. Kritikaritxo horiei, ordea, sekula nahikoa iruditzen ez —ogi-pusketa handiegia irentsi duen umearen aurpegia jarri zuen—. Eta Phoenix andreak Lorelei ezagutu zuenekoa? Amodioaz eta desamodioaz ere ez dut gutxi idatzi.
— Asko gustatu zitzaidan Phoenix andrearena —esan zion Marak egia.
— Pentsatzen nuen, bai —Mariak misteriotsu, edo ez hainbeste—. Doraren istorioan inspiratu nintzen, ba al zenekien?
Marak ez zekien; ezta egunerokoetatik ere.
— Ba, esan zidaten burutik eginda nengoela. Ea nola atrebitzen nintzen, bi andre, biak hain libre… Gutxi, oso gutxi atrebitu ginen. Orduan ez zen orain bezala. Ito edo bizi zen orduan. Eta nik beti aukeratu dut bizi.
Mara enaraz gogoratu zen, eta bien habia hertsiaz, eta nekeak izan zituen imajinatzeko habia bat are itogarriagoa.
— Majo pagatu nuen, noski. Hitzaldi, aurkezpen eta mahai-inguruetako gonbidapenak, gehienak akabo. Sosa galdu nuen, entenditzen? Sos asko. Lagun batzuk ere bai, baina bueno, a ze lagunak. Kontuak kontu, estu eta larri ibili nintzen bolada luze batean. Baina ez omen ni, ez, idazle konprometitua… Putza!
— Unibertsitatetik deitu zizuten.
— Irri zozo zuri horrekin, bai. Eta irri zozo zuri horrexekin esan zidaten gero aio-aio —purutxoa piztu zuen, poltsikotik aterata—. Diru-iturri ederra galdu nuen hor ere, eta, Frenesi Cillianen pertsonaia hark esaten zuen bezala, bietako bat izan beharra dago, edo gaztea edo aberatsa; zaharra eta pobrea ezin da —eztul bat—. Leku serioetatik egotzi ninduten… eta beste leku batzuetatik hots egiten hasi. Emakumeen irakurle-taldeak, lesbiana-elkarteak, zera, halakoak. Laster itxi nuen iturri hori. Zeren hasieran, hainbestean: hasieran dena zen festa eta laudorioa. Baina gero halako liburu gehiago eskatzen hasi zitzaizkidan, eskatzen ez, exijitzen. Eta nik A idatzi eta txoro haiek Z entenditu, komenentziaren arabera. Gutunak eta gutunak, halako miresmen pozoitu batez idatziak denak, zorretan banengo bezala. Nazkatu nintzen, ia-ia bihurtu ninduten esklabo —purua harritzara bota eta irmo zapaldu zuen—. Ito-hurren denari eskua luzatu, eta norbera ito, horra.
“Urteen talaiatik [topikoa] so egiten dio Maria M. Mullerrek bere bizitzari [preziso al da zaharra naizela esanez hastea hitzaurrea? idazlea ere banaiz]. Zintzo, eta esajeraziorik [??] gabe. Goizean goizetik bere lorategi sakratuko lanak eginda [ez da sakratua, profanazio bat da natura librean, ikus oin-oharra*], haren egunerokoen irakurlegoarentzatirakurleentzat [saihestu substantibo multzokari abstraktu alferrekoak] ezaguna izango den Noe txakurrarekin itsasertzeko labarretatik eguneroko paseoa eman ondoren [zer esan nizun menpeko perpausei buruz?], idazmakinaren aurrean jartzen da egunero, gazte-gaztetan aitak lehen makina oparitu zionetik etengabe egin duen bezalaxe. Ez zaizkio herdoildu ez hatzak, ez garuna. [kendu esaldi osoa. herdoila ukatu beharrak herdoila baieztatzen du] Badu, noski, konputadoreen berri, baina, dioenez, [koma gehiago ez zen kabitzen?] aparatu horiek oztopatu egiten dute burutik eskuetarainoko isuria. [leundu, ez naiz hain ludita]
Bi dozena liburutik gora; [puntu eta komarik ez nire liburuan, gogoan izan] generoak, orotarikoak. Baina denetan egiaren bila aritu da Maria M. Muller: bizitzaren egiari idatzi dio beti [erredundantzia]. Orain, ordea, bizitza orokorraren egiari bakarrik ez, baizik bere bizitza partikularraren egiari [erredundantzia ber bi] aurrez aurre so egitera ausartu da autobiografia honetan. Beti erraza izan ez arren. Hain berezkoa duen ausardiaz. [kontuz koipearekin, kontrako efektua eragin dezake]
Horretarako, bidaiakiderikbidaiderik [ekonomia linguistikoa] handiena du bakartasuna [beste topiko polit bat]. Horrelaxe bizi baita, Andrea bere bakardadean, bere liburu sonatuenetako baten izenburuaren isla [erdipurdi josia. erabili haria, ez belkroa]. Izan ere, itsasertzeko etxe batean bakar-bakarrik bizitzeko hautua egin zuen bere garaian, baina ez jendearengandik urruntzeko, baizik mundura serenoago [?] hurbiltzeko. [sinplista samarra] Bakardade hori, dioenez, gorabeheraz eta konpainiaz betetako bizitza oso baten saria da. [ez dira gorabeherak, bizipenak dira. ez da saria, ondorea da]
*oin-oharra: Ikus Eta lorontzia hobi bat zen, xxvi. poema:
‘Ut mistikak, usteak, kanonak
arbolak ez dira esker onak.
Ez zatzaizkio min, ez mesede.
Zu jaio izan ezean ere
izango lirateke, betiko.
Arbolak hor daude eta kito’”.
Listuarekin batera sua irentsi zuen Marak.
Kurioski, nahiz eta Mariak ez omen zeuzkan begiak ezer bere kabuz idazteko eta irakurtzeko, bere kabuz egin zituen Mararen hitzaurrearen lehen zirriborroaren zuzenketak, alai, udako itsasoaren koloreko boligrafo batez.
“Garai bateko idazle-bizitza apartsu eta sozialari [modulatu adjektiboak, ez zen hainbesterako izan] uko eginda ere, presente daukatela erakusten diote oraindik ere herrialde eta are kontinente osoan dituen lagunek, irakurleek eta lagun-irakurleek [hitz-joko merkea, kendu], astero-astero jasotzen baititu haien gutunak”.
Azken perpausa zen gezurrari, justu hari, oharrik ez Mariak.
Gutun gutxi iritsi baitziren hilabete haietan; eta iritsitakoen artean batzuk, Mararentzat.
Urrutienetik bidalia izan arren, Helena Duranden erantzuna heldu zen aurrena: Mararen izenean, eta gutun-azalean bidaltzailearen izenik jarri gabe, Marak eskatu bezalaxe.
Iluntze hartan, udako solstizioa omen zela eta (“argitan erretzeraino hil eta berriz piztuko da izadia!”), botila bat ireki eta paper zahar batzuk erre zituzten sutan, Mariak proposatuta: Freyjaren eta Ameliaren gutun batzuk Mariak, Noari bere garaian idatzitako poema ikaragarri transzendental (ikaragarri eta transzendental) batzuk Marak.
Denak zuen pilpira berezi bat gau hartan.
Dina aztoratuta zebilen kanpoan, gau-tximeleten atzetik jauzika eta atzaparka, eta Noe ere ohi baino bixiago, arraro usnaka, gutun erreei balerie bezala usainen bat primitiboegia. Mariak, berriz, umoretsu, Marari bestela bezala esan zion pentsatzen ibili zela eta soldatatxo bat ordaintzea erabaki zuela hitzaurrearekin hartzen ari zen lanengatik (“Magnusi propina ematen badiot, zuri zergatik ez?”). Marak, sastada arintzeko, zurrut egin zion ardoari, hartara bide batez Bakardadearen Zerak ez zezan berak bakarrik edan botila osoa; baina jokaldiak erdizka baino ez zuen funtzionatu, zeren Marak kopatxo bakarra edaterako lau kopatzar urdaileratuak baitzituen Mariak.
Besotik helduta igo zituzten eskailerak gau hartan, Mara beltzuri eta Maria txori, Mariari alkandorako lepo lerratuak bistan uzten zion ezker lepauztaiari ez begiratzeko ahaleginean Mara eta hurbiltasun alaitsuan Maria, norbera txispatuta dagoenean beste denak ere halaxe daudela baino kontzebitu ezin den gogo-aldarte etereo horretan. Logelara sartu baino lehen, musu bizkor, baldar, zaratatsu bat eman zion Marari ahoaren ertz-ertzean; “maskotei buruan ematen zaizkienen gisakoa”, pentsatu zuen Marak. Baina ez zen entretenitu ziurtatzeko ea Maria ondo iristen zen oheraino, bere logelan zain zeukan-eta Helena Duranden gutun irekigabea.
Laburra zen, puntu eta komaz josia.
Meleiro andrea:
Eskertzen dizut harremanetan jarri izana, baina sentitzen dut; ez daukat interesik Mariaren autobiografiarako testigantzarik emateko.
Dudan ibili naiz, agian justiziazkoa litzateke-eta Mariari ekarpen hori egitea, baina uste dut hau izango dela erabakirik zuhurrena denontzat.
Nik beti izango diot txera Mariari, ez da pertsona txarra; are, uste dut ezagutzen dudan pertsonarik eskuzabalena dela. Etxean hartu nuenean, beti egiten zituen enkarguak, otorduak, beti zorretan balego bezala. Gerran haren familia gain behera joan zenean, egia da, zeukaten baino gehiago eskatzen zien gurasoei; uste dut ataka gorrian jarri zituela behin baino gehiagotan; baina diru hori, sarri, ez zien eskatzen beretzat, baizik lagunentzat. Senarrari eta bioi bederen asko lagundu zigun bolada txar batean, bera ere batere sobran ez zebilen arren.
Neurriz gain ematen zuen; neurriz gain eman, eta beste hainbeste eskatu. Uste dut txikitatik zetorkiola; ez dakit. Kontua da nik bere garaian arazo batzuk izan nituela neure familiarekin Mariaren ondorioz; eta ez ditut urak berriz nahastu nahi.
Eskertuko nizuke gutun hau erakutsiko ez bazenio; disgustua hartuko luke. Era berean, atrebentziaz eta fabore pertsonal moduan, eskertuko nizuke ahal duzun heinean segurtatuko bazenu niri buruz ahalik eta gutxien idazten duela bere liburu berri horretan.
Ulertuko duzulakoan, zorte on eta agur bero bat.
Helena Durand
Udan zehar iritsi ziren gutun gehiago, baina inork ez zuen iragana berritu nahi, eta gehienak diskretuak ziren ukoaren arrazoiak azaltzeko orduan, Durand baino diskretuagoak, diskretuegitxoak Mararen jakin-minerako, salbu eta: Alain Gross ospetsuaren jada alargun Eva Gross andrea.
Asko hitz egiten genuen, hitz eta hitz eta hitz. Ni herabeagoa nintzen, naiz; Maria suharragoa. Sekula asetzen ez, edo, beharbada, nik ezin hura sekula ase. Sufrikario ere bilakatu zen azkenerako… bataren nahi-eta-ezina, bestearen ahal-eta-ezausartua. Izutzen ninduen. Hamaika aldiz urrundu nuen nire ondotik, eta hamaika aldiz bueltatu zen, edo, zera, agian hamaika aldiz utzi nion bueltatzen… Zaila zait esaten. Bitarte hartan, ordea, hau seguru, mundu berri bat egin zidan. “Hitzean mundu bat”, hark esaten zuen bezala.
Gehiegi ekiten ez zidanean, aitortu beharko dut, bete-betean sartzen nintzen mundu hartan. Alainekin ere ederra zen, baina Mariarekin... Mariarekin biok ginen hitz-larre bat, larre bera-edo, maiz ezin jakiteraino zer zen bere uztakoa eta zer nirekoa.
Neska boxeolariaren ipuinerako ideia ere, hala uste dut, horrelako hitz-uhin batean atera zen, zitzaigun; ezin esan soilik niri atera zitzaidanik, edo soilik hari… Kontua da Alainek boxeo-borrokaldi bat ikustera gonbidatu gintuela (halakoxe ideiak izaten zituen Alainek). Hura bai indarkeriazko dantza-erakustaldi aparta! Eta, pentsa, giro hartan gu, bi neska gazte pertxenta… guztiz arrotz; eta hain zuzen horrexegatik, zirraratuta itzuli ginen etxera, pasioz imajinatuz zer izango ote zen hura, dantza huraxe bera, bi emakumezkoren artean dantzatua.
Ezin izan diot bueltak emateari utzi harrezkero, hain gaizki jokatu ote nuen-edo… Baina esango nuke boxeolari hura biona zela; bai, zaharra naiz eta burua ez daukat lehengoa, baina nahiko sinetsita nago horretaz oraindik, biona zela. Agian aitortu behar nion bere partea Mariari; agian horrexetan sartu nuen hanka. Baina sorpresa izatea nahi nuen... Eta aldizkari hartan ipuina argitaratu nuenean, hark ez zidan sinetsi, baina nahi nuen argitaratu zedila eta Mariak liluraz har zezala, “Boxeolariarena idatzi duzu!”, eta mirets nintzala behingoagatik nik bera miresten nuen moduan... Baina, horren ordez, zeharo haserretu zitzaidan, ezin eutsi bere amorru horri. Hantxe, ring-ean bera bakarrik, ukabilkadaka… zera, ama hil banio bezala kasik. Eta ez zidan berriro hitzik egin, tira, salbu eta berriro zergatik hitzik egingo ez zidan esplikatzeko bidali zidan azken gutun hartan.
Hiru orriko eskutitza zen, sei orrialdekoa. Duda-mudaz josia, Mariaren liburuetako zenbait Egia Handi gezurtatzen edo gutxienez auzitan jartzen zituzten xehetasunez betea.
Gross andreak, hala zioen gutunean, ilusioz hartu omen zuen Mariaren autobiografiaren albistea, baina batez ere errua, errezeloa eta desenkusa sumatu zituen Marak haren hitzetan, gutuna onez onean idatzi ezean liburuan sorpresa desatseginen bat aurkituko ote zuen beldurra-edo. Gross andreak ez zuen nahi bere testigantzarik zuzenean hitzaurrean erabiltzea (aipamen diskretu bezain salagarri bat egin zion senarra zenari buruzko biografia baimendu gabeak eragindako disgustuari), baina Mararen jakingarri idatzi omen zituen, “nik ezagutu nuen Maria nolakoa zen jakin dezazun”.
Gauza onak opa dizkiot... batez ere, bare bizitzea. Baina ez dakit, Meleiro andrea, inoiz ikasiko ote zuen etsitzen.
Beharbada, gure partetik ere gehiegizkoa litzateke espero izatea Phoenix andreak inoiz nahita itzaliko duenik bere gar hori, barrendik hiltzen eta biziarazten duen sugarra…
Phoenix andrea, Mariaren arabera, Dora zen, ez Maria.
Baina Eva Grossen hanka-sartzerik handiena ez zen hura izan, baizik, Mararen jarraibideez ahaztuta, gutun-azalean bidaltzailearen izena jartzea.
Janus lanera itzuli berri zen, eta han ibiltzen zen lorategian, panpina nekatu, eskua min-keinuz saihetseratuz. Baina Maria ez zen ausartu esatera ez bueltatzeko, ederki ari zela konpontzen Magnus gaztearekin. Maria, Marak oso gerora ulertu zuenez, leiala zen basaki. Bere erara.
Normalean Marak hartzen zuen posta, Mariak buzoiraino joan-etorrian ibili behar izan ez zezan ustez, komeni ez zen gutunik Mariaren esku eror ez zedin egiaz. Goiz batean, ordea, Mara uste baino gehiago entretenitu zen hitzaurrea berridazteko lanean kontzentratuta, eta postaria azaldu eta Janusek hartu zizkion gutunak.
Marak sekula ez zuen jakin Janusek sen gaiztoz egin ote zuen, itsasertzeko etxean zuen lekua galzorian ikusita erasora jo nahian, edo halabeharra besterik ez ote zen izan.
Maria langelan agertu zenean “Zer da hau” esanez, eskutitz irekia Marari erakutsiz, gutun-azalean letra handi askoz idatzitako “Eva Gross” bidaltzaile-izena Marari muturren aurrean jarriz, Marak piztia-amorraldi bat espero izan zuen.
Baina halakorik ez.
Ez oihurik, ez dragoi-surik.
Isiltasuna, eta bi begi dardarka.
Aitzakiatan hasi zen Mara, modu sinesgarrian esplikatu nahirik zergatik ez zion kasu zipitzik egin Mariaren “Negoziatuko dugu” hari, zergatik bilakatu zen bera ere traidore Eva Gross traidoreari idatziz.
Segituan ohartu zen, ordea, alferrik zela.
Eskua luzatu zuen etsi-etsian, gogoratuz nola baretu zuen abenduko gau-ikaraldi hartan bere ukiak Maria, baina hura erreflexu harrigarriz apartatu zen. Gutuna ukabilean zimur-zimur egin, eta, odoltzeraino kosk egin berri zion maskota maite bati jaregiten ari balitz bezala, idazmahaian utzi zuen, hitzaurrearen zirriborroaren gainean justu.
Mara paper-bolari begira geratu zen lehenik, eta begiak Mariaren aurpegira motel altxatu zituen gero.
Koral zimurtsu bat aurkitu zuen han, koral bat milenarioa, mendez mende itsasoko ur epeletan sor eta baketsu bizi izan ondoren petrolio-ontzi baten isuri beltzak hilzorira eramana.