Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Gazte txoroak

 

Mario Salegi hil dela irakurri dugu egunkarietan, eta gerraz aritzeko bidea eman digu horrek. 1936-1939koan abiatu ziren gazteez aritu gara batik bat.

        — Mario Salegiren anaia Dodaka ezagutzen dut nik —dio Mariok—. Gaztetxo nintzela Dodaka itsuaurreko izan zen niretzat, erreferente eta eredu. Txikitatik lagunak eta geroago taldekide izan ginen, gainera, bere seme Oroitz eta biok.

        Hamaika aldiz hitz egin dit Leongo kartzelan dagoen lagunaz. Dodaka bera ere kartzelan egona da, eta entzuteko moduko historiak izango ditu hark ere. Berari eskutitza idaztea adostu dugu azkenean.

        Arrantzaleak amuak botatzen dituen moduan idazten ditugu eskutitzak, eta zain geratzen gara. Asteak igaro ondoren datoz erantzunak; banaka eta guk nahi baino urriago, baina badatoz, eta Dodaka Salegirena ere bai tartean, lapitzarekin dotore asko idatzita.

        1936ko gerra hasi zenean bere anaia Mariok 18 urte zituela eta ANVko Euzko Indarra batailoiarekin joan zela dio. Dodakak berak 8 urte zituen orduan. «Gero, kartzela eta Langileen Batailoitik igaro ondoren, Amerikara joan zen, eta ez genuen elkar ikusi hogei urtean», kontatzen du.

        1958ko ekainean detenitu zuten Dodaka. «Yagi Yagiko propaganda banatzeagatik egin zituzten atxiloketak. Zortzi egunez komisaldegian eduki ondoren Martutenera eraman gintuzten. Hilabete ingurura etorri zen Tribunal Militarreko epailea, Eymar koronela, eta gure adierazpenak aldatu genituen, aurreko deklarazioak torturapean egin genituela argudiatuz. 50.000 pezetako bahia ezarri ziguten kaleratzeko, baina ondasunik ez genuela adieraztean baldintzapeko askatasuna eman ziguten. Igandeetan soilik atera gintezkeen etxetik, mezetara joateko ordubetez. Baina ez genuen halako baldintzarik betetzen, jakina».

        Komunikabideei, politikariei... hamaika aldiz entzun dizkiegu ezker abertzaleko militanteekiko mespretxu hitzak, umemokoak direla eta antzekoak, gazteak direlako. 1936an euskal gudarosteetara joan ziren asko eta asko gaztetxoak zirela erraz ahazten dute batzuek, eta ordutik gaur arteko borroketan aritu diren eta ari diren ehunka militante, ez dira haiek baino gazteago, ez dute zaharrago izan beharrik ere orduko haiek bezain zentzudun edo konprometitu izateko.

        — Kepa Saratxaga ezagutzen al duzu? —galdetu dit Mariok arratsaldean patioratu naizenean.

        — Bai, ezagutzen dut; zer ba?

        — Kaleratu egin dute...

        Hara!, pozten nau Kepa kalean dela jakiteak. Valdemoron ezagutu nuela esan diot Mariori. Epaiketa amaitu eta hona itzultzeko bezperan, sarreretako modulura eraman gintuzten Jon eta biok. Urteak ziren azkenekoz elkarrekin egon ginenetik eta joan-etorri bizkorretan paseatuz eta berriketa atergabean eman genuen arratsaldea. Urte berriko lehen egunak ziren, eta teilatutik eroritako istila izoztuta zegoen patio bazterrean. Oskarbi denean ere eguzkiak nekez ukitzen duen galeriako ziegetan sartu gintuzten iluntzean.

        Beheko galeria hartan ez dago berogailurik, eta ziega-zulo haiei hoztasun eta tristura are handiagoa ematen die bertako argi eskasak. Afaria ekartzen dutenean, bandejan ematen dizuten janaria zer den bereizteko adina ez dute argitzen harraska gaineko bonbillek. Irrati txikia isiotu eta ohea egiteari ekin nion, afariaren zain; halako batean bandeja ekarri zutenean ohartu nintzen Jon Gaztelumendirena eta nirea ez ezik beste ziega bateko atea ere itxi zutela.

        — Euskalduna al zara? —galdegin nion, horman kox-kox jo eta leihora agertuz.

        — Baaai, Kepa Saratxaga naiz. Eta zu?

        Horrelaxe ezagutu nuela Kepa, esan diot Mariori; eta leihotik leihora aritu ginela berriketan, hotzak kikilduta geratu arte. Bilbora epaiketara eramateko atera zuten Kepa Soto del Realetik. Baina Urtezahar-Urteberri jaiak tartekatu zirenez, Valdemoron utzi zuten eta hantxe zeramatzan egunak bakar-bakarrik, egunez trantsitoetako moduluan paseatuz eta gaua sarrerako moduluko galeria-zulo malapartu hartan igaroz. Hilabeteren bat edo beste zeraman Kepak preso orduan, eta kartzelan urte batzuk daramatzagunon jakinmin horrekin egiten genizkion galderak Jonek eta biok: Zer berri kalean? Zer diozue gazteok?

        — Zenbat aldiz egin ote ditugu galdera horiek kartzeletako leihoetatik, bisitetako kabinetatik...?! —diost Mariok—. Gazteak ginenean mundua jan behar genuen eta orain, urteetan aurrera goazenean, txorotzat jotzen ditugu gazteak. Gauzak ez direla lehen bezala, gaurko gazteak hau eta gaurko gazteak hori... Denbora unibertsalaren giltzarria gure belaunaldia dela pentsa liteke zenbaiten letaniak entzun eta artikuluak irakurriz.

        — Zer ikusi, hura ikasi...

        Ez dakit atsotitzaren zentzua harrapatu ote duen donostiarrak, denbora eta arazo unibertsaletan trabatuta dabilela bota baitiot.

        Zaharrak, geure aurrekoak hartzen ditugu erreferente moduan. Ostertzak behar baititugu norantza jo jakin ahal izateko, ez geratzeko lanbro artean galduta. Baina askotan errazegi ematen zaie erreferentzialtasun hori, zaharrak direlako soilik. Eta errazegi gutxiesten da gazteen suhartasuna, «gaurko gazte txoro hauek» esanda.

        «Luxua maite dute gaurko gazteek, apetak dauzkate eta autoritatea mespretxatzen dute. Gurasoei erantzun egiten diete, zangoa zangoaren gainean jarri eta beren maisuak tiranizatzen dituzte», esan zuen Sokratesek, eta «Gaurko gazteek ez diete errespeturik zaharrei» idatzi zuen Platonek. Kristo baino laurehun bat urte lehenagokoak izan behar zuten biek ere. Kontzeptuak ondo ikasten ditugu batzuetan, eta arrastoa uzten dute. Baina kontua da «gaurko gazte txoro» horiek lezio ederrak ematen dizkigutela tartean-tartean.

        2005eko otsailaren aurrenetan hasita egin zuten Madrilgo Auzitegi Nazionalean berrogeita bi gazteren aurkako epaiketa; 111 urte eta 10 hilabeteko zigorra eskatzen zioten bati, eta 10-14 urteko kartzela besteentzat. Arriskatzen zutena kontuan hartuta, ez zen epaile, fiskal eta abarrekin adar joka eta txantxetan hasteko moduko gorabehera.

        Hala ere, lehen unetik itzultzailea eskatu eta euskaraz eginez, «territorio librean» kanpamendua ezarriz, euren nortasuna aldarrikatu eta auziaren parametroak agerian utziz, epaiketa osoa baldintzatzea lortu zuten neska-mutil horiek.

        Aitziber Perez auzipetuak honela hasi zuen bere deklarazioa: «Ez diet erantzungo ez fiskalari ez herri akusazioari, haien helburua euskal gazteria kriminalizatzea delako». Zazpi aldiz errepikatu behar izan zuen esaldia, itzultzaileak ez ziolako ulertzen. Abokatuaren galderaren bati «bai» erantzun zion Perezek, eta itzultzaileak «mal» itzuli...

        Abokatuak protesta egin eta itzultzailearen gaitasun eskasa salatu zuenean, «Bihar ekarriko dut euskara titulua, nahiz eta pixka bat herdoilduta dagoen» erantzun bide zuen itzultzaileak.

        — Burdinazko txaparen baten grabatuta edukiko zuen delako titulu hori; horregatik herdoilduko zitzaion —bota dit albotik nire zirriborroen zaindari dagoen Mariok.

        Eta Auzitegi Nazionalean epailea sutan, garrasika ere bai tarteka, «gaurko gazte txoroak» ezin zituelako atera euskararen territorio libreko lubakietatik. Ikusi nahiko genituzke zenbait euskaltzale eta euskaldun ospe handiko, gazteok txorotzat jotzeko bezain zentzuduntzat dituztenak euren buruak, hamar-hamalau urteko kartzela zigorra mehatxutzat dutela tribunal baten aurrean, eta jakin nahiko genuke trantze horretan euskarari eustea aginduko ote liekeen euren zentzuduntasunak, edo epailearen hizkuntzan ekingo ote lioketen defentsa zuhurragoaren izenean.

        Teoria eta diskurtso handiosoak dotore geratzen dira egunkari eta aldizkarietako artikuluetan, luzimendurako elkarrizketa eta hitzaldietan... Baina Xenpelar handiak aspaldi esan zuen sutan jartzean frogatzen dela nolakoa den heltzea.

        — Gaztea al da Kepa Saratxaga —galdetu dit Mariok.

        — Bai, niri hala iruditu zitzaidan behintzat.

        Ertzaintzak atxilotu zuela esan zigun, eta era guztietako txakurkeriak egin ondoren Madrilgo Auzitegi Nazionalera entregatu zutela.

        Hurrengo egunean kondukzioa genuenez, goizean elkar ikusitakotan amaitu genuen berriketaldia urtarrileko gau hotz hartan. Ohean sartuta, hotzagatik lokartu ezinik, galeria berean ateren bat ireki eta ostera itxi egin zutela sumatu nuen berandu samar. Goizean, Jon, Kepa Saratxaga, Joseba Garmendia eta laurok topo egin genuen galerian. Presakako agurrak eta berriketak erabili genituen amerikanetara bidean —aurreko aldea burdinazko barraz itxitako zeldak dira amerikanak—, han gosaltzen genuen bitartean. Laurok kartzela banatara gindoazen...

        — Horrelakoak izaten dira askotan gure ezagutzak eta agurrak, leihotik leihora edo amerikana edo furgoiren batean presaka egiten direnak —diost Mariok.

        Kartzelen zirkuituak osatzen duen labirinto honetan gabiltza, irteera asmatu ezinik, eta beti irteera horixe ageri zaigula ametsetan.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus