Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Hauteskunde iragarkiak

 

Zuek ez al duzue botorik eman behar? —galdetu digu sarritan arrimatu ohi zaigun madrildar txikiak.

        Telebistan ikusi omen du Parlamento Vasco-rako hauteskundeetarako publizitatea. Adarra jotzea du denborapasarik gustukoena, aldarte onez dabilenean behintzat, eta oraingoan ere horretan ari ote den begitandu zait. Hauteskunde aldian gaudela ondo jakin arren, ez baitut ikusi halako iragarkirik telebistan. Ezer esan gabe, telebistari erreparatu behar diodala, egin dut neurekiko.

        Ziegan nagoela ikusi dut. Euskal Herenerako hauteskunde kanpaina; botoa ematera joateko deia gazteleraz, eta pantailaren ertz batean gormutuentzako zeinuen bitartez mezua bikoizten. Gazteleraz bakarrik dakitenek ulertu dezakete mezua, gure madrildar txikiak legez. Eta gormutuek ere ulertuko dute. Gormutuena zeinuera edo adierazpide unibertsala ez bada ere oso zabala da, gainera, eta pentsatzekoa da ia gizadi osoarentzako mezua dela hauteskundeotarako deia. Euskal gormutuentzat ere bai, eta euskal erdaldunentzat; baina euskal euskaldunentzat...?

        Hauteskundeak euskal herrialde batzuetan izan eta mezua erdaldunentzat eta gormutuentzat aldarrikatzea... gure herriko politikagintzaren argazki-karikatura polita iruditu zait. Euskaldun elebakar ginatekeen edo litzatekeen euskal herritarrik ez du kontuan hartu ere egiten Eusko Jaurlaritza deritzan horrek. Erdaldun ez direnak gormutu direla alegia, eta kito. Euskaldun izan eta euskaraz bizi nahi dugunoi gormutu izateko gonbit lausoa egiten ariko zaizkigu beharbada.

        Euskal Telebistak iragarkia euskaraz egiten duela erantzun diezadake agian norbaitek. Hasteko, ez dakit horrela ote den edo ez. Urte asko dira euskal telebistarik ikusten ez dudala, ez da ikusten lurraldeotan. Kartzelan euskaldun asko dago urte luzeetan euskal telebistarik ikusi gabe, egundo ikusi ez duenik ere bai: Gatza, Elur-Txuri, Magila, Gau-Txori, Xanti...

        Euskara dela euskaldunon territorio libre bakarra, esan zuen poetak, eta egia da. Sevilla IIko kartzela datorkit gogora. Aljerko elkarrizketak eten zirenean eraman gintuzten hara Herreratik, eta bi modulutan sartu gintuzten. Patioan, denok elkartu eta batzarra egiten hasi gara. Hango kartzeleroak berriak ziren guretzat, eta gu ere bai haientzat. Presoak patioan modu hartan pilatzen ikusita, berehala atera ziren bi kartzelero; korroa eginda batzarrean geunden lekura hurbildu ziren, zer entzungo. Dena entzuten zuten, jakina, baina ulertu tutik ere ez. Andaluziako lautadan geunden, Sevilla IIko basamortuan, tribua ospakizunen baterako bildu ohi den moduan, korroan, gure territorio librean. Geureari jarraitu genion, ondoan genituen kartzeleroei jaramonik egin gabe, enoratuz. Alde egin zuten azkenean, gormutuen zeinuketan ari izan bagina bezala.

        Edo Valdemoro datorkit gogora, edo Bonxe, bi euskal preso ziega banatan. Leihotik leihora ari dira berriketan, ozen. Behean, leihoen parean baina presoek ez ikusteko moduan, kartzeleroa dago zer entzungo. Eta entzun entzuten du preso bien jarduna, baina ulertu ez. Alde egin du halako batean, barbaroen berriketatik ezertxo ere ulertzen ez duelako zapuztuta.

        Telebistari ezarri diot berriro arreta. Beste iragarki bat, hauteskundeetan botoa emateko. Igerilekura jauzi egiten duten andra-gizonak; gazteleraz ari da off-eko ahotsa. «Mójate» esaten du apirilaren 17ko hauteskundeez. Beste kate batean ere ikusi dut, gazteleraz eta gormutuen zeinukeraz.

        Gormutuen zeinukera agertzen zait ametsetan ere, mezu ezkuturen bat deskodifikatu nahi balit bezala. Hauteskunde nahaspilatsuak dira datozen hauek, aurrekoak eta haien aurrekoak baino areago agian. Direnak eta ez direnak ilegalizatu dituzte, eta ilegalizatu ez dituzten batzuk ere mehatxupean daude. Gormututu ez dakit, baina mututu egin nahi gaituzte gutxienez. Horrexegatik, euskal gizartearen sailkapen berritua ikusita, mututuontzat territorio libre berri bat osatzen hasi da Eusko Jaurlaritza hau, hauteskunde kanpainako mezuak gormututuon zeinukeran hedatuz.

        Hauteskundeetarako iragarkiak ikusi al dituen galdetu diot donostiarrari, goizeko kafeek efektua egina izan behar diotela iruditu zaidanean, eta baietz, ikusi dituela berak ere.

        Bai politikari katalanak eta bai galegoak, PP, PSOE eta gainontzeko alderdietakoak, katalanez edo galegoz aritzen direla telebista kameren aurrean, baina Euskal Herrikoak gazteleraz egiten dutela esaten diot.

        — Baina gu beti izan gara kosmopolita samarrak —hasi da, eta horrela hasten denean ezin izaten diot lehen kolpean igarri benetan ari den edo adar joka.

        Jarduna besterik ez da izaten hori batzuetan, burutazioen jolasa, umore mikatza aldetik astintzeko modua, patioan joan-etorrian gabiltzan bitartean.

        — Itsuentzat ez duela balioko gormutuen zeinukerak —esan diot Mariori

        — Baina gazteleraz jakingo dute euskal itsuek.

        — Eta itsu hori gormutua balitz gainera?

        — Euskaraz egiteak ez luke ezer asko konponduko orduan.

        — Gormutu itsuei ere gaztelerazko iragarkiak egingo dizkiete Eusko Jaurlaritzatik.

        — Ez, braille sistema dago gormutu itsuentzat.

        — Euskara norentzat da orduan?

        — Museoetako zuzendarientzat, artxibategietarako, erdaraz idazten duten euskal idazleentzat, bildumagileentzat...

        — Gauza inportanteak adierazi nahi dituztenean, erdaraz aldarrikatzen dituzte mezuak euskal instituzioek. Edo gormutuen zeinukeran.

        — Erdaldunek euskaraz ez dakitenez eta euskaldun guztiek edo ia denek ulertzen dutenez erdaraz, zertan aritu gauzak konplikatzen?

        — Konplikatuak garelako izango da, ezta?

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus