Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Le martyre d'un peuple civique

 

Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujo onik irten ziren Bartzelonatik Parisera bidean 1937ko hondarrean izan zuten auto istriputik. Handik egun gutxitara Frantziako eta munduko prentsaren aurrera agertuta, Lehendakariak larritasunez salatu zuen matxinoen Erregimen berriaren errepresioaren ankerra. Alboan zituen Irujo bera, Leizaola eta Monzon:

        «Accompilssant un devoir de conscience, je romps le silence pour dénoncer à l'opinion de tous les pays, gráce à votre amabilité, la cruelle persécution dont sont actuellement l'object mes compatriotes, en Pays Basque. Je ne peut me taire car la répression atteint un caractère tragique. Les rebelles; non satisfaits d'avoir détruit notre pays, veulent l'exterminer en massacrant sa jeunesse».

        Agerkari berean, zortzi hilabete geroago, Agirrek azpimarratutako errepresioaren datu xeheak aletu zituen «B.B.»-k sinatzen dituen artikulu sailean:

        «...Euzko Deya-n (89.ean) ikusi genuen bezala, erakutsi zuen Agirre jaunak, nola atxilotuak, goseak hilik eta hotzak hilik, aurkitzen diren. Anitz aspaldi heriotzerat kondenatuta gero, han dauzkate, luzaroan, noiz hilko, noiz ez hilko, pentsamendu samingarri hartan beti sufritzen...

        «Izan ere, guduketarik ezin zatekeen, ez Iruñean ez Nafarroa osoan; Franco-tarrek, beroien politika alderdietako ez zirelako bertze gabe, hil baitzituzten, aste-astetik, milaka eta milaka lagun (Apeztegia-ko esne-saltzaileak, berak bakarrik, 500 baino gehiago hil zituela erraten du harro-harro).

        «Bizkitartean, eta 22 hilabete iraganak direlarik ere, badira orainik Iruñean 3.500 preso eta atxilotu. San Kristobal deitu gazteluan dauzkate preso; eta gaztelu hau, Espainiako kazeta orok aspaldi errana dutenez, gizonendako ez ezik abereendako ere ezta aterbe egokia. Direlako 3.500 atxilotu horiek, janari guti eta janzki gutiago dute. Beraz, gaztelu zatar eta hotz hartan bizi izateko, ez dute indarrik atxilotu gaixoek, eta horien osasuna irrisku haunditan agertzen da...

        «Bada han ere (Gasteizen) presorik eta atxiloturik ugari; karmelotarren fraide etxea ere presondegi bihurtua baitute. Fraide etxe horretan, 800 atxilotuz goiti agertzen dira beti, 50 gela (ganbara) ta horien inguruetan nolabait sartuak. Guztientzat bi behartoki (serbitze) eta gernutegi bat baizik ez dituzte. Denbora luzean, gau guziez, bospasei atxilotu aterarazten zituzten presondegi hartatik, fusilatzeko. Zeregin hits horren egitean, azantza eta zalapartaz, fraide etxe hartako jende guzia iratzartzen zuten, atxilotu eta fraide.

        «Ondarreta (Donostia) deitu presondegiko gela eta ganbara hitsetan, sartu-atera eginarazi diote Gipuzkoako elizgizon talde haundi bati; eta anitz dira (herrigizon ala elizgizon, gazte ala zahar) handik, gau-erditan, fusilatzeko aterarazi dituztenak. Orain berean, Franco-ren menpean 20 hilabete iraganak direlarik, Ondarretako presondegian badira 800en bat gizon eta 200en bat emazteki, tratu gogorrenaren azpian. Presondegi hartako buruzagiordea gizon zital eta bihotz gabea da: bi errekete lagun dituela, atxilotu guziak saminduak eta ostikopetuak ditu...».

        Beste leku askotan legez, Donostian ere txikiegi geratu zen Ondarretakoa, eta beste leku batzuk moldatu behar izan zituzten atxilotuentzat. Zapatari etxea baliatu zuten; 150 lagunentzako lekua zegoen han, baina 600 preso inguru eduki zituzten, 60-70 urte ingurukoak asko. Itsasgizonak ziren hemen zeuden gehienak.

        Ez zuten etzangarririk eta estalkirik, eta elikagaia oso eskasa. Larrinagako 3.000 inguru presoak antzeko baldintzetan zeuden; senitartekoek eramaten zituzten estalki eta lastairak sartzen ez zuten uzten agintariek, ez zegoelako haiek ezartzeko lekurik. Larrinagakoaz gain, beste sei-zazpi egoitza erabili zituzten presondegi moduan, Deustuko Unibertsitatea eta Upomendi itsasontzia barne.

        «Presondegi hori (Santoñako El Dueso) 427 lagunentzat egina da, 3.200 inguru direla erran dugu. Ohe-estalkirik ere ez dute, ganbara batzuek badute eletrika-argia, baina gehienek ez dute argirik ematen. Goizeko 9etan eta arratsaldeko 4etan, 10 minutu ematen zaie atxilotuei, iroldegirako eta garbitegirako.

        «Gosaritarako, baso tiki bat bete kafe-esne, ogirik gabe; kafe-esnea izenez, baina izatez ur zikin poxino bat hauts-esne pixkatez nahastuta; bestalde, zurrut-garri hori hotz-hotz ekartzen baitute, nehork ezin izaten du iruntzi. Bazkaritarako, bospaseina garbantzu ale eta ogi tiki bat, hau egun guzirako. Afaritarako, esku bete lentexa edo ilar-gorri (babarrun), baina lokarri zatiz, arrez eta txomorroz nahasi.

        «Zerengandik gosezko tratu hori? Bi gauzengatik: Lehenik: Franco-tar zaintzaileen burukeriarengatik. Bigarren: hiltzea nahi lituzketen atxilotuak berez hil daitezen, guziak indarrez hiltzea atzerritarren eskandalugarri bailitzateke.

        «Atxilotuak, gau eta eguneko 24 orenak beren ganbara etsietan iragan behar izaten dituzte, goizeko atera-aldiaz landa. Atera aldi hori, oren bat eta erditakoa izan ohi da, baina ez guziendako, aldizka (egun batean erdiak eta bestean bertze erdiak) egiten baitute; euri-egunetan ezta horretarako aukerarik. Badira 200en bat, janari txar eta urriz, urdail-eria harrapatu dutenak. Haize-lasterrak eta soinekorik ezak, ubileria (erreumatismoa) ugaritu dute atxilotuen artean, bai eta idorberia (bular-galtzea) ere.

        «Atxilotu orok sufritzen dituzte larru-eriak; hasten bi-aldizko haragikiak sorrarazten diela uste. Badira 300 ezkabia (sarna) dutenak... Eta oro zorriz josiak direla, ezta erran beharrik. Eritegiak, 70 lagunendako tokia du, baina badira han gutienik 150 eri.

        «Atxilotuak arin-arin jujatzen zituzten, eta ez banaka, aldiko 40 edo 50 baizik. Banakazko jujamenduak, guti-gutitan egin izan dira. Egiki, Laredon berean, ez dute noski atxiloturik hil; baina Santoñan eta Bilbon hil dituzte, Laredoko atxilotuetarik bat baino gehiago, 10 baino gehiago, 100 baino gehiago.

        «Orai arteo, badira 300ez goiti hil jakinak. Eta horien artean ez ditugu kontatzen bertze lagun anitz (1.000 inguru) promenatze («paseo») bidez Bizkaian hil dituztenak.

        «Urriaren 15 garrenean han hil zituzten (Santoñan): Eskual-maitatzaileetarik, Azkue, Markiegi, Zabala, Otamendi, Markaide eta Ibarbia.

        «Bertze hiltze-aldia, Dueson, urriaren 28an egin zuten. Presondegi hartako Guardias de Asalto deitu zaintzaileek, zigorkatze (ukalditze) aberetiarrez kastigatzen zuten Galicia-tar burutik egiten zuen gaixo bat. Bertze atxilotu batzuek oihu egin zuten salbaikeria horren kontra. Orduan Guardia haiek eta presondegiko zaintzaile-buruak, hasi ziren errebolderez tiro-tiroka, presondegiko jendearen izutzeko, atxilotu guzien hiltzen ari zirela baitzirudien. Gau horretan atera zituzten 42 atxilotu eta fusilatu zituzten. Fusilatuen artean baziren bortz euskaldun».

        Agirrek Parisen hainbeste xehetasunik gabe eman zituen kartzeletako datuak, eta nazioarteari begiraletza eta arartekotza galdatu zizkion. Ez zedila mundua horren soraio agertu herri baten sarraskitzearen aurrean:

        «Nous faissons appel au témoignage des personnes impartiales qui ont visité notre malhereux pays et à tous ceux qui ont connu notre génerosité démontrée par l'ouverture des prisson et la liberation de plus de trois mille prisonniers.

        «Por contre, la vie des prisonniers basques est horrible. Ils vivent entastés, mal nourris, remplis de maladies qui provoquent souvent de décès».

        Gertu dago Agirre egiten dituen baieztapenak inoren aurrean egiaztatzeko, edozeinen juzkura jarriz, hoztasun handienaz aldera zitezen Jaurlaritzaren eta Francorena jokabidea gatibuekiko. Eta hauek izan ziren Parisekoan Agirreri jaso zizkioten azkenak:

        «Dans les temps présents, on ne peut admetre le martyre d'un peuple civique».

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus