Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Helegiteak

 

Bisitatik bueltan gatoz Mario eta biok igande arratsaldean, bisitariek esandakoak aipatuz modulura bidean. Kartzeleroak ez du atzera geratu nahi nonbait eta parean jarri zaigu. Zerbait esan du, baina geureari jarraitu diogu hari jaramonik egin gabe.

        Berari kasorik ez eta euskaraz ari garelako zerbait esan duela iruditu zait berriz ere, baina ikusezina balitzaigu legez segi diogu geureari. Ezagutzen dugu lehendik, eta badakigu demokrata porrokatua dela, Angel Figeroak esango lukeen moduan esateko.

        Alde horretatik arrakastarik ez duela ikusita, geu baino pauso bat aurrerago jarri eta futbolaz egiten digu aipamenen bat, talde euskaldunen baten partidu garrantzitsuren bat hastear dagoela edo... Futbola. Edozein lekutakoa izanda ere, ez gaituela asko arduratzen esan diogu.

        — Zuek esku pilota nahiago izango duzue, jakina.

        — Tira...

        — Neu ere aritua naiz inoiz, eskolan-eta, baina eskuak mintzen zitzaizkidan eta utzi egin nuen —jarraitzen du kartzeleroak batere eskatu gabe azalpenak ematen—. Esku-baloian hasi nintzen gero, baina ez nintzen...

        — Beste frakaso bat —lagundu diot azalpena zehazten.

        — Bai, tira, frakasoa... ez nintzen oso ona kirolerako.

        — Eta orain hemen —eman diot haria, animatu nahian.

        — Bai, hemen, lana behar... —agortzen ari zaio berriketarako gogoa.

        — Eta oraingo hauxe hire frakasorik handiena —errematatu dio Mariok moduluko atera iristen ari garela—. Baina kartzelero izaera ongi doakizue espainiarrei.

        — Beno, Artola, zu beti berdin...

        Moduluko atea zabalik aurkitu dugu eta bizkor ihes egin diogu barrura, hor geratu da bere kontuekin.

        Ekonomatoan hartu kafe bana eta patiora goaz. Ez da udazkena, baina udazkenetakoa dirudien hego-haize epela dabil. Gure paseoa gozatzen du hego-haize honek, baina etxemina sartzen dit hezurretaraino: atariko lizarra ikusten dut, aurrean daukadan hormaren ordez...

        Gure historiaren idazketa nola doan edo zertan den galdetzen dit Mariok halako batean. Zuzen edo oker, ari gara gure egiteko hau azkentzen. Ez dakigu ezertarako balio izango ote duen gero, edo beste inork irakurriko duen, baina hainbat gauza eta historia txiki ikasteko edo gogoratzeko balio izan digu geuri, eta hori ere bada zerbait. Barreak egiten ditugu ordeganagailuen gorabehera gogoratuz, gauzak umorez hartzen ere erakutsi digu elkarlan honek.

        Kartzela honetako zuzendariak badu joera presoan aurrean, moduluz modulu egiten dituen bisitetan-eta, aurpegi aitakoia eta itxura ulerkorra azaltzeko. Ahalegin handiak egiten ditu bere kartzela honi aurpegi moderno bat emateko. Palentziako laburmetraien lehiaketa ere antolatzen du, eta telebista edo zinematik ezagunak diren zenbait aktore ekartzen ditu lehiaketaren hasierako emanaldira. Hein bateko ekimen ahalmena ematen die preso batzuei ere, eta duela gutxi egin dute hemen bertan laburmetraia baten grabaketa. Gaia: kartzela, protagonistak: presoak eta kartzelero jantzitako presoak... Telebista palentziarrean ikusi ditugu grabaketa horren irudiak. Degradazioak hondoa jotzen du batzuetan, mailarik degradatuenera jaitsiz. Espetxeko zuzendaria imajinatzen dut irudi horiei begira, zirku eromatarretan Zesarra legez.

        Moduluko kortxoan, iragarki, agindu eta abar ezartzeko baliatzen duten panelean, urte amaiera guztietan ipini ohi dute orri bat, zuzendariak sinatuta, presoei urte berri on eta zoriontsua opaz, presoon gurari eta ametsik onenak urte berrian bete daitezela desiatuz zuzendaritzaren izenean.

        Aurreko urte amaieran ere ipini zuten, jakina. Aukerak ez direla galtzen utzi behar eta instantzia bana bidali genion zuzendariari Mariok eta biok: «Zuzendaritza horrek moduluko iragarki taulan ezarri duen orria irakurri ondoren eta urte berrirako gure amets eta gurari onenak bete daitezela opa digunez, jakinarazten diot ordenagailua erabili ahal izatea dela urte honetarako daukadan amets eta desio onenetako bat eta hori betetzea espero dudala, baldin eta zuzendaritza horren desioak guztiz hipokritak ez badira».

        Hilabeteak igaro dira eta instantziak ez du erantzunik izan. Eskuz jarraitu behar.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus