Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Gaztanbera

 

Igande goizean amaitu dugu gose greba, oraingoa behintzat, eta hasi gara jaten. Soin-figura triste eta guzti animoso goaz, irribarretsu, arratsaldean senideekin dugun ikusaldira. Etxekoen begiradak sumatzen ditut, eta kideen senideenak, kezkati, jakinguratsu.

        Urez elikatu garen egunetan, bankete handiak prestatzen eta jaten aritu gara. Untxiak, babarrun lapikokadak, zortzirentzako adinako flanak eta tartak... denak prestatu eta gozatu ditugu, ur garbi-garbia besterik sartu ez dugun bitartean. Azken egunetan, hala ere, plangintza apur bat egin dugu, errekuperazioa nola egin, zer janarirekin hasi...

        Noizbaiten esan nion Mariori gaztanbera dudala atsegin, eta neuk egin izan dudala inoiz. Esan banion esan nion! Aurrez bagenekien noiz artekoa zen gose greba, eta jaten hasten garen egunean gaztanberarekin gosaldu nahi du. Gustura hartuko nuke neuk ere, errekuperazio on baterako aholku eta protokolo guztiak pikutara bidaliz. Baina ez daukagu gatzagirik, eta esnea mamitu ezean alferrik gabiltza.

        — Zer baserritar edo zer artzain modu zara zu? Gaztanbera egiten badakizu edo ez dakizu? —esan dit halako batean—. Hainbeste propaganda gaztanbera horrekin, eta orain, justu horixe behar dugunean, horrenbeste aitzakia?

        — Baina esnea mamitzeko gatzagia behar genuke, eta... —hasi natzaio, baina halako arrazoirik ez du entzun ere egin nahi.

        — Gaztanberarekin gosaldu behar dugu igandean.

        Ostiral eguerdian ekonomatoko leihatilara joan, eta bertan aritzen den palentziarrari esan diot berotu dezala litro bat esne, sagar-mahats zuku apur bat bota diezaiola ondoren, eta uzteko hozten, ea mikaztuta bada ere mamitzen den. Afal ordua baino lehentxeago bueltatu gara ekonomatora. Zaporea aldatu zaio zertxobait baina izaera ez. Edangarria ematen du, eta inola ere ez gaztanbera egiteko modukoa.

        Limoiak eskatu dizkiot palentziarrari orduan. Ez daukala. Galdezka ibili gara jo goiak eta jo beheak. Modulu osoan inork ez dauka. Mario albotik, igande goizean gaztanbera nola jango dugun deskribapena egiten ari zait. Zerbait lortu ezean, gaztanberarik ez dugula jango eman diot aditzera.

        — Pentsatzen hasita nago arrastorik ere ez daukazula nola egiten den gaztanbera. Ez badakizu, esan eta kito, eta ez niri gehiago erronkarik jo.

        Labadora handi horietako batean sartu, eta zentrifugatuan doratu on bat emango nioke batzuetan ñoñostiar honi, baina ez diot ezer esan.

        Lehen berotu duen esneari ozpin txorrotada bat botatzeko esan diot ekonomatokoari. Handik ordu erdira itzuli gara eta ematen du asmatu dugula azkenean! Esnea ez dago mamituta, baina papurtzen hasi da. Beste zazpi litro esne berotu, ozpin neurria bota, eta bihar goizera arte uzteko eskatu diot.

        Larunbat goizean lehenbiziko lana, ekonomatoko leihatilara goaz zuzenean. Erakutsi digu esnea eta... ezer ez! Edangarria eta ederra dago itxura batera.

        Sukaldera gosari bila doanarengana jo dugu, kakeriarekin larri dagoela bat, eta ahal dituen limoi guztiak ekartzeko. Bi limoikume dakartza bueltan. Zukua bi litro esneri bota eta epelean uzteko esan diot palentziarrari. Esnea mamituta ez badago eguerdirako, bihar ez dago gaztanberarik. Ezer lortu ez eta ekonomatoko tipoa nazkatu behar dugu azkenerako. Eta bien bitartean beste hau isildu ere egin gabe, bihar goizean gaztanbera nola jango duen deskribatzen hortzak izerditan dituela.

        Patioan ibili gara paseo urdurian eta laster gara leihatilan gure esne kutunaren galdez. Esneak, errime, bere horretan dirau, zukuak, ozpinak eta limoiak gora behera. Katilu erdi bat esne ipini eta koka kola apur bat bota arazi diot palentziarrari, etsipenezko burutazioan. Gutxi egin du katiluko esnea kaka koloreko gauza higuingarri bat bilakatu denerako. Ondo dago, zer ez dugun egin behar badakigu orain.

        — Eta esnea kafeteran topera berotu eta berehala izozkailuan sartzen badugu, eta hozten denean berriro berotu eta ostera izozkailuan sartu? —proposatzen digu ekonomatoko mutilak.

        Etsita nago; berdin zait zer bero eta zer hotz ematen dion esne horri. Egiteko froga esan diot, eta patiora goaz... Goiza ahalik eta arinen igarotzea, beste gauzarik ez dut dagoeneko buruan, ziegara igo eta ohe gainean etzan ahal izateko. Enfermeriara deitu digute, eguneroko kontrola igarotzera. Hara iritsi garenean, kartzelero mordoa, zerbitzuburua... ezpainetatik odola borbor darion preso bat... Aurreko batean beste preso bat ikusi genuen burua odoletan. Ziegako goiko ohatila erori eta bete-betean jo omen zuen... Egunero daude liskarrak, gero eta gehiago. Matrakak ohikoak dira, ongi zorroztutako burdin-ziriz, plastikozko labana zorroztuz... Huskeriarik handienagatik, gauzeztankeria txepelenagatik hasten dira gehienetan. Sargoria sentitzen den bezalaxe sentitzen da batzuetan tentsioa moduluan.

        Txanda iritsi zain gaudela, mairu bat igaro zaigu ondotik. Parera iritsi aurretik begiratu dit, ezagun edo kide bila dabilenak begiratzen duen tankeran. «Salam aleikom», agurtu nau, eta Mariori jaramonik egin gabe joan da. Bizar honekin, txanoa belarriak estaltzeraino sartuta dudala... erkidetzat hartu nau. Ederrak gaude gu, bertso afaritara joateko!

        Odolaren azukrea, pixaren analisia, tentsioa, pultsua, pisua... hartzen dizkigu erizainak. Zazpi kilo galdu ditut, eta Mariok bederatzi inguru. Gantz apur bat bazeukan honek, galtzeko ere. Enfermeriatik bueltan patiora goaz zuzenean.

        Jendea bazkaltzeko zain dagoenean arrimatu gara enegarren aldiz ekonomatoko leihatilara.

        — Egina dago —bota digu palentziarrak, ikusi gaituenean.

        Erakutsi digu, eta egia! Balde batean dauzka gure esneak, gazura gainera eta mamia ondora. Zoratzen nago; baldekada hartu eta ziegara noa, bazkari ederra egin izan banu bezain airoso harmailetan gora. Ziega ixten dutenean, horretarako erabili izan dudan telazko zakua hartu, bertara bota baldekada osoa eta dutxan ipini dut zintzilik. Lokarri batzuekin lotu dut zakua, labean erretzerakoan solomoarekin egiten den legez, forma luzanga emanez gazura errazago bota dezan.

        Miraria gauzatu zain errezuan ari den fededuna nola, halaxe nagokio begirik kendu gabe, gure bizigarri bakarra hortxe bageneuka bezala. Gazura isuri eta edukia trinkotu ahala, lokarriak estutzen dizkiot.

        Gauean, afalorduaren ostean ziegara igo garenean, dutxako altxorrean ditut begiak eta itxaropena. Goizeko lehen ordu txikiarekin etzan naiz, zakuari azken estutu bat emanda. Loa arina izaten da gose greban zaudenean, eta komunera joan-etorriak ugariak; ura edan eta ura egin. Lau t'erdietan jaiki naiz txiza egitera, eta beste estutu bat eman diot dutxako zakuari. Ohean etzan naiz ondoren, baina loa ez dator gehiago, aspertuta jaiki egin naiz seietan.

        Lau mandarinarekin zukua egin, ezti apur bat bota eta ura gehitzen diot. Barauaren ondorengo lehen trago zaporedunak berehala dakarkit gose greba guztien ondorengo sentsazio atsegina.

        Altxorra biltzeari ekin diot: lokarriak kendu, zakua harraskan ipini, eta koilararekin gaztanbera atera. Aurrez prestatuta dauzkadan ontzietan jarri dut gaztanbera, lan mantsoan, papurrik txikiena ere jasoz. Halako batean zakua hutsik dago, eta ontziak beteta, ekonomatoko palentziarrarentzat eta geuretzat nahikoa. Habemus gaztanberam!

        Erabilitako zaku, lokarri eta gainerakoak garbitu, eta dutxa hartu dut. Zortziak eta erdietan ateak ireki dituztenerako prest nago. Laster etorri zait Mario ziegara. Ez dauka ezer galdetu beharrik, badakit zer nahi duen. Egunonik ere ez dit eman erakutsi diodan arte.

        Patiora jaitsi, apur bat paseatu, eta mahaira goaz, kafesne bana hartuta. Patriofiliotan ibili gabe demandaderotik erositako ogi xerra erreak gaztanberaz bete, mermelada apur bat bota gainean, eta jan... «Merezi izan du» diot lehen mokaduan neurekiko, eta ñoñostiarrari begiratu besterik ez dago gaztanbera ona atera zaidala jakiteko.

        — Hau bai gosaria —dio Mariok, bete garenean—. Hurrena ere egin behar dugu.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus