Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Fusilatuen hitzak

 

Heriotza zigorra gainean zuten presoek azken egunetan edo azken orduetan idatzitako eskutitzen transkripzioak makinaz eginda daude «Abertzaletasunaren Agiritegia»-ren zigilua daramaten paperetan. Transkripzio eta agiriok erdaraz daude erabat, gauza garrantzitsu guztiak erdaraz esan eta idatzi izan ditugu beti euskaldunok.

        Santoñan edo Laredon atxilotu eta heriotza zigorra ezarri ondoren, zigorra betetzeko Bilboko Larrinagako kartzelara eraman zituztenen eskutitz asko ditu bilduak Sabino Arana Fundazioak.

        Preso askok, fusilatzera ateratzen zituzten gudariekin batera Larrinagako kartzelan zegoen Juan Ajuriagerrari zuzendu zioten azken orduko eskutitza. Bera ez zuten goizalban Derioko kanposantura eraman. Deriora ordez, Burgos, Toledo, Linares, Sevilla, Cadiz eta Las Palmasko kartzeletatik igaro zen, eta 1943an atera zuten.

        Dramatikotasun eta hunkitzeko indar handiko hitzak dira testuotan ageri direnak, etxekoei, burkide politikoei eta beste preso eta lagunei idatzitako hondarreko mezu eta nahiak dira. Hilburukoak dira; burkideei animo hitzak eta dituen ondasun apurrak uzten dizkiete, borrokari eusteko eskatuz:

        «Ez dut mendekurik nahi, anaia maitea. Oso zinez maite dugun asmoaren alde gogor eta sutsuki lan egitea da eskatzen dizudan mendekua. Ez itzazu utzi gure gurasoak unetxo batez ere: maite itzazu nik beti maite izan ditudan moduan.

        «Nirekin datoz Olabarrieta, Barrendo, Peli de Larrañaga, Amadoz, Nafarroa ordezkatuz. Gaixo Nafarroa! Gaixo Araba! Euzkadi Gaixoa!

        «Agurtu nazazu ziegako eta Batailoiko lagunez, eta baita Dueson Euzkadirengatik nirekin batera sufritu zuten haietaz. Goratu eta poztu zaitezke, eztitan eta pozik bainoa berarengana» dio Lur Gorri delako batek sinatutako eskutitzak.

        Beste tonu batean ere mintzatzen bazekiten. Jose Maria Azkarragaren ohar honek, anaiari eta lagunei txokolatea bidaltzen die. Txokolate bildukian hiru haur agertzen ziren, nonbait, txokolatearen gozoa irudikatuz:

        «Miserikordiazko lehen eginbeharra da gose denari jana ematea. Horregatik bidaltzen dizuet gosaritarako pakete hau. Horrela ikusiko duzue, gainera, ideal batengatik hiltzen direnak umoreko hiltzen direla.

        «Begira zelan zupatzen duen atzamarra lehen aingerutxoak. Ona behar du izan txokolateak. Harrituta nago ikusirik zein lasai goazen denok heriotzara».

        Esteban Urkiaga Lauaxeta Gasteizen fusilatu zuten, 1937ko ekainaren 25ean, ezagun denez. Azken otoitza izeneko hamalauduna erdaraz idatzi zuen Lauaxetak, Gasteizko karmeldarren lekaidetxeko bere zeldan.

        Ziegara sartu eta atea itxi diotenean, hormei, mahai moduari, harraska aldeari begiratzen dio presoak. Aurretik igaro direnen aztarnak bilatzen ditu presoak ziegan. Hala, Martin Itziar preso azkoitiarrak Ama Birjinaren irudi baten atzean idatzita aurkitu zuen poema hori.

        Justo Ajuria Alava, Sondikako Udaletxeko idazkariaren dokumentu bat baino gehiago gorde dira; kondenatuak azken uneak nola bizi zituen eta presoak nola erabiltzen zituzten ikusteko jakingarriak ematen ditu:

        «...Derion fusilatzen dituztenak eramateko erabiltzen duten moduagatik; gaur goizean ere bat atera baitigute ziegatik. Ez dute denborarik ematen arropak aldatu eta janzteko. Ostikoka ateratzen dituzte, halako une larriarekiko begirunerik gabe, eta dena prest eduki nahi nuke azken hats honetarako, azken sentipen hau fresko eta zintzo iritsi dadin.

        «Gaur arratsaldeko eta gaueko azken orduetako irudipenengatik, ez litzateke harritzekoa hara eramaten banaute, zurrumurru hori baitabil. Aski da sufrikariotik, azkenean hau izateko; ez dakizu zer den egunsentian norbaiti ziegako atea ireki eta pertsonei eta lagunei deitzea fusilatzeko; hobea da hiltzea. Bete dadila Jainkoaren nahia; delirioz maite dudan bizitza errespetatzen badidate prest bainago edozein sufrikario eta samin jasateko, zure eta nire haurren konpainia gozatzeagatik. Jainkoak erabakiko du erabaki beharrekoa. Pozik nago Amelia nitaz arduratzen ari ez bada ere, horrela, eramaten nautenean ez baitut inorekiko gorrotorik gordeko.

        «Agur, bion arima. Emazkiozu mila musu Victorri, mila musu Erroseri, mila musu Juani, eta Mertxeri etortzen denean, jaso ezazu azken agurreko besarkada nire mila miloi musurekin.

        «Zeruan itxaroten zaituztet guztiok nire zorion guztiarekin eta lehentasunezko toki batekin.

        «Adio, agur, agur, adio, agur, agur, agur, agur, adio, adio, agur».

        Derion fusilatu zuten Justo, eskutitz hori idatzi eta bost egunera. Hurrengoa hirugarren pertsonan kontatua dator. Manuel de la Escalera Narezo, Amblard goitizenez sinatzen zuenak idatzi zuen Alcala de Henaresen. Hor ageri den Eymar koronela etorriko da aurrerago ere orri hauetara. Zazpi urte igaro arren kartzeletako leloak doinu bertsua du. Tristeegia da ipuina izateko:

        «Heriotzara kondenatutako bi preso zeuden ziegan —esan zidatenez—, eta atea ireki zietenean, honela esan zion preso batek besteari:

        «— Zure bila datoz.

        «Hura entzunda, honela esan zion guardiak:

        «— Ez, zeu zara; irten.

        «— Ni? —esan zion presoak ostera—. Ezinezkoa da. Konmutatuta nago. Begira.

        «Eskutitz bat atera zuen presoak sakelatik. Gasteizko apezpikuarena zen, eta bertan esaten zion, bere zorionekin, bere erreguei esker indultoa sinatu zuela Kaudilloak.

        «Sorbaldak jaso zituen guardiak.

        «— Epailea ikusi nahi dut —presoak.

        «Eymar koronelak ere sorbaldak jaso zituen, eskutitza irakurri ondoren.

        «— Fusilatzeko agindua daukat.

        «Harrituta zegoen presoa.

        «— Bost minutu emango al dizkidazue?

        «Eman zizkioten, baina zainduta.

        «Ziegan, edalontzia eta hortzak garbitzeko zepilloa hartu zituen, eta mantso, oso mantso, hortzak garbitzeari ekin zion, hormari begira. Minutu batzuk geroago itzuli, zepilloa eta hustu gabeko edalontzia utzi, eta esan zuen:

        «— Nahi duzuenean».

        Hortzak azken aldiz garbitu zituen presoa, Antonio Gil Isturiz zeritzan, Iruñean irakasle izana, 1944ko urtarrilaren 5ean hil zuten.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus