Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Distantziaren faktoriak

 

«Goiz hartan seiak inguruan jaiki nintzen, lanera joateko... zakurra sumatu nuen zaunkaz, eta linternak ikusi nituen etxe inguruan... Sarekada handi bat zenez, etxe askotara joan ziren GAL zela eta, geu babesteko neurri bat zela esan ziguten. 1984ko urtarrilaren 10ean izan zen hau guztia. Larrun elurtuta zegoen, eta ni neguko janzkiekin».

        Hendaiako PAFen (Mugetako polizia) komisaldegira eraman zutela kontatzen du Txutxo Abrisketak, eta bertan Mikel Lujua, Karlos Ibarguren, Peio Zaharrarekin-eta topo egin zuen. Handik Angelura eraman zituzten, eta ondoren Pauera. Abioi txiki batean sartu Parisera eramateko eta Parisetik Guadalupera, han 24 orduz eduki zituzten gela txiki batean, berriro aireportura eraman zituzten arte, kamioi batean sartuta. Horraino CRSen esku izan ondoren, Legio Atzerritarraren kargu geratu ziren hegazkinean sartzean, eta Panamara eraman zituzten, baina azken ordura arte nora zeramatzaten jakin gabe.

        1985eko udan atxilotu zuten Angel Aldana eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri. Egun batez hegazkinera igoarazi eta Parisera eraman zuten, han beste bat hartu eta Ekuadorrera. Poliziaren kaserna batean bakartuta eduki zuten 19 egunez. Azaroaren 30ean, Alfonso Etxegarai deportatua zegoen etxebizitzara eraman zuten.

        1986ko urtarrilaren 9ko gauerdi aldera, polizia mordoa sartu zen biak zeuden pisura. Kaputxekin aurpegiak estalita, indarrean eta presaka batean etxetik atera zituzten. Autoan leku ezezagun batera eraman zituzten, eta han polizia espainiarrek galdekatu eta torturatu zituzten. Hego Euskal Herriko etxe eta azpiegituren berri nahi zuten jakin.

        Suntsitzeraino torturatu eta behar zituzen helbideak lortu ondoren, ostera lehengo etxera eraman zituzten biak. Zenbait denboraren buruan Eugenio Etxebeste jarri zuten beraiekin bizitzen. Laster Alfonso Sao Tomera aldatu zuten, hurrena Etxebeste eraman zuten Aljerrera, eta Angel Aldana bakarrik geratu zen, geroago Panamara eraman zuten arte.

        «Uharte honetara iritsi nintzenean —1986ko udaberria dakar gogora Alfonso Etxegaraik—, senideei telefonoz deitzea debekatu egin zidaten, azalpenik batere eman gabe eta bertoko lehendakariaren aginduz. Astebetera, eta oraingoan ere azalpenik gabe, lehendakariaren mandatuz agindu zidaten emazteari dei niezaiola, Sao Tome y Principen nengoela esateko».

        Deportazioaren eta bere egoera pertsonalaren «mapa» osatu nahian ari da. Sorterria, etxea espazioko leku zehatz batean kokatu ahal izateko parametroak zaintzen ari dela egingo nuke. Eta berea latza da:

        «Ez dakit gai izango ote naizen dauzkadan sentipenak, egunerokotasuna, zirrara eragiten duena, politikoa, psikologikoa, abenturazkoa, familia harremanak eta munduarekikoak... hori guztia, eta konfinaturik nagoen uharte honetako nire deportatu izaerari dagokiona zuengana helarazteko.

        «Nire helburua betetzat emango dut, baldin eta deportazioaren aurkako borroka askatasunaren aldeko gatazka garrantzitsua dela sinestarazten badizuet»,

        Etxegaraik paludismoa dauka Sao Tomera iritsi zenetik. Bederatzi urtean 30 bat aldiz eman zion larrialdia, eta egoera berdintsuan jarraitzen du eskutitzean dioenez.

        «Hobi legaletik» kanpo egoteak egoera psikiko eta sozialean eragiten duela, ito egiten duela dio. Inolako nortasun agiririk gabe, errefuxiatu edo herritar nortasun agiririk gabe, estatu interesen arabera haizeak darabilen orbela baino gehiago ez da deportatua. Ez daude pertsona gisa katalogatuak inon, ez dute eskubide zibilik edo demokratikorik. Ez dute ezer.

        «1989ko martxoan hasi zen nire deportazioa, Estatu frantseseko kartzeletan zazpi urte pasa ondoren —dio Patxi Hernandezek—. Zazpi urte horietatik, sei erabateko bakardadean igaro nituen».

        Kalera irten behar zuen egunean, CRSek atera eta kuartelera eraman zuten, espetxe atarian zain zeuzkan senide eta lagunei itzuri eginez. Aljerrera eraman zuten. Aljerko negoziaketak amaitu zirenean bakarrik geratu zen, gainerako iheslariak kanporatu egin zituelako Aljeriak. Aljertik 600 kilometrora, Annaba hirian egon zen 1994ko irailera arte. Sahara inguruko Ghardia hirira aldatu zuten orduan, eta hiru hilabeteren buruan Hassi-Messaoudera, 200 kilometro hegoaldera. Paperik, lanik, dirurik gabe, bizimodu hori inoiz amaituko ote den asmatu ezinik... petrolio ustiaketa leku batean bizitzera behartuta dago.

        «Deportazioan ere hor daude barroteak, eta ez dugu aurkitu horiek ebateko gai den tresnarik», dio Hernandezek. «Eustera, modu iraunkor batean eustera mugatzen da hemengo borroka, baina era pasiboan irauteak jan egiten zaitu azkenean, hil egiten zaitu».

        «Hamaika urte daramagu hemen, eta zinez diotsut Euskal Herria oroiminean dugula bizi garela», zioen Tomas Linazak Cabo Verdeko Praiatik 1996an.

        Idatzita daude historia hauek. Ez genuke lehen idatzitako lerro horien gainean idazten saiatu nahi. Deportazioaren gorabeherak, gainera, deportatuek kontatu behar dituzte inork kontatzekotan.

        Irakurri eta idatzi dugunaren ondoren, irudi batzuk geratu zaizkigu itsatsita, temoso, historiaren lanbroan lausotzeari uko eginez. Mapa mundiaren tiraniari aurpegi eman guran bai, baina... hain urruti.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus