Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

Hiru lagunak

 

«Jolas gaitezen hemendik hogeita bost urtera non eta zertan ibiliko garen asmatzera» epigrafearen pean sailkatuta gordetzen zuen egun haren akordua zen mingarriena Diego Lazkanoren buru-zokoan.

        Xabier Soto kandela baten argitan dago, tarte estuko orrazi nakaratuaz ezkerreko marra markatu eta ilea behin eta berriro lixa-ildokatzen duela.

        — Noizko argi hori, Zeberio?

        — Fusibleak fundituko zituan, zer nahi duk? Hainbesteko arriskua al dik hire tupeak, Elvis? Ez hau utziko egun batean orraztu gabe joanda ere, gizona.

        Adarra jotzen diote elkarri, beti bezala. Kepa Zeberio ohikoan baino berritsuago dago, gainera.

        Lazkano bera atera da eskailerara, badaezpada. Birritan sakatu dio kontaktuari: eskailburuko perkutoreak lehorki klaska egin du, alferrik. Ez dago argirik eraikin osoan. Matxurak eta grebak jeneralak diren garaia da.

        — Begira ezak koadro elektrikoa, ea; hi haiz espezialista.

        Pazientzia galtzen ari da Soto. Laster etorriko zaio neska —«zuek ez duzue ezagutzen», esan die— eta ez du oraindik bere kopeta gaineko olatuaren kiribila gobernatzerik lortu, hain du kalpar harroa.

        — Jakina, koadro elektrikoak niretzat, ezta? Ez adarrik jo, bengaiok! Hik bestelako koadroak bakarrik ulertzen dituk, espresionismo alemaniarra eta... nola zen? Dunlop edo...

        — Duchamp, Zeberio, Duchamp...

        Pentsamendu konkretua eta pentsamendu abstraktua. Ekintzaren eta hausnarketaren arteko betiko gatazka.

        Barrionuevo Barne ministroaren argazkia dator Eginen azalean, Intxaurrondoko kuartela bisitatzen izana da bezperan. Sotok errotulagailu beltzez karikatura egina dio gainetik. Barrionuevoren ondoan «Zaharrak Auxoberri» idatzia du, ministroaren izena euskaldunduz.

        Orwellen 1984 dauka esku artean Lazkanok, eta itzalaldiak jarraitzen duen arren, begiak iluntasunera ohitu orduko, irakurtzen jarraitu du, kaleko argiaren babes zeharkakoarekin bakarrik. Soto eseri zaio ondoan, bere burua orrazteari utzi gabe. Barruan indarra du, jaiotzatiko ekintzailea da. Sumendi nekagaitza, alaia. Gogaikarria ere suerta liteke bere energia soberakina, iraingarria batzuetan.

        — Ochenta y cuatro... Urtebete falta duk. Batek zakik nola bukatuko dugun hemendik urtebetera... Eta hemendik hogeita bost urtera... Non ikusten duk hik hire burua hemendik hogeita bost urtera, primo?

        Laburrak izaten ziren Lazkanoren erantzunak. Kikildu egiten du Soto eta Zeberioren presentziak.

        — Nahiago horretan ez pentsatu.

        — Ba nik asko pentsatzen diat ba: zerikusirik ez Orwellek dioen horrekin. Herrialde libre bat izango diagu eta bizpahiruna emazte igual... Ditxosozko dibortzioaren legearekin hainbeste kalaka... «Emazteak» ere ez, larrua jotzeko irrikaz den emakume sortatxoa... Haiek ere eskatuko ditek eurena, jakina. Eta guk eman egingo zieagu: motxina zurrupatzea gauza ederra duk, batez ere zakila emearen bularretan tente estututa badaukak aldi berean. Neskaren zilborreraino iristen duk isuria horrelakoetan, aluko zukuaren gozoak hire ezpainak bustita. Gorritu egiten haiz ni entzunda, primo?

        Lazkano gorrituta dago, baiki.

        — Ze ezkertiar mota haiz hi sexuaz hizketan hasi eta musu-abrikot jartzen dena? Bai, bazakiat... Kezka intelektualak baretzeko ere bai, izango duk emakumerik, ez iezadak horrela begiratu. Akojonantea lukek larru-jotze intelektualak eta besteak eme berberekin egitea, ezta? Errape intelektualaren joritasuna, nola antzeman, ordea? Gehiegi irakurtzen duk, primo.

        Zozoak beleari ipurbeltz: botila-ipurdiekiko betaurrekoak dituen gizona, Soto, nor eta bera, antzerki-idazle promesa, ispilu parean orrazten edo idazmakina astintzen ez dabilenean irakurtzen ematen dituena gauak eta egunak, Lazkanok gehiegi irakurtzen duela esaten.

        — Eta hori txarra duk?

        — Ez txarra eta ez ona. Iruditzen zaidak jende askok irakurtzen dituen liburuen ostentazioa egiten duela, beste batzuek Marbellan dituzten yateen ostentazioa egiten duten bezala... Burgesen azturak iruditzen zaizkidak biak, zer nahi duk esatea. Ez irakurtzea, baizik eta irakurritakoaren ostentazioa. Ez ote dugu irakurtzen bandoa jotzeko? Esadak egia...

        Lazkanok ez du ezer erantzun, ezta beharrik ere, aurki aldatu baitu Sotok elkarrizketa gaia.

        — Argi hori! Konponduko duk ala ez, Zeberio?

        — Ari nauk ahalegintzen...

        Lazkano aurreko elkarrizketara itzultzen saiatu da:

        — Hogeita bost urte barru... Ordurako seme-alabak hazita izango ditiagu.

        — Nik alabak bakarrik ahal balitz, primo. Alabak bakarrik. Semeak itsustu egiten dituk ikaragarri adin batetik aurrera.

        Ez zen erraza batzuetan Soto adarra jotzen noiz ari zen bereiztea. Alabaina, Sotoren aitortzak harritu egin du Lazkano. Berak ere pentsatzen du lantzean behin etorkizunean, beraz. Bere hizketa-modu harro, probokatzaile, txantxazale eta hanpatua itxura hutsekoa da. Sukaldera sartu da, hala ere, Diego, elkarrizketa areago luzatu baino lehen. Zeberio topatu du bertan: patioko leihotik fusibleak goratu eta argia itzuli da berehala atari osora.

        — Gaurkoz adarra nahikoa jo zioagu Sotori, Lazkano —xuxurlatu dio Zeberiok—. Gainera, izozkailua argindarrik gabe utzi eta atzo ehizatu nituen eperrak alferrik galtzea besterik ez diagu behar.

        Ikasle dira oraindik. Zeberiok aitari egiten dizkion lantxoena da han soldata bakarra. Manifestazioetan korrika ibili eta paskinak bota zale dira. Oihu egiten dute. Gauza askoren atakan sentitzen dira.

        Sentitzen dira eta daude.

 

 

Etxeratu direnerako eperrak lumatuta ditu Zeberiok. Bi balde harraskapean, bata ur hotzez betea, eta ur beroz betetzen ari bestea.

        — Zatozte hona.

        Zeberiok begiak hersteko eskatu dio Sotori. Ia irakiten dagoen baldera sarrarazi dio eskua.

        — Jode!

        — Lasai, hire tupearentzako ona duk-eta! Agoanta!

        — Erotu egin al haiz? Erretzen ari nauk, irakiten zagok!

        Beste eskua hartu eta ur hotzetan jarri dio.

        — Ostia, Kepa! Ze ari haiz?

        — Esperimentu bat duk... Ur beroa daukak batean eta hotza bestean, bai, Soto? Bereizteko gauza haiz, seguru hago ongi dakiala zein den ur hotza eta zein beroa, ala?

        — Jakingo ez diat bada!

        — Baina luzaroan ariketa bera errepikatuz gero hire nerbio sistema erotu egingo lukek eta ez hintzateke gai izango. Azala erretzen ari zaiala irudituko litzaiake, baina ez huke jakingo beroagatik edo hotzagatik den. Jakintzak Txilen horrela torturatzen dutela jendea.

        — Jode, Zebe, hau ez duk Txile!

        — Hori duk hik uste duana.

 

 

Nekez irudika zezakeen Diegok garai hura Sotoren etengabeko antzerkirik, haren txantxa tai gaberik eta haren aldarte jostaririk gabe. Trebea zen imitazioetarako, berehala jabetzen zen jendearen tik, hitz errepikatu eta keinuez —berdin imitatuko zituen mahaiaren bueltan zeuden afaltiarrak, garai bateko irakasleak zein telebistan ikusitako Soltxaga edo Carrillo, Manuel Fraga edo Felipe Gonzalez, Arzalluz edo Idigoras—. Ez zen afalosterik Telediarioan ikusitakoaren berrinterpretazio surrealista egiten ez zuenik. «Pailazoa», esan ohi zion beti Zeberiok, baina hark ere Lazkanok adina barre egiten zuen Sotorekin, zertan uka.

        Ikusmen txarra bezain belarri ona zeukan Sotok. Italiera zipitzik ere ez zekien, baina ama opera-zale amorratua izaki buruz ikasitako aria zatiak abestea gustatzen zitzaion, esaldi solteak, batzuetan kantatu eta beste batzuetan solemnitate handiz errezitatu egiten zituenak, mahaikideak estonatuta utziz. Dozenaka esaldi zekizkien —geroago jakingo zuen Lazkanok aria ospetsuen izenburuak baino ez zirela gehienak—, eta beti aurkitzen zuen une egokia haietakoren bat solasaldian sartzeko: Nessun dorma, lasciate ogni speranza, E lucevan le stelle... Frantses hiztun trebea bazen, zekien frantsesagatik baino areago, bere entzumen zorrotzagatik zen. Ahoarekin eta aurpegiarekin bakarrik ez, gorputz osoarekin hitz egiten zuen frantsesez, erabat aldatzen zitzaion taxua, beste pertsona bat emateraino.

        Miarritzeko bistro hartan, udatiarren babesean eta haiek kamuflaje bezala erabiliz, aspaldiko partez ahate erregosi on bat bazkaltzeko gutizia bete eta hura jatekotan eseri ziren eguna zeukan Lazkanok akorduan. Menua hartu eta Parisko tankerak imitatu zituen platerak eskatzeko; gustatzen zitzaion antzerkia, ez hura idaztea bakarrik. Lazkanok ez zuen sekula ahaztuko nola eta zein modutan puztu eta poztu zen Soto, kamarero gazteak paristarra ote zen galdetu zionean. Poz hori, gu ez garen baina une horretan izan nahi genukeen norbaitekin nahasten gaituztenekoa, gu ez garen eta sekula izan nahi ez genukeen norbaitekin nahasten gaituztenekoak anulatzen gaituen adina harrotzen gaituena.

        Gogoan zuen Lazkanok nola adiskide batek oporretara joan eta zakurra bere ardurapean utzi zion astebetez, Soto bere antzezlan bat amaitzekotan zela —une kritikoan, beraz—. Idazmakinaz jo eta su ari zen bitartean ez zion zakurrak bakerik ematen. Hispano Olivetti zaharraren saka-taka hotsen erritmora belarri eta buru astintzen zituen, lurrari lotutako dantza tribal baten gisako trantzean.

        — Literaturzalea atera zaiguk zaunkaria —bota zion Lazkanori.

        — Musikazalea, esango nikek nik. Hire perkusioa gustatzen, nonbait.

        — Balitekek: Bob Marley ipini zioat lehen eta zoratzen jarri duk. Gloriari galdetu beharko diok, antzezlanean zakurrik behar duen.

        Geroxeago galdetu egin zion Lazkanori: «Hi, zer jaten ditek zaunkariek?».

        Serio galdetzen zuen. Kalekumea izan-eta, beretzat zuen xerra erdi bana ematen zion, gai zen arrautza frijitua eta bertan bustitzeko ogi kozkorrak zakurrari emateko ere, edozein astakeria, ahozapia ere igual jarriko zion, kubiertoak, batek daki.

        Artean iparraldera pasatu gabea, artean bere destinoaren ezjakin, artean Lazkanoren soziologia apunteak irentsi zale —hobby hutsez, esan ohi zuen; bere lagunek ikasten zituzten karreren egarri zen, berea ez zitzaion aski, apenas unibertsitatera azaldu gabe nota altuekin gainditzen zituen filosofia eskolak gutxiegi ziren Sotoren jakin-gosearentzat—.

        Karneta berritzera lagundu behar izan zion Lazkanok egun haietako batean Sotori. Lazkanori oraindik beldurgarri zaizkio karnetak eta pasaporteak ematen dituzten bulegoak, baina 1983. urtean askoz beldurgarriago are. Susmagarriak izan eta atxilotuak izateko arrazoiak zituzten, parte hartua zuten Lemoizen aurkako manifestaldietan, amnistiaren aldekoetan, eta esku hartu, ez oihuka bakarrik. Horregatik zen izutzeko modukoa, nola eta modu bolondresean, zerekin eta norbere fitxa osatuko zuen argazki batekin, hara karneta berritzera joan beharra. Ez zen, inondik ere, trago atsegina kautxuzko zigiluen, tintaren kirats toxikoaren eta fluoreszente hodi txistukarien territoriora sartzea; gorrotagarria zen argindar estatikoak kargatutako aire hura arnastea bera, idazmakinak mokokatzen zituzten hatzen hotsa oro etxeko gozoaren pare egiten zitzaion arren ziurrenik Sotori. Lazkanori, aldiz, oilo ipurdia ipintzen zioten leku haietako gaizkile bilatuenen kartelek, Ducados zigarrokin zanpatu eta kafe zaharminduaren usainak zein aluminiozko artxibategien kirrinkak.

        — Zakurrarekin joan behar al diagu?

        — Zakurtegira goazak, bat gehiago ikusita jabetuko direla uste al duk?

        Etengabeko txantxa haiek, goiz bakoitza, pauso bakoitza, eginbehar arrunt eta gogaikarri bakoitza gozatu eta hari printzaren bat ateratzeko grina estimatzen zion Lazkanok Sotori. Ez zegoen halako jende askorik. Ez zen kontua beti alai zegoenik bera, burumakur egonda ere bere gogo lausoari etekina ateratzeko bezain buruargia zela baizik: ez zion bere buruari ekintzarik eza barkatzen, eta idaztea eta hitz egitea zen Sotorentzat ekintzarik zuzenena. Nobela ibiltaria zen Soto, performance hitza gure artean sasoiko jarri aurretik hogeita lau orduz performer gisan jokatzen zuena, ez agian modu kontzientean, horrelakoa zelako baizik, barrutik ateratzen zitzaion.

        — Ez zigutek zakurrarekin sartzen utziko, Soto.

        — Eta hi haiz Orwell irakurtzen ari dena, primo? Kontrolatuta eduki gaitzaten karneta ateratzera goazak txintxo-txintxo, hi; haiei egiten zieagu mesede eta ez alderantziz.

        Lazkanok bere burua eskaini zion Sotori, geratuko zela bera kanpoan mihiluzearekin, baina Sotok, «ezta pentsatu ere», dibertitu egin nahi zuen, «estatuak martxan jarri duen errepresio sistemaren barruan» ere dibertitu.

        Sarrerako polizia uniformatuaz gain —aspaldi ez zela bi hildako eragin zituen komando antikapitalisten atentatu batek delegazio hartan bertan— ohartxo bat zegoen atean. Ez zuen Sotok debaldeko festarako askoz gehiago behar. Ohartxo bat aski.

        — Están prohibidos los perros, joven —ohartarazi dio sarrerako poliziak.

        Sotok, ateko ohartxoa seinalatu dio, xalotasun antzeztuarekin, apal antxa:

        «Están prohibidos los perros, excepto en el caso de los perros lazarillos».

        — Él es un perro lazarillo —bota dio poliziari, hari jada mila bider irakurria izango zuen txartela berriro irakurtzeko denbora aski emanez bezala.

        Lazkano urduriak, bere aldetik, ez dio polizia nazionalak zorroan duen armari begirik kentzen.

        Poliziaren erantzuna, aurreikustekoa:

        — Pero usted no está ciego.

        Akojonatuta ez balego, «pero usted no está ciego», barre egingo zuen Lazkanok, Sotoren zazpi dioptriako betaurreko botila-ipurdiekikoak gogoan. Soto ere akojonatuta dago, baina dioptriei eta bere bista motzari buruzko txantxa egiteko tentazioari eutsiz, beste bide batetik erantzun dio, esaldia etxetik buruz ikasia balekar bezala.

        — No veo que el cartel diga nada sobre estar ciego.

        Horrelakoa zen Soto, poliziak «no me vacile» esan eta zakurrak azkenean Lazkanorekin geratu behar izan zuen arren kanpoan, azioarekin irribarretsu eta garaile sartu zen behintzat Gobernuaren delegaziora Soto, behartutako zerbait egiteari berari ere etekina ateratzen dakien pertsona ohiz kanpokoa, «pero usted no está ciego», «pero usted sí», hainbeste ateraldi, pentsatu eta esan gabe, pentsatu eta esandako.

        «Están prohibidos los perros, excepto en el caso de los perros lazarillos».

        «No veo que el cartel diga nada sobre estar ciego».

 

 

Soto eta Zeberioren izenak betirako elkarren ondoan geratu diren arren, (sekula ez Zeberio eta Soto, beti Soto eta Zeberio), eta elkarren ondoan ikustera hain ohiturik bata bestea gabe pentsaezin zaizkigun arren, egia osoa aitortzera, oso ezberdinak ziren biak. Ofizio, giro eta bizimolde bereizia eramango lukete 80etako hamarkada borborkarian ez beste edozein garaitan edo munduko beste edozein lekutan jaio izatera, eta hegazkin batean elkarren ondoan tokatuz gero —ez zuten inoiz hegaldirik hartu, aukera hori izan gabe hil zituzten— nekez izango zuten ziurrenik batak besteari zer esanik, kortesiazko lehen bi minutuez haraindi. Multzo ezberdinen artean ere sortzen dira, aurreikuspen guztien kontra, gurutzatu eta ebakitzen diren sekzioak, udako maitasunari eusteko bezain setati diren bikoteak badira —gero damutzeko edo ez damutzeko—, elkar erabiltzen hasi eta elkar maitatzen amai dezakegu zenbaitetan, edo elkar jasaten eta jasatea maitatzea dela sinesten; gaitasun kontua da agian, gugandik aparte dagoen norbait gure esparrura erakartzen saiatzea eta esparru hori erakargarri suerta dakion ahalegintzea, edo alderantziz, bestearen baitan abandonatzea —abandonatzea zein ederra den, ez esan ez denik ederra zeure burua norbaiten edo zerbaiten besoetan abandonatzea—, abandonatzea hasieran aspergarri eta ezberdin iruditzen zaigun hurkoaren besoetan, bere munduan sartzea, bere denbora-pasa eta afizioetan, bere zaletasunetan, «hain txarrak ere ez dira, hain txarto ere ez daude, zergatik ez?», amore ematea, hari —lagunari, maitaleari, ezkontideari— gure elkarrizketak eta planak eta egutegiak molda ditzan uztea, nork ez du egin? Sotok eta Zeberiok, inguruabarrak zirenak ez baizik eta beste batzuk suertatu izatera, lor zezaketen agian haien arteko harreman estu eta iraunkorrik, nork daki.

        Agian bai, baina ez heriotza bezain estua.

        «Beroa eta iraultza» moduko teoriak aletzen zituenean (iraultza guztiak udan izaten ei ziren), zein hiztun trebea zen erakusten zuen Sotok eta zein entzule trebea zen Zeberiok. Biengandik hartu zuen zerbait Lazkanok. Aseezina zen Sotoren konspiratzaile arima, giza jardunak eta txarkeriak azaltzeko eta ulertzen saiatzeko bere grina. «Mussolini; gustura hartuko nuke kafe bat harekin», esan ohi zuen, «Silvana Mangano; gustura hartuko nuke kafe bat harekin» esaten zuen ber eran. Hizketa eta eztabaida gustatzen zitzaizkion, epatatzea, «ilunak gaituk barrutik, baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa» esan ohi zuen, momentuan bururatu eta Lazkanok hainbat urte geroago libreta batean hitzez hitz ez apuntatu izana damu zuen hainbeste esaldi eder, norbaiti lapurtuak askotan, Soto betirako lagun izango zuela sinesteko bezain xalo zelarik oraindik, hainbeste esaldi potolo hain modu naturalean jaulkiak, hura gogoratzen zuen, hura bai, hura ez zuen Lazkanok ahaztu, «ilunak gaituk barrutik, baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa», gertatzen ez diren gauzak, jada ezinezkoak diren gauzak, gauzatu ez direlako mingarri bilakatzen diren gauzak, horiek ez dira ahazten.

        Lazkanok ez zuen zalantza izpirik: idazle handia izatera deitua zegoen Soto. Sotorentzat giza harremanak zirena, ostera, Zeberiorentzat egitura elektrikoak ziren: kableak, instalazio singleak eta konplexuak, dinamoak, korronte segidakoa eta etena, entxufeak, etengailuak, argi-giltzak, transformadoreak, toma jeneralak, kobrezko kable zurituak eta lotuak. Gizakiaren koldarkeriaren jatorriaz edo bere distiraz zerbait jakin nahi izatera, galdetu Sotori. Itzalaldien jatorriaz edo molde eta eite guztietako eraikinak eta gelak argitzen zituen argindarraz zerbait jakin nahi izatera, galdetu Zeberiori.

        Soto eta Zeberioren gaitasunak argi bereiziak zeuden, baiki, eta ez zegoen gehiegi pentsatu beharrik sasian urte batzuk igaro izan balituzte nor arituko zen zertan etorkizunean. Agerikoa zen lan eta zereginen banaketa. Ez zuten, ordea, funtzio aurreikusgarri horiek praktikan jartzeko denborarik ere izan: ez damutzeko, eta ezta damutzeko moduko ezer egiteko ere. «Beroaz eta iraultzaz» ari zela, «termodinamikaz» hitz egiteko gogoa piztuko zitzaion Zeberiori, eta etorkizuneko energia berriztagarriez (orduan oraindik ez zeukaten izen hori) leziatuko zituen, energia nuklearraren aurrean haizearen indarrak zenbaterainoko aukerak izan zitzakeen.

        — Atariko haizea argindar bihurtu nahi duk, Kepa? Esadak, nola egiten duk hori?

        — Oso erraz, Xabier: haize-erroten bidez.

        — Haize-errotak? Ez al haiz hi On Kixoterena jotzen ariko? Gaztelan haize-errotak argindarra ateratzeko... Ez gaituk biziko hori ikusteko.

        «Ez gaituk biziko hori ikusteko». «Ilunak gaituk barrutik, baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa». «No veo que el cartel diga nada sobre estar ciego». Sotok garai hartan makinaz jo izan balitu bezala Lazkanoren buruko ikatz-paperean grabatuta geratu ziren esaldiak.

        Etengabea zen Zeberioren akordua ere Lazkanoren baitan, azken urteotan hainbeste ugaritu ziren haize-errota erraldoi horietako bat ikusten zuen bakoitzean begiak malkoz betetzeraino. Ez gaituk biziko hori ikusteko. Ze arrazoi zuen Sotok.

 

 

Gazte hiltzeak izan ditzakeen balizko abantailetan pentsatzera derrigortzen zuen batzuetan Lazkanok bere burua. Hotz-hotzean. James Deanen heriotzari buruzko dokumental bat ikustean telebistan, demagun, aktore amerikarraren mitifikazioa, zein neurritaraino zitzaion Soto eta Zeberioren hilketari aplikagarri? Zerikusirik ez haiekin, baina gazte hila hura ere, aukeraz betetako etorkizun distiratsua aurrean eta akabo: James Deanen zilar koloreko Porschea ez zuen parez pare zetorkion autoak ikusi, desagertu egin zen errepidearen grisean auto grisa, disolbatu, eguzkiak kontrako bidetik zetorkion gidariaren begietan urtu eta difuminatu. Auto gorri bat gidatu izan balu James Deanek, ikusgarriago zen koloreren bat kontrako norantzan zetorren txoferrarentzat, ez omen zen istripu hilgarririk izanen. Auto gorri bat edo beste edozein auto gidatzeko abildaderik balu Diego Lazkanok, bestelakoak izango ziren gertaerak. James Deanen kasuan erraz irudika genezake arrantxo batean bizitzen laurogei urterekin, kontserbadore, operatu, kaskagogor, alkoholiko, markatik fuerako kokainazale bilakaturik. «Guapoagoa banintz, hilda nengoke», nork esan zuen esaldi hori? Edo «naizen bezain guapoa izanda, eskerrak ez naizen oso altua: metro eta laurogei neurtuko banitu, hilda nengoke». Nork esan zuen beste hori? Hori zen gutxienekoa. James Deanen heriotzari, baina, Paul Newmanen helduaro zoragarria gainjartzen zitzaion askotan Lazkanori buruan, bazegoen aukera bat, bazeuden zahartzen zekitenak edo jakin ez arren zahartzen ikasten zutenak, talentu handia behar da horretarako, edo belaontziak erosteko adina diru eta zorte apur bat, osasunarekin batera. Egin zezakeen zerrenda bat bizitzak dakartzan gauza gogaikarriekin eta deserosotasunekin, jasan beharreko umiliazio nardagarriekin, hanka-sartzeekin, norbere buruko leizeren batean ezkutatzen zaigun ziminoaren agerpen ezustekoarekin zerikusia duten sentimendu zikoitzekin, «ilunak gaituk barrutik, baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa». Nork nahi zituen beretzat, desleialtasunak, gurasoen zahartzaroa, norbere larruaren laranja-azal bokazioa, ilearen galera edo zuritzea, erraien zaratak eta presentzia, gorputzak obeditzeari uztea, pixkanaka edo bat-batean, nork nahi zuen seme-alabei —etorkizuneko promesa ei diren paralitiko ttipi horiek— dena azaldu behar neketsua guk egindako akats berberak edo okerragoak egin ditzaten funtsean, nork behar zuen hori guztia, organo bitalen traizioa, behiala isil eta diskretu ziren hezurren aldarri zurruna, ingurukoen minbizia edo norberarena, «analisi batzuk egingo ditugu badaezpada», hitz batean, nork behar zuen endekatzea, nork behar zuen hori dena, nork ez zeukan soberan bizitzaren erdia, edo hiru laurden. Itxurakeriaz ez mintzatzearren, egunez egun eta astez aste, hilabetez hilabete eta urtez urte geure borondatearen kontra egiten genituen gauzen zerrenda luze, amaiezina. Bizitzak onetik zuena ere, ongi zekien hori Lazkanok, errepikatu egiten zen une jakin batetik aurrera, bizitzak onetik zuenak ere ateratzen zintuen zeure onetik: larru-jotze bat edo mila, mozkorraldi bat edo mila, mozkorraldirik onena eta larru-jotzerik onena, adrenalina txuterik latzena igaroa zaizula dakizu adin batetik aurrera. Zertarako jarraitu, beraz? Soseguaren errezeta omen den jakinduria erdiesteko, jakinduriaren errezeta omen den sosegua erdiesteko, Paul Newman bilakatzen saiatzeko haren geneen jabe izan gabe?

        Idazle kongresu guztiak ziren berdinak, pentsatzen zuen Lazkanok, ezagututako pertsona orok pizten zuen haren oso antzekoa zen aspaldi ezagututako beste norbaiten gomuta zehatza. Gizon-emakume errepertorioa, psikologoek ongi zeukaten sailkatua, hogei tipo baino askoz gehiago ez, eta hogei horietako bakoitzetik hogeinaka ezagutuak zituen honezkero, Soto bera eta haren egarria asetzeko adina jende eta gehiago, hala bururatzen zitzaion. Ala bere burua engainatzen ari zen berriro? Soto ez ote zuen akaso bizitzak sekula aseko? Talentu kontua zen agian —Sotok handia zeukan, Lazkanok ez—? Horregatik egiten zitzaion aspaldion hain aspergarria editore, idazle, irakurle berriak ezagutzea? Eutsiko ote zion Sotok «no veo que el cartel diga nada sobre estar ciego» aldarte umoretsuari beste hogei urtez bizirik jarraitu izatera? Ez zegoen segur esaterik, baina ziurrenik ez.

        Eta, hala ere, gazte hiltzeak izan ditzakeen balizko abantailetan pentsatzera behartzen zuen batzuetan Lazkanok bere burua, nahiz eta ez zen gauza bera, inondik inora ere ez, trafiko istripua edo suizidioa edo tortura. Beren buruaz beste egiten zutenen kasuan beti zegoen haien eskubide baten egikaritzaren kontsolamendua, frogatuta ei dagoen arren beren buruaz beste egiten saiatu eta bizirik atera diren haien gehiengo zabala damutu egiten dela saiakeraz: «Ongi pentsatuko ahal zuen, pisatuko ahal zituen balantzaren alde bietan aldekoak eta kontrakoak, ez ote da agian arrazoizkoa izan bere erabakia, eskuzabala, neurtua, errepikapenaren errepikapenari alto esan eta planto egitea erabaki duenaren zentzuzko deliberoa?». Suizidak izan du aukera agurtzeko, azken hitzak idazteko edo ez idazteko, momentua eta lekua aukeratu ditu, gauzak lotuta utzi ditu edo ez, baina badaki lotuta utzi dituela edo ez dituela lotuta utzi. Asko jakitea da hori, bizitzara etortzea aukeratu ez duenak heriotzaren unea aukeratzen du, eskubidea du, horrek mina sortuko dien arren askori edo auzo-errua: berekoitzat hartuko dute bere erabakia, baina..., hala ez balitz ere errepika dezagun, norbere buruarekin eskuzabal izatea ez al da eskuzabal izateko modu bat?

        Soto eta Zeberioren kasua oso bestelakoa zen, ordea: bat-bateko heriotza —ez hain bat-batekoa azkenean, torturatzen zituzten bitartean segundoen barruan ezkutatzen diren mendeak bistatzera iritsi ziren, bizidunek nekez ikusi dituzten haitzak eta labarrak—, idazmakinan orrialde bat sartuta oraindik, lerro bat erdi idatzian, hainbeste espektatiba ezerezera murriztuak. Eta, hala ere, gazte hiltzeak izan ditzakeen balizko abantailetan pentsatzera behartzen zuen batzuetan Lazkanok bere burua, ataka gaiztoren bat tokatzen zitzaionean, otutzen zitzaiolarik zentzugabea zela bizitza gauzarik handiena balitz bezala ospatzea, ez zela hainbesterako ere.

        Baina bazen: bizitza bazen hainbesterako, zenik eta bizitzarik zerri eta miserableena ere bazen hainbesterako «no veo que el cartel diga nada sobre estar ciego»; beti zegoen zirto baterako aukera, umeen iskanbilak eta xalotasun une eternoak —segundoen barruan dauden mendeak, ahaztu egin zaizkigu agian, baina ezagutu zituen gu izan ginen umeak mende horiek—; maitasunaren eta sexuaren promesa —promesarekin nahikoa zen hainbestetan, baita norbera promesa horren lekuko hutsa zenean ere, baita promesa hori urliak sandiari egin eta norberak atearen zirrikitutik ikusten zuenean ere; begirada biziberritzeko premia duen azeri zahar batek edo jainko nekatu batek bezala, promesen lekuko izatea nahikoa zen batzuetan—.

        Bizitza ez zen ezer eta dena zen, bizitza ihes-lerro bat zen, posible zen bakarra, «ilunak gara baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa», ahantz dezagun inork gu ez garen beste norbaitentzat idatzi zuen rol bat egiten ari garenik, ahantz dezagun bigarren mailako geure aktore ziztrinen izaera saihestezina, edan ditzagun izpiak, edan dezagun ihesa, intermitentea den arren eta iragankorra. Intermitentea delako eta iragankorra. Dena. Intermitentea. Dena. Iragankorra.

 

 

Pinuak hondartzaraino heltzen dira. Harearen gainean ohantze gorrikarak osatzen dituzte pilatutako pinu-orratz idorrek, bertan urteak daramatzatela ematen du. Bozgorailu ziztrin haietatik ateratzen den bateriak edozer dirudi bateria bat salbu: gasolina lata kolpatua. «Come on, let's twist again, like we did last summer; yeah, let's twist again, like we did last year...». Ahotsek eta koruek —uh, uh; wah, wah— salbatzen dute abestia. Soto eta Lazkano etzanda dauden lekutik Zeberio ikus dezakete makurtuta, katuak eusten dion Volkswagen furgoitxo herrenaren ondoan gurpil zulatua bere ardatzetik ateratzen. Sotok irribarre egin du, begi izkinak gaizto zimurtuz.

        Consumatum est, primo...

        — Nola?

        — Zakuan daukala...

        — Ez al genieke lagundu behar?

        Ménage à quatre? Bai zera! Utz iezaiok... Holandarrarekin ongi moldatzen ari dela ematen dik. Eta gainera, behingoagatik ez ziok neskari musika aldatzeko eskatu.

        «...and round and round and up and down we go again! Oh, baby, make me know you love me so...». Inperioaren doinuak. Elkarrekin izan zituzten eztabaidak oroitu ditu Lazkanok: Victor Jara, The Doors. Gero Anarekin akordatu da: Echo & the Bunnymen eta Errobi. Mikel Laboa eta Patti Labelle. Zeberioren ondoan soineko laranja erdi gardena eta lastozko sonbreirua dituen neska erkina zigarro bat erretzen ari da, haizeak bere ordez erreko balu bezala ia, azkar kontsumitzen ari da zigarreta, tabakoaren eta errautsaren arteko denbora laburra zerbaiten gaztigu. Zeberiori begiratzen dio neskak, goitik behera, eskuak gerrian, haizeak sonbreiruko xingola, soinekoaren oihal berberaz egina, astintzen dion bitartean. Soinekoa eta xingola ez bezala, haizeak ez du pinuen magaletan pilatutako pinu-orratzik altxatzen. Bitxia, zenbait gauzak nola aurkitzen duten euren lekua munduan, isilik eta bazterrean. Pinu-orratz horiek, esate baterako.

        Piztuta dago VW furgoiko irratia eta Chubby Checkerren kantuera jostaria entzuten da, Supermanen telesail zaharretako offeko ahotsa parodiatzen duela: «Who's that flyin up there? Is it a boy? No! Is it a plane? No? Is it the twister? Yeah!».

        Saxo soloa hasi denean eskaini dio zigarreta neskak Zeberiori.

        Sotok eta Lazkanok utzi egin diote harantz begiratzeari eta ahoz gora jarri dira. Zerura begira.

        «Do you remember when things were really hummin'?».

        Berriz harantz begiratzeko jiratu direnean, gurpilak aldatu gabe jarraitzen du eta lau orkatila ikusi dituzte furgoitxoaren bionboaz bestalde landatuta; bi ortozik eta bi jantzita. Eternala begitandu zaien une batez, oin biluziak hanka-puntetan jartzen ikusi dituzte. Neskaren oin zola zikinetan pinu orratz gorrikararen bat dago itsatsita.

 

 

Erraza zen irudikatzea: Sotok Zeberio esnarazi du siestatik, edo esnarazi ez, Zeberioren loa erbi-loa zen beti eta ez zegoen hura esnatu beharrik, salto batean jaikitzen zen, larrialdiren baten beldur eta defentsarako prest beti, ohetik jauzi batez ateratzea errebolberra desenfundatzeko modua bailitzan, bera errebolberra eta izarak funda, errebolberrik ezean bere burua desenfundatzen zuen bederen, «hemen nagok, neroni nauk arma, zer gertatzen duk?». Zeberiok siesta egitea laket zuen, baina beti zegoen esna bere erara, besteak baino lehen esnatzen zen goizetan eskuarki —ehiztarien ohiturak—, nahiz eta Sotok idazten pasatzen zituen gauak eta litekeena zen haren ordutegi desordenatua medio bart ohera sartu ere ez egin izana, «hi konpai, utzi siestak eta goazak Uztaritzeko jaietara behingoagatik, bizi ere egin beharra zagok»; horrelako zerbait, irakurtzen ari zen agian Soto eta aspertu egin zen edo festa giroa piztu zitzaion. Berrehun eta hamabosgarren orrialdean abandonatu du Mientras agonizo liburukotea, eskuetan dauka eta Zeberiok titulua ikusi dio, «a zer gauzak irakurtzen dituan, gizona, alaia ematen dik oso, hileta-oharren bilduma al duk, ez al duk agonia izateko luzetxoa liburua aukeran, eta Faulkner hori bere bibotearekin, nor arraio zuan Faulkner burges hori? Horrelako idazlea izatea amesten al duk, Soto? Zergatik ez duk Maoren liburu gorriaren bertsio bat egiten, hura euskarara itzuli, fabriketan banatzeko?».

        Hitz asko ziren horiek Zeberiorentzat, baina auskalo, lotsatiek ere izaten dituzte berritsu bilakatzen diren egunak.

        Erraza zen irudikatzea eta zaila zen irudikatzea. Mila bider saiatu zen Lazkano. Egun hartan bertan egon behar zuelako hark ere haiekin. Egon zitekeelako haiekin edo haien ordez. Ez zegoelako haiekin edo haien ordez. El Cerroko ziegan zegoelako, haiek salatu berri.

        «No controles mis vestidos, no controles mis sentidos...» abesten zuen Sotok, movida madrileñako txorakeria fribolo bat, gerria mugituz, dantzazalea zen dantzazalea bazen, ez zuen euskalduna ematen, horretan askoz baldarragoa eta askoz lotsatiagoa zen Zeberio, biak bizizale izanagatik modu ezberdinean adierazten zuten bizizaletasun hura; dantza, ehiza. «No controles mi forma de bailar» abesten zuen Sotok, letra gehiago ez zekien, eta behin eta berriro errepikatzen zion hilabete haietan modan jarri zen lelo txatxu berbera: «No controles, ¡no!», bi eskuak albo batera eta burua bestera mugituz, balantza ia hidraulikoa, apur bat makurtuz, swingaren urteetako dantzarien gisako. «Abestu ezak nirekin, Zebe», esaten zion, eta «hoa pikutara, pailazoa», Zeberiok arrapostu.

        «Zoroa», esango zion Zeberiok Sotori, zoroa, anaia esaten duenak bezala, baina, zoroa, zer esaten den da gutxienekoa irribarre zabal batekin esaten denean. Eta Sotok orduan paper zati bat, tren-txartel bat hartuko zuen eta berrehun eta hamabosgarren orrialdean utziko, bihar irakurtzen segitzekotan, Mientras agonizo, «zer arraio, behingoagatik, egun batengatik, gazteak gaituk eta ez gaituk beti izango», lagunarekin kalerako asmoa hartu du: «Baina ez dut ulertzen, bestalde, inork eskubidea izatea nor dagoen erotuta eta nor ez erabakitzeko. Gizaki bakoitzaren baitan osasun mentalaz eta eromenaz haraindiko nortasun bat dagoela lirudike, eta nortasun hark gizaki horren ekintza arrazoizkoak eta zoroak izu-laborri eta harridura berberarekin begiratzen dituela». Asko gara buruan eta asko gara barruan, hori ulertzea da preziso. Baina kanpoan ere badira asko, eta ez digute denek ongi begiratzen. Eta badago norbait beraiei begira, badago norbait zaintzen dituena, hain inportanteak ote dira bada, kalean dago, itxoiten, gutxien espero duten lekuan, ez diete utzi kotxea hartzen ere, ezustean harrapatu dituzte, kapusai beltza jarri diete akaso, xuxurlatu egin diete zerbait belarrira, bai, hitzak dira gutxienekoa gorrotorik glazialenarekin esaten direnean, zerbait leuna eta izugarria, «sartu autora», kapusaiaren pean atzerriko azentuaz agian —zein azentu ez da arrotz kapusaia soinean duzula esaten badizute?—. Pailazoa, zoroa... hain gozo esan dio hori Sotori Zeberiok eta orain kapusaiaren pean hautsa arnasten du Sotok, zer gertatu da bien bitartean, zein zulo ilunetara erori dira, nork erorarazi ditu, eta beldurra, «ixo, ez esan ezer», biak daude berdin, ez dute euren burua defendatzeko aukerarik ere izan, arratoiak bezala ehizatu dituzte, zain zeuden, «hain garrantzitsuak al gaituk ba», «hi konpai, utzi siestak eta goazak Uztaritzeko jaietara behingoagatik, bizi ere egin beharra zagok», behingoagatik jaietara abiatu eta iritsi ez, «biharko utziko diagu dena», biharko, Mientras agonizo, No controles, berrehun eta hamabosgarren orrialdean, pailazoa, zoroa, anaia, «hau ez duk Txile».

        Nora garamatzazue?

        — Cierra la puta boca.

        — Guk ez dakigu ezer, ordea...

        — Que cierres la puta boca, he dicho —eta oraingoan metala jarri diote hortzetan, zalantzarik egon ez dadin.

        Ezer esan gabe, esan beharrekoak pentsatzea onena hemendik aurrera, norbere buruari esatea, haraindiko nortasun horri entzutea, gu izan gabe gu dena, indartsua eta kementsua dena, gu baino indartsuagoa eta kementsuagoa, geure eromena eta geure zentzumena baino indartsuagoa, geure buruari hizketan: Nora garamatzate?

        Jakin izan balute, baina ez zekiten, bestela begiratuko zioten gelari, etxea utzi dieten lagunei besarkada bat eman edo ohar polit bat utziko, zoroa, anaia, zoroa: «idazten geratu behar nian, redios, etxean gozo, nork esan zidak Uztaritzeko jai horretara joateko, baina bizi ere egin beharra zagok, ezta? Hil ere egin beharra zagok, ezta? Baina ez oraindik, goizegi duk niretzat, asko zeukaat oraindik idazteko, mesedez».

        Zeberio sentitzen du Sotok arnaska, «hago lasai», esan nahi lioke, baina ez dio ezer esaten, eta hau hasi besterik egin ez dela dakiten arren, ez dakite zehazki, zoroa, anaia, zer den hasi besterik egin ez den hori.

        Ez dakite eta ez dute jakin nahi. Bizirik segitu. Horixe da nahi duten bakarra.

 

 

Eta bizirik segituko dutela uste izateko aukerak aletzen hasiko dira agian. Hasteko eta behin, ez dute bahitzaileen aurpegirik ikusi, bahitzaileek ez dute nahi nora doazen jakin dezaten... Horrek esan nahi ote du jakin nahi dutena jakin ondoren libre utziko dituztena? Zertan bestela haien nortasunak eta doazen lekua ezkutatzen hainbeste neke hartu? Jakin nahi dutena, bestalde... zer dakite haiek? Deus gutxi. Haiek hiltzeko asmoa balute bost axolako litzaieke nortzuk diren eta nora doazen jakitea. Ala ez da horrela? Aurpegia tapatzea gizatasuna ezabatzeko modu bat ote da orduan, egin behar dituztenak kontzientzia zama handiegirik gabe egiteko modu bat? Bizirik segituko dutela uste izateko aukerak aletzen eta zerrendatzen hasi dira agian eta ez zaizkie bururatu. Tabako beltzaren usaina dago auto barruan, tabako beltzaren usaina, nahiz eta inork ez duen erretzen une hartan, eta izerditan daude kapusai beltzen barruan. «Vire à esquerda», esan du batek, portugesez. «Lado direito», esan du besteak. Nekez hartzen dute arnasa kapusaien pean, saiatzen dira kalkulatzen zein errepidetan barrena ote doazen, berrogei minututik gora izan dira behintzat, nahiz eta zaila den ziurtatzen, oro baita luze egoera horretan, arrotz bahitzaileen hitzak, «hartu hor gora, geratu hemen, kontuz han». Birritan makurrarazi dizkiete buruak, autotik kanpoko norbaitek ikusiko ote zituen beldur, hiriguneren bat zeharkatzen ari diren seinale. «Vire à esquerda», «lado direito». Portugesak? Ez dirudite poliziak, edo bai, zenbat polizia ikusi eta entzun dituzte bada Sotok eta Zeberiok aurrez aurre? Hasi ikusten eta ikasten; hauek dira poliziak, Ducados, denak beltzaranak irudikatzen dituzte eta bibotedunak, «nora garamatzate, nora garamatzazue», eskumuturretako mina, eskuburdinarik ez, sokaz lotuta doaz, korapiloak egiten badakite, zergatik, ordea, soka eta ez eskuburdinak, ez dira beraz benetako poliziak, edo bai, bizirik segitu nahi dute, ez dira haiek izan lehenbizikoak desagertzen, Benelli subfusilekin egin dituzte lehenago ere atentatuak Iparraldean, ez dira azkenak izango, «aparca ahí, al lado de la pista de tenis, luego metemos el coche», esan du ahots irreal batek, autoaren kanpoaldetik datorrela dirudien ahots batek, honek bai, doinu euskalduna du, aparca esan du ahots honek Zeberiok Faulkner esan duen ahoskera berarekin, r eta k espezial markatuz, eta, zer diren gauzak, ahotsaren inflexio horrek baikortasun printza bat eman dio Sotori, nahikoa izan da hori, hain gutxi daukate zeri heldu, nahikoa izan dela hori. «Euskaldunen artean, elkar ulertuko diagu», pentsatu du, «bazagok esperantzarik».

        Pista de tenis hitz elkarketa bera, heriotzatik urrun dagoena iruditu zaio, terra incognitan egon arren badela, izan behar duela han inguruan zibilizazio zantzurik, nahiz eta, hala begitantzen zaio Sotori, «vire à esquerda», «pista de tenis», «lado direito», datu gehiegi ematen ari diren euren paraderoari buruz. 1983. urtean gaudelako, eta ez daudelako hainbeste tenis pista ere lurraldeotan Angelun konpas-orratza zulatu eta berrogeita hamar minututako bidera erradioa zabalduz.

        — Ondo al hago, Kepa?

        — Bai, Xabier, eta hi?

        Larria da egoera: izenetik deitu diote elkarri.

        — Sí, decíos ahora que os queréis mucho, porque os hemos preparado habitaciones separadas.

 

 

Gazte hiltzearen abantailen zerrendan beste bat erantsi zuen Diegok, eta betirako galdu bere liburuak atzerrian aurkeztu behar zituenean hegaldiak hartzeko zuen beldurra: «dementziari itzuri egiteko modu bat duk gazte hiltzea».

        «Hegaldi honetan, ni bezalako beste zenbat ote zaudek», otutzen zitzaion, «hegazkin istripua jasan eta bertan geratuko bagina hainbeste-hainbeste ere axolako ez litzaigukeenak bizia galtzeak, zenbat? Hain arraroa al naiz? Ez ote naiz hegazkinera igotzen erruleta errusiar burgeski eroso, pasibo eta inprobable batera jolasten duenak bezala?».

        Soto eta Zeberio desagertu zirenean, Lazkanori hotzikara eragiten zion pentsatze hutsak, William Faulknerren Mientras agonizo irakurtzen ari zen adiskidea. Askatua izan eta Moulinaou karrikako etxera joan zenean, amaitu gabeko liburu hura topatu zuen haien gauzen artean: hortzetako eskuila, euskal familietan ohikoa zen eskuz egindako neguko jertsea —Ariadnaren hari, Peneloperen jarraipena—, eta kartoizko karpeta izokin kolorekoa. Eten hura azkena izango zenik susmatu gabe, berrehun eta hamabosgarren orrialdean utzia zuen Faulknerren liburuaren irakurketa Sotok, ez zioten aurrera egiten utzi. Berrehun eta hamabosgarren orrialde hari egin zion txakur belarria, eta ordura artekoa lapitzez egindako azpimarra urduriz gainezka zegoen arren, markatu gabe zeuden hortik aurrerako orrialde guztiak. Lazkanok bizitzari buruz zuen ikuspegia errotik aldatu zuen liburu hura erdizka irakurrita topatzeak, eta gizaseme ororen bizitza horixe besterik ez ote zen otu zitzaion, aurrez jakin gabe erdizka geratzen den liburu bat, amaieraraino irakurria izateko pribilegioa ukatu egiten zaiguna ia beti, jakinki pribilegio horrek ez duela zertan beti zerbait onuragarria izan: litekeena da dagokigun liburuaren amaiera ez gustatzea ere. Geroztikakoa du irakurgaia gustuko ez izan arren libururik erdizka ez uzteko joera ia klinikoa Diego Lazkanok. Edonola zelarik ere, patuaren jokaldi makurra eta gustu txarrekoa iruditu zitzaion Mientras agonizo, As I lay dying huraxe izatea eta ez beste bat Sotoren azken irakurgaia, oraindik urdaila nahasten zitzaion akordatze hutsarekin. Lazkanok ezin izan zuen sekula liburu hura ez William Faulknerren beste ezein irakurri, ez idazle amerikar handi hura begien bistan ikusi ere egin nahi izan. Ze kulpa izango ote zuen, ba, William zaharrak.

        Liburua jaso berritan, ordea, arkatzezko azken azpimarra bat irakurri eta gogoan geratu zitzaion iltzatuta. Hain zuzen ere, liburuko azken azpimarra: «Baina ez dut ulertzen, bestalde, inork eskubidea izatea nor dagoen erotuta eta nor ez erabakitzeko. Gizaki bakoitzaren baitan osasun mentalaz eta eromenaz haraindiko nortasun bat dagoela lirudike, eta nortasun hark gizaki horren ekintza arrazoizkoak eta zoroak izu-laborri eta harridura berberarekin begiratzen dituela».

        Izokin koloreko karpeta eta beste jasorik Moulinaou karrikako etxetik atera zenean, Ilegorria ikusi zuen pareko kafetegian, bere pausoak zaintzen, aurpegi gardena eta oreztaz betea, begirada gogorra. Bi kaletan barrena segitu zituen bere pausoak. Bere parera etorri eta besotik helduko zion beldur izan zen Lazkano une batez.

        Ez zuen, ordea, halakorik egin.

 

 

Baina Diego Lazkanok Soto eta Zeberiorekin konpartitutako une bat gogoratzen badu oroz gain, bakar bat apartatu behar balu beste guztien artean, Bidarteko hondartzan topatutako udatiar frantsesekin futbolean aritu zirenekoa da hura. Noiz gozo eta noiz mingots izan ohi ziren etxeko eztabaidak ahaztuta, pitzadurarik gabeko taldea osatu zuten han hirurek behingoz Bordeletik etorritako lau gazteren kontra jokatzeko.

        Hiru lauren kontra hondartza zabalean. Zeberiok hondarrez egindako balizko porteriaren zutabeak, eta umeak bezala haiek, larruzko baloi baten atzetik korrika, ortozik, saihets-bistan, zuriegi udatiarrak izateko, jeansak belaunen peraino kiribilduta, arratsaldea karramarroak harrapatzen pasatu eta salabardoa alboratu berri balute bezala. Arnasa ahitu arte aritu ziren, elkarri sartzen zizkioten golak zenbatu gabe, jolasaren plazer hutsagatik, baloia aurkariari hankartetik pasatzeak gola sartzeak adinako gozamena ematen zuen haurtzaroko sasoiaren gomutarekin, pase luze eta pase motz, korrikaldi eta ukabil-aldentze, bere adabakiak galtzen hasia zen baloi ez aski puztuaren zakarra hanka-zolan sentituz —haurtzaroko baloi haiek, beti zeuden erdi hustuak—, elkar topatu eta taldeak osatzeko haurrek duten joera berezko eta naturalarekin. Izatez, nerabezaroak zuen baloiaren larrutik beste larru mota batzuetara pasatzeko sasoitik, inflexio puntu hartatik hain urrun ere ez zeuden Soto, Zeberio eta Lazkano, azken honi beste biak beregandik ehun mila legoatara zeuden pieza bateko gizonak iruditzen zitzaizkion arren, nerabeak ez beste edozer. Soziologiako lehen urtean bera, filosofiako hirugarrenean Soto. Zeberiok aurkariari buruz gain pasatu zion baloi harekin gogoratzen da bereziki Lazkano, kolpe lehor batekin harria bezala behera erori eta baloiari boterik ematen utzi gabe buelta erdia hartuta Soto porteriarantz abiatu zen jokaldi harekin, profesional ez direnei noiz edo noiz ateratzen zaizkien jokaldi dotore horietako bat; eta Soto itsu-itsuan doa aurkarien porteriarantz, bere gerri jokoari atzeman ezinda ziztuan utzi du bordeles bat atzean, aise engainatu eta lurrera irrist eginda laga du bigarrena, korrika egiteari utzi eta bizkarra zutituta begiratu dio aurrez aurre hirugarrenari baloia hanka tartetik pasatu aurretik, eta harearen kosken txiripak lagundutako parabola itxurako autopase batekin utzi du atzean laugarrena.

        Porteriaren parean dago, iritsi da, bakarrik egin du jokaldia, ate osoa du beretzat Sotok eta gozatzea erabaki du. Ez dio olatuen zurrumurruak Boca Juniorsen La Bombonera zelaiko publiko kartsuari inbidiarik, eta Sotok erretransmisioaren erdian bihotzekoa pairatzeko arrisku larria duen irrati-esataria bailitzan narratu du jokaldia, korrika joatea aski ez bailitzan, azentu argentinarrez emozioa eman nahian Bidarteko hondartza durduzatuari —vibrante, esan du—, Bordeleko udatiarrek ere ulertzeko moduko gazteleran, «chévere, pibe, Soto se interna, in-creíble, lo deja atrás, mag-nífico, Soto se deshace de uno, se permite sonreír, qué dominio, bárbaro cómo lo dribla» eta antzekoak botaz, eta bai, badirudi esan ahala indarra hartzen duela, arnasa kendu beharrean, hitz egiteak motibatu egiten duela, hitzak ez direla bere nekea —inoiz ez ziren izan— baizik eta bere erregaia; eta orpoa hondarretan sartuta egin duten porteriako marra okerraren parera heldutakoan oin puntarekin eutsi dio baloiari, atzerantz begiratu du, gola noiz sartu zain dauden bordeles izoztuei so egin die, eta Zeberiori, eta are urrunago, kontrako porteria zainduz dagoen Lazkanori —hiruretan kontserbadoreena da Lazkano, beldurtiena, atezainarena jokatu eta bere areatik urruntzen ez zena, urteekin ere horrela mantenduko ote ziren hiruren rolak Zeberio eta Sotoren paraderoa beste bat izatera? Ez zegoen jakiterik—.

        Bai. Mundua gera zitekeen oraindik garai hartan. Haiek gera zezaketen mundua. Posible zen baloi bat porteriako marraren gainean behatz puntekin geratzea. Eta baloia geratzearekin batera, geratuko ziren erlojuetako orratzak eta munduaren ardatza. Ez zen estadio jendetsuetako opioa futbola, baizik eta izpiritua asetzen zuen jolas betea. Posible zen baloia marraren muga haren gainean kokatzea, dibisio marra, banaketa marra, «ez bestaldera pasatu», «debekatua dago bestaldera igarotzea» zioen marraren gainean, eta gol errazari uko egitea han, lurrera makurtu eta hondar hezeari aita santuak lurrari bezala muxu emateko posturan jarrita kopetaz xuabe-xuabe baloi hura sarerik gabeko porteria barrura bultzatzea, Sotok orduko hartan egin zuen bezala, «mag-nífico, vi-brante, viste que, bárbaro cómo lo dribló», bere kristal lodiko betaurrekoen markoarekin ukituta bezala emeki-emeki munduak eta baloiak marra zeharkatzen zutela.

        Lazkanok beti horrela gogoratu nahi luke Soto. Gol hura sartu zuen unean zuen indarrarekin, kementsu, nekatzeko joera errazegia duen jendearentzat gogaikarria zen energia erakustaldiaren erpinean, hitza eta ekintza, biak bat, egin eta esan, egiten ari zarena kontatu eta egingo duzuna antizipatu, horrelakoa zen-eta bera.

        Diego Lazkanok Xabier Sotorekin eta Kepa Zeberiorekin konpartitutako une bat gogoratzen badu, bakar bat apartatu behar balu beste guztien artean, huraxe apartatuko luke, zorion blindatu batez egindako unea delako, ez dagoelako itzalik, ditxa betea baizik, haurtzaroko une alairik gorenena, baina helduaroko arrazoimenetik iragazia egoteagatik biderkatua eta sakonago dastatua, zurea bihurtu den territorio eta denbora batetik behiala zurea izan zen eta bere garaian aski gozatu ez zenuen territorio eta denbora zahar bat dastatzen ari zaren kontzientziak azpimarratua. Oraindik posible da jauzia. Eta jauzia posible bada, dena da posible oraindik.

        Heriotzatik bizitzara etorritako norbaitek bezala ospatu zuen gola. Helduarotik haurtzarora etorritako sarkinak bezala. Eta horrela saiatzen zen Lazkano aldiro une hura oroitzen, Soto bizitzara ekartzen, nahiz eta bolada luze batez eta Gabriel Lazkano onik agertu zen arte bere beldurrik handiena izan zen zuhaitz genealogiko pozoituak laga zion DNA endekatuak ez ote zuen azkenean dena ezabatu eta traizionatuko, oroitzapen hura barne, galdu nahi ez lituzkeen oroitzapenen artean azkena izatea nahiko lukeen arren hura, aitak ustez harrapatu zuen gaitz berak bera harrapatu eta oroitzapen preziatu hura ezabatuko ote zion beldurrak jaten zion barrua.

        Nola izango zen oroitzapen haren ezabaketa, baldin eta Lazkano dena zirtzilatzen zuen gaitz hain garaikide eta boladakoak harrapatzen bazuen? Dena ahaztuko zuen aldi berean? Edo lehenbizi protagonistak ahaztuko zituen, futbol partida hura modu abstraktuan eta emozio konkreturik gabe oroituz? Bere burua golegile bihurtuko zuen akaso Lazkanok, «chévere, pibe, Lazkano se interna, in-creíble, lo deja atrás, mag-nífico, Lazkano se deshace de uno, viste, se permite sonreír, qué dominio, bárbaro»? Ahaztu egingo zuen Soto, ahaztu Zeberio? Bidarteko hondartza ahaztuko ote zuen ezer baino lehenago, bere oroitzapenaren dekoratua eta horren ondotik gertaerak? Ala, guztiz kontrara, dekoratu horixe besterik ez zion memoria traidoreak gordeko, protagonistarik, futbolik, baloirik eta bordelesik gabeko hondartza mortu eta bakartia? Zein kinada geratuko zitzaion azkenik buruko basamortuan, bere garuneko zelulak uzta biltzeko makina gainetik igarota bezala desagertzen joan ahala? Usainen bat, alga ustelena? Hondarraren ukimen umela, Joan Paulo II.a aita santuak lurra musukatzeko zuen ohitura geratuko zitzaion zahar-etxeko korridoreetan gauez eta biluzik ihes egin eta erizainek besotik helduta bere gelara itzularazten zutelarik Lazkano? «Hau bai kristau sinestuna», pentsatuko zuten agian dibertiturik osasun-zaindariek, Diego zaharra lurra musukatzen ikustean, jabetu gabe beste zerbait oso ezberdina ari zela musukatzen, beste norbaiten larruan, Bidarteko hondartza batean, Soto lagunaren omenez. Agian idatzirik laga behar luke Lazkanok —agian idatzirik laga behar genuke denok—: «Memoria galtzen hasten naizenean eraman nazazue Bidarteko hondartzara, emadazue larruzko baloi bat, erdi hustua, adabakiak galtzen hasia, egin bi porteria harearekin, birsor ezazue nire oroitzapen fetitxea, blinda ezazue eszena hori, antzerki hutsa izan arren dena, behartu nazazue antzerki hori egitera, nik ez dakidan arren zergatik egiten ari naizen antzerki hori, gera dadila zerbait mekanikoa eta fisikoa mentaletik eta oroitzapen neuronaletik deus ez dagoen tokian».

 

 

Idazmakinaren aurreko haiek ziren Sotori buruz zeuzkan azken oroitzapenak: Lazkanok ekarri zizkion ikatz-orri haiek, kalko modura erabiltzen zituenak. Tipula orria erabiliz denaren kopia egitea gustatzen zitzaion. Nolatan ez zuen Diegok igarri, izokin koloreko bi karpeta ezberdinetan gordetzen zituenik haiek guztiak, kopiak batean eta orijinalak bestean? Sotok idazle izan nahi zuen —idazlea zen jarreraz jada, goiztiar, hemeretzi urte zituenetik—, baina zirriborro asko idatziagatik apenas argitaratu zioten ezer bizi zelarik. Gloriak muntatu zuen bere antzezlana izan zen salbuespenik nabarmenena.

        Sotok idatzi ez zituen liburuak etortzen zaizkio Lazkanori burura. Bere liburuak idazten dituenean, hark bezala idazten saiatzen da, baina ezinezkoa suertatzen zaio. Haren ahots xuxurlaria oroitzen saiatzen da, baina jada ahaztua du. Haren irudia gogoan duen arren, ahaztua du erabat Sotoren ahotsa. Ahots berria asmatu dio urteekin, baina badaki ez dela benetakoa. Lazkanok bere buruari galdetzen dionean zergatik bilakatu ote zen idazle, ez dauka zalantzarik: Sotoren eraginez izan zen. Sotok utzitako lana berak hartzea erabaki zuelako, kontzienteki edo ez. Antzerkia gorroto du, ordea. Sotoren zaletasunetatik batzuk hautatu zituen eta beste batzuk baztertu. Hildakoen ordez gu bizi gara tarteka, hildakoek egingo lituzketen gauzak eginez haien gomutaz. Ez ote da gure nortasun haraindiko hura barrez ari, egiten ditugun gauza gehienak gu ez beste norbaiten partez egiten ditugun jakitun? Jatorrizko orrialdea ote gara, ala ikatz-orriaren azpiko orrialdea? Bata zein bestea, tarteka? Edo anabasa hutsa den kalko beltza, behin eta berriro erabilia eta irakurtezina? Imitazioen pilaketa hutsa baino ez, kalkoa kalkoaren gainean? Ba ote dakigu, gutxienez, noiz garen jatorrizko orrialdea eta noiz miresten genuen haren kopia? Ba ote dakigu benetan idazmakinaren kartutxoa higatu eta itzali ahala orijinala grisagotu eta lausoagotu egiten dela eta kalkoaren pean dagoena —kalkoa berria denean— jatorrizkoa baino ilunago agertzen?

        Ezer izatekotan, tipo dibertitu bat zen Soto, ideien sumendi bat, dibertitzeko esandako esaldiek ere norbere bizitza modu tragikoan amaitu denean beste pisu eta esanahi bat hartzen duten arren sarri.

        «Zer egiten dik diktadore kontsekuente batek fusila dezaten baino lehen?».

        «Ez dakik txiste hori, Lazkano? Iraultzaileen txiste bat duk...».

        «Diktadore kontsekuente batek, primo, fusila dezaten baino lehen, agindu bat ematen dik: fusila nazazue».

 

 

Ahalegin berezi bat eginda, ahalegin bereziki mingarri bat eginda, Lazkanok irudika zezakeen Sotoren etorkizuna, desagerrarazi zituzten egunean hasi eta gaurdaino. Irudika zezakeen Soto erakundean gero eta sartuago, gero eta urrunago etxetik, Frantziako etxalde landatar batean ezkutuan, leku lasaiegi batean ezkutatuta ekintzara pasatzeko zain, itsasoari begira, talde armatuek bahitzen dituzten lehenbizikoak bere militanteak direla pentsatuz, autobahiketa bat dela hori eta ez dela sekula amaitzen, hil edo harrapatu edo desertatzen duten arte. Lazkanok irudika zezakeen Soto espioien nobelak eta bere eskuetan erortzen zen edozein liburu irakurtzen, egunkariak hasi eta buka, kexu beti ez zeukalako nahikoa irakurgai, kexu beti haren komando kideak ere, bere irakurtzeko grinak ingurukoak arriskuan jartzen zituelako talde osoa errepide bazterretan liburu-bazka erostera geratzen ziren bakoitzean, edo kalko paperak, ditxosozko kalko paperak, «hor bazagok libreria bat, ea, desbideratu hadi pixka bat», «vire à esquerda», «lado direito». Irudika zezakeen Soto ekintzara pasatzen, eta ekintza hark porrot egin ondoren itzultzen, eta atxilotua izaten edo doi-doi eta modu ia mirakuluzkoan polizien eta jendarmeen atzaparretatik ihes egiten, edo leherketa batek eragindako hildakoen gain zuen erantzukizun alikuota mentalki ingurukoekin banatzen, edo isilik gidatzen, edo erakundea uzten, edo kartzelan bere etorkizuna planifikatzen, edo dena uztear zegoenean ezustean buruzagitzara iristen, «zuk izan behar duzu, emergentzia bat da, beste egoera batean ez genizuke eskatuko, baina ez daukagu beste inor», eta sasian irratia entzuten, albisteak ia beti, baina tarteka musika emisoraren bat, italiar opera eta France Culture, edo, guztiz kontrara, bide bakarra politikoa dela aldarrikatzen irudikatzen zuen Soto, edo politikatik erabat aparte unibertsitatean literatur eskolak ematen, Gabriel Arestiri buruzko doktorego tesia egiten, Gabriel Aresti espaziotik iritsitako birusa izan zela esaten, edo Gabriel Arestiren poemak eta David Bowieren kantuak erkatzen, sutsuki, konparazio baterako, fantasia handiz.

        Ahalegin itzela eginda, bere buru-osasuna arriskuan jar zezakeen saiakera demasa eginda, Zeberio irudika zezakeen gurasoen lanpara-dendan lanean, inbentarioa zorroztasun handiz eramaten, lanparena edo garajean pilatutako lehergailuena izan inbentario hori, tarteka iparraldera errekadutxoak eramaten eta iparraldetik errekadutxoak jasotzen, bere kasa lanean beti, atxilotuko zuten arte, eskuak lotuta eta jertse beltza buruan jarrita aterako zuten arte gauaren erdian bere etxetik, edo bere negozio propioa sortzen, eguzki panelen ingurukoa ziur aski, eta Euskal Herriko mendi eta lautadetan teilatuetara igo eta haiek muntatzen, aire librean lanean eta bere lana baliagarria zela sentitzen, eguzki panel haiek herria libreago egiten zutela, herriko zinegotzi, ilegalizatutako alderdi bateko apoderatu, edo kartzelan hamahiru urte pasatu ondoren omenaldirik nahi ez zuelako erkideekin haserre. Irudika zezakeen Zeberio La Santé kartzelan zeukan Soto laguna bisitatzen, barrez eta negarrez eta eztabaida sutsuetan, «borroka armatuak ez dik zentzurik gehiago», edo «bai», edo «eutsi horri», edo «gurea duk garaipena», edo «zenbat jende ari den erortzen aspaldian», edo «ez ote dik honezkero Espainiako Barne Ministerioak agintzen gure erraietan», «bai zera, CIAk izatekotan», «hoa popatik, ez etorri orain hi ere haginetan txipak jartzen dizkiguten kontuarekin», eta «hi nola hago horretaz hain seguru?», «Auxoberriren garaia joana duk», «Barrionuevo es una zona especial», «gure teilatuaren kontra ari gaituk harrika», «hik ez daukak perspektibarik, historiak absolbituko gaitik», «hori Fidelek esaten zian eta hura ere», «hura ere zer?», «ikusten duk nola dabilen», «esadak nola», «azkenetan, agonia hutsean», «bizilegea duk agonia», «agian bai», «indarrez sentitzen haiz, bederen, Soto?», «indarrez sentitzen nauk, Zeberio», «baduk zerbait hori», «kemena, anaia».

        Esan nahian bezala: «zoroa, anaia, goazen, festa diagu Uztaritzen».

 

 

— Oinez jarraituko diagu hemendik aurrera.

        Garrantzitsua omen da denek inguruko mendiak ezagutzea. Soto kexu da, ez da bera sobera mendizalea, baina ameto eman duenez, Lazkanok ere ameto eman du, ezinbestean. Nor da bera beste bien esanak zalantzan jartzeko?

        Eguraldia, ederra: udako eguzki printza eskergarriak, neurriko brisa, zerua urdin. Motxila ttipiekin eta justuko jatenarekin abiatu dira, egun pasa egiteko asmoz. Aluminiozkoa izateaz gain aluminio kolorea duen ur kantinplora bana daramate, gailetaren bat, errezil sagarrak, ogitartekoak. Horrez gain, ardo botila hartu du Sotok isilpean, besteei ezer esan gabe. Astegun buruzuria izaki, ez dabil inor bidezidor haietan barrena. Hizketa alaian doaz pagoen itzal eskuzabalaren artetik, goroldioaren heze puntua presente, biderik pikoenari ekin aitzin. Joan Paulo II.a aita santua Loiolan izan zen neguan, ez zen beste konturik ibili irrati eta egunkarietan, ederra kalaka. Zeberio ez dago Aita Santuaren bisita haren guztiz kontra, bakea lortzeko mezuren bat ekarri zuelakoan.

        — Vatikanoak gure alde konspiratuko dik, jakina, euskal estatu independente bat sortzeko, no te jode. Dibortzioaren legeari kontra egin eta abortuaren aldekoa atzeratzeko etorri duk hura...

        Elizarekin erasokor jartzen da beti Soto, ez die amiñirik ere barkatzen.

        — Apaizak eta apaizak zaudek, Soto. Bitartekari bezala bere papera bete dik euskal elizak, euskararen biziraupena ere, nori zor zioagu?

        — Ponteko euskara bada mintzatu behar duguna, popatik! Nahiago diat mila bider frantximanta izan... Cherchez la femme, mekaguendios!

        — ETAren sorreran bertan eliza oso...

        — Bai, eta Adam eta Evaren lehen txortaldian ere bai... Ezagutzen diat erretolika hori.

        Elkarrizketa berotzen doan ahala, Zeberiok hatzez seinalatzen dizkie lantzean behin bordak eta kobazulo ttipiak: «Hor, eta hor eta hor». Hor. «Eta hor ere bai».

        Ez du besterik esaten: hor. Edo, agian, lantzean behin, zertxobait gehiago: «hor hezeegi», edo, «hor ezta okurritu ere». Gero, garbi samar geratzen da zer eta nola ezkutatzeko balio duen txoko haietako bakoitzak.

        Paisaia soildu eta zuhaitzen abaroa desagertzen den heinean, elkarrizketaren sarria ere eskasten joan da. Indarrak ez daude sobera eta denak behar maldari aurre egiteko. Hiruretan gizenena eta bizar luzeena duena izanagatik, Zeberio da izerdi gutxien botatzen duena. Tarteka, Soto ahozabalka sufritzen ikusten duelarik, pausoa azkartzen du apur bat Zeberiok, atzetik datozenen martxa behartuz, bera nagusi dela sentitu eta kideen lepotik barre apur bat egiteko, dibertiturik. Boterearen hedea zer den, eta nola erabiltzen dugun eskuetan dugula konturatu orduko, boteretxoa eta hedetxoa izanagatik, modurik inozenteenean batzuetan, gupida eta errukirik gabe zartailuari eragin eta laguna zigortuz beste batzuetan. Eta horrek gu gozarazteak ez du esan nahi lagun hurkoa maite ez dugunik derrigorrez, jakina, geure burua eta besteekiko kontrol-ahalmena hurkoa baino gehiago maite ditugula baizik. Tira, agian ez da zehazki horrela. Baina uneak eta uneak daude. Eta une batzuetan bazen horrela. Une hartan, adibidez.

        — Urik nahi?

        — Gorde heuretzat ur bedeinkatua, Zeberio. Nik badiat neurea.

        Zeberiok gaiztakeria txikia egin die: «Horra, hori duk gailurra», esan die.

        Azken indar erreserbak eta geratzen zitzaien ur apurra ahitu dituzte beste biek.

        Gailurrera iritsitakoan, ordea, Sotok eta Lazkanok motxilak erantzi bezain laster, aurrera segitu du Zeberiok, txistuka.

        — Hor atzean da: beste muino bat falta zaiguk.

        — Beste muino bat dago?

        Beste muino bat, eta beste bat. Zeberiok adarra jo die behin eta berriro. Eta ez dio esateari uzten: «Hor, eta hor»; edo: «Hor ezta okurritu ere»; edo: «Hor hezeegi».

        Agian hori da lezioa: beti dago beste muino bat.

        Lanbroa sartu da oharkabean. Goroldio puntua nagusitzen hasi da berriro. Logikaren kontra zerutik datorren goroldio lurruna.

        «Maite ditut maite, gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean», abestu du Zeberiok.

        Lazkanok txistuka lagundu dio, konpartsa hutsa da bera, bigarren ahots urruna, beti izan da hori beste bien ondoan —«uh, uh; wah, wah»—.

        — Euririk ez ahal dik botako...

        — Ez, ateri eutsiko ziok.

        Baina ez dio eutsi.

        Zeruak eta lurrak urratuko dituela dirudien trumoia lehertu da. Durundiak tinpanoak zulatu orduko, erabateko soilgunean harrapatu ditu zaparradak, babesteko zuhaitz triste bat ere gabe. Oinetakoak blai, udako arropa mela-mela, kopetako ile tantakaria etengabe apartatzen duen arren, betaurrekoak behin eta berriro lurruntzen zaizkio Sotori, lekutan da bere tupea. Praka motzak ekarri dituzte, Zeberio da artilezko galtzerdi luzeak daramatzan bakarra. Sotok eta Lazkanok ebaki txiki sorta ederra dute orkatiletan, sasi eta sastraken erruz. Birritan erori da Soto, lokatzetan laprast eginda. Sotok, ez eramateagatik, botarik ere ez baitarama, sekula eranzten ez dituen zapatilak baizik. Zeberiok eta Lazkanok lagundu behar izan diote altxatzen. Erortzen den aldiro, maldizio pare bat jaulki eta bere motxila haztatzen du, beste biei deus esan gabe hartu duen ardo botila puskatu ez dela ziurtatzeko. Ez du Lazkanok Soto sekula horren haserre ikusi.

        — Ateri eutsiko ziola? Putetxeko madreak eutsi ziok ateri.

        Zeberiok ezin die aitortu, baina ongi ezagutzen ez duen saihesbide bat harrarazi die, lehenago iritsiko zirelakoan. Galduta dago orain.

        Biderik sigi-sagatsuenak propio hautatzen dituela dirudi, eta igoerakoan litekeena zen horrela izatea, baina jada ez. Bidearen ezagutza ezari zor zaio Zeberioren trakestasuna. Behe-lainoak, ordea —dena ez da txarra izango—, ezkutatu egiten dizkie Sotori eta Lazkanori Zeberioren laprastadak, haren larritasun aurpegia. Soto eta Lazkano bakarrik ez, bera ere baldar eta itsumustuan doa.

        — Aurrekoaren oinei begiratu, ez galdu elkarren bistatik, bai?

        Nahi baino izuago atera zaio gaztigua. Nabarituko ote zuten beste biek gidaren estualdia?

        Lurrari musu eman dio halako batean irrist eginda Zeberiok:

        — Lurrari muxu? Ohitura vatikanoarrak hartzen ari haiz —bota dio Sotok, irribarre egiteko indarrik gabe. Ez du giroa lasaitzeko balio izan zirtoak.

        Bide ertz lokaztuan ez du Zeberiok espero zuen harri txintxarrik ukitu, arroka puskak baizik. Hor behean, pendiza. Eta pendiza baino okerragoa den zerbait: amildegia. «Hori da onena. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea».

        Geratu egin beharko lukete nonbait aterpetzeko. Non, ordea?

        Marmarka segitzen du Sotok. Astindu ederra emango lioke Zeberiori galdurik daudela jakingo balu:

        — Pneumoniak jota akabatuko gaituk, Wojtyla.

        — Hago lasai: hor hartuko diagu babes.

        — Hor? Non dago hor, ordea? Beti dago beste muino bat.

        Beti dago beste muino bat. Ez gaituk biziko hori ikusteko.

        Kanpaiak salbatu du boxeolaria. Heldu dira leku segurura. Hartu du Zeberiok lasai arnasa. Akabo herstura. Hor hori ezaguna zaio; harri ilunez eraikitako borda bat, egurrezko langaz trabatua. Zein gauza ederra galdurik ibili zarela jakitea, jada galdurik ez zaudenean. Sartu dira barrura. Hontz batek habia egina du leihoxkako huts-tartean. Ez da haiek sartzean mugitu ere egin. Begiak zabal-zabalik ikuskatu ditu hontzak hiru lagunak, izurik gabe, jakin-minez, gurasokeriaz ia.

        — Ostras!

        Sotok ahoan du bihotza.

        — Honek... piztiak ez al ziguk zorte txarra ekarriko?

        Adarra jo dio berrindarturik Zeberiok:

        — Hontza duk, Soto, animalia ederra eta jakintsua. Zortea ekartzekotan, ona.

        Ia hirurehun eta hirurogei graduko jira eman dio hontzak lepoari. Ikusgarria.

        — Auxoberriren antza hartzen zioat bada nik... Ez ote duk Orwellen Anaia Nagusia izango?

        Hilabete batzuk falta dira oraindik 1984ra iristeko.

        — Erantzi botak eta laga arropak ate ondoan, lastoa umel-umel utziko diagu bestela.

        Kanpoan zarra-zarra jarraitzen du euriak.

        — Ez dik atertzeko itxurarik —ausartu da Lazkano, beti legez, informazio txatal bat ematera mugatuz.

        Iluntzen ari du. Aterrunerik ez. Bertan pasatu beharko dute gaua.

        — Manta pare bat bazagok hor.

        — Ez diat ganaduak erabilitako manten artean lo egiteko asmorik, Zebe. Nahikoa potrozorri badiat hirekin.

        — Nik ipini nitian hemen mantak, kalamidadea —bota dio Zeberiok, artilezko tapakiak lurperatutako kaxa batetik ateratzen dituela, ez harrotasunik gabe, hotelean izara freskoak dakartzan zerbitzaria bailitzan.

        Burdinak ere badaude han, eta pospolo lehorrak, lurpeko gordelekuan, Lazkano begiluzeak ikusi ahal izan duenez. Lehen gutxi miresten bazuen, biderkatu egin zaio Zeberio planifikatzailearekiko estimazioa.

        Sotori umorea erne zaio derrepente. Manta eskoziarrek izan dute errua.

        — Jode, Zeberio. Hire maitasun habiatxoa duk hau? Hona ekartzen dituk hire mojatxoak? Larru-pasara rupestreen zalea haiz, orduan?

        — Geratzen zaizue jateko ezer?

        Piztu egin da Soto. Mahukan gordetako karta ateratzeko unea dela erabaki du.

        — Diego, atera nire motxilako ardoa!

        — Ardo botila ekarri duk? —harritu da Zeberio.

        — Beharko zerbait, bihar goizera iristeko.

        — Botila irekitzekorik badaukak?

        Zurbildu egin da derrepente Soto. Barrez lehertu, Zeberio.

        — Hire gordelekuan ez al daukak? Hire guardia suitzarrari kendutako labana suitzarrik ez al duk ekarri, Wojtyla?

        — Ekarriko nian hik ardoa ekarriko huela jakin izan banu, komandante...

        — Jode, Zebe, ezustekoa eman nahi nizuen...

        — Eta eman diguk, Soto, eman diguk... Ekarri zahatoa hurrengoan!

        Harriaren kontra botila muturra apurtu eta hatzak zauritzea pena litzatekeela-eta, ardoa beste okasio baterako gordetzea erabaki dute. Galleta bustien papurrak jan dituzte. Errezil sagar bana. Su txikia egin eta espageti pakete bat atera du Ali Babaren kobazulotik Zeberiok. Ez daukate ura irakiteko ontzirik eta espagetiak gordinik jaten hasi dira, horrek urdailaren orroak baretuko dituelakoan. Lazkanori espageti zurrunak sutan berotzea otu zaio, espagetiak zer ziztaturik ez duten brotxeta-ziriak bailiran. Irudimen apur batekin, ogi-ziriak jaten ari ote diren iruditu zaie.

        Lazkano harro dago berea izan delako espageti gordinak sutan berotzearen ideia. Behingoz baliagarri sentitu da bi liderrentzat.

        Busti baina ateri urratu du egunsentiak.

        — Hara!

        Hor esaten duen bezalaxe esan du Zeberiok: Hara.

        Hontza lo dago.

        — Lepoa jokatzen diat, sekula hontz bat lotan ikusi gabeak zinetela.

        Inork ez dio erantzun. Nahikoa lan, norbere loaren orratzak kendu eta belar izpiak ahotik eta kolkotik ateratzen.

        Manta eskoziarrak astindu eta tolestu dituzte atzera gordelekuan uzteko, ahozabalka. Sotok begi txikiak ditu dioptria askoko betaurrekoak jantzi aitzin. Umeen edo agureen aurpegia dute Lazkanok eta berak, esnatu berritan. Zeberiok, ostera, betiko bisaje ernea, lagunak baino askoz lehenago jaiki den seinale.

        — Lo-zaku pare bat gorde itzak hurrengorako hire maitasun habiatxoan. Mojarik ez zaik bestela birritan etorriko —bota dio Sotok.

        — Zakuak eta kopa pare bat, hik ekarriko duan xanpaina zerbitzatzeko.

        Makarrak kendu gabe oraindik, Sotok izan du hontza agurtzeko indarra:

        — Aio, Auxoberri. Berriz arte.

        Guardetxean geratu dira gosaltzen. Gorringo erraldoia duten arrautza frijituak, haragi egosi muturra, hirugihar errea eta salda, labetik atera berria den etxeko ogi azal ilunekoaz lagundua. Hitzik esan gabe egin dute hirurek gosari legea, naufrago erreskatatu berrien moduan, bere mutilak sasoian ikusten dituen guardetxeko andrearen pozerako. Gosaria bukatutakoan, irri bihurriz, bigarren gosari-erronda bat eskatu du Sotok, etxekoandreari hiruren plater hutsen gainean hatz erakusleaz uztai bat marraztuz. Motxila ireki du gero, ardo botila ateratzeko, ia-ia ahaztu egin izan balu bezala.

        — Zabalduko diguzu ardo-wojtyla, etxekoandre?

        Etxekoandreak ez du Aita Santuaren aipamenik ulertu, baina mutilek barre egin dutenean gogotik barre egin du berak ere, barre egin dute denek elkarrekin, eta gero haien barreari oihartzun, pozaldiarekin harro, barrearekin barrea omenduz, eta burua ezker-eskuin astinduz, pailazoa, zoroa, anaia, jaten segitu dute hiru gazteek, munduko teatroa platereko portzelana zuriaren gaineko zirkunferentzia hartara mugatuko balitz bezala, hirugiharrari saldarekin lagunduz eta saldari arrautzarekin, zuringoa ahoan murtxikatu ahala gorringo sumendietako jario librea ogi-muturrekin rally zoroan kontrolatu guran. Ogi puska ahora eraman aurretik laba laranja bidezidor ikusezinetan ildokatzeko saiakeran.

        — Hor daukazue botila irekita.

        — Non?

        — Hor, eta hor eta hor...

        Barre egiten dute berriro hiru lagunek, arrazoirik gabe.

        Beti dago beste muino bat.

        Hiruren adinak batuta ere ez dira etxekoandrearen hirurogeita bost urteetara ailegatzen. Paradisuko lurrina dario ardo merkeari.

        Guardetxeko hiru leihoetatik bi bakarrik daude zabalik. Leihoek ez dute errezelik. Eguzki izpiek baikortasunez blaitzen dute bernizatu gabeko zorua, lauki-luze itxurako argi putzu biziak sortuz, apurka-apurka hiru gazteen aurpegietara iritsi eta begietan min emateraino.

        Itsutu egiten ditu argiak, eta ez die zorionetik aparta litzakeen deus ikusten uzten.