Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

Ready-made

 

— Laurogei amonak banatzen gaitiztek neolitiko arotik. Laurogei amonak urruntzen gaitiztek kobazulotik. Bestela esanda: laurogei amonak gerturatzen gaitiztek leizera. Laurogei amona, laurogei hanka pare, laurogei magal, laurogei erditze. Laurogei, hala zioen Jorge Oteizak. Asko iruditzen? Zenbat dituk heure odolkide bizidunak? Ez dituk askoz gehiago, ala? Gutxiago agian? Esku bete lagun? Sei, zortzi, hiru baino ez? Bada, pentsa heure sendian beste nolabait, pentsa heure hildako arbaso gertuko eta ez hain gertukoetan, pentsa amonaz soilik osatutako leinu batean. Aise kabitzen dituk denak etxepe batean, autobus artikulatu bakarrean sar daitezkek laurogei amona bakan batzuk zutik lagaz gero, antzoki txiki bateko lehen lau lerroetan sartzen dituk laurogei amona, irudika ditzakek? Besaulki bakoiti eta bikoitiz osatutako lau lerro baino ez, jubilatuen dantzaldi bat kiroldegian, eta hara, horiek dira denak. Pentsa hire laurogei amona horietan, amaren aldetikoak denak, amen amak denak, irudikatu haien hazpegiak hire hain antzeko eta higandik gero eta urruntzenago —izatez gaizki ipini diagu sorburua, hi haiz haiengandik urruntzen ari haizena eta ez alderantziz: herorri haiz fotokopia gero eta higatuagoa, gero eta karikaturizatuagoa, gero eta sinpleagoa, gero eta bakteria ezezagunagoen menperago; ahaztu Darwin eta ahaztu eboluzioa eta etengabeko hobekuntza, ehiztari urrun baten txantiloi hutsa haiz, beltzezko moldea, edozein herritako frontoietako horman espraitu daitekeena—. Laurogei amona eta gero hau, laurogei amona eta gero hi, oroit ditzakek laurogei izen? Bai, ala? Zenbat emakumezko izen zaudek hire agendan, zenbat emakumezko topatu dituk bidean urteotan haiekin bizitza berri bat hasteko ametsa izateraino? Laurogei baino askoz gutxiago, baina Don Juan bahintz izan zitezkeen laurogei: heure laurogei amonak adina. Laurogei emakumezko izen? Gogoratzerik ez banan-banan? Egin dezagun ahalegina eta jarri aurpegi bana laurogei amona horiei: Katherine, Oihana, Elisabeth, Lurdes, Viviana, Tatiana, Begoña, Lide, Laura, Tannia, Larraitz, Karmele, Margarita, Miren, Olaia, Irene, Dolores, Leire, Kattalin, Ursula, Martine, Teresa, Neus, Vanessa, Eneida, Tarsila, Paula, Elena, Lucia, Suzanne, Jennifer, Juana, Aizpea, Julene, Alejandra, Nora, Marilar, Cristina, Maria del Mar, Agurtzane, Lierni, Goizargi, Myriam, Ainara, Koro, Gabriela, Maria, Esther eta Maria Esther, Isabel eta Maria Isabel, Yolanda, Joana, lagunentzat Visi den Visitacion, Ruth, Monica edo Monique, Maialen, Reyes, Arantxa, Maite, Ingrid, Rosa, txikitan Esperancita zen Esperanza, Ainhoa, Olga, Monse, Izaskun, Blanca, Zuriñe, Ihintza, Nerea, Amaia, Nagore, Eulali, Lola, Frida, Brigida, Alfonsina, Paz eta Mari Paz, Marijo eta Marijose, Idoia, Maribel, Luisa, Eva, Asun, Iratxe, Mercedes, Irati, Alaitz, Itziar, Eider, Naroa, Angelines, Olatz, Marta, Marie Ann, Clementina, Anna eta Ana eta Ane eta Anne... Kito. Laurogei baino gehiago zaudek jada hor bakar bat errepikatu gabe eta ez diagu Marina aipatu...

        Gloriak bere laurogei amonen historia kontatu bitartean, Marina Abramovitxen performance bati ateratako argazkiaren parera heldu ziren Lazkano eta biak. Rest Energy lanari ateratako erretratua zen. Izatez argazki hura zen Lazkanok erakusketatik oroitzen zuen gauza bakarra, Marina Abramovitx eta haren laguntzaile Ulay, arkua tenk, geziari eta arkuari eusten, bere obrarik ezagunenaren une izoztu bat: Abramovitx eta Ulay zuribeltzez jantzita, biak apur bat oker, apur bat atzerantz erortzear, Ulay laguntzaileak gezia sostengatzen du sokan tenkatua eta Abramovitxek arkuaren egurra. Aurrez aurre daude biak. Ez dago han jolasik, punta zorrotzekoa da gezi hura, zuzenean Marina Abramovitxen bihotzera zuzendua. Ulayk soka tenkatua askatzea aski, geziaren muturra Marina Abramovitx artistaren bihotzean iltzatu eta istantean hiltzeko. Biak elkarri begira daude, gona luze beltza eta galtza pare ilunak, alkandora zuri bana soinean, ikaragarria da argazkia. Bi orduz eutsi zion Ulayk geziari —bi orduz eutsi zioten elkarri— horrek eragiten zuen tentsio, gogoeta kateatu eta suspense sostenuto jasanezinarekin. Mikrofonoak ere ipini zizkieten artistei arropapean, bihotzaren taupadak harrapatu eta emanaldiak aurrera egin ahala nola azkartzen ziren entzuteko. Beste zuzeneko arte ekitaldi askotan ez bezala, honako honetan argazkiak ederki islatzen zuen performancearen indarra eta intentzioa. Arte garaikide eta kontzeptualarekin edonor berradiskidetzeko moduko irudia: zertarako artea, zertarako idatzi, horra erantzuna. Arkua tenk eduki eta gezia gertu izatea zen kontua, helburu bat begi-puntuaren xedean, hiltzeko arriskua, eta hala ere bizirik ateratzeko grina eta desioa, buruargitasuna eta eskuzabaltasuna, apaltasuna eta harrokeria. Gezia tenk eta diana norbera, zen arkularien leloa gogoan: ehiztaria eta ehizatua, bitez biak bat. Urteak ziren Lazkanok argazki hura lehen aldiz ikusi zuela eta Gloria tarteko zen orduko hartan ere: bere hozkailuan, egunkari ebakin ziztrin bat zeloz itsatsia, duela hogeitaka urte, Gloriak beste estudiante batzuekin (orduan oraindik ez zuten ikasle hitza erabiltzen) konpartitzen zuen pisuan. Panazko eta patilla lodiko urteak haiek, idatzitako poema kaxkarrak eta zuzendariari gutunak kalko orri beltzetan errepikatu eta kopia bat egunkarira bidali ondoren bestea kartoizko karpetatan etxerako gordetzen zuten garaiak. Panfleto eta fanzine urte zoragarriak. Uniformeen kontrako bonba atomikoak ziren gandor eta galtza estuekin Londrestik lehen punkiak etorri ziren urteak.

        Orain Gloriak motx-motx zeraman ilea, zuritze bidean. Ez zen ezkondu, ez zuen haurrik izan, Bartzelonara bisita egiten zion lehen urteetan kontatzen zion zer edo zer bere noizbehinkako bikoteez. Alta, urteak ziren Gloriak bere ibilera sentimentalen berri ematen ez ziola, horretarako adina pasea balu bezala, edota Diegori jada bere bizitzako alderdi hura interesatzen ez zitzaiola usteko bailuen. Ez zekien Gloriak gizonezkoekiko interesa erabat galdu ote zuen, edo, sinpleki, berarekin beste gai batzuek gusturago aletzen zituenez, elkarrekin pasatzen zuten denbora apurra hobeto baliatzeko egiten ote zuen, Diego ere ez zenez sasoi hartan sobera bere ibilera amodiozkoen gainean hitz egin zale.

        Bitxia da zenbait adiskidetasunen oinarrian zer dagoen: zein gai eta zein premisa, eta zein tonu, eta zein arau idatzi gabeko. Gloriarekin arteaz hitz egiten zuen bereziki, ikusitako azken filmez eta irakurritako azken liburuez. «Zer ari haiz itzultzen?», galdetzen zion lehen bisita haietan, eta Diegok kontatu egiten zion zertan ari zen, zer itzuli zuen joan zen urtean eta zer asmo zuen datorrenerako: itzulitako liburuak ziren Diegoren biografia, horixe zen egia. 1987. urtea Tolstoiren urtea izan zen, 1988a Nikolai Gogolena, Anna Akhmatovarekin bizi eta maiteminduko zen urtea 1989a... Gero, Diego Lazkano bere eleberri propioak argitaratzen hasi zenean, sekula idatziko ez zituen liburuen gainean aritzen hasi ziren.

        Politikaz garai batean etengabe mintzatzen ziren arren, apenas ukitzen zuten jada gaia, politika neoliberalak ipurtzuloan hatza sartzeko zuen gaitasuna edota Iberduerora bidali beharreko bonba-pakete irudikatuak aipatzeko ez bazen. Apasionatuak ziren arlo horietan —ahoberoak, esango luke norbaitek—, baina inoiz ez zitzaien burutik pasatu apasionatuak izan zitezkeenik sentimentalki elkar katigatu izatera. Edo hain aspaldi pasatu izan zitzaien hori burutik, jada ez baitziren gogoratu ere egiten. Diegoren garai bateko harekiko hurbilketak hain izan ziren herabeak, nekez hartuko bailituzkeen Gloriak hurbilketatzat. Gloriak ez zekien, edo Diegok ez zuen uste zekienik behintzat, unibertsitatean antzerki talde baterako lagunak bilatzen zituen paskina itsasten ikusi zuenean gustuko izan zuelako eman zuela berak izena. Gloria gustuko, ez antzerkia. Bertigoa sortzeraino gazte zirela begitantzen zaio orain, Oteizaren laurogei amonak baino gehiago pasatu izan bailiran geroztik euren artetik. Diegoren gaztetako zalantzak izan ziren gehiegizko zuhurtziaz portatzera eraman zutenak. Zalantzak? Gazte lañoaren inozokeria lau eta singlea baino ez zen izan, akaso, adiskidetasun hura gordetzea merezi zuela esaten ziona, edo beharbada, besterik gabe, ezezko biribila jasotzeari zion beldur klasikoa soilik. Hizketaldi sutsuak eta erakargarritasun haragikoiak bat egin zezaketen, baina bat egin ez zuten harreman mota horietakotzat jotzen zuen haien artekoa garai batean, eta gorputzak eta intimitatea partekatzeko gaitasunak nagiegi edo atzenduegi bilakatuak zitzaizkien orain; jada ez zuen Diegok garai bateko tentsio-gezi hura nabaritzen, Gloria Bartzelonako bere etxean bisitatzen zuelarik. Jada ez zen sentitzen Ulay bezala, zuzen-zuzen Marina Abramovitxen bihotzerantz zihoan geziari eusten. Lasaigarria ere bazen, nondik begiratzen zaion.

        Familian diru asko izanagatik hemezortzi urte bete orduko etxetik alde egin zuenetik ez zuen Gloriak haiekin harreman handirik izan. Dirua eskatzeko ez behintzat. «Fatxa» zen Gloriak bere familiari buruz mintzatzean gehien errepikatzen zuen hitza. Bizitza nahiko espartarra zeraman, bere antzerki esperientzia ahaztu eta artista bilakatzeko asmoz Bartzelonara ihes egin zuenetik. Antzerki taldean elkarrekin ibili ziren garaian taldeak zuzentzen gaitasun handia zuela erakutsiagatik, bakarrik lan egiten zuen orain beti. Jendearekin lan egiteaz nazkatu egin bide zen, ez zegoen prest jende egomaniakoa jasateko —hitz hori sarri erabiltzen zuen—. «Badaukat aski orkestra nire buruarekin», esan ohi zuen. Artista plastiko bezala, ordea, bere opening jendetsu pare batean egon zen arren Lazkano, ez zuen arte merkatuaren oihanean aurrera egin, hori zen Diegoren susmoa, bere obra hainbat galeriatan erakutsiagatik gutxi saltzen baitzuen, eta, Diegok zekiela behintzat, ez zioten museo edo korporazio handiek sekula haien fondoetarako deus erosi. Lagunak galtzen ari zen azken boladan, ohartua zen Lazkano, aspaldiko urteetan ez bezala, ez zela Gloria bisitatu zuen hartan telefono hotsik apenas sentitzen, isolatzen ari zela bere adiskidea Bartzelonan.

        — Irekiko diat beste botila bat?

        — Nigatik ez, gutxiago edaten dinat azken aldi honetan...

        Loft bat zeukan Montjuic altzoan: lanerako lekua eta bizilekua, bizitza eta artea dena bat, Marina Abramovitxen ildoan. Sukaldean aritu ondoren ere, aspaldian pintatutako koadro abstraktuetako izerdi akrilikoaren usainak gain hartzen zion egun hartako alberjinia erregosiari. Lazkanok atsegin zuen, hala ere, bertan afaltzea, batez ere udan, kafearekin batera dastatuko zuten laranja ukituko marihuana landare erraldoiak terrazan ageri, trafikoa eta hiriko argiak han behean, biak zurrumurruen mailan, belarrientzako zurrumurru eta zurrumurru luminiko.

 

 

Barkamenaz aritu ziren egun hartan. Lotsaz eta erruaz. Bere burua eskultore baldar bihurtu zuen Enola Gayko kopilotuaz.

        Errudun sentitzea baino zerbait gehiago behar zen, ordea, Hiroshiman bonba bota ondotik.

        — Eta zer egin behar zian hire ustez, bere buruaz beste egin?

        — Batek baino gehiagok egin din.

        Errudun sentitzea gauza bat duk, baina, errudun al zen? Zertaz, ordea? Ofizio bat hautatu izanaz? Soldadu sartu izanaz errudun? Bera hegazkin batean egokitu zuan, funtzio zehatz batekin: ez zekien bonba atomiko bat jaurtitzen ari zirenik. Enola Gayko kopilotua zuan, besterik ez... Zeren errudun zen? Kentuckyko artoarekin whiskia egin beharrean soldadu ofizioa aukeratu izanaren errudun?

        — Hasi haiz heure uztako loreak jartzen, Gloria: ez dinat uste Kentuckykoa zenik, preziso. Robert Lewis New Jerseykoa zela jartzen din hemen... Eta soldadua.

        — Bost axola: bost axola gasolindegi bateko langile edo soldadu...

        — Niri ez: horrek bereizten gaitin.

        — Soldadu izatea aukera bat duk, heziketa batek eta bizi igurikapen mugatu batzuek hala behartua, estua, halabeharrezkoa edo xaloa izan daitekek aukera hori edo guztiz askea, maltzurra eta bokazionala... Batek zakik zein zen bere kasua... Inkontzientzia hutsa izaten duk gauzak egitera eramaten gaituena hamarretik bederatzitan. Nork bere motibazioa izanen dik: baina oker habil soldadu guztiak zaku berean sartuta.

        — Petate berean, esan nahiko dun.

        — Parte hartu zian lehergailu hori Hiroshima gainean jaurtitzen, bai, eta zer? Ez zekian zehazki zer zen, ezin pentsa zezakean bonba atomikoaren eraginetan. Bere lana egin zian nolabait...

        — Naziek ere bai, horretara jartzen bagara.

        — Naziek ere bai: agindu-katea, oso ongi pentsatua zagok hori. Denok zaramaagu esaneko gizon edo emakume bat barruan, denok deabruaren esku bat.

        — Nik askatasun indibidualean sinesten dinat, borroka egin ninan bere garaian gauzak alda zitezen...

        — Eta aldatu ziren?

        — Ez agian... Ez behintzat espero genuen zentzu eta norabidean. Gauzek... gauzek posible ziruditenan garai hartan. Baina borrokatu ezean ez zunan gaur egungo egoera dena izango, otzanago jokatu izan bagenu...

        Inurriak ikusi ditu Lazkanok bere buruan. «Dale una pasara con esto». «Aske utziko diagu, ezta?». «Murgil gaitezen subjektibitatean». Beste modu batera agian, baina bera ere sentitzen zen errudun. Gurutzatu ote zen inoiz berak batere jakin gabe kalean ingeniariaren familiako norbaitekin, haren lagunen batekin?

        — Soto eta Zeberio dauzkak buruan, ezta?

        — Haiek ez zitenan borrokatzeko aukerarik ere izan... Banketxe bat atrakatu zitenan... jostailuzko armekin...

        — Ni ere akordatzen nauk haiekin... Ohartarazi nizuen, esan nizuen gaizki amaituko zenutela...

        Deseroso dago Diego Lazkano. Ez du hortik jarraitu nahi. Hitz beste egin nahi du.

        — Lekutara joan gaitun. Bonba atomikoaz ari gintunan...

        — Robert Lewisekin: bonba bota eta hogeita bost urte geroago bere etxeko garajean marmol zati bat lantzen hasi zuan, eskultura bat zizelkatzen...

        — Artea deitzen dion horri? Zabarra dun irudia...

        — Bere larritasunari eman zion aterabideak eta eskultura hari jarri zion izenburuak inporta dik: God's Wind at Hiroshima? Galdera ikur eta guzti, zalantza izan zuelako God's Wind ala Devil's Wind jarri... Robert Lewisek ez zekielako, ezin zuelako esan, jainkoa edo deabrua ote zen erantzule. Bere diarioan idatzi zituen hitzak gogoratzea ere komeni duk: «Jainkoarren! Zer egin dugu?».

        — Eta horrekin erredimitu zela uste dun? Marmolezko bloke bat zizelkatzen pasatu zituen hilabete horiei esker sendatu zela soldadua? Terapeutikoa izan zela? Faborez! 100.000 pertsona hil zitinan...

        — Keinu bat egin zian behintzat. Ohartu zuan barruan zulo latz hori nolabait behar zuela estali...

        — Semiotika merkea, sinbolismorik ez niri gero.

        — ...harri sinboliko bat behar zuela, ez zuela edozein harrik balio, eta bere eskuez landutako harri bat...

        — ...perretxiko atomiko barregarri bat.

        — Eskultore bihurtu zian bere burua lan hura egiteko. Ez al duk ulertzen? Transformazio erabatekoa izan zuan!

        — Baina soldadu amerikar petoa izaten jarraitzen zinan funtsean.

        — Hori ez zakiagu... Kontu nuklearraren hori, badakik Bikini atoloian egin zituztela froga nuklearrak... Energia nuklearrak beti izan dik alde hilgarriaz aparte, halako alderdi sexy bat, jostaria... Lehergailu nuklearraren irakurketa positibo hura, bi piezako bainujantzia bera proba-saio nuklearrak egiten ziren atoloiaren izenarekin bataiatzera eraman zuena, espero izatekoa zelako bi piezatako bainujantzi hark lehergailu nuklear baten efektu bera izatea garaiko emakumearengan... Hara... Begira hau...

        Gloriak erakutsitako portatileko argazkiari begiratu zion Lazkanok.

        William H.P. Blandy almirantea eta haren andrea agertzen dira bertan, adineko militar musugorri bat alboan dutela, onddo atomiko itxurako tarta ikusgarria mozten. Ez da edozein tarta, ezkongairik gabeko eztei-tarta dirudi. 1946koa da argazkia, Hiroshima eta Nagasakiko sarraskiaren ostekoa, beraz. Dotore dago Blandy almirantea, galoiak eta izarra mahukan, eta dotore haren andrea ere; merenge edo nataz egindako tartako onddo atomikoaren antzekoa du kapelua andreak. Kapeluaren eta tartako onddoaren arteko antzekotasun estonagarriak egin du hain ezagun argazkia, friboloa eta sakratua denaren arteko talka ikaragarriak, sarraski baten ikonoa zenaren berrinterpretazio gastronomiko arinak odola izozten duela ez aipatzeagatik. Krimena estetika bihurtua, onddoa modak asimilatutako gertaera chic. Bikinia, pastelak. Senar-emazteek alegera eusten diote onddo atomiko itxurako tarta zatitzeko kutxiloari, esku banarekin biek eta elkarren eskuak laztanduz, pattar-bisajeko hirugarren militarra den arren, beharbada, han gehien dibertitzen dena.

        — Blandy delako pertsonaia hori lege zaharreko almirantea zuan, nonbait: Iwo Jimako lehen bonbardaketetan parte hartu zian, eta ezaguna zuan kanoiei eragin aurretik bere barkuak kostatik ahalik eta gertuen kokatzea gustatzen zitzaiolako, itsasontzien segurtasuna arriskuan jartzeraino. «Etsaiaren begietako zuringoa ikusi nahi dut», esan omen zian behin... Pentsa, Diego, etsaiaren begietako zuringoa! Gerra amaitu zenean Bikini atoloietako froga nuklearretan parte hartu zian, ezagun egingo zuen beste esaldi bat ere berari atxikitzen ziotek: «Ez naiz playboy atomiko bat».

        Wikipediako lotura erakutsi zion portatilean Gloriak.

        — Hara, Diego, irakurri hemen Blandy handiaren hitzak: «Lehergailuak ez du kate-erreakzio bat eragin eta inguruko ur guztia gas bilakatuko. Ez dira ozeano guztiko ontziak hondoraino joango. Ez du itsasoaren hondoa leherrarazi eta zuloan behera urez hustuko leherketak. Ez du grabitatea birrinduko. Ez naiz bonbak bere apetak asetzeko erabiltzen dituen playboy atomiko bat, nire hainbat areriok esan duten bezala».

        «Ez naiz playboy atomiko bat», esan zuen, baina argazkiak guztiz gezurtatzen du hark esandakoa.

        — Merengezko edo natazko perretxiko atomikoen irudiekin, eta onddo atomikoen itxurako emakumezkoen kapeluez aparte... kantu dantzagarriak ere egiten zitiztean gai atomikoa tartean zela... eta jendea inguruan pozik tarta partitzen, ezkontza batean balego bezala... Friboloa eta sakratua denaren artean hari fin bat zagok, bertan erori gabe kulunkatzen asmatzen duenak irabazten dik beti.

        Mendebaldeko gizarteetan lotsa galdu zela, lider musulmanek askotan errepikatzen zuten hori: errudun sentitzeko joera zegoen mendebaldean, baina lotsa aztarrenik ez. Ekialdean, ostera, ez ziren errudun sentitzen, baina lotsaren sentimendua zuten barneratua, eta haien parametroen barruan moralki modu gaitzesgarrian obratzen zuten kasuetan erruari gailentzen zitzaion lotsa hau.

        Gloriak buruan zeukan performance berri baten harira hasi zen dena. Esther Ferrer artistaren obra aztertzen ari zen aspaldion, eta sarri deitzen zion Diegori gauerdia jota, marihuanaren eragin euforikoaren pean, arratsalde hartan bertan bururatu eta hurrengo egunean zabor hutsa irudituko zitzaion ideia jenial bezain iragankorren bat kontatzeko.

        — Demagun hau: hogeita lau ordu arte galeria batean aitagurea errezatzen. Hantxe geldirik, mugitu ere egin gabe, hieratikoki eta errezatzen... Fisikoki ongi prestatu beharko nikek, hori bai. Baina erredentzio kristauaren kritika egingo nikek hartara... Izenburu probokatzaile bat topatzea bakarrik falta zaidak, 6 hilketen erredentzioa edo horrelako zerbait. Zer iruditzen? Hago, ez, probokatzaileagoa are: benetako krimen bat hartuko nikek aintzakotzat, demagun: Atochako hilketen erredentzio kristaua... Agian sail oso bat egin zezakeat, aldiro izenburua eta errezo-aldien iraupena aldatuz, krimen ezberdin bat purgatuz eta otoitz-egileak borrero bezala irudikatuz... Kontxo, urtebete pasa zezakeat galeriaz galeria Europa guztia zeharkatzen, Europa kristaua bederen, eta gero nire esperientzien berri idatzi! Herorrek lagunduko hidake liburua idazten... Zer diok, Diego?

        Berak esaten zuen dena, ez zegoen une haietan Gloriak esandakoari ezer askorik eransterik, lantzean behin, idazle mexikar hark Jorge Luis Borges bisitatu ostean bezala, «isilune esanguratsuren bat» tartekatu besterik ezin zuen egin Lazkanok, gehienera jota.

 

 

Goizeko hirurak ziren Lazkanoren etxeko telefonoak jo zuenean.

        — Lo hengoen?

        — Hiri zer iruditzen zain?

        — Berri txarrak ditiat, Diego, berri oso txarrak...

        — Zer gertatu dun? Ezbeharren bat?

        — Rauschenberg hil duk.

        Gloria mozkortuta zegoela iruditu zitzaion.

        — Artista... Rauschenberg?

        — Zein bestela?

        Zaborrarekin, animalia disekatuekin, autoen gurpilekin, bizikletekin, irrati zaharrekin eta gasolindegietan, bide bazterretan eta txatartegietan bildutako puskekin artea eta umorea egiten zuen gizona hil zen.

        — «Nostalgiarik gabeko souvenir», horrela deitzen zien bere lanei.

        — Eta hi nostalgiaz gainezka dagoen edukiontzia haiz gaur, Gloria...

        — Ez duk egia... Erreskatadore bat zen... Rauschenberg! Benetako artista! Nire artista faboritoa.

        Hori ere ez zen guztiz egia, baina sentimental jartzen zenean, halako hiperboleetan aurkitzen zuen Gloriak aterpe. Saiatu da Diego penak uxatzen: hurrengo goizean mintzatuko zirela, ez zela hainbesterako ere, bazituela Rauschenbergek laurogei urte..., baina ez zeuzkan Gloria bezalako lagun asko, eta hura sentimental jartzen zenean, hobe izaten zen aingeru pausoekin ibili, bere gaztetako joera depresiboak azalera ez zitezen sobera.

        — Hi ondo hago, Diego?

        — Hainbestean, eskerrik asko galdetzeagatik. Eta hi?

        Edaten aritu nauk telefonoa hartu aurretik.

        — Ezagun dun: eta afalosteaz geroztik etenik gabe, sumatzen dudanez...

        — Ez duk guztiz asmatu: ez diat afaldu. Zertarako? Disolbatu egin nahi diat, Joseph Beuysek bezala.

        — Ohera sartu behar huke, eta bihar goizean goiz ogi txigortua tomatea eta olioarekin gosaldu, terrazako argitan.

        — Euri zirina ari dik, Lazkano, ahaztu ezak behingoz hire Mediterraneoko irudi idealizatua. Hau zabor hutsa duk...

        — Rauschenbergek egingo liken zerbait zaborrarekin, ez dun uste?

        — Haren talentua eduki behar.

        — Hots egingo dinat bihar goizean.

        — Ez diat hartuko.

        — Eguerdian orduan.

        — Ez, ez deitu. Beste gauza bat ere esan nahi nian, Lazkano... Badakik asko maite haudala, ezta?

        — Baita nik ere.

        — Hik esateagatik esaten duk, baina nik benetan maite haut. Eta beste gauza bat: Mirori buruz...

        — Miro?

        — Joan Miro, badakik... Azken aldian izan genuen eztabaida hura: koloreen eskapista zela esaten huen hik eta nik ezetz eta ezetz.

        Lazkano ez zen gogoratzen. Hainbeste eztabaida izaten zituzten zaila baitzen kontua eramatea.

        — Bai, gogoratzen naun —esan zion.

        — Bere katalogo bat topatu diat, Francoren kontra zer egin zuen galdetu ziotenean esan zuena aurkitu diat. Hago... Oraintxe esango diat nola izena zuen tipoak... Georges... Georges Raillard duk. Hark galde egin zioan zer egin zuen frankismoaren kontra. Badakik zer erantzun zuen?

        — Ideiarik ere ez.

        — «Gauza askeak eta bortxazkoak». Entzun duk? Katalogoan jartzen dik, Lazkano. «Gauza askeak eta bortxazkoak...». Gazteleraz zagok: «Cosas libres y violentas»...

        — Leher eginda nagon, Gloria...

        — Eta beste gauza bat ere esan nahi diat: Bodegó amb sabata vella ezagutzen duk? Miroren koadro bat, 1937koa, Miro-ren Gernika esaten ziotean... Eta Errepublikaren pabilioiarentzat mural handi bat egin zian, El segador, orain galduta dagoena... Zer iruditzen zaik?

        — Arrazoi dunala.

        — Caixaren logoa egingo zian, baina Miro ez zuan inondik ere saldu bat, hik esaten huen bezala.

        — Nik ez ninan halakorik esan.

        — Bai, esan egin huen.

        — Ba oker nengonan.

        — Ba hori.

        — Gabon, Gloria...

        — Hago, hago... Eta 70eko hamarkadan? Puig Antich garrotez hil zuenean Francok? Hari ere erantzun zioan L'esperança del condemnat a mort lanarekin. Eta badakik zer gehiago? Miro basati bat zuan, bazekian modu basatian ere pintatzen...

        — Konbentzitu naun, Gloria...

        — Ze ordu duk? Berandu duk, ezta?

        — Jabetu haiz...

        — Zer nahi duk? Ez duk nire errua! Rauschenberg hil duk.

        — Esan didan hori lehenago ere. Hire artista faboritoa.

        — Agur eta ohore, Rauschenberg!

        Azken tragoa zirudiena edan zuen. Hala iruditu zitzaion Lazkanori, zerbait irensten duenaren antzeko itomen-hotsa ailegatu zitzaion telefonoz bestalde.

        — Barre egingo huke ni ikusita, Diego...

        «Edo negar», pentsatu zuen Lazkanok. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        — Barre egingo huke; salako lurra dena liburuz beteta zaukaat, katalogo zabalduak, liburu hauek zabaltzea emakume bati izterrak irekitzea bezalakoa duk, ala? Bakanal bat duk hau! Ederra orgia! Partouze! hemen gainean lo egingo diat, liburu artean zilipurdika... Zer iruditzen zaik?

        — Bihar bizkarreko min galantarekin esnatuko haizela. Lo egingo dun orain apur bat?

        — Bai, behin honetaz gero, ez zagok ezer askorik egiterik, ez?

        — Ezer askorik ez.

        — Gainera, Rauschenberg gizajoa... Hustu diat azken botila.

        — Egin kasu behingoz, Gloria: hoa ohera.

        — Erreserbakoa zuan. Erreserba Federaleko botila, Lazkano.

        — Arrazoi gehiago ohera sartzeko.

        — Miro bezala Normandiako gotorlekuan giltzaperatu eta izarrak eta koloreak marraztu... Lurrean eskailerak landatu, gero haietan gora zerura iristeko, Lazkano, esan diat zenbat maite haudan? Miroren La masia diat begien parean, zakur parea txortan, eta hi eta ni ikusten ditiat aldi berean, ez galdetu zergatik...

        Hurrengo gauean telefonoz deitu zionean ez zen ezertaz gogoratzen.

        — Telefonoz deitu? Nik? Ziur ez zela beste norbait izan?

 

 

— Hara, Lazkano: Roman Ondak Venezian, Eslovakiako pabilioiaren barruan kanpoko lorategien kopia zehatza egin dik, halako eran non kanpoaldearen erreplika zen pabilioi barrua ere... Kanpoan lorategiak; barrura sartu eta kanpoko lorategien berdinak. Lorategi gehiago eta lore-joko gehiago! Barruan zein kanpoan! Zertara etorri gara hona? Artea ikustera? Zer espero dugu? Eta museoaren kanpoko aldearen eta barruko aldearen artean dauden ezberdintasunak ezabatuko bagenitu, ez kanpoa arte bihurtuz baizik eta barrua arrunt? Dena balitz lorategi edo dena arte edo dena museo edo dena hirigune, nahas-mahas? Zergatik konpartimentatu? Ispilu joko bat, espazio hutsei egindako omenaldia...

        — Errepikapena ad infinitum...

        — Horrelako zerbait egitea diat burutan. Imitazioa ez duk ezer berria. Serializazioa, apropiazioa, artean oso boladan dagoen zerbait. Eskatuko diagu jateko zerbait? Plantxan erretako arraina ona izaten duk hemen.

        — Urraburua nigatik, erdi bana.

        — Arrainarentzat... Sumarroca ondo?

        — Laranja zukurik ez behintzat.

        Laranja... bitxia duk laranja kolorearekin gertatu dena: modernitatearen kolorea izan zuan garai batean. Gogoratu 60ko hamarkadaren amaiera eta 70ekoa: altzariak, lanpara biribil handiak, soinekoak eta horma-paper estanpatuak.

        Laranja kolorea oso presente zegoan, gero zaharkitu-edo egin duk... Etorkizuna proiektatzen duen kolorea izan zuan sasoi batean, gogoratu Star Trek-eko uniformeak... Etorkizuneko kolorea aldatzen joan duk: urrea, titanio zilarkara, zuria gero, berdea Matrixekin jarri zuan modan, baina pasatu duk berriro ere... Hollywoodeko espaziontzien barrualdeko dekorazioari arreta jartzea duk kontua, fikzioan agertzen diren ordenagailuetako pantailetako hizkiak eta grafikoak zein koloretan egiten diren.

        — Oso jantzita ikusten haut kolore kontuetan. Berriz ere koadroak pintatzen hastekotan, ala?

        — Ez, faborez. Inork ez dik pinturarik nahi hemen. Pasatutako kontua duk. Gero kafea hartzen duan bitartean mandatu bat egin behar diat, axola ez bazaik...

        — Lagunduko dinat.

        — Nahi duan bezala. Pakete bat hartu behar diat postan.

        Urraburuaren hezurrak buru eta guzti zurrupatu eta bina grappa hartu ondotik, Bartzelonako portuko tenperatura atsegina utzi eta postetxera abiatu ziren biak. Alemaniatik zetorren paketea jaso behar zuen Gloriak, bere aitarentzat, itxuraz. Lazkanok ezin saihestu izan zuen bere aita desagertuarekin akordatzea, «okerreko lekura etorri nauk, Diego», aita liburutegian mailegatutako liburuak itzultzekotan postetxera joan zenekoa, bere burunahasketaren hasiera mingotsa.

        — Hemengo helbidea erabiltzen dik beti atzerrira erosketak egiteko, ez zakiat zergatik.

        — Bisitan joaten haizenean etxetik derrigor pasatzeko aitzakiaren bat sortu nahiko din.

        — Balitekek.

        — Bai pakete bitxia.

        — Bildumatzaile porrokatua duk aita. Ez galdetu zer bildumatzen duen, nahiago diat ez jakin. Dirutza gastatzen duela, ez zakiat besterik.

        — Ez dun tentaziorik izan sekula paketea zabaltzeko?

        — Ez nauk idazlea, muturra leku guztietan sartzeak ez zidak hiri adinako plazerik ematen.

        Bartzelonako Mutt galeriara eraman zuen arratsaldean Gloriak Lazkano, honek bart kontatu zionean adarra jotzen ari zitzaiola uste baitzuen.

        — Nola zaldi margolaria?

        — Herorrek ikusiko duk.

        Napoleon izeneko zaldiaren argazki bat dago erakusketaren sarreran. Kontua zertan datzan azaltzen duen bideoa ere bai: bere «entrenatzaileak» —martxanteak?— pintzela jartzen dio hortzen artean eta zaldiak trazo basaz margotzen du oihala, zirriborro abstraktu koloretsua burutuz. Argazki horren segidan, erakusketako koadroak: Napoleonen dozena bat lanetik gora, bakar bat ere ez hiru mila euro baino merkeagoa.

        — Eta jendeak hau erosten din?

        — Ez hadi hasi betikoarekin, Diego: «Ideia brillante bat komunikabideei grazia egiten diena. Horratx, gustatu edo ez, arte modernoa...».

        — Agian geure buruaz aspertu gaitun eta delegatzea besterik ez zaigun geratzen: makinetan eta ordenagailuetan ez bada, animaliengan.

        — Vargas Llosak artikulu bat idatzi dik aspaldi ez dela.

        — Ez dinat deus ulertzen... Saldu ezean San Juan sutan bere lanak erretzen zituen pintorearenak bazinan zentzu bat, baina honek... Zaldi baten subkontzientea aztertu nahi duen psikiatra batentzat egokia akaso, halakorik balego, baina hortik aurrera...

        — Egin izan dira lehenago ere halako saioak: zooetako tximuei kamerak erabiltzen erakutsita... Ez dituk artearen historiara igaroko, hala ere, hori onartzen diat.

        — Mozkortzeko gogoa piztu zaidan derrepente.

        — Hago: alkoholaren ahaztura irabazi egin behar izaten duk. Idazleei gustatzen zaien expo batera eramango haut lehenbizi. Asetzen ez bahau, nire kontu gaurko afaria.

        — Ez daukan errukirik nirekin...

        Arte portugaldar garaikideari eskainitako erakusketa zen, Portugalgo idazle eta artistei eskainia bere osotasunean. Abagune egokia zelakoan, Lazkanok Gloria inpresionatu nahi izan zuen zita bat portugesez esanda.

        — «Cheguei a Lisboa, mas não a uma conclusão».

        — Fernando Pessoa, hortxe daukak hire idazle kuttuna.

        Futbolin bat seinalatu dio Gloriak, Jose João Brito artistaren instalazio bat. Bi talde elkarren kontra, ohikoa denez. Talde batean João Gaspar Simoes da atezain eta garai guztietako beste hamar idazle portugesek osatzen dute taldea. Kontrako ekipoan, hamaika egurrezko figuratxoak bat eta berberaren kopia dira: Fernando Pessoarena. Soto eta Zeberiorekin akordatu da: Bidarteko hondartzan bordelesen kontra jokatu zuten partidaz.

        — Pessoa versus Portugal, ederra. Hainbeste heteronimo ezberdin sortzeko gaitasuna duen pertsonak, berak bakarrik eta bere kasa borroka dezake munduaren kontra.

        — Banekian gustuko izango huela.

        — Zortea izan dun: erdi bana afaria...

        — Ez al diagu esan gustatuz gero hik ordainduko huela?

 

 

Gloria Donostian zen, aspaldiko partez. Lazkano eta biak elkarrekin bazkaltzekoak ziren, baina aitari Bartzelonatik ekarritako paketea eraman behar zion aitzakian, biak gonbidatu zituen etxean otordua egitera.

        — Hitz eman behar didak ez duala barrerik egingo.

        — Barre? Nola ba? Zergatik egin behar nuen bada barre?

        — Eta ikustera hoana, bion artean gera dadila: aita fatxa duk, ohartarazi diat behin baino gehiagotan.

        — Fatxei ez zienat barrerik egiten inoiz, ez zagon kuidadorik.

        — Ez nauk hitaz fio.

        Zur zahar lustratuz forratua zegoen egongela eta hormak natura-hil eta ehiza-paisaiez estalirik, baina, pentsa zitekeenaren kontra, ez zen leku iluna, hegoalde eskuzabalera ematen zuten leiho altuei esker ez baitzen argiaren faltarik sumatzen batere. Moketa oliba kolorekoaren soropilak itolarririk gabeko sosegua hedatzen zuen egongela osora, trabarik gabe hamar metro luzatzen zen sabairaino. Abegikorra ere bazen giro hura, ez aristokrazia heredatu deserosoa, ez gustu txarrekoa eta baldarra, baizik eta aristokrazia naturala puri-purian, belaunaldiz belaunaldi gozatua, etxejabearen gozamenerako eta haren gustuen arabera eraikia, antzinako gustuen hari eta karietara. Aise uler zezakeen Diego Lazkanok gurasoak seme-alabekin haserretzea gazteek pribilegioei uko egindakoan; antzinako destilazio urtetsu haren lurrinari uko egitea bazen edukazio falta bat, nolabait. «Errazegi gaitzesten diagu aristokrazia», bere kolkorako Diegok.

        Fatxaren bulegoa zen hura, beraz. Aurrera ba. Durduzadura berezia eragin zion eskritorioaren atzeko tapiz erraldoi, bi bider bikoak: norenak ziren, Franco jeneralarenak ez beste, aginte makila eskuan, diktadoreek posta-zigilu, kale-estatua eta argazkietan ageri ohi duten argizarizko itxura beldurgarriarekin aurrez aurre so egiten zioten eskala errealaz gaindiko begi haiek? Hasperen egin zuen Gloriak.

        — Bale. Ikusi duk. Sinesten duk orain aita fatxa dela?

        Ez zuen Diegok higuinik batere sentitu, aitzitik, guztiz kontrakoa: halako liluramendua eragin zion ustekabean eta testuingurutik kanpo, garaitik kanpo agertzen zen tapizeko Francoren irudi hark. Erabaki zuen, nostalgia inofentsibo eta samur baten jabe behar zuela, inondik ere, Francoren irudia bere lantoki pribatuan hain modu agerikoan mantentzen zuen gizonak. Batere eskasa ez bazen lehendik Gloriaren aita ezagutzeko zuen gogoa, detaile hark areagotu egin zion.

        — Inporta zaik sarreran itxoiten badugu orain?

 

 

— Objektuek biziraungo gaituzte. Gu joango gara, baina objektuek beren horretan iraungo dute. Bildumazalea nauzu.

        «Ikusi dut bulegoko tapiza», pentsatu du Lazkanok, baina hari buruz ez du deus esan. Arrazoi zuen hala ere objektuen horretan, Pragan Kafkaren etxea bisitatu zuenekoaz akordatu zen, nola hunkitu zen bere burua Kafka ispilatu zuen mirail berean islatuta ikustean, eta nola izan zuen lipar batez haren erretratua mirail barruan ikusi zueneko fantasia ezinezkoa.

        — Gustatzen zaizkit litxarreria hauek: horra, berunezko soldadutxo hauek adibidez, Verdungo bataila irudikatzen dute. Oraindik ez ditut denak pintatu.

        — Aitari bataila ospetsuak irudikatzea gustatzen zaio.

        — Gustatu bakarrik ez, laztana, nire azken urteotako bizipoza dira.

        Berriz ere antzerkia, pentsatu zuen Lazkanok, panpinatxoak, txotxongiloak, berunezko soldadutxoak, errepresentazioa. Edo agian zahartzaroan umezarora bueltatzeko sindromearen arrasto bat baino ez zen: panpina batzuk utzi beste batzuk hartzeko. Tentea zen Gloriaren aita, eta garai bateko ile beltza zuri-zuri eta indartsu mantentzen zuen arren, ez zuen zituen hirurogeita hamabost urteak baino gazteago ematen.

        — Idazlea zarela esan dit Gloriak.

        — Saiatzen naiz idazten, uzten didatenean.

        — Ez horren apala izan, Lazkano jauna, interneten begira aritu naiz eta ezagun da ongi doakizula.

        — Kexarik ez dut, Furmica jauna.

        — Errusiera ere badakizu.

        — Atzendu samartuta daukat aspaldion, baina bai.

        — Esan, gustuko duzu Txekhov?

        — Ikaragarri.

        — Ondo moldatuko naiz orduan zure lagun honekin, Gloria... Hara...

        Gloriak Bartzelonatik ekarritako paketea zabaldu zuen orduan. Ongi enkoadernatutako liburu zaharra eraman zuen sudurrera, gutiziatsu. 1923ko liburukote bat zen, karaktere zirilikoz idatzia.

        — Bere teatro lan guztiak, gutiziatxo bat.

        — Dirutza balioko du.

        — Dirua, jakina. Garrantzitsua da dirua. Txekhoven obretan ere bai: pertsonaiak etengabe ari dira estutasunak pasatzen, dirua lukurreruei maileguan hartzen, haien etxalde hipotekatuak galtzeko zorian beti... Sobornoak ere ez dira falta, ustezko dote gizenen truke ezkontzen diren pajaroak... Oso gaur egungoa, alde horretatik begiratuta.

        — Hala ere, teatroa ez diot hainbeste ezagutzen. Nahiago ditut bere ipuinak.

        — Hor dugu, beraz, zertaz eztabaidatu... Narrazioak nahiago? Short storyak, racconti brevi?

        — Baietz esango nuke.

        — Egin kontu Anton Txekhoven ipuinak nondik datozen. Arrastorik baduzu?

        — Sendagilea zen, harat-honat zebilela entzun eta ikusitakoak izango ziren asko eta asko...

        — Bai eta ez... Txekhovek nerabe zela zuen afizioetakoa zen antzerkia: pieza komiko laburrak egiten zituzten, etxean eta etxekoentzat, berak eta bere anaiak. Teatro inprobisatu txiki horietako pertsonaiak bilakatuko ziren gero bere ipuin ospetsuenetako heroi. Zer iruditzen? Ipuin askoren oinarrian antzezlanak zeuden.

        Kontrako eztarritik joan zitzaion Diegori bazkalaurreko ardo goxoa.

        — Barkatu.

        — Ez dago ona, ardoa? Beste bat ateraraziko dut... Gisele, mesedez...

        — Ez, ez da hori... Ardoa primerakoa dago.

        — Egia da Kaioa estreinatu zenean jendeak ez zuela ulertu... Baina bigarren aukera bat izan zuen, bizitzan denok izan behar genukeen zerbait; eta orduan bai, berealdiko arrakasta lortu zuen... Ezkondu ere, Olga Knipper, Moskuko Arte Teatroko aktore batekin ezkondu zen... Ez da kasualitatea izango...

        — Bere umore etsia preziatzen diot nik.

        — Antzezle eta zuzendariek ez zuten inoiz jakiten drama umoretsuak edo komedia dramatikoak antzezten zituzten. Ez zekiten barre edo negar egin.

        — Biak batera, ziur aski.

        — Biak batera, hala izaten da bizitzan ere.

        — Askotan esan izan diot Gloriari Txekhoven antzezlan bat zuzendu behar lukeela, garai batean egiten zuen moduan.

        — Aita, ez hasi berriz horrekin...

        — Ez, ez, utzi bukatzen: serio ari naiz erabat. Ona zinen, bazenuen eszenaratzeko bisioa... Neronek finantzatuko nizuke.

        — Teatroa artifizioa da...

        — Ez teatro gehiegi egiten ez badute aktoreek, laztana. Txekhov isil samar egoten zen bere antzezlanen proba-saio gehienetan, baina galdetzen ziotenean eman ohi zuen bere iritzia: «Teatro pixka bat gutxiagorekin, hobeto legoke... Erabat soila egin behar da... bizitzan egiten den moduan».

        — Gauzak asko aldatu ez badira... ez da hori hemengo antzezlanen joera. Baina ez naiz ni egokiena hori epaitzeko, hogei urte baino gehiago daramatzat-eta antzokietara joan gabe.

        — Zuk ere bai, Lazkano jauna? Eta zergatik halakorik?

        — Gaztetako trauma bat, batek daki.

        — Edonola ere... Gloriak Txekhov zuzenduko balu... Ez zenuke zure antzez-baraua eten beste erremediorik, n'est-ce pas?

        — Hori gertatuko balitz...

        — Noiz egingo didazu kasu, Gloria?

        — Egunen batean, aita.

        — Aurrera arren, prest dago dena —ohartarazi die Gisele zerbitzariak.

        Schnapps bana hasteko. Gero, legatza almendrekin. Rhin ibarreko ardo zuri gutiziatsua lagun, ongi afaltzen zen etxe hartan. Beste garai batekoa begitandu zitzaion Lazkanori dena, baita Francoren tapiza eta armiarma-lanparak bere buruko ertz batera zokoratzea lortu eta beste guztiaren abstrakzioa egin ondoren ere. Sukaldaria, zerbitzaria... Londres victoriarrean sentitzen zen. Aurretik irudikatu zuen agian dibertitu ere egingo zela Gloriaren zaharrarekin, baina sufrikario bat izaten ari zen. Gloria ez zegoen bera baino erosoago. Ezagun zen aspaldiko urteetan galdua zuela aitarekin otorduak egiteko ohitura eta, batez ere, zerbitzariaren presentzia jasatekoa.

        — Alda ezazu musika, faborez, Gisele. Aria hau ez da egokia legatzarentzat.

        — Nik aldatuko dut, aita; zoaz lasai, Gisele.

        Hain zoldatsuak ez balira Gloriaren aitaren manerak, komikoa begitanduko zitzaion agian Diego Lazkanori egoera. Gloriak ohartarazi zion, behin eta berriz: «Badakik fatxa bat dela, probokatu egingo hau, hik segitu hari korrontea eta kito. Errazagoa duk horrela». «Ikusiko dinat», erantzun zion Diegok bihurri.

        Tipo hura benetan zen fatxa bat. Azkarra, edo azkar-ustekoa, baina enkanturik gabea. Eta okerragoa zena: disimulurik ere ez zuena.

        — Oraingoan ere Alemania eta Frantzia ari dira Europako gurdiari tiraka. Lotsagarria, ezta? Lastima apur bat iparralderago ez jaio izana...

        «Hik ahal duana egiten duk», Lazkanok bere artean: Rhineko ardoa, opera alemaniarra, schnapps. Jaiotzen garen lekuan jaiotzen garela, gero hauta genezake nora nongotartu, baita etxetik atera gabe ere. Lillen literatura unibertsaleko liburuak saldu eta diru harekin alkohola erosten zuen sasoiaz akordatu da Diego. Fernando Pessoaren Desoseguaren liburua, porto botila baten truke.

        — Aukera ederra galdu zuten jeltzaleek naziekin akordioa egiteko okasioa zapuztu zutenean.

        — Baina gerra galdu egin zuten...

        — Jeltzaleek? Bai, arrazoi duzu.

        — Naziek ere bai...

        — Hmmm, esan liteke. Baina zenbat diru gastatzen duen oraindik AEBetako zinemaren industriak naziei buruzko filmak egiten, ezta? Edonork esango luke ez zela gerra irabaztea nahikoa izan, ahosabaian halako gustu garratza utzi ziela garaipenak, edo ez zutela sinetsi irabazi zutenik. Oraindik gerran jarraitzen dute, aspaldi desagertu arren inoiz baino presenteago dagoen etsai baten kontra.

        — Leviatana ez berpiztea da helburua, agian —esan zuen Lazkanok, eta Gloriak hortik ez jarraitzeko keinua egin zion, ardo kopa kolpe batean hustuz. Lazkano, ordea, arrastoan sartuta zegoen jada—. Gernika Batailoia izan zen Parisen sartzen lehena, euskaldunak...

        — Izenaren sinboloagatik, auskalo: marexalen batek erabakiko zuen, «utzi vascoei pasatzen, Picassoren koadro zatar horrekin zorterik izan ez dutenez, kontsolagarri», batek daki.

        — Ardo gehiago, aita?

        — Gisele, ardo gehiago.

        Gloriak keinua egin dio Giseleri, egoteko lasai, arduratuko dela bera. Lazkano jabetuta dago zerbitzaria ere atezuan dagoela, jabetuta dago Gloria eta biak bere ohiko errutina apurtzen ari direla, nahiago zuela hark gauzak bere erara egiten uztea, alegia, ardo botilak Lazkanok eta Gloriak ukitu ere gabe. Hobe beharrez aritu arren, zerbitzuari enbarazu besterik ez zioten egiten.

        — Rhineko ardo hau... Afrutatua benetan, gustatzen zait, aita.

        Gloria elkarrizketa desbideratzen ikustea, hain bere aitaren mende, amorragarria zitzaion Lazkanori. Orain ulertzen zuen zergatik hautatu zuen gazte-gaztetatik gurasoen etxea uztea, eta zergatik izan zen bere amaren heriotza Bartzelonan behin betirako geratzeko behar izan zuen azken bultzada. Baina alferrikakoak dira Rhineko ardoei buruzko Gloriaren iruzkin guztiak elkarrizketaren korrontea bere ubidetik desbideratzeko.

        — Diziplina handiko jendea ziren naziak, ez dago ongi ikusia orain haien alde ezer esatea, berehala botatzen dizkizute zakurrak, baina gaur egun Alemaniako errepideetan hain jende gutxi hiltzea ez ote da nazien meritua? Errepiderik onenak eta autorik onenak, eta abiadura mugarik ez autopistetan... Zenbat jende hiltzen da gurean? Zenbait ideia muturreraino eraman zituzten, ados; baina ez al genizkieke nazien kanpoetan hildakoei azken hirurogeita hamar urteotan Hitlerren errepideetan hil ez diren guztiak deskontatu behar, adibidez? Eta hemengo errepideak tranpa mortalak izatea, terrore mota hori, noren erantzukizuna da? Mediokreak gora aupatu eta egia esaten duenari krudelkeria leporatzen diogu, tristea da, baina horrela funtzionatzen du munduak. Eman buelta pare bat horri, Lazkano, zergatik demonizatzen den zenbait jende eta ez beste zenbait.

        Ez ziren nahi ordurako etorri etxean egindako pana cotta izoztua eta kortesiak derrigortutako kafea.

        — Diziplina falta da, Lazkano jauna. Autoritatea. Alemanian gazteekin gymnasiumetan egiten zen lana, gazteria hitlertarrak... Ezaguna egingo zaizu Gunter Grassen kasua, noski.

        Diegok ez zuen segitzeko indarrik. Bera zen orain, ardo zuri botilari naufragoaren botilari bezala heldu eta kopa betetzen zuena. Ez hitz egiteagatik, edan. Zenbat lotsati eta zenbat koldar bihurtuko ote ziren alkoholiko, begitandu zitzaion.

        — Likorerik ez? Pattarra, grappa? Ni ez naiz oso zale, baina patxarana ere badaukagu, etxekoa...

        — Ez, eskerrik asko.

        «Etxekoa», otordua hasi zutenetik hura izan zen euskaraz esan zuen lehen hitza.

        — Plazera izan da, Lazkano jauna. Itzuli nahi duzunean. Ez da aise topatzen elkarrizketaren hariari eusten dakien jendea gizarte mengel eta belaxka honetan.

        Otzan makurtu zuen burua Diegok, deus esateko kemenik gabe, Gloriaren aitaren bosteko autoritarioak bizkarrezurra makurraraziko balio bezala.

        Gloriak lagundu zion atariraino.

        — Badin bere xarma hire aitak.

        — Botatzen dituen astakeria guztiek ilea lazten ez dutenean, esan nahi duk? Orain xahartuta zagok, baina irudika ezak duela berrogei urte, umea nintzenean —murmurikatu dio.

        — Gurasoekin beti sortzen dun txokea, faszistoide izan ez balitz ere, hire aitarekin ongi moldatuko hintzela uste dun?

        — Ez daukak disimulatu beharrik, fusilatu egingo nikek batzuetan.

        — Gurasoak ez ditun aukeratzen, ez haiz hi haien erantzule.

        — Baina gurasoak badituk seme-alaben erantzule, ala? Horrekin bizitzea erraza izan dela uste duk? Sentitzen diat, Diego. Esan egin behar nian. Aita Meliton Manzanasen laguna zuan.

        Hasperen egin zuen Gloriak.

        — Tira, esan diat, lehertuko ninduan bestela.

        Badira odola izozten duten izenak. Jende askorentzat horietakoa zen Meliton Manzanasena. ETAk deliberatuki hil zuen lehen polizia. Legenda beltz bat hedatzen zen gizon haren inguruan. Torturaren probetxuak aski ez eta, atxilotuen emazte eta arrebei egindako faboreak bere modura kobratzen zituela. Poliziaren barruko lankideek ere ezin omen zuten begien bistan ikusi. Sadikoenen eskolakoa.

        Lazkanok entzuna zuen naziekin kolaboratu izana ere leporatu izan ziotela Manzanasi, artean gazte bizargea baino ez zenean, hogeita hamar urte ere ez: judutarrak entregatzen ei zizkien naziei, Espainiako Gobernuari interesatzen zitzaion jendearekin trukatuz.

        Gloriak horren aditzerik ba ote zuen galdetu zion Lazkanok bere buruari. Ez izatea espero zuen, bere onerako. Bazuen nahikoa bere adiskideak aita frankistekin eta torturatzaileekin lotzearekin. Baina orain aiseago ulertzen zuen Gloriaren aitaren erretolika filonazia. Entzutekoak izango ziren Meliton adiskidearekin batera, schnapps bana eskuan, elkarri kontatuko zizkioten gerra-osteko pasadizoak. Lazkanok nahiago izan zuen buruan zerabilena bere kolkorako gorde. Ez, hobe zen Gloriak deus ez jakitea. Nahiago izan zuen ez esan nola lotzen zen bere aitaren adiskidantza hura XX. mendeko sarraskirik handienarekin. Nola etxe ondoan daukagun, uste baino askoz hurbilago, munduaren krudelkeriarekin nahi gabe lotzen gaituen hari-muturra. Hasi tapiz single batean solte dagoen haritik tiraka eta ustekabeko lekuetara iritsiko zara. «Objektuek biziraungo gaituzte».

        Glaziala da giroa bat-batean eta ez dirudi ezerk hobe dezakeenik hura.

        Besarkatu egin du Gloriak Lazkano, aspaldian inork besarkatzen ez zuen bezala. Ispilukeria bat izan da agian, baina Giselek une horretantxe Diegoren jaka luzea ekarri eta eten izan ez balitu, ezpainetan musu ere emango ziola iruditu zaio.

 

 

Egun hartan Gloria ez zitzaion Santsera bila etorri. Harritu egin zen Lazkano, baina ez zion beste munduko garrantzirik eman: berandutu egingo zitzaiola pentsatu zuen. Egunkari pare bat erosi eta tren geltokiko kafetegian zain geratu zen. Etorri gabe jarraitzen zuela ikusita, telefonoz hots egin zion. Erantzungailuak salto egin zion bestaldean. Bere lan kontzeptual ezinezkoren batean murgilduta ibiliko zen, ez soilik hitzorduarekin eta geltokian jaso beharreko bisitarekin ahaztuta, baizik eta urteko sasoiaz eta munduaz ezaxola ere bai, ziurrenik. «Artista hauek, erremediorik ez».

        Gloria orduz edo egunez deskuidatu zelakoan, taxi bat hartu eta haren etxera hurbiltzea erabaki zuen Lazkanok. Etxeko txirrinari sakatu zion. Inor ez. Auzoko pizzeria batean afari legea egin eta iluntzean jo zion berriro ere atea. Ez zen han inor sumatzen.

        Hirugarren mezu bat utzi zion erantzungailuan, auzoko pentsio batean zegoela esanez. Hurrengo goizean, gosaldu ostean Gloriaren deirik jaso ez zuela ikusi eta interfonoari ere erantzuten ez zionez, Gloriaren aitari deitzea bururatu zitzaion. Ez zeukan agendan telefonoa, baina aise aurkitu zuen cyber pakistandar batean sartuta, orrialde zurietan. Donostian ez zegoen Furmica deiturako jende asko.

        Giselek hartu zion arren, berehala agertu zitzaion Gloriaren aitaren ahotsa.

        — Ez dakizu ezer?

        Susmatu behar zuen Lazkanok zerbait Gloriak balkoian zituen landare guztiak ikusita. Gehiegi ziren norbere kontsumorako. Baina zer daki batek... lagunentzat ere izan zitekeen... Bere artelanak salduta ezer askorik ateratzen ez zuela agerikoa izan arren, ez zuen Diegok asko uste Gloriaren egoera horren larria zenik.

        Ezin saihestu izan zuen Lazkanok Gloriak proba-saioetara berandu heltzen zirenean esaten zizkienen akordua, Soto hainbeste sutzen zuten gaitzespen haiek denak: «Zuek gaizki bukatuko duzue», «Ez espero kartzelara joatea zuek ateratzera», «Abokatua ordaintzeko gaudek ba».

        Fidantza pagatua zuen jada aitak, baina bankuko transferraren ordezkagiriarekin burofax bat bidali eta hainbat paper-kontu egitea falta zen oraindik. Eixampleko komisaldegian zeukaten.

        — Ez nekien han bertan zinenik, Lazkano... Gloriak estimatuko du norbait ezaguna zain izatea. Eskertuko nizuke askatzen dutenean hots egitea.

        — Jakina.

        Komisaldegiko itxarongelan bota zuen goiza Diego Lazkanok. Urduri jartzen zen oraindik ere halako lekuetan. 80ko hamarkadako arrastoak.

        Bazkalosteko txandako harrerako poliziari berriro azaldu behar izan zion Gloriaren kasua, goizekoak alde egin orduko. Bostak baino lehentxeago askatu zuten. Ez zeukan itxura txarrik.

        — Sentitzen diat, Diego. Dei bakarra egiten utzi zidatek, eta ez zuan kontua dirua hiri eskatzea. Non pasatu duk gaua?

        — Ondo al hago?

        — Primeran... Bulgariako bi prostitutarekin izan nauk... Oteizaren amona horietakoak ematen zitean... Sinesten didak Bulgariako hiriburua zein zen ere ez nintzela akordatzen? Ba al dakik jada ez dituztela hatz markak tintarekin hartzen? Akabo hori ere.

        Gloriak ez zuen bere dealer lanaz hitz egin nahi izan. Hasiberria omen zen «ezagunen ezagunei» pasatzen, eta kalez jantzitako polizia bat egokitu zitzaion tartean. Zorte txarra. Ofizioko abokatuaren arabera, ez zuen arazorik izango, lehen aldia zelako eta atzemandako kopurua ez zelako handia. Aitari fidantza ordaintzeko dirua eskatu behar izana, horixe zen bere buruari barkatzen ez ziona.

        — Bizitza osoan moldatu nauk hura gabe. Eta orain bat zor zioat. Bazakiat, gainera, kobratu egingo didala. Ederra duk, bada, zaharra.

        — Larri bahabil... eskatu besterik ez daukan, Gloria... Dirua behar dun?

        — Ez, baina Boadaseko Martini erronda ordaintzen utziko diat nahi baduk.

 

 

Macbako areto nagusian eseri zen Heiner Stachelhaus profesorea. Aulki gehiegi jarri zituztenez, etorri zen jende urria ikusita, antolatzaileak egurrezko eserleku tolesgarriak gordetzen ari ziren, disimulurik gabe. Gloriak puztuta zituen begi-niniak.

        — Tira, neska, ezta David Bowie balitz ere...

        — David Bowieri buruz gehien dakienetako bat baduk behintzat.

        Josep Ramoneda zen aurkezpen lanetan, bere termita-ahots sarkorrarekin. Lazkanok maite zituen haren irrati-iruzkinak, inoiz hura aurrez aurre ikusi gabea zen arren. Vichy ura edan eta katalanez agurtu zuen publikoa Heiner Stachelhaus profesoreak, bertaratutakoei eskerrak emanez, gero alemanez segitzeko. Aldibereko itzultzailea oso ona zen, nahiz eta paperetik irakurtzen ari zela gehiegi nabaritu.

        «Gangster baten eta pailazo baten arteko gurutzaketa zen Beuys. Kapelua, gabardina, itxura erkina, ekintzarako grina aseezina. Badago halako jendea, atsedenik hartu ez eta ahitu arteko lanak sosegua ematen diona, nekea bera gasolio bihurtzen duena: «Indar-xahutzea bera da nire energia», esan ohi zuen Joseph Beuysek».

        Sotorekin akordatu zen Lazkano. Halakoxea zen bera ere, goitik behera. Hura ari zen deskribatzen.

        «1921eko maiatzaren 21ean jaio zen Beuys, Krefeld herrian, Dusseldorfetik gertu. Batxilergoa amaitu aurretik urtebete pasatu zuen harat-honat, zirku batean laguntzaile: igeltsero, giza iragarki eta animalia zaindari lanetan. Zerbait normala bailitzan onartu zuen gazteria hitlertarretan bete beharreko zerbitzua, bai eta gerran soldadu izan beharra ere. Patuan sinesten zuen...».

        — Hire aita gonbidatu behar geninan, Gloria.

        — Isilduko al haiz?

        «Posenen irrati-telegrafista heziketa jaso ondoren, gerra-pilotu gisa trebatu zuten, Erfurten lehenbizi eta Königgrätzen gero. 1943ko neguan Krimean izan zuen istripuak markatuko zuen bere geroa. Aire-erasoen kontrako kanoi errusiar bateria bat bonbardatu ostean, igoerako maniobran altuera hartu aurretik, tirokatu egin dute berak pilotatzen duen Ju 87 hegazkina. Pronostiko guztien kontra, Beuysek eta bere kideak hegazkina etsaien lerroetatik bestalderaino eramatea erdietsi dute. Haatik, altimetroak huts egin die eta lurrera amildu da hegazkina elur ekaitzaren erdian. Lurra jo ondotik, Beuys hegazkinetik kanpora jaurtikia izan da, eta hegazkinaren isatsaren pean harrapatuta geratu. Bere laguna hilik dago. Nomada tartariar talde batek hegazkinaren hondakinen artean aurkitu eta harekin eramango du, larriki zaurituta: zortzi egun luzez zainduko dute euren kanpamentuan. Zauriak animalien gantzarekin igurtzi dizkiote eta feltroz bildu dute Beuys, haren gorputza bero mantentzeko. Esnea, gatza eta gaztanberarekin elikatzen dute. Alemaniarrek erreskatatu ondotik, frontera bidali dute berriz, mendeku gisara, zenbaiten ustez, hasiera-hasieratik ez baita diziplina militarrera ongi egokitu. Beste lau aldiz zaurituko dute borrokan eta dominaz josiko. Degradatu ere egingo dute, birritan, diziplina ezagatik. 1945ean britainiarrek preso hartu zutenean, sakailatuta zeukan gorputza».

        — David Bowie, osoko heroia... —xuxurlatu dio Lazkanok Gloriari.

        — Eutsi mihiari, Diego.

        «Fluxus taldearekin batera egingo dituen ekintzetan, jende asko suminarazten duten emozioak probokatzen ditu: detergente hautsez bete ondoren motozerrekin birrintzen dituen pianoak, bihotza zuzenean erauzten dien animalia hilak, gantza, telebista ñirñirkariak, oihu primitiboak, danbatekoak... askotariko erokeriak. Gehienetan, jendeak ez du Joseph Beuysek egiten duena ulertzen, baina bost axola zaio berari. Trantze betean egiten ditu bere ekintzak.

        «1954an, bere emaztegaiak, Beuys baino askoz ere gazteagoa eta Dusseldorfeko postetxeko langilea berau, ezkon eraztuna bueltatu dio. Depresioaren malda beheran sartuko da Joseph Beuys; lagunek leihotik sartu behar izan zuten haren etxera hura erreskatatzera, eta ilunpean topatzen dute: «Disolbatu egin nahi dut» esaten die, ahots-hari ahul batekin. Lurrean, marrazki apurtuak. Kutxa bat eginarazten dio Krefeldeko arotzari, hura breaz estali eta bere burua bertan «lurperatzeko» intentzioarekin. Depresioa purifikazio bezala ulertu eta aurrera aterako da, azkenean.

        «Koiotearekin bere interbentzio ospetsua egin aurretik ere, harreman berezia izan zuen beti animaliekin. Horren lekuko, Eztizko lehergailua lantokian obra. Rudolf Steinerrek bezala, erleak miresten zituen, antzinako animalia sakratuak zirelako: «Sakratuak, erleen patuak adierazten duelako zein izango den gizakiaren patua... Erlearen argizari puska bat hartzen dugunean, zer daukagu esku artean, izatez? Odolaren, giharren eta hezurren nahasketa bat»».

        — Gloria...

        — Zer duk orain?

        — Badakin erleak desagertzen ari direla aspaldion, ezta? Ez zakiten zergatik, baina desagertzen ari ditun...

        — Isilduko al haiz behingoz?

        «Baina animalia batekin baldin badu lotura estua Beuysek, erbia da animalia hori. «Ni ez naiz inolako gizakia, erbia naiz» adierazi zuen behin. Ondorioz, Nola azaldu koadroak hildako erbi bati ekintza gauzatuko du Dusseldorfeko Schmela galerian: erakustaretoan batetik bestera dabil hildako erbiarekin, aretoan zintzilikatutako koadroak hari azalduz, samurtasun eta kontzentrazio handiz.

        «Beuysek dioenean gizaki guztiak direla artistak, ez du esan nahi gizaki bakoitzaren baitan margolari bat edo eskultore bat dagoenik, baizik eta gizaki orok duela sormenerako gaitasuna, eta gaitasun hori aintzakotzat hartu eta hobetzen saiatu behar dugula. Sormena askatasunaren zientzia da beretzat.

        «Bere ekintzen izate xamanikoa asko azpimarratu den arren, Beuysek ez zituen bere pentsamendua eta ekintza antzinako egoeretara itzultzeko erabili nahi izan, baizik eta etorkizunera begirako zantzuak bilatzeko. Ukaezina da, bestalde, xamanaren ezaugarriak zituela, baita kanpotik begiratuta ere: Beuys arrantza-txaleko batekin, feltrozko txapel batekin eta alkandora zuri batekin janzten zen beti, blujeanekin batera.

        «Zer da xamana, finean? Xamana ez da gaixo bat bakarrik: bere burua sendatzeko gaitasuna duen gaixoa baizik.

        «1967ko ekainaren 2an, Pertsiako Sha-ren bisita dela eta antolatzen den manifestaldian, Benno Ohnesorg ikaslea hil dute Berlinen. Handik hogei egunera, Joseph Beuysek Ikasle Alemaniarren Alderdia sortuko du. Bere arima zirikatzaileak ez du mugarik: «Nirea munduko alderdirik handiena da, bere afiliatuetako gehienak animaliak dira». 1971n, Dusseldorf inguruko baso batzuetan egitekoak diren tenis zelaien kontrako protesta arrakastatsua antolatuko du: erratz erraldoiekin garbituko dute basoa.

        «Joseph Beuysen lana estuki loturik dago Kasselen ospatzen den Documenta jaialdiarekin: 1982ko Documentan, bost urtetan zazpi mila haritz landatzea proposatzen du, hiri batean sekula egin den interbentzio artistikorik eraldatzaileenetakoa, ziurrenik».

        Atezuan jarri da Lazkano: 80ko hamarkadara doakio oharkabean burua. Beuysek haritzak landatzen dituen bitartean, gauzak gertatzen zaizkio berari: Soto eta Zeberio ezagutzen ditu, Idoiak utzi egiten du, Anarekin bizitzen hasiko da aurki, atxilotu egingo dute eta torturatu, ihes egingo du, Lena ezagutuko du Lillen...

        «Beuysek aldarrikatzen duen gizarte aldaketa bortxarik gabea da: «Bortxarik gabea, ez orain bortxak, zenbait arrazoi tarteko, eraginkor eta arrakastatsu izateko aukerarik ez duelako, baizik eta giza moral espiritualagatik eta arrazoi politiko-sozialengatik. Batetik, gizakiaren duintasuna pertsonaren bortxaezintasunarekin lotuta dagoelako eta hau ahazten duenak abandonatu egiten duelako giza izaeraren esparrua. Bestalde, eraldatu nahi ditugun sistemak pentsa daitekeenik eta modu guztietan adierazitako bortxaren gainean egituratuta daudelako. Horregatik, edozein bortxa adierazpenek, sistemaren portaerarekin bat datorrenez, ahuldu ordez indartu egiten du deuseztatu nahi duen hori»».

        — Asko falta al da, Gloria?

        — Alde egin ezak nahi baduk, ni hemen geratuko nauk.

        «1964an Beuysek Berlingo harresia bost zentimetro altuago egitea aholkatu zuen, probokazio gisara, hartara askoz ere proportzio hobea izango zuelakoan.

        «1969an, belarra jaten ari zen zaldi zuri batekin konpartitu zuen eszenatokia...».

        — Napoleoni buruz ari al da?

        — Hoa antzarak ferratzera, Lazkano.

        ««Artista eta gaizkilea», zioen Beuysek, «bidaideak dira biak, biek baitute sormen zoroa, biak dira moralik gabekoak, askatasunaren indarrak baino ez ditu bultzatzen». Ez dira, jakina, hitzez hitz hartu behar Beuysek erranak... Probokazioa dago hor ere.

        «Baina 1974an New Yorkeko René Block galerian gauzatzen duen ekintzak garbi uzten duen bezala, Beuys ez zen probokazioarekin bakarrik konformatzen. I like America and America likes me izena du ekintza honek eta Beuysez aparte badu beste protagonista bat ere: Little John koiotea. Artista alemaniarraren ekintzarik ezagunena eta komentatuena. Feltrozko alfonbra batean bilduta heldu da Beuys JFK aireportura. Ohatila baten gainean etzanarazi eta arte galeriara eraman dute anbulantzian, AEBetako lurrik zapaldu gabe. Han, zain du Little John koiotea, lasto artean. Wall Street Journal egunkariaren ale pila dago bertan eta feltro zatiak ere bai. Bastoi bat dauka, bere betiko feltrozko kapeluaz aparte. Lurrean esertzen da, koiotearekin mintzo. Beuysek bere burua estaltzen du feltrozko oihalarekin, bastoiaren punta baino agerian geratzen ez dela. Koioteak feltroari tira egiten dio orduan, urratu egiten du oihala. Egunek aurrera egin ahala, Beuys da lasto artean dagoena; feltro eta egunkarien artean koiotea. Noiz edo noiz, Beuysek «musika» egiten du lepoan zintzilik daraman triangeluarekin. Hiru egunen buruan, elkarrekin bizitzera ohitu dira. Beuysek estuki besarkatzen du Little John koiotea hura agurtu aurretik. Animaliarekin konpartitu duen lekuan lasto eskutadak barreiatzen ditu. Etorri den modu berean bueltatuko da JFK aireportura, anbulantziara sartuko dute ohatilan etzanik, feltroz bilduta, lurra oinekin zapaldu gabe, eta badoa New Yorketik eta AEBetatik, hirian koiotearekin partekatutako espazioa beste ezer ikusi gabe.

        «Solomon R. Guggenheim museoaren gonbita onartu eta, bere lagun min eta ezagunen harridurarako, kabiar, Cadillac eta luxu garestiekin zaletuko da. Thomas Messer, garai hartan New Yorkeko Guggenheim museoak zuen zuzendariak, honela interpretatu du Joseph Beuysen jarrera aldaketa: «Beldur nintzen Joseph Beuysi Guggenheim museoa triskatu eta desegitea, bere ikuspegitik, berealditako artelana zela ez ote zitzaion burutik pasatu... Zorionez, egun batetik bestera bere jarrera aldatu zuen, nahikoa teatro egin zuela jabetu izan balitz bezala derrepente...».

        «Eva emazteak esan ohi zuen, Beuys hilik egon zela beti. Beuys deitzen zion senarrari andreak, eta Wenzel eta Jessyka seme-alabek ere ez zioten aitatxo edo aita esaten, baizik eta Beuys, beti. «Bizitza guztia hilik egon zen», esan ohi du Eva Beuysek, «baina aldi berean beti egon zen oso bizirik. Beuys ez zen eguraldiaz kexatzen sekula, beti esan ohi zuen: edozein delarik ere, ona da eguraldia».

        «Napoliko Museo di Capodimonten egingo du bere azken instalazioa, 1985eko abenduaren 23an. Hilabete geroago hilko da.

        «Arraroa oso, Joseph Beuysen mamua han eta hemen gehiago ez agertzea. Litekeena da gaur arratsaldean Ravaleko horma batean ikusi eta Beuysek ere sinatuko lukeen pintada horrek arrazoi izatea: «Pentsatzen dut, beraz, soberan nago». Akaso gu gara Beuysen besoetan dagoen hildako erbia, eta oraindik ez gara enteratu.

        «Mila esker denoi».

        — Ez dion autograforik eskatuko? Heiner Stachelhaus handia dun!

        — Hoa pikutara, Diego... Azken aldia duk hitzaldi batera hirekin natorrena.

        Gau giro ona egiten zuen Bartzelonan eta terrazaren batean afaltzea merezi zuen arren, lihozko mantelak zituen leku isil bat hautatu zuen Gloriak.

        — Ziur afaldu nahi dunala? Nik aseta ikusten haut.

        — Aspaldian asko miretsi nian Beuys, beti izan duk nire idoloa, baina urteotan ahaztuxea izan diat, egia esan. Zoragarria izan duk, nahiz eta bonbillarena kontatzea ahaztu...

        — Erabaki dute jaun-andreek zer nahi duten?

        Escalivada eskatu dute hasteko, eta muxar handi bat, erdi bana. Edateko ardo zuria, jakina, kamareroari nahi zuena aukeratzeko esanez, Penedeskoa izatekotan. Muxarra ateratzerako eskatu behar izan dute bigarren botila.

        — Estufa bateko hodia buxatuta zeukaan nonbait, eta bera aulki baten gainera igota hura garbitzen saiatu: oreka galdu zian eta itzelezko bizkarrekoa hartu. Halakoa izan zuan kolpea Dusseldorfeko ospitalera eraman behar izan baitzuten. Etxera itzultzean, bonbilla gorri bat jarri zian etxeko jangelan: «Esna egon beharra dago beti» esaldiarekin.

        — Galdera-tartea baliatzea besterik ez heukan, anekdota hori kontatzeko...

        — Ez nauk hi bezain exhibizionista.

        — Heiner Stachelhausen konplizitatea irabazteko modua izango zunan... Akaso anekdota horixe zunan Ramoneda eta Stachelhausen konpainian afaltzeko hire giltza! Bi arrain handirekin egongo hintzen hartara, Munichen hire lanak erakusteko kontaktuak egiten, eta ez bi muxarrekin orain hagoen bezala!

        — Hoa pikutara.

        Hoa pikutara, hoa pikutara... Ez al dakin besterik esaten? Heure burua errepikatzen ari haiz, eta hori ez dun bizitzeko modu sortzailea, ez litzaioken gustatuko Beuysi!

        — Oker hago: xamanak errepikatzaile hutsak izan ohi dituk. Errepikapena duk trantzearen giltza: Hoa pikutara, hoa pikutara...!

        Gehiago gustatzen zaidan: «Esna egon beharra dago beti». Edo: Heiner Stachelhaus, Heinerstachelhaus, Heinerstachelhaus... Ez al dun izen ederra? Ez al dun abantaila berealditakoa halako izen bat? Ez al zain iruditzen izen horren jabe izan eta jendearen barailezurrak hitz horiek esatera behartzeak konexio neuronal konplexuak eragiten dituela halabeharrez? Hizkuntzak eskulpitzen gaitin gu eta ez alderantziz!

        — Ez genian bigarren botila hori eskatu behar, Lazkano. Hordi hago.

        «Esna egon beharra dago beti!».

        Logurak jota zegoen Lazkano. Muxarrak, ordea, ardo zuritan igeri, grabitatea eta beruna kentzen zizkion gaueko nekeari. Hurrengo egunean ajea izango zuen, baina Beuysek hori eta gehiago merezi zuelakoan, energia xahutzen segitu zuten berbetan, grappa di Trentino baten atzetik bestea edanez, indarrak eta sosak ahitu zitzaizkien arte.

 

 

Balantzaka heldu ziren biak etxera. Sofan etzan zen Lazkano, zapatarik erantzi gabe.

        — Ez duk nire ohera etorri nahi?

        Diego Lazkano, altxatu eta Gloriaren ohean etzan da.

        — Et, et, et... Zapatekin lo egitea debekatua.

        Zapatak eta galtzak kendu dizkio. Gero, barruko arropa hutsean geratu da Gloria: beltzaran dago, terrazan eguzkia hartzean bainujantziak zuriune gutiziatsuak egin dizkion arren han eta hemen. Lo egin izan dute horrela lehenago elkarrekin, sexurik gabeko ohaide, baina urte asko iragan dira. Nondik heldu baduen emakume hori bere neskatila plako eta erkinen kanonetik urrun egonagatik, kanon hori aldatzen hasi zaiola jabetu da Lazkano. Bitxia nola mudatzen diren gustuak urteekin.

        Gloriak ipurtaldea estutu du Diegoren hankartearen kontra, bi oihal geruzen azpian haren zakilaren erreakzioa sentituz.

        — Oraindik arnasa hartzen dik —gaztigatu dio Gloriak, sexuarekin zerikusirik ez duen tonu lasaian.

        — Motiboak ematen dizkiotenean —erantzun du Lazkanok, eta Gloriaren gerria besoekin inguratuta lokartu da, hurrengo goizean jaikitakoan, biak aldi berean lokartu izanaren sentipen baketsuarekin jaikitzeko.

        — Ez diok inoiz galdetu heure buruari zergatik ez dugun sekula larrutan egin?

        — Lagun onak garelako.

        — Horrexegatik, hain zuzen...

        — Bartzelonara etortzen naun etxean emakumeekin asmatzen ez dudalako, eta hirekin oheratzea nahi dun? Norengana joango naun gero ihesi hi nitaz enkapritxatu eta gainetik kendu ezinda nabilela esateko?

        — Hain banidosoa haiz... idazlea ematen duk. Alkoholik gabeko larru pasara batek, ez al hau kitzikatzen?

        — Ajea pasatzeko?

        Gloriak bere hatz moztakak jarri zituen Lazkanoren hankartean.

        — Arnasa hartzen dik oraindik.

        Irribarre lagunkoi hari, eta klima harekin, zertan esan ezetz. Gezurra zirudien hiri handi bateko terrazan zeudenik ere, hots txikienik ez zen Montjuic altzoko etxe hartan sentitzen, txepetx eta buztanluzeen kantuaz haraindi. Gloriaren izter zabalaren barruko aldean jarri zuen Lazkanok eskua, hatz puntekin bilatuz. Alkandorako botoiak askatu eta saihetsak laztandu zizkion Gloriak, hatzekin eta ezpain axalekin. Sekula pentsatuko ez zuen modu batean galarazi zion burua lepoan egin zion lehen koskak. Guraize-aulki egurrezkoetan eserita zeuden biak, eta Gloriak berea utzi zuen barruko arropak erantzi eta Lazkanorenak orkatiletaraino jaisteko nekerik hartu gabe haren zakil-palanka gomaren bestaldetik ateratzeko. Gainean eseri zitzaionean, brusatik bularrak atera eta titietan murgildu zuen Lazkanok burua, zurezko aulkia bertan erori eta apurtzen ez zelako harrituta. Gloriak denbora hartu zuen zakila laztandu eta pubisaren kontra igurzteko. Bat egin zuten bien ahoek. Estuagotu egin zen Gloria Diegoren kontra, honek ipurmasailetatik heldu eta aldeetara tiratzean. Gloriaren erreteneko lurrina sakona izan zen istant batez. Bere gainean zamalkatzen zela, orgasmotik urrun kokatzen zen ongizate ikaragarria sentitu zuen Diegok, eguzki izpiek izter biluzietan kilima egiten ziotela. Hiruzpalau minutu egon zen horrela, haren barruan, eta Gloria orgasmoa harrapatzeko bidean aurrea hartzen ari zitzaiola jabetutakoan soilik hasi zen bera ere gerriarekin kolpeka.

        Pozezko barre zantzoen antza zuten Gloriaren arnas hots eta azantzek, eta estasia eta barrea sekula elkarrekin parean jarri behar ez diren bi plazer euren kasako, autonomo eta inpreszindible zirela iruditu zitzaion arren beti ordura arte, biak aldi berean eman zitezkeela ikusteak liluraz bete zuen Diego. Hitz lizunak entzutea baino hobea zen gozaldi hura, edo agian zerbait berria eta ustekabekoa izan zelako egin zitzaion hain gozagarri.

        — Ez daukagu zertan ezin errepikatu...

        — Eta hirekin maitemintzen banaun?

        — Hara, arriskua ni maitemintzea zela uste nian.

        — Humanoa naun ni ere.

        — Oker hago: idazlea haiz, deabrua beraz. Trena galduko duk. Ondo egin etxerako bidea eta ez deitu iritsitakoan.

 

 

Bihozkada bat izan du Gloriak atea ireki ez dionean.

        Oraingoan zuzenean hots egin du Eixampleko komisaldegira.

        Asmatu du. Bingo.

        — Epailearen aurrean deklaratu eta kartzelan pasatu du gaua.

        — Komisaldegian?

        — Ez: kartzelan.

        — Kartzelara bidali dute? Belarra pasatzeagatik?

        Poliziak hasperen egin eta norekin mintzo den jakin nahi izan du.

        — Haren ordezkari legala zara? Familiakoa?

        — Ez... Adiskide bat.

        — Kasu horretan ezin dizut ezer gehiago esan. Sentitzen dut.

        Azkar pentsatu behar du Lazkanok:

        — Aizu, bere senargaia naiz... nolabait esateko... Ez dauka beste inor.

        — Epaitegietatik pasatu, abokatu batekin. Komeni zaio.

        Izen-deiturak eta karnetaren zenbakia eman behar izan dizkio epaitegiko idazkariari hark konformidadea eman aurretik.

        — Yago Lascano?

        — Ez, Lazkano: Diego Lazkano.

        Izerdi hotza sentitzen du bizkarrean. Leku haiek, jende hura.

        — Noiz askatuko dute... duzue?

        — Defcondos bat da...

        — Barkatu?

        Lazkano ez dago polizi-jergaren jakinaren gainean.

        — Defcondos... Ez dela lehen aldia.

        — Baina belarra da, ezer gutxi.

        — Berrogeita hamar estasi dosi atzeman dizkiote. Eta aurrekariak dauzka.

        «Zuek gaizki bukatuko duzue».

        «Ez espero kartzelara joatea zuek ateratzera».

        «Abokatua ordaintzeko gaudek ba».

        Afaldu aurretik lortu du Gloriarekin aurrez aurrekoa.

        — Zertan habil, Gloria?

        — Negozio eredu berriak, badakik... Argindarra ordaindu beharra zagok.

        — Ez huen nahikoa eskarmentu hartu aurrekoan?

        Aurrekariak ditudala ziotek. Marihuanagatik... Baina orain ez duk maria izan, ez? Pentsatzen nian ez zutela belarrak eta pastillek berdin kontatzen. Gainera... aurrekariak ez al dira ba iraungitzen?

        — Ez hiru hilabetetan, Gloria.

        — A...

        — Nondik atera dun estasia?

        — Jendeak jendea aurkezten dik eta jende honek jende gehiago. Ez duk hain zaila ere. Zer ba, interesatzen zaik?

        — Ez dun txantxetako kontua. Aitari deitu dion?

        — Fatxa horri? Ez. Ez zakik ezer.

        — Hamar mila euroko fidantza eskatu dute oraingoan.

        — Hamar mila! Jode...

        — Prest nagon erdia uzteko nahi izatera... baina hamar mila lortzeko egun pare bat beharko ditinat.

        Lur jota geratu da Gloria. Ez zuen hain fidantza gizena espero.

        Hitz egin nahi ez duen harekin hitz egin beharko du berriz ere. Puzten ari da zor dion mesedea. Eta badaki interes eta guzti kobratuko diola.

 

 

— Erromako erakusketa ez duk atera.

        — Sentitzen dinat.

        — Berdintsu izango duk, azkenean, ez nagok hain seguru instalazioek funtzionatzen ote duten ala ez.

        — Ez zagon beste nonbait egiteko aukerarik?

        — Ez, ez diat uste. Trukean, badiat beste notizia bat ere... Lotsa ematen zidak... Txekhoven antzezlan bat zuzentzeko eskatu zidatek.

        — Txantxetan ari haiz...

        — Garai zaharretan bezala. Eta garai zaharretako prezioekin.

        — Antzerkia gorroto genuela uste ninan.

        — Txekhov Txekhov duk, ez? Gainera, Platonov taularatu nahi ditek, karamelu bat.

        Platonov? Ez dinat ezagutzen.

        — Bere lehen antzezlana. Antologia batzuetan ez duk agertu ere egiten, Txekhovek erdi uko egin ote zion esaten da. Izatez, auzitan zagok erabat amaituta ote dagoen ere.

        — Askatasun osoa daukan nahieran zuzentzeko?

        — Bai eta ez. Bakarrera ekarri beharko ditiat jatorrizko lau ekitaldiak. Konpainiakoek zerbait berria egin nahi ditek... Proba-saioetarako lokala, etxea Aldamar kalean... Dena jarriko zidatek. Aita duk traba bakarra.

        — Hire aita? Berak jarri din dirua, ala?

        — Dirua jarri eta zuzendariaren izena proposatu. Zer iruditzen? Berriro ere aitatxoren marasma-sarean. Gainera, lagun zahar bat kolokatu nahi zidak aktoreen artean, bere filatelia taldekoa... Gaixorik dagoenetik xantaia guztiak onartzen zizkioat.

        — Ez zaidan ordaindu beharreko hain prezio garestia iruditzen. Sarriago ikusiko dinagu elkar, badun zerbait. Zergatik galdu halako aukera?

        — Nire frakasoak gehiago dezepzionatuko hinduela uste nian. Zer eta Gloria, artista alternatibo anarkoa, aita frankistaren eskutik jaten, Victoria Eugenia antzokirako lantxoak zuzentzen, enkarguz...

        — Ez zigortu heure burua. Beti berdina egiten dun: hi heu haiz herorren borrero.

        — Ez al gara denok denon?

        — Baliteke.

        — Baiezkoa esaten badiot... Itzulpena oso txarra duk. Hik berriro itzultzea nahi nikek.

        — Ez hori eskatu, Gloria.

        — Faborez... Non topatuko diat errusiera dakien norbait?

        — Erdi ahaztuta dinat. Urteak ditun ez dudala...

        — Esan bi egun hartuko dituala pentsatzeko. Irakur ezak... Ale bat ekarri diat hiretzat.

        — Ados, baina ez izan esperantzarik.

        — Etorriko haiz behintzat estreinaldira, tramoia-soketan nire burua urka ez dezadan?

        — Gorroto ditinat antzokiak.

        — Baina ni maite nauk. Sakrifikatuko haiz nigatik, ezta?

 

 

— Diego Lazkano?

        — Nor da?

        — Interesa dakizukeen zerbait daukat.

        — Norekin ari naiz?

        — Demagun Javier Fontecharen partez ari naizela.

        — Fontecha?

        — Zurekin elkartu nahi du.

        — Sentitzen dut, baina Bartzelonan nago.

        — Bera ere bai, a zer kasualitatea.

        Diego Lazkano izutu egin da: itzal bat jarri diote.

        — Apuntatu helbidea.

        Hotel bateko halla da. Zaratatsua eta turistaz betea. Belarrira hitz egin behar diote elkarri. Mikrofonoak saihestu nahi dituzte, agian.

        — Oso sinplea da: uko egin deklarazioari eta zurea izango da karpeta.

        Gauza asko nahasten zaizkio buruan: Zapoa, haren alaba Cristina, Idoia, Ana... Bitxia da, baina Soto eta Zeberiori gehiago kostatzen zaie oraingoan azaleratzen.

        — Estatu terrorismoa egin zenuten.

        Isilik geratu da Fontecha. Ez du inoiz baiezko bat hain ozen entzun Diego Lazkanok. Ez du, hala ere, inolako plazerik sentitu. Pena eta nazka besterik ez. Errukia, ia-ia.

        — Buka dezagun behingoz.

        — Errudun zinela aitortu duzu.

        — Eta aitortu banu ere zer? Orainak errugabe egiten gaitu. Batzuetan gauzak egin egiten dira, eta gero etorkizuna etortzen da errudun zarela esatera. Ongi begiratuz gero, ez da beti justua hori.

        — Nirekin ez daukazu desenkusatu beharrik. Epaitegiek esango dute esan beharrekoa, aurrez hura erosi ez baduzue, jakina.

        — Traturik ez duzula egingo esan nahi duzu? Ez zara aingeru bat, Lazkano... Jada eginda zeuden lanak hartu zenituen zeureak balira bezala... Gu errudun eginda zure erruak garbituko dituzulakoan?

        — Ekarri duzu?

        — Karpeta, epaiketa amaitutakoan.

        — Hutsaren hurrengoa zara, Fontecha. Patetikoa. Ez zara jabetu? Jada ez duzu ezer pintatzen... Zure partiduak ere baztertu egin zaitu... Ez dakit zer egiten dudan hemen zurekin hizketan. Ez dago hildakoak berpizterik. Ezin dizkidazu hil zenituzten lagunak bueltatu.

        — Lagunak ez.

        — Zer, orduan?

        — Zer edo nor...

        — Elkarrizketa honek ez dauka ez hanka ez buru.

        — Esaten dizu zerbait Santiago Cervera izenak?

        Atezuan jarri da Diego Lazkano. Espero ez zuen eszenatokia eta espero ez zituen aktoreak agertu zaizkio begien aurrean.

        — Zure aitaren laguna. Konfiantzazko medikua.

        — Ze zerikusi dauka Cerverak honetan?

        Fontechak, apurka-apurka, kartoi-paper hutsez egindako txorimalo izateari utzi dio. Emeki-emeki mintzo da, bere bizitzako prentsaurrekoa ematen ariko bailitzan.

        — Ofizio guztietan dago horrelako jendea, Lazkano. Jende iluna eta makurra, zaborrontziak miatzen trebea, era guztietako mesedeak egiteko prest beti. Zure aitaren lagun hori, Cervera, Rodrigo Mesaren aldeko lekukoetako bat izango da.

        Estonatuta geratu da Lazkano.

        — Bai mundu txikia, ezta? Hezurrei begiratuta ikuspuntu neurologiko batetik torturatuak izan zirenik ziurtatzea ezinezkoa dela defendatuko du, esaiozu zure abokatuari kontuan hartzeko. Dallastik ekarrarazi dute espresuki, ikaragarri luzitzen du kanpoko ikerlari batek... Cerverak zor asko dauzka nonbait partiduarekin, ez galdetu zergatik. Frankismo garaian desagertutako umeen kontua, auskalo, tartean zegoela entzun dut. Heriotza ziurtagiri faltsuak, ez dakit oso ondo nola...

        — Haur lapurtu horietako bat naizela esan nahi didazu?

        — Ez, ez doa hortik kontua, Lazkano. Pentsatu apur bat. Ez zintuzten zu lapurtu. Beste norbait lapurtu zizuten, zuri. Zenbat urte dira aita ikusten ez duzula?

        — Dementziak jota hil zen aita.

        — Ziur zaude? Legez bai, baina dakizun bezala, legeak ere baditu bere tranpak.

        Fontechak gutunazal bat luzatu dio.

        — Ez noa hau negoziatzera, Lazkano. Jarrai dezala aurrera epaiketak eta bedi Jainkoak nahi duena... Nekatuta nago ni ere beti gauzak ezkutatzeaz. Maskarak eranztea zer den jakin nahi dut, azpian maskara gehiago besterik ez ditugula jakin arren.

        Gutunazala zabaldu du Diegok. Gabriel Lazkanori buruzko txosten bat da. Gizon baten zuri-beltzezko argazki erre samarrak, lorategi bat ureztatzen: ez du inon kapelurik eranzten, klima hartara egokitu izan ez balitz bezala botatzen du izerdia. Benetan bere aita balitz, Diegok berak argazkiko haren antza izango luke hogeita bost urte barru.

        — Ongi ikertu zaitugu, ikusten duzunez. Zu eta zure ingurukoak.

        — Ez da posible...

        — Ez da hainbeste ere aldatu, ezta?

        — Nork...? Nondik atera dituzu argazki hauek?

        — Mexikon dago.

        — Ez da egia...

        — Egiozu bisita, nahi izatera: txostenean duzu helbidea. Badakit honekin ez dudala zorrik kitatzen, baina jakizu, behintzat, gauzak ez direla batzuetan diruditena. Karpeta eskuratu nahi baduzu, badakizu zer testifikatu behar ez duzun.