Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

 

 

                                                Heriotzak esna mantentzen nau.

                                                                            Joseph Beuys

 

 

 

 

 

 

Cambalache, 1983

 

Gaua da kanpoan, gaua izatea merezi du.

        Lurraren erraietan beti da gaua, satorren ordua da satorraren domeinuetan. Axola dio ezer egun-argiak lurpean bizi denari? Ez gehiegi. Bat eginda zaude aspaldi honetan lurrarekin eta batere ez mugitzea zenukeela onena iruditu zaizu hasieran. Zure erraiak eta lurrarenak errai berak ez dira bada? Ahots teluriko batek diotsu: abandonatu zeure hezurrak betiko, zer arraio. Ez al dira hezurrak danbor-jotzailearentzako makilak, txirulariarentzat txirulak? Hainbesteko atxikimendua diezu honezkero tinbala kolpatzeko ere nekez balio lezaketen humero pareari eta tibia horiei? Nola egongo zara, etzanean baino hobeto? Lo egin ezinik dabiltzan milaka gizaki kezkatu ados egongo dira honetan: lo zauden orduak dira onenak. Baina hainbeste urte mugitu gabe egoteak ezin du ona izan. Inurriturik dituzun gorputz-adarrak dantzatu nahi zenituzke, hatz puntak apur bat esnarazi. «Ahal banitu hatzetako hezurrak bere loturetatik aska eta haiek kraskatuz ostera ere kateatu!». Matrailezurren ordez haginlariak moldea ateratzeko erabili ohi duen igeltsua ote duzun sentipena; begiak zabaldu ere kostata, zure artean, «ez zuan oso arteza baltsamatu ninduen morroia», lurra baino sikuagoa den hauts zuri batek hartua dizu garunaren parte bat: desmemoria, magnesioa, karea.

        Zenbat denbora behar du gorpu batek usteltzeko? Sei, zortzi, hamar urte? Antropologo forentseek diotenez, hezetasunaren arabera. Proba egin nahi? Akabatu katu bat eta utzi leihoko freskuran, ea.

        Ezin ezer oroitu. Zuri-zuri duzu burua, tabula rasa egin balizute bezala. Baina hain arrasekoa ere ez da izan buru-garbiketa. Argitxo bat bada tunelaren amaieran; pospolo hari horixe hartu hatz artean eta tira matazari apurka-apurka, hain fina den hariño atzemanezin hori desegin ez dakizun, kontu handiz. Zerbait-zerbait gogoratzen duzu, bai: esaldiak eraikitzeko eta hitzak lotzeko gai zara. Sintaxia zara. Gramatika hutsa. Nortasunik gabeko hitz saldoa. Laster berreskuratuko duzu berriz ere memoria. Amnesia handi samar bat besterik ez da, kolperen bat jasoko zenuen, auskalo, nagiak kendu behar dituzu, esnatu berriaren aje trumoitsua uxatu, tekila mozkorraldi baten bestondo bortitza, tekila edo zena zela, duela hogeitaka urte edaten zenuen pozoi destilatua. Ez, dagoeneko jabetu zara horretaz: zurea ez da belarretatik altxatu, praketako belar-izpiak astindu eta bidezidorrean gora Xarmengarria zira txistuka jarraitzea bezain erraza izango.

        Kosta behar zaizu ederki kanpora irtetea.

        Kanpoan zer? Norbait duzu zain? Izpilikuak, pinu moztakak, txilarra nonahi, fruitua emateko lain hazi ez diren pikondo kimuak, eguzkiak mailukatu eta harrespilen inguruetan euren burua babes bila makurtzera derrigortu duten arbolak, jaio izanaren damu diruditenak, euren baitara bilduak, euren buruei itzala emateko trikututako zuhaitzak; masustarik gabeko sasiak, sasi asko, eukaliptoren bat asko jota, izeiak. Eta gainerakoan basamortua. Itsasotik gertu sarkorragoa da lurraren usaina. Sargori dago eta ur gezaren faltak gehiago pisatzen du mihiaren irrikan kresalaren kontsolamenduak eta kaio-brisak baino. Galipot txaplatez jositako errepide komarkalak. Mihilua eta salbia bezalako belarren usainak errepide bazterrean, anis eta hondar. Hor daude erromero orratzak ere, hatzak haietara inguratzen dituenarentzat ziztagai. Itsasotik ez datorren arren, haizea dabil zirimolan, tramontana ez baizik eta hegoa, hautsa gora altxatuz. Beha sugandilen lorik eza, hozkailuetako imanak bezala arroketan nola geratzen diren geldi: gora eskuak. Mexikoko basamortu baten hain ezberdina ere ez. Hemen ez da han adinako sargoririk, jakina. Kaktusak ere ez hain nabarmenak, ttipiak eta tartekatuagoak.

        Mexiko, tekila? Zertara dator hainbeste aipamen ozeanoaz bestaldera, güerito? ¡No mames, guey! Hi ez haiz eta inoiz Hego Amerikan izan! Memoriaren bide-seinaleren bat izango duk, agian. Narratzaile hau bere buruaren bila dabil: pistaren bat, hika edo zuka hitz egin behar ote dizudan argituko didana. Hainbeste zakurkeria egin dizkizut. Ez naiz beti ongi portatu zurekin, gorrotatuko nindukezu bizirik bazina. Egon adi buruak uzten dizkizun arrasto itxuraz inkoherenteetara ere, irakurle. Botila hautsiren baten hondakin porrokatuak, bart gaueko egur kiskaliaren aire urruna, scouten kanpalekuren bat behiala gitarra hippy zahartxo baten abaroan, anaitasunezko kantuak, «zergatik galdu itxaropena berriz ikusteko, zergatik galdu itxaropena berriz elkartzeko», etorkizuneko enkontru gauzatu ezinak ospatuko dituen jendea, hain gutxi iraun eta hain azkar itzaltzen da udako adiskidetasun bi astez eternala. Segitu, segitu aurrera: belar luze berdotsak, ifrentzu glaseatuko menda-belar bakanak, alkohol edo brea usaina, ez gasolina bezain bereizgarri, ez hain sakonki gogaikarri. Itsaso kutsatua eramangarriagoa da errepideko aire gasolio usainekoa baino. Haizeak hautsa altxarazten du berriz, ez da inor ageri. Hara, hara: Mexikoko Futbol Mundialetako kamiseta bat zeneraman soinean. Hori zen orduan! Ez zara inoiz Mexikon izan, baina Mexikoko Mundialetako xirta zeneraman eskuburdinez lotuta, zapatak arrastaka eraman zintuztenean oinez lotuta (berriro lotuta? Bai: bi, hiru, lau aldiz lotuta, oso lotuta, hagitz lotuta, orkatiletan hogei urte geroago min emateko moduan lotuta, gertatu zaizuna inori kontatuz gero hark ere bere orkatilak lotuta sentitzeko moduan lotuta). Sastraka hauetan barrena eraman zintuztenean peiotearen abantailetan pentsatuko zenuen agian. «Mendi Errusiar batean banengo, bidaia lisergiko batean banengo, gezurra balitz hau dena!». Ez, ez dut uste... Ez dirudi bizirik zinenik hona ekarri zintuztenean. Ala bai? Lekuan bertan eman zizuten tiroa buruan? Hilik ekarri zintuzten hona, gorpu zendu, betazal erori? Ekarri zintuztenek, orduan, eskuburdinen premiarik gabe ekarri zintuzten? Demagun baietz, demagun hala izan zela: eskuburdinarik gabe ekarri zintuztela hona, eskuburdinak, euren serie-zenbakiak, urte askoren buruan ere zantzu bat izan daitezkeelako errudunak aurkitzeko. Edo agian bizirik ekarri zintuzten, baina begiak tapatuta, ahoa tapatuta, eskumuturrak izara apurtuz estekatuta. Krudelak eta burutsuak ziren zure borreroak. Krudelkeria maila batetik aurrera koska bat areago estutzeko burutsua izan beharra dago derrigor, gustatu edo ez halaxe dira kontuak, ondo daki hori Deabruak.

        Entzuten da itsasoko olaturik hemendik? Ez. Itsasoa gertu samar dago, baina ez nahikoa, Mediterraneoa edukiontzi isila da gaur. Eta ez zaitezte engaina: itsasoa asmazio bat, ez da besterik hildakoentzat.

        Sastraka batzuk eta soilgune bat. Eta sastraka gehiago, gu gogaitu eta gure pazientzia proban jarri beste zereginik ez dutenak. Hondarra dago soilguneetan eta horrek sortzen du hanka hutsik joatea posible deneko ilusioa, gero agertzen diren arren berehala harriak, txintxarrak eta ez hain txintxarrak, arroka txikiak eta ez hain txikiak. Bidezidorretik apartatzeko unea. Sasi hauek ez dira Kantauri isurialdekoak bezalakoak, sareagoak dira, hosto berde distiratsurik ez, menda-belarraren ifrentzua dirudien kolore zuri mate batez daude estaliak berde oro, hor eta hor eta hor, zigor edo fusta antzeko sastraka idor zutak, harri pilatu zapalez egindako hesiak; gizonak pauso seguruz datoz, lehenbailehen bukatu nahiak urduritasuna disimulatzen laguntzen die. Beharbada lehendik ezagutzen du lekua haietarik batek. Lan lohiren bat egina du lehen ere hemen. Zer lan lohi, ezin jakin zer lan lohi. Bakarrik edo besteren laguntzarekin. Bakarrik edo lohiaren laguntzarekin. Errepidetik urrun gaude? Kilometro batera? Kilometro eta erdira? Kilometro erdira bakarrik? Ez dago hainbeste urrundu beharrik ere, errepidetik hiru pausotara irten, eta jada jendearen ohiko ibilbide eta azturetatik urrun ezartzen duzu zeure burua. Bi pauso aski izaten dira gehienetan denonbide usatu eta sarrietatik aienatzeko. Amildegiaren ertzera erortzeko aski da pauso bakarra.

        Gaua delako. Gaua izatea merezi du eta gaua da. Errepidea ez da nagusietakoa. «Putakume honek ez dik ongi ezkuta dezagun ere merezi», pentsatu du norbaitek. «Zakur deslaia, farola batetik urkatuta zintzilik utzi behar genikek, ohartu nahi duenarentzako zentzagarri, arratoi lehertua bezala errepide bazterrean uztea merezi dik, Trotarekin horixe egin zitean, errepide ertzean lehertu; aurki dezatela bera ere errepide bazterrean oka egitera geratu diren turista germaniarrek euliak ahoan birundan dituela».

        Baina kontua ez da zuk merezi duzuna.

        Honek ez dauka zerikusirik zuk merezi duzunarekin, haiek ezkutatu nahi dutenarekin baizik. Alibi egokia eta segurtasuna, norbere larrua babesera eta segurutik izatea, orain eta hemendik hogeitaka urtera ere berdin, eskuak eta espedientea zuri. Legeak eta zigorrak eta memoriak preskribatu artean, segur. Eskua joan zitzaigun. Eskua joan zitzaien eta oraindik ez zaie etorri bueltan. Eskua. Non?

        Hemen.

        Agian autoz heldu dira haraino, agian lepoan hartuta ekarri zaituzte, paradoxa latza litzatekeena, arima zeken horiek zu lepoan hartuta segitzea aurrera. Baina nor da zeken eta norena da zekenkeria? Ulertuko zenituzke agian, ulertu behar zenituzke, beren larruan bazeunde. Haien pare zinateke haien larruan bazeunde, haien haiek eta haietako bakoitzaren zirkunstantzia. «Ni neu naiz eta neronen zirkunstantzia. Ene zirkunstantzia salbatu ezean, ez naiz ni salbatuko». Filosofo ezagunaren esaldiaren bigarren partea ahaztu egin ohi da beti, auskalo zergatik. Baina inor ez dago inoren larruan. Nork bere larruan galtza bete lan badugu beste inorenean sartzen hasteko. Ezberdintasuna da zu zerorren hezurretan zaudela, eta ez zeure larruan honezkero.

        Maletategia dzart ireki da. Edo furgoneta bat da, agian. Laurogeiko hamarkadako furgoneta, Ebro bat, suspentsio eskasekoa, eta —goma gastatua dutenez gero— euri-eskuila hala moduzko eta kirrinkariak dituena. Hautsa eta hondarra nahasten diren zokoan zanbulu egin du ibilgailuak. Maletategiko gorpua mugitu egin da, burua inerte linterna baten argitara, zauri sakon bat du bekainean. Berehala estali zaituzte, manta nabarra larruorde.

        Bai, jabetu naiz. Oraingoz eusten diot tentazioari eta zuka egiten dizut, ez dakit zergatik, hala ateratzen zait hildakoekin.

        Hildakoak; asko dira, eta beti eskertzen dute entretenimendu apur bat.

        Hemen. 80ko hamarkadan gaude. Lan egiteko adinean daudenen bostetik bi langabezian Espainiako Estatuan, beti ere datu ofizialen arabera; Björn Borg tenislari suediarra erretiratu da aurten, Martina Navratilovak irabazi du Flushing Meadowsko lehia; Antartikako Vostok basean 89,2 gradu Celsius harrapatu dira zeropean, inoiz lurrean erregistratu denik eta tenperaturarik baxuena; sei urte bete dira Elvis Presley hil dela, esnatu behar luke hark ere inoiz; Bartzelonako Bellvitge ospitalean espainiar estatuko lehen gibel transplantea egin da, dena ez da txikizio eskalpeloak haragia irekitzen duenean; martxoaren 8an, emakumearen egunerako, Ronald Reaganek Sobietar Batasuna «gaizkiaren inperioa» dela esan du; irailaren lehenean ehiza-hegazkin sobietarrek abioi komertzial hegokorearra bota dute errakuntza malerus bat dela medio, 269 hildako malerus eraginez maleruski. Tennessee Williamsen heriotzaren urtea da, Desio New Orleansko auzo baten izena da. Bere arbasoek gaizki egindakoak zuzendu dituenik ere bada, berandu, bai, baina bada zerbait —ez esperantzarik gal, inkisizioaren peko sorgin garaikide kiskaltzen hasi berriok, eutsi!—; maiatzaren 9a da eta Joan Paulo II.ak, doan lekura doala makurtu eta lurra musukatzen duen Aita Santuak, duela bi urte Mehmet Ali Agca sikario turkiarrak zerbitzu sekretu bulgariarren eta KGBren enkarguz ia-ia hil zuen berberak, Galileo Galileiren kontrako kondena erretiratu du, palazzoko kontuak, jakina da, piano-piano, baina azkenean lontano; Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, izan zitekeen Galileok esandako esaldia, baina Arantxa Urretabizkaiak aurten argitaratutako liburuaren izenburua ere bada; Margaret Thatcherrek irabazi ditu Britainia Handian hauteskundeak, eta ene, bai aise irabazi ere; sei urte joan dira Frantzian azken lepamozketa egin zutela gillotinaz, bi urte baino ez Eliseoak gillotina abolitu duenetik (la mort de la mort), nahiz eta frantziarren %62 erabaki horren kontra egon, nahiz eta frantziarren %61i Mitterrandek bere garaipena ospatzeko askatutako 5.000 presoen liberazioa gehiegizkoa iruditu, nahiz eta eta nahiz eta, politikariak liderrak direlako oraindik eta karismak inkestek baino gehiago ahal duelako.

        Aurten, 1983an, atera da kalera Michael Jacksonen Thriller arrakastatsua, Iratze okre geldiak kaleratu du Imanolek; Anjel Lertxundik Hamaseigarrenean aidanez argitaratu du, Madonnak Holiday abesten du zilborra jada agerian duela; Superman filmaren hirugarren zatia egin du Christopher Reeve aktoreak, oraingoan gaiztotu egingo da eta gero berriro zintzotu, noski; urtebete da «Por el cambio» lemapean Espainiako presidente dela Felipe Gonzalez, «Adelante», hitz hori baino ez zuen esaten telebistarako egindako spotean, «Adelante»; hiru urte joan dira gerrillari argentinarrek Paraguaiko Francisco Franco abenidan Somoza Nikaraguako diktadore exiliatua hil dutenetik, gorpua kiskalita geratu da, baina Mercedesaren motorra martxan, «izan ere, auto alemaniarrekin fida zaitezke».

        RDA ez da txantxa eta ez da parke tematikoa, sei urte falta dira Berlingo harresia erortzeko, urtebete Europa ekialdeko atleta diziplinatu eta hormonatuek Los Angelesko Olinpiar Jokoetan domina parrastada irabaz dezaten eta beste hainbeste Carl Lewis Haizearen Semea ezagutu dezagun. Frankizien negozioak eta haiekin etorriko diren zinpeko guardak orokortu gabe daude artean, zinpeko guardak furgoi blindatuetan bakarrik ezagutzen ditugu oraindik, film noiretako glamurra iradokitzen dute eta ez hogeita bost urte geroagoko erruki mileurista. Filmetan ikusita soilik dakite umeek pizza bat zer den, fotokopiak luxu kosmikoa dira, ez da hain erraza gauzak kopiatu eta multiplikatzea, ez da hain erraza, erraza ere ez batere, multikopistak erabiltzen dira oraindik, tintaren toxina sarkorragoa da, makinaz idazten dugu eta makinaz idazten dugunean ikatz-orria jartzen dugu folioaren azpian, dokumentu garrantzitsuen kalko-orriak izateko tipula-orrietan, ditxosozko kalko orriak, kalko orri bedeinkatuak; jada idatzi duen arren ez diogu oraindik Borgesi irakurri ispiluak eta kopulatzea nazkagarriak direnik, edo Benedettiri, jatorrizko bekatua ez baizik eta fotokopiak direla okerrena; egurrezko leihoak dira nagusi, PVCa eta kristal bikoitza ez ditugu ezagutzen, titanioa zientzia fikzioa da, aluminioa da oraindik populuaren baitan prestigio gehien duen aleazioa, fundizioetako labeetan amiantoa darabilte bizkotxoa balitz bezala; hatza diskoaren zuloan sartu behar da telefonoak markatzeko, erro karratua ateratzen duen kalkulagailu bat da etxe gehienetan dagoen konputagailurik sofistikatuena; marketing hitza hitz modernoegia da, eskaparateak salgaiak pilatzen diren almazen ilun sobietarrak besterik ez dira, bestaldera joan beharra dago benetako eskaparate bat, gustuz jarritako erakusleiho apain eta argitsu bat ikusteko, Lafayette galerietara eta horietara (ez ahaztu pasaportea); bestaldean bitxi-denda dirudite supermerkatuek gure begietara, Europa behazuna isurtzen ari baita artean, mugaz eta txarrantxaz. Bandoaren kontrako irrintzia baino zerbait gehiago delako oraindik kontrabandoa, ofizio bizi bat eta kartzelara joateko arriskua.

        Mediterraneotik gertu eta ehiza eremu babestuetatik gertu dagoen leku honetara ekarri zaituzten gizonek oraindik ez dute pairatu behar izan ingeles akademien eskaerarik, beharrizanik eta derrigortasunik euren lanpostuetara iristeko. Ez jakiteagatik, ez dakite X marks the spot hitzen esanahia oraindik, ez dituzte filmak gurean —gurean?— azpititulaturik ematen, eta horren truke ezabatzaile ejertzito ederra daukagu —bikoizleak esaten diete— inork esandakoak feriante ahotsarekin ezabatzen dituen ejertzitoa, 90etako erakusleiho koloretsu eta aldirietako galeria komertzial erraldoiak irudikatzea kosta egingo litzaieke akademia grisetan egurraren lengoaian hezitako poliziei; trenbidearen zabalera diferentea da hemen duela zortzi urte ohean hil zen diktadoreak hala erabakita; zergatik? Frantziako mugatik haratago, tren atzerritarrak, etiketa atzerritarrak dituzten kontserba atzerritarrak eta ideia atzerritarrak eta saltoki baino gehiago bitxi-denda diruditen supermerkatuetako Danone jogurt atzerritarrak etor ez zitezen diktadura koxkorraren goxo gordinera, horregatik; herrialde zaharkitu bateko erakunde zaharkitu bateko esaneko gizonak dira botekin hondarra harrotzen duten presati horiek, bi urte barru NATOn sartuko den estatu bateko musketierrak, hiru urte barru Europako Ekonomi Elkartera sartuko den estatu batekoak, ezpatariak izan nahi baina beranduegi jaiotzea tokatu, lastima; gau-txandan lan egiten dute hamabi orduz, eskua joaten zaie batzuetan, ulertzekoa —lotu beharko lukete pita bat hatz lodiaren bueltan, gero atzera ekartzeko; atzera arrantzatzeko joaten zaien eskua—. Diktadura batetik eta bere arauetatik datoz. Araua dioenak erraia ere badio. Hortxe lurperatuko zaituzte. Zuloan. Haiek bakarrik dakite non. Lurraren erraietan.

        — Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela.

        — Zenbat eta jende gutxiagok jakin, hobe.

        Sasiak ere begiak baditin. Hiruk sekretu bat gorde dezakete haietako bi hilik badaude. Baina ez gaitezen desbidera. Non geratu gara?

        Hemen. X marks the spot. Altxor baten bila zulatzen duenak bezala hasi dira zulatzen. Ez, gezurra: altxorrik topatuko ez dutela dakitenek zulatzen duten bezala hasi dira zulatzen. Bi dira, edo hiru, agian. Kale jantziz doaz —de paisano— eta ez da galoiduna bereiztea erraza. Baina galoiduna dirudienak ez du aginduak eman besterik egiten. Egiten dutena egiten dute zer egiten duten gehiegi pentsatu gabe. Mekanikoki, baina hildako bat kokotean zuri begira izateak eman dezakeen hozkirri erantsiarekin. Izua da. Presa da. Desosegua da. Hildakoaren begirada kokotean. Hildakoa hilik egon arren, manta nabarra larruorde duen arren, haren begiak ikusten ez dituzten arren. Zure begiak ikusten ez dituzten arren. Ilargirik ez dago, gaitz erdi. Gaua barea da, kilkerrak eta txitxarrak entzuten dira pala hotsek hondar kutsuko eta hauts kutsuko eta idor kutsuko lur neutroa klask zulatzeari uzten diotenean. Adam armatuak dira: Adam omen bere lorategian zulatze lanak egin zituen lehena, hala diote, pala bat armatzat har badaiteke, bera izan zela lehen lagun armatua. Lorazainetik ehorzlera ez dagoela, alegia, alderik apenas: Adamen oinordekoak bi-biak, armatuak bi-biak. Esaneko gizonari bizkarra izerdiarekin umeltzen hasten zaionean, pikatxoiari eman eta emanka, zerbaiten zentroa kalkulatuz metal puntadunak lurra zulatzen duenero, «ez dadila behintzat aukeratutako lekuan harririk agertu, otoi», erregutzen du. Nori erregutzen dio, ordea? Gauari, gauekoei erregutzen die.

        Hotz egiten du, izerditan dituzte hortzak.

        Lurruna ahotik joan-etorri azkarrean. Gauean zuri. Beltzean lauso. Itzalian ke.

        Izarniaturik gaua, baina haiek ez daude izarretarako.

        Lehenbiziko lana, zuloa egitea. Zulo egokia. Egokitzeko moduko zuloa. Zu lo etzanean kabitzeko modukoa. Edo belaunak kizkurtuta, ez da exajeratu behar. Gainera, denok kizkurrarazten gaitu ilunabarrak amiñi bat, denok neurtzen dugu zentimetro bat gutxiago gauean, oherakoan, goizean jaikitzean baino. Profita dezagun gauak eransten digun umildade hori hilobia txikiagoa izan dadin, gutxiago zula dezagun. Eta gaua da, gaua izatea merezi du. Kalkulu azkar bat eta, «hobe dugu eskas ez geratu, jarraitu zulatzen». Alferrikako lanaren enbarazua esaneko gizonek orain, «putakume honek lanak eman behar zizkiguk», edo, beste hizkuntza batean, «este hijo de puta nos está haciendo sudar más que la gorda Mariluz», etc. Meretriz ezaguna denentzat, Mariluz, nonbait. Eta esaneko gizonetan gazteenak, Hernandez delakoak, Mariluz ezagutzen ez badu ere, barre egiten du ozarki, besteek marikoitzat har ez dezaten. Marikoitzat har ez zaitzaten barre ozarrak egiten hasi eta Adamen oinordekoak ez daki inoiz zein krimen egiten bukatuko duen. Lorazainaren bokazioa hortxe amaitu zaio Hernandezi, lagun armatuak halakorik izan bazuen sekula.

        Mamuek haize hegoa nahiago ote dute? Sosegatuagoak ote dira Mediterraneoko mamuak? Iparraldeko Europan mamuak estridenteak direla diote, beldurgarriak, desafinatuagoak haien uluak, hotzagatik. Erraza da mamu nordikoak, irlandarrak, estoniarrak, alemaniarrak labana eskuan dutela azalpenik gabe zu erasotzen irudikatzea. Mediterraneoko mamuak, ordea, ez dira horren tetriko, ezin inoiz serioskiegi hartu, hiltzen zaituztenean ere, txapuza eginez zaituzte hiltzen, Don Juan Tenorio eta halakoak, komikoak dira, bufoak, haien komikotasunak egiten ditu batzuetan beldurgarriago, lepoa egingo genuke labanaren ordez pandereta dantzarazi baietz, haiekin basoerdiak hartzeko modukoak dira Mediterraneoko mamuak. Fantasmas devotos de Frascuelo y de María. Bada Espainiako literaturan fantasma serio eta benetan beldurgarririk? Eta Euskal Herrian? Zeintzuk eta nolakoak dira euskal mamuak?

        Hemen?

        — Zuloa prest dago, nagusi.

        — Gehiago zulatu.

        Hogeigarren mendea. Hara. Halogenoa? Zer da hori? Horixka edo azula da leihoetako argia, eta funditu da bonbilla, eta aldatu dugu bonbilla. Batere igogailurik gabeko zenbat etxe. Edo zenbat etxe bere ate bakarreko igogailuekin. Gure amaren beldurrekin igogailua hartzen genuenero: ez gehiegi hurbiltzeko, besoa moztu behar izan ziotela igogailuaren ateak martxan harrapatuta ondoko atariko norbaiti. Eskurik gabe geratu, eskua joan eta eskua bueltan ekartzerik izan ez. Kale peatonala? Zer da hori? Hogeigarren mendea. Gu harexek harrapatu gintuen, hogeigarren mendeak, pintzadun sagu-tranpek sagua nola: bizirik eta bete-betean. Eta sagu-tranpan dagoen saguak denbora pasatzen ikusten duen bezala, guk ere ikusten dugu hogeita batgarren mendea pasatzen, baina sagu-tranpako pintzak gauzka hogeigarrenean iltzatuta. Eta luze izango.

        Cambalache, siglo veinte.

        — Gehiago zulatu.

        — Baina ez al da nahikoa?

        — Gehiago zulatzeko, ostiala! Bi kabitzeko moduan!

        Manta marroi batean bilduta ekarri zaituzte agian? Manta nabarra dela ez dago zalantzarik. Odola koagulaturik aspaldi, tantarik ez darizu, ezpada odolbilduaren gatzatu solidoari sortzen zaion izerdi biziarena. Napoliko San Jenaroren figurari bezala, beste santu edo beste mamu mediterraneoar bat, odol malkoak ateratzen baitzaizkio hari lantzean behin, hala diote mirarietan sinesten duten katoliko napolitarrek. Baina negar malko eskarlatarik ez dario zure gorputzari. Hilik zaude azken tantaraino. Jada ez zaude hor. Hor ez. Eta hor ere ez eta hor ere ez. Zure familiak jakin nahi luke non zauden, ordea. X marks the spot. Urte asko pasatuko dira jakingo duen arte, eta non zauden ez jakitearen larritasun hori aurpegiko zimur bakoitzean zizelkatzen doakiela zahartuko dira zure ahaideak. Mihilu eta txilar eta izpiliku eta erromero usainak iraungo du, turistak eta errepide nagusiak gertuago egongo dira eta zabalagoak izango dira karreterak, konurbazioak, zirkunbalazioak, errotondak. Lehen kapilar zena zain zabala eta ziztaerraza da orain: organoak komunikatzeko modu bat omen dira errepideak, laurogeietan ez zegoena... Laurogeietan zezenaren isatsa eta zezenaren gibela eta zezenaren urdaila eta zezenaren bihotza eta zezenaren begiak eta zezenaren hesteak ez zeuden komunikaturik ezpada kapilar sigi-sagatsuekin, zirkulazio txarra, bere kasa zebilen organo bakoitza, herri bakoitza, bi koloreko doscaballosak —beltz eta granate—, eta seiscientosak —zuriak— eta miniak —sagardo botilen kolorekoak— eta dianseisak. Laurogeietan irrati programetan horrela egiten zuen diosal goizeko esatariak: «Día soleado en toda la piel de toro, queridos oyentes». Queridas, hori geroago etorri zen: burges adulteroak apartamentua jartzen zion emakume hura zen orduan querida.

        Cambalache, siglo veinte.

        Urteen buruan, gaua izan arren ez da gaua hain iluna izango, fluorargiak agertuko dira tarteka, pabilioi industrial sofistikazio gradu ezberdinekoak 90etan, epaile eta forentse demokratiko batzuk musua garbi etorriko dira zu hobitik ateratzera teknika artetsuz eta profesionaltasun ostentagarriz, tabako beltzaren ordez rubioa patrikan, edo agian ezer ez, nikotina partxeen tirania. «Guk bazakiagu geure lana egiten, ez trabatu bidea eta utzi profesionalei». Haiek badakite latexez jantzitako atzamarra begian nola sartu. Haietako batzuk, gauez zu lurperatzera etorri ziren mamu berberak izatea ere litekeena da, volver, volver, y las nieves del tiempo blanquearon mi sien (zuritu beharrik ez zureak, karez baitziren enpo). Baina ez dezagun sobera aurreratu denboraren gurpila, oh, qué será, qué será, horretarako urteak falta dira oraindik, gutako inor ez da narratzaile orojakile anpulosa, gurpil horren jabe erabatekoa.

        Momentuz hiesa zerbait berria da Europan, AEBetan hitz egiten da zerbait horretaz, nahiz eta Europako Parlamentuko Komisioak ere hura ikertzeko eskaera lausoa egin duen aurten estreinakoz. Gizon esanekoetako batek makurtzean erromero adar batean ziztatu du hatza, odol analisirik ez du aspaldi egin. Hogeigarren mendean gaude, sagu-tranpan iltzaturik, gure sagu-begiak erne, laurogeiko hamarkadan bizi gara, nork ez du lagunik galdu heroinaren erruz, GIB birusak harrapatuko du beharbada gizon esanekoa hemendik urte gutxira Miranda de Ebroko putetxe batean bere gau librean larru-aldi tristea izan ondoren Chuecan jaiotako prostituta heroinazale batekin —nork daki, agian Mariluz? Ene kandelargia!—; handik hemezortzi hilabetera hilko da tximistak jota baino lasterrago, argiaren abiadan, eskumuturrak oilo fameliko baten zarpa estu, «para una vez que la meto en caliente, me voy a poner yo el gorro en la polla». Ez genuke egon nahi bere larruan. Berak ere ez, bere larruaren sakona zoko eta moko ezagutuko balu, baina batzuetan bigarren larru bat jartzea norbere buztanari on da bizirauteko, nola den on nork bere buruari ematea bigarren larru bat zoramenaren mende ez erortzeko.

        Nork egon nahi luke norbere larruan norbere burua azken zirrikituraino ezagutuko balu?

        Baina hori narratzaile orojakileak bakarrik daki eta lezake, eta nor dago askojakin horren larruan? Norberak badu aski daukanarekin. Ez da komeni dena jakitea ere.

        Autoko, furgonetako, ibilgailuko atea ireki dute, manta marroia destolestu Vargasek eta Hernandezek, pentsatu ere egin gabe la piel de toro izan daitekeela destolesten duten mantatzar hori. Bueno, bonito, barato, paisa. Gutxi dira oraindik etorkinak Espainian, nahiago dute Frantzia magrebtar eta subsahararrek, etorkin gutxi horiek bataiatzeko «etorkin» hitza asmatu ere ez da egin izatez, erlojuak saltzen dituzte eta pitxiak, gutxiengoa direla uste dugu, exotikoak direla, hain xaloak gara, hain urrun dago Kamerun eta hain urrun bizitakoa denbora errealean kontatzeko antsia. Ibaiek gainezka egin dutelako erditze asko aurreratuko diren arren 83ko uholdeetan, oraindik etortzeko dago benetako oldea, olde afrikarra, patera hitza eta cayuco hitza ez ditu inork entzun. Etsaia etxean dago eta udan meloiak saltzen dituztenak ijitoak dira oraindik. Marokoarren auto zamatuen ilara itzelek zezen-larrua zeharkatzen dute udako oporretan, Hispania Una Grande Libren oin-puntetan txiza egitera bakarrik geratuz, autoko barraskilo-sabaian olana estuz trakets bildurik daramaten altzari pila erraldoiari eusten dioten Citroën, Peugeot eta Renault zaharren pneumatiko gastatuek asfaltoarekin duten kontaktua baino harreman handiagorik izan gabe Castillaren larru gogorrarekin. Gaztela? Bai, hori aurrerago. Oraingoz Castilla Castilla da. «Zer ziren horiek, ama?». «Marrokiak». «Nora doaz, ama?». «Etxera». «Zer zeramaten mairuek auto gainean?». «Telebistak, alfonbrak, irratiak, altzariak, mantak».

        — Ez, mantak ere desagertu behar du. Ez dugu arrastorik utzi behar. Arrasto txikienik ere ez dugu utzi behar.

        Zure gorpua bota dutenean zulora, hezurrek kraska, hauts, hondar, lur hartu dute.

        Orduan heldu da bigarren ibilgailua. Gidaria traketsagoa da, ez da sasiak inguratzeaz arduratu eta haien gainetik doa zuzen lehen ibilgailuaren argiek iluminatzen duten zuloraino. Piszina rustiko zaintsua, lur koloreko zulo ttipi bat bustitzen dute autoaren argiek. Piszina hutsa konikoki isuritako argi beilegiz blai. Hilobi bat, hagitz erregularra espero zitekeenerako, gauez zulatzea zailagoa dela kontuan hartuta. Ez da hain traketsa trapezoidea. «Bikain, bikain. Lan ona egin duzue, mutilak».

        — Bi kabitzeko moduan!

        Baina, hemen dator lehen ezustekoa, film amerikarretako hamabigarren minutua baino lehen derrigor agertu behar duen femme fatale hori bezala, gidoiak edo gidoilariaren talentu faltak hala eskatutako ilehoria nola, halaxe.

        Beste bat dakarte bigarren ibilgailuan. Haren larruan egongo bazina bezalakoa da. Hark ere ez du larrurik. Hura ere zure laguna zen. Mina, mamia.

        Belauniko dator, begiak trapuz itsututa. Lehen tiroa ez da nahikoa izan. Bigarrena azkar kontatuko dugu, mingarriegia da. Kontatutzat eman eta kito.

        Batera lurperatuko zaituztete jada minik sentitzen ez duen mamirik gabe biok. Laster hezur zifratu izango dira zuen gorpuak. Zuen gorpu dezifraezinen mezurik ez da. Ezin duzue esan, demagun, «detaile bat izan da zuen aldetik hain sakon zulatzea, arazoaren sakontasunera heldu nahi izatea zeuenkoikeria hutsez izan arren, detaile bat izan da laguna nirekin batera lurperatzea, hezurra hezurrari besarkatuta lagun minak beti, mila esker, zenbat zor dizuegu, ezingo dizuegu sekula zor hau ordaindu, kitatu, likidatu. Zuek guri egin diguzuena ere ezingo duzue ordaindu, kitatu, likidatu; demagun, igande arratsaldeko karrusel deportiboan irratiko oihuek beste oihu batzuk ekarriko dizkizuetelako gutxien esperotakoan burukominera eta buruko muinera. Gu bakean gaude. Sendiak —zuenak eta gureak— borroka egin beharko du mamuekin». Etorkizunak borroka egin beharko du mamuekin. Barkuetan ekarriko dituzten dozenaka psikoanalista argentinarrek, cambalache, siglo veinte, vibrante, bárbaro, borroka egin beharko dute mamuekin. Zuen seme-alabek borroka egin beharko dute mamuekin. Hor konpon etorkizuna eta etorkizunekoak, izorrai denbora futuroa, ongi ibili eta hanka hautsi. Break a leg, ikasiko dute polizia modernoek ingeles akademietan, Home English. Mucha mierda, bai, hala diote aktoreek, mucha mierda. Kakatzarra. Hainbestetan bezala beste hizkuntza batean erosoago, beste hizkuntza batean a mí como si te meten un yunque por el culo, etc., Mariluz. Zer uzten diguzue? «Zer uzten dizuegun? Gure mamuak uzten dizkizuegu herentzian. Gutxi iruditzen, ala? Esker txarrekoak zuek». Ezikusiarena egin dezakezue, auzoz, bizilagunez, jagole eta jasaile sentimentalez, hiriz alda zaitezkete, baina gutxien espero duzuenean agertuko zaizkizue mamuak.

        «Merezita heukan, herorri henbilkion patuari segika».

        «Bizi hadi horrekin, izorrai».

        «Bizi hadi horrekin hemen».

        «Amen».

        Baina lana ez dago amaituta. Kare biziaren ideia ez dakigu nork izan duen. Vargas, Hernandez, elkarri deituratik esaten diote, nahiz eta teniente koronelak espresuki debekatu dien. Arrastorik ez, garbia omen, dena erretzen du kareak. Zakurrek ere ezingo lituzkete topatu.

        Gero hautsak eta urteek egin dezatela egin beharrekoa. Folio zuri bat.

        «Oraindik ez al dakizu zer bilakatuko zaren, Soto? Esatea nahi? Ez dut uste entzutea gustatuko zaizunik. Hala ere? Benetan esatea nahi? Ongi da, Soto. Hara. Esango dizut. Bilakatuko zara martiri guztiak bezala hasieran herriaren adrenalina. Eta bilakatuko zara martiri guztiak bezala gero herriaren anestesia. Formola aipatzea krudelegia litzateke, eta bestalde, herria hitza bera jarriko dute urte gutxi barru formoletan. Zergatik esaten dudan hori? Zentzua galduko duelako herri hitzak, lagun maitea, cher ami, my friend. Tuberkulu itsusi baten pare erabiliko dute hitz hori, bai, ez harritu, ez begiratu niri horrela... Baina gauza berri gehiegi kolpe batean ezin azalduko dizkizut, ezta? Hobe isiltzea... Herria, hitz hori erabiliko dut oraingoz, apurka-apurka ohitzen joan zaitezen. Eta esan dut bilakatuko zarela martiri guztiak bezala hasieran herriaren adrenalina, eta bilakatuko zarela gero herria den tuberkulu zatar horren anestesia. Adrenalina lehenbizi, desarrazoiaren kontrako ikur, haserre askoren hodi-eroale zarelako. Ezteiek eztei berriak eta hiletek hileta berriak egiten dituztelako. Anestesia gero, beste gauza askoren arrazoia zure larruan bilatuko dutelako askok urte askoan. Adrenalina eta anestesia, akaso biak aldi berean. Jendeak indarra behar duenean zuen hilobi ezezagunean sartuko du burua, zuen urmaelean, zuen piszina horretan hartuko du gorroto eta kemen bustialdia, «a bai, gure mutilek egin duten hau ez dago ondo, baina hara zer egin zuten Sotorekin eta Zeberiorekin... Ahaztu duzu, ala? Ez dituzu Soto eta Zeberio maite, ala? Herriak ez du ahaztuko, herriak ez du barkatuko».

        Dzart itxi da lehen atea, kopilotuarena gero. Dzart. Linternak itzali dituzte autoetan sartzerako. Bigarren autoa eta bertan doazen esaneko gizonak, dela portaeran dela mugimenduan, lehen autoaren itzal besterik ez dira. Egiten dugun guztia egina du beste norbaitek lehenago. Zu egongo zaren lekuan, egona da beste bat lehenago.

        Isilik doaz ibilgailu barruetan esaneko gizonak. Leihoak itxita, kilkerrak eta txitxarrak entzun gabe. Norbait urduritu da, kontzientzian harramazka hasten den arratoia duzue isiltasuna.

        — Jarri irratia norbaitek, demonio! Honek hileta bat ematen dik!

        Edo: «Zigarro bat inork?». Auto barruan erretzeko enpatxurik ez garai hartan. Hogeigarren mendea, siglo veinte. Sagu-tranpa hori. Haietako bakarren batek ez du erretzen, baina are gutxiago du eskaintzen zaion zigarroari uko egiteko aldarterik, Vargas, Hernandez, beste hainbat, bi hilotz lurperatzetik datozen gizon esanekoak direla kontuan hartuta. Hiru ipurtargi eta kea, autoko leihatilak itxita. Nork bere burutazioak. Eskuak garbitzeko gogoa denek. Gai transzendentaletatik egunerokotasunera jauzi egiten dute otupen freudiarrek: humanoak dira, jakina humanoak direla, humanoegiak, heriotza atzean utzi dute eta Anís del Mono kopa eta Lagarto xaboia eskatzen dizkio gogoak polizietako bati (lagarto, lagarto), larrua jo gabe daramatzan egunak («sin meterla en caliente») gogora ekartzen beste bati, haurraren sukarra eta emaztea esna egoteko aukera urriak hirugarrenari, haserretuko ote litzaiokeen esnarazi eta atzetik joko balio larrua berriz ere bere larruan sentitzeko, barruko arroparik kendu gabe larrua jo, kuleroa doi apartatuz eta kotoiaren frikzioa buztanean sentituz. Komisarian ala nork bere etxean garbituko dituzte eskuak? Denek garbituko dituzte birritan? Txandaka? Hatzak eramango ote dituzte sudurrera eskuak txorrotaren pean busti aurretik? Ba ote dakite Zorionak zuri hiru aldiz abestu behar dela eskuak garbitu ahala bakteria guztiek alde egin dezaten?

        «Una mano lava otra mano; dos manos lavan la cara».

        «Los uniformes de diario no se llevan a casa, se lavan en el cuartel, ¿no conoce las reglas?».

        Baina kale jantzian doaz. De paisano.

        Lehen ibilgailua urrundu da. Bigarren ibilgailua urrundu da. Demagun hau: esaneko gizonetako bat hamabi urte geroago Nerjako karezko etxe batean oporretan. Eguzkiak karean sute egiten du eta blai itsutzen da esaneko gizona, berun urtua dirudien brandy trago luzearen bultzada pixgarri alkoholikoak esaten dion bitartean, ez nahi bezain kontsolagarri inoiz:

        — Egin behar huena egin huen.

        Kareztatutako horma zuriak esango dio:

        — Egin behar huena egin huen.

        Torturatzaileak bestelako kezka domestikoak izango ditu aurki: semea langabezian, andrearen diabetesa, tumore bat, heriotzari begiratzeko beste modu batzuk, beste prisma bat.

        — ¡Decansen, armas!

        — Obediencia debida, no es gente: es gentuza; diligencia, ejecución, un trabajo como cualquier otro, combatir limpiamente la escoria.

        — Sí, mi comandante.

        — ¡Firmes!

        — Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela.

        Hemen.

        Eskerrak inork nahi ez duen altxor hau. Altxorra lurperatu zuenak nekez aurkituko luke orain. Hogeitaka urteko euriak eta hautsak aldatu egin dituzte lekuz sastrakak ere, allez hop! Lehoia uztaian zehar jauzi eginez otzan eta esaneko, berriro ere pauso batzuk haratago postura berbera hartzeko. Halaxe egiten du sastrakak ere jauzi aski denbora emanez gero, basamortuko dunak gauez bezalaxe. Mihilua, txilarra, izpilikua eta erromeroa bai, hortxe daude. Txilarra eta pinuen enborretako lika. Landareak jakintsuak dira, gizakia baino jakintsuagoak, pazientzia gehiagokoak bai behintzat. Ez da zaila hori, egia esan. Abar biluziren bat, trenbide anarkiko bateko trabesak irudikatuz estazio abandonatuan. Hori, ikusten duzun lehen gauza. Animaliaren baten burezurrak begitantzen zaizkizun adar lehorrak harrespilaren gainean. Zure burezurra. Begietatik hauts zurixka kendutakoan bereizi duzun lehen gauza karez estalitako izter-hezurrak eta aldakak izan dira. Eginahalak eta bi egin behar izan dituzu txahal batenak ez direla sinesteko. Kosta egin zaizu zutik jartzea, zaila da orporik gabe eta oinik gabe: hezurrak ez daude beren lekuan eta haizea dabilkizu hezur batetik besterako hutsuneetan txirulari. Zuri honek ez dirudienez hezurren zuritasun berezkoa, oinez abiatu baino lehen erabaki duzu lehenbizi hezur horiek lurrean lerratu eta banan-banan putz eginda garbitzea, kareari putz egitea, besoetan kilimak eragiten dizkizuten inurriei putz. Femurra ezagutu duzu, baina ez zara oso ona anatomian, eta tibia parea kokatu arren, saihetsen bat falta ote zaizun irudipena... Nerjan ume batek ote darabil falta zaizun saihetsezurra jostailuzko danborra tarrapatatan jotzeko? Saihetsezur bat gutxiago, zer egingo zaio. Ez da traba handia: bestaldean soberan duzunetarik bat kenduta orekatu da hain garrantzitsua ere ez den simetria. Zakur bat inguratu zaizu. Begira duzu, baba dariola. Hari bota diozu soberako saihetsezurra: gustura hartu du eta badoa hari gordeleku sekretuan lur ematera. Irribarrea atera zaizu, estreinakoz.

        Eman da zabal zazu munduan hezurra.

        Gabeziak gabezia, birikek bular-kaxaren barruan lurrera amildu gabe eutsiko diotela iruditzen zaizu. Hatzak hozkia emateko eran kraskarazi —«ongi hasi gaituk: nagiak kentzea besterik ez diat egin eta bete diat esnatu orduko lehen gutizia!»—, eta denak bere lekuan paratu dituzu. Bazoaz, zerorren eskultore, tirriki-tarraka, zeure buruari garai bateko eitea ematen.

        Eskuetako hezurtxoak beren horretan zeuden, ez duzu puzzlea osatu beharrik izan, eta eskerrak. Burezurra hartu duzu eskuetan. Ez du hainbeste ere pisatzen. «Burezur begibakoa, ene antzik ba al duzu? Zerbaiti ustel usaina dario: egon lasai, zeruak konponduko du». Urrun daude Danimarkako mamuak, Danimarkako gazta zulodunak urrun; a, ez, suitzarrak ziren horiek. Gazta neutroak beren zulo neutroekin. Bala zeru urdina.

        Hor zaude?

        Lekutan zaude?

        Hezurretan zaude?

        Ez da gauza bera hezurretan egotea edo norbere hezurretan egotea.

        Zu, zeure hezurretan zaude berriro. Zeure larruan zaude berriro. «Orrazi bat izango banu eskura», ezin izan duzu pentsamendu burugabea, friboloa, saihestu.

        Agian orrazi horrexen bila zabiltzalako, inkontzienteki zulora begiratu duzu eta ikusi: ez orrazirik batere baizik eta ispilu hautsi bat, zurea ez den burezur bat kare zuriak errea, bere kaxatik irtena dirudien barailezur bat, hezur pila bat lekuz kanpo, zu ez bezala lo eta bizitzarik gabe. Ukitzen duzu mezu baten bila, laztantzen diozu barailezurra mezu baten bila: braillezurra.

        — Ez al hator nirekin, Zeberio? Etorri, gizona! Esnatu eta altxa!

        Sorbaldetatik heldu diozu, hura bere loaldi luzetik iratzarri nahian, baina bitan apurtu zaizu haren klabikula, birigarro baten hezurdura hauskorra bailitzan. Haren artikulazioak lotzen saiatu zarenean igeltsuzko sagar bana desegin zaizu ezker-eskuin eskuetan. Putz egin diozu hautsari. Konprenitu duzu. Bera ez dator. Etsi du. Ez du bizitzeko gogorik, mendekatzekorik, barre egitekorik. Ez zara saiatu ere egin lagunaren iritzia mudarazten. Errespetua zor zaie hilik jarraitu nahi duten hildakoei ere. Hilik eta lo.

        Hasperen egin duzu. Bakarkako lana da bizitza. Heriotza ere bai, nonbait.

        Laguna atzean utzita oinez abiatu zara honenbestez, saihets-errepiderantz, saihetsa baino zerbait gehiagoren falta sumatuz. Atzera begiratzen duzu tarteka. Laguna zurekin etortzea desio zenuke, baina ez datorkizu atzetik.

        Zuloan geratu da betirako Zeberio isila, Zeberio diskretua, Zeberio zoroa, Zeberio anaia.

        Gaua da. Gaua izatea merezi du. Valle de la Escombrera 10 Km dioen bide-seinaleari muzin egin eta La Aparecida 4 Km dioenaren ondoan jarri zara, jarri baino areago ezarri, autostopistei beldurrik ez dienen bat geratuko ote zaizun esperantza gutxirekin. Nork daki, germaniar familiaren bat akaso, Amsterdamgo hippy gazte saldoa Volkswagen furgoitxo bat mukuru beteta, mototsa luzeko emakume haxix-zale bular txiki eta politekoa gidari. «Eskatzea libre ez al da? Geratzen ote da hippyrik batere hainbeste urteren buruan? Europan egongo gara bada, honezkero, eskubide eta betebehar guztiekin, ala?». Hozkirriak zeharkatu dizu bizkarrezurra: eta esaneko jendea topatuko bazenu berriz, beste garai bateko jende hura, Hernandez, Vargas, lorazain bokaziorik gabeko Adam armatuak? Ez, gauza batzuk bizitzan behin bakarrik gerta daitezke, heriotzan behin bakarrik. Deabruaren narrazio lerroak ere ez dira hain makurrak. Zorte txarra litzateke hogeitaka urteren buruan berriz ere esaneko jendearekin tupust egitea... Ez, ez duzu uste haiek itzuliko zirenik hona. Hiltzailea ez da kemenaren lekura itzultzen. Kemen hori galdu egin zuelako aspaldi. Harritu egiten delako, beharbada, behiala kemen hura izate hutsaz.

        Ez al da ederra bizirik egotea?

        Baina zu ez zaude bizirik: hilik zaude eta esna. Ez da gauza bera. Aldatu diren gauzen gose zara, mundua ikusi nahi duzu, diferente. Lagunak ikusi nahi dituzu, zahartuta. Barre egin haien kontraesanen lepotik. Ederra da bizirik egotea, baiki, dena aldatu eta pikutara nola joan den ikusteko besterik ez bada ere, ederra da bizitzara itzultzea. Zergatik ez ote dute hildakoek pribilegio hori? Ez da bidezkoa. Alta, honek ez dauka zerikusirik merezi duzunarekin... Xaloa zara bestaldetik datorren mamua izateko. Xalotasun pixka bat ez da txarra mamuen kasuan ere, denborarekin sendatzen da.

        Kendu duzu azken zinta isolatzaile puska ahotik. Egarri zara. Edozer gauza musukatuko zenuke, zilarra ez izan arren, metal hotzen bat, oihalen bat, ezpainek bere lekuan jarraitzen dutela ziurtatzeko.

        Hezetasuna hortzetan. «Ongi. Ni nauk, hauek dituk nire letagin okerrak».

        Urrunean gasolindegi bateko argiak, Shell konpainiakoak. Ondoan hostal bat: Hostal Europa. «Malo», pentsatu duzu, «negozioek falta duten horrexen izena izaten dute beti; Pensión Edén, Ultramarinos Paraíso... Hostal Europa? Excusatio non petita... Ez gaude Europan orduan, kontu nominal hutsa da. Agian Europa ezabatu egin dute feriante ahotseko bikoizleek». Dezepzionagarria, bereziki, europar humanistentzat, denak hilik ez baleude. Aukeran, hostala baino, nahiago gasolindegia: Shell. Muskuilu batetik irten eta beste muskuilu baterantz zuzendu. Zerraldoz zerraldo. Klarionarena dirudien, baina benetan kare biziarena den arrasto bat utziz bidean. Otsoek gernuarekin bezala karearekin eremua markatuz. Joko-zelaiko marrak eta mugak. Futbol-zelai inprobisatu bat hondartzan. Kare biziz. Lehen karea bakarrik zen bizia. Orain zeu ere bai. Berriro bizirik. Edo ia-ia. Hilik eta esna.

        Zauri bat duzu gorri bekainean. Odol tanta bat eraman duzu ezpainetara. Irribarre egin duzu. Mirakulua obratu da: San Jenaro napolitarra negarrez hasi da. Erromeroaren lurrinak kiribil epelak egiten dizkizu sudur-zuloetan. Zeure baitan zaude berriz, nahiz eta taupadarik baduzunetz ziurtatzen ez zaren ausartzen, eta nahiago duzun zeure baitara bildu baino, entzumena kanporantz zorroztu eta olaturik batere entzuten ote den bereizten saiatu.

        Ez da bereizten.

        Agian kilometro bat edo bi aurrerago, batek daki. Valle de la Escombrera. La Aparecida. Olatuak. Uhinak. Uhin espansiboak. Goizegi da etsitzeko, hasi besterik ez zara egin.

        Orrazirik ez azkenean, beraz. Zure betaurreko lodien arrastorik ere ez. Eta ondo ikusten duzu, hala ere. Inoiz baino hobeto. Harritzeaz batera kemena eman dizun koketeria keinu batez ilea eskuarekin lisatzea erabaki duzu, kortesia eta koketeria bizidunen ezaugarri ezdeusenak ere ez direla pentsatuz, baina zure gorputzaren presentzia ausentzia intermitente batek lausotzen duela, ez dakizu ziur garai bateko ile-xerloak diren, edo Cartagena aldeko haizearen epela ote den zure hatzek laztandu dutena.

        Honetaz ez dago zalantzarik: zeure larruan zaude berriz. Eta gauak gau izatea merezi duen bezala, inork ez dizu hori ukatuko, itsasoak bere azula adina merezi duzu zuk zeure larrua.