Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

Paper requiem

 

Luziok barrez topatu du Fede Epelde.

        — Espetxetik deitu dute...

        Ez zaio Luziori barre egiteko kontua iruditu.

        — A, bai?

        Barrez darrai Fedek. Gutxitan bezala. Inoiz ez bezala. Ez zen umoretsua editorea. Luziok barrearen zergatia atzeman ezinik jarraitu zuen.

        — Kartzelakoentzat bidali genituen azken liburuak...

        — Ez dira iritsi?

        Baziren hilabete batzuk liburu soberakinak xehatu eta birziklatzera bidali beharrean espetxeetara igortzen hasi zirela. Saldu gabe zegoen stocka nagusiki, baina baita etxean zituzten hainbat liburu ere, sekula gehiago berrirakurriko ez zituztenak. Adin batetik aurrera arazo bihurtzen zen liburu pilaketa. Etxeko idazle eta lagunen artean mailing orokor bat egin eta haiek ere soberako merkantzia bidaltzen hasi ziren. Ezarian-ezarian, kutxa dezente pilatzen zuten hilaren amaierarako.

        — Iritsi bai, baina ez zaizkie gustatu. Zer iruditzen zaizu? Martutenen ez zaizkie gure liburuak gustatu! «Estimatzen da bidalketa, baina zaborrik ez igorri, arren!».

        — Ez da posible... Hori da hori muturra.

        — Ez, ez, Luzio... Bai zera! Arrazoi osoa dute: kartzelan daude baina literatura unibertsaleko onena merezi dute, ez gure erdipurdiko autore hauek helduentzat idazten duten haur literatura modu hori!

        — Bueltan bidaliko dizkigute?

        — Ez. Baina hemendik aurrera edozer gauza ez bidaltzeko eskatu didate, mesedez eta otoi. Zer deritzozu? Kartzelan serioski hartzen dute irakurketa. Nork daki, agian ekibokatuta gaude, agian bada oraindik esperantzarik...

        — Mailing berri bat egitea nahi duzu, etxekoek ez dezaten edozer gauza bidali?

        — Ez, hobe ez. Irainduta sentituko lirateke... Idazleak lorontzi txinatarrak bezalakoak dira; okerragoak, hauskorrak izateaz gain oihu egiten dizute... Hori bai, editoreak zeloak eragin behar dizkio batzuetan bere buruaz seguruegi edo bertan goxo dagoen sortzaileari, horretarako beste autore batzuen liburuak goraipatuz, bera ez beste idazleek erabat betetzen zaituztela esan behar diezu, gezurra izan arren, berak ere hurrengoan onena ipin dezan...

        — Eta ez dizute alde egiten halakoetan, jelosiak jota?

        — Kontuz ibili behar, soka noiz tenkatu eta noiz askatu, Luzio: autoestima gutxiko idazlearekin kontrako lana egin behar da, haren kolegak gutxietsi bera gora etor dadin.

        — Editore bezain psikologo zara, beraz.

 

 

Julio Virado egunkariko zuzendariak bilera batera deitu zituen Idoia, Victor eta Roger. Ikusia zuten lehenago ere askotan telebistan eta argazkietan, urteroko afari jendetsuetan. Lehen aldia zen, ordea, aurrez aurre zeukatena. Idoiak eta Rogerrek bai behintzat, aurki ohartu dira-eta Victorrekin egona dela lehenago ere, konfiantzaz tapakatu baitio sorbalda. Horrelakoetan sarri gertatu ohi denez, uste baino txikiagoa begitandu zaie Virado. Madrildik etorri zen haiengana eta ez alderantziz, berri txarrak ekarriko zituen, seguru. Mahaiaren bueltan eseri orduko baieztatu da susmoa.

        — Tamalez, berregituraketak datoz erredakzio guztietara. Garai berrietara moldatu beharrean gara eta asko zaindu behar ditugu gastuak... Jakingo duzuen bezala, irrati bat ere badaukagu, lurreko telebista digitalean hiru lizentzia lortu ditugu eta hazten jarraitu nahi genuke. Horrek esan nahi du kazetari integralak izan beharko duzuela aurrerantzean, albisteak gure irratietan komentatzea eskatuko zaizue, momentuz...

        — Estudioetara joan beharko dugu?

        — Hau ez doa zuretzat Roger, Victor eta Idoiarentzat baizik. Eta ez, ez duzue estudioetara joan beharko: telefonoz egin ditzakezue aportazioak, RDSI konexio onak ditugu bulegoan, ezta?

        Duda egin zuen Julio Viradok puntu horretara ailegaturik, eta idazkariaren begietan bilatu zuen honek eman ezin zion laguntza.

        Enpresaren ildo estrategikoen gaineko erretolika irrigarria etorri zen gero, eta denak mahaitik altxatu eta Idoiak arnasa hartzeko aukera irabazia zuela uste zuenean, horra non ukondotik heldu dion Viradok.

        — Zurekin hitz egin nahi dut, Idoia.

        Gero eta nazka handiagoa hartu die elkarrizketak aurrera egin ahala, haren janzkera garesti baina gusturik gabeari, haren ezpain lehorregiei eta haren hortzoi hezeegiei, itxura gaztea eman nahian gehiegi orrazten ez duen kalpar beltzez tindatuari.

        — Nahiago nuen hau bakarka esan: zu zara erredakzio honetan inpreszindibleena.

        Dena xaribari hutsa zela jakinagatik, Idoiak defentsa-lerroak jaitsi zituen une batez, eta amorrua sentitu zuen bere armada erretiratu izanaz. Halakoxea da geure ahulezia: mudatu egiten zaigu gorroto genuen jendearekiko iritzia, hark gure aldeko balaku merke bakana egite hutsarekin.

        «Zer eskatuko dit orain», pentsatu zuen Idoiak, eta dardaraka hasteko motiboak zeuzkala ondorioztatu.

        — Ahots ederra daukazu. Lan egin duzu sekula irratian?

        — Bekadun nintzen sasoian, baina oso bolada laburrez, Herri Irratian.

        — Herri Irratia?

        — Radio Popular.

        — A, Cope! Gure aliatu estrategikoak...

        «Zergatik ez ote naiz isilik geratu», otu zitzaion Idoiari, Radio Popular eta Herri Irratia gauza bera ez zirela azaltzen hasteak merezi ez eta are gutxiago komeni zitzaiola jakinki.

        — Orduan ez dago zalantzarik: zu zara behar duguna. Erredakzioko lana urrituko dizugu eta deskonexioetako albisteez arduratuko zara. Kaleko lana... Denetik pixka bat. Onartzen baduzu, jakina. Soldata igoko genizuke, erran gabe doa.

        Ez zen igoera zenbatekoa izango zen galdetzen ausartu. Zergatik? Ez zuen balaku merke bezain zuriak jaurti zizkion hura dezepzionatu gura. Ez zegoen aise esaterik halakoxe autoestimu baxua izateak zenbat sumindu zuen Idoia. Non geratu zen ahozko ping-pongerako bere gaitasuna? Bostekoa eman zioten elkarri. Otzan Idoia Erro langileak, tinko Julio Virado zuzendariak.

        Rogerrek zertaz aritu ziren jakin nahi izan zuen tabernan.

        — Zer esan dizu Viradok?

        — Lan gehiago egin beharko dudala: erredakzioaz gain, irrati buletinak, «kaleko lana, denetik pixka bat». Izorrai. Ez dut ezezkorik esateko barrenik izan.

        — Soldata igoko dizute behintzat.

        — Sinbolikoa izango da.

        — Zenbat?

        — Ez dit esan.

        — Eta ez diozu galdetu?

        — Ez...

        Why not? Are you nuts?

        Rogerrek espantu nabarmenak egin ditu, laguna galdutzat ematen duenarenak. Amerikar batentzat ulergaitza zen diruaz aurrez aurre eta garbi hitz egiteko Idoiaren ezintasun hura, euskaldunek oro har nozitzen zuten eta tratatu freudiar bat idazteko ematen zuen jokabidea —eskuzabal izan eta diruaz ez arduratu—. «Kazetari integral izan beharko duzue aurrerantzean», bota du Rogerrek, Viradoren ahotsa imitatuz. Idoiak barre egin du.

        The New York Timeseko erredaktore bat daukat etxean, ezagutu nahi? Agian beraiekin lan egiteko eskainiko dizu, who knows... Euskal Herriari buruzko erreportajea egiten ari da. Burger bana jan genezake elkarrekin...

        — Sentitzen dut, baina Diego zain daukat. Autobusa hartu behar dut.

        — Harreman zurrupagarriegia daukazu tipo horrekin, you know?

        Senarra utzi berri zuen Idoiak, urte askoren ondoren, aspaldiko mutil-lagun izan zuen harekin itzultzeko. Idazle bat. Rogerrek bazekien oso gaizki pasatu zuela banatu bitartean, baina jada iritsia zen kontuari buruz txantxak egin zitezkeen garaia. Edo berak hala uste zuen, behintzat.

        — Elkarrekin bizi gara, Roger. Ez hasi betikoarekin.

        — Esaten nuena, zurrupagarriegia.

 

 

Goizeko seietan esnatzen zen egunero Fede. Kalean gosaltzen zuen beti, sei eta erdietan zabalik egon ohi zen auzoko taberna bakarrean: opil suitzar ttipiari azukrerik gabeko kafe hutsarekin bultzatzea gustatzen zitzaion, eta kafea kristalezko edalontzian zerbitzatzen ez zioten egunetan zerbait gaizki aterako ote zen errezeloa pizten. Goizeko zortziak eta laurdenetarako, ordu erdi igeri eginda, bere idazmahaian eserita egoten zen jada, argitaletxean.

        Egun hartan, zorionez, ez zitzaion idazlerik bisitan etorriko. Goiz lasai bat, behingoz. Horren ordez, Luzio maketatzailearekin zeukan bilera. Garamond letra tipo berria erosteko konbentzitu nahi zuen, hark zekartzan aukerak zeintzuk ziren, maketatzeko proposamenak ekarriko omen zizkion: kaxa estutu egin nahi zuen eta lerro artea zein letren arteko espazioa apur bat handitu. Jendeak asko hitz egin ohi zuen sektorean letra tipo ezberdinez, baina gero denek berbera erabiltzen zuten, Times Roman zikin hura, edo Garamonda asko jota, pirateatua gainera, inoiz ez erosia: diru galerez kexu agertu eta egile eskubideen defentsa sutsua egiten zuten editoreak beraiek ziren tipografiarenak ez errespetatzen lehenak. Zer espero zitekeen halako jokaerak zituen bandidu talde batez? Lucinda, Bembo... emakumezkoen izenak ziruditen letra tipo haiek kitzikatzen zuten Fede. Inbidia handiz begiratzen zien Italian eta Frantzian erositako liburuei, askoz ere hobeto maketatuak eta josiak, beste tradizio batetik arnasa hartu eta beste alegrantzia baten jabe zirenak. Herrialde bakoitzak —eta hizkuntza bakoitzak— bere ezaugarriak eta bere gustuak zituen letra tipoei eta hizkien tamainari zegokienean, eta baita hauen artean utzi beharreko espazio zuriari zegokionean ere. Batzuei, hitz batetik besterako tartea nabarmena izatea gustatzen zitzaien eta hizki batetik besterakoa txikia, oso garbi uztea non hasten zen eta non amaitzen hitz bakoitza, garbiegi Federen gusturako. Irakurlearen inteligentziari egindako iraina zen beretzat hitzak eta hizkiak modu horretara banatzea, nahiago zuen hitz batetik besterako tartea mantendu arren, hizkiak bata bestearen gainean hain pilatuta ez ikusi, arnasa pixka bat har zezaten.

        — Apenas dago alderik, baina «f» eta «l» minuskula elkarren ondoan jartzen direnean espazio gehiago geratzen da, hutsune bat sortzen da bien artean. Ikusten? Figura polita egiten du eta «f»-aren goiko kiribila luzatu egin denez, «l»-a ukitu egiten du, baina tartean espazio zuri asko utziz. Irakurleari, ohitu arte, espazio bat soberan den sentipena sor dakioke batzuetan. Zer iruditzen?

        Luziok debozioz begiratzen zien orrialdeari eta hizkien arteko tarteari, eskultura bati bezalaxe. Luzioren bisita jasotzea, piano-afinatzailea etxean izatea bezalakoa zela pentsatu zuen Fedek. Ofizio zahar eta xarmangarria, desagertzear zegoena.

        — Ongi bereizten dira «l» minuskulak eta «I» maiuskulak?

        — Horrekin ez dago arazorik oraingoan.

        Jendea ez zen jabetzen zein garrantzitsua den hizkiak lehenbizi eta hitzak gero espazio doiarekin banatuta izatea. Eta gero letra tipoak zeuden, bakoitza bere historia luzearekin eta bakoitza bere garapenarekin; beti zegoen atzean artisau bat, Claude Garamond edo Sir Aldus Manutius bezalako norbait, gustu onaren zaindari. Hizkien biribiltasunean zetzan borroka nagusia, betidanik: makila itxura zurrunagoa izatera jotzen zuten letra tipoak zeuden batetik, eta biribiltzeko joera zutenak, bestetik. Bi horien artean, nahi adina konbinazio posible. Fede zein Luzio, Bembo familiaren jarraitzaile sutsuak ziren, baina ezin argitaletxeko liburuei letra tipo hura jartzen ausartu, gainerako guztiengandik gehiegi urruntzeak irakurlearengan mesfidantza sortuko zuelakoan. Bai, mainstreamaren menpe zeuden, horretan ere.

        Beste zenbaitek moto zaharrez edo kotxe marka ezberdinez hitz egiten zuten modu berean mintzatzen ziren haiek letra tipoez, hezi gabeko begiarentzat antzemanezinak ziren bariante txikiez, modu zinez apasionatuan. Goiz hartan Fedek denean eta batere eztabaidatu gabe ameto eman izanak harritu egin zuen Luzio.

        — Ondo al zaude, Fede?

        Fedek baietz esan zion, nahiz eta baiezkoa esateaz batera jabetu Luzio bikoiztu egin zitzaiola, bi Luzio zituela begien aurrean, eta bi ate, eta bi telefono eta lau esku. Dena ikusten zuen bikoiztuta.

        Goiz hartan izan zuen estreinakoz begietan zerbait gertatzen ote zitzaion sentipena, igerilekuan, bere kaletik ez ateratzeko finko so egin ohi zion piszina-zoruko marra urdin ilunari begiratzen ziola: marra urdin hura mugitzen sumatu zuen, alabastroaren kolorea hartzen eta, horren ostean, lerro bakar hura, orain gertatu bezala, bi lerro bihurtu zitzaion, hasieran grazia egin zion bifurkazio akuatiko xelebrean.

        Luziok idazkariaren mahai hutsari so egin zion.

        — Laguntzailerik gabe zaude berriro?

        — Zaila omen naiz lanerako, sinets dezakezu, Luzio? Zaila! Nor eta ni! Jendearen nahiak asetzea da zaila: kolpe zorririk jo ez eta hilero soldata patrikaratu, horixe nahi dute denek. Ez dute ulertzen hau kultura enpresa bat dela. Dirua galtzea dela normalena. Mirakulua dela bizirautea.

        — Inprenta digitalarena aintzat hartu behar zenuke.

        — Ezta pentsatu ere. Hori inolaz ere ez.

        — Gero eta zailagoa da offseta eta digitala bereiztea, Fede.

        — Nik alderik ez bereiztea lortzen duten egunean, orduan aldatuko dut. Bitartean...

        — Diruagatik esaten nizun, puskaz merkeagoa da. Argitaletxe askok eman dute pausoa eta irakurleak ez dira enteratu ere egin.

        — Pikutara irakurleak. Ez nago haiengatik negozio honetan.

 

 

Irratirako egin behar izan zuen lehen lana Armadaren Nazioarteko Eguna zela-eta Espainiako ejertzitoak antolatzen zuen arte lehiaketaren oinarriak irakurtzea izan zen. Espainiako Armadak arte lehiaketak antolatzen zituen? Bai, nonbait; eta nola ez, gaia ez zen guztiz librea: «Se valorará que la obra ensalce los valores del ejército». Kronika haiek ez zituen sinatzen, baina garai bateko Egineko kolegaren batek entzun eta Idoiaren ahotsa ezagutu zezakeela pentsatze hutsak oilo ipurdia jartzen zion. «Radio María-n lan egitea baino okerragoa da hau», pentsatzen zuen.

        Hura hasiera baino ez zen izan, ordea. Entzuteko zegoen birjintasunaren aldeko AEBetako mugimenduei eskainitako kobertura eta mugimendu hark Espainian izan zezakeen islaren kronika.

        Ordura arte sekula egin ez zuen gauza, berak lan egiten zuen enpresako irratia entzuten hasi zen, ardura profesional hutsez eta masokismoz. Manipulazioa hain zen agerikoa, lotsagorritu eta sutu egiten baitzen informazio buletin bat entzuten zuenero. Aurki jabetu zen, krisiaren latzak jendearen patrikak trikuz beterik zeuzkala probestuz, politikoki eta ideologikoki gaitzesgarria iruditzen zitzaien oro iruzur ekonomikoarekin lotzea zela nagusien estrategia. Ezin hobeto zegoen pentsatua: abortuaren kontra zeuden, baina klinika abortisten ustezko maula ekonomikoa azpimarratzen zuten beste ezer baino lehen. Hori gutxi balitz, ez zen egia irratirako konexioak egunkariko erredakziotik egin zitezkeenik: aldirietan zegoen irratia eta hara hurbildu behar izaten zuen egunero, joan-etorrian.

        Hondoa, hala ere, iragarkiak grabatzera derrigortu zuten egunean jo zuen Idoiak: Aita Santuaren bisitaren propaganda, errenta aitorpenean elizari zegokion laukitxoan gurutzea jartzearen garrantzia azpimarratzen zuen kortea... Bera esatari profesionala ez zela-eta, onartu egin zioten iragarkiak egiteko bikoizleei deitzeko proposamena. Diegok eman zion la bella Inesen arrastoa, «Biriatuko peajean lan egiten du». Etxera deitu zionean, lanean zegoela esan zion gizonezko batek. Hala ere etorri zen, telefonia enpresa bateko promo bat grabatzera. Telefonicako egoitzari molotov koktelak botatzen zizkioten garaiaz aritu ziren gero Ines eta Idoia, garagardo artean. Haiek bai garaiak haiek.

        Lanetik eta lanera beti, begi-zuloei beren onera etortzeko aukerarik eman gabe, irratia utzi eta egunkariko erredakziora doa berriro ere Idoia. Espainiako hauteskundeetarako PSOEko hautagai posibleen zerrendarekin dihardu: izatez, hautagai bakarraz hitz egiteko eskatu diote, euskal hautagaia, Fontecha, berak inolako aukerarik ez duela uste duen arren. Euskaldun bat Moncloan? Pentsatze hutsak barre zantzoak sortzen dizkio. Beltzarana, arraia alde batera ongi orraztua, bazuen Fontechak fotogenia, egonarria eta poker aurpegia 80etan; hainbeste politikari galbidera eraman ohi dituen suminaldi erraza saihesteko talentua, hizketarako erraztasuna, aurkariarekin gentlemen agreementak sinatu eta gero adostutakoa ez betetzeko gerria eta azala, bere aurpegiko giharren kontrola. Europako Parlamentuko desterruan iragan ditu hainbat urte, ordea, eta Ajuria Eneko hitzarmenaren garaiko zurrunbiloan igeri egiteko zuen gaitasuna galdua du honezkero. Fontecha hautagai? Nekez halakorik. Aldeko baino kontrako puntu gehiago ikusten dizkio Idoiak, baita beti aipatu eta sekula frogatu ez den gerra zikinarekiko bere lotura baztertuta ere.

        Javier Fontecha Alberdi, Bilbon jaioa, dibortziatua eta kardiologo batekin Getxora berriro ezkondua, berrogeita hemezortzi urte, hiru seme-alaba, hirurak hogeita hamar urteak bete aurretik izanak, aurreko emaztearekin («Gustura elkarrizketatuko nuke emazte ohia»). Zuzenbidean lizentziaduna. Bi urtez lan egin zuen abokatu Fontecha & Cía aitaren bulegoan Bilboko zinegotzi hautatua izan aurretik. Hortik Bizkaiko diputaziora eta gero Espainiako gobernuaren delegatu bezala lau urte laurogeiko hamarkadako urterik gogorrenetan. Horren ondotik, atsedena, spa eta hidromasajea Estrasburgon, eta buelta Erkidegoko parlamentura.

        Pilar bekadun berriari laga dio argazkiak bilatzeko ardura: duela aste bikoak dira artxiboan dauden argazki berrienak, baina ez da lehen planorik. Sei hilabete atzera jo behar izan du zoomarekin handituta kalitaterik galtzen ez duen Fontecharen buru bat topatzeko. Burua moztu eta burua itsatsi. Giza Eskubideen Auzitegiko prentsaurreko batean ateratakoa da argazkia, aspaldi samar. Arraia lehen bezalaxe orrazten jarraitzen duen arren, ia erabat zuritu zaio kalparra. Erantsi horri aurpegi puztua eta zenbait substantzia legezko edo ez legezko kontsumitu izanaren traza —kortisona?, kokaina?, biak?—. «Ez du, inolaz ere, hautagai itxurarik», pentsatu du bekadunak ere.

 

 

Denbora kontua izango omen zen. Erretinosi pigmentarioaren aldagai bat. Pigmentuekin eta pigmentazioaren interpretazio neuronalarekin eta batek daki zerekin gehiago zuen gaitzak zerikusia. Kronikoa, progresiboa eta atzera ezinezkoa. Hitz haiek entzunda, gainerako guztia soberan zegoen Federentzat. Zer abiadura hartuko zuen ikusmenaren galerak? Hori ez zekiten zehazten. «Denok gara ezberdinak». Sendabiderik ez zuela, hori behintzat, argi eta garbi utzi zioten. Eta baita gaitzaren amaiera zein izango zen ere: erabat itsutuko zen, itzalen bat ikusiko zuen gehienera jota. Zientziak etengabe egiten zuela aurrera, eta akaso inoiz lortuko zutela gaixotasuna geraraztea, «beha bestela zer gertatu den hiesarekin», baina momentuz begiaren osasunari zegozkion aholku orokorrak baino ezin eman ziezazkiokeen: bitaminarik ez zedila falta, alkohola erabat baztertzea hobe, hilean behingo txekeo bat, gaitzak zer abiadura hartzen zuen ikusteko.

        — Zertan lan egiten duzu, Epelde jauna?

        Argitaletxe handi hartan lan egin zuen sasoiaz akordatu da Fede: nola aholkatu zuen audioliburuen bilduma hura ez egiteko. Arrazoia: itsuentzako luxu bat besterik ez zela, itsuentzako eta alferrentzako gutizia bat, ez zela errentagarri aterako, AEBetan funtzionatzen bazuen jendeak autoz zein autobusez bidaia luzeak egiten zituelako zela. Ez zioten kasurik egin, baina denborak arrazoia eman zion; egitasmoak porrot egin eta bilduma bertan behera utzi zuten, nagusiek aski diru galdu zutela deliberatu orduko. Bera jada ez zegoen argitaletxe handi haren aterkipean, ordea. Ezta argitaletxe handi haren aseguru estalduraren pean ere, tamalez.

        Urteetan pilatutako liburu andanari begiratu zion. Berriak, zaharrak, maskalduak. Urtez urteko bere aldarteen eta urduritasunen bilduma, bere kezka eta irritsen katalogoa, bere insomnioen arrazoi zein sendabidea, kalera hain gutxitan ateratzeko koartada, bizitza sozialik ezaren ifrentzu damurik gabea, bere xahutzearen sinboloa, bere inbertsio ekonomiko galgarria. Bizitza oso bat liburutan. Batetik bestera eramandako hainbeste pisu mortu, patrikari egindako hainbeste hozkada. Hainbeste otordu galdu eta uko egindako, gazte zelarik eta pobre, bazkaria ala liburua hautatu behar izan eta liburua aukeratzen zuen garaikoak. Handik gutxira biblioteka hark guztiak ezertarako balioko ez ziola pentsatzeak bi puska egiten zion arima. Argia itzali eta Pucciniren opera bat jarri zuen disko-jogailuan. Lortuko ote zuen bizitzen segitzeko arrazoiren bat topatzea? Lortuko ote zuen bere bizitzako pasio zaharrari uko egin, eta, demagun, beti gustuko izan arren sekula haren gainean amateur batek baino haratagoko irizpiderik izan ez zuen operara zaletzea?

        Oftalmologoak nahi baino lehenago aitatu zion berak inolaz ere entzun nahi ez zuen hitza: Braille. Jakina, ikas zezakeen hizkuntza berria eta hatz puntekin literatura unibertsaleko hainbat liburu irakurtzen eta berrirakurtzen segitu... Baina orijinalak? Idazleek ez zituzten argitaletxeetara orijinalak braillez idatzita igortzen! Itxi egin beharko zuen argitaletxea. Edo, bestela, orain arte frakasatu zuen lekuan garaile atera: laguntzaileetan onena kontratatu beharko zuen, markatik fuerako norbait, ozenki irakurriko zizkiona jasotzen zituen eskuizkribuak.

 

 

Idoiak sesioa izan du Rogerrekin, infografiaren kontura. Sutzeraino eztabaidatu eta akordioa lortu ondoren —«ez hain kolorista, soilagoa hobeto ulertzen da»—, Victor, kiroletako erredaktorea sartu da: euskal txirrindulari batek Tourrean positibo eman eta orrialde bat gehiago eskatu du. Eskatu ez, exijitu. Hark zeukan lehentasuna. Lelo aurpegiarekin geratu dira Idoia eta Roger, maketatzailearen diktadura apur zezakeen diktadore handiagoaren agerpen zerutarrarekin: Idoiaren albistea sartzeko lekurik ez, ez infografiarekin eta ez gabe.

        Victor hantxe geratu zen, telefonoa belarri gingilari kateatuta; behingoagatik hark itxiko zuen erredakzioa. Baina gozatzen ari zela zirudien. Zergatik eta txirrindulari bati Celesemine txute bat atzeman ziotelako. Hori zen beretzat ikerketa kazetaritza. Nor bere emozioen esklabo.

        — Garagardo bat hartzera gonbidatzen zaitut —esan zion Rogerrek.

        — Berradiskidetzeko? Ez, eskerrik asko.

        — Victor larrutzeko, besterik ez bada.

        Idoiak hasperen egin zuen: ados, berak ere bazuen horren premia.

        Estatubatuarra zen Roger, Budweiser garagardoa edateko bezain gatzgabea, baina urte asko zeramatzana jada Bilbon. Sanferminetara etorri, Iruñeko neska batekin maitemindu eta harekin bizitzen geratu zen Arrotxapean. Arrotxapeako neska eta Iruñea bere bizitzatik desagertu zirenean, Bilbon aurkitu zuen lana. Idoiarekin batera sartu zen egunkarian, erredakzioak izen hura merezi zuen garaian, hasiera-hasieratik, baina modu gogaikarrian joan zen kazeta barruan pisua irabazten. Irudiaren garrantziak gora egin zuen azken urteotan, eta testuarenak behera. Gustatu edo ez, hala zeuden kontuak.

        Fucking sports.

        Hemen beisbolik ez dagoelako esaten duzu hori.

        I hate baseball: aita setatuta zegoen, ona nintzen pilota jotzen, korri egitea zen gustatzen ez zitzaidana.

        — Sedentarioa hi? Ez esan...

        Ehun kiloak ez zituen urruti ibiliko, erraza zen umetan ere Roger antzeko irudikatzea. Haur baten aurpegi biribila zuen oraindik, begi urdinak, urdin amerikar arruntak, sobera Budweiser edandakoan banderaren gorriarekin mintzen zitzaizkionak. Wisconsingo ile horaila.

        — Prestatu duzu arrain handiaren elkarrizketa?

        — Gauean bukatuko dut, etxean. Gauza batzuk irakurri nahi ditut lehenago. Estrategia on bat pentsatu.

        — Ez zenuke lana etxera eraman behar. Ohitura txarra da autobusean ere lanean segitzea... Bizitza eta lana banatzen ikasi behar duzu. Beste bat? Budweiser bat eta Voll-Damm bat, please.

        — Ez dakit nola edaten duzun garagardo hori.

        — Gaztetako ohitura, ahosabaian daramadan statesetako oroitzapena, bad habits die hard... Nola zen, about that bird...

        — Orhiko txoriak Orhira nahi.

        That's it!

        Ez dakit zuzen zauden, hala ere: emigranteak izan gara beti.

        — Bai, baina txinatarrak bezalakoak: Basquetown bat eraikitzen duzue, wherever you go... the txistu goes with you...

        Ez derrigorrez. Ikusi egin behar, zenbat eta non.

        You say that because you're a Basque separatist...

        — And proud of it...

        Madrilgo nagusiek jakingo balute... Pilar bekadunari emango liokete zure lana.

        — Eta nola jakingo dute? Zuk esango diezu? Ongi disimulatzen dut, ez duzu uste?

 

 

Hiru egun eta hiru gau opera entzuten eta negarrez pasatu ostean, zirt edo zart, Federi miserableegia eta krudelegia iruditu zitzaion patuak eskaintzen zion bide murritza, zuzen-zuzenean amildegira zihoana. «Bizitza eman zieat liburuei, bost urte falta zaizkidak jubilatzeko, honaino iritsi gaituk, beranduegi duk niretzat beste ezertan hutsetik hasteko». Dramarik gabe eta aski zerebralki, bere burua hiltzeko erabakia hartu zuen. Bainuontzia urez bete eta bizar-xafla handi horietako bat hartu zuen, hiru egunetik gorako bizarra eta patillen beheko aldea mozteko erabiltzen zuena, aho bakarrekoa baina alde bietatik mozten zuena, lege zaharrekoa. Ur beroak aurki lurrindu du komuneko ispilua. Inertzia hutsez, xaboia ere bota du, eta aparrez gainezka jarri bainuontzia. Txorrota itxi eta bizar-xafla utzi du bainuontzi ertzean. «Aparra desagertu arte itxoin, Fede»; berak oroitzen zueneino, ez da sekula inor aparrez betetako bainuontzi batean suizidatu. Ez berak ikusitako filmetan, bederen. Desesperazioa ez zen aparraldiarekin bateragarri. Edo agian aparra erabili bai, baina odolusturik aurkitzen zituztenean jada apar hura desagertua izaten zela zen kontua?

        Kontuak kontu, loak hartu zuen Fede bainuontzian. Atean kax-kax egiten zutela sentitu arte: Yolanda zen, astean behin etxea garbitzen zion emakume ekuadortarra.

        — Pasa naiteke?

        — Segundo bat!

        «Egunero ikasten duk zerbait, Fede, baina borondate handiagoko norbait hintzelakoan nengoan ni», aurpegiratu dio bere buruari, eta «aparrarena izan duk errua», pentsatu du gero, bere buruko errotatibak letra molde handietan egunkari titular erraldoia irudikatzen duela: Garbitzaile ekuatortarrari esker suizidiotik salbatua.

        Ez zen hain erraza ere suizidioa planifikatzea, eta Fedek zerrenda bat egin beharko zukeela pasatu zitzaion burutik. Kontuan hartu beharreko kontingentzien zerrendan lehena zen hura: buruaz beste zeure etxean egitekotan, apartamentua garbitzen dizun andrea etortzeko eguna ez dela ziurtatu. Detaile hartaz jabetu ez bazen, hura bezalako eta hura baino askoz ere garrantzitsuagoak ziren zenbat xehetasun ahaztu izan ote zituen? Bere buruarekikoak fundamentuz egiteko deliberoa hartu eta lotsatu egin zen bizar-xafla bainuontzi ertzean ikusita. Egin beharrekoa egin aurretik, gauzak lotuta uztea komeni zen, ez zion bere ilobari lan gehiegi eman nahi, eta argitaletxeko egileak ere ezin besterik gabe umezurtz utzi, askok merezi zuten arren editorerik gabe geratzea.

        Itsu geratuko zen, bai, baina itsu geratu aurretik bazeuzkan hilabete batzuk oraindik. Etekina atera behar zien hilabete horiei. Jada existitzen zen bilduma baterako liburu zentzugabe baten izenburu zentzugabea etorri zitzaion burura: Itsu geratu aurretik ikusi behar dituzun 1.000 gauza. Edo, dramatikoago jarrita: Hil aurretik ikusi behar dituzun 1.000 gauza.

        Beretzat, itsu zein hilda, biak ziren gauza berbera.

        Zerrenda hura egin behar zuen. Mila gauza horiek ikusi eta gero hil. Edo agian, hain ondo hornituta izango zuen bere iruditeria mila gauza preziso horiek ikusi ondoren, gomutan ongi iltzatutako mila ikono horiei esker bere buruaz beste ez egitea erabakiko baitzuen. «Horra hire desafioa, Fede».

        Yolandari begira, haren gizentasun ekuatortar zaparroa inoiz baino biziago zitzaiola, aste hartan etxea garbitu beharrik ez zeukala esan, eta horren ordez, liburu bat eskuratu zion, ozenki irakur ziezaion eskatuz. Ezustean harrapatu zuen eskaerak Yolanda, nola ez, eta une batez izutu ere egin zen, ezezkoa ematekotan bere nagusiaren perbertsio hari; bere lanak ere mugak zituela eta ez zegoela edozer egiteko prest otu zitzaion beharbada, liburu bat ozenki irakurtzeko eskatzen dizun pertsonak beste zein joera makur izan ote zitzakeen baloratu bitartean. Baina aspaldi ezagutzen zuen Fede, eta ez zion hari ageriko arriskurik ikusten. Behin hasierako lotsak gaindituta, irakurle trebea eta bizia suertatu zen Yolanda. «Lastima euskaraz ez jakitea», otu zitzaion Federi, ederra baitzen haren azentu ekuatortarrarekin Hemingwayren Hiltzaileak entzutea.

        «Itsu geratu aurretik ikusi behar ditudan mila gauza (ikusi bakarrik ez, zehatzagoa litzateke esatea ikusi eta buruko zoko batean blindatu egin behar ditudala, itsu geratu naizelarik haiengana jo eta haiek ikusi ahal izateko, argi eta garbi, begien aurrean banitu bezala). Zerrenda: Durerren grabatuak, Tizianoren pietatea, Vermeerren esnezalea, Goyaren koadro beltzak, Rothkoren garai ilunenekoak.

        «Rodinen pentsalaria, Rodin museoan. Ez du balio erreprodukzioetara jotzeak, Parisera bidaiatu beharko dut derrigor. Kokotsa eta masailak ikusi nahi dizkiot, brontzearen baitan sortzen diren itzalak eta sartu-irtenak ikasi nahi ditut buruz, barailezur itxiaren presio doia prozesatu nahi dut, hatzen luzera.

        «Kathleen Turner eta William Hurtek Body Heat filmean ibai baten ondoko txabolan larrua jotzen dutenekoa, bere garaian hainbeste eragin zidana, pantaila handian, kosta lain kosta. Zinemak ez nau bereziki kezkatzen, maite ditudan film gehienak berdin-berdin goza nitzake entzute hutsarekin (Marx anaiak, In the Mood for Love). Salbuespenak badira, hala ere: Felliniren filmak (bereziki La dolce vita), Dreyerren filmak (bereziki Ordet). Film mutuekin zer egin pentsatu: agian haiek ikusi eta soinu bandetan bereziki erreparatu...

        «Aralarrera igo eta zapaltzen dudan orbelari erreparatu. Hostoen zainei. Erreparatu bordetatik ateratzen den keari, haren loditasunari, loditasun hori beste zerbaitekin konpara ote daitekeen pentsatu.

        «Arreta jarri errezil sagarren azaleko orban herdoil itxurakoei.

        «Arreta berezia jarri azazkalak pintatzen dituzten emakume hegoamerikarrei, keinu gogobildu horri, pintzeltxoa azazkalak margotuz nola pasatzen duten, pultsu trebez, sekula hutsik egin gabe.

        «Ez ahaztu euren edertasunaz kontziente ez diruditen nerabeen ibilera arakatzea. Parrandatik etxera bueltatzean igogailuan nola kentzen dituzten takoidun zapatak.

        «Moda aldizkariak hostokatu, ile-mozketa ezberdinak. Tweedaren ehundura.

        «Itsasoko ekaitzak Paseo Berrian. Buenos Airesen eta Hong Kongen ateratako argazkiak. Nire eskolako lagunen argazkiak eta nire neska-lagun izandakoen argazkiak. Nire emazte ohiaren argazkiak. Nire ilobaren adin guztietako argazkiak. Ni izan nintzen umearen argazkiak.

        «Buruz ikasi etxea. Buruz ikasi nire aurpegia. Buruz ikasi etxetik lanera eta igerilekutik etxera dagoen guztia, betaurreko beltzekin bide hori egiten saiatzeko gero, begiak itxita. Egoerei aurre egiten ikasi. Itsu izateko entrenatu.

        «Itsu izateko entrenatu».

        Zerrenda absurdo samarra atera zitzaion. Frustragarria zen. Hori zen ikusi nahi zuen guztia? Ez zegoen beste ezer? Ez, ez zegoen. Itsu geratzea bere buruaren turista izateari uzteko modu bat zen, agian. Zabor preszindiblea baztertzeko modua. Aukera bat, zergatik ez. Goiz hartan, igerilekutik lanera bidean, atzeratu egin zen apur bat Amarako suhiltzaile-etxean. Ume batek bezala, suhiltzaile kamioia irentsi zuen, bere gorri bizi esmaltatua eta lohi-babes zilarkarak. «Egina zagok, buruz ikasi diat» edo «memorizatua» esan zion bere buruari bost minuturen ostean, argazki bat su goriz betsarean markatzen duenak bezala. Gero, lanera iritsitakoan, begiak itxi eta xehetasunik ahaztu ote duen ziurtatu behar. Ez. Dena zegoen. Suhiltzaile kamioia, oso-osorik. Bere erretinan. Bere buruko kutxa beltzean.

        Buruz ikasi, ikusiko ez duzun guztia. Buruz ikasi pieza guztiak, gero pieza horiekin konbinazio infinituak egin ahal izateko. Alfabetoko letrak ikastea bezalaxe. Baina begiak itxita.

 

 

Lagun baten e-maila zeukan Idoiak, Europako hauteskundeetako saio berezia medio zorionak emanez.

        Harri eta zur geratu zen. Inoiz ez zioten adiskideek idazten, eta are gutxiago bere lanagatik zorionak emateko. Marka zen gero. Behin idatziko eta, berak egin ez zuen saio bategatik zoriontzen zuten: hauteskunde-gaua ez zuen berak egin, Pilar ordezkoak baizik. Gorrotatu egin zuen laguna, propio egin izan balu bezala zorion-emate faltsu hura, bera mintzeagatik.

        Irratia piztu zuen, Pilarren ahotsa benetan berearen hain antzekoa ote zen jakin-minak jota. Ordubetez entzun zuen, etxean batera eta bestera zebilela, irratia topera jarrita. Eta aitortu beharra izan zuen baietz, berak onartu nahi izango zukeena baino askoz ere antzekoagoak egiten zirela irratiz entzunda bi ahotsak. Ez zen hainbeste tinbre kontua —leunagoa zuen Pilarrek— doinuarena baizik. Isiluneak egiteko era, isiltzeko modua mintzatzekoa baino areago, hitzen kadentzia, barre egiteko era, erabiltzen zituen makulu-hitzak —«erositako prezioan saltzen dizuegu», «gure entzuleek ulertzeko moduan esanda», «tira, amaitze aldera»—; agurrak ere berberak egiten zituen. Odol hotza behar zen neska hark egiten zuena egiteko: ez zuen beretik deus jartzen, ez zion lanari bere nortasun propioaren igurtzi minimoenik ere ematen. Ez zen hori nahigabe egin zitekeen zerbait, delibero osoz eta propio baizik. Orduan jabetu zen gaizki egin zuela bere ordezko gaztea gutxietsita, luzaroan Idoiaren saioak entzun zituen norbait zela hura, proba-saio asko egin zituena bere itzal kloniko bilakatu aurretik. Ez, ala? Paranoiko ote zegoen benetan? Miresmena eta ikasi nahia ez, mapatik bera ezabatzeko gogoa sumatu uste izan zuen haren jarreran. Mehatxu desatsegina bihurtu zitzaion geroztik bere ahots-bikia. Tripak nahastu zizkion, ahituta sentitu zen bat-batean, norbaitek odola xurgatu izan balio bezala.

        «Ahotsa lapurtu didate».

        Zer egin zu bezain zu edo zu baino zuago zen norbaitek zu ordezkatzeko ahalegina egiten duenean? Zeure egiteko modua goitik behera kopiatu eta egiten zenuena zeuk bezain ondo —edo hobeto— egiten duenean? Norekin hitz egin horretaz? Lotsagarria zen: kontu handiz ibili behar, aise lepora ziezazuketen-eta ego puztu batek jotako izaki obsesibo baten harrokeria. «Hain ezberdin, bakar eta imitaezina zarela uste duzu, ala? Ahaztu al duzu zerorri ere beste norbaiten kopia hutsa zarela? Ez zara munduaren zilborra, zuk edan zenuen iturri beretik edaten ari da zuk zeure imitatzaile jotzen duzun hori ere, biok zarete kopiatzaile eta ez bera bakarrik». Nola frogatu? Nori kontatu? Norekin hitz egin kontu horiei buruz barregarriro neurotiko agertu gabe?

        Lanera zihoan egun batez, erredakziora sartu aitzin, Victor ikusi zuen bere aurrean oinez. Kiroletako prentsa irakurtzen zihoan, eta behingoagatik, zerbait erakargarria ikusi uste izan zuen Idoiak lankide gogaikarriaren baitan. Pausoa apur bat azkartu eta haren parera iristea ebatzi zuen, baina une hartan Victorrek berak ere, egunkaritik begirada apartatu eta pausoa luzatu zuela jabetu zen. Norbaiten atzetik zihoan, itxuraz.

        Argi eta garbi entzun zuen noren atzetik zihoan:

        — Idoia!

        Izoztuta geratu zen Idoia: «Ni naiz Idoia eta atzetik noakizu, ez aurretik». Jiratu egin zen Victor baino lauzpabost metro aurrerago zihoan neska. Pilar zen eta Idoiarekin nahastu zuen Victorrek. «Ni naiz Idoia», oihu egin nahi izan zuen... Ilearen kolorea eta janzteko era ere kopiatzen zizkion aspaldion. Victorren enbarazua sumatu zuen Pilar jiratzean, baina aurreztu egin zion bigarren enbarazua, gaizkiulertuaren lekuko izan zela jakinaraztearena. Lanerantz segitu beharrean, kafetegi batean ezkutatu zen.

        Zeren beldur zen Idoia, jatorrizkoa bera bazen?

 

 

Orijinalak entzun ahala hautatu eta baztertzea zen errazena. Izatez, boz gora entzunda inoiz baino garbiago ikusten zuen Fedek noiz ez zegoen orijinal bat inondik inora argitaratzerik. Kaxkarkeriak ez zuen ozen irakurtzerik ametitzen. Jakin izatera, askoz lehenago jarriko zuen martxan sistema hura. Jasotzen zituen nobeletako lehen bi folioak norbaiti grabarazi eta orijinalarekin batera grabazioa igortzea merezi zuten sasi-idazleek, ohartxo batekin: «Entzun hau, benetan uste duzu zabor hau lotsarik pasatu gabe argitaratzeko modukoa dela?». Arazoa hautatutako orijinalekin izaten zuen: hauek hobetzen hasita, esaldi narrasak edo ilunak berehala detektatzen zituen arren, kosta egiten zitzaion Federi entzute hutsarekin sintaxi eta ordena aldaketak proposatzea. Horretarako, ez zen aski irakurle bat ondoan izatea; irakurtzen jakiteaz gain, idazten ere bazekien norbait beharko zuen.

        Lau idazkari astebeteko probaren ondoren galdu ondotik —hiruk euren kabuz alde egin zuten, bakarra bota zuen berak—, Diego Lazkanori deitzea erabaki zuen, hark aurkeztuko ziolakoan bere ametsetako emakumea.

        — Neska izan behar dik derrigor?

        — Badakik besoz beso eta nirekin lanean jasan dezakedan gizonezkoen kopurua mugatua dela: zero. Nahikoa diat nire burua agoantatzearekin, eta hori ere...

        — Utzi apur bat pentsatzen, deituko diat norbait bururatzen bazait.

        — Ondo ordainduko niokek.

        — Hori bai dela nobedadea.

        — Edo hori edo enpresa ixtea. Bide batez, hurrengo liburua ez diagu offsetean aterako. Ahaztu horretaz.

        — Inprenta digitalean sartuko haiz heu ere?

        — Zer erremedio.

        — Hago lasai: ez duk aldea igartzen.

        Nik behintzat ez... Eta horixe esan nian behin: igartzen ez nuen egunean, offseta utzi eta digitalera aldatuko nintzela. Ez nian espero hain azkar izango zenik, baina ailegatu duk eguna.

        Telefonoa zintzilikatu zuenean la bella Ines etorri zitzaion burura Lazkanori. Idazten ez zen oso trebea, baina irakurle bezala primeran egokituko zen lan hartara. Ahots ederra zeukan. Hots egin ziolarik, beldur zen bezala, dei profesionala baino zerbait gehiago zela ulertu zuen hark.

        — Lan kontuengatik deitzen dinat.

        — Etorriko haiz etxera bazkaltzera, ezta?

        Bere burua harrapatuta ikusi zuen Lazkanok. Onartu egin behar izan zuen.

        Saiatu zen bazkaritan kontua bideratu eta arratsaldean goiz alde egin behar zuela adierazten, baina alferrik. Nola oso ongi jakin gabe, Inesen izterrak bere masailetan zituen derrepente, eta bi esku urduri zebilzkion gerrikoaren belarria askatzen. Larrua jotzea baino atseginagoa izan zen elkarri egindako zupaldi geldia, zertan uka, nahiz eta Lazkanoren sudur-trenkadak egunak beharko zituen milikaldi bikoitz haren ondotik bere onera etortzeko.

        — Interesatzen zain lana, orduan?

        — Ezagutu egin behar Fede hori, ezta? Erabat itsua duk?

        Lazkanok ez zuen jakin zer erantzun. Erabat itsua zen? Itsua ez balitz bezala portatzen zen, ikusmen urritua zuela esaten zien denei, baina Diego konbentzituta zegoen itsu konpletoa bilakatzeko bidean zela, jada bide horren amaierara heltzear ez bazen.

        — Ikusten din oraindik, baina kostata.

        — Eta gaztetan emakumezale amorratua izan zela diok?

        — Hori eragozpen ez izatea espero dinat... Urte batzuk baditin...

        Laneko uniformea janzten hasi zen Ines.

        — Alde egin behar diat, axola ez bazaik...

        Lazkano iraindua sentitu zen. «Neu naun hemen alde egiteko gogoa duen lehena». Aurrea hartu zion Inesek, ordea, arratsaldeko txandan sartzeko ordu erdi baino ez omen zitzaiolako geratzen. Eta Diego, artean erdi biluzik, lila usaineko ohantze hezean onartu nahi lukeena baino gozoago.

        Inesen eta Federen artekoa, hala esan badaiteke, lehen begiratuko maitasuna izan zen. Bizitza soziala gorroto zuen gizona leku guztietara azaltzen hasi zen, Inesen besotik beti.

        Lazkanok Inesen ipurmasail guriak irudikatu zituen Federen sudur puntan eserita.

        Ez zitzaion horregatik editoreari izaera goxatu, ez horratik.

        Izan ere, Kupidoren gezi gupidagabeak gorabehera, Ines eta Fede ez ziren lanean ongi moldatu. Garaiz jabetu ziren, zorionez, euren artekoa mila zatitan zartarazi baino lehen. Harrigarriro, eskerrak eman beharrean, errieta egiteko deitu zion Fedek Lazkanori, ez zelako bere betebeharretara egokitzen zen inor aurkitzeko gai izan. Idazkari bat baino zerbait askoz hobea, etxean jasango zuen norbait aurkitu zion, eta hala ere ez zuen editore hark kexua eta purrustada besterik.

        — Irakurle bat behar diat... Lehenbailehen!

        Ezin espero zezakeen Fede kaskagogorra aldatzerik, behin hartaz gero. Gainera, Lazkanok ongi zekien koskabiloetatik ondo helduta zeukala. Irain sorta irentsi beste erremediorik ez zuen izan.

        — Saiatuko nauk beste norbait aurkitzen, baina ez diat ezer agintzen.

 

 

«Joan zen urtean Rafa Nadal etorri zela esan didate, ikusi duzue kirolaririk batere?», galdetu zuen Victorrek, bere idi-begirada murritzarekin. Rogerrek, ordea, kanapeentzat zeukan gordea begi bat, eta Madrilgo neska errazentzat beste bat. Idoia berriz, burbuila baten barruan sentitzen zen, bere ondoan paratzen zenean mutu geratzen zen Pilar bekadunaren ondoan deseroso, baina ez zekien burbuila hura nola zulatu.

        — Opus Deiko prebosteak besterik ez ditut nik ikusten. Eta horiek ez dira tenisean aritzen.

        — Ez, horiek padelean aritzen dira —bota zuen Rogerrek.

        Barregarri ikusten zuen Idoiak bere burua soineko harekin. Ez zegoen bera dantzarako. Pilar berriz, eskurik esku zebilen... batarekin dantza eta bestearekin solas. Agerikoa zen: pertsona berbera ziren, baina neke maila ezberdinekin.

        Urtezahar egunean izan zen, egunkariak urtero langileei eskaintzen zien jaian. Lehen aldia zen Pilar, Roger, Idoia eta Victor bertaratzen zirena, eta Victorren seta izan zen, gainera, hirurak hara joateko motiboa. Idoia damutu egin zen baiezkoa esan orduko, baina Diegorekin ez zegoen ondo, eta edozein aitzakia zen ona egun haiek harekin ez pasatzeko. Gogoa behar zen Urtezahar gauean zure nagusiaren mahatsak kontrako eztarritik jateko, hala ere.

        Madril erdigunean zegoen egunkariaren egoitza, urte hartan berritu eta terraza kristalezkoa jarri ziotena, gutizia garestia krisi garaietarako. Modu oso amerikarrean antolatua dena, zuzendariaren speech eta guzti.

        — Oroituko duzuenez, joan zen urtean lobbyan ospatu genuen jaia. Aurten azken pisuan gaude. Zuek atera ondorioak, baina jakizue ez dela zuzendariaren bere buruaz beste egiteko borondatea aldaketaren arrazoia.

        Jendeak barre egin zuen, txalo ere bai zenbaitek, txispatuta ordurako. Xanpain koktelak edateaz batera konfiturazko gerezi azukretsuak jateak hortzak airean jarriak zizkion Idoiari.

        Julio Viradoren speecharen ondotik, dantzaldia berriz. Victor eta Pilar ikusi zituen, zuzendariarekin kalaka animatuan, eta Roger, bi neska gazteren konpainia doblean. Idoiaren senaren arabera, konga ez zen asko atzeratuko. Ondo, denak zeuden beren lekuetan bera izan ezik. Erretiratzeko garaia. Igogailua hartu zuen, hotelerako bideari ekiteko. Eskuetan zeraman enpresaren oparia, errekanbiorik gabeko luma bat. Esanguratsua hori ere. Idazten ez zuten lumak leku guztietan, halakoak ziren garaiak.

 

 

Titiburuen geometriari erreparatzeari ezin laga. Mardulak bezain erorixeak zituen titiak Inesek, baina titiburu haiek, ze titiburu. Bular-punta haiek bezalakorik ikusi gabea zen Fede artean, eta bazekien sekula ikusiko zituen azken titiburuak izan zitezkeela: zutak biak eta ezker-eskuin apuntatzen zutenak, nork bere aldera, estrabismoak jotako titiak balira bezala, beragandik urrun zeuden bi fuga puntu sortuz, ezin kontzentra zitekeen jardunean bi fuga puntu haiei beha. Burua okertu zuen apur bat, fuga puntu haiek noraino irits ote zitezkeen ikertze aldera; ezker titiburuak gezi baten muturrak legez egiten zuen leihorantz, eta leihotik kanpoko horizonterantz, kaleko hirugarren farolaren gainetik justuki, Poliziaren kuarteleraino iritsiko zatekeen Inesen titiburuaren fuga puntu balizko hura, laser bat balu titiaren puntan, hala kalkulatu zuen. Eta zer esan eskuinekoaz, erabat bestaldera jotzen zuen eskuin titiburuaren fuga puntuak, norantz eta Federen etxeko bibliotekarantz. Zein liburutarantz zehazki? Hirugarren apala seinalatzen zuelakoan zegoen Fede, nahiz eta jada lausotuta ikusten zuen biblioteka, hasia zen gaixotasuna bereak eta bi egiten, pigmentazioa eta ikus-eremua urritzen.

        Inesen gerri kolpeak medio gero eta zailagoa zaio bere kasa mugitzea, Federen leposagarra irtetear, Inesena ere halatsu, eta neskaren eskuineko titiburua bibliotekako hirugarren apala modu erakuslean seinalatuz, Cristobal Colon hatzarekin Amerika nola, «literatura eta plazera beti eskutik ikusi izan ditiat nik», darabil Fedek buruan, Gallimard argitaletxeko liburuak zeuzkan apal harainoxe ez ote doa bada, agian, eskuin titiburu horren diagonala?

        «Gallimard liburuetan pentsatu eiakulazioari eusteko, eutsi horri, Fede... Vive la France! Titiburu frantximanta inondik ere, Gallimard, hourra!», Claude Garamonden ikuspegi biribila darabil burutan mihi puntaz bularra milikatu ahala, titiburu hura zer letra tipotara asimilatuko ote lukeen asmatu ezinik, zer letra eta zer letra tipo, eta atzerantz erortzen utzi du gero burua, neskak indartsu zamalkatzen duela, Inesen aho ireki erraldoiaren zulo beltza bere etorkizun ilunaren oroitarazle. Titiburu frantximanta dela pentsatzeak areago berotu du Fede. Bi titiburu eta bi fuga puntu erabat ezberdin, comme il faut!, komisaldegirantz doan diagonala bata eta bibliotekara doana bestea, promiskuitatera zeramaten bi geometria; zamalkatzen zuen emakumea titiburuekin ezfidel zitzaiola sentitzen zuen, hura gozamena, Federi ere ezfidel izatea ahalmentzen baitzion hark une hartan. Ordea, Inesen azpian ezfidel izatea ezinezkoa zela eta, hustu zen azkenik haren barruan.

        Utziko ote zion geroago, buztana bularren kontra igurzten? Baietz suertatu zen, eta Fedek bere zakilaren puntatik titiburu haietako bat sartzea desio izan zuen. Penetrazioa Inesek egin zezala, bularreko txorten frantximanta Federen glandeko erretentxoan sartu eta atera, horixe desio zuen. Baina ez zen hainbeste eskatzera ausartu.

        Polizia Nazionalaren komisaldegira eta Gallimardeko bildumari begira ziren, hurrenez hurren, Inesen titiburu estrabikoak, eta gehiegi eskatzea zatekeen harremanaren hastapen gozo hartan.

 

 

Kazetari lanak urteurren-bildumatzailearen itxura hartua zuen aspaldi. Ehun urte halako pintorea jaio zela, berrogeita hamar halako hura hil zutela, hogeita bost halako polemika piztu zela... Begi batekin orainari eta bestearekin iraganari begiratzea, estrabikoki, horrela ulertzen zuen bere lana Idoiak. Aspaldian ez zen urteurrenen morrontzatik eta prentsaurrekoen automatismotik haratagoko kazetaritzarik. Lehenbizikoak aitzakia politak ziren erreportaje mamitsuak egiteko, baina hogeitaka urte zeneramatzanean lan bera egiten eta zerorrek edo beste norbaitek idatzitako Hitchcocken urteurren ezberdinetako hamaika karpeta zeneuzkanean erreportajez beteta, gero eta neketsuago bihurtzen zen zerbait berria, edo, besterik gabe, zentzu minimo bat zuena esatea. Nagikeria sartzen zitzaizun, berridazlearen konplexua. Bigarren eskuko merkantzia zenerabilen esku artean, ebakin birziklatua, mikrouhingailuan doi epeldutako janari aurrez izoztua. Zenbait urteurren urtero ospatzen ziren, iritziak eskatzen zitzaizkion boladan zegoen jendailari, orrialde osoak eskaintzen zenbait gertaera gogoratzeari. Baina urterik urte karaktere kopurua murrizten zihoan, eta denboraren poderioz, gertaerok urteurren biribiletan baino ez gogoratzera pasatzen zinen. Albisteen eta hildakoen zilar-ezteiak, diamante-ezteiak ospatzera soilik. Ehun urte barru, zeren urteurrena gogoratuko genuen? Iraultza Frantsesarena? Auschwitzeko itxitura-eremuen askapenarena? Dorre Bikiak eraitsi zituztenekoa? Hiruretan zerk izango ote zuen gurean indar mediatiko handiagoa? Urteurren horietako zein izango zen gehiago ez aipatzen lehena?

        Prentsaurrekoena besterik zen, ukuilura joan eta askatik jatea, askara zer pentsu botatzen zizuten batere galdetu gabe irensten zenuen dena, eta gero informazio trakets hura hala moduz digeritu eta libratzen. Eta horri deitzen zioten kazetaritza.

        Eszedentzia hartzekotan egon zen Idoia, baina berriemaile berezi «malgu» bat eskatu zutenean egunkarian, bere buruari aukera bat ematea erabaki zuen. Bere ama hilberri, Diegorekin gauzak konpontzea ezinezkoa izango zela jabetu zen garaian, hain justu. Txema Santamaria argazkilariarekin afera izan ondotik. Lokarriak apurtzeko modua izan zitekeen.

        Aparteko kasta behar zen berriemaile berezia izateko. Kazetaritza modu ezberdinean bizi zuen hark, eta horren truke, erredakzioan izan ohi ez zuen askatasunaren jabe zen. Finean, bera zen herrialde oso bat interpretatzeko erantzukizuna hartzen zuena, berak hautatzen zuen zein ikuspegi eman, kontserbadorea edo liberala, itzalia edo koloretsua, aldekoa edo kontrakoa. Berriemaile bereziak hiri oso bat eta are estatu oso bat ere asmatu egiten zituen... Hortik gerra korrespontsalen fantasia eta existitzen ez ziren batailak kontatzeko joera hura, literaturara nahita edo nahigabe hurbiltzekoa, berriemaile bereziek zuten kazetari kasta apartekoaren ondorio. Hortik, baita ere, berriemaile berezi ezkertiarrek medio kontserbadoreetan lan egiteko aukera: haietako askok borondatez eskatua zuten trasladoa, edo zigortuta konfinatu zituzten hara, bestela.

        Parisera bidali zuten Idoia. Aurki ohartu zen politika albisteak ez zitzaizkiela interesatzen. Bestelako berriak espero zituzten beragandik: filmen errodajeak, liburu aurkezpenak, pentsalarien arteko eztabaidak. Pozarren hartu zuen Idoiak zeregin berria, bere betiko alorrera, kulturara, bere gustuko aldapetara itzultzea esan nahi baitzuen, Houellebecq eta Beigbeder elkarrizketatu eta Parisko kontzertu, museo eta antzokietan zenbat goza lezakeen irudikatuz.

        Aurki jabetu da, baina, Madrilgo kulturako buruari bidaltzen dizkion proposamenak ez zaizkiola interesatzen. Bi astean behin baino ez dio bakarren bati ametorik ematen. Horrek esan nahi du bere soldata —burutuko zituen piezen araberakoa— alokairua ordaintzeko doi-doi iristen den oinarrizko kopuruan geratzen hasi dela, eta Idoia dirua galtzen ari dela Parisen. Saiatu da zuzendariari deitzen, baina Julio Viradok ez dio telefonorik hartzen.

 

 

Fede Epelde bakarrik zegoen berriro bulegoan, laguntzailerik gabe. Pigmentazio arazoak izaten hasi baino dezente lehenago gertatu zen, oraindik bakarrik moldatzeko gai zen sasoian. Ezaguna egin zitzaion atetik sartu berri zen gizon ilegorria. Egunkarietatik? Telebistatik? Ez zekien esaten. Idazlea behintzat ez zen, hori seguru. Vikingo aurpegia zeukan. Agian, besterik gabe, deigarria egin zitzaion haren ile gorria, motz-motza eta zuritzen hasia, ukitzeko gogoa ematen duen ile puntaduna, militar hasiberrien eran moztua ia. Eta militar hasiberria izateko adina aspaldi pasea zuen arren, bazuen gizasemeak halako aire kastrentsea.

        Ez zen orijinal bat eskura ekartzen zion adineko lehen idazlea izango, baina ez zuen idazleen ohiko soslaia ere. Bere bizitzaren erdia pasea zuenean memoriak idazteari ematen zion idazle frustratua? Ez zirudien hori ilegorriaren kasua.

        Bere itxura gogorxkaz aparte, besapean zekarren karpetarena zegoen, jakina. Aspaldikoa inondik ere, izokin kolore itzalikoa, eguzkiaren edo denboraren higadurak errukirik gabe eragin ziona. Litekeena zen beste norbaiten orijinalak izatea, otu zitzaion Federi, ustekabean aurkitutako liburu bat agian, aurkitzaileak ebaluatzen ez zekiena eta argitaletxe bati interesa zekiokeela uste zuena. Tiraderetan nekez azaldu ohi zen maisulanik, baina inoiz ez zen jakiten noiz. Ezer baino lehen, profesionala zen Fede.

        — Eseri, arren.

        Eseri da ilegorria, baina esertzeaz batera aulkia hormaren alderantz mugitu du apur bat, bere jarlekutik sarrerako atea zaintzeko moduan. Fedek aurki ulertu du keinu haren esanahia: talde armatu batean militatutako gizona dauka aurrez aurre. Nekez hiltzen dira tik zaharrak.

        Mahai gainean laga du izokin koloreko karpeta. Irrist inguratu dio Federi, karpeta hura beretzat dela eta bueltan ez duela nahi esan nahi balio bezala.

        — Xabier Soto. Ezaguna egiten zaizu izena?

        — Xabier Soto... Soto eta Zeberioneko Xabier Sotoz ari zara?

        — Berbera.

        — Hark idatzitakoak daude karpeta honetan?

        — Bai.

        — Antzerkia idazten zuela entzun dut...

        — Antzerkia batez ere.

        — Guk... ez dugu antzerkirik argitaratzen.

        — Hau argitaratu duzue bada... Nahi gabe, agian? Posible da hori, nahi gabe liburuak argitaratzea, Epelde jauna?

        — Ez dut ulertzen.

        — Irakurri testuok, ezagunak egingo zaizkizu asko eta asko. Zuk ikusiko duzu gero zer egin.

        — Barka baina..., zuk..., nondik atera dituzu paperak..., karpeta hau?

        — Kopiak dira, kalko-orriekin ateratakoak. Garai hartan dena bikoizten zen. Diego Lazkanok dauzka jatorrizkoak. Bere liburuak argitaratzen dituzue, ala?

 

 

Buruaskitasunez mintzo da Julio Virado, ohi duenez.

        — Itzuli egin nahi duzu, beraz. Ez duzu asko iraun. Ez diozu zeure buruari egokitzeko astirik ere eman... Zergatik ez probatu pixka bat gehiago?

        — Ez dut nire burua eroso aurkitzen, giroa, ez dakit...

        — Ulertuko duzu zure lanpostua hartua dagoela. Sei hilabeteko kontratua egin diogu... nola izena zuen zure ordezkoak?

        — Pilar.

        — Ezin kaleratuko dugu bera, ezta?

        — Ez...

        — Ea, bada: altxa burua emakumea, telefonoz bestalde ere burumakur sumatzen zaitut-eta. Albiste onak dauzkat zuretzat: Victor Madrilera dator.

        — Victor Irigoien?

        — Berbera, Kantauri isurialdeko kirol kazetaririk onena.

        Zuzendariak cornisa cantábrica esan zuen, okagura eman zion espresioak Idoiari.

        — Bere postua libre geratuko da.

        — Kirolak?

        — Dagoena dago, gerrikoa estutzen ari gara, badakizu ondo.

        «Badakit, bai: niri lepoan estutu didazue, putakumeak»; pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        — Boladan dago kirol kazetariak emakumezkoak izatea. Garai batean gizonezkoen mundua zen, baina kontuak asko aldatu dira, askoz ere dibertituagoa da orain. Zalea zara?

        — Ez naiz bereziki futbol zalea.

        — Dena futbola ere ez da, Idoia: txirrindularitza, atletismoa, tenisa... Zerbait gustatuko zaizu... Victor hamabost egun barru dator, besoz beso aritu zaitezkete bera Madrilera etorri artean.

        — Eta irratia?

        — Irratian jarraituko zenuke: han ere behar dugu kirol esatari bat.

        Listua irentsi zuen Idoiak. Telefonoaren linea zikintzen zuten txinparta txikietan krudelkeria zantzuak bilatzen saiatu zen, listu-kliskaren bat, telefonoaren kableari egindako kiribilen bat. Zuzendaria antzezten ari ote zen iruditu zitzaion, bere bulegoan bakarrik ez balego bezala, eta Idoiaren lepotik barrez ari bailitzan publiko gonbidatua.

        — Partidak erretransmititzea tokatuko zait?

        — Ez, hori momentuz soluzionatuta daukagu... Gustatuko litzaizuke, ala?

        — Ez, ez bereziki.

        — Ongi da. Hartu libre aste osoa eta astelehenetik aurrera Bilbon berriz.

        Aste osoari ez zitzaion asko geratzen. Ostiral arratsaldea zen. Garestiago atera zitzaion arren, larunbat goizeko TGVa hartu zuen Idoiak.

 

 

Izokina izan nahi luke Diego Lazkanok. Denboraren gezia alderantzikatu, atzera egin, damutu. Karpeta hura hartu eta bere lekuan laga. Karpeta hura sekula ez irekitzeko. Nola ez ote zuen hori kontuan hartu? Denaren kopia egiten zuela Xabier Sotok.

        — Bere bizitza bizi. Ez zeneukan egin duzuna egiteko eskubiderik.

        — Zergatik ez? Ez dut bere bizitza bizi, hori ez da egia; izatez, bere apunteak erabili ditut, bere zirriborroak, bere ametsak, besterik ez, Fede...

        — Besterik ez? Besterik ez...! Gutxi irudituko zaizu.

        Zirriborro haietatik abiatu naiz nire obra propioa eraikitzeko, eraldatu egin ditut haren...

        Eraldatu? Zirriborroak? Antzezlan bat hartu eta nobela bihurtu duzu, ederra zirriborro eraldaketa!

        — Hura salbuespena izan zen, gainerako ideia gehienak garatu gabe zeuden.

        — Ipuinak puztu eta nobela bilakatu dituzu... Sotori zor diozu zeure arrakasta. Oso-osoa!

        — Hori ez da zehazki horrela, eta ondo dakizu.

        — Banan-banan irakurri ditut paper guztiak, paragrafo osoak daude, hitzez hitz kopiatuak, berdin-berdin... Baina zer diot paragrafo osoak, orrialdeak eta orrialdeak! Zeure uztakoak diren pasarteak dira ahulenak... ala beste norbaiti kopiatuak dira? Ez, zureak dirudite: ez dute piperrik ere balio! Ezin uka gozaldi itzela hartu dudala batak eta besteak konparatzen... Hartu ditudan neke guztiak hartuta, epaileak deituz gero aise egin nezake peritu lana.

        — Milaka orrialde idatzi ditut azken hogei urteotan. Eta Sotoren karpetan ez zeuden berrehun folio ere. Ez daukazu arrazoirik.

        — Horregatik ez zaizu inportako egunkariek zure benetako «inspirazio iturrien» berri jakitea...

        — Nik ez dut hori esan, Fede... Abiapuntu bezala hartu nuen.

        — Jakina, kokreazioa zer den azalduko didazu orain... Picassok esaten zuena: erdipurdiko artistek kopiatu egiten dutela eta benetakoek lapurtu. Edo David Foster Wallacek esana: artista modernoak gustu oneko kleptomanoak direla eta zabor hori guztia, Google, hipertestua, eta abar.

        — Fede...

        — Nire jatorri humanista zaharkituak izango du akaso errua, Lazkano, baina aitortu beharra daukat oso zaila egiten zaidala hau ulertzea: Soto martiri bat izan da zure jendearentzat, eta zuk egin duzun hori, zuk egin duzun hori martiri bati egin dakiokeen okerrena da: haren erlikiak hartu dituzu, profanatu egin duzu martiriaren hilobia eta hori interes pertsonaletarako erabiltzea nahikoa ez balitz, dirua egin duzu erlikia horrekin, erlikia denik ere aitortu gabe... Lukratu egin zara! Egiaz, nik ez dakit halakorik nola...

        — Zu ere lukratu zara, zeharka, niri esker.

        — Epaitegietara eramango gaituzte!

        — Ni ere torturatu ninduten, nik ere badakit zer...

        — Hori esaten duzue denek.

        — Egia da, ordea. Alferrikakoa da infernua bizi izan ez duenari azaltzen saiatzea...

        — Nola esaten duzue bada...? A, bai: begia begi truk.

        — Torturatu egin ninduten, hori da egia. Aske dabiltza nire torturatzaileak, batek daki non.

        — Oraingo zure bekatua egin aurretik ordaindu zenuela esan nahi didazu horrekin? Torturatua izan zinenez gero eskubidea duzula zure bekatu errazionamendua aukeratu eta erlikiak profanatzeko? Faborez... Pena eman nahi didazu?

        — Lan asko egin dut. Nik... badakit zer den sufritzea.

        — Eta merezi duzu sufrimenduaren ordaina: inori bizitza lapurtzea. Lehengoetan gaude, ulertu dut zure ikuspuntua.

        — Ez diot inori bizitzarik...

        — Plagiatzaile bat zara, usurpatzaile bat, idazlanak bakarrik ez, larrua lapurtu diozu larrurik ere ez zeukanari.

        — Zer egitea nahi zenuen? Zer egingo zenukeen zuk?

        — Editore bezala galdetzen didazu? Lagun bezala? Konfesore bezala? Esan..., zer egin behar dut nik? Orain arte bezala segitu? Konturatzen al zara zer atakan utzi nauzun?

        — Zer...

        — Ez da giza jendearengan fede gehiegi dudanik, ez jendearengan eta ezta pertsonengan ere... Salbuespenetan bakarrik sinetsi izan dut nik, baina... sinesgaitza egiten zait, hori da dena: egin duzuna egin eta gero, dena haren omenez egin duzula esateko azalik ez duzu behintzat izango...

        — Zuk pentsatu baduzu, ez da hain burugabea ere izango.

        — Burua daukagunok ere badakigu burugabekeriak pentsatzen, gai naiz zure larru burugabean sartzeko. Eta entzun ondo: beldurgarria duzu larru barnea.

        — Berriro galdetuko dizut: zer egitea nahi zenuen?

        — Erraza: haren lanak txukundu eta haren izenez argitaratu, adibidez, hitzaurrean zeure bost minutuko gloriatxoa eskuratuz? Max Brodek egin zuena!

        — Soto ez zen Kafka eta ni ez naiz Max Brod.

        — Erran gabe doa... Ezta ni Gaston Gallimard ere.

        — Nik ikusten dudan moduan, zerbait biziduna egin dut bere errautsekin. Hobetu egin ditut bere lanak...

        — Zeure apaltasunak ez dauka mugarik, Lazkano.

        — Zeudeneantxe argitaratzea arkeologia ariketa fosila egitea izango zen. Ez al zara jabetzen? Nik ez nuen hori nahi.

        — Ez, haren lepotik bizi nahi zenuen.

        — Haren lepotik ez, harekin bizitzeko modu bat izan da! Larru bereko mami ginen, anaiak bezala... Ezin imajinatuzko moduan. Bera eta biok. Elkarrekin egin dugu bidea. Urte hauetan guztiotan.

        — Bost urte daramatzazu ezer argitaratu gabe. Utzi asmatzen: bulkada agortu zaizu... ala karpetako edukiak dira gehiago ematen ez dutenak?

        — Litekeena da Diego Lazkanoren nobela gehiago ez izatea, arrazoi duzu horretan. Kronika bat idatziko dut, hori bai, Soto eta Zeberioren epaiketaren kronika... laster da hastekoa... lekuko bezala deklaratuko dut.

        — Hilobiaren azken hezurra ere sakailatu duzu honezkero. Lastima karpeta bakarra zen...

        — Saldu egingo nauzu? Prentsari emango diozu karpeta?

        — Jakina.

        — Ez hori egin. Arren eskatzen dizut. Biok hondoratuko gara.

        — Ez al zara jabetzen? Nik edozer egiten dudala ere... tipo horrek... ilegorriak... kopiak izan litzake.

 

 

Kirol kazetari izateak eternitatea bermatuko zion, hala iruditzen zitzaion Idoiari: egun bakoitza mende baten neurrira luzatzen zitzaion. Pilotarien prentsaurrekoa, material-aukeraketa, futbol-entrenamendua... Bat entzunez gero, denak entzunak. Victorren kulturarekiko ezinikusia berak kirolekikoa zuen adinakoa izango ote zen? Bai, ziurrenik. Kirol kazetariek eta kultura-kazetariek garunaren parte ezberdinak jorratzen zituzten, horrela behar zuen, ez zeukan beste esplikazio posiblerik. Gurutzebidea ez zen, ordea, batetik bestera ibili beharra. Eguneroko kronikak idatzi eta elkarrizketak transkribatzean hasten zen okerrena. Nekagarria zitzaion hitz bakoitza, kultura-kronika bat idazteko behar zuen denbora halako bi pasatzen zuen karaktere kopuru erdia okupatzen zion iruzkina idazten, eta beti geratzen zitzaion halako erridikulu gorriaren sentipena, idatzi zuena ezertarako balio ez zuen zaborra zen irudipena.

        Idoiak ez zuen sekula Victorren lana jarraitu —ezta ezein kirol kazetarirena ere—, mespretxatu ere egin zuen bere kasa zihoan kazetari hantustea, eta orain, haren laguntzaile izatea tokatu zitzaion, bi astez.

        — Ez zaituztet inoiz ulertu: zuen koloreekiko adskripzioa, nazioarekikoa... Posible al da kirol kazetari izatea ultranazionalista izan gabe?

        Harrituta begiratu zion Victorrek.

        — Itxurakeria da, Idoia... Tentsioa sortu behar da futbol partida bat kontatzean, jabetuta egongo zinela uste nuen. Trikimailuak erabiltzen dira; morboa, heroiaren igoera eta erorialdia... Shakespeare hutsa.

        Shakespeare! Nor eta Victor, antzezpenari buruz hizketan, paper bat errepresentatzeari buruz hizketan. Victorrek Shakespeareren obrak ezagutzen zituela sinetsi behar al zuen Idoiak?

        — Beti bazka bera nahi du irakurleak, izenak aldatzen doaz, baina beste guztia ez. Nor libratuko da gaur lehoietatik? Nor da enperadore berria? Nahikoa daukazu konpetentziak irratian esan duena entzunda.

        — Bizitza ez konplikatzea da zure aholkua, orduan.

        — Zuek, kulturakook, koma bat jartzen duzue goizean eta arratsaldean kendu. Egunkari bat da hau, jainkoarren! Irakurketa diagonala, titular pipertsu pare bat irakurleak kafea hartzen duen bitartean, kito, ez da besterik!

        Roger ez zegoen bera baino hobeto: ingelesa ikasteko metodo bat eginarazi zioten irratirako, lehengo lanez gain. Haiek zukutzen ari ziren, nabarmen. Eginen jarraitu izatera bere bizitzaz zer izango zen hausnartzen zuen askotan. Zoriontsuago izango ote zen? Ez, ziur aski. Idoiaren ideologiaren eta bizimoldearen guztiz kontrakoak ziren jende hark eta ideia haiek ematen zioten jaten. Mingarria zitzaion hori onartzea. Zenbat denbora zeraman bere burua engainatzen? Zer izango zen hurrena, bere egunkari eta irratiaren ildoekin enpatizatzen hastea?

        Guztiz kontrakoa gertatu zitzaion. Pilarren oporrak tarteko irrati buletinak bere gain hartu zituen lehen egunean izan zen —bizitzaren lezioak: orain bera zen bere ordezkoaren ordezko—. Somalian Nazio Batuetako kasko urdinen uniformeak lapurtu eta haiek soinean zituztela herrixka bat inguratu ostean biztanle guztiak tiroz josi ondoren herrixkari su eman zion talde paramilitar bati buruzko albiste lazgarria ematen ari zela, mutu geratu zen mikrofonoaren aurrean. Minutu erdiko isiltasun luze eta jarraitua izan zen, irratian hain hausgarri eta jasanezin den horietakoa, harik eta teknikariak kantu bat jarri zuen arte.

        Depresioagatik baja hartu eta hura gehiago luzatu nahi izan ez ziotenean eszedentzia eskatu zuen. Asteak eman zituen etxetik irten gabe, egunkaririk irakurri gabe, lur jota, bolada batez kanpoan zen lagun batek utzitako ganbara txikian. Negargura sortzen zitzaion noiznahi. Hondorik gabeko putzua zen bere hura. Rogerrek sarri deitzen zion hasieran, baina Idoiak telefonorik hartzen ez ziola ikusita, apurka-apurka amore eman eta hots egiteari utzi zion.

        Goiz batez, aspaldikoa zen berripaper bat topatu zuen etxea utzi zion lagunak birziklatzera jaitsi ez zuen paper mordoiloan.

        Konpetentziako egunkari bat zen, hala otu zitzaion, «konpetentziakoa», eta amorrua eman zion pentsatzeak, lan egiten zuen egunkari hura oraindik bere sentitzen zuela. Bertan begiztatu zuen Idoiak albistea, bere egunkarian halako titularrik gutxitan irakurri izanaz penatuta:

        Pornografia, terapia bezala.

        Txema Santamariaz akordatu zen —«benetako argazkilaria, benetako artista fartsanteen mundu honetan»—, argazki pornografiko sorta batekin egin nahi zuen egitasmo hartaz. Burutu ote zuen? Alta, txorakeria galanta iruditu zitzaion hasieran erreportajea, amu hutsa. Saltzen zuen gauza bakarra sexua zela uste zuten kazetari ezdeusen trikimailu merkea. Kosk egin zion, ordea, amuari.

        Zenbait psikologok arazo afektiboak eta haustura sentimentalak gainditzeko pornografia nola aholkatzen zuten azaltzen zuen artikuluak. Porno izarrena asko aldatu zen aspaldion, jakina. Garai bateko gorputz eta kurba perfektuak baztertuak izan ziren, «benetako» gorputzen eta aurpegien errealismo eta egiantzaren mesede, genero amateurrak eta gonzoak sinesgarri eta domestikoa zen sexu gigabyte mordoa sarean erabiltzaileen esku jarri zutenetik. Modu oso sistematikoan sailkatuta, beste inongo arlotan parekorik ez zuen afinitate-menu sofistikatuak sortu ziren joera sexual eta apeta bizarroenak aintzakotzat hartuz. Zigarreta erretzen zuen bitartean mendi errusiar batean elkar masturbatzen zuen bikotea bazen berotzen zintuena, huraxe teklaz jo besterik ez zenuen, et voilà!

        «Pornografiaren arazoa da, behin horretara ohituz gero adiktiboa izan daitekeela, eta jakin behar dela garaiz haren kontsumoa murrizten, sexua bizitzeko modu birtual horrek gain har ez diezaien erabat benetako giza harremanei. Pornografia kontsumitzaile ohikoa dena kontrola bere esku eta soilik bere esku izatera ohitzen da, eta gero nekeza suerta dakioke beste norbaiten beharrizan sexualak asetzera berriz ohitzea; ez gaudela, alegia, bakarrik ohean». Agi denez, ez zetozen psikologo guztiak terapia horrekin bat. «Zenbait kasutan eraginkorra izan daitekeen arren, ezin esan errezeta orokorgarria denik. Balio lezake agian maitasuna sexuarekin soilik identifikatzen duen jendea ohar dadin, pornografiarekin bere irrits sexualak asebeterik ez duela pertsona haren falta sentitzen, baina gehienetan ez da hori izaten kasua. Pornografia neurrian erabiltzea osasungarria da, gehiegikeria litzateke arriskua, hortik kanpo beste ezer dagoenik ahaztea».

        Interneten sartu eta zenbait orrialde pornografikotan barrena ibili zen Idoia, jakin-minez, harrituta jendearen pudore faltarekin, garraio publikoetan eta patrikako telefonoekin grabatutako milikaldiekin, lokal ilunetako hormetan egindako zuloetatik ateratzen ziren zakil anonimoak itsumustuka jezten zituzten kolore eta adin guztietako atsoekin, ohe elastikoan baleude legez jauzika ageri eta pantailaz bestaldetik zamalkatzen zintuztela zirudien nerabe desbridatuekin, kamera internauta birtualki zamalkatuaren begietan kokatzen zuten ezin zenbatu ahala bideorekin. Gaztetan inoiz begiztatu izan zituen aldizkari pornografikoetan bezala, interneten ere gizonaren ikuspegi menperatzailea erabat nagusitzen zela iruditu zitzaion hasieran, ez zuela han beretzat kilikagarri izan zitekeen deus topatuko, kanpaia jotzeko estimulazio andana baino ez. Baina batetik bestera zebilela, piercingez jositako bi neska gazte ikusi zituen elkarri alua jaten, modu basan, plazeraren mende erabat. Haien gorputz biluzi, ttipi, eta bular zapal erakargarriez haratago, aurpegiak ziren kitzikagarrienak, haien masailetako arrebola eta aurpegiko giharretako kontrolik eza. Ez zen han itxurakeriarik, benetako plazera baizik. Ohartu zenerako begiak pantailara itsatsita eta begi aurreko irudia maximizatuta zeukan Idoiak. Neska haien masailetako pixel gorrikara bakoitza milikatu nahi zuen. Pantailako aho ireki haiek musukatzeko gogoa ematen zuen. Zerbait falta zitzaion, ordea: audioa kenduta zeukala jabetu zen. Eta bolumena igo zuelarik, ez zuen gauza handirik behar izan oharkabean jeansen botoiak emeki-emeki askatu eta bere burua laztantzen hasteko. Irudia errepikakorregi suertatzen hasi zenean, begiak itxi eta jiratu egin zuen aulkia: bi nesken hasperenak, marruak eta arnasak entzute hutsa aski izan zuen amaierara heltzeko.

        Denboraren poderioz, bilatzailean sartu beharreko hitz egokienak zeintzuk ziren ikasten joan zen, eta bere buruari porno-menpekotasunaren atarian zegoenik onartzea kosta egiten zitzaion arren («nahi dudanean utz dezaket»), afalosteko telebista ahaztu eta gauero ordenagailuaren aurrean paratzen hasi zen, aldiro maitale ezberdin bat bilatuz. Haiekin ez zuen hoteletan geratu beharrik («Orly hotelean nago, deitu»; «Okurritu ere ez niri minik egiterik, bale?»). Haiek ez zioten disgusturik ematen.

        Irakurri zuenez, «ispilu-neurona» izenekoak ziren ikusitako ekintzak eragindako emozioak norbere buruari sentiarazten zizkiotenak —nahiz eta norberak ekintza horiek ez egin—, eta pornografiaz bereziki gozatzen zutenak hainbeste gozatzen ez zutenak baino «ispilu-neurona» gehiagoren jabe zirela uste zuten ikerlariek.

        Bere burua ere halakotzat jo zuen geroztik Idoiak. Aberats sentitzen hasi zen, aspaldiko partez. Soslaia berritu beharra zeukan: kazetari ohia, odola zero negatibo, emaile unibertsala, berrogeitaka urte, emakume banandua, seme-alabarik ez, hautsari alergia, ispilu-neuronak barra-barra, donazioan emateko adina.

        Norbaitekin mintzatzeko gogoa erne zitzaion. Egunkarira deitu zuenean, ordea, erantzungailu mekanikoak telefono zenbaki hura ez zela jada existitzen esan zion.

        Geroago jakin zuen itxi egin zutela Bilboko bulegoa eta kaleratu egin zituztela lankide guztiak.

 

 

Luziok Albrecht Durerren liburu baten gainean makurtuta topatu du Fede. Koadroa zurrupatu edo hura esnifatzen ari dela dirudi, lupa batekin ia begien pareraino ekarrita.

        — Zoragarria da, hara...

        Liburuko grabatu bat erakutsi dio: Melencolia I, 1514koa, askoren ustez Errenazimentuaren hasiera markatzen duena. Malenkonia aingeru eseri bat da, tormentatu itxurakoa. Amaitu gabeko etxe bat du atzealdean, eta parean objektu pila bat: hareazko erlojua, luma, balantza, tintontzia, eskailera... Bertan behera utzitako lanen lekuko diren objektuak.

        — Malenkonia, sasoi hartan, ez zen zehazki gaur ulertzen duguna: lau humoreetan estimazio gutxien zuena baizik...

        — Halaxe duk, Luzio: eromenarekin zian zerikusia, lurraren kolorearekin, udazkenarekin, haize Borealarekin, hotzarekin eta lehortearekin, sortzaileei hainbeste eragiten dien Saturnorekin, gizonezkook hirurogei urteak betetzen ditugun sasoiarekin...

        — Hire eta nire sasoiarekin, beraz.

        — Malenkonia nagikeriarekin lotzen zuan beti... Baina ez Durerren grabatu honetan. Hara: egia, laga egin ziok lanari Malenkoniak, baina ez alferkeria hutsez, haratago joateak jada zentzurik ez daukala ohartu delako baizik.

        — Bitxiena duk ez dagoela Melencolia II edo III zenbakikorik.

        — Artelan galduak...

        — Ezezkoan nagok... Beti uste izan diat I hori ez dela zenbakia, inbokazio bat baizik.

        — Inbokazio bat?

        — Bai: «Malenkonia, zoaz!», latinez... Utikan! Erdi Aro ilunari agur esan eta Errenazimentuko argia besarkatzeko borondatea...

        — Garaitsu horretan argitaratu zian gure Aldus Manutius maiteak lehen liburua Bembo tipografiaz...

        — Baita Garamonda ere, sasoi hartakoa duk. Badakik, Luzio? Oraintxe jabetu nauk lehen aldiz zergatik gustatzen zaidan Bembo tipografia Garamonda baino gehiago: Garamondak begiak itxiagoak ditik, «a» eta «e» hizkien barruko begiak zimurtuta izango balitu bezala...

        — Lo luze batetik esnatu berri balitz bezala...

        — Bemboak aldiz, zabal-zabalik ditik begiak... Bemboa duk esnatu ondoren erne dagoen lehen tipografia. Garamonda esnatu berriei zegokiek, nagiak atera gabe ditik oraindik, logale duk.... Makarrak kentzea falta dik... Durerren koadro hau ikusi ondoren, lasai itsu gera naitekeela uste diat.

 

 

Kontsumitzaile izatetik sortzaile izatera pauso txikia zegoen. Ematen zuen baino txikiagoa askoz. Webcama piztu eta bere burua lepotik behera enfokatzeko moduan jarri zuen —bere burua ez zuen enfokatu, beraz, bere gorputza baizik—. Sarean ikusitako emakumezkoen masturbazio ariketa gehienetan ez bezala —jeansak, bainujantziak edo gona solteak izan ohi zituzten gehienek, zuzenean eta hasieratik biluzik ez zeudenetan—, soineko bat bakarrik jantzi zuen, zuria eta arina, titiburu ilunak ikusteko bezain gardena. Bere burua laztantzen hasi zen, han publiko bat zegoela irudikatuz. Antzoki pribatu batean ari balitz legez. Peep show batean. Bularrei sendo eusten zien oihal mehearen gainetik, zilborra erakusten zuen eta gero ezkutatu, oinak lekutik mugitu gabe aldakak eta sorbaldak kulunkatuz. Hatz luzea sartu zuen apur bat gero bularren artean, titiburuen ingurua laztanduz, titiak elkarrengana estutu eta sagarrago irudikatuz, balizko publikoa haiek hartzera gonbidatuz, beheko ezpainarekin webcama ukitzeraino ia. Hasperenka hasi zen, hasperen exajeratuak jaulkiz, benetakoak ez zirenak, baina apurka-apurka, bere burua hasperenka entzutearen poderioz, kitzikagarri suertatzen hasi zitzaizkionak: hasperen berberak egiten jarraituko zuen aurki, baina benetan plazera sentituz. Posible zen beraz, norbere buruaren konduktista bilakatzea, ispilu-neuronek funtzionatzen zuten, baita aktore imitatua norbera zenean ere. Autosugestioa? Bai, baina zerbait gehiago ere bazen hura. Soinekoaren goiko aldea erantzi eta bularrak kamerarantz inguratu zituen berriz.

        «Zatoz» esan zuen. Aste askotan esan zuen lehen hitza.

        Hasperenetik sortutako hitza.

        Hiruzpalau egun iraun zuen grabatutakoa ikusteko errezeloak. Ikusi zuenean, ordea, lotsatzetik urrun, kitzikatua sentitu zen ostera ere. Berotu egin zen bere hasperen faltsuen sinesgarritasunarekin, berotu geroxeago benetako bilakatu ziren suspirio horiekin. Bere buruarekin gozatzeari ezin utzi. Sexuan horixe bilatzen zela iruditu zitzaion: plazer ezagun baten errepikapen etengabea, bariante ezezagunekin. Bariante ezezagun horien faltak eragiten zuen bikote askok elkarrekiko grina sexuala galtzea, bariante ezezagun horiek ziren etengabe, eta askotan modu burugabean, ohiko bikotea ez zen beste norbaiten besoetara bultzatzen gintuztenak. Pantailan ikusitakoa imitatzen hasi ahala, bere intziri benetakoak intziri grabatuekin nahasten joan ziren. Grabazioan ez bezala, hizketan hasi zen, bere bariazioaren bila: «Hau bai dela ona, urtzera noa, azkarrago, ai ama, azkarrago...».

        Deliberoa hartu aurretik behin eta berriro ikusi zuen grabazioa, ezpainekin kamerari musu eman eta une batez, objektiboa lurruntzen zuen unean, bere aurpegia aski itzalean geratzen zela ziurtatzeko. Ez zuen inork ezagutuko. Gero, orrialde pornografikoen doako menuak zituzten webgune horietako batera igo zuen bere ariketa onanista. Bideo bakoitzak zenbagailu bat zeukan: klikatzaile kopurua zehazten zuen markagailua. Afalosterako, mundu osoan zehar barreiatutako mila eta bostehun zibernautek bere bideoa ikusi eta lau izarreko batez bestekoarekin puntuatu zutela baieztatu zuen, zurtuta.

        Egunik egun, bere masturbazio ariketa zenbat jendek ikusi ote zuen begiratzen jarraitu du, jakin-min patologiko egolatra ikaragarriz, porno-menpekotasuna aski ez eta, bere arrakastaren menpeko ere bilakatuz. Webgunera igo eta lehen hogeita lau orduetan bakarrik, hogei mila pertsonak deskargatu edo ikusi zuten streaming bidez. Astebeteren buruan, ia ehun milak. Puntuazioak bost izarretatik laukoa izaten jarraitzen zuen.

        Zenbat emakumezko gazte eta zahar berari begira, mundu osoan. Zenbat mutiko nerabe buztanari eragin eta eragin. Roger bera irudikatu zuen, Julio Virado, Diego, Mikel senar ohia. Munduko gizon eta emakume desesperatuak, eta ez hain desesperatuak, atsedentxoa eta barealdia —la petite mort— behar zutenak euren lanetan.

        Ia hogeita hamar urtez egunkarietan lan eginda sekula lortu ez zuena lortu zuen: jendearen arreta. Audientzia esaten zioten horri, eta berea ikaragarria zen. Lehen ez zuen inork irakurtzen, orain askok irakurtzen zuten bere larrua.

        Zuloa utzi, mundura atera eta lana bilatu beharra zeukan Idoiak, ordea.

        Diegorekin harremana apurtu aurretik izandako elkarrizketarekin akordatu zen:

        — Fedek beti behar izaten ditin irakurleak argitaletxean...

        Hilabeteak joan ziren geroztik, baina auskalo. Deitzea erabaki du. Erokeria bat da, baina hitz egiteagatik ez da ezer galtzen. Dirua behar du.

        Gauzak modu baikorrean ipintzeko modua zen Fedek ikusmen arazoak zituela baieztatzea. Zehatzagoa litzateke Fede itsu geratzen ari zela esatea. Taxian egiten zuen etxetik argitaletxerako bidea, eta han doi-doi aurkitzen zuen bere bulegorainokoa, automatikoki, ongi ikasia zuelako. Idoiak argitaletxea lehen aldiz bisitatu zuenean, estonatuta geratu zen: supermerkatuko orga metalikoz beteta zegoen korridorea, eta hauetako bakoitzean neurri handiko zientoka gutunazal pilatzen ziren, postatik iritsi ahala sailkatuko zituen inor gabe. Orga hauetako zenbaiten hondoan, kolorea erabat galduta zuten sobre zigilatuak, sekula irakurriak izango ez zirenak.

        — Horixe litzateke zure lana —esan zion Fedek—. Utzi senari gida zaitzan, hartu bat, zabaldu eta irakurri lehen orrialdea. Esaldi batekin aski izaten da ia beti. Egun erdiko lana litzateke, eguerditik aurrera nekagarria suertatzen hasten da... Ulises bera ere zaborretara botako nuke. Badakit ez dela esker oneko lana, baina arratsaldeetan materiala sailkatzen geratuko bazina, sei hilabeterako egun osoko kontratua egingo nizuke. Mila eta bostehun hilean.

        Ez zen egunkarian kobratzen zuena baino askoz gutxiago.

        — Erdi itsua naizenez, beltzean ordainduko nizuke.

        Idoiak ez zuen iruzkina ulertu.

        — Itsuen txiste bat, ez egin kasurik.

        — Lehenbizi, nola irakurtzen dudan entzun nahiko duzu...

        — Balekoa zara. Entzun izan zaitut irratian.

        «Radio María-n?», gorritu egin zen Idoia, Fedek, bere itsutze erremediorik gabekoa gorabehera, nabaritzeko moduan. Hala iruditu zitzaion berari. Bere irrati lokuzioak sekula inork ez entzun izanaren itxaropena izan zuen beti.

 

 

Supermerkatuko orgaz beteriko korridorea zeharkatu zuen Idoiak.

        Fedek mahukak bildu zituen, otarrain haztegi batean eskua sartzera balihoa bezala. Eserita geratu zen, ordea. Idoiari zegokion arrantza.

        Idoiak ez zekien nondik hasi: bi asteko lanaren ondoren jasotako dataren arabera sailkatu zituen iritsitako orijinalak, baina egunero iristen ziren gehiago, orgatan literatura potentzial geruza berriak sortuz. Harrigarria zen zenbat idazten zuen jendeak, eta zer gogo zeukan idazten zuen hura argitaratzeko. Gutunazalik zaharrenetatik hasi behar luke, modu hertsi eta diziplinatuan? Ez zeukan zentzurik: hiruzpalau urte lehenago bidalitako orijinalak zeuden han, egileek etsia hartua izango zuten, ez ziren jada besoa besoaren gainean argitaletxearen erantzunaren zain jarrita egongo. Edo beste argitaletxeren bat topatu eta argitaratuak izan ziren jada haietako asko, edo ogibidez aldatzea erabakia zuten idazlegaiek. Zein zen, ordea, modu arrazoizko eta logiko batean, editore batek erantzuteko epemuga? Urtebetez zain geratzen zen jendea? Sei hilabeteko epea nahikoa zelakoan, hortik aurrera hastea erabaki zuen Idoiak. Sentitzen zuen lehenago bidalitakoengatik.

        Dozena erdi orijinal hartu eta ozenki irakurtzen hasi zen.

        Lehen hirurak izenburua entzute hutsarekin baztertu zituen Fedek.

        — Ez, ez! Nola ba? Ezta pentsatu ere.

        Laugarrena, sarrerako aipuaren egileagatik utzi zuen alde batera.

        — Nola idatziko du ondo lapurretan egiten ere ez badaki?

        Beste biak, lehen orrialdea osorik irakurri aurretik kondenatu zituen sutara. Petrikilo batek bezala egiten zuen oihu:

        — Hurrengoa!

        Edo:

        — Non sartu dira benetako idazleak, jainkoarren!

        Edo:

        — Cheeverren plagioa!

        Edo:

        — Edipo berriro?

        Edo:

        — Bidali egiozu Virginia Woolfen Gela bat norberarentzat.

        Edo:

        — Zergatik ez dute irakurtzen idazten hasi aurretik?

        Edo:

        — Zergatik ez dira bizitzen hasten idazten hasi aurretik?

        Edo:

        — Hori ez da literatura, hori karaokea da! Kalkoa! Bestek egindako melodia txistukatzea; eta ondo egingo balu, behintzat!

        Edo:

        — Zaborra!

        Edo:

        — Palangana bat! Oka egitera noa!

        Bi asteko lanaren buruan, idazle gazte ezezagun baten nobela laburra irakurri zion Idoiak, oso-osorik. Entzuna zuen Kuban puruak biltzen zituzten emakumeen lantegietan izaten zela irakurle bat, besteek lan egin bitartean nobelak ozenki irakurtzen zituena. Halaxe sentitu zen nobela hura boz gora leitzen zuen bitartean. Moby Dick irakurtzen zuen eskolta titulatzen zen eleberria.

        — Gustatu zaizu? —galdetu zion Fedek.

        Idoiak ezin izan zuen tranpa batean erortzen ari ote zen sentipena saihestu. Ikaragarri gustatu zitzaion eleberria, baina aitortzeko beldur zen. Zeharka erantzutea erabaki zuen, atzera egiteko zirrikitu bat utziz.

        — Ni hasieratik harrapatu nau...

        — Deitu egileari orduan. Nola diozu izena duela?

        Zortea izan zuten: egileak ez zuen liburua beste inora bidali. Pozarren hartu zuen deia.

        Hurrengo sei asteetan ez zen halako zorterik izan. Modu desesperagarrian, espantu eta irainen artean, dozenaka lan baztertu zituen Fedek, lehen ataletik aurrera ia sekula ere pasatu gabe. Hasierako Idoiaren beldurrak irribarre bilakatzen joan ziren: editore hura, Fede, bera zen nobelako pertsonaia.

        Txantxa errazegia zen: Fede itsua. Beste ezeri ez, baina literaturari baziona.

        — Tira, lagunduko didazu atarira? Deitu taxi bati: gaur Ines ez da etorriko... Txanda aldatu diote peajean...

        — Jakina, horixe besterik ez genuen behar.

        Isilik geratu da une batez Fede. Gabardina soineratu eta lepoa zuzen jarri du, ispiluaren ordez horman txintxetaz josia duen Durerren grabatuaren aurrean bere burua ipinita. Gertatzen da: tristezia bat-bateko batek erasaten digu batzuetan, gutxien espero dugun unean.

        — Esan egia, Idoia, pena ematen dizut? Ez dut pena ematen diodan inor niretzat lanean eduki nahi.

        — Batere ez. Oso gustura nago hemen.

        — Pozten naiz, ze, nik ere ez baitiot nire buruari batere penarik ematen. Jendeak gehiegi balioesten du ikusmena. Askoz ere okerragoa da gor geratzea.

        Arraroa begitandu zitzaion hasieran Idoiari burutazioa, batez ere betazalak liburu artean kiskali zituen norbaiten ahotan.

        Hotz dago kanpoan, gabanak sudurreraino altxatu dituzte biek. Eroso dago Idoia bere nagusiaren ondoan. Zain.

        — Iritsi da taxia, Fede.

        Sorbaldatik heldu dio nagusiak Idoiari, gozoki.

        — Asko erraztu didazu lana, urtea primeran amaitu da.

        Gutunazal bat luzatu dio. Moby Dick irakurtzen zuen eskolta eleberriak salbatu die urtea. Ez hau bakarrik: datorrenaren zati bat ere bai.

        — Mutil hori zaindu egin beharko dugu. Ea hurrengo nobela ez dion argitaletxe handi bati ematen, denek egiten duten bezala.

        Gutunazala zabaldu du Idoiak. Billete gutxi dira, baina koloretsuak.

        — Diru asko da hau...

        — Inork lortu ez duena lortu duzu: sei hilabeteren buruan oraindik enpresan jarraitzea.

        «Enpresa», hitz potoloegia iruditu zitzaion bulego ziztrin hari deitzeko, baina ez zion ezer esan.

        — Ikus dezaket hemendik zure irribarrea, badakizu? —taxitik eta bizkarrez esan dio, sorginkeria hura egiteko gai balitz bezala.

        Gai zen agian.

 

 

Ondo sailkatzen hainbeste denbora igarotako gutunazalak nonahi barreiaturik, apaletako liburuak lurrean zapalduta, entxufeetatik askatutako lanparak mahai gainean trabeska, hormetako Durerren eta Klimten laminak tarratatuta... Hankaz gora topatu zuen bulegoa Idoiak. Itxuraz ez zen ezer falta, dirua bilatzen bazuten okerreko lekura etorriak ziren. Dirua literatura ateratzen zuen argitaletxe batean? Lapur serioek jakin behar lukete hori ezinezkoa dela. Eta ordenagailuak ez zituzten ukitu ere egin. Txukuntzen hasi aurretik Federi deitu edo ez, zalantza egin zuen. Hura alferrik suminaraztea ere ez zen kontua. Gero, beharbada, gauzak zeuden hartantxe utzi eta Ertzaintzari parte ematea izango zela logikoena otu zitzaion. Erabaki zezala Fedek, zer arraio. Berea zen argitaletxea.

        — Fede, ez ikaratu, baina bisita izan dugu bulegoan. Ez dirudi ezer eraman dutenik.

        Umorearen aldera lerratzea erabaki zuen, Fede sobera sutu ez zedin:

        — Tira, eskuizkriburen baten bila zebiltzan agian. Konpetentziakoak izan direla uste duzu?

        Fede isilik zegoen, arnaska sumatzen zuen Idoiak, hasperen luzeak egiten.

        — Ondo zaude, Fede?

        — Entzun ondo: nire mahaiko lehen kaxoia zabaltzea nahi dut.

        Giltzaz ixten zuen kaxoi bakarra zen hura. Ez zuen Idoiaren aurrean sekula zabaltzen. Ezagunak zituen halako maniak: Diegok gauza bera egiten zuen.

        — Giltzarik ez daukat, ordea.

        — Begiratu badaezpada, saiatu irekitzen.

        Ezetz ematen zuen hasieran, tiradera itxita zegoela. Baina heldulekutik tira egindakoan leun-leun zabaldu zen: hutsik zegoen. Behartu egin zuen sarraila norbaitek. Eta gero tiradera hustu.

        — Ez dago ezer, hutsik dago.

        — Ez dago izokin koloreko karpeta bat? Karpeta zahar bat?

        — Ez dago ezer. Zer zeneukan karpeta horretan? Inportantea zen?