Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

Urpeko munduak

 

Garraio publikorik ez da heltzen haraino, ez urtearen sasoi honetan. Udako denboraldian, agian, baina asko falta da oraindik. «Ziur ez duzula auto bat alokatu nahi?». Hamaikagarrenez, ez. Horren ordez, Puerto Vallartako aireportuan autobus bat hartu du eta gero beste bat. Mismaloyan pasatu du gaua, denboraren nozioa erabat galduta, esna eta lo igaro dituen orduak elkarrengandik ezin bereizirik, klimaren hezeak loa eta esna-aldia ore berean nahasten dizkiola. Sei kilometroko bidea omen dago, Banderasko badia atzean utzi dutela berrogeitik gora joan direla esango lukeen arren berak, autoaren taximetroari begiratuz gero. John Hustonek filma grabatu zuen bertan, «La noche de la iguanagatik zatoz?», galdetzen diote. Biribilgunean uzteko esan dio taxistari, «hondartzatik gertuen dagoen biribilgunean», zehaztu dio, baina goikoan utzi du. Oinez egin behar izan du hondartzarainoko bidea, gorakoan malda piko hark eragingo dion izerdia gogotik apartatu ezinik. Arrokari koska kendu behar izan zioten bere garaian errepidea beheraino heltzeko, ia gorria da harkaitz ebakia, okela xerratu berriaren gisakoa. Eskailerak daude gero hondartzara jaisteko. Pazifikoa ganoraz ikusiko duen lehen aldia dela otu zaio, eta une batez okerreko bidea hartu ote duen begitandu, sasiek eta landareek estalitako harmailak baitira eskailerok, jende gutxik erabiliak itxuraz. Jendea autoz jaitsiko da edo motorrez. Edo agian batere ez da jaitsiko, antzeko mila txoko izan behar ditu kostaldeak, aspertzeko lain. Harmailen saihets batean, miniaturazko hilobi azteka baten erreplika ikusi uste izan du, sastrakek hartua. Aztekak hemen? Bere ezjakintasuna aitortu beste erremediorik ez du izan. Baina zuloa ikusi du gero eta ohartu da, bai zera aztekak, abandonatutako mini-golf bat dela, bere arranpatxoekin eta bere kiribilguneekin, pilotak aise gainditzen dituen minilabirintoz osatutako mini-golfa. Huts egindako resort turistikoa, beraz, batek daki noiz eta zergatik. Hondartzatik gertuen dagoen etxea, esan diote, eta bizpahiru jo ditu begiz.

        — ¿El güero Juan? El señor Bicho vive no bien alcance usted la playa.

        El Sr. Bicho. Zamorroa. Txomorro zorrotz. Mozorroa. Zomorroa. Juan. Joan. Zein ondo asmatzen duen jendeak goitizenekin, miretsita geratu da Lazkano. Harriz eta kaktusez osatutako lorategitxo txukunei jarri die arreta, harrietan eta loreetan bailegoen identifikazioaren giltza.

        Soropil berde-berdea, ingurukoak baino hagitzez zainduago. Kanaberak etxeko leihoak kanpotik ez ikusteko moduan estaliz. Gotorleku itxurarik eman gabe sortu du ezkutaleku egokia. Arrosak ureztatzen ari da gizona, lastozko kapelua buruan, praka motzak, txankletak. Hormara begiratzean euli mardul bat ikusi du Diegok karean bele eginda: begiak gorri-gorri eta bizkarra marra paralelo urdinez zeharkatua, Torinoko Juventusen kamisetaren gisara. «Euliak ere dotoreagoak dituk hemen», pentsatu du.

        Denbora-pasako galdera: gai zinateke aita galdua ezagutzeko bizkarrez eta loreak zaintzeko duen maneiuagatik? Hura ikusi gabe urteak igaro diren arren, aise ezagutu du, mangerari eragiteko moduagatik, giza aspertsore mekaniko baten pare. Halaxe banatzen zuen pozoia baratzetan, Diego haur zela.

        Dezenteko tartea egin du hari begira. Patioan aulkiak dauzka ipurdiz gora: haiei lixa-papera pasatzen hasi da. Hipnotikoa egin zaio lixaren karraka, hunkitu egin da ia aitak garai batean zuen brikolajerako kuidado berdina duela jabeturik. Zerbait ureztatzea ahaztu balitzaio bezala, mangera hartu du berriro lixa utzita.

        Jiratu eta handik hanka egiteko tentazioa izan du Diego Lazkanok.

        Baina desagertzea, hori ez dago barkatzerik. Ezta norbere buruari ere. Ez, bera ez zen aita bezalakoa.

        Lazkanok desagerraraziak zeuzkan buruan. Desagerraraziak izan zituen gogoan urte luzetan: egunero, gauaren erdian, txortan ari zenean, idazten, ametsetan, plazer masturbatorioak eteten, desagertuak beti, nonahi eta noiznahi, supermerkatuko apalategi alkoholikoetan haiei bizkarra ezin emanda, zer aukeratu ez zekiela. Ez zen norbere kabuz desagertzea inola ere haizu, nola bada? Soto eta Zeberio, bi desagertu bazituen lehendik ere buruan eta gero aita desagertu zitzaion, ez modu zentzuzkoan orain zekienez, ez gaixotasunak jota, baizik eta etxekoen lepotik eta haien abandonuak eta sufrimenduak batere axola gabe, estekak oro hautsita bizimodu berri bat hasteko desagertu. Ez, hura ez zegoen barkatzerik.

        Nola zuzenduko zitzaion aitari? Zer izen edo izengoiti erabiliko zuen, «arratsalde on aita» esan beharko ziokeen, beharbada?

        Señor Bicho? Güero Juan?

        Ez, horrelako ezer ez.

        — Egia zen, orduan.

        Mangera berdearen xirripa agortu egin da, Diegok aita txorrota ixten sumatu ez duen arren.

        Horixe esan dio: «Egia zen, orduan».

        Jiratzeko une bat hartu du aitak, ezuste-aurpegia mudatzeko denbora doia, auskalo. Agian lehen egunetik bertatik espero zuen bisita hura. Espero baino gehiago: ezkutuki desio. Ez baitago ezkutatuarentzat aurkitua izateko izuari gain hartzen dion ezer, ezpada sekula aurkitua eta sekula bilatua ez izatearen izua.

        — Diego...!

        Gogor plantak itxuratu nahi izan ditu Diegok, eta asko kosta arren, lortu du gogor plantari eustea. Aitak ez du gerturatzeko keinurik egin. Mangera berdea eskuetan du oraindik, bospasei metro soropil bien artean. Harritu egin da Diego zakurrik ez egoteaz.

        — Hementxe garbitu behar zintuzket, paradisuko zure partzelatxoan.

        — Ongi merezita, ez nauk hori eztabaidatzen hasiko.

        — Nola ausartu zinen?

        — Eseri mesedez, utzi begiratzen... Gazte hago oraindik... Hartuko duk zerbait edateko? Zer moduz zagok Josune...?

        Etxearen izena ikusi du orduan Diegok: Casa Morel.

        — Badakik zergatik aukeratu nuen leku hau? Izenagatik: La invención de Morel, ezagutzen duk Bioy Casaresen liburua, ezta?

        — Literaturaz mintzatzera etorri naizela uste duzu?

        — Zer besterik dago bizitzan, literaturaz aparte? Heure elkarrizketa bat irakurri nian aspaldi ez dela, sarean... Horixe esaten huen, gutxi gorabehera.

        — Txantxetan ari zara?

        — Txantxa infinitua duk bizitza.

        — Ez iezadazu hika egin...

        — Zuka, orduan.

        — Ez zitzaizun beste modu hoberik bururatu?

        — Nahiko orijinala izan zela esango nuke.

        Orijinala? Hori da bururatzen zaizun hitzik zehatzena?

        Zu zara idazlea, esadazu zuk.

        — Ama, Josune, ni... nobela merke bateko pertsonaiak garela uste duzu?

        — Nobelarena pasatzen utziko dizut, badakidalako zuretzat garrantzitsua dela fikzioa. Merkearena aldiz, ez dizut barkatzen. Nonbaitetik datorkizu idazle bokazioa, ala?

        — Aktorearenak gain hartzen dio zure kasuan. Inpostore bat zara, putakume bat.

        — Et, et, et... Zure aita naiz oraindik, ez nizun nik erakutsi horrela hizketan. Errepara diezaiogun mamiari, hori da inportanteena: istorioak asmatzearena geneetan daramagu biok. Gezurrezko bizitza hitsa neraman, zerotik hasi nahi nuen, zuen amak ere bizimodu berri bat izan zezan.

        — Eskuzabala zarelako egin zenuen...

        — Nondik begiratzen den. Berekoia izatea norbere buruarekin eskuzabala izatea da. Eta pentsatu nahi dut nire buruarekin bakarrik ez, gainerakoekin ere eskuzabal portatzen jakin izan dudala.

        — Dibortzioa existitzen da!

        — Paperak, epaitegiak, drama... Dibortzioa gauza itsaskorra da: berrirotik hasiko zarela ematen du, baina lika hori beti daramazu zurekin. Zerbait kontundenteagoa nahi nuen.

        Drama diozu? Paperak? Epaitegiak? Zureak ez dauka mugarik! Paperei buruz entzun nahi? Zenbat paper eta zenbat bisita egin behar izan ditugun epaitegietara, morgera, ospitaletara? Jakingo duzu hilik zaudela legalki...

        — Hori zen asmoa.

        — Ba al dakizu amak zenbat sufritu duen?

        — Sufritu du, baina lasaitua hartu ere bai, esan egia. Badakit orain zoriontsuago dela. Arduratu nintzen bere pausoak segitzeaz, bestela ez nintzateke hain lasai biziko. Bere lasaitasuna ere bada nire lasaitasuna.

        — Lasaitasuna? Nola eduki daiteke halako azala? Minbizia dauka... Valiumak hartzen daramatzan urteak ez aipatzearren...

        — Sentitzen dut hori entzutea.

        — Burutik zaude dementzia dibortzioa baino drama txikiagoa dela uste baduzu.

        — Definitiboagoa. Sinets iezadazu: posible da zerotik hastea. Nik behin baino gehiagotan egin dut. Probatu behar zenuke inoiz.

        — Angeles hura, Eivissa, egia zen dena, orduan?

        — Pentsatu benetako idazle batek bezala, Diego: Angeles izena du baina Fuerteventurakoa zen, ez Eivissakoa. Iraun zuena iraun zuen, gero Mexikora etorri nintzen, bakarrik. Egiatik urruntzen gara, baina ez hainbeste. Egiatik asko urruntzen bagara harrapatu egiten gaituzte, egiatik batere ez urrunduz gero ere bai. Neurrian asmatzea da kontua. Poeren Gutun ebatsia, agerian zegoen.

        — No me jodas, literatur tailerrak ematen dituzu orain?

        — Esango zizuten herrian: jakingo duzu honezkero esterminadore nabilela oraindik. Irakurle amorratu bihurtu naiz, hori bai. Aspaldi ez duzu ezer argitaratu...

        — Hor atzean, biblioteka bat daukazu, nire liburuak eta guzti? Dedikatoria bat eskatzea bakarrik falta zaizu.

        — Eskatzeko asmoa nuen.

        — Eta noren izenean sinatuko dizut?

        — Zer iruditzen, «lagun zahar bati»?

        — «Hildako nire aita putakumeari», zehatzagoa izango litzateke.

        — Jarri nahi duzuna, ez dut orain eztabaidatzeko asmorik. Denean arrazoia emango dizut eta gero bakean utziko nauzu.

        — Tratua eta baldintzak ezartzeko egoeran zaudela uste duzu?

        — Proposamen bat zen. Prest nago zurea entzuteko.

        — Eta zure andrea, non dago?

        — Zergatik uste duzu badudala?

        Gabriel Lazkano derrepente jabetu zen. Arrosen ondoan zeuden emakumezko arropak zintzilik. Bikini koloretsua. Barregarria berrogeita bost urte baino gehiago lituzkeen edozein emakumeren gorputzean.

        — Benetan ezagutu nahi duzu?

        — Argazkikoa al zen?

        — Ez, ez zen argazkikoa. Argazkikoa Amsterdamen ezagutu nuen hegaldi-azafata bat zen. Angeles, esan dizut... Gonamotx horietako bat. Gau bateko gutizia. Fuerteventuran geratu zen hura... Haria galtzen ari zara, ulertzekoa da: ez da jende guztia sargori honetara ohitzen.

        — Hementxe bertan garbitu behar zintuzket, nire eskuekin. Ito eta kito. Bakea.

        — Zertarako, ordea? Pentsatu ondo: ni hil eta egia azalaraz dezakezu. Gutxiago sufrituko du amak? Gutxiago Josunek? Gutxiago zuk? Nork nahi du egia? Gauza zabarra da... Bizi zure bizitza eta poztu uste baino aukera gutxiago izango dituzulako hogeita hamar urte barru dementzia harrapatzeko.

        — Cervera doktorearena...

        — Mesede bat zor zidan, beti dago ondo mesedeak zor dizkizuten lagunak izatea. Zintzoki: ez al zara zure zaharragatik pozten? Margaritak, eguzkia... Nire sasoiari ez dagozkion lantxoak egiten segitu arren, denbora motel igarotzen da hemen. Jendeak edozer gauzari esaten dio erretiroa: benetakoa nahi nuen nik.

        — «Okerreko lekura etorri nauk»... Postetxean zakur alderraiarena jotzen, nola engainatu ninduzun?

        — Paperean sartu nintzen.

        — Amari esaten zenizkionak, nola izan zaitezke hain miserablea...

        — Esan egia: gustatu egiten zitzaizun zure aitaren alderdi sinzero hura, desinhibitua, satiroa... Nik esandako esaldiak irakurri izan ditut hitzez hitz zure liburuetan: «Noiz utziko didazu berriz zure errapeetan korritzen, Angelines?».

        Diego Lazkanok ukabila estutu eta aitaren sudurra kolpatu du, urte asko atzera eginez indarra biltzeko. Aita lurrera erori da, udako mahaia txikituz bere erortzean. Odola dario sudur-leihoetako batetik, Señor Bichori, Zomorro jaunari.

        — Sudurra apurtu didak.

        — Bizitza berri, sudur berri...

        — Ados, umea, mereziko nian hainbeste... Orain, hoa. Hori duk tratua.

        — Salatu egingo zaitut.

        — Ez nauk salatuko.

        — Poliziarengana joko dut.

        — Ez haiz ausartuko.

        — Apustu egin nahi? Poliziarengana joko dut, epaitegietara, ez dut zu birrindu arteko bakerik izango.

        — Ez duk egingo: ez haiz inoiz poliziaren laguna izan. Orain hasiko haiz harreman berri horrekin? Berandutxo, ala? Zerotik hastea baino erradikalagoa lukek hori. Gainera, zer polizia, Diego? Mexikokoa baldin badaukak buruan, nik uste baino pitzatuago hago...

        Zorabiatuta sentitu da Diego. Bernizaturik dagoen aulki bakarrean eseri da, bernizatu berria dela ohartarazi diezaion baino lehen bere aitak. Itsatsita geratu da aulkian.

 

 

— Urpekaritza deskubritu diat Mexikon, probatu behar huke inoiz. Hor behean, arindu ederra hartzen diat ikusten dudan urpeko zomorroetarik bat bakarra ere garbitzeko eskatuko ez didatela jakinda... Beste modu batera bizi nauk hor azpian, Diego, beste bizitza bat topatu diat. On duk inork hirekin zorrik ez duen leku bat izatea. Hik inori deus zor ez dioan toki bat.

        Diego Lazkanok urtegia gogoratu du. Nola miatu zuten alferrik. Nola bertan ez ziren agertu ez Soto, ez Zeberio eta ezta bere aita ere. Eta gero Zapoa oroitu du, abokatua, haren alaba Cristina: murgil gaitezen subjektibitatean. Murgil gaitezen.

        — Urpean dena argiago ikusten duk, baita norbere burua ere. Ez dakik zer lasaitasun ematen didan arrainak eta koralak ikusi ahal izateak, mantarrainen joan uhintsuak, dena duk harmonikoa urpean, ez zagok abiadurarik, kamera geldoan bizitze hori, bizitza luzatzeko modu bat... Itsasora sartu eta begiak ixten zituen horietakoa ninduan ni, aukeran nahiago zeren gainean igeri egiten nian ez jakin. Begiak zabaldu eta mundu berri bat deskubritu nian arte, Diego... Probatu egin behar huke.

        — Hori esan didazu lehen ere. Zeure burua errepikatzen ari zara... Ziur ez zaudela dementziak jota?

        Gabriel Lazkanori ez dio azken iruzkin honek batere graziarik egin. Aitaren ahulunea baliatu nahi izan du Diegok hizketan segitzeko, baina zaharrak hartu dio aurrea:

        — Ironikoa litzateke, ezta? Lehenbizi antzeztu egiten duzu eta gero antzezten duzuna egia bilakatzen da. Bizitzan askotan gertatzen da hori.

        Ez zaio arrazoirik falta, baina Diegok ez dio aitari arrazoia emango, ezertan.

        — Egun horretan urpera sartu eta bertan geratuko nauk. Atseginagoa duk eguzkiak argitutako hondo hareatsuetan hutsari begiratzea, uretatik kanpo hutsari begiratzea baino. Urpeko landaredia... hondarretan sortzen diren pubis erraldoiak dituk... urteekin sexua ez dagoen lekuetan bilatzen diagu sexua... jan-edanean, ikusmenean eta usaimenean... Urpean asko zagok horretatik.

        Zapoa oroitu zuen Lazkanok, hark dutxa hotzei buruz zuen teoria. Zapoa eta bere aita ongi moldatuko zirela otu zitzaion. Baldin eta ez bazuen aitak hura esterminatzen, jakina: Zapoa ere zomorroa zenez, finean, eta ez itsaspekoa, zehazki.

        — Zure bizitza berria. Miretsi egin beharko zintuzket lortu duzunagatik?

        — Gogotik lan egin diat, ez uste. Zerotik hasteak baditik bere desabantailak: ezin izan diat erretiroa hartu. Zomorroekin jarraitu behar: mota guztietakoak zaudek hemen, etxe-jabeei ez zaizkiek gustatzen inurriak gosaritan. Alferrik duk, ordea, inurrien kontra borrokatzea: koitaduak ez dituk jabetzen ez direla inurriak sarkin geure etxeetan, gu baizik beraienetan. Kaioenak eta zomorroenak ziren itsas-labar hauek, espekulatzaileak etekina ateratzera etorri arte. Eta, hala ere, ongi etorri zaidak niri zomorroekiko ezinikusi hau. Danimarkarrak, alemaniarrak, holandarrak... eskuzabalak dituk eskupekoak emateko orduan. Amerikarrak, eta haiek dituk gehiengoa hemen, ez hainbeste.

        — Zomorroak akabatzen segitu duzu beraz, zure betiko bokazioa.

        — Bokazioa ere ez niokek deituko, ez duk hirea bezalakoa. Baina bai, gai bat menperatzen duanean, izan bokazioz edo ez, kariñoa hartzen diok azkenean hire errutinari: karraskariak, intsektuak, mikroorganismoak, psychoda alternata, onddoak, mus musculus, blatta orientalis, hofmannophila pseudosprettella... Arratoi beltzak rattus rattus edo rattus norvegicus... Blattella germanica labezomorroa, ctenocephalides canis... Asko janzten dik latinak, esku-orrian halaxe jartzen ditiat... Periplaneta americana, musca domestica, lasius niger... Horiek denak esanda Oxfordeko irakasle ematen diat, ez al zaik iruditzen?

        Lazkanok gorroto zituen latinkeriak. Baiki, ondo moldatuko ziren bere aita eta Zapoa.

        — Izen bat edo beste, ez dituk zomorroak baino... Eta esku-orrietan denak segidan latinez ipintzeak, halako lasaitasun bat ematen ziek bezeroei, bereziki latinezko izenaren ondoren plaga negatiboa edo lausoa dela ipintzen dugunean, horiek guztien artetik bat edo bi baino ez direla aurre egin beharrekoak etxe bakoitzean... batetik bostera, bikoa dela intzidentzia, salbu daudela...

        — Horrela irabazi duzu soldata, horrela erosi zenuen etxe hau.

        — Hutsetik hasi behar izan nian, zomorro asko akabatu etxe hau egiteko. Adreilu bakoitzaren truke zenbat ezabaketa...

        — Tartean gu.

        — Ez hain melodramatiko jarri.

        — Egia da eta.

        — Nik beti jarraitu izan diat hire lana, irakurri ditiat hire liburuak, internetez erosi izan ditiat, postaz iritsi zaizkidak. Lepoa egingo nikek postan utzi dudan arrastoak izan duela ni aurkitzearekin zerikusirik. Barregarria ere baduk, nondik begiratzen den, ez? Donostiako postetxeko bulego nagusian hasi zuan hau dena, liburu batzuk tarteko...

        «Okerreko lekura etorri nauk». Diegok ez zuen zirkinik ere egin. Murgil gaitezen subjektibitatean.

        — Harritu egin izan nauk nire semearen ibilbidearekin, aukeratu dituan bideekin, gutxi usteko genian hire amak eta biok... Nik ere kontatu nahi nikek nirearen berri: azaldu nahi nikek, adibidez, eta urte hauetan guztietan ez diat izan nori azaldu, Toxikologia Institutuarekin dugun harremanaren berri, nola aldatu den zomorroak akabatzeko modua, inspekzio prebentiboak nola egiten ditugun, nola gero bitarteko kimiko, biologiko, mekaniko edo pasiboekin konbatitzen dugun izurritea, nola etxe barrukoa eta kanpokoa bereizten dugun ezer baino lehen... Inurriak, adibidez, oso setatiak dira...

        Zertara dator inurriak etengabe aipatu behar hori? Gogoratzen ote zuen bere aitak hainbeste urte lehenago egin zion dei arraro hura? Zulo gaizto horietakoren bat. Fumigatzea onena. Lagunak etxean. Habia handi samarra.

        Ez, ezin zuen gogoratu. Diego kezkatzen hasi zen, bere aitak jakingo balu bezala zenbat eta nola gorrotatzen zituen inurriak. Baina ez, bere paranoia zen derrigor, aitak ezin zuen ezer jakin. Inurriak, ingeniaria. Nola zaindu zuen berak zuloan, eta nola zaintza hura alfer-alferrikakoa izan zen azken buruan. Edo ez. Ez guztiz.

        Badago zerbait, arroka tarte hark eragindako tiradizo bat, arropetan itsatsita daukan bernizaren lika, bertan geratzera behartzen duena. Bere aita aurkitu zuen eta bere aita onik zegoen, baina ez zen aitari barkatzeko gai. Izan behar ote luke? Estuegi jokatzen ari ote zen? Ez, aitak egin zienak ez zeukan barkamenik. Ihes egin eta zerotik hasten saiatzea barkaezina izango zen jada, baina gaixotasun endekatzailea itxuratzea, hura atzera bueltarik gabeko ankerkeria izan zen. Ez ziren ama, arreba eta bera fikziozko pertsonaiak.

        — Nahi duk herrira laguntzea?

        Aitak azken ahalegina egin zuen, alferrik. Diego Lazkanok deus esan gabe jarraitu zuen oinez, eta aitaren ikusmenetik aparte zegoela ziur jakin zuenean soilik atera zuen sakelakoa, taxi bat eskatzeko.

        Hura izan zen bere aita ikusi zuen azken aldia. Esterminatu egin zuen bere bizitzatik, hark beraiek lehenago esterminatu bezala.

        Mamuak bakean utzi behar dira, baita mamu bizidunak direnean ere, nahiz eta bazekien urtez urte, bere aitaren antz handiagoa hartuz joan ahala, haren itxura eta paraderoa irudikatzen jarraituko zuela, armairu batean gordetako Dorian Gray urpeko hark zein itxura izango ote zuen kuriositatearekin, bere zahartzaroaren ispilu aurreratu hori gabe.

 

 

Lazkano harrapatuta zegoen. Ez zioten beste biderik utzi. Edo Fontecharen tratua onartu, edo karpetaren kontua azalera zedin utzi eta Fontecha eta bere gainekoak zipriztintzeko aukera urriak zituen epaiketa batean justizia egiteko azken egokiera probesten saiatu. El Cerro ezagutu zuen berak; ez zeukan, ordea, Fontecharen kontrako froga zuzenik, egiaz. Epaitegiak aipatu zizkion aitari, baina arrazoi zuen hark, aita ez zuen sekula epaitegietara eramango, eta izatez, Soto eta Zeberioren epaiketan ere ez zuen testifikatu azkenean. Bakarrik utzi zituen Agirre Sesma eta bere alaba, akusazioaren lekukoetako bat azken unean erretiratzeko ataka lotsagarrian. Fontecha onik atera zen epaiketatik, ozta-ozta; haren manupekoak, ez hainbeste. Lan ona egin zuen Zapoak bera gabe ere. Beste bat izango zen epaiketaren emaitza berak testifikatu izatera? Hori ez zuen sekula jakingo. Zikoitzak gara eta gure etxeko lorategitxoa hautatzen dugu ia beti, baita Cristina bezalako neska eder bat eta Agirre Sesma bezalako abokatu erostezin bat salduta utzi behar baditugu ere. Gauzek berdin-berdin segitzearen alde egiten dugu ia beti. Errepikapenaren beilariak gara. Bolada baterako etxez aldatzen garenean, hotel batera izan arren, etxeko ohiturak, moduak eta taxuak eramaten ditugu hara: objektuekin geure etxea berreraikitzen dugu. Eta objektuekin bezala errepikatzen eta berreraikitzen geure jatorrizko miseria zekena ere. Zoroak ginen eta geure zorotasunaren haraindiko narratzaile orojakileak, denok buruan genuenak, ondo zekien hori. Arrazoizko miseria zainduko zuen bista laburreko deliberoaren alde egiten genuen geure bizitza zen erokeria erraldoiari eusteko, geure lotsak tapatzeko. Faulknerren aipua oroitu zuen Diegok: «Baina ez dut ulertzen, bestalde, inork eskubidea izatea nor dagoen erotuta eta nor ez erabakitzeko. Gizaki bakoitzaren baitan osasun mentalaz eta eromenaz haraindiko nortasun bat dagoela lirudike, eta nortasun hark gizaki horren ekintza arrazoizkoak eta zoroak izu-laborri eta harridura berberarekin begiratzen dituela».

        Mundua gainera erori zitzaion Lazkanori: bere aitaz akordatu zen, hainbeste gorrotatzen zuen gizonaz, inpostore hartaz, bere krudeltasun neurri ikaragarriaz, hari Casa Morelen eman zion sudurrekoaz, «nonbaitetik datorkizu idazle bokazioa, ala?», nola ez zuen ordura arte ikusi, nola egon zen hain itsu, zergatik ari zen bera, bere modura, aitaren portaera errepikatzen, usurpatzen, hari leporatu zion jarrera berbera, okerragoa ez bazen, bereganatzen? Hotzikara ikaragarri batek zeharkatu zion bizkarrezurra, aitak bere benetako istorioa ezagutu izan balu egingo lukeen barre algara irudikatze hutsarekin. Nola ez ote zuen gozatuko korrontearen kontra egiteko gaitasuna zuten izokinen koloreko karpetaren berri izatera? «Ni bezalakoa zara, harro egon naiteke zutaz», esango zion, bere globo aerostatiko itxurako margarita erraldoia zerurantz altxatuz, kaio, pikero eta albatros zaratatsuen artean, bere arroketako aterpetxe atzemanezinean, bere eguzkipeko ezkutalekuan.

        Mundua gainera jausi zitzaion Lazkanori bere aitaz akordatzearekin bat, eta bere DNAk berari buruz berak baino gehiago zekiela jakiteak amorruz eta inpotentziaz bete zuen. Hori zen orduan dena. Ez zegoen besterik: inoren zirriborroetan oinarrituta modu kontziente edo inkontzientean norbere bizitza bizitzea, bizitza faltsua edo benetakoa, dei iezaiozue nahi duzuen bezala; maileguan hartutako larruak baino ez ginen, alferrik zen dena, mundu guztia engainatzen dugun ustean ez dugu geure burua baino limurtzen.

        Dena bukatzen zenean —dena ez zen inoiz bukatzen baina—, erredentzio posible bakarra geratuko zitzaion Lazkanori: behingoagatik bere larrutik idazten saiatzen hastea, Soto eta Zeberio nola ezagutu zituen, zer gertatu zen haiekin konpartitu zituen uneetan eta zer gertatu zen haiekin konpartitu ez zituen uneetan. Haiek lurpetik atera. Soslaiei forma eman. Oihan ilunean sartzen saiatu. Haria berregin. Hura dena paperaren gainean berreraiki. Bere larrua utzi horretan. Larrua larru truke. Dena esan. Bere kiratsean biluztu. Bere burua irentsi eta suge-azalaren mudantza baino ez laga. Miseriarik ez ezkutatu. Liburu hura idatzi eta bere burua sendatu. Erredimitu esaten zaio orain sendatzeari, zer axola dio berba bat edo beste.

        Arrazoi duzue: axola dio.

        Egia esateko gogoa zeukan Lazkanok, bere benetako larrua bilatzen hasteko irrika. Lehen lerroak idazten lehenbailehen hasi nahi zuen, gau hartan bertan, ahal balitz. Baina beste gau bat gehiago ere itxoin zezakeen, behin hartaz gero egiak itxoin egin beharko zuen, Gloriaren antzezlanaren estreinaldia baitzen gau hartan, eta han ere ezin hutsik egin, mailegatutako bere axalarekin joan behar bazuen ere.

 

 

Lazkanok ez zuen Platonov obra ezagutzen, baina hasiera-hasieratik atrapatu zuen antzezlanak: Kaioa, Osaba Vania, Hiru ahizpak edo Gereziondoen lorategia bezain ezaguna ez izan arren, haiek guztiak baino gehiago gustatu zitzaion Diegori, eta are gehiago Anton Txekhovek Platonov idatzi zuenean hogei urte eskas zituela jakin zuenean. Hogei urte besterik ez, eta han zeuden jada idazle errusiar handiaren kezkak eta joerak oro: umore garratza, euren lurrak eta etxaldeak uztera behartutako familia zorpetuak, alkoholak eta patuak galbidera bultzatutako pertsonaia apasionagarriak, edozein gizagaixo auto-suntsipenera eramateko moduko elkarrizketa distiratsuak, gizakiaren disekzio gupidagabea... Dueluetarako desafioak bota eta negarrez hasten ziren zaldun patetikoak, biek batera ihes egiteko promesak elkarri egin eta sekula ongi ateratzen ez ziren maitaleen egitasmo zapuztuak, basoko enkontruak; jauntxoek mespretxatzen zituzten gaizkileak, bueltan-bueltan haien eskulan kriminalaren bezero bihurtzeko azkenean. Txekhov maisu handia. Txekhov sasikume galanta. Txekhov kabroi puska. Zein txiki sentiarazten zuen edozein idazle halako munstro jenial batek. Hogei urte besterik ez zituen Txekhovek hura idatzi zuenean, Sotok eta Zeberiok desagerrarazi zituztenean zuten adin bertsua, hain zuzen. Parekotasun hilgarriak badira: berrogeita lau baino ez zituen Txekhovek tuberkulosiak jota hil zenean eta berrogeita lau urteak paseak zituen Lazkanok jada. Antzezlan luzea zen Platonov, oso-osorik egitekotan bospasei ordu iraungo zuena, bazekien Gloriak hura asko laburtzeko asmoa zuela, zaleena ere ez zegoen sei orduko tour de force teatralak jasateko gertu.

        Mikhail Vassilievitx Platonov eskola-maisua zen obrako protagonista. Don Juanen bertsio bat argi eta garbi. Berba limurtzailearekin xaramelatuta, taula gainean agertzen diren emakumezko guztiak, berdin ezkondu, nerabe zein alargun, bere eskutik jaten dauzka Platonovek. Honek ez du bere izaera seduktorea ezkutatzen, eta bere oinetara dituen emakumezkoei ohartarazten die zoritxarreko izango direla bere ondoan, gizon ezkondua dela, erabili egingo dituela eta gero utzi, baina hauei berdin zaie, berdin maite dute eskola-maisua. Pertsonaietako batek horrela deskribatzen du Platonov: «Eleberri garaikiderik oneneko heroia. Zoritxarrez, eleberri hori oraindik ez da idatzi».

        Bazen beste zerbait Diego Lazkano obra harekin estuki lotzen zuena. Antzezlana idatzitakoan —izenbururik ere ez zion jarri Anton Txekhovek—, idazle errusiar handiaren anaiak Maria Ermolova aktore ezagunari helarazi zion libretoa. Honek, espero izatekoa zen bezala, ez zuen aintzakotzat hartu. Eta Txekhovek, atsekabe handiz, birrindu egin zuen eskuizkribua. Txekhov hil ostean topatu zuten lehen borradorea, eskuz idatzia. Kopia desegina egiteko erabilitako orijinala, hain zuzen... Korrontearen kontra doazen izokinak, berriz ere. Izokin koloreko karpetak. Berea zirudien istorioa, ehun urte lehenago gertatua. Zorioneko kopia zorigaiztokoak.

        Telefonoa hoska. Gloria zen.

        — Zer iruditu zaik?

        — Ez hidan esan Don Juanen bertsio bat zenik.

        — Zer ba? Heure burua Platonovekin identifikatuta sentitu duk?

        — Ezta batere, baina aitortu behar dinat Anna Petrovna emakumezko protagonistari hire aurpegia jartzen niola tarteka: «Mundu honetan ezin fida gaitezke etsaiez, eta lagunez ere ez, itxuraz...».

        — Gehiago gustatzen zaidak Annaren beste hau: «Inteligentea izan eta gero eta inteligenteago izan nahi duen jendea dagoen bitartean, berez etorriko da gainerakoa».

        — Herorrek egin behar huke Annarena.

        — Ezta pentsatu ere: Sara Fernandezek baiezkoa esan zidak. Eta hik, egingo duk itzulpena?

        — Saiatuko naun.

        — Diego! Egundoko poza eman didak!

 

 

Itzulpena egitea ez zen sobera korapilatsua izan. Ahozko hizkera, finean, baina 1900. urteko diskurtsibitate landua zuena. Txekhov ez zen, ordea, batere erretorikoa. Orbel gutxi haren testuetan. Lazkanok onartu beharra zeukan gustura ari zela zeregin hartan, halako arintasun bat sentitzen zuela aspaldiko partez bere burua sorkuntza utzita itzultzaile bilakaturik, ahots baten bila. Ez zen egia Gloriari esan ziona: tarteka sentitzen zen Platonovekin identifikatuta, eta ez haren Don Juan izaerarekin hain justu, Platonoven bizi ikuspegi fatalistarekin baizik. Ez zen Platonov fatalista bakarra, jakina, gehiago ere bazeuden obra hartan. Fatalistaz josita zegoen, zertan uka. Pasarte asko azpimarratu zituen, itzuli ahala:

        GLAGOLIEV: Zaldun prestuenen gisan maite genituen guk emakumezkoak, fedea genuen haiengan, gurtu egiten genituen... haiengan ikusi genituelako gizakiaren bertute onenak... Emakumezkoa gizaki hobea baita gure aldean, Sergei Pavlovitx...! Lagunak ere bageneuzkan... Nire garaian, adiskidetasunak ez zuen orain bezain xaloa eta alferrikakoa ematen. Nire garaian, elkarteak geneuzkan, bilkurak... Bestelakoa zen orduan ohitura: tartean adiskideak zeudenean, zeure burua adiskide batengatik sutara botatzea beharrezkoa bazen, sutara botatzen zenuen eta kito...

        VOINITZEV: (aho zabalka) Garai onak ziren...!

        GLAGOLIEV: Gure garaian ez ginen halako malkoekin lotsatzen, eta inork ez zuen haien lepotik barre egiten... Zuek baino zoriontsuago ginen. Gure garaian, musika ulertzen zuen jendeak ez zuen antzokia uzten, amaierara arte geratzen zen...

        Deigarria egiten zitzaion Lazkanori Platonovek bere burua mespretxatzeko zuen modua, auto-erruki falta, auto-suntsipenaren kontzientzia eta hari aurre egiteko borondate askirik eza. Pertsona kaltegarritzat du bere burua, baina ez du bere izaera toxikoa aldatzeko asmo sendorik sekula erakusten: «Jaun-andreok, beldur naiz zuoi ere nire adiskidetasunak malkoak baino ez ote dizkizuen ekarriko. Edan dezagun adiskidetasun guztien amaiera zoriontsuagatik, baita geureagatik ere! Bedi geure adiskidetasunaren amaiera hasiera izan zen bezain atsegina eta pixkanakakoa!».

        Apenas dago ezer ezkutuan. Platonovek maitaletzat hartu dituen emakumezkoen senarrak jakinaren gainean daude ia beti. Ossip lapurra aurkezten zaigunean ere, disimulurik gabe egiten da. «Denok ezagutzen duzue Ossip: zaldi ebaslea, bizkarroia, hiltzailea eta bide-lapurra». Errusiari eta errusiarrei buruzko Platonoven ikuspegia tesi bat egiteko modukoa da: «Zikoitza izan eta horren kontzientziarik hartu nahi ez izatea da errusiar zitalaren ezaugarri izugarrienetakoa».

        Aulkitik altxatu eta kafea prestatu zuen Lazkanok. Gero alkandora pare bat lisatu zituen eta itzulpena biharko utzi. Klasiko bat, gauzen biharko uztea. Irakurtzen jarraitu zuen, ezer itzuli gabe. Honela esaten zion Platonovek Sofia Egorovna gazteari, obraren amaieran errebolberraz tiro egin eta hilko duen maitaleari:

        PLATONOV: Ez nau berorrek ezagutzen, Sofia Egorovna? Harritzekoa ere ez da. Lau urte eta erdi igaro dira, ia bost, eta arratoiek hozka setatsuan arituta ere zizelkatuko ez luketen moduan zizelkatu dute nire giza irudia azken bost urte hauek...

        SOFIA EGOROVNA: Historia zaharregia eta hutsalegia da hari buruz gehiago mintzatu eta hari gaur garrantzia eman diezaiogun... Gainera, ez da hori kontua... Baina berorrek iraganari buruz hitz egiten didanean... Zerbait eskatuko balit bezala egiten du, lehenago, iraganean, berorrek merezi zuena jaso izan ez balu bezala, eta orain huraxe eskuratu nahi balu bezala...

        Bere bizitzako emakumeekin oroitu da Lazkano: Idoia, Ana, Lena, Gloria bera... Irrikak nola eraman zituen elkarren besoetara. Nekeak nola eraman zituen elkarren besoetara.

 

 

Izaten dira halako liburuak. Une egokian harrapatzen gaituztenak. Lepotik harrapatu ere. Elur erori berrian izterretaraino nola, halaxe hondoratzen zaigu zangoa liburu horien lerro artean. Platonovekin horixe gertatu zitzaion Diego Lazkanori. Berari buruz ari ziren pertsonaia haiek:

        TRILETZKI: Mezulari errusiarra egunkarirako prestatu nuen artikulua irakurriko bazenute jaunok, irakurri duzue? Irakurri du berorrek, Abram Abramitx?

        VENGEROVITX: Lastima artikulu hori berorrek ez idatzi izana, Porfiri Seminovitxek baizik.

        GLAGOLIEV: Nola dakizu hori?

        VENGEROVITX: Badakidalako.

        GLAGOLIEV: Bitxia. Neronek idatzi nuen, egia. Baina nola jakin duzu?

        VENGEROVITX: Edozer jakin liteke. Beharrezko peskizak egin behar.

        «Gertatzen da batzuetan, adiskide maitea, norbait gorrotatzeko premia sentitzen duzu, zure letaginak norbaiten lepoan iltzatzekoa, zakurkeriaren bat egin dizute eta hura mendekatu nahi duzu...».

        Han zegoen dena, bere plagio lotsagabearen afera, bere adinaren krisia, krisi horrek kontenplatibo bihurtu beste kontsolamendurik ematen ez diguneko egia:

        PLATONOV: Posible ote da jada oroitzapenekin soilik laketzeko garaia heldu izana niretzat? Gauza ona dira oroitzapenak, baina... Posible ote da niretzat jada amaiera iritsi izana! Ene Jainkoa, ene! Hobe nuke hil, hortaz... Bizi beharra dago... Bizitzen segitu... Gazte naiz oraindik...

        Diego Lazkanok Platonoven bakarrizketa melodramatikoak itzultzen zituelarik, Txekhoven aurpegia jartzen zion eskola-maisuari lehenbizi, eta, inoren larruan sartzea zenez kontua, Txekhoven aurpegia berearekin ordezkatzen zuen orrialdeetan aurrera egin ahala, egun askotako itzulpen lanaren poderioz. Noiz ari zen narratzailea narratzailearen larrutik eta noiz idazlearenetik? Deabruak zurrupatutako narratzaile bilakatzen zenean funtzionatzen zuen ondoen edozein idazlek, ondotxo zekien hori Lazkanok, baina interferentziak saihestezinak ziren, eta egunak pasatu ahala, itzulitako elkarrizketak birpasatzen zituelarik, sendotu egin zitzaion Platonov zen ustea, Platonov Sindromearen pean erori zen erabat, Anna Petrovna Gloriaren ahotsean entzuteko joera sendotu zitzaion bezala.

        PLATONOV: Estimatzen zaitudalako. Eta estimatzen dudalako zuri dizudan estimua, halako moduan estimatu ere, nahiago baitut lurpean egon, estimu hori gabe bizi baino. Adiskide, gizon librea naiz, ez daukat deus denbora-pasa atsegin baten kontra, ez naiz harremanen etsai, ezta ohantze nobleen etsai ere, baina... zeurekin abentura txiki bat izatea, nire dibagazio hutsalen objektu bihurtzea, nor eta zu, emakume argia, zoragarria, librea. Ez! Gehiegi litzateke hori. Aukeran nahiago antipodetara desterratzen banauzu. Hilabete elkarrekin pasatu eta gero... lotsatuta bereizi? Ahaztu dezagun elkarrizketa hau... Izan gaitezen adiskide, baina batak bestearekin jolastu gabe... Hori baino gehiago balio dugu gu biok!

        Platonovek Anna Petrovnari esandako hitz haiek, erdi egia, erdi desenkusa merke, koldarkeriaz eta ausardia faltaz blaituak egiaz beste, zenbat aldiz ez ote ziren errepikatu lur azalean, Txekhov hil ondotik ere, azken ehun urteotan? Fikziozko drametan jaiotako hitzak dira, ala bizitzari maileguan hartu eta draman txertatuak? Ez dago jakiterik.

        Lazkanok asteak iragan zituen Platonovek erabat bereganatuta, beste ezerentzat eta beste inorentzat ez begi ez indarrik ez zuela. Bizarra egin gabe, lo ere nekez, ohearen tapakiak eta izarak aldatzeko indarrik gabe. Bere ohantze bakartiak hartua zuen izerdiaren kiratsa jasanezin bihurtzen hasi zitzaionean, sofan atseden hartzen hasi zen. Ez Platonov bakarrik, antzezlan hartako pertsonaia guztiak sartu zitzaizkion etxean, Ossip gaizkilearekin eta hark kontatutako istorio ilunekin batera; ironia latza, teatrorik zapaltzen ez zuenaren etxeko salan gonbidatuak zeuzkan orain, edozein Pirandello balitz bezala Lazkano; ez zen agian bere izerdiaren kiratsa ohean jasangaitz zitzaiona, bere koltxoian orain Platonovek lo egiten zuela baizik. Platonovena zen izerdi sunda.

        PLATONOV: Inork gure iraganeko orban txiki bat gogorarazten digularik, ze nazka ematen digun pertsona horrek!

        ANNA PETROVNA: Orain nahi dut nire bizitza, eta ez nire aurrean...

        PLATONOV: Bai ederra zarela! Baina ez nizuke zorionik emango. Nire oinetara makurtu ziren emakume guztiekin egin nuen gauza bera egingo nuke zurekin ere... Zorigaitzeko bihurtuko zintuzket!

        ANNA PETROVNA: Zeure buruaren ideia exajeratua duzu. Hain izugarria zara, Don Juan?

        PLATONOV: Ezagutzen dut nire burua... Ni agertzen naizen eleberriak ez dira ongi amaitzen...

        ANNA PETROVNA: Zer gehiago esatea nahi duzu? Erre nazazu zigarreta bat bezala, limoi bat bezala zukutu, apurtu nazazu mila zatitan... Gizon portatu! Bai arraroa zarela!

        Eta aurrerago, Ossipek: «Ez izan beldurrik, nik estrangulatuko dut».

 

 

Diego Lazkanok edanari eman zion sasoi batez Lillen. Ahaztu egin nahi zituen Soto eta Zeberio, ahaztu egin nahi zuen bere konfesioa, jasan zuen tortura, «nostalgiarik gabeko souvenir» bati bezala so egiten zion karpeta, gomak sarri laztandu arren oraindik zabaltzera ausartzen ez zena, maitale bat biluzteko beldur dena bezala. Ahaztu egin nahi zituen bere anbizioak eta ametsak, zonbi baten pare bizi zen. Kariño handiz pilatutako liburuak saltzen zizkien bigarren eskuko liburu-tratulariei, miseria baten truke, eta gero edan egiten zituen bere liburuak, egunero liburu bat edaten zuen, batzuetan bi liburu ere bai, «Odisea edaten ari naiz, bere truke eman dizkidaten sos guztiak», «zein azkar edan dudan Martin Amisen Diruaren patrikako edizioaren truke eman didatena», literatura alkoholarekin trukatzen hasi zen, horrela Robinson Crusoe Baileys botila bilakatzen zitzaion, Karamazov anaiak Smirnoff vodka botila, orain zintzurreratzen ari zen hiru gintonik hauek Tormesko itsu-mutila ziren. Lagavulin botila garestia erosi du behiala Anak oparitu zion James Joyceren Ulises erraldoiaren larruzko edizio zaharraren truke; Montaigneren saioak saldu bazituen egun hartan —ez zuen egunean liburu bat baino gehiago saltzen, errituala errituala zen— Bordeleko ardo gorria oparitzen zion bere buruari, izan zezala bere edanak ere zentzu bat: Madame Bovary salduz gero, haren parajeetatik gertuko, Flaubertek dastatutakoetatik gertuko isurkinak zituen bilatzen. Italo Calvinoren Geure arbasoak liburuaren truke chiantia edo Saluzzoko pelaverga botila, beharbada. «Nork esan zuen literaturak ez duela elikatzen, ez dituela izpiritua eta arima berotzen?». Apenas jaten zuen Diego Lazkanok deus sasoi hartan. Delirium tremensaren atarian ikusten zuen Lena izutuak eta hari aitortzen zion albistegiak ikusten zituela etengabe bere buru barruan, hasiera bai, baina amaierarik ez zuten albistegiak zirela, gerrillen gerra, Kennedy eta Nixon, Margaret Thatcher eta Mitterrand agertzen zitzaizkiola, eta ez derrigor bakoitza bere paperean. Mitterrand ikus zezakeela zinta bat buruan jarrita AK-47 fusil batekin oihanaren erdian, eta gero albiste gehiago, ezin zuela iturri hura eten, telealbistegi hura itzali, zinema erraldoi eta ilun batean bakarrik sentitzea bezalakoa zela hura, antzoki terrible bat, albistea albistearen atzetik tai gabe, eta halako batean albistegi haiek amaitu egin ziren, eta Diego Lazkano berak ezagutzen ez zuen Lilleko aldirietako pabilioi industrial batean esnatu zen egunsenti batez, karterarik gabe eta alkandora urratuta, jaka galduta eta oka egiteko gogo ikaragarriarekin.

        Orain ez bezala, alkoholak larrua jotzeko grina pizten zion orduan, garai hartan bazuen arrakasta, bazuen nori deitu, bazuen nori mina eragin. Diego Lazkano ikasle, errusiera itzultzaile eta mutil lotsatiak gustuko zituen neska asko topatu zituen, bere harridurarako. Eta egin egiten zuen: larrua jo, telefonoz deitu eta telefonoz deitzeari utzi, aitzakiak asmatu edo ez, mina eragin eta besteek eragindako mina merezi zuelako hura gozatzen zuela sinetsi.

        Eta non zegoen arrastorik ez zuela oraindik, oka egin zuen gasolindegi mortu batean, pneumatikoak puzteko bonbaren ondoan, eta bera hustuta, hondora iritsi zela sentitu zuen, hondorik ilunenera, txahala egin ondotik bere bezperako janari murtxikatuei begira topatu zuenean bere burua, bota berri zuenak bere azken afaria non izan ote zen pistaren bat emango ziolakoan. Baina ez zen ezertaz gogoratzen, ahaztua zuen, ezabatua zitzaion burutik bere azken hogeita lau orduetako ibilbidea.

        Etxean zituen liburuak saltzeari utzi eta zinemara astean hirutan joaten hasi zen orduan.

        Etxeko botilak harraskan behera hustu zituen (Gulliverren bidaiak, Parisen sabela, Sargazo itsaso zabala) eta gizon berri bat izateko promesa egin zion Lenari. Beranduegi, ordea: gehiegi jasan zion ordurako Kurskeko neskak.

        Diego Lazkanok whiski irlandar botila bat gorde zuen soilik, garaikur gisara. Lilletik hona, etxe-aldaketa guztien biziraule, egundo ez zuen edan. Prezinto eta guzti zeukan oraindik, oso-osorik, James Joyceren Dublindarrak merke-zurrean salduta ateratako sosekin erositako botila hura. Edale sozial izatea erabakia zuen aspaldi, bakarrik ez edatea. Baina orduko hark merezi zuen salbuespen bat.

        Izan ere, aizto bat badago etxean, aizto hori erabili egiten da goiz edo berandu. Berdin whiski botila bat ere. «Ez izan beldurrik, nik estrangulatuko dut».

        Ohartu zenerako erdiraino hustua zuen jada. Gloriarekin hitz egiteko premia erne zitzaion. Telefonoz hots egin zion, garai bateko ohitura alderantzikatuz.

        — Aurrekoan bidali ninan atalean... Oraintxe zalantza sortu zaidan, azken aldaketak sartu ote nituen edo ez, inporta zain Platonov eta Anna Petrovna elkarrekin mozkortzen direneko zatia errepasatzea?

        — Jakina, Lazkano. Eutsi hor apur bat, ordenagailua piztuko diat.

        «PLATONOV: Ez dut gehiago edango...».

        — Bai, ongi da, has gaitezen hortik.

        — «Hamarkada batzuen buruan elkar topatuko dugu berriro, beharbada, gaurko egun hauei buruz barre eta negar egiteko gaitasuna daukagunean, baina orain... Ssshhh! Isilik!».

        — Bai, horraino berdin zagon, beheraxeago segitu, «Emakume inmorala naiz» dioen lekutik.

        — «Emakume inmorala naiz, Platonov... Ez? Eta inmorala naizelako maite zaitut agian... Galbiderantz noa... Ni bezalakoak direnek beti amaitzen dute horrela». Koinziditzen dik?

        — Bai, Gloria, koinziditzen din. Hitzez hitz.

        — Hasiak gaituk orain arte bidalitako materialarekin irakurketak egiten. Biharko proba-saiora etortzeko eskatzen badiat...

        — Ezta ametsetan ere, Gloria.

        — Tira, saiatu beharra neukaan...

        Telefonoa zintzilikatu duenean Ossip agertu zaio Lazkanori balantzaka: «Dama jeneralarekin zabiltza orain... Eta zergatik etorri zen gero bestea? Eta emaztea, non duzu emaztea? Hiru horien artean, nor da benetakoa, Platonov? Ez daukazu maltzurtzat zeure burua, hala ere?».

        Ossipi ukabilkada ematen saiatu da Lazkano, bertan balego bezala. Ez du asmatu. Lurrera erori da, lepoa bihurritu nahi izan dio alfonbrari. Gero bere burua bertan kiribildu eta lo geratu da.

 

 

Litro beteko kafe termoa eskuinean, litro eta erdiko ur botila ezkerrean eta ordenagailua parean. Saguaren ondoan, katilu bat.

        Gau hartan amaitzea erabaki zuen Lazkanok. Nagikeriagatik edo talentu faltagatik itzuli gabe utzi zituen pasarte guztiak itzuliko zituen lehenbizi. Gero, trakets itzuliak zituen ustean gorriz azpimarratutako pasarteak zuzenduko. Egunsentiarekin batera azken puntua eman nahi zion bere gau luzeari. Itzulpen lan hura, suplantazio hura, hain gustura hasi zuena, tormentu hutsa bihurtu zitzaion. Munduari Platonoven larrutik eta Txekhoven begietatik begiratzeari utzi nahi zion.

        Platonoven emaztea, Sasha, pospoloak irentsita bere buruaz beste egiten saiatuko zen antzezlanaren amaieran. Baina garaiz aurkituko zuen medikuak, ez zen hilko. Erredimitzeko baliatuko ote du aukera hori Platonovek?

        Errebolberra jarri du bere lokian.

        «Finita la commedia! Animalia inteligente bat gutxiago egongo da lur azalean!».

        Platonov ez da, ordea, bere buruaz beste egiteko gai.

        Grekova neskatila bere sareetan dago oraindik. Hark lagundu dio ez suizidatzen.

        PLATONOV: Mila esker, neskatxa ernea... Zigarrotxo bat, ura eta ohea! Euritan da kanpoan?

        GREKOVA: Euritan da, bai...

        PLATONOV: Sophie, Zizi, Mimi, Masha... Gudarostea zarete... Denok maite zaituztet...

        Lazkanok Oteizaren laurogei amonak dauzka akorduan.

        GREKOVA: Zein da zure oinazea?

        PLATONOV: Platonov da nire oinazea! Zuk maite nauzu, ez da horrela? Bene-benetan... Ez dut asmo ezkuturik... Esan hori bakarrik, maite nauzula...

        GREKOVA: Bai...

        PLATONOV: Denek maite naute... Sendatzen naizenean, perbertitu egingo dut... Lehen, erredimitu egiten nituen, eta orain, perbertitu...

        GREKOVA: Bost axola... Ez dut asmo ezkuturik... Zu soilik... gizaki bat zara.

        Sofia Egorovna da pistola desarratzen duena azkenean. Platonov lurrera erori da, larri zaurituta.

        Triletzkik adiskidearen heriotzaren aurrean duen erreakzioa hamaikagarrenez berrirakurri eta hamaikagarrenez hunkitu da Lazkano: «Zu bazara hildakoa... norekin edango dut orain hiletan zure osasunean?».

        Egunsentia etorri da. Hutsik daude ur botila eta kafe termoa. Portatilaren estalkia beheratu du. Amaitu da dena. Etxeko leiho guztiak zabaldu eta oheko izarak garbigailuan sartu ditu Lazkanok.

        Ossip begira du garbigailu ondoan: «Zakurraren heriotza merezi du zakurrak».

        — Zoaz —esan dio Diegok—. Pikutara, utikan. Zoaz.

        Ossip joan egin da. Umil, buztana hankartean.

        Isilik dago etxea, garbigailua zentrifugatzen hasi da.

        Bizarra egin behar luke Lazkanok eta bizarra egingo du.

        «Norekin edango dut orain hiletan zure osasunean?».

 

 

Diegok antzerkia zergatik gorrotatzen zuen galdetzen ziotenean kontatzeko moduko errelato koherentea eraiki zuen, egia esatea eragozten duten errelato horietako bat, erosoa, urteen poderioz sinetsi egiten duguna azkenean: ez zitzaizkion gustatzen aktoreek euren burua entzunarazteko egin behar izaten zituzten xuxurla modulatua zein oihu-durundia, eta, are gutxiago, antzokiratzeak suposatzen zuen erritual soziala, pasillo eta korridoreetan barrena, balkoi eta plateetan barrena, palko eta anfiteatrora bidean ezagunak topatzen zirenero bostekoa emanez edo muxu parea dispentsatuz —dispentsatu zen hitza, baiki— egin beharreko geldialditxo derrigortu bakoitza, jendetasun itxuratukoa beti, eta beraz, faltsua hura ere. Ez zegoen modurik inor ezagunik topatu gabe norbere eserlekura iristeko, hiria txikia zelako, eta beti zegoelako auzo, txikitako lagun, lankide ohi, aspaldian bertatik baja eman zenuen elkarte edo sindikatuko kide edo bestelako jende puska ez-desiragarriarekin tupust egiteko xantza. Zenbat eta hobea izan eserlekua, zenbat eta aurrerago eta erdirago egon kokatua norbere ilara eta besaulkia, orduan eta handiagoak ziren hiriko sasi-jauntxoak zein burgesia eskularruduna topatzeko aukerak. Eta ez dezagun ahantz hirian denak zirela gutxi-asko eta luzapenez burgesia eskularrudunaren partaide, nahiz eta soinean eskularrurik ez eraman. Gorroto zuen behin eta gorroto zuen mila bider besaulkiraino iristeko pasatu beharreko trantze hori. Baina beste guztiaren gainetik zerbait gorrotatzen bazuen teatrotik, estreinaldi egunak ziren. Hauetan, hasierako trantze eta jendeketa topadizoak aski ez eta, beste inoiz baino mimosoago egon ohi ziren aktoreak amaierako txalo zaparradaren ostean, eta ez zuten oihalaren jauskeraren ondotik bi, hiru, lau edo bost aldiz irtetearekin aski izaten, audientziaren berotasun-adierazpena behartu egiten zuten banbalina atzetik behin eta berriz ateraz, jendearen txalo egiteko gogoa bortxatuz bastidore artetik, ikus-entzuleek txalo egiteari uzteko arriskurik txikiena belarri finez sumatu orduko kale-jiran ateraz ostera, publikoaren esker ona eta iritzia baino, beraien ego gose puztuen asea lortu arteko bakerik ez zutelako izaten. Garratzagoa ere izan zitekeen trantzea, jakina: aktore haiek edota zuzendaria norbere lagunak zirenean kamerinoetara joan behar derrigortua, muxuz eta lorez, zorionez eta balakuz, laudorioz eta gorazarrez betetzera haien belarri inoiz ez nahikoa ferekatuak.

        Zaldiak orraztea, hala esaten zion Gloria ironiatsuak euren burua izartzat zuten sortzaile ziurgabeek behar izaten zuten maite-maitea egiteari.

        Baina batzuetan ezinezkoa zen estreinaldi gorrotagarri haietatik ihes egitea, haserretu egiten ziren gonbidatzaileak ezezko horiekin, ez zuten ukoa ulertzen, iraintzat eta interes falta barkaezintzat hartzen zuten errefusa. Egun hartan, adibidez, Gloria bere muntaia aurkeztera zihoalarik, Diegok ez zuen joan beste erremediorik izan, jakin arren bera, Gloria, Bulebarreko cocktail-tabernan geratuko zela estreinaldiak irauten zuen bitartean gintonikak edaten, aspaldiko erritua betez, hainbeste urteren ondoren.

        Ezin ihes egin hitzorduari, are gutxiago obraren itzulpena Lazkanorena berarena zenean eta proba-saio guztietara joateari sistematikoki uko egin zionean.

        Ahalik eta beranduen azaltzen saiatu zen. Damutu egin zen arropategian abrigoa ez utzi izanaz, kanpoan hotz eginagatik bero baitzen antzoki barruan, eta belaunen gainean eduki beharko zuelako abrigo handia.

        Idazleen Elkarteko lehendakaria ez agurtzeagatik zuzendu du begirada proszeniora, eta orduan ikusi du Gloria bertan, zigarroa erretzen, ilunpean, erretzea hertsiki debekatuta dagoen lekuan, cocktail-tabernara abiatu aitzin: eskuarekin diosal egin dio kea uxatuz eta Lazkanok ukabila altxatu du, garai batean manifestazioetan egin ohi zuten keinura dezente hurbiltzen den ukabil bilduarena eginez: «Forza Gloria, sinesten dinat higan»; edo: «Kemena izan, Gloria, zoroa, laguna».

        Bi besaulki baino ez daude hutsik bere ilaran jada, ezkerreko biak. Eserita dagoela eta abrigoaren tapakiak magala estalirik, esku-programa irakurtzeko ere astirik gabe, txirrinaren azken abisuak jo eta itzaltzen hasi dira argiak. Une horretantxe, bera baino beranduago antzerkira etortzen denik ere badela frogatuz, bikote bat ari da bosgarren lerrora sartzen. Diegoren ondoan libre dauden bi besaulki horiek betetzera dator bikotea. Emakumezkoaren lurrin gozoa sentitu du Lazkanok, haren xuxurla ilarakideei barkamena eskatuz. Esku-programatik begirada altxatu gabe, begi-ertzarekin zelatatu du hasieran emakumezkoaren magala, baina ezin bere intuizioa baieztatu, ez ditu haren esku zuriak besterik ikusi ahal izan estreinakoan.

        Besaulki bat harago, senarra behar duenari hitz batzuk zuzendu dizkionean, ahots hura ezagun zaiolako atentzioa emanik altxatu du begirada Lazkanok, eta arnasarik gabe geratu da lipar batez nor den ikusi duenean. Tximista baten kolpearekin aurreikusi du gertatzera zihoana, «Lazkano, aspaldikoa», esanez hautsiko du bere durduzadura hogeitaka urte ikusi gabe daraman emakumezkoak, hortzadura perfektua, begi berde atxarolatuak, ilea tunel zuri baten marko beltz-beltza Anaren aurpegi zurbilean, muxu emango diote elkarri, deserosotasunez, dispentsatuz baino gehiago muxua emanez, atseginetik edo desatseginetik zenbat duen neurtzea zaila den sorpresa benetakoz bere senarra aurkeztuko dio, «hau Fidel da», edo «Fernando», edo auskalo zein izen absurdo izango duen halako emakume ezinezkoarentzat dudarik gabe terrenalegia eta neurriz beherakoa datekeen senar gorrotagarriak, bakarrik etorri ote den galdetuko dio, eta berak patetikoki baietz, «bakarrik etorri naiz», bakarrik etorri dela erantzun beharko dio, agerian utziz, ez bere autonomia bakartia, bere bohemia lubakitu interesgarria, baizik eta bere bakardade penagarriaren azpildura oro bere biluzian; «hogeitaka urte pasatu dira eta ez daukat teatrora nor ekarri, horra elkar ikusi gabe igaro diren bi hamarkada luzeen laburpen erdiragarria», esku-programari batere begiratzeko premiarik gabe egindako sinopsia. «Zu izan zinen nire aukera galdua, nire aukera bakarra, hamar urte pasatu ditut nire bizitzako emakumea izan zinela pentsatuz, eta beste hamar nire bizitzako emakumea izan zinela pentsatuz hamar urte pasatu nituela pentsatuz, eta geroztik ez dakit jada zer pentsatu, zutaz zer eta nola pentsatu, esan nahi dut», hori guztia ez dio esango, jakina, baina begietan irakurriko ote dion esperantza dauka, tximistaren trazurik gabe tximistaren iraupena izan duen lipar hartan bere oroitzapenak horraino errebobinatzeko xantza izan du Lazkanok, aurreikusteko gerta zitekeena, eta azkenean gertatu ez dena, teatroko argi guztiak itzalita baitaude jada, eta orkestrarik ez denez batere han fosoan, tinbalena ez, baizik eta bere petxuko taupadena behar duen kolpatze azkarraren laguntzaz da oihal gorriluna zabaldu.

        Ez zaizkio Lazkanori petxuko taupadak batere baretu, nahita ere ezin dio eszenatoki gainean gertatzen ari denari arretarik jarri, bere ondoan ilunpean duen emakumearengana joaten zaio behin eta berriz gogoa, berealdiko ahalegina egin beharra dauka lepoa zuzen mantentzeko, ezkerrera ez egiteko, Anaren begirada berde eta txarolezkoa ez bilatzeko. «Ikusi ote nau?». Ez darabil beste galderarik buruan, «ikusi ote nau argiak itzali eta oihala irekitzen hasi den une horretan, ohartu ote da, jabetu ote da ni naizela, eta hala bada, ezagutu ote nau hainbeste urteren ondoren, eta ezagutu banau, ezagutu-ezagutu egin nau, batere dudarik gabe, ziurtasun osoz, ala erdi-ezagutu bakarrik, nor den oso ongi ez dakigun norbaiten antza hartzen diogunean legez norbaiti, bai-ote ez-ote badaezpadako batean? Gorrotatu egiten ote nau oraindik, deus esan gabe utzi nuelako, desagertu egin nintzelako bere bizitzatik?». Burutan ibili du ezagutu duela, egunkarietan ikusita jakin behar duela derrigor ze itxura duen orain, baina ezikusiarena egitea erabaki duela egoeraren deserosotasuna saihestu nahi duelako, emakumeak azkarrak direlako halako gauzak detektatzen, festak garaiz uzten abilezia berezia dutelako emakumeek, desaparizioaren artea inork ez bezala menperatzen dutelako. Baina itsusia deritzo bestalde hori egiteari, hain gertu daude, eskutik hel diezaiokete elkarri nahi izatera, elkar usaintzen dute, agian hori da kontua, deserosotasuna da kontua eta berak ere maite duela da beharbada kontua; bestela natural diosal egingo zion eta senarra aurkeztu, elkarren presentziaz jabetu orduko, «hau Fernando da» edo «Fidel», edozein delarik ere emakume eskuraezin horiek senartzat dituzten ergelen izena. Burutan erabili du, halaber, ea ehuneko ehunean ziur egon ote daitekeen ondoan duen emakumearen nortasunaz, ez ote dion patuak ispilukeria makurren bat jokatu, ondoan zuen emakumea berak uste zuena ez izatea gerta ote zitekeen, traizio egin ote zion oroitzapenen eta norbere grina eta desio zoroen nahasketak, antzokietan gutxien esperotako harekin topo egiteko beldur eta aurrejuzkuek ez ote zuten bere subkontzientea trufa ankerrez engainatu. Baina ez, ziur dago, erabat ziur: Ana da.

        Taula gaineko argi azul, akuatikoen pean, gizon bat eta emakumezko bat —la bella Ines berbera— isilik ari dira leihoak ireki eta ohe desegin bati izarak aldatzen, eta begirada bertan iltzatua izanagatik beste nonbait du atentzioa, oholtza gainean ikusten dituen mugimenduei buruan duen antzezlan gogoratuaren, bere gaztaroa izan zen antzezlan urrunaren istorioa gainjartzen dio, biak bat eta bera balira bezala. Hiri txiki madarikatu hartan, nork esan behar zion ondoko besaulkian bere bizitzako amodio galdua topatu behar zuela, non eta Gloriaren antzezlan ditxosozkoaren estreinaldiaren egunean hain justu eta preziso?

        Egun eta usain zoriontsu haiek, Anari esker: aldiro diferente izan zedin saiatzen ziren, laranja bat eskuekin jan ondoren elkarren aurpegia laztantzen, berdin zion hatzak hotz egotea elkarren izterren artean, eta gero Diegoren sudurrean, hotz eta laranja usainarekin. Kalean ikusita inbidia ematen duten bikote horietakoa dira, hain ongi elkarren tonura afinaturik, irribarre egiteko era bera dute: anai-arrebak bezala, itsatsi egin zaizkie, keinuak barik, baita elkarren zoriontsu izateko arrazoiak ere. Nola elkarrekin bizitzen jarri zirenean lehiatu egiten ziren, nork lehenago ontziak garbituko, nork lehenago ohea egingo, ezustean harrapatzeko laguna, eta haren irribarrea ikusteko berak egin asmo zuen lana besteak egin duenean, eta gero larrua jo. Egin berri duten ohea deseginez.

        Iraganaren revival etengabea izatera kondenatua zirudien denbora tarte hura, ordea, bat-batean eten zen Lazkanorentzat. Edo ez, ez zen batere eten zentzu horretan: revival izaten jarraitu zuen erremediorik gabe, baina bere ondoan arnasten zuen desosegu nahasgarri hartatik beste norabait aldatu zen arreta. Eszenatoki gainera igo den aktore horrek du errua, haren jarrerak, haren aurpegiak, eszenara igo orduko piano aurrean eseri eta tekla batzuk sakatzeaz batera esan dituen lehen hitzek eta hitz haien eztarri tinbre hautsiak: «Bero dago!».

        Vengerovitx da. Vengerovitx hezurmamitzen duen aktorea, Gloriaren aitaren filatelia taldekoa. «Bero honek Palestina gogorarazten dit, judutarra naizen aldetik. Han bero latza egiten duela esaten dute». Vengerovitx infernua deskribatzen ari zaio, bihotza izoztu zaio Diego Lazkanori.

        Vengerovitx zaharra, Vengerovitx mendekatzailea, Abram Abramitx Vengerovitx plagio atzemailea. «Lastima artikulu hori berorrek ez idatzi izana, Porfiri Seminovitxek baizik... Edozer jakin liteke. Beharrezko peskizak egin behar».

        Listua irentsi du Lazkanok eta sabela irauli zaio jauzi mortal batean.

        Bera zen.

        — Él es muy teatrero, ¿sabes? Lo suyo era el escenario, pero lo tuvo que dejar porque no le daba para vivir. Ahora es él el quien se encarga del reparto.

        — ¿Te haces cargo de lo que quiere decir que soy yo quien reparte?

        Ahots hura ez zen zahartu. Aurpegirik inongo unetan ikusi ez zion arren, bera zen: haren ibilera makurtua are makurtuagoa orain, haren eztarri erlastua bi hamarkaden zizelak are erlastuago orain. Baina zer egiten zuen gizon hark Gloriaren antzerki konpainian? Nola zitekeen? Haritik tiraka hasi zen buruko mataza desegin nahian: Gloria, bere aitarekin zituen harreman penagarriak, «nire aita fatxa bat duk, ez dakik ongi nolakoa eta ez dakik ongi zer egindakoa, eta hobe sekula jakiten ez baduk»; aitari egin behar izan zion kontzesio hura hark fidantza ordaintzearen truke, ezer ez delako doan eta batzuetan ezin delako ezezkorik esan: «Gainera, lagun zahar bat kolokatu nahi zidak aktoreen artean, bere filatelia taldekoa... Gaixorik dagoenetik xantaia guztiak onartzen zizkioat». Fabian eta Fabian.

        Fabian zen Vengerovitx.

        Minutuak aurrera joan ahala airean sentitzen da Lazkano. Petrin pertsonaiaren hitzak entzun ditu ezustean («jaiotzean, gizakiak hiru bideetarik bat hautatzen du: eskuinetik bazoaz, otsoek irentsiko zaituzte; ezkerretik bazoaz, zuk irentsiko dituzu otsoak; erditik bazoaz... zeure burua irentsiko duzu»), baina Platonov eta Vengerovitx nagusitzen zaizkio, haiengan dauka betazalak beheratzea bera ere galarazten dion arreta:

        VENGEROVITX: Zure premian nago... Neurri batean... Urrun gaitezen apur bat hemendik... Ez hain ozen... Ezagutzen duzu Platonov?

        OSSIP: Maisua? Jakina.

        Diego Lazkanok badaki zer datorren orain. Nola ez du bada jakingo. Berak itzuli du-eta. Bera izan da-eta Platonov azken asteotan! Ossip bide-lapurra eta Platonov eskola-maisua izan ditu bere ohean lotan, edanaren izerdiarekin izarak zikintzen. Badaki zer datorren, berak idatzi duelako. Eta idatzitakoa berari gertatu zaiolako.

        VENGEROVITX: Bai, maisua. Munduari irainka aritzen baino erakusten ez diona. Zenbat kostako litzaidake hura jipoitzea?

        OSSIP: Zer esan nahi duzu jipoitze horrekin?

        «Zer esan nahi duzu jipoitze horrekin, Fabian? Zer esan nahi duzu jipoitze horrekin, Vengerovitx? Esan, esadazu arren zer esan nahi duzun».

        VENGEROVITX: Hiltzea ez, jipoitzea... Ez da inor hil behar... Zertarako hil? Hiltzailea hain da... Jipoitzea, hau da, kolpeak eta kolpeak ematea bizi osoan gogora dadin.

        «Besterik ez orduan, Fabian? Hori da dena? Eta Soto eta Zeberiorekin zer? Gauza bera egin zenuten? Ala zu ez zeunden tartean?».

        OSSIP: A, hori bai, nire esku dago...

        VENGEROVITX: Zerbait apurtu, aurpegia desitxuratu... Zenbat kostako zait hori? Sssh... Norbait dator... Alden gaitezen apur bat...

        Besaulkian iltzaturik, aulkiaren besoari fuerte heldu dio, nahiz eta ondoan duen emakumearen eskuari heldu nahi liokeen; objektu bat pertsona baten ordez, aldagai tristea, nola ahaztu bere ondoko besaulkiaren beso egurrezkoan dagoen esku hura, azazkalak hain ongi zainduak dituen huraxe bere gorputzean ibili zela, zamalkatzen zuen bitartean oharkabean atera zen zakila oratu zuela berriro ere aluan sartzeko, bere espermak likatsu egin zuela esku hura eta hatz tarte hura, betileak ere bai behin, nola ahaztu elkarri egindako hainbeste promesa, elkarrekin eraikitako etorkizun hura, zenbat gaztelu airean, kartoizko maketak legez ezerezera plegatuko zirenak gero, laranja usaina eta kafea, nerabeen xalokeriak xalotasuna bunker bat denean, baina bai, ahaztu du: bat-batean ahaztu zaio bere ondoan duen emakumezko hura Fabian Vengerovitx torturatzailea taula gainean entzun duelarik.

        Izerdi hotza sumatu du lepoan, magalean duen abrigoa inoiz baino hertsagarriagoa begitandu zaio, handik alde egin nahi luke, baina nola, ezin du, irten ahal luke isilpean ertz batetik, baina zer esango dio gero Gloriari? «Torturatu ninduen gizonetako bat aktore enplegatu dun, ederra egin didan!». Horra hor aukera teatroko iluntasunean jaiki, zutik jarri eta oihu egiteko estreinaldi egunean bertan: «Gizon horrek torturatu egin ninduen, hiltzaile bat da gizon hori, nola dago kalean, nola ez da ezkutatu estolda zulo batean betiko, ez al du lotsarik mundura agertzeko, ez al zaio burutik pasatu antzokian hari begira daudenetatik norbait bere eskuetatik pasea izan zitekeenik duela hainbat urte, azala behar du gero gizonak, azala eta azala ez dena, nola liteke hau, noiz eta ondoan daukadanean nire bizitzako emakumea, duela hogeitaka urte galdua, hamar urtez goizero akorduan izan dudana eta beste hamar urtez aurreko hamarkadan goizero akorduan izan nuela gogoratu nuena; eskutik hel niezaioke haren senarrak igarri gabe beharbada, eta esan: «Hola, ahaztu naun, ala?, ez dinat sinesten nitaz hain aise ahaztu haizenik»».

        Badaki zer egin, jakina badakiela Diegok zer egin, hara zer egingo duen: eszenatokira igoko da eta torturatzaile bat dela oihukatu ondoren asfixiaraino itoaraziko du Vengerovitx, lepotik helduta bertan itoko du. Ito eta kito.

        «Baina zer ari zara pentsatzen? Ez zara hori egiteko gai, Diego, nola bada, antzezlekuan bolondres bat eskatzen zutenean beti zeure besaulkian hondoratzen zinen horietakoa izan bazara, halaxe da, butaka patioko argiak piztu eta eszenatokikoak itzaltzen zirenean aktoreek zu aukeratuko ote zintuzten beldur izaten zinen, nola aterako zara eta eszenatokira igoko, lekutan daude taula gainean ibiltzen zinen egunak, ez zara gai, eta gai izanda ere, uste duzu utzi egingo lizuketela eszenatoki gainean den aktore bat zeure eskuez asfixiatzen, pistola bat bazenu sikiera, hori bai, askoz ere errazagoa litzateke, zenbat atentatu ez ote dira bada egin teatroetan, Lincoln bera, ez ote zuten teatro batean hil?».

        Baina geldirik dago Diego, ez da mugitzen, ez da mugitzeko gai.

        Ez zaio beste erremediorik geratu: gorputz eta arima dauzka orain eszenatokian gertatzen ari den horretan. Esku-programa hartu eta magalean ipini du, aktorearen izenaren bila, «urteak pasatu ditut Deabruari izenik jarri ezinik, Fabian, eta orain jartzeko moduan nago», pentsatu du Lazkanok, baina ez du ikusten ilunpe hartan, begirada ilunpera ohituagatik ezin ditu izenak bereizi, ez eszenatokitik iristen zaion argi apurrarekin behintzat, nolakoa den bizitza, eszenatokia hor, gertaerak hortxe, gauzak gertatzen doaz, baina argi gutxi iristen zaigu gertatzen den horretaz, benetako ekintzaileak eta antzezleak eta istorioa aurrera mugiarazten duten horiek ez gara gu, ez gara gu eszenatokian gaudenak, ez gara gu iluminatuta gaudenak, eta hala ere, eta gainera, argi horretatik oso gutxi heltzen da gugana, apenas ezer.

        Hilik datza Platonov:

        «Norekin edango dut orain zure hiletan? Esan, norekin?».

        «Kepa, Xabier, norekin? Norekin edango dut zuen hiletan?».

        Eta jatorrizko bertsioan ez zegoen esaldi bat: «Denok ikusi duzue, suizidioa izan da».

        Antzezlana bukatu denean txaloka lehertu da antzokia. Diego Lazkano ez da aspaldi teatroan izan eta ez daki txaloak benetakoak diren, erosiak, zintzoak, edo, besterik gabe, bere bizitzako azken bi ordu eta erdiak alferrikakoak izan ez direla sinetsi eta sarreraren prezioa amortizatutzat emateko modua diren ikusleentzat. Hala ere arrakastatsua dirudi obrak. Loreak Gloriarentzat, txalo zaparrada luzea, zutik berriz publikoaren gehiengoa, Lazkano ere barne. Eta Lazkanok bere albora begiratu nahi badu ere, bere ondoko emakumea ikusi nahi badu ere, benetan Ana ote den ziurtatu nahi badu ere, ez da jiratu, eta eszenatokian Vengerovitx bilatu du, Gloriari eskua emanda, publikoaren aurrean esker onez makurtzen dela. Eta beldurrez dago orain Lazkano, jendea teatroa uzten hasi delako, bere ondoko bi besaulkietako bikotea jendetzan galdu delako, eta ez zaiolako ia ezer falta beste guztiek antzerkia amaitu dutenean bera berea egiten hasteko, Gloriarekin kamerinoetan elkartu eta haren galdera entzun ondotik:

        — Izan zintzoa nirekin eta esan egia, Lazkano: zer iruditu zaik antzezlana?

 

 

Ohi zuenez, Gloriaren deiak lo harrapatu du Lazkano. Baina Donostiatik deitzen dio oraingoan.

        — Hire laguntza behar diat.

        — Aldamar kalean hago?

        — Ez, hator aitaren etxera.

        Nahikoa aztoratuta zebilen Gloria bere aitaren heriotzaz geroztik. Asko haserretu zen aitaren jokaldia agerian geratu zenean: antzezlan bat zuzentzeko baino, aita zaintzeko erakarri zuen Bartzelonatik alaba, leuzemiak askoz ere hilabete gehiago oparituko ez zizkion jakinaren gainean. Haserreari baina, errukiak eta penak hartu zioten berehala gaina —aitak kalkulatu bezala— eta elkarrekin eman zituzten azken arnasarainoko azken bost hilabeteak. Estreinaldira ez zen heldu, baina proba-saioetako batean erabat jantzi ziren aktoreak emanaldi pribatua egiteko, Gloriaren aitarentzat soilik.

        Zurbil harrapatu du Lazkanok Gloria.

        Etxea husten ari zela ikusita (anabasa ikaragarri bat zen han, kutxaz eta zatar paperez bildutako objektuz gainezka), berehala bururatu zitzaion deiaren zergatia: Francoren tapiza. Gloriak ez zuen jakingo diktadorearen erretratu erraldoi harekin zer egin, nola desegin, nori eman lotsatu gabe. Hamar metro koadroko diktadore baten erretratua ez zen gauean kontenedoreen ondoan utz zenezakeen zerbait.

        Baina Lazkanok ez zuen asmatu.

        Francoren erretratuaren arrastorik ez zen inon —hain nabarmena zen haren hutsunea horman—. Kutxa artean gidatu zuen Lazkano Gloriak aitaren bulegoraino. Bertan, gotor-kutxa irekiaren gainean, barrualdea belusez estalitako kaxa erakutsi dio, zerbait preziatua gordetzen zuen seinale.

        — Gotor-kutxaren barruan zegoan. Ni ez nauk ukitzera ere ausartu.

        Belusezko tapakia kendu dio Lazkanok.

        Modu ikaragarriro ordenatuan gordeta daude pitxiak. Bildumatzailearen objektuak. Fetitxeak. Urteetan barrena Bartzelonara eskatu eta alabak zer garraiatzen zuen jakin gabe zintzo-zintzo ekartzen zizkion objektuak, zalantza izpirik gabe. Esbastika nazia, SS-etako kondekorazioak, Mussolini eta Francoren epokako argazki orijinalak. Memorabilia faxista. Terrorearen merkatu beltza, zergatik ez? Ez zeuden bada pedofilia sare aski ongi antolatuak? Objektuekin bederen ez zitzaion jada minik inori egiten, egindako mina baliatzen zen garun makurrenen irrika gaixoak sustatu edo baretzeko, besterik ez. «Objektuek biziraungo gaituzte».

        — Zer egin behar diat horrekin?

        Paralizatuta zegoen Gloria, nahikoa modu ulergaitzean. Aita frankista zuen, ez zuen inoiz ezkutatu izan, normala begitantzen zitzaion Lazkanori bere fetitxismo makurra nazien aldera lerratua egotea, halako pitxietara bideratzea bere diruak, elkarrizketa ere halaxe lerratzen zitzaion, nazien alde. Zergatik harritzen zen? Meliton Manzanasen laguna zen-eta!

        — Zer egin behar diat horrekin?

        — Zer zakinat nik. Museoren bati eman... zaborretara bota...

        Lazkanok argi eta garbi bereizi zuen azken betilea nola lazten zitzaion Gloriari, izu-laborriak jota.

        — Xaboia ere bai?

        Diegok ez zuen xaboi-pastilla hartan erreparatu. Domina eta argazkien azpian zegoen xaboi-pastilla bat zen, oso soila. Orain Lazkano zen harrituta zegoena, ulertzea kosta egin zitzaiona. Eskuetan hartu zuen.

        — Xaboia?

        — Ez al haiz konturatzen?

        Derrepente jabetu zen: RIF hizkiak zeuzkan xaboi horietarik bat zen, Rudolf Spannerrek ustez judutarren gorpuekin egindako xaboi-pastilla zenbakituetako bat, tirada murriztua, liburuekin egiten zen bezala. Irakurri zuenaren arabera, ez zen frogatutzat jotzen halakorik egin zenik modu sistematikoan, baina Spannerren pista zen sinesgarriena.

        — Nire aita... munstro bat zen!

        Alferrik zen ezer esatea. Lazkanok ere hitzik gabe jarraitzen zuen, ulertu ezinik baina bat-batean ulertuz, bazela hor nonbait —sarean, interneten, hor dena zegoen— gizateriaren historiako objekturik nardagarrienekin dirua egiteko prest zegoenik, souvenirren gutiziaren alde iluna ustiatzen asmatu zuenik. Izugarrikeriaren eta nazkaren artetik, galdera fribolo bat gailendu zitzaion Lazkanori: zenbat ordaindu ote zuen Gloriaren aitak xaboi-pastilla erdeinagarri haren truke?

        Porlan zaku txiki bat erosi du Lazkanok, urarekin nahastu du, belus gorrizko kutxa gainera bota du zementu nahasia: memorabilia naziaren, argazkien eta xaboi-pastillaren gainera. Gero egun bete itxoin du, balkoian zementuzko bloke gotor bihurtu zaion arte. Diego Lazkanok autorik ez izatea madarikatu du, bere bizitzan lehen aldiz. Kirol-poltsa batean sartu du zementuzko blokea eta taxi batek eraman du urtegiraino. Kanoak non alokatzen dituzten galdetu du. Beldur da kirol-poltsaren pisua gehiegizkoa izango ote den. Arropak aldatu eta arraunean desbideratu da ur ertzetik. Giroa lainotuta dago eta ez da inguruan inor ageri. Urtegia handia da, baina ziur egon nahi du: urtegiaren erdi-erdian egon nahi du, nonbait zentratuta egotea zerbaiterako lagungarri bailitzan.

        Haizerik ez dabil eta apenas kulunkatzen zaion kanoa. Geldirik egon da horrela, arrauna magalean hartuta, begiak itxita. Gero, espantu handirik egin gabe, kirol-poltsako kremailera zabaldu eta zementuzko blokea atera du. Zementuzko bloke bat dirudi, ez besterik. Bi aldiz pentsatu gabe jaurti du uretara. Aurki desagertu da bere begien bistatik.

        Bera bezalako zenbat jendek egingo ote zuen gauza bera? Uretara bota deserosoa dena, gehiago ur azalera aterako ez den esperantzan.

        Etxeko iturrietatik ateratzen zaigun ura mamuz beteta dagoela pentsatu du Diegok: bere amaren ile-xerlo zuria oroitu du, nola buxatu zuen behin harraska propio, Diego etxera joan zekion. Gure mamuak eta herentzian jasotako mamuak. Errudun egiten gaituztenak eta errudun jaioarazten gaituztenak.

        Etxeko iturrietatik ateratzen den ura mamuz beteta dago eta edan egiten ditugu mamuak. Hau bezalako zenbat. Auskalo. Mamuak edaten ditugu eta horrek gu geu bihurtzen gaitu mamu. Garden eta mamu. Izaki intermitente.

 

 

«Sublimatu daiteke artearekin tortura? Gainditu daiteke artearen bidez terrorea? Eta gainditzekotan, nork? Sublimatzekotan, nork? Torturatuak? Torturatzailea da erredimitzen dena? Galdera hauek mahai gainean jarri nahi izan ditu Gloria Furmica artistak polemiko izatera deitua dagoen Arratoiak instalazioan».

        — Hautsak harrotu ditun...

        — Zer bestela, alfonbra bat tartean egonda?

        Txekhovekiko zorrak kitaturik, Gloriak atseden eman zion bere antzerki-zuzendari karrerari. Lazkano ez zen sekula Francoren tapizarekin zer gertatu zen galdetzera ausartu, eta KM-ko erakusketa inauguratu zen egunean ulertu zuen dena. Non eta, KM kulturunean, postetxearen ondoan, hainbeste urte lehenago bere aitaren antzezpena, «okerreko lekura etorri nauk, Diego», hasi zen tokitik hain gertu.

        Kristalezko kaiola horizontal handi batean sartuta zegoen tapiza, tapiza ez baizik eta alfonbra bat bailitzan. Ready-made bat, beraz, object trouvé, ez zekien oso ongi Lazkanok nola deitzen zieten artistek jada existitzen ziren objektuak erabiliz eta haiei testuinguru berri bat emanez egiten ziren «artelan» haiei. Francoren irudia lurrean zegoen, eta dozena inguru sagu zebiltzan, batera eta bestera, alfonbraren gainean. Kristalezko kaiolan propio egindako tutu batzuetatik, bisitariek ura eta jatekoak ematen zizkieten Francoren irudiaren gainean batetik bestera lasterka zebiltzan sagu kumeei, aska garden txikiak nahieran betez. Janaria emateko tranpatxoak, Francoren irudiaren aurpegi eta gorputz-adar ezberdinen gainean zeuden, halako moldez non bisitariak berak nahi zuen Francoren gorputzaren atalera bidera baitzitzakeen saguak, dispositibo mekanikoen bidez jatena erortzen uzten zuen lekurantz, hain justu. Ikusgarria zen interakzioa.

        — Zer iruditzen?

        — Sadiko samarra.

        — Hori zen asmoa.

        — Hitz egin dun animalien protektorakoekin?

        — Ez ditiat gaizki tratatzen.

        — «Diktadore-dieta»...

        — Arratoiei onena ematen zieat...

        — Izatez, Gloria, saguak ditun, ez arratoiak.

        — Eta zer diferentzia zagok?

        — Aita fumigatzailea ninan, aldea nabarmena dun: Rattus rattus ditun batzuek eta besteak...

        — Zer nahi huen, zaborrontzietan bila hastea?

        Erosi egin ditun saguak?

        — Jakina.

        Irribarre egin du Lazkanok. «Artista hauek, erremediorik ez». Xanpain kopa altxatu du gero.

        — Ospatzeko gauden hemen. Eta instalazioa oso ona dun.

        — Hik eman hidan ideia: «Museo bati eman, zaborretara bota», gogoratzen? Zergatik ez biak, aldi berean? Hasieran zaborretara bota eta ezkutuko kamera bat jartzea pentsatu nian, jendearen erreakzioak behatu eta zabortegira nola eramaten zuten erakutsi, tapizaren prozesu osoa... Gero, ordea, zuzenean egitea askoz ere kitzikagarriagoa izango zela iruditu zitzaidaan.

        — Erraza heukan hala ere izenburuarena, Arratoiak jarri ordez... zergatik ez Sagu-tranpa? Keinu bat Agatha Christieri.

        — Ez nuke nahi la bella Ines etorri eta gaizki sentitzea.

        — Denok ordaintzen dinagu peajeren bat.

        Barre egin eta xanpaina edan zuten biek, ikusle batek Gloria besotik heldu eta erakusketaren beste gune batera eraman zuen arte, hura norbaiti aurkeztu asmoz.

        Arratoiak ez zen erakusketa hartan polemika eragin zuen bakarra izan: Penthouse aldizkariko azal baten bertsioak ere zeresana eman zuen. Emakumezko porno izar bat agertzen zen bertan, gerritik behera biluzik eta hankak zabalik, Gustave Courbeten Munduaren sorrera koadroaren aldagai bat nolabait, soilik kasu honetan modeloak bere hankarteko pubis sarriari so egiten ziola. Penthouseko portada orijinalaren gainean, odolezko orban bat ipini zuen Gloriak Photoshop bidez, emakumearen hilekoaren gisan, mantxa odoltsuari Euskal Herriko zazpi probintzien itxura emanez. Odolusten zen konposizioaren izenburua.

        Gloriari deus esan gabe, astero-astero bisitatuko zuen Diegok erakusketa, hark iraun zuen bitartean, Arratoiak instalazioari arreta berezia jarriz. Saguak gero eta gizenago zeudela ikusi, eta haietako batek kumeak izango zituen hirugarren astean. Astea joan eta astea etorri, Francoren aurpegia gero eta zirtzilatuago eta difuminatuago. Usaindu egiten zen ia saguen hesteen emaitza oparoaren sunda zaharmindua, kaiola isolatuta egon arren.

        KM-ko expoa amaitutakoan instalazioarekin zer gertatuko zen galdetu zion Diegok Gloriari, hura lausengatzaileen besoetatik erreskatatzea lortu zuenean.

        — Artium museoak erosi dik... Jakin nahi duk zenbat ordaindu duen?

        — Esadan Napoleon zaldiaren lanak baino gehiago dela, behintzat.

        — Askoz gehiago. Zer iruditzen zaik nire hurrengo antzezlana Artiumi esker ekoitziko dudala esaten badiat?

        — Izar bihurtu haizela.

        Galderak sortu zitzaizkion Lazkanori. Lazkanori beti sortzen zitzaizkion galderak. Sagu eta guzti saltzen zuen instalazioa? Nork ordezkatuko zituen saguak haiek hiltzen zirenean? Kontratuan zehazten zen hori guztia?

        — Hara, aitaren lagun bat aurkeztu nahi dizut: Roberto, Diego... Diego, Roberto...

        Odola izoztu zitzaion Diego Lazkanori.

        — Ezaguna egingo zaizu agian bere aurpegia, Txekhoven antzezlanean parte hartu zuen.

        Vengerovitx.

        «Hiltzea ez, jipoitzea... Ez da inor hil behar... Zertarako hil? Hiltzea hain da... Jipoitzea, hau da, kolpeak eta kolpeak ematea bizi guztian gogora dadin...».

        Horra hor bigarren aukera. Horra hor, azken aukera.

        Bostekoa eman zioten elkarri. «Ez nau ezagutu», ondorioztatu zuen Lazkanok. Zergatik bizi da hemen? Ez ote du bera ezagutuko duten beldurrik? Nola izan dezake halako konfiantza itsurik zorian? Kapusaiaren pean egoteagatik salbu sentitzen zen, ukiezin? Haren ahotsa ezagutuko ez zuelakoan zegoen?

        «Zerbait apurtu, aurpegia desitxuratu... Zenbat kostako zait hori? Sssh... Norbait dator... Alden gaitezen apur bat...».

        — Urte askoan —esan zion bere torturatzaileak.

        Urte askoan. «Jakingo bahu zenbat».

        Hortzoiak nikotinak horituta, portzelanazko hagin-ordeak. Ondo perfumaturik eta tantai, hala ere. Alkandora bertan eranzteko gogoa sentitu zuen Lazkanok, chibato hitzak sorbaldan jarraituko balu bezala: «Zergatik utzi zenion zure lagunari ortografia akatsa egiten, Fabian?».

        Haatik, Lazkano ez zen mugitu ere egin, bere torturatzaileak zerbitzari bati airean kendu zizkion bi ardo kopetatik adeitasunez eskainitakoa hartu eta edaten hasi zen, hurrupa txikietan. Erakusketari buruz galdetzea erabaki zuen.

        — Zer iruditzen zaizu Arratoiak?

        Ez da Roberto batere estutu.

        — O, arte modernoa eta ni... Zaharregia naiz gauza hauek ulertzeko.

        — Baina gustatzen zaizu? Batzuei gehiegizkoa iruditu zaie.

        — Ez naiz objektiboa. Gu bion artean —esan zuen ahotsa apalduz—, nik badakit nondik atera duen tapiza.

        Jokoa jarraitzea erabaki zuen Lazkanok. Ez zuen harridura itxuratzen premiarik izan. Esan zionak baino, esan izanak harritu zuen Diego.

        — A, bai?

        — Generalisimoaren zalea zen Gloriaren aita, bazenekien?

        — Arrastorik ere ez.

        — Beste garai batzuk ziren, alferrik da orain hautsak harrotzea.

        — Gloriak exorzismo bat egin nahi izan duela esan nahi duzu?

        — Litekeena da. Baina bere aita frankistaren dirurik gabe ez zukeen sekula artearen munduan aurrera egingo. Hori da artista ezagun gehienen paradoxa: familian dirua izaten dutela ia beti.

        «Horretan ez zaio arrazoirik falta», pentsatu du Lazkanok.

        — Probokatzen duten artelan hauek, tira, nik ez diet ikusten, baina izan lezakete beren grazia. Nik aukeran, nahiago dut Tiziano.

        Tipo zentzuduna ematen zuen Robertok. «Nire torturatzaileak», derrigortu zuen bere burua pentsatzera. Baina ezin zion okasioari alde egiten utzi. Oraingoan ez. Berriro ez. Gauzak ezin zuen horrela amaitu. Zerbait esan behar zion.

        — Zuk ez duzu inoiz premiarik izan?

        — Zertarako, exorzismoak egiteko?

        — Bai, esan nahi dut, ez dakit, iraganeko damuren bat, sortzezkoa edo herentzian jasoa, egoerak behartuta egin behar izan eta orain damu zaizun zerbait...

        — Zorionez ez.

        — Zorionekoa zu.

        Dardara egin zion ahotsak Diegori une batez, zalantza izan zuen hura esateko indarrik bilduko ote zuen edo ez. Azkenean bildu egin zuen.

        — Eta esan, Fabianek izan ote du inoiz damurik?

        Atezuan jarri zen Roberto. Bat-batean atera zitzaion barruan zeraman polizia.

        — Ez nauzu ezagutzen, ezta? —Lazkanok bere eskuin sorbalda ukitu zion ezker eskuaz, eskuinarekin kopa eusteari utzi gabe.

        Dardara lekuz aldatu zen: Robertoren ahotsean zegoen orain.

        — Ez... Barkatu, ez naiz jabetzen...

        Egia zioen agian. Okerrago, orduan. Bere eskuetatik pasatutakoak asko izan ziren seinale.

        — Eta «Boger kolunpioa» esango banizu?

        Listua irentsi du Roberto-Fabian-Vengerovitxek.

        — Beste..., beste norbaitekin nahasten nauzula uste dut...

        Kopa altxatu zuen Diegok, topa eginez bezala. Begietara begiratu zion, Robertok begirada apaldu arte. Gero, Gloria agurtu eta erakusketa utzi zuen, bere birikekin borrokan, bere buruarekin bakean. Josteko makina bilakatu zitzaion bularra, dena taupada, baina bazekien makina horrek deus gutxi josi ahalko zuela honezkero.