Twist
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
azala: Dieter Appelt
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Twist
2011, nobela
440 orrialde
978-84-92468-34-8
aurkibidea
 

 

Lehen difuminazioak

 

Txantxa asko egiten dizkiote Idoia Errori bere Mini berdearen kontura, erreflexuak zorrozteko lagungarri suertatzen zaizkionak beti: «Guardiazibil kolorekoa daukan autoa», «Egin barre, baina ni ez naitek kontroletan geratzen»; «After Eight kaxa bat bezalakoa dun-eta», «Ez zaizkidak gizon mentolatuak gustatzen». Ahozko ping-pongean ona da, ez zen bestela hain azkar iritsiko kultur arloko buru izatera Eginen. Egunkari horixe darama tolestuta magalean Diego Lazkanok. Reagan relanza la ofensiva propagandística contra la URSS, irakur liteke, bailarako industriaren desegitearen kontra Oreretako elizaren parean egindako asanblada jendetsuarentzat den arren azaleko argazkia.

        — Urduri?

        — Apur bat.

        Hiru hilabete dira elkarrekin ibiltzeari utzi diotela, eta galdutako ohekideek izan ohi duten erakarmen deiagatik agian, inoiz baino ederrago begitantzen zaio Diegori Idoia. Ilea garçon erara moztuta darama; ez, ordea, txima luzea gobernatu beharraren morrontzaz askatu nahi duten emakumeek egin ohi duten pragmatismo askatzailearen aldarrikapen hutsagatik, modu sofistikatuagoan baizik: ile xerlo bat gorantz kiribilduta, motx moztuta baina estilo handiz, guraizeekin kimatze lan selektiboa eginda. Idoia bere magalean esertzen zenean hari kalparretik heldu eta neskari lepoan musu emateko burua apur bat nola atzeratzen zion oroitu du Diegok. Motxa izanagatik, orain ere badu nahikoa ile modu hartara heltzeko. Bikote ohiekiko fantasia iragankorra sentitzen ari da, baiki: nola menderatu arrazoiak finkatutako iragana pitzatzen saiatzen den unean uneko pasioa? «Aldendu bide horietatik, Diego», esaten dio bere buruari. Baina ezin. Eta Diegok Idoiari iletik heltzen bazion lepoan musu emateko, lehenago Idoiak gauza bera egin zuelako izan zen, aitortu beharra dauka. Idoiak erakutsi dio emakumezkoei buruz dakien guztia, eta behin lezioa amaitu delarik, bakarrik utzi du beste emakumezkoekin frogan jar dezan bere jakinduria; «ale, txikito, nahikoa». Idoiak harreman finkorik nahi ez zuela-eta, ohetik baino, kareletik bota ote zuen sentipen mingarria zeukan Diegok. Bera baino bi urte zaharragoa da Idoia, gainera, eta hemeretzi bete berriak dituzunean, mundu bat iruditzen zaizu hori. Ez beti baina, harekin egoten denean berritu egiten zaio sarritan hausturaren mina. Maiteminduarena baino areago bildumatzailearena den goibeltasuna eragin dio ilea garçon erara moztuta dakarren Idoia horrekin oheratzerik izango ez duela pentsatzeak.

        — Ze ordutan da emanaldia?

        — Zortzietan euskarazkoa eta hamarretan gaztelerazkoa.

        Baizea, bi emanaldi egun bakarrean? Zoratuta zaudete, Diego.

        Baizea, nola maite zuen bere hitz egiteko postura. Larruaren bortxa neurtua egin zitzaion deigarri Idoiarekin oheratzen hasi zen garaian: nola eszitazioari amore eman, erabat entregatu —nori entregatu, baina?— eta bere buruari joaten uzten zion neska hark ilajetik zaldikiro heltzen zionean, eta nola Diego ere ausartu zen Idoiari lepoan kosk egiteko apur bat irmoki iletik tiratzen, esanak esan, dena ez zelako laztan eta goxotasun ohean, ez zuelako denak zertan samur izan, nahiz eta tentuz zaindu behar zen beti samurtasunetik urrundu ahala ematen zen pauso bortitz bakoitza. Aurrez inoiz soinean ikusi ez dizkion belarritakoak daramatza kosk egiteko gogoa pizten duten gingil ttipietan. Eta belarritako haien orratzaren begitazioak ziztaturik, jelosia puntada nozitu du Diegok biriken eta urdailaren arteko puntu zehaztugabean. «Ez ote du nik oparitutakorik jada janzten?».

        Diego izan da bere burua Idoia eta bien arteko tratu gorrotagarria bergogoratzera derrigortu —«lagunak izan gaitezke, ez?»— eta bere garunaren autotraizio hura baztertzeko irrati-kaseteko zintari sakatu diona. Auto barruko isiltasunak errurik balu bezala. Zintaren alderdi grabatu gabeko txinparta zikinen gainean garbitu du Idoiak eztarria.

        — Dario Fori buruzko hire erreportajea...

        — Bai?

        — Ez diagu hurrengo astean aterako, ez zaukaagu lekurik eta asko moztu beharko genikek. Ondo iruditzen zaik?

        — Ez dinat presarik batere.

        Presarik ez, batere. Nekez halakorik. Harreman hartan «Zezen Eseria» barik, «Itxaroten Zuena» izan zen beti Diego Lazkano: bilerak luzatzen ziren, azken orduko aldaketak sortzen, ezustekoak errotatiban. Horrelakoxe zeregina zen kultur arloko buruarena. Erantzukizun handiagoa, lan ordu gehiago eta soldata igoera minimoa. Edonola ere, maite duzun norbaiti itxarotea harremanaren parte dela onartzen zuen Lazkanok, ia-ia alegrantziaz, presentzia segurtatzen duen aurreausentzia hura elkarrekin egotekoak ziren uneak azpimarratu, une haiei distira eman eta biziago bihurtzeko modua zelakoan. Maitasunean, eta ez maitasunean soilik, atarikoen aurreko atariaz ere gozatzen ikasi behar zen. Agian ez zen izatez besterik: inora ematen ez zuten atari pilaketa bat baino ez zen bizitza. Hori ere ez: atarien atarien pilaketa. Arkitektura traketseko eraikin xelebrea. Pena den arren, ez dugu harramazka eginda sakoneran gehiegi urratzerik erdiesten sekula.

        Aurki ezagutu du Lazkanok Silvio Rodriguezen ahotsa, kantua ezezaguna zaion arren.

        — Silvio?

        Baiezkoa egin du buruaz Idoiak, eta gero, martxa aldatu eta isilik geratu da, leihotik kanpora so, ez deseroso, baina bai etortzear egon daitekeen deserosotasun unearen jakitun. Zein izen eman deseroso sentitu gabe deserosotasuna aurreikusten duzun uneari? Atarien ataria, berriz. Hitz asko geratzen dira oraindik asmatzeke.

        ¿Te molesta mi amor?, galdetzen zuen Silviok. Zinta hura ez zen, ordea, Silvio Rodriguezena, norbaitek espresuki egindako maitasun kantuen bilduma baizik: Scorpionsen No One Like You etorri da hurrena.

        — Kantu hautatuak dira —aurreratu da Idoia.

        «Kantu hautatuak». Jakina. Nork hautatuak ote ziren, hori hobe ez galdetzea. Belarritakoak oparitu dizkion gizonak grabatua da hura, zalantzarik gabe. Arte plastikoen zalea da Idoia, baina musikaz ez da inoiz gehiegi arduratu izan. Urdailaren eta biriken arteko gune zehaztugabean dardo tiratzen dabilkio gizon ezezagun hura; Lazkanok ezin izan du eskularru-kaxara begiratzea saihestu. Agfa markako zinta laranjaren kutxan —errepide mapen artean dagoen bakarra— ezezaguna zaion kaligrafia traketsa atzeman du, gizonezko batena, duda gutxi. Desanparaturik sentitu da Lazkano: «Garai batean ni nintzen zintak grabatzen zizkiona». Izatez, Scorpionsen Blackout lp-a erosi berri du berak ere, eta entzun duen azken aldian burutik pasatu zaio No One Like You kantua gustuko izango lukeela Idoiak bere Minian entzuteko. Orain beranduegi da, ordea: ordezkatua izan da. Aurrea hartu diote, ez maitale bezala bakarrik, baita musika-hornitzaile bezala ere. Bigarrenak lehenak adina edo gehiago mintzen duela iruditu zaio Diego Lazkanori, zer diren burubideak.

        — Zorte on...

        «Zorte on» esan dio, eta beste esaldi hura entzun du Lazkanok, haren ordez: «Lagunak izan gaitezke, ez?».

        — Ez haiz emanaldira etorriko?

        — Lanera itzuli behar diat, asteburuan beharbada...

        — Deitu eta sarrerak utziko ditinat hire izenean.

        Umiliatu egin da hori esan ondoren Diego, «bi sarrera» eransteko.

        Idoiak kokotsaz baietz egin eta Miniaren atea itxi du Diegok Bulebarrean, Barandiaraneko semaforo parean. Indar guztia zurrupatu baliote bezala sentitu da. Barandiaranen pizgarriren bat eskatzeko ere kemenik gabe, Pequeño Casino igaro eta Antzoki Zaharrerantz zuzendu ditu pausoak. Errieta egin dio Gloriak.

        — Non sartu haiz, ume? Ez, ez esan: nahiago diat ez jakin... Espetxean bukatuko duzue zuek... Hi bakarrik falta haiz janzteko...

        Ana Etxarri protagonistak, eztarri ariketetan murgil, ahatearena egin dio Lazkanori, hatzak ahoan jarrita mar-mar, Gloria ahohandiaren purrustada aintzakotzat har ez dezan. Kepa Zeberiok egingo du gau hartako argiztapena.

        Xabi Soto ere bertan dago, kitzikatuta erabat. Lehen aldia da bere libreto bat antzeztera doazena.

        — Pentsatzen hasita nengoan ordezkoari deitu beharko ote genion, primo...

        «Ez: ordezko gehiago ez, arren. Paper txiki bat daukat antzezlan honetan, baina nik bakarrik bete dezaket».

        Ez daukate ordezkorik, jakina. Aktoreetako bat gaixotzen denean taldeko beste batek hartzen du falta denaren tokia. Diego Lazkanorena, hain xuxen, ia edonork hartzeko modukoa da, hiruzpalau esaldi baino ez dauzka-eta.

 

 

Postetxera haren bila joan behar izan zuen hartan konturatu zen aitarena serioa zela. Negarrez deitu zion, «okerreko lekura etorri nauk, Diego», eta Diegori kosta egin zitzaion aitaren hitzak ulertzea, zergatik ezin ote zuen okerreko lekura joan ondoren bere kabuz ibilbidea aldatu eta etxera itzuli; iluna iruditu zitzaion deiaren zergatia bera —aitak ez zion sekula deitzen—, «okerreko lekura etorri nauk» esanez, «hator nire bila, postetxean nagok», eta telefonoz aitortzeak apuroa ematen duen istripuren bat nozitu ote zuen pasatu zitzaion burutik.

        Euria ari zuen gogotik eta, kalera ezin, zinpeko guardaren ondoan topatu zuen zaharra. Urrunetik patetiko eta abaildua begitandu zitzaion aitaren soslaia; maskal, erori.

        Zinpeko guardak atxilo hartua balu bezala itzuli zion aita Diegori.

        — Zure aita da? Desorientatu egin dela uste dut.

        Baiezkoa egin zion Lazkanok buruaz eta ukondoen uztaiak kateatuta abiatu ziren aita-semeak euripean, «desorientatu, zer jakingo duk hik horretaz, zinpeko guarda bat balitz bezala munduko pertsonarik orientatuena», otu zitzaion Diegori.

        — Zer gertatu da, aita?

        Aitak eskuetan zekartzan liburuak erakutsi zizkion, bibliotekako pegatina zeukatenak, esku askotatik igarotakoak. Denbora-pasako best-sellerrak ziren, ez zuen Lazkanok liburuen izenbururik gogoan hartzeko kemenik, urteak ziren-eta irakurleen apetei arretarik jartzen ez ziela, deprimitu egiten zen jendeak bihotz-begietan zer zabor sartzen zuen ikusita.

        — Itzuli egin nahi nitian liburutegian. Gaur zuan azken eguna, ulertzen? Ez zagok liburu hauen mailegua gehiago luzatzerik.

        Hil edo biziko zerbait bailitzan mintzatzen zen, proportziorik gabe, ezta azken egun hura judizioko azken eguna balitz ere. Eta gainera, liburutegira joateko ohitura hori..., diru arazoak zituelako behintzat ez zen izango, alajaina. Bere aitaren baitan gauza gehiegi zeuden oraindik ulertzen ez zituenak, eta ulertzeko itxaropena ere aspaldi zuen galdua.

        Eta zergatik ez dituzu itzuli? Nahi duzu biok joatea orain?

        Zaharraren itxura areago abailtzea ezinezkoa zela uste bazuen, oker zegoen Diego. Zakur egurtuaren begijeak hiru hazbete txikiagotu zuen. Zer edo nor, baina norbait bai, bere aita jibarizatzen ari zen. Begiak beteta, lotsatzeko ere indarrik gabe bota zion:

        — Okerreko lekura etorri nauk, Diego. Correoseko ilaran jarri nauk zain, mostradoreraino heldu nauk, liburuok postaz bidali behar nituela sartu zaidak kaskezurrean.

        Postetxetik hogei pauso urrunduak ziren ordurako, aterki bakarraren pean ezin kabiturik beso bana emanez zarra-zarra zetorren ur turrustari, posta eraikinetik baino Artzain Onaren katedralaren atzealdeko burdina-hesitik gertuago. Donostiako postetxearen eraikin nagusia eta Koldo Mitxelena liburutegia hartzen zuen eraikina, izatez, biak ala biak ziren kanpotik eite berekoak. Simetriaren ispilukeria. Edozein nahas zitekeen.

        — Despistatu egin zara, hori da dena. Liburuak utzi eta bakea.

        — Ez duk ulertzen, Diego: sinetsita nengoan liburuak posta paketeak zirela. Ordu erdiz egon nauk txanda noiz ailegatuko... Postetxeko langileak durduzatuta begiratu zidak. Konturatzen al haiz zer esan nahi duen horrek?

        Buruko gaitzetan, eta horrek errudun sentiarazten zuen Lazkano, familiakoak gaixoa bera baino lehenago jabetu ohi zirela entzun izan zuen beti, eta areago, gaixoak zerbaitez jabetzen zirenean ere, gaitzaren lehen zantzuak gutxietsi eta haiei garrantzia kentzeko joera izaten zutela eskuarki, ingurukoak izaten zirela arduratu eta gaixoak medikutara premiatzen zituztenak. Arraroa zen norbere buru-gaixotasuna norberak atzematea, dementziak ia beti baitzekarren berekin autoengainua. Ez zen hura izan Gabriel Lazkanoren kasua, eta aspaldian etxekoek zein arreta gutxi jartzen zioten agerian utzi zion horrek Diegori, aitari modu kontzientean gaixotasun hura bizitzeak zenbat eta nola eragingo ote zion neurtzen saiatzen zen bitartean, nahiko izututa. Zenbat denbora igaro ote zen garunak urtzen hasi eta korapilo neuronalak eskutik askatzen hasi zitzaizkiola? Lehenago atzeman izan balute gaixotasuna, aukera gehiago izango ote zituzkeen medikazioen bidez bere endekapena atzeratzeko? Horixe ez zegoen jakiterik. Hiruzpalau astez, Lazkanok bere konpromiso guztiak bertan behera utzi zituen —liburu berria aurkezten ari zen orduantxe, aurrekoen arrakasta maila erdiesteko itxura guztia zuena— eta amarekin eta arrebarekin batera ibili zuten aita frogarik froga eta ospitalerik ospitale.

        Lehen iritziak bat zetozen azterketek normaltasunetik desbideratzen zen deus salatzen ez zutela esateko orduan. Kautela handiz, hori bai, «garuna ezezagun handia da oraindik guretzat». Hastapenetako mezu baikorren ondoren etorri zen amaren deia.

        Hark ez zion negarrez deitu, negar egin ondoren baizik. Alferrik ezkutatuko zion. Lazkanoren lana giza kondizioa, gizakiaren senak, grinak eta bulkadak behatu eta haien lepotik fikzioa eraikitzean zetzan, xehetasunak ziren bere bizitza, horixe zuen harrotzeko moduko gaitasun bakarra. Horregatik jabetu zen berehala amaren destenoreaz.

        — Zure aita gauza arraroak esaten hasi da.

        Espero baino lehenago, eta eskaner zein erresonantzia guztiek oraindik deus erabakigarririk erakusten ez zutelarik, desinhibizioaren fasean sartu ziren, aurreabisurik gabe. Tarteka ongi egoten zen, eta tarteka burutik pasatzen zitzaion lehen gauza esaten zuen. Edo ez zen zehazki horrela, pentsatzen zuen Lazkanok, burutik pasatzen zitzaion lehen gauza esan baino, aspaldi eztarri zuloan esan gabe zeuzkan haiexek esaten zituelako hain justu, ongiegi aukeratuak ziruditen juzku, erreprotxe eta konfesio bitxiak, behiala gertatu eta bere familiari ezkutatu zizkion gauzak, benetan gertatuak edo asmatuak ote ziren beti argi ez zegoenak.

        — Noiz etorriko da Angeles?

        — Angeles?

        — Agian ez nizun esango... Gogoratzen Amsterdamera joan nintzen hartaz? Bertan ezagutu nuen nire bizitzako maitasuna: Eivissan bizi da, joan behar nuke bisitan aspaldiko partez. Eivissan kategoriako eguraldia egingo du sasoi honetan, ez hemengo euri zirina.

        Josunek, Diegoren arrebak, txorakeria gehiago ez esateko eskatu zionean, emakumezko gazte baten argazkia atera zuen Gabriel Lazkanok karteratik. Mus-desafioan ari denak bezala erretratua mahai gainera bota orduko hasi ziren amaren lantuak eta intziriak.

        Aita Amsterdamera lan bidaian noiz joan zen gogoratzen saiatu zen Diego. Baziren gutxienez hamabost urte: ikastaro bat egin zuen Holandan plagen kontrol naturalari eta zomorro izurriteak akabatzeko modu «jasangarriei» buruz. Etxean bolo-bolo erabili zuen hitz jostaria izan zen garai hartan «ekopozoia».

        — Zu ez zaude gaixo... zu zoratzen ari zara.

 

 

Soto haserre dago Gloriarekin. Epela iruditzen zaio zuzendaria. Ez nahikoa konprometitua. «Hainbeste arte eta hainbeste otxokuarto, baina gauza larriak ari dituk gertatzen, primo, eta Gloriak bizkarra ematen ziek». Oso bakanetan joaten da haiekin manifestaldietara. Eta herri honetan zerbait badago sasoi honetan, hori manifestaldiak dira: ez zitzaien Lemoizen kontrako martxara batu, ezta Bilbon abortuagatik sei urteko kartzelaldira zigortutako medikuen aldeko elkarretaratzera ere. «Babelgo bere dorre putan bizi duk, burgesen alaba burgesa», esan dio Lazkanori. «Edo are okerrago: aristokrata hutsa, burgesak gaizki bada ere, egin egiten dik zerbait». Gaur ere kargu hartu die zuzendariak, «bilera horietara» joaten direlako. «Zuek ikusiko duzue bilera horietara joan edo ez, baina proba-saioetara garaiz etorri, entzun?». «Nor uste dik dela, primo? Gure ama? Andereño Maria Pilar?».

        «Zuek gaizki bukatuko duzue».

        «Ez espero kartzelara joatea zuek ateratzera».

        «Abokatua ordaintzeko gaudek ba».

        Horiek denak bota dizkie, eta Soto erretxinduta dago. Libretoa hartu eta muturrera bota dio Gloriari, ez kontatzeko berarekin errespetatzen ez badu.

        — Nirekin hator, primo?

        Baina Lazkanok badaki momentuko beroaldia baino ez dela. Zeberiok jaso du lurretik libreto barreiatua. Lazkanok ipini ditu berriro ere dagokien hurrenkeran eszenak eta orrialdeak, banan-banan, Sotok zenbakitu gabe zeuzkan arren.

        Berak antzezlanean esaldi gutxi batzuk baino ez izanagatik, ia obra osoa dakielako buruz Diego Lazkanok.

 

 

Gabriel Lazkanok mihia askatu eta andreak eta berak ohe banatan lo egitera ez zen denbora asko pasatu. Eta heldu zen, azkenean, diagnosia. Santiago Cervera, familiaren aspaldiko lagun baten eskutik etorri zen susmoen baieztapena. Dallasko ospitale bateko memoria unitatearen buru zen Cervera aspaldian, eta Donostian pasatzen zuen udaldia baliatu zuten beste egoera batean haien lehen kontsulta izango zenaren iritzia biltzeko.

        Etiketa jartzea zen gutxienekoa. Dementzia modu bat, ez Alzheimerra zehazki. Bere garunaren diagrama koloretsuak erakutsi zizkien, batere ulertu ez zituzten test sofistikatuak.

        — Ez dizuete orain arte deus esan? Zur eta lur uzten nauzue.

        XXI. mendean sartuta jada, mediku amerikarrak etorri behar gauzak garbi uztera, marka zen gero. Galerari eusteko ez zegoen mirakulurik: ariketa fisikoa eta buru-ariketa, kontrol zorrotzak, kolore guztietako pastillak; denak har zitzan oso gainean egon beharko zuen familiak.

        — Aita zaindu, baina tarteka aita zaintzetik atseden hartu zeuon buruak zaintzeko.

        Ez zion horregatik Lazkano zaharrak Eivissa aipatzeari utzi, ezta lantzean behin Angeles balizkoaren izenarekin amari deitzeari ere. Hori, Diegori bere aitaren ahotan entzutea hain desatsegin suertatzen zitzaion fantasia sexualen eskaerekin tartekatuta beti, «noiz utziko didazu berriz zure errapeetan korritzen, Angelines?», hasierako eskandaluaren ondoren etxekoak ia normaltasunez entzun eta prozesatzera igaro ziren esaldiak, aitaren grinak zeintzuk ziren sakon ezagutzera eraman zutenak Diego, idazle batek egoerarik makurrenetik ere irakaspenenak ateratzen ikasi behar baitzuen, benetako idazlea bazen. Eta Diego ziur zegoen bere bokazioaz, nahiz eta ez zen beti horrela izan, nahiz eta buruko hainbat gela giltzaz klis-klas itxi behar izan zituen bere bokazioa zurkaiztu eta aurrera egiteko.

        Ez: bere bizitza ere ez zen erraza izan.

        Diegoren aitak pasioz besarkatzen zuen emaztea batzuetan, baina ez zen ama besarkatu nahi zuena, Angeles izeneko haren gomuta baizik. Ez zuen ulertzen zergatik egiten zion muzin andreak bere musuari. Lokartzen zenean soilik, orduan ematen zion emazteak betazaletan tximeleta-musua. Lotan zegoenean bakarrik iruditzen zitzaiolako bere lehengo senarra, bere Gabriel.

        Diego eta bere arreba saiatu ziren Angelesen arrastoren bat bilatzen. Telefono zenbakiren bat, haren izen-deitura osoak. Lagun eta lankiderik minenei erakutsi zieten argazkia, diskrezioa eskatuz. Baina inork ez zuen haren berri. Sekretua oso ondo gorde zuen, nonbait.

        Gorabehera askoren ondoren, sei hilabeteren buruan umorea aldatu zitzaion. «Gaixorik nago, ezta?», galdetzen zuen tupustean, eta gero orduak ematen zituen isilik, begirada galduta.

        Jateari uko egin eta komunera joateari utzi zionean ingresatu zuten. Handik hilabete eskasera, ospitaleko diziplina zorrotzak ezarritako azturek bere egoera apur bat orekatu zutela zirudienean, desagertu egin zen Gabriel Lazkano.

        Ohar bat utzi zuen, txundigarria bere egoeran zegoen gaixo batek idatzia izateko: «Begoña, Josune, Diego, maite zaituztet, baina orain nire bizitza egin behar dut». Emaztearen eta seme-alaben izenak, Angelesen mamuaren itzalik inondik inora ez zutenak, letra larriz eta tronpatu gabe idatzi zituen. Neurologo eta psikiatrek ez zuten ondorio garbirik atera. «Arraroa da», esan zuten, eta Lazkano gogaitzen hasi zen haien hizkuntza erregistro murritzarekin, «arraroa», ez zen hura batere hitz zientifikoa.

        Ez familiak ez Poliziak izan zuten gehiago Gabriel Lazkanoren berririk.

        Halakorik esatea krudela liteke, pentsatzea humanoa, ordea: Diego Lazkano eta bere familia, arnasarik gabeko hasperenetan eta lorik gabeko gauetan iristen ez zen telefono dei baten aiduru luzatu ziren arren hainbat astez, lasaitasunaren ifrentzu aitorrezina ere izan zen aitaren desagerpena.

        Urte asko igaro ziren Soto eta Zeberiorenaz geroztik, eta bitxia zen, hasiera batean Lazkanok ez zuen aitaren desagerpena bere garai bateko bi adiskide haienarekin lotu. Ez zitzaion burutik pasatu, molde eta era oso ezberdinean izanagatik, Soto eta Zeberio desagertu ziren bezala, bere aita ere «desagertu» egin zela. Desagertua, desagertua, desagertua... desagerpena zela bere bizitzari auskalo norantz tira egiten zion zurrunbiloaren hegia.

        Lehen bi urteetan, hiruzpalau aldiz bisitatu zuten morgea Diegok eta Josunek, txandaka. Zortzi urte geroago, heriotza deklarazio legala etorri zen, eta atseden sostenitua, petxu barruan dardara egiten zuen atseden mota bat, izenik gabekoa, matizatua, baina atsedena, finean.

        Lazkanok idazten jarraitu zuen, Josunek dantza eskolak ematen. Haien amak puskak batu eta bere buruaren puzzlea berreraiki zuen, piezak falta ziren lekuan irudimena eta ahaztura ipintzen saiatuz.

 

 

— Baina hik uste dun hau egiten dutela munduko beste teatroetan, Gloria? Hau hemen bakarrik gertatzen dun, gure herria herri anormala delako! Zortzietan euskaraz emanaldia egin eta hamarretan emanaldi bera aktore berberek gaztelaniaz? Eskizofrenia hutsa dun... Gure talentua alferrik galtzen ari gaitun, horrela ezin ditinagu gauzak ondo egin... Ezinezkoa!

        Aztoratuta dago Soto. Hizkuntza bitan lan bera egin beharrari leporatzen dio jendea hotzepel utzi duen obraren harrera eskasa.

        — Edo horrela egiten diagu edo ez duk errentagarria.

        — Bai zera, Gloria...

        — Konpainia ixtea nahi duk? Amateur gisara funtzionatzea? Frontoietan eta ikastetxeetan bakarrik?

        — Frontoietan eta ikastetxeetan emanaldirik egingo ez bagenu bezala...

        — Hik hainbeste famatzen dituan Vulpes horiek... ez al ditek leku okerragoetan jotzen?

        — Punkiak ditun ordea!

        — Gu ere bai, orduan.

        — Hi? Hi aristokrata hutsa haiz!

        — Sentitzen diat, baina hala duk.

        Eztabaida ez da berria, baina gaur gauean berriro atera da kontua hamarretako emanaldiaren ondotik, Lazkanok esaldietako bat, oharkabean, euskaraz bota duenean gaztelerazko emanaldiaren erdian. Lur jota geratu da Lazkano, nahiz eta Gloria eta gainerakoak irristadari garrantzia kentzen saiatu:

        — Jendea ez duk enteratu ere egin, Diego: egik kontu horiek behin bakarrik etortzen direla hau ikustera, abangoardiak hizkuntzak nahasten ditik, ziur zergati bat topatu diotela esaldi hori euskaraz entzuteari ere.

        Sotok ez du aukerarik galtzen:

        — Abangoardia? Ni iraintzen ari al haiz, Gloria?

        Alferrik da Diego animatzen saiatzea. Lazkanok bakarrik egon nahi du gaur eta ez da gainerako lagunekin batera joan ospatzera. Hori gutxi balitz, Idoiaren berririk gabe jarraitzen du, ez zen asteburuan antzezlana ikustera azaldu eta egunkarira deitu dion azken aldian ez diote pasatu, «bilduta» zegoelako.

        Bere lapsusaren hurrengo goizean, egunkaria erosi eta kultur orrialdeak zerk betetzen ote dituen begiratu du, Dario Foren inguruko kolaborazioa beste astebetez atzeratzearen erruduna zein ote den jakin-minez. Ezinegonak jota berripapera zabaldu, eta orrialde osoko erreportajea topatu du haren lekuan, gaztelera jatorrean idatzia: Silvio Rodríguez, la pluma y la trova. Ongi, hariak lotzen doaz apurka-apurka. Egunkaria zimur-zimur egin eta hura zakarretara bota du kiosko ondoan topatu duen lehen zaborrontzian, berripaper-saltzailearen harridurarako. Halako umekeria egin orduko damutu zaio kasketa Lazkanori, eta etxera igo aurretik berriz erosi du beste kiosko batean egunkaria. Asteak daramatza unibertsitatera joan gabe, baina bost axola. Popatik Soziologia. Asko falta da oraindik azterketetarako. Egunkaria kultur orrialdeetan berriro zabaldu eta bere ordezkoaren izena ikusi du Silvio Rodriguezi buruzko artikuluaren sinaduran: Mikel Remiro. Eskasa iruditu zaio artikulua, bost xentimoko hitz ponposoz josia, adjektiboz oka egiteraino gainezka. Silvio Rodriguez, Scorpions... musikaz zerbait jakingo du Remiro hark akaso, baina idazle negargarria da. Egiari aurre egiten saiatu da: Idoiak idazle kaxkar batengatik utzi du, batek daki ez ote duen bigarren harreman solapatu honek bera kareletik behera jaurtia izatearekin zerikusirik izan. Ez, Idoiak ez du garbi jokatu. Pozoia, harakiria, jauzi mortala, Lazkanoren buruko suizida hormonal tragikoa bere buruaz beste egiteko modu ezberdinen inguruan hausnarrean ari dela, telefonoak jo du. Ana da, antzezlaneko protagonista. Kafe bat hartzeko gera ote daitezkeen eta nola dagoen jakitearren deitzen dio.

        Ana Etxarri handia, Ana alaia, Ana zoragarria. Gizonezkoek eskuraezintzat dauzkatelako merezi adina arretarik jartzen ez dieten emakume horietakoa. Jakina kafe bat hartzeko geratuko direla. Izatez, beste ezer baino gehiago behar du kafe hori antzezlana egiten jarraitzeko indarrik batuko badu. Sei emanaldi dauzkate Bilbon hitzartuta datorren astean eta, suizidio metodo ezberdinak hausnartzen dituen bitartean, hamaika aldiz hartu eta beste hamaika aldiz geroratu du Gloriari bera ordezkatzeko eskaera egiteko deliberoa.

        Hain ezberdina da Ana Diegorekiko. Bokazio garbiko emakumea, Antzertin apuntatu denetik ez du antzerkia beste ezer buruan. Antolatzen diren ikastaro guztietan ematen du izena: mimoa, ahots lantegiak, gidoigintza, Stanislavski, katakalia, ekialdeko dantzak, esgrima... Aktore handirik aterako bada haien artetik, hala pentsatzen dute denek, Ana Etxarri da hura. Zerbaitegatik hautatu du Gloriak protagonista izateko.

        — Oroitzen Roulantek eman zigun ikastaroa?

        Keinu amaneratuekin lagundu du Lazkanok erantzuna. Lyondik asteburu bateko ikastaro trinkoa ematera etorri zitzaien Roulant profesorea erraza zen imitatzen:

        — «Oinarrizko ikasketa, c'est ça: keinuarekin marrazki bat egin eta marrazki horren barruan hitzak sartzea. Keinua eta hitzak elkarrekin joango dira une horretatik aurrera. Keinua gogoratzea aski, hitzak gogoratzeko». Baina ni ez naiz gai.

        — Saiatu egin behar.

        — Saiatzea gogorra da.

        — Horretan ez zaizu arrazoirik falta.

        Lazkano saiatu da, baina ez du lortu. Gero eta deserosoago sentitzen da oholtza gainean eta hura izan da bere azken lana Gloriaren konpainian. Bokazio hura baztertu eta ikasketetan buru-belarri sartzea erabaki du. Gainera, Diegori goizean goiz Anarekin esnatzen hasi denean esatea gustatzen zitzaion legez: bi aktore gehiegi lirateke etxe bakarrean.

 

 

Diego Lazkano zoriontsu da. Anari esker. Haren begi berde atxarolatuei esker. Aurpegia tunel zuri bilakatzen dioten ile mataza ilun, igitai alderantzikatuen eran moztuei esker. Norberak irakurri nahi dituelako elkarri oparitzen dizkioten liburuei esker. Anari erreplika ematen dio antzezlan berri bat entseatzen ari denero, eta gero pozarren ikusten du bere bizitzako emakumea estreinaldian taula gainean, distira betean.

        Elkarrekin mintzatzen direnean legez, elkar ukitzean ere aldiro diferente izan dadin saiatzen dira: laranja bat eskuekin jan ondoren elkarren aurpegia laztantzen. Berdin da hatzak hotzak egotea elkarren izterren artean, eta gero Diegoren sudurrean, hotzak eta laranja usainarekin. Ez du besterik behar.

        Kalean ikusita inbidia ematen duten bikote horietakoa dira, hain ongi daude elkarren tonura afinaturik, irribarre egiteko era bera dute: anai-arrebak bezalakoak dira, disimulatu egin behar lukete zoriona oinezko bekaiztiei nazkarik ez eragiteko. Itsatsi egin zaizkie, keinuak ez ezik, baita bestearen zoriontsu izateko arrazoiak ere, bikoiztu egin zaizkie, bienak dira lehen bakarrarenak zirenak. Gogoangarria izan da bien disko bildumak apal berean jarri eta alfabetikoki sailkatu dituzten eguna. «Ezkontzea baino lotura tinkoagoa», esan diote elkarri, Patti Labelle eta Mikel Laboa, Echo & The Bunnymen eta Errobiren diskoak bizkarrez bizkar jarri ondotik.

        «Esfera pribatua, zerbait intimoa, nirea bakarrik dena? Badut, jakina», pentsatzen du Diegok. Soto eta Zeberio lagun minen konpainia, adibidez, biena izan arren, militantzia politikoa eta haien etxean egiten dituzten bilerak eta elkarrizketak, manifestaldietako oihuak eta korrika saioak, horiek Diego Lazkanorenak bakarrik dira. Anak ere badu bere esfera pribatua. Zein? Diegok ez daki. Berea bakarrik da. Horri ez dio bereziki erreparatzen, baizik eta zoriona adierazteko daukaten modu konpartituari.

        Elkarrekin bizitzen jartzen direnean lehiatu egiten dira, nork lehenago ontziak garbituko, nork lehenago ohea egingo. Laguna ezustean harrapatzea da jolasa, eta berak egin asmo zuen lana besteak egin duela jabetzen denean haren irribarrea ikustea, eta larrutan egitea gero. Egin berri duten ohea deseginez.

        Maitemintzea hori da, hortzak garbitzea bazkaldu aurretik. Eta gero bazkaldu ez baizik eta larrua jotzea hatz guztiak erabiliz eta miazkatuz.

        Gauean kafea egiten dute eta azazkalak kafe kondarrez zikintzen dituzte. Bost axola gorputzeko zein zirritu perfumatuko duten gero kafe kondarrez hatz horiek.

        — Non ibili zara?

        — Soto eta Zeberiorenean...

        — Konspiratzen?

        — Musika entzuten...

        Dena dauka: lagunak, maitasuna. Lagunen maitasuna eta maitearen laguntasuna.

        Iluntzerako, kafearen lurrinak laranjaren enboloa desplazatu du, baina hor dago hondoan, baxu jarrai bat bezala, laranja-azalaren usaina, estridentzia gozo bat kafearen garratzari kontraoihartzun eginez.

        Beti diferente izan dadin, Idoiak erakutsi bezala koska egin dio Diegok Anari lepoan, erori da neskaren gerrikoa, botoi nakaratuek zorua kolpatu dute, azazkalek ezpaina laztandu, hatza erretenean sartu, perfumatu, makurtu, usaindu, musukatu, zurrupatu nahi dute elkar. Anaren hatz puntak uste baino lehen ukitu du Diegoren erekzioa, ez zuelako gerrikotik hain gertu aurkitzerik espero. Hatz puntekin lehenbizi eta azazkalekin laztandu dio gero. Irribarre egingo dute, beti diferente, eguna amaitzen zaien arte, egun guztiak amaitzen zaizkien arte, egunak amaituko direla dioen ebidentziari bizkarra emanez.

        Eta gero larrua joz bizkar horri eta ebidentzia horri.

 

 

Antzerki taldea desegiten hasi da apurka-apurka. Telebistak irentsi ditu aktoregaietako asko: zenbaitek magazinetako aurkezle izatea hautatu dute, bikoizketa ikastaroak egin eta euren ahotsetatik bizitzea erabaki beste batzuek, nahikoa modu burutsuan, beharbada, ahotsa baita zahardadeak higatzen duen azken gotorlekua. Aktoreak badaki talentu handia behar dela aktore izanez zahartzeko. Ez baikara denok Orson Welles.

        Edo hori edo kiloak hartu eta zuzendari bilakatzea. Xakeko pieza izatetik xake-jokalari izatera pasatzea. Bide hori hartu zuen hasieratik Gloriak. Bilbon Arte Ederrak ikasten duen bitartean burugogor jarraitu du aurrekontu gutxiko obrak produzitzen, estreinaldiak ez ikusteko bere maniarekin beti —sineskeria antzeko bat: Bulebarreko koktelerian gintonikak hartzen geratzen da estreinaldiak irauten duten bitartean, bere buruaren eta kamareroaren aurrean urduri ez dagoela antzeztera jolastuz, erlojuari begira, zigarroen azken printzarekin zigarro berriak pizten, harik eta erlojuak Antzoki Zaharreko obra amaitzear egongo dela esaten dion arte. Kontua ordaindu eta antzokira itzultzen da orduan—. Antzokitik ezkutuan alde egin eta antzokira ezkutuan itzultzea gustatzen zaio, proba-saioetan aktoreen gain-gainean egon ondoren desertzio hori baimentzen dio bere buruari. Lehen aldian ongi atera zitzaion eta errepikatu egiten du beti geroztik, gustatzen zaio antzokira itzuli ahala —obra bere azkenetan dela— butaka patioan tentsio hura arnastea, barre ozenak edo isiltasuna sumatzea antzoki barruko taberna itxiaren gunea zeharkatzean.

        «Nola doa?», galdetzen die orduan lankideei, nahiz eta alferrikakoa den galdera, Gloriak bai baitaki ordurako nola doan dena, giroan eta aktoreen aurpegietan dago jada frakasoa edo arrakasta, lortu ote duten publikoa zirraratzea edo ez, barre egin behar zuten uneetan barrerik egin ote duten, arnasari eutsi behar zioten uneetan eutsi ote dioten. Txaloak etortzen dira gero, eta Gloria aktoreen eskutik eszenatokira gonbidatzea, loreak, mimoak, musuak, eskerrik asko, haiena da meritua, aktoreena, mila esker.

        «Mainontziak dituk aktoreak, Lazkano: zaldiak orraztu beharra zagok noizean behin». Zaldiak orraztu, bai espresio ederra.

        Nork orrazten du, ordea, zaldi-trebatzailea? Sor eta lor geratu da Lazkano Gloriak Arte Ederrak amaitutakoan antzerkia utziko duela iragarri dienean. Burumakur topatu dute Sotok eta Lazkanok adiskidea, Zeberio argiak jasotzen geratu den bitartean.

        — Ez naiz uste bezain indartsua, kemen handia behar da honetarako... Nik ez dut balio.

        Paco Bueno tabernan oharkabean entzundako komentario batek erdibitu du Gloriaren moral pitzaezina. Tragedia baten mailaraino exajeratu du taberna-zuloan entzundako iruzkina. Ez da iruzkina izatera ere iristen. Bi hitz baino ez dira, izatez.

        — Hain txarra ere ez zunan izango.

        — «Antzezlana zer iruditu zaik?», galdetu ziok batek besteari. Eta honek: «Sin más». Sin más? Jode!

        Lazkanok ezin sinets dezake. Kritika onak eta txarrak «ez ditek piperrik ere ulertu» edo «hauek ez zakitek Mamet nor den ere» esanda berdin baztertzen dituen Gloria harroa, bere buruaz eta ematen duen pauso bakoitzaz hain seguru dagoen Gloria zuzendari orojakilea halako txikikeria bategatik amore ematear?

        — Ez zaidan hainbesterako ere iruditzen.

        — Hire lan bati buruz esan dezaketen gauzarik txarrena duk hori, Lazkano.

        — Bat: ez dakin nor ari zen hizketan —saiatu da Soto ere— eta zer ote dakien hark teatroaz. Bi: Handkeren eskolakoak gaitun, bost axola zaigun publikoa.

        — Ez nauk konbentzituko, Soto... uztera noak.

        — Eutsi egin behar dion —ekin dio Diegok, herabe—. Bihar beste modu batera ikusiko dun dena.

        Baina ez du beste modu batera ikusi. Gloriak zuzendutako azken antzezlana izan da. Egun batetik bestera, antzerkia zuzentzeari utzi, antzokietako giroetatik aldendu eta artista plastikoenean sartu da. Amore eman eta Bartzelonara joan da bizitzera.

 

 

Lagun min haiek, dena den, Soto eta Zeberio, ez ote zituen heriotzak eta erruak kategoria hartara igoarazi? Bere bizitzako bi lagunik onenak baino, ez ote ziren, gero eta gehiago, bere heriotzako lagunik onenak, bere etorkizuneko heriotzako lagunik onenak, bestaldean itxoiten ziotenak? Bi adiskide minen tortura eta desagerpenari, aitaren paraderoari buruzko ezjakintasuna gehitu behar zitzaion orain. Soto eta Zeberioren desagerpenak bere memorian apur bat —apur bat bakarrik— lausotzen hasi zirenean etorri zen aitarena, desagertuekiko Lazkanok sentitzen zuen ardura banatu beharrean berrindartu eta biderkatu egin zuena. Aita desagertzearekin batera, agertu egin zitzaizkion Soto eta Zeberio berriz ere Lazkanori, bere memorian ur-azaleratu, presenteago bilakatu haien falta. Haien soslaiak berdefinitu egin zitzaizkion, aspaldian ikusi gabeko argazkiei begira egon bailitzan. «Hiru gara eta hirurok gaude orain desagertuta; lehen bientzat ez da esperantzarik, hirugarrenarentzat agian bai».

        Baina hirugarrenarentzat ere, Gabriel Lazkano zaharrarentzat, gero eta esperantza gutxiago zegoen. Bigarren astean azaltzen ez bazen, hala zioten estatistikek —eta estatistikak ziren Poliziaren kortesia—, inprobablea izango zen bizirik azaltzea. Hiru desagertu esaten hasi zen bere buruari, eta geroago, hiru hildako. Orduan hasi zen arrantzaleen alargunen seta hura, behin-behineko ausentzia deklarazio legala, itsasoak hildako marinelen gorpurik bueltatzen ez zueneko ezinegon jasangaitza. Gorpua behar zuen. Haietarik bat, behintzat, izan zedila hildako presentziala, haren hezurrek ziurta zezatela istorioaren amaiera. Gorpuak esan nahi zuen nonbait zegoela hildako hori, leku jakin batean, han amaitzen zela haren istorioa, eta lekuak berak laguntzen zuela amaitzen. Deskantsua lekuak ematen zien, ez hildakoari bakarrik, familiari eta lagunei ere bai.

        Lekurik gabe ez zegoen deskantsurik, edo hura nekezagoa zen. Hilerriek heriotza hesitzen zuten, hilerririk ezean heriotza nonahi egon zitekeen, eta erotzeraino kentzen zitzaien ahaideei oinen pean zuten lurraren sostengua. Biderkatu hori hiru aldiz.

        — Harraska buxatuta dago, seme. Etortzerik bai?

        Deia amaren ohiko eskaeretatik aldentzen zen, bazuen s.o.s. eskaera baten traza, «okerreko lekura etorri nauk, Diego», haren antza. Lazkanok etxeratu orduko baieztatu ahal izan zuen susmoa.

        Libragailuarekin eman eta eman aritu ondoren destrabatu zuen hodia, dezente kostata. Ile mataza zuri luze bat zen buxaduraren eragilea. Amari begiratu zion, ile mataza berea zela ziurtatzeko. Orraztu gabe, goiz hartan bertan ile-xerlo lodia moztua zion bere buruari. Mahai gainean jarraitzen zuten guraizeek.

        — Zer egin duzu, ama?

        — Oso bakarrik sentitzen nintzen. Zu etortzea nahi nuen.

        Desesperazioa zer zen —disimulatzeko indarrik ere ez izatea—, orduan hasi zen jabetzen Lazkano. Zeure ile-xerloak moztu eta haiekin etxeko harraska buxatzea, gero semeari deitzeko. Hori zen desesperazioa.

        «Desagertuek», pentsatu zuen Lazkanok, «ez ote dute desagertu ez direnen baitan ere halako desagerpen dosi bat txertatzen?». Euren ohiko eskema, ordutegi eta portaeretatik desagertzen dira nozitutako kolpearen ondorioz. Ez da soilik ez dutela indarrik maite zuten pertsona desagertu aurretiko bizimodua berreskuratzeko, baizik eta beraiek apur bat desagertzeak, beraien portaerak eta animo egoerak apur bat mudatzeak, desagertuekiko gertuago sentiarazten dituela: «Zu desagertu aurretik alai bizi nintzen, orain triste bizi behar dut; zu desagertu aurretik kanpoan afaltzen nuen igandetan, orain etxean afaldu behar dut; zu desagertu aurretik mendian pasatzen genituen oporrak, orain kostan pasatu behar nituzke». Portaera inkontziente eta absurdoa, lehengo errutinetatik apartarazten gaituena, errutinetatik apartatzeak, ginen lekuetatik aienatzeak eta beste nonbait agertzeak, desagertua aldez edo moldez agertzea ekarriko bailuen.

        Lazkano ez zen aspaldian hain patetiko sentitu. Harrikoa egiteko eskularru arrosak soinean eta amaren ile-xerlo zuria eskuetan, harekin zer egin —zaborretara bota, komuneko zulotik, amari bueltatu— arrastorik ere ez zuela. Madarikazioak egiten ziren ile-xerloekin, maitaleei oparitu. Baina zer egin zure amaren ile-xerlo zuriarekin?

        Bai, halaxe zen, Diegoren amak agian ez zekien, baina desagertzea deliberatu zuen berak ere, eta horretarako bere burua oso-osorik ibaira bota beharrean, pixkana-pixkana harraskatik behera botatzea erabaki zuen: errazenarekin, ile-xerlo batekin hasita.

        «Han behean elkartuko gaituk, estoldetan, itsasoan, putzuan».

 

 

Diego Lazkanok AK-47 akronimoa entzun zuen lehen aldia dakar gogora. Diego Lazkanok FMLN siglak entzun zituen lehen aldia dakar gogora. Diego Lazkanok «zelula lokartua» hitzak entzun zituen lehen aldia dakar gogora. Egun berean izan zen, Zeberio eta Sotorekin batera, azken honek The Doorsen disko bat ipintzen zuelarik, ordura arte jarrita zegoen Victor Jararen kaltetan. «Ez nazazu musika horrekin torturatu», bota zion Zeberiok. Zeberiori Victor Jara gustatzen zitzaiolako, zer esaten zuten ulertzen zien kantariak gustatzen zitzaizkiolako. Ingelesez abesten zuenik ez, beraz. Yankeerik ez, beraz. «Ez nazazu musika horrekin torturatu», atzo goizean gertatu izan balitz bezala oroitzen du eta hogeita bost urte baino gehiago pasatu dira geroztik. Atzo goizean gertatu izan balitz bezala oroitzen du nola suertatu zitzaion atsegin arratsalde hartan, disko-jogailuaren orratzean pilatutako hautsari putz egiteaz batera, Soto eta Zeberioren arteko elkarrizketa hura, Sotok haiek biak Rumasaren iruzurrari eta Iran-Irak gerrari buruz leziatu ondotik, oraindik sasira igaro gabeko hiru lagun etxe batean, beldurrik gabe, etorkizuna zabal, horizontearen pare. Soto eta Zeberio, libretista eta argiztatzailea, Idoia bezala, biak ziren Diego Lazkano baino zaharragoak. Eta bera isilik egoten zen ia beti, biak miresten zituen baldintzarik gabe, irrika erreprimitu bezain entregatuarekin.

        Egunkariak Askapen Nazionalerako Farabundo Marti frontearen berri zekarren, El Salvadorren desagertzen ari ziren FMLNko gerrillariak, nekazariak, ikasleak eta are, gotzainak ere. El Salvador ez zen leku bakarra. Guatemala ere hor zegoen. Txile. Uruguai. Eta beste hainbat.

        — Errepide bazterretan uzten ditiztek haien gorpuak. Begira honi: nekazari baten burua bere seme-alabek ikasten duten eskolako patioan agertu duk.

        — Ikaragarria.

        — FMLNkoak ez dituk aingeruak: AK-47ak manejatzen ditiztek, hilketak egin eta bahiketen bidez finantzatzen ditek euren burua, baina haur jolasa duk euren bortxa, El Salvadorreko ultraeskuindarren miliziarekin alderatuz gero.

        — Eta jakingo duk milizia horiek nork instruitzen dituen, ezta, Soto?

        — Bai bazakiat, ez hadi berriro horrekin etorri: amerikarrek, nork bestela. Bell helikopteroak, M-16 errifleak... Bazakiat hori dena, baina horregatik uste baduk The Doors kendu eta Victor Jara jarriko dudala berriz, jai daukak.

        Diego Lazkanok egunkaria irakurtzen jarraitu du: 75.000 hildako El Salvadorren bakarrik, pentsatu du, Donostia erdia, eta haren ondoan hutsaren hurrengoa deritzo Euskal Herrikoari, ez zuten sekula El Salvador bezalako herrialde txiki baten odol-isurketarik jasango edo eragingo, zorionez. Ez haien eskutik. 75.000 hildako, milioi bat errefuxiatu, beste milioi bat etxerik gabe. Zenbaki handiak ziren horiek, zenbaki txikiek bihurtzen zuten euren arazoa txiki. Eskala kontua zen dena, perspektiba eta zenbaki kontua, hala zioen Sotok —eta horri ez zion Zeberiok ezezkorik esaten—, bortxaren erabilera parametro ezberdinetan neurtzen zen etxe hartan, ez zen kuestionatzen, gerra dinamika baten barruan sartzen zen dena, edozein militantek eta buruzagik onartzen zuen krudelkeria maila bat, ez zen pentsatzen ondorio partikularretan, sinboloetan baizik, sinboloak akabatzen ziren, eta ez zen sekula inoren buru lepamozturik uzten haren seme-alabek ikasten zuten eskolako patioan. Diego Lazkanok urtetan pentsatu du hori, aldatuz joan da bortxakeriaren inguruan zuen ikuspegia, baina Frantziako nekazari herrietako etxaldeetan ezkutaturik imajinatu dituen buruzagien buruetan El Salvadorreko krudelkeria eta zenbakiak beti present izango zirela uste izan du beti, jasangarri zen hildakoen kopuru bat egon zitekeela asumitzea izan zen beharbada euren akatsa, Hego Amerikako oihan bat txertatu zitzaien buruan eta oihan hartan galdu ziren, oihan hura Euskal Herria zela pentsatzera ailegatuz. Eta ez zen. Nahiz eta denon burubideak diren basotsu eta oihantsu.

        Diego Lazkanok zelula lokartua hitz elkarketa entzun zuen egun hura oroitzen du, eta nola ia atsegin eta erakargarri suertatu zitzaizkion «zelula lokartua» hitzak, sinesten zuelako lo eta ezkutuan zegoen jende horren potentzial iraultzailean, ezin irudika zezakeelako «zelula lokartu» batek deus txarrik egin zezakeenik; eta ezin zuen, baldin eta «zelula lokartu» izateari uzten ez bazion, eta orduan denetik egin zezakeen, onetik bezala txarretik. Baina «zelula lokartua» lo zegoen bitartean, zenbat amets. Horrela ikusten zuen Lazkanok, amesgaiztoen aukera burutik pasatzen ez zitzaiola, hain xalo eta hain gazte oraindik, taldeen ardura zuen gizona heldu zenean etxera.

        Ilegorria zen, orezta asko aurpegian. Oso zaharra iruditu zitzaion orduan, baina ez zituen berrogeita bost urte izango.

        Lazkano bizargea gaxteegia begitandu zitzaion eta Zeberiorekin batera jarri zuen, «zelula lokartu» bat osatzekotan, Sotorentzat «beste zeregin batzuk» izango zituela iradokiz. Izan zitezkeen beraz Lazkano eta Zeberio, heriotzak betirako elkartuko zuen bikotea, edo kasu horretan agian Zeberio eta Lazkano, ordena aldatuta. Ordea, etxetik atera aurretik Ilegorriak autoaren giltzak Lazkanori eman zizkionean, orduan aldatu ziren gauzak betirako. Lazkanok, lotsatuta, ahots hari batekin eta ia hitz egiteko indarrik gabe esan baitzuen:

        — Nik... ez daukat gidabaimenik.

        Ilegorriak zur eta lur begiratu zion Lazkanori, eta gero, Soto eta Zeberiori, «zer jende mota ekartzen didazue, ezin al zenidaten lehenago abisatu?», edo antzeko zerbait adierazten zuen begirada dudakorraz. «Ez goazak inora horrela, autorik gidatzen ez duen jendearekin zer komando eta zer zelula lokartu osatuko diagu bada?». Azkenean, ordea, errukitu egin zen Ilegorria Lazkano gaztearekin, eta bere buruz gain jaurti zizkion giltzak Sotori.

        — Arduratu hadi hi orduan, Soto.

        — Hi, hator nirekin... Legalak ere behar ditiagu.

        Lazkanok ez dauka izenik: Hi, esaten dio Ilegorriak.

        Atzo goizean jaitsi izan balitu bezala oroitzen zituen Lazkanok eskailera haiek, nola beheratu zituen banan-banan, apur bat ezkerretara okertutako koska makurrak, buruzagi ilegorriaren atzetik, gidari izateko bere ezintasunagatik elbarri inutil bat bezala sentiturik. Ez zuen bada Idoiak eramaten beti bere Minian leku guztietara? Eta orain hori ere ez, Anak ez baitzeukan gidabaimenik.

        Eta han nola doan Diego eskaileretan behera Ilegorriarekin, El Salvadorreko oihana buruan txertaturik, «legalak ere behar ditiagu», atzean uzten duena heriotza seguru bat denik batere jakin gabe, susmatu gabe gauzak artez eta zuzen egiten jakiteak ez zaituela beti salbatzen eta salba zaitzakeela batzuetan ezjakintasunak ere, jainkoek baztertu ez baizik eta hautatu egin dutela susmatu gabe, bere zeregina zein izango ote den galdetzen dion bitartean bere buruari.

 

 

Lazkanok ez zuen Gloriaren desertzioa —Bartzelonara eta arte plastikoen mundura eraman zuena— bere garaian ulertu, sasoi hartan artean deus argitaratu gabea zelako ziurrenik, baina orain, bera ere nobelagile bilakatu zenean, ondo baino hobeto konprenitu eta konpartitzen zituen haren motiboak: sin más, horixe zen zeure lan bati buruz esan zezaketen gauzarik okerrena, ez baitzion sortzaileari defentsarako zirrikitu txikienik uzten.

        Diegorekin eta Gloriarekin antzeztaldean ibilitako zenbaitek zineman probatu zuten. Ez ziren loratze labur hartan film on asko egin, baina bai etortzeko ziren urteetan baino gehiago. Espero zen loraldirik ez zen etorri. Udaberri solte bat baino ez zen izan, iritsiko ez zen uda baten promesa, sasi-udaberriaren krudelkeria eta dezepzio guztiekin. Anak ere, alderdi itzaltsurik ezagutu ez zion Lazkanoren maitasun beti diferente hark, pronostiko guztien kontra, utzi egin zuen antzerkia eta funtzionario plaza atera Donostiako Udal Liburutegian. Sara Fernandez izan zen haiekin ibilitakoen artetik aurrera jarraitu eta arrakasta lortu zuen bakanetakoa, hogeitaka urte geroago oraindik ere Bilbo, Donostia, Madril eta Bartzelonako antzokietan errespetatu eta miretsia zena. Madrildik deitu, hara joan eta handik garaiz bueltatzen jakin zuena, ez beste asko bezala buztana hanka-artean, baizik eta bertako mundillo zoldatsuak irentsia edo zokoratua izan aurretik. Biran Bartzelonan egokitzen zenetan beti hots egiten zion Gloriari, eta orduko hartan, hainbeste urteren ondoren, Diego ere bisitan zuenez, Lazkano eta hirurak elkartuak ziren Sa Cantinako mahaiaren bueltan:

        — Eta geure esperantza zuri handiarekin, zer gertatu zen?

        La bella Ines? Aspaldi utzi zuen teatroa. Sagu-tranpaz geroztik ez du ezer egin. Autopistako ordainleku batean lanean dabilela entzun dut.

        — Ez dago gaizki: sagu-tranpa batetik atera eta beste batean sartu.

        — Beti bezain putakume jarraitzen duk, Lazkano —Gloriak, adiskide ausenteaz errukituta.

        Sarak ez zuen energia amiñirik ere galdu. Dieta zorrotza zeraman eta alkoholik probatu gabe jarraitzen zuen. Diegok eta Gloriak edan zuten oso-osorik chablis botila.

        — Zerbait egin behar genuke elkarrekin.

        — Erabat ados, Sara: momentuz afaldu. Arraina ala haragia, Lazkano?

        — Ez, serio, Gloria: Lazkanoren nobela bat egokitu, zuk zuzendu eta...

        — Xehetasun txiki bat ahazten duzu: ni ez naiz jada antzerki zuzendaria eta Lazkanok gorroto du teatroa.

        — Ez dut ulertzen, Bartzelonan, hemen ezagutu behar duzun jende mordoarekin, Gloria, nolatan ez zaren teatrora sarriago joaten.

        — Ez dut azken hogeita bost urteotan antzoki bat zapaldu.

        — Ez dizut sinesten.

        — Ba sinetsi...

        — Esan egia, Sara: ez al daukazu honezkero dena ikusi duzun sentipena? —galdetu zuen zirtolari Lazkanok.

        — Ez.

        — Apartekoa zara, orduan. Nik pentsatzen nuen aktoreek eta antzerki zuzendariek ez dutela euren kolegen antzezlanik ikusten, baldin eta ez badute ikusiko dutena haiek une hartan antzezten ari direna baino askoz txarragoa den segurantzia osoa. Orduan bai, ikusten dute. Artistarentzat eguneratuta egotea baino ezinbestekoagoa da egoa sendotzea.

        — Hori miserablea da, Diego. Horrela funtzionatzen duzue nobelistek?

        — Gutxi-asko, bai.

        — Asteburu honetan biontzat sarrerak uzteko asmoa nuen.

        — Ez gaizki hartu, Sara: asko maite zaitut, baina ez naiz joango.

        — Zu ere ez, Lazkano?

        — Ni eta antzerkia... Mania hartu nion. Sufritu egiten dut: publikoagatik, aktoreengatik... Eta, batez ere, nire buruagatik, zertan engaina. Edozein anaitasun sentimendutik urrun, partaide ez naizen kolektibo baten kide pasibo sentiarazten nau besaulki errenkada gaizki atornillatuetako ilarakideak altxarazi beharrak... Ez naiz joan aspaldian ez teatrora, eta ezta manifestaldietara ere, arrazoi bertsuengatik.

        — Bada niretzat oraindik ere ez dauka parekorik... Argiak itzali eta norbait eszenatokira ilunpean sartzera doala entzuten dudanean, taula gaina nola kraskatzen den, ez dakidanean zer espero, oholtzan pausoak entzuten ditudanean obra hasi aurretik, oilo ipurdia jartzen zait. Zer esanik ez, oinez doana ni naizenean: ilunpean amildegirantz joatearen parekoa da.

        — Zorionekoa zu, inoiz amildu ez zarena.

        — Oker zaude: amildu izan naiz. Hori da onena. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea.

 

 

Militatzen hasi, Anarekin bizitzen jarri eta Soto eta Zeberioren desagerpenera arte luzatu ziren hilabete haiek bere bizitzako onenak izan zirela sinesten zuen Lazkanok. Baina adiskidetasunari gainbalioa ematen ari zen, agian. Beste bat da lagunen egia. Beste bat eta gordinagoa. Iraungi egiten dela laguntasuna. Neska-lagun ohiak izendatzeko hitz bat zegoen bezala, zerrendatik ezabatutako ex preteritoa, zergatik ez zegoen hitz bat garai batean lagun izan eta gaur egun jada ez zirenak izendatzeko? Lagun ohirik ez dago?, exlagunik ez dago? Lagun ez dena etsai izatera pasatzen da derrigor? Ez. Laguntasunaren kontrakoa ez da etsaia, ezaxolatia baizik. Ez dira traizioa edo ikuspegi ideologiko apartekoa lagunak galtzearen arrazoi nagusiak, bizitzaren higadura lausotzaile saihestezina baino. Lagunek elkar erabiltzen zuten, nerabezaroko segurtasun ezak eta mutazioak bakardadean jasatea gogorregia delako, musika banda bat bakarrik sortzea nekeza delako eta norbaitek jo behar dituelako inork nahi ez dituen baxua eta bateria, behar dugulako norbaiten babesa, ikasle-pisuak garestiegiak direlako norberak bakarrik ordaintzeko eta gurasoak lasaiago daudelako euren seme-alabak norbaiten konpainian bizi direla jakinda; modu kalkulatuan ahazten ditugun arren, arrazoi praktikoak daude beti atzean, sekula apurtuko ez direla dirudien loturak sortzen doaz horrela, ezarian-ezarian, mozkorkerian eta kirolean tristeegia delako bakardadea hogei urte dituzunean, eta garagardoa eta zenbait musika talde gustuko izatea badelako aski kidetasun gau bat eta bi gau elkarrekin solasean pasatzeko, «pakean utzi arte», kantu bat, esaldi bat aski zen orduan: «Ezin zaitut begira, gehiegi da». Gero bikoteak sortzen ziren, behiala irrikatu eta orain lagun artean txertaturik arrotz diren elementuak, lagun-taldean indar harremana aldatzen zutenak, «Ez zeok bueltarik eman behar, jazo behar dena jazo data», eta hortik aurrera, nork daki noiz eta zergatik, lausoagotzen doa dena, astean bitan elkarrekin egotetik bi astean behin egotera pasatzen zara lehenbizi, egotea gogaikarri eta berun suertatzera, egotea telefono dei batekin ordezkatzen hasten gero, telefono dei batean kontatu ezin diren zenbait gauza elkarrekin aurrez aurre zaudetenerako gordetzen, elkarrekin aurrez aurre egongo zareten egun astun hori gero eta urriago bihurtzen, elkarrekin egoten zaretenean nondik hasi ez dakizuelako topikoen zerrenda axalaz baino ez mintzatzen, elkarren berri lagunen lagunengandik izaten. Ezkontza-gonbit, bataio eta bataren eta bestearen gurasoen gaixotasunen berri baino ez jakiten hasten zarete. Poza itxuratzen. Hiletetan elkar ikusten. Samina ez sentitzen eta samin plantak egiten.

        Gero eta gehiago da lagunei esaten ez dieguna, eta gero eta gehiago da lagunek kontatzen ez digutena. Gero eta handiagoa bihurtzen da haien bizitzetako hari-mutur eskasak aintzakotzat hartuta haiek epaitzeko gure joera mizkina. Suposizio okerrekin betetzen ditugu elipsiak, adiskideen jarrerak justifikatuz edo gaitzetsiz, oker ia beti, haien egiatik gero eta urrunago, eta gure egiatik ere urrunago, geure zekenkeriatik eta miseriatik gero eta gertuago egotea ez baita norbere egiara hurbiltzeko modua. Larru bereko izan ginenok, ez dugu elkarren larrurik konpartitu nahi orain.

        Norbera bere bizitza domestikoa den lantegiaren zuzendari bilakatzeak zurrupatzen du denborarik gehiena, askotan ikusten zenituen gurasoak, gurasotasuna zer den ahaztuta, umeak etorkizunerako trebatzen, haiekin negoziotan ariko balira bezalako solasaldi ulertezinak izaten, egunen batean ume horiek, munstro horiek, aingeru horiek, salbatzaile eta hondoratzaile horiek geure bizitza euren eskuetan izango duten beldur. Haiek gainbabesten, etorkizunera bideratutako gezi txiki haien apustuan indar guztiak jarrita, hala ere; eta horrek ez zuen lekurik uzten adiskideentzat, ez zegoen astirik, eta astia zegoenean ere mugatua eta azkarra zen tartea, konpromiso hutsezkoa, «ordu laurden bat daukat», trago bakarrean edan beharreko kafea.

        Posible zen, eta posible baino askoz gehiago, oso gertagarri, behiala lagun izandakoak ezagun bihurtzea, haien jarrerak eta esamoldeak arrotz sentitzen hastea egun batean, haien izateko modua edo haiek ikusteko gure modua aldatzea, garai bateko haien umore ateraldiak ulertzeari uztea, jada ez bereiztea noiz den txantxa bat min intimo baten estalki. Bai, gertatzen zen. Lagunak ezagun bihurtzen ziren, eta denbora aski emanez gero, ezagunak ezezagun bihurtzen ziren, euren fedea eta euren denbora zeure eskuetan izateari uzten zenion. Onartu beharrean zaude orduan egia mingarria: beharbada ez zarete inoiz horren lagunak ere izan. Garagardoak eta musika talde zenbaitek mantentzen zintuzteten estekatuta, «hilotzaren hondarra karraxika».

        Lagun berriak sor daitezke tarteka, zeure ogibidearekin lotutako lagunak eskuarki, kezka eta interes berrien araberakoak gehienetan, familiatik eratorriak beste askotan, baina desagertua da garai bateko odol-itunen sentipen betierekoa, norbere eskuekin eta adiskidearen buztinezko gorputzari puska kenduta eraikitako eskultura bat bezalakoa zen leialtasunaren promesa, elkarrekin egindako barre sano eta lehiarik gabea. Eta ezin duzu inor errudun jo: zu zeu zara errudun bakarra.

        Zergatik ez onartu nerabeen arteko maitasun harreman despistatuen gisakoa dela adiskidetasuna ere: sekula ahituko ez dela dirudien indar metaketa, sekula hautsiko ez dela dirudien lotura magnetikoa, izatez eta egiaz erabat zirkunstantziala eta amaikorra. Jakina, badaude salbuespenak. Euren bezeroekin batera zahartzen diren taberna xarmantak. Elkarrekin astero egon beharrik gabe hamarraldiz hamarraldiko konplizitateari pronostiko guztien kontra eusten diotenak, eskuzabalegiak edo inkontzienteegiak direlako, edo artista itzelak, bestela: garai batean elkarri kendutako buztin pusketa harekin gauza zoragarriak egiten asmatzen dutenak lagunaren animo egoera samurtu eta hari irri eragiteko. Badira gaixotasun larri berbera edo zaletasun larri berbera konpartitzen dutenak maitale bat konpartitzen dutenen pasio berberaz, ados ez daudenean eztabaida sutsuak izaten dituztenak, bikote-harremanen antzekoak diren adiskidetasunak edo bikote-harremanak baino hobeak direnak, edo are, maitale-harremanen antzekoak edo maitale-harremanak baino hobeak, elkarri deus ezkutatu ez, edo, bederen, elkarri ezkutatzen diotena maleziaz eta kalkuluen arabera ezkutatzen ez diotenak.

        Hainbeste gauza konparti daitezke lagun batekin: bizio bat, ahultasun bat, sekretu bat. Baziren Lazkanok Gloriarekin zuena bezalako harremanak, finean, urregorria balio zutenak, bost axola zenbat denbora igarotzen zen elkarrekin hitz egin gabe, bezperan hitz egin balute bezalakoa zen beti, ez zen sekula abiatzeko hari-muturrik falta izaten. Baina salbuespenak ziren horiek, eta litekeena zen jende asko halako adiskidetasun bat berbera ere ezagutu gabe pasatzea mundualdi honetatik. Pozik behar luke Lazkanok, honenbestez. Aldiz, erabat erratzen zen agian Sotok eta Zeberiok bizirik segitu izatera haiekin Gloriarekin zuen harreman berdina izateari eutsiko ziola pentsatuta. Hildako lagunekin lehiatzea ezinezkoa baitzen, garaiezinak ziren, idealizatu egiten zenituen modu erabat irrazionalean. Gertagarriagoa zen, Soto eta Zeberio ere, bere ezagun bilakatzea lehenago edo geroago, eta ezezagun gero, exlagun, bizitzaren higadura lausotzaile eta gupidagabeak ezabatuak. Ezezagunetik ezagunera eta ezagunetik lagunera bezala, baina alderantzizko bidea eginez, difuminatuz.

        Zeberio irudika zezakeen, esate baterako, hiruzpalau neska-mutikoren aita, gauez umeak lo zeudela ziurtatzen atearen zirrikitutik, nerabeen kirol-oinetako zikinak apartatu eta garbitzen, haiekin arrantzara joaten, amukoa amuan nola jarri erakusten, irrati bat nola egin katekorratzak, bizar-xaflak eta alanbre zatia egur puska bati lotuz. Soto irudika zezakeen Euskal Pen Clubeko buru, Kurdistango kazetari eta idazle atxilotuen eskubideen alde jo eta su hitzaldiak ematen, batetik bestera, loturarik gabeko hegazti aske eta nomada, injustiziaren uzta non oparoen, bera hantxe lehen. Nork bere bizitza izango zuen, gutxitan topatuko zuten elkar, bere lagun zaharrak ikusi besterik ez zegoen, Sara Fernandez, la bella Ines eta beste hainbat... Sotok eta Lazkanok ere agian egunkarietatik baino ez zuten batak bestearen berri izango: «hara, Soto nekaezinak beste antzezlan bat idatzi dik»; «hara, bere betiko obsesioak aletzen dituen eleberri infumable horietako bat argitaratu dik Lazkanok». Spam mezu bilakatuko ziren elkarrentzat.

        «Baina zer duk spam, Diego? Azal iezaguk. Guk ez zakiagu».

        Hainbeste gauza azaldu behar izango lizkieke Soto eta Zeberiori haiek berpiztuko balira.

        Zergatik? Zergatik eta zergatik izan behar zuten gauzek horrela? Sotok eta Zeberiok norbere bizitzarik ez izanda, Lazkanori berea zurrupatu zioten eta erauzi. Edo alderantziz gertatu zen?

        Hil izan ez balituzte ere berdin-berdin desagertuko ziren biak bere bizitzatik, asko kostata bazen ere, gau zurien amaieran hori adina onartzen zion Lazkanok bere buruari. Baina hil egin zituzten, eta horrek bere buruan iltzatuta utzi zituen bizitzen, ez linbo batean baizik eta bere buruan. Bere buruko linboan. Eta ezin zituen handik atera.

 

 

Gogoan zuen Diegok nola gorritu zen Zeberio bizarreko azken ileraino Ines aurkeztu zion egunean, nola piztu eta poztu zitzaizkion begiak. Zeberio ez zen bere sentimenduak adieraztera emana, eta Lazkano hirurentzat kafea prestatzera sukaldera erretiratu zelarik, aztoratuta geratu zen Kepa neskarekin. Aitzakiaren batekin sukaldera hurbildu zitzaion aurki Lazkanori, «neska hori aktorea duk, ala?»; baietz Lazkanok, «ez al dizkiok sekula argiak jarri?», jo zion adarra, harrigarriro ausart, bera izateko. Baina Zeberio asaldatuegi zegoen txantxetarako, «zer egiten dik hemen?»; Soto ezagutu nahi zuela eta horregatik ekarri zuela etxera, isiltzen ez den neska horietakoa zela, baina ez zuela luzaro bakarrik utziko, berehala zen han kafearekin.

        — Soto non den arrastorik bai?

        Hain zen gardena, halako dezepzio aire bat sumatu baitzuen Zeberioren aurpegian Lazkanok, bost minutuz bere burua engainatu eta neska harekin aukeraren bat zuela sinestea leporatu izan balio bezala.

        Ez zuela Soto zoroaren paraderoari buruz ideiarik. «Zoroa, pailazoa», hala esaten zioten elkarri. Lazkanok hasperen egin zuen, kafea borborka ateratzen hasi zen italianaren muturretik.

        — Hik eta nik toreatu beharko diagu, orduan.

        Irrati ibiltari horietakoa zen la bella Ines. La bella deitua, ez hainbeste bere edertasunagatik, hark bere burua halakotzat zuelako baizik. Asexuatu samarra zen, nahiz eta bulartsua izateak zalantza guztiak uxatu. Aho zabalik utzi zuen Lazkano Zeberiok hexurretan zegoen neska androgino hura gustuko izateak, aho zabalik utzi eta dibertitu, bikote xelebrea osatuko baitzuketen, inondik ere, Zeberio aizkolari isilak eta Ines hitzontzi mehexkak.

        Diegok jarritako Joy Divisionen diskoa entzuten zuten bitartean kafea hartu ahala, ezagutzen ez zuen Zeberio bat deskubritu zuen Lazkanok. Han ikusten zuena faszinazioa zela esatea ez litzateke gehiegizkoa agian, Fascinus, Sotok bertan izan balitz leziatuko zien bezala, begizkoaren kontrako amuletoa baitzen, zakil tentearen formakoa.

        Bizpahiru antzerkitan baino ez zuen Inesek parte hartu artean, baina euskal telebista sortu berrian musika programa bat aurkezten zuen (telebistak gizendu egiten du, onartu beharra zegoen bazuela halako telegenia bat) eta dezente agertu zen egunkarietan sasoi hartan, Zinemaldian aurkeztu zen erdipurdiko pelikula batean protagonista izan zelako, besteak beste. Denek zuten garai hartan etorkizun oparoko aktoretzat —aktoresa, hala esaten zen oraindik—.

        — Ikusi duzue Costa-Gavrasen azkena? Ikaragarria. Biziki gomendatzen dizuet. Zinema politikoa esaten diote, zinema egitea politika egiteko modu bat ez balitz bezala, ezta? Pequeño Casinon ikusi nuen bart, nola gustatzen zaidan areto hori..., xarma du, ezta?; beste zinema aretoek baino askoz ere xarma gehiago, Savoy edo Miramar edo Amaya... ezta? Zuei zein gustatzen zaizue? Donostiako zinema-aretoak pasada bat dira...

        Lazkano isilik geratu zen, galderak egin ahala bere buruari erantzuten zizkion neska harekin ez baitzegoen jakiterik benetan noiz espero zuen ihardespena eta noiz buruaz baiezkoa egitea. Isilik geratu zen, baita ere, neskaren ahotik «ezta» bat gehiago espero eta orduko hartan esan ez zuelako —hogei zenbatu izan zizkion inoiz solilokio bakarrean—.

        Zeberiori begiratu zion Lazkanok, hizketan ausartu gabe. Beharbada orduan hartu zuen estreinakoz Diegok bere gaitasunen kontzientzia. Berak hainbeste miresten zituen Soto eta Zeberiorekin buruz buru mintzatzeko gai zela, zergatik ez, ez zegoela bere bi idoloetatik hain urrun ere, eta zertan eta nola, haiek bezain ona edo hobea izan zitekeela. Soto eta Zeberioren presentzian, Lazkanok beti uzten zien haiei lehen hitza, beti geratzen zen itzalpean, beti izan ohi zen hirugarrena erantzuten, eta zuzenean hari galdetu ezean, isilik geratuko zen gehienetan.

        — Niri Astoria gustatzen zaidan —esan zuen azkenean Zeberiok, hitz haien bila urrutira joanda.

        — Astoria ondo zagok, baina ez ditiztek hain pelikula onak jartzen.

        Lazkanok ez zuen sekula Zeberiok une hartan jarri zuen aurpegia ahaztuko: apaletsia, desengainatua. Berealdiko ahalegina egin behar izan zuen hitz haiek esateko, «Niri Astoria gustatzen zaidan», eta la bella Inesek —hura ez jabetu arren— gutxietsi egin zuen Keparen hautua.

 

 

Agian denok bizi dugu geurea ez den bizitza. Alteridadearen junkie besterik ez gara, dosiaren bila beti.

        Edo geure deitzen diogun bizitza hori geurea da zinez, baina geuretasuna erlatiboa da, imitazioz osatu dugulako eta gomutaz, ispilu jokoen bidez; geure deitzen diogun bizitza hori erreferentziala da beharbada ehuneko ehunean, mailegatutako desioen pilaketa bat gara: ez soilik umetan miretsi genituen haien, hezi gintuzten haien, imitatu ditugun filmetako protagonisten nahasketa baitezpadakoa —hori, jakina bagarela—, baizik eta baita ere, zergatik ez, miretsi, hezi eta imitatu ditugun haien desioen pilaketa, haiek benetan zerk mugitzen zituen eta zer desio izan zuten jakingo bagenu bezala, haiek zer desio izan zuten jakingo balute bezala; miretsi eta imitatu ditugun haien balizko desioen pilaketa konfusoa, beraz, geure berezko ahalbideetatik eta bokaziotik gero eta gehiago urruntzen dena eskema aurrez ezarrietan sartzeko, inposatu dizkiguten bastidoreetatik kanpo ateratzeko indarrik gabe. Imitatzen ditugun haien desioak, portaerak eta motibazioak benetan ezagutuko bagenitu bezala. Mailegatutako nortasunak sinetsi egin ditugu eta mailegatutako nortasun horiek duten balizko kapitalarekin nortasun berriak hartu maileguan, eta horri, nia deitzen diogu, baina sentimenduetara aplikatutako finantza ingeniaritza faltsua besterik ez da, iruzurra: mailegatutako nortasun bat beste nortasun berri bat maileguan hartzen, abiapuntuko aurrezki eta kapitalik gabe. Geurez eta barrutik zer desio dugun ez dakigu garbi, ez diogu sekula geure buruari galdetu.

        Noiz hasi zen hau? Beti izan da horrela? Familia erakundea eta poro guztietatik ziztatu diguten ikonografia erlijioso nahiz sexualaren indarra dira geure buruarengandik eta geure bokaziotik hainbeste urrundu izanaren errudun bakarrak? Posible ote da autentiko izatea erridikulu sentitu gabe eta gizarte arauei men eginez? Ze zerikusi du autentiko izateak norbera izatearekin? Ba ote dago hortik ihes egiteko modurik?

        Ez. Ez dago. Ez, bederen, txikota hautsi gabe, ez geure ingurunearekin haserretu gabe.

        Diego Lazkanok sinetsi nahi zuen egon behar zuela orijinaltasunera eta norbere buruaren benetako bulkadetara itzultzeko modu bat, denoi inposatu diguten nortasun estandarrari koefiziente zuzentzaile bat ezartzea posible zela, eta horretarako gorrotoa eta nazka sortzen diguten gauza horiek aztertzea zela interesgarria, horietan aztarrika egitea, disgustuko genituen lekuak bisitatu eta atzeraka eragiten ziguten pertsonekin egotera geure burua behartzea, horrela aurkitzen zelako norbere benetako nortasuna, gorroto horietan eta disgustu horietan aztarrika eginez, geure harridurarako, zerbait pizgarria eta gustukoa topatzen genuen tarteka. Eta horrek aldatu egiten zuen munduari eta mundutarrei begiratzeko gure modua. Errazagoa zen esatea, ordea, egitea baino.

        Denen kontua zen, ziur. Baina Diego Lazkanoren kasuan handiagoa zen zama, kontzientea zelako gehienentzat inkontzientea zen nortasun mailegatuen kontu hura. Bi itzalengandik hartzen zuen Diegok bazka, bi itzal haietatik elikatzen zen, bi itzal haiei utzi zien bere buruan habia egiten. Soto eta Zeberio, Zeberio eta Soto, haien ordez bizi ote zeneko sentipen hura urteetan luzatua, haien ordez bizitzea eta haiek biziko ez zutena bizitzea bere erantzukizuna balitz bezala —baina ez zen!—, bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.

 

 

Urte asko pasatu zituen Diego Lazkanok Ines ikusi gabe. Urteekin gertatzen da, garai batean egunkarietan agertzen zenak ateratzeari uzten diola, eta sasoi hartan gutxien espero genuena hasten dela agertzen. Halako zerbait gertatu zen Lazkanorekin eta Inesekin, lehenbizikoa, bere liburuen arrakasta zela kausa agertzen hasi baitzen sarri-sarri, eta Ines berriz, erabat desagertu. Zinemaldiko festa aspergarri batean topo egin zuten, non bestela, Lazkano erdi derrigortuta joan zen horietako batean. Hogeita hamar kilo eta alkohol litro asko pasatu ziren Inesen gorputzetik, eta hasieran kosta egin zitzaion hura ezagutzea.

        — Bai festa aspergarria, ezta? Gogoratzen haiz nitaz, ezta?

        Ahotsak egin zuen etengailuarena, errepikaren musikak.

        Ia-ia hanka sartu zuen, «La bella Ines!», oihukatzekotan egon baitzen Diego. Zorionez garaiz erreprimitu zen.

        — ...Ines!

        Ez ziren gaueko hamaikak, eta balantzaka ari zen jada takoien gainean. Hortzak bereak zituen, baina lekuz mugitu zitzaizkiola ematen zuen. Onartu beharra zeukan hartutako kiloak ez zirela guztiz haren kaltetan: erabat galdua zuen garai bateko itxura androginoa. Gorputza bularren mailan zegoen orain.

        Lepoan jarri zion eskua, kopa eta guzti, eta Diegok beldur izan zuen edalontziaren isurkina jakaren gainera botako ote zion.

        — Lazkano, Lazkano, zahartu gaituk ederki...

        «Hi bai behintzat», pentsatu zuen Diegok, banitateari men eginik, bere burua eskatu ez zituen iritzi desatseginetatik gotortu guran.

        — Badakik zer ezizen jarri genian antzerki taldean, ezta?

        Gotorlekua arriskuan. La bella goitizenaren jabe zen eme koitadua, berari min egiteko arma sekretu baten jabe.

        — Printze Txikia.

        — Printze Txikia?

        — Ezin diat sinetsi... Ez dik inork lehenago esan?

        Erreakzionatu beharra dauka: «Bai, jakina, baina ahaztuta neukanan».

        — Ilehoria eta xerlo kiribilekin, printze txiki bat ematen huen, umetxo bat, begi gris horiekin. Eta beti hain dotore jantzita, alkandora galtzen barruan, amatxok erositako arropekin, ezta? Haiek garaiak haiek!

        Sutu egin zen Lazkano, belarri-kopetak gori.

        — Ez dik ematen gaur gauean Ken Loach etorriko denik. Zergatik ez gaituk hi eta ni leku diskretuago batera joaten? Ez nauk hemendik urrun bizi...

        Orduan piztu zitzaion Zeberioren gomuta. Zein gustuko zuen Zeberiok Ines —«Niri Astoria gustatzen zaidan»— eta nola desagerrarazi zuten lurrazaletik laguna haren amets eta fantasietarik ia bakar bat ere gauzatuta ikusteko aukerarik eman gabe. Bai, oheratu egingo zen Ines mozkorrarekin, kosta lain kosta. Zeberiori zor zion.

        — Urduri hago, ezta?

        Urduritasuna gogo faltaren mozorroa zen kasu hartan. Inesen etxeko intsentsu usainak eta leihoetan errezel modura zintzilikatutako foulard elefantedunek ez zuten gehiegi laguntzen.

        — Lagunduko diat nik.

        Domino piezak legetxe, bata bestearen segidan erortzeko zorian ziruditen hortzei arreta inefablea jarriz musukatu zuen Inesen ahoa. Inesen hatz lakarrak sentitu zituen zakilari oratzen. Ora et labora. «Ni nire buztana banintz», pentsatu zuen Lazkanok, «korrika ihes egingo nuke esku horietatik». Baina Diego ez zen Diegoren buztana, eta hark bere kasako planak zituen, aurki jabetuko zenez.

        — Gustatzen zaik, ezta?

        «Ez gehiegi», berak bere artean. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Are gutxiago gustatu zitzaion zamalkatzen zuen bitartean «printze txiki» deitzea behin eta berriro, «hire esnea nahi diat, printze txiki» esaldia ez zen Diegoren esaldi kitzikagarrien zerrendako lehen postuetan ageri. Egongo ote zen Zeberiorenean? Derrigortua sentitu zen Inesekin oheratzen zen bitartean Zeberiorekin akordatzera, «hi ari haiz larrutan, Kepa, ala ni ari nauk baina hire ordez, hire omenez, hik egin ezin izan huena egiten diat hire partez, maite haudala erakusteko?».

        Keparen zer oroitzapen gorde ote zuen Inesek elkarrekin kafea hartu zuten aldi hartaz? Zergatik ez zion oroitzapen horri buruz Inesi galdetu, besterik gabe? Zergatik ez ziren elkarrekin une hura berregiten saiatu, kontraesanak konpartituz —«ez, hori ez zen horrela izan, sukaldean hartu genian kafea, ez salan; ez zuan Joy Division, New Order zuan»—, bien artean memoriaren iruzurrak agerian jartzen saiatuz? Horren ordez, zer eta Zeberioren aspaldiko fantasia gauzatzen saiatu zen Lazkano, foulardetako elefante eta intsentsu usainaren artean, dekadentziaren arroilan, modu erabat zentzugabean.

        Kondoiari korapiloa egin eta bertan pilatutako haziari so geratu zen Ines, akuarioko arrainak ikustea esperoko bailuen.

        Agian oraindik bazegoen zentzuzko zerbait egiteko azken aukera bat: gosaritara geratu eta Zeberiori buruz galdetu beharko lioke Inesi. Zer sentitu ote zuen hura desagertu zela jakin zuenean. Inarrosi ote zion batere barrua. Diegok ez zuen, ordea, geratzeko indarrik izan. La bella Ines lo utzi eta kostata aurkitu zuen kanporako atea, kako batetik zintzilikatutako uniforme urdinak tapatzen zuena: Bidegi errepide-ordainlekuko uniformea zen, gizonezkoarena. Diegok nahiago izan zuen haren jabeari buruz deus ez pentsatu.

        Hori da onena. Amiltzeko arriskua, eta berriro ere amiltzeko aukera izango duzula jakitea.

 

 

Fabian eta Fabian dira. Fabian esaten diote elkarri kapusaiaren petik. Komedianteak balira bezala.

        — ¿Te gusta el teatro, verdad? A Fabián también le gusta... Él es muy teatrero, ¿sabes? Lo suyo era el escenario, pero lo tuvo que dejar porque no le daba para vivir. Ahora es él quien se encarga del reparto.

        — ¿Te haces cargo de lo que quiere decir que soy yo quien reparte?

        Diegori argazki sorta bat erakutsi diote bi gizon kapusaidunek.

        — Ezagutzen duk hau?

        Lotuta dagoen aulkiko hankari ostikoak ematen dizkiote galdera bakoitzarekin aulkia balantzaraziz, ez lurrera erortzeko adina indarrez, hala ere. Bai, ordea, aulkian eserita dagoena apurka-apurka zorabiatzen joateko moduan.

        — Ezagutzen duk hau?

        Diegok ez du argazkietako inor ezagutzen, eta egia esaten du: arrastorik ere ez daukala. Hori esaten duen bakoitzeko, ordea, sabelean ukabilkatzen du batek, besteak sorbaldan atximur samur erabat nahasgarria egitearekin batera aulki-bizkarrari eusten dion bitartean.

        Hain gaizki ari da sentitzen, argazki sorta hartan norbait ezaguna ikusteko irrikaz baitago. «Ager dadila norbait, baiezkoa esango dizuet, ezagutzen dudala. Baina ager dadila norbait ezaguna, jainkoarren».

        Azkenean norbait: ez komandokidea, ez militantzian sartutako inor, Herrerako kinki bat baizik, dosia ziztatzeko alpargata-denda bat lapurtzeko gai izan zen gizagaixo desesperatu bat, denek ezagutzen zutena. Bere txanda iritsi dela iruditu zaio Diegori.

        — Hau bai, ezagutzen dut.

        Bat ez, bi ukabilkada eman dizkiote oraingoan sabelean, eta, harrigarriago, eskuarki sorbaldan atximur samurra egiten dion gizonak zakar jo dio esku ahurraz kokotean.

        — Adarra jotzen, ala? Hori denok ezagutzen diagu.

        Orduan hasi da Diego Lazkano torturaren mekanika ulertzen: logikarik ezean oinarritzen da galdetegia, torturatuak hurrengo pausoa eta hurrengo erreakzioa zein izango den sekula ez jakitean datza kontua. Zure nortasuna ezabatzen dute horrela, kirioak airean jarri eta dena izu eta dena noraez uzten zaituzte, eta orduan, beraien esku eta menera erabat, konfesioa bihurtzen da seko burutik ez egiteko bide bakar. Ez duzu lagunak salatzea beste biderik ikusten, eta zeure burua gorrotatzen baduzu ere, hain besterendua eta nortasunik gabea da une hartan gorrotatzen duzun zeu itxuragabetu hori, beste norbait gorrotatzearen parekoa baita. Beste norbait, zugana intimoki lotua, baina zu ez zarena.

        Azazkalen azpietan orratzak jarri dizkiote.

        — Aplikatuko diogu Boger kolunpioa, Fabian?

        — Atzerriko teknika bat? Ez, Boger kolunpioa ez...

        Lazkanok Boger kolunpioa zer den ideiarik ere ez dauka. Odola dario azazkalen petik. Como una Ola jarri diote irrati-kasetean, topera, Rocio Juradoren ahotsean. «Ez nazazu musika horrekin torturatu».

        Kantari hasi da Fabian:

        — «Fui tan feliz en tus brazos, fui tan feliz en tu puerto...».

        — Él es muy teatrero, ¿sabes?

        Ezpainen eta hortzen artean metal puska sartu eta muturreko bat eman diote. Lurrera tu egindakoan ikusi du Francoren irudia duen txanpon bat dela, «sentí en mis labios tus labios de amapola, como una ola».

        «Ez nazazue askatu», pentsatzen du Lazkanok, «panpina izaten segitu behar badut, segituko dut, baina nahiago dut zuen eskuetan eta eskumuturrak lotuta, ez nazazue eskuburdinak askatuz saritu, dakidan guztia esan ondoren ere segitu ezazue ni limoi-azal bat bezala zukutzen, nitaz ezer geratzen ez den arte, arren. Txikitu nazazue. Merezi dut».

        Ahuspez etzanarazi eta aulkiaren hanketako bat jarri diote belaun atzean. Gero, aulki gainean eseri da haietako bat. Oin zolak zulatu eta erre dizkiote. Tenazekin oineko hatz txikia zanpatu diotenean esan du. Ez du gehiago itxoin. Ez diote Boger kolunpioa aplikatu behar izan. Aplikatu edo praktikatu? Batek daki.

        — Moulinaou karrikan —esan du.

        — ¿Dónde hostias está eso?

        — Angelun.

        Sototik komisaldegiko bulegoetara aterako dutela espero du Lazkanok, bere xaloan. Ez daude, ordea, komisaldegiko ziegan, beste nonbait baizik. Ohartu behar zuen horretaz, baina haluzinatuegi dago xehetasun horietaz jabetzeko, gertaera zoro haiei denbora bat eta espazio bat eransteko. Etxalde handi eta apartatu bat, kalean hotsik ez: ez auto, ez ezer. Muino batean egotearen traza du eraikinak. Txoriak bakarrik, txoriak ari dira han kanpoan kantari, ezaxola. Eskailera haiek igotakoan, leiho handi bat ikusi du eta leihora hurbildu ahala besoetatik lotuta daramaten bi gizonek, Fabian eta Fabian, ukondoetatik estu dakartenek, apur bat presioa lasatu dutela iruditu zaio, leihora hurbildu ahala bere buruaz beste egiteko aukera emango baliote bezala, hala bururatu zaio, «jauzi egin ezak leihotik eta erredimitu heure traizioa potrorik badaukak»; bai, gonbita da, panpina izateari utziko dio, traidore izateari utziko dio, jauzi bat eta bere buruari sekula gehiago ispiluan begiratu beharrik ez, leihoa zabalik dago, handik dator txorien kantua, «egin jauzi Lazkano, animo, ez hadi hain koldarra izan, txoriek eskatzen ditek eta, erakuts ezak orain lehenago izan ez duan adorea. Egik hegaz».

        Eta hala egin du Lazkanok.

        Bere bi zaindariek utzi egin diote joaten —ongi daki, haien gonbita izan da, orain ez dauka dudarik—, sorbalda bastidorean bermatuz jauzi egin du leihotik, begiak itxita. Bizkarrez erori da garo artera, aurki ikusi ditu Fabian eta Fabian leihoan barrez, apenas erori den metro eta erdi, «tortura amaitua zelakoan Lazkano? Ez, horratik, hire suizidio ahalegin patetikoa ere pentsatuta zegoan, hire nortasuna birrintzeko azken koska baino ez duk izan» —azkena? Ziur ezetz... show must go on!—.

        — Ikusten duk, Fabian?

        — Ez nian uste ausartuko zenik. Hala ere, ez dik jauzi egindakoan oihurik egin... «Gora Euskadi askatuta» edo halako aldarriren bat espero nian nik.

        Fabian gizenak apustu egindako hogei duroko hiru billete marroixkak luzatu dizkio Fabian altuari, oso teatreroa omen denari. Bi metroko luzera apenas duen leihotik atera dira biak. Zutitzen lagundu dioten bi gizon kapusaidunei gehiago ez begiratzea erabaki du Lazkano apaletsiak. Gero, atxilotuak gehiegi ikusi duela erabaki balute bezala, berari jarri diote antifaz beltz itsua, autoko maletategian sarrarazi aitzin. Han egon da arratsalde osoan. Ez dute autoa lekutik mugitu. Kanpoan freskoago da askoz ere, maletategitik atera eta atzera lehengo ziegara eraman dutenean.

        Soto eta Zeberioren oihuen oihartzunak entzun uste ditu ondoko korridoreetan.

        — Ezagutzen dituk hire lagunen oihuak?

        Harrapatu dituzte. Moulinaou karrikan. Angelun.

        Zalantzarik gabe, haiek dira. Zeberioren ahots grabea egiten zaio bereziki deigarri, hain ohitua zegoen haren isiltasunera eta diskreziora. Xuxurlatuak eta ahapekakoak ez beste edonolakoak dira haren uluak.

        Azkenean, Diego libre utziko dute. Pentsatu modu honetan: batzuetan mendeku bat izan liteke besteak atxikita dauzkaten bitartean zu libre uztea.

        — Ez diguk ezer askotarako balio izan, baina tira. Antzerki talde batean ibilia haizelako eta nire lagun Fabiani antzerkia gustatzen zaiolako, utzi egingo haugu.

        Diego esatekotan egon da berak gorroto duela antzerkia, Soto dela benetan antzerkia gustatzen zaiona, baina ez du halakorik egin. Txintik esan gabe geratu da.

        — Lehenbizi mesede bat egingo dizugu, ordea.

        Fabianek labana atera du.

 

 

Ezustean harrapatu zuen Lazkano Idoiaren deiak. Angelutik Lillera eta Lilletik Donostiara bueltatu zenetik ez zuen haren berririk. Anaren berriak, zeharka bakarrik izaten zituen, tarteka: bi ume zituela eta liburutegian jarraitzen zuela lanean, baina bulegoetan. Jefeetakoa zela. Larratxon-edo bizi zen eta ez zuen hirian inoiz ikusten, haren begi berde atxarolatuekin eta hogei urteko gorputz orbangabearekin goizero akordatzen zen arren. Maite zuen oraindik, koldarki ihes egin diozun zorion ukigabe bat soilik maita daitekeen eran.

        — Elkarrizketa bat egin nahi nizuke...

        Nola aldatzen diren gauzak, kamarada: Egin utzi eta El Mundoren Bilboko delegazioan hasia zen lanean Idoia.

        Haien bigarren bizitzako kafetegi bat aukeratu beharrean —lagun bilakatu zirenekoa—, haien lehen bizitzako bat hautatu zuten —bikote izan zirenekoa—. Elkarrizketaren ondoren garagardo bana hartzen geratu dira Barandiaranen, gustura. Badute elkarri zer kontatu. Idoiaren amak minbizia dauka, ertza jiratzeko ordua dela erakusten ari zaie bizitza.

        Ironia krudela: bere amak ere baduela aitortu dio Diegok, duela bi hilabete jakin zutela. Eta aita desagertu egin zela sekula berriz ez agertzeko, dementziak jota. Bien artean ezustean sortu den komunio berri horrekin harrituta, «baizea, zer esaten didazu?» zintzo bat atera zaio Idoiari Diego beste garai batera eraman duen aho biribil, zoragarritik. Gaztetatik izan du ahots polita, antzerki taldean sartzeko erreguei entzungor egin zien arren beti. Beste garagardo bat eskatu dute, gurasoen tumoreen gaiztotasun gradu eta sendatzeko aukeren portzentajeez, elikadura aldaketen onurez, jaki gorrien desegokiaz eta bestelakoez hizketan. Asko dakite gaiari buruz. Idoiak Diegok baino gehiago, eta hori ez da seinale ona Idoiaren amarentzat, ebatzi du Diegok. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta larriagoa gaixotasuna.

        «Idoia ez da urteotan batere aldatu, ez behintzat ni adina, eta hori ez da berri ona niretzat», ebatzi du segidan Diegok.

        — Ez nuen uste gaixotasunak zenbakiekin hainbeste zerikusi zuenik. Dena dira indizeak.

        — Zenbakiek lasaitu egiten dute jendea.

        — Jendea ez dakit, baina medikuak ikaragarri.

        Gurasoen gaixotasunak. Seinale bat: ez dira urte asko pasatuko gure gaixotasun bihur daitezen. Garaiz gauden bitartean esan beharko genizkioke elkarri behiala isilik utzitakoak, damurik eta konplexurik gabe —adibidez: «Mindu egin ninduen zure nirekiko indiferentzia sor, gogor plantako hark, Dario Fori buruzko nire artikulua atzeratzeak»—. Esan behar lioke: «Maite nuen zure lepoari kosk egitea, oheratu beharko genukeela iradokitzeko zure modua, ohean nola itxoiten zenidan biluzik eta irribarrez, nola urratzen eta laztantzen zenuen horma begiak itxita nire aurpegian eseri eta uzkia nire ahoari eskaintzen zenionean, damu dut goiz gehiagotan zurekin ez esnatu izana». Baina damurik ezetz esan dugu. Elkarrekin zer edo zer izan dezaketen iradokizunaren amurik ere ez. Ez damu eta ez amu, beraz. Hikara pasatzea erabaki du Lazkanok, garai zaharrengatik:

        — Remirorekin segitzen dun?

        Mikel Remiro. Silvio Rodriguez. La pluma y la trova.

        Bost zenbakia egin du eskuaz ezkon-eraztuna erakusteko, apur bat etsita. Hala iruditu zaio Diego Lazkanori.

        Seme-alabarik ez daukatela esan dio: saiatu dira, baina ez dira haurdun geratu. «Mikelek ezin du». Adopzioan pentsatzen ari dira orain. Txina, Ukraina, Maroko. Haginlariarekin kontsulta zeukan bostetan Lazkanok, baina ez dio ezer esan. Ez du hitzordua bertan behera uzteko deitu ere egin. Euria hasi du kanpoan eta gustura daude lehorrean, goraino bete da kafetegia, ikusleak dituzte orain, giroa ez da batere intimoa, denen bistara daude. Hau da unea, elkar agurtu behar lukete eta onena —txarrena— opatu elkarren amen barruko zomorro errizomatikoen bilakaerari. Baina ez dute nahi. Solasean jarraitzeko, ordea, hitz egin ezin diren gauzei buruz hizketan hasi beharko lukete, eta hori ere ez dute nahi. Dagoeneko aletu dituzte lagun zaharren kurrikuloak, haietako zenbaiten lehen dibortzioak eta banantzeak —enfasi berezia hemen, «asko gara frakasatzen dugunak»—, garai zaharretako tabernen izen eta giro aldaketak, eta are, haien garaian normalean mintzagai izaten ez zuten politika ere astindu dute. Berriro daude hasieran.

        — Gogorra izan zen Soto eta Zeberiorena.

        «Gogorra izan da, gogorra izaten ari da», pentsatu du Lazkanok. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        Gauza asko esan nahi lizkioke Diegok garai bateko lagun galduari («ahul nago, ahul gaude biok», ahul gaudenean esaten ditugun gauzak), baina badaki zenbait kontu intimo esateko giro are intimoagoa behar dela, eta mundutik kanpo legokeen gela zuri bateko ohean, izara guztiak zuri eta biak biluzik, egoera hartan bakarrik esan ahalko lizkiokeela buruan dauzkan hortik aurrerako gehienak. Galdera asko egin nahi lizkioke eta galdera asko egiteko eskatu. Zintzoki erantzuteko denak elkarri, enbor moztuan eraztunak zenbatzen dituenak bezala bizkarrezurra ornoz orno hatzaz laztantzen diotelarik batak besteari, batzuetan elkarri begiratuz, biluzik eta gela zuri batean, zenbat zahartu diren ziurtatzeko elkar zelatatuz, eta hurrena, psikoterapia bezala, mingarriegiak diren zenbait gauza elkarri esanez, are mingarriago izan daitezkeen beste zenbait elkarri ez esatea erabakiz.

        Lazkanoren etxean gauzatu da elkarrizketa: Diego Idoiaren gainean etzanda, puzten ari zaion zakila neskaren ipur-ildoan geldirik, eta Idoia esku biak kokotsean bilduta, ile kaobaz tindatua mataza luzean bizkarrean behera goma batez lotua, behiala garçon erara moztutakoaren arrastorik ez, leihorantz begira biak eta ez elkarri zuzenean begietara. Dena zuri den gela batean biak biluzik. Biak gela horretatik kanpoko mundu malerusa leun deitoratuz.

        Esan nahi lioke eta esan egiten dio: «Ezagutzen ez nituen plazer eta bideak ikasi nitinan hiri esker». Esan nahi lioke eta esan egiten dio: «Oroitzapen onak bakarrik geratzen zaizkidan hitaz». Esan nahi lioke eta esan egiten dio: «Sasoia ez alferrik galdu izana zor dinat». Esan nahi lioke eta esan egiten dio: «Badun desio funtzional bat, badun funtzionatzen laguntzen digun desioaren eraikuntza bat eta hik parte hartu dun nire desio funtzional horren eraikuntzan. Inportantea haiz niretzat, azken urteotan batere ikusi ez haudan arren. Edo inportantea dun desio funtzional hori».

        Esan nahi lizkioke eta esan egiten dizkio, baina une batean gauza haietako asko Idoiari barik Anari esan behar lizkiokeela, horrexek zeharkatzen dio gogoa.

        — Ez diat ezer berririk esaten baina, garden bagina, gure pentsamendu guztiak besteen eskura baleude, denok infernuan geundeke eta lotsatu zoriontsu batzuk ginateke... edo zoriontsu lotsati batzuk, ez zakiat... —esan dio Idoiak—. Zoriontsuak eta kriminalak —erantsi du gero.

        — Heuk ematen dun idazlea —erantzun dio Diegok. Ahozko ping-pongean ona izaten jarraitzen du.

        «Gizon mentolatuak gustuko izan gabe jarraitzen ote du?». Hunkitu egin da Lazkano, hunkitu egin dute Idoia Diegoren malkoek. Nola pitzatzen gaituen denborak. ¿Te molesta mi amor?

        «Hire kanta-hornitzailea izan nahi dinat berriz...».

        Lagunak balira bezala agurtu behar zuten elkar Barandiaran kafetegian, elkarrizketa haiek eta oheko konfidentzia haiek saihestu, berehala eseriko ziren haiek libre utzitako mahaian bikote gazte irrikatsuak, maitasunaz hitz eginda anakroniko sentituko ez zirenak... Lagunak balira bezala agurtu behar zuten elkar, baina ez ziren lagun: maitale izandakoak ziren, elkarren berri izateari utzi ziotenak, gurasoak gaixorik zituztenak, kafe bat hartu zutenak gai batzuk saihestuz eta beste batzuetara tentuz hurbilduz, belarrira elkarri zenbait gauza xuxurlatu eta elkar biluztu zutenak baldarki udako gauetan, kanpoko euritara atera bezain pronto euria haiek baino gutxiago zahartu zela ohartuko zirenak berehala, ez zutenak borondaterik norbere bizitzara besterik gabe bueltatzeko.

        Nekatuegi zeuden, elkarren gainean biluzik etzateko desioari ametorik ez emateko.

 

 

Luze gabe, bere gauzak hartu eta Diegoren etxera etorri zen Idoia. Ekarri zuen ekipajea harrigarriro urria iruditu zitzaion hasieran Lazkanori. Denboragarrenera ulertu zuen bere senarrari utzi ziola dena, errudun-edo sentitzen zela hura abandonatu izanaz eta halako alarguntasun itxuratu bat laga ziola konpentsazio bezala, «ni ez naiz zurekin egongo, baina elkarrekin genituen gauza guztiek bere horretan iraungo dute zurekin, objektuak eta oroigarriak, elkarrekin erosiak edo ez, praktikoak zein sinbolikoak, denak lehengo etxean, zuk ikusi zer egin haiekin». Ez soilik zen elkarbizitza luzearen apurketaz eta haustura sentimentalaz haraindiko arazo gehiago ez sortzeko borondatea, baizik eta baita Diego Lazkanorekiko entrega erabatekoa ere, pentsatu nahi zuen azken honek, bien artekoa gaizki ateraz gero ezer gabe geratuko baitzen Idoia, eta Diegoren bizitza materiala ere konpartitu nahi izatea, haren sukaldeko gailuak eta izarak, haren sofarako mantak eta terrazako aulkiak, haren azazkalak mozteko guraizeak eta haren ile-lehorgailua —hau bai, zerbait definitiboa zen—, zion maitasun baldintzagabearen seinaletzat jotzen zuen: esan nahi balu bezala, «sinesten diat harreman honetan, itsu-itsuan sinetsi ere, hi haiz nire bizitzako apustua, ez zagok nire buruan gure artekoak huts egin eta pitzatzeko aukera mendreenarentzat lekurik, ez zagok B planik».

        Eta ondo joan ziren gauzak lehen hilabeteetan, Idoia egokitu zen habitat berrira, Diegoren ordutegi bitxietara —gauez lan egiten zuen beti—, haren eskritorioa eta lantokia giltzaz ixteko neurosi ulergaitzera, hasieran interesgarri, gero barregarri eta azkenean amorragarri bilakatuko zitzaion sekretismo gehiegizkora, haren umore aldaketa aurreikusi ezinezkoetara, seme-alabarik ez izateko bere arrazoibide bihurrietara («gene kaxkarrak ditinat, zuhaitz genealogikoari azkena emateko garaia dun»).

        Xehetasun guztiekin azaldu zion Diegok Idoiari, aurrez inori hain garbi sekula esan ez ziona, bere ahotik irten ahala bera ere harrituz: nola eta noiz egin zizkioten marka haiek, «lehenbizi mesede bat egingo dizugu», Soto eta Zeberio Moulinaou karrikan zeudela aitortu ostean —«¿Dónde hostias está eso?»; «Angelun»—, orduan, jada esan beharrekoak esanda eta torturatzaileek jakin nahi zutena jakinda zegoenean, bere buruaz beste egiten saiatu zenean, orduan eta ez lehenago jarri zizkioten hizki haiek, poliziak berak ez, baizik eta bere kideek ezarriko zioten izenondoa gomutara ekarriz: ez zuten terrorista, bahitzaile edo hiltzaile izendatzen Diego, ez zizkioten GAL inizialak jartzen, ez, egia izkiriatzen zioten. Torturapean, bai, baina salatu egin zituen bere kideetako bi, zer eta benetakoak iritsi ez zirelako jostailuzko armekin banku sukurtsal bat lapurtu zutelako sasian zeudenak, krimenerako eta damurako kimu berriegiak zirenak oraindik, biak bera baino zaharragoak izanagatik zelula lokartuegi oraindik.

        Soto izan balitz harrapatu zutena eta ez bera, salatuko ote zituen Zeberio eta Lazkano? Hori ez zuen inoiz jakingo.

        — ¡Con be, no, ignorante! ¡Es con uve!

        Huraxe entzun zuenean oraindik ezin imajina zezakeen zertan ari zitzaizkion han bizkarrean, azazkalak eta oinetako zolak sartu zizkioten orratz txikiengatik minbera oraindik, zolan ez delako nonbait markarik geratzen, primateengandik jaso dugulako oinen pean arantzak zapaldu eta aurrerantz segitzeko gaitasun hori. Eta Lazkanoren bizkar fartsa hura. Bietako batek hitz hura bez idazten zela uste ote zuen benetan? Ez zen ezinezkoa ere, nahiz eta une hartan pairamen hura guztia bere garuna birrintzeko estrategia neurtua begitandu zitzaion, hainbestetan errepikatua eta funtzionatzen zuena, bai funtzionatu ere, Fabian eta Fabian tatuatzen ari zitzaizkion hitz hura zein zen ezin atzemateak eragiten zion sufrikarioa ez baitzen oinen pean eta azazkalen pean zituen ebakiena baino txikiago, «zertan ari dituk, zein hitz idazten duk bada uverekin eta ez berekin?».

        — Qué más dará, la dejamos con be.

        Hara hor, polizia zintzo eta polizia gaiztoaren sailkapen topikoaz haraindiko beste bat: alfabetatu gabea eta alfabetatua.

        Bizkarrean eraman behar izan zuen beraz sor-marka, ispiluan hainbestetan begiratu zuena, inori erakustera ausartzen ez zena, epaitegietara eramateko lotsagarriegia (total, norbere buruari eragindakoak ei ziren halako zauriak, epai bat baino gehiago emanak ziren zentzu horretan).

        Hitz hura. Chibato. Ortografia akats eta guzti. Egia zelako. Torturapean izanagatik bi lagun salatu zituelako —«Moulinaou karrikan»; «Angelun»—. Bi lagun horietako baten ordez berak egon behar zuelako. Ez zeukalako gidatzeko baimenik. Gidatzeko baimenik ez izateak aldatu zuelako bere hasierako zeregina, nozitu zuena baino tortura gogorragoak jasatera eta heriotzara eramango zuena.

        Idoiari kontatu ez ziona, jakina, libre utzi zutenean egin zuena izan zen. Nola joan zen Angelura eta nola topatu zuen Soto eta Zeberio ezkutatzen zireneko Moulinaou karrikako etxea erdi hutsik, eta nola topatu zituen apopilo zeuzkaten etxearen jabeak kezkatuta, eta nola Ilegorria ondoko bistro batean atezuan zegoen, fidagaitz, berarengana hurbildu gabe, eta nola, Sotoren paranoia gogoan, haren gelan bakarrik geratu zenean hura goitik behera miatu zuen, Faulknerren liburua aurkituz, Mientras agonizo, eta izokin koloreko karpeta, eta bertan Sotoren orijinal mekanografiatu guztiak, inork ez atzemateko moduan ezkutatuta manta baten azpian, negurako tapakien artean gozo, armairuaren goiko aldean.

        Eta Idoiak, letra haien aztarrenik ez zen arren aspaldian Diegoren bizkarrean, ikusi egiten zuen, ikusi egiten zuen chibato hura, eta salataria ere ikusten zuen. Bere burua hain modu errazean Diegoren besoetan erortzen utzi izanaz damutzen hasi zen orduan pixka bat, nahiz eta bazekien ez zeukala horretarako eskubiderik, ez zela Diego errudun, bazuela nahikoa lan eta tormentu, urte haietan guztietan bere insomnioarekin larrutik ordaindua zuela ordaindu beharrekoa, bera torturatu zutenak libre ibiliko zirenean kaleetan barrena, handik ez oso urruti agian, galoirik galdu gabe eta dominaren bat irabazita akaso aberriari egindako zerbitzu eskergaitzak medio.

 

 

Lanean gero eta okerrago zegoen Idoia. Asko kexatzen zen, bereziki, irratirako kolaborazioak eskatzen hasi zitzaizkionetik. «Kazetaritza integrala». Batere erreparorik gabe ari ziren langileak ustiatzen.

        — Zer zion zuen estatutuak? Ziur eskatzen dizuetena ez dela legezkoa...

        «Hain erraza balitz», Idoiak bere artean. Egiaz, apenas elkar ikusten zuten: Idoia etxera iristean lanean izaten zen Diego bulegoan giltzapetuta, idazten. Bakarrik afaltzen zuen. Diego oheratzerako izaten ziren goizeko seiak edo zazpiak. Ordubete elkarrekin ohean egin orduko jaikitzen zen Idoia autobusa hartu eta lanera abiatzeko. Modu sonanbuloan baino ezin larrutan egin horrela.

        Asteburuetan egoten ziren soilik elkarrekin, eta orduan ere ez ganora handiz: El Mundo baztertu eta Berria irakurtzen zuen Diegok eguerdian, modu iraingarri samarrean Idoiak lan egiten zuen berripapera baztertuz. Diegok pomelo ura eta kafea hartzen zituen bitartean —bere gosaria—, bazkari legea egiten zuen Idoiak. Horretan ere ezin bat etorri. Aldebiko jet lag etengabea zen haien artekoa.

        — Egunkaria uztea pentsatzen ari nauk.

        — Utzi bada... Diru arazorik ez dinagu.

        — Ez diat utziko beste zerbait izan arte.

        — Lana lortuko dinat irakurle bezala, nahi badun... interesatzen zain?

        — Irakurle bezala?

        — Fedek beti behar izaten ditin irakurleak argitaletxean... Ez zioten ezer irauten, badakin zein erretxina den. Probatzeagatik...

        — Txostenak egiten dituzten irakurleak?

        — Ez zehazki, ikusmen arazoak zauzkan: ozenki irakur diezaion norbait behar din. Hire ahotsarekin, nik uste...

        Fede Epelde, Diegoren editorea. Hirurogei urteko triperre sibarita. Ez, eskerrik asko. Harekin lan egin baino, nahiago zuen orain arte bezala jarraitu.

 

 

Ez ziren hilabete asko igaro harreman hil bat harreman pizgarri batekin trukatu eta harreman pizgarri hura ere Idoiari gainbeheran hasi zitzaion arte. Gehiegi pentsatu gabe utzi zuen senarra, ez zitzaion hura uztea kostatu, pauso hura goiz edo berandu eman behar zuen seinale. Baina horrek ez zituen, inondik ere, hasitako harreman berriaren pitzaezintasuna eta iraunkortasuna bermatzen. Izatez, laster itzali zen txinparta. Jeloskorra zen Diego munduan jeloskorrik bazen. Idoiaren elkarrizketatu guztietan ikusten zuen arerio potentzial bat. Politika munduko jende mengela izan ohi zen batez ere, Idoia aspertu egiten zuen jendea, baina elkarrizketatua elkarrizketatzailearen lepotik luzitzen zela iruditzen zitzaion Diegori beti, paranoiaren atarian. Kontuak okerrera egin zuen kultura saila berrindartu eta berriro ere, Idoiaren aspaldiko ilusio-gogoak berpiztuz, dantzari, antzezle eta idazleak elkarrizketatzen hasi zenean tarteka. Denak ziren mediokreak Diegoren iritziz, bigarren eskuko artistak, ezer egin gabe diru-laguntza publikoetatik bizi ziren parasitoak. Horregatik eman zion atentzioa, Txema Santamaria elkarrizketatu zuen egunean, Diegok harentzat hitz gozoak baino ez izateak.

        — Hori bai tipo interesgarria. Lehen lerroan dabiltzan izar usteko askoren ondoan, ondo amueblatuta zaukan burua.

        Harritu egin zen Idoia, besteak beste, aspaldi hartan ezertan bat etortzen ez zirelako, eta behingoagatik, Idoia ere ados zegoelako, jaiotzatiko seduktore begitandu zitzaiolako Santamaria, ideiak oso garbi zituena, egiten zuena gutxiengo batentzat egiten zuela oso garbi zeukan argazkilaria zelako, Ilford markako karreteak etxean lege zaharrera errebelatzen zituen retro konbentzitua, kopia gutxi egin zale, egunkarietan ezagutu zituen argazkilari guztiekiko hain ezberdin, inork zapaldu gabeko elurraren bila beti.

        Harritu egin zen Idoia Diegoren iruzkinarekin, eta areago inarrosi zuen Lazkanok Txema adiskide min zuela jakiteak, gutxi egoten zirela aspaldiko urteotan, bere lehen libururako argazkia berak atera ziola, «inoiz atera didaten erretraturik onena». Idoiak arrazoia eman beste aukerarik ez zuen izan: ederra zen argazkia, argi-itzaletan aterea, irauteko egiten diren horietakoa. Antzerki taldeari egindako erretratuak erakutsi zizkion gero: Zeberio foku baten entxufea bufanda bailitzan lepoan korapilatuta, Groucho Marxez mozorrotuta Soto, Gloria batuta hartuta zuzendari lanetan, Diego eserita, Anari eta Sarari sorbaldatik heltzen ziela. Irribarretsu daude denak.

        — Ana... Bikote ona egiten zenuten...

        Egiaz esan du, baina mina emateko asmoz. Lanbrotu egin zaio soa Diegori. «Bai, goizero akordatzen naun harekin, abandonatu egin ninan, nik ere bazakinat inoren bizitzatik abisatu gabe desagertzen». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        — Eta hau?

        La bella Ines deitzen genionan, ez haiz akordatzen? Etorri izan zunan gurekin manifetara...

        — Agatha Christieren Sagu-tranpan agertzen zena?

        — Berbera.

        — Hain gazte zagok... Ez nian ezagutuko.

        — Eta argazkilaria Txema, jakina. Nahi badun afaltzera gonbidatuko dinagu egun batean.

        Idoia ados agertu zen hasieran, baina gero Diegori ideia burutik uxatzen saiatu zen. Ez zuen Txemarekin afaldu nahi, gehiegi gustatu zitzaion, Diegorekin kondenaturik zegoen errutina hartatik ateratzeko fuga puntua zatekeen, haren besoetara jauzi egingo lukeen maitalea zen argazkilari hura, interesgarria baino zerbait gehiago. Hori, jakina, ez zion Diegori horrela esan.

        — Umorerik gabe gabiltzak biok ere aspaldion, aurrerago agian.

        — Zer?

        Diego bere munduan beti. Nazkatzen hasita zegoen Idoia, bi aldiz errepikatu behar izaten zion dena. «Zer?», «Nola?», behin esatea ez zen sekula aski, bere gogoetatan murgilduta bizi zen Diego; bikote bat horrela hasten denean, zer, nola, esan berriro, azkenetan den seinale. Baina azkenak asko iraun dezake. Betirako ere bai, batzuetan. Batez ere Idoiak bezala, ez zionean bere buruari aitortu nahi Lazkanorekin bizitzea, haren alde apustu egitea, fitxa guztiak laukitxo berean jartzea, ekibokazio handia izan zela.

        — Zer?

        — Ez dela sasoirik onena gonbitetarako. Beharbada ez zaiok elkarrizketa gustatu... Bi orduz egon gintuan bere estudioan eta asko moztu behar izan diat... Deserosoa lukek.

        — Tontakeriak. Grazia egin baietz hi eta biok elkarrekin gaudela jakiteak.

        Eta Diego setatuta. «Deitu egingo zionat». Eta bai deitu ere. «Ez egin hori, Diego, ez al haiz jabetzen? Otsoa ari haiz etxean sartzen, hire lagunak traizionatu hituen behin torturapean, eta orain heure burua ari haiz traizionatzen, damutuko zaik, ez eman arnasarik lagun zahar hari: hi baino askoz ere interesgarriagoa duk».

        Etxetik kanpo afaltzea erabaki dute. Astegun buruzuria da, erakusketa bat zabaltzera etorri da Txema Donostiara eta hemen pasatuko du astea; eta bai, grazia egin dio Diego eta Idoia elkarrekin daudela jakiteak. Txemari asko, ikaragarri gustatu zaio egunkarirako egin dion elkarrizketa, kortesiaz esaten diren hitzak (edo ez), «deitzeko asmoa nuen zorionak emateko». Bi ardo botila garesti hustu dituzte, barre egin dute gogotik, Diego eta Txema, Txema eta Diego, biak ala biak elkarren ondoan jarrita garbi dauka nor den orijinalena, konformagaitzena, apasionatuena, egiten duen lanean gehien sinesten duena, «zer ari haiz Idoia, errepikatu egin behar al dun jokaldia, ez al haiz gogoratzen duela urtebete agortu huela zerotik hasteko hire aukera?».

        Aurrean dituen bi gizonezkoen artean egiten duen konparazioaz haraindi, Idoiak badu kezkarako eta alarmarako seinale gehiago ere. Diegok Txemari zinezko miresmenez begiratzen dion arren («benetako argazkilaria, benetako artista fartsanteen mundu honetan»), miresmen hori ez da aldebikoa. Harrobi itxietan eta etxe abandonatuetan ateratzen dituen argazkiei buruz hitz egiteari utzi eta —adeitasun behartuarekin— «eta zuk, zer darabilzu buruan, nobelarik bai aurten?» galdetzen dionean, aise jabetzen da Idoia Txemari kosta egiten zaiola arreta mantentzea, ez zaiola Diegoren erretolika batere interesatzen, eta ez dagoela miresten duzun lagun batek zu begirune justuarekin mespretxatzen zaituela ikustea baino ezer patetikoagorik. Edo bai, badago: mespretxu horretaz zu ez ohartu eta zure andrea jabetzea da patetikoagoa.

        Postreak eskatu eta Diego mozkortu ahala, hiruretan bera baita gehien edan eta besteen kopak betetzeaz konpultsiboki arduratzen dena, Txemaren begirada Idoiarengana desbideratzen da, gero eta erreparo gutxiagorekin, gero eta luzeago pausatuz bere begiak harenetan —«zer ari zara txorimalo honekin?»—, agian jabetu delako Txema ere emakumearen desanparoaz, jabetu dadin derrigorrezkoak diren seinaleak bidali dizkiolako Idoiak, nekea, nekea berriz, egiarantz doan kontrapisu astuna. Ez duelako disimulatzeko indarrik izan, izan ez duen bezala kemenik haren eskua apartatzeko Diego zerbitzarien makalaz kexu ordaintzera altxatu eta Txemak besotik heltzeko probestu duenean.

        — Orly hotelean nago, deitu.

 

 

«Begi horiekin begiratuko nauzu isuri eta gero ere?».

        Txemak ez dio Idoiaren galderari erantzun. Horren ordez, izterren artean murgildu zaio, eta haren mihia sumatu du esan daitezkeen gezur eta egia guztiak mihi puntaz izkiriatzen dizkiola. Hitzak soberan daudela otu zaio orduan, ezdeusak direla denak, izan egunkari edo izan liburu, izan berak idatziak edo izan Diegok idatziak, Txemaren esku beroak bere izterretan ez izatera txori baten moko hezearekin nahastuko lukeen mihi punta gozagarria dela balio duen bakarra. Koltxoia belaunekin ukitzeraino tolestu da Idoia, zepo bat zabaltzen denean bezala, altxa du gerria, egin du zubi erromaniko bat bizkarrarekin, sentitu ditu Txemaren hortzak apartatzen, nahiz eta une horretan hozkada txiki batek plazera areagotu baizik ez liokeen egingo, hain sentitzen da leherketa askatzaile baten mende. Hasperenka, izaren ur-jauzia lurrera bota du zangoarekin, airea ostikatu eta koltxoia garbi eta biluzi utziz, hatzekin tapakiei tiraka matalazaren goiko aldea zurituz. Arnasa lasaitu zaionean, maitalearen zakila miazkatzeari lotu zaio.

        «Begi horiekin begiratuko nauzu isuri eta gero ere?».

        «Ene pottoka, uste dudan bezain ausarta ote zara? Uste dudan bezain autosuntsitzailea?». Txema, neskari kaoba koloreko ilea laztantzen dion bitartean, ile zuri bat topatzen saiatu da Idoiaren ilaje ederrean, eta topatu ditu hiruzpalau, txeloa jotzeko arku erabiliegietan nola apurtzen diren hariak, horixe dakarkio emakumearen ilajeak gogora, umearen buruan zorri bila dabilen ama itsua da Txema orain, «ea ba, ile leun hauen artean topatzen dudan soka desafinatu gehiago»; alferrik, ukimenak ez dio hainbesterako ematen. «Detaile inperfektu horiek, gure zahartzaroa eta endekatzearen lagina erakusten dutenak, detaile horiek gehiago gozatzen lagundu izan didate beti ohean», pentsatzen du Txemak, «benetakoago bihurtzen dutelako estasi abstraktukoa den une ez-hain-beste-une-batzuekiko-ezberdina...». Baina akaso hobe ile zuririk gehiago ez haztatzea, bat topatuz gero beste baten bila segitzen baitu.

        Isil da egunsentia, listu milika kristinen bat bakarrik, tarteka, mihiaren igurtziek sortua. Bizitza badoala gogoratzen du Idoiak mutilaren zakila hanka artean hartu eta poliki zamalkatzen delarik, ez du korritu nahi oraindik, oraindik ez du joan nahi mundu honetatik, plazeraren mundutik.

        «Begi horiekin begiratuko nauzu isuri eta gero ere?».

        Pertsianek ez dute inor engainatzen, goiza da, laster gela egitera etorriko dira orgatxo eta guzti, mesanotxerantz begiratu du Idoiak, han dago, ahaztu egin zaie kanpoan zintzilikatzea Do not disturb dioen txartela bost hizkuntzatan, euskara ez da bost horietarik bat, jakina, lur osoa zaie atzerri, norbaitek atea jo eta irekitzea besterik ez lukete orain behar. Izu horrek atzerarazten du apur bat Idoiaren hasperen sorta.

        «Txema», xuxurlatu du Idoiak, bi aldiz, lau silaba horiek ontzi irekiak, katilu isuriak, gainezka azkenik. «Izena esateak gehiago berotzen nau», aitortu dio lehenago. Eta orduan Idoiak pentsatu du emazteak ez diola izenik esango larrutan, larrujotze izengabea izango dela haien artekoa, eta horregatik nahiago duela bera ohean. Pasilloetan barrena jendea dabil, gurpildun maletak, klin, igogailuaren kanpaitxoa. Igo, jaitsi, sartu, atera. Pladurra da, eztulak ere iragazten dira. Txema ez da korritu eta Idoiak ahoaz hartu du berriz bere jarioak distirant utzi duen zakilburua, bi eskuekin izterrak zabaldu eta klitoria argazkilariaren begi-puntuan utziz. Txema ez da hazia irenstea gustatzen ote zaion galdetzera ausartu, bera konplazitzeagatik egiten ote duen (konplazitzen du, hori da egia, eta aldiro da ezberdin Idoiaren eztarriaren jestua), edo gustuko duen benetan horrela amaitzea. Hazitik hazira ze ñabardura, ze diferentzia aurkitzen duen, baldin eta aurkitzen badu batere, ez ote zaion arraroa iruditzen esperma irentsi eta zapaburu ernalduak, igel bikiak ez ateratzea oka egindakoan. Bi, hiru, lau zita barru galdetuko dio agian, txantxetan bezala. Agian ez da hainbeste zitarik izango. Hainbeste ere ez dira izan lehenago.

        Bart X filma ikusi dute elkarrekin hotelean. Txema Santamariak sorta pornografiko batekin osatu nahi luke hurrengo argazki erakusketa. «Interneten ari naiz begira, nabigatu duzu inoiz sarean porno bila?». Ezetz esan zion Idoiak, eta moja bat bezala sentitu zen derrepente. «Probatu egun batean, porno amateurra amaierarik ez duen mundua da».

        Haienak, ordea, amaiera izango du.

        Ez du gaur hazirik irentsi eta eskuaren lika garbitu du Idoiak bere izterraren kontra igurtziz, musu eman dio Txemari, leihora inguratu da. Ireki ditu errezel bikoitzak, lehenbizi beltzak eta gero transparenteak, teatroa, funtzioa hastera balihoa bezala, baina oraindik bada zer ireki: pertsianak erdiraino. Kloroz garbitua dirudien argi parrastada begi-ninien izu. Esku-pultsua edo ezpata duelua izan liteke: bietarik nork iraungo du luzeago erlojuari begiratu gabe? Nork eutsiko dio gehiago buruan jiraka dabilkien eta kaletik sartzen den argiaren bidez intuitzen saiatzen diren ordua jakiteko gogo-kezka-grina-behar hori asetzeari?

        Nor da ahulagoa?

        Ahula izateak zer zerikusi dauka errealista izatearekin?

        Nor izango da kanpotiko munduari larruaren erresumara sartzen utziz giroa esaldi ustel batekin zapuzten lehena?

        Nork behar du denbora gutxiago eguneroko idi-lanera ohitzeko?

        Nor hasiko da lehenago kontu praktikoetan pentsatzen, koartadak prestatzen, inmortalak ez garela eta inmoralak garela hausnartzen, ahots inflexioak inpostatzen?

        Nor izango da hoteleko gelan egonda bertan ez egoten hasiko den lehena?

        Ispiluaren aurrean jarri da Idoia, bat izan beharrean bi izan daitezen Munduko Pertsonarik Koldar eta Zikoitzena Gaur titulu deitoragarrirako hautagaiak. «Zergatik zigortzen dut nire burua etengabe?».

        Txema komunetik irten denean begien ezpatak altu daude elkarri begira.

        Idoia leiho ondoan dago. Marlboro bat piztu du. Kezko gezi zabal bat iltzatu zaio bularrean, haziaren lika duen lekuan hazka egin dio hankarteari, azkura apur bat maskulinoki baretuz. Gustatu zaio Txemari keinua. Esan egin behar lioke. Sarria du pubisa, kateatu zaio ileren bat hortzetan lehenago, beltz-beltza. «Maite ditut berarekin momentu hauek, ez nituzke galdu nahi. Esan egin behar nioke», pentsatu du Txemak. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. «Hurrengo zita batean, bi, hiru zita barru».

        — Ona datorrela dirudi.

        Eguraldiaz ari da. Argia, ordea, argia ere bai tamalez, kloroz garbitua eta desinfektatua dirudien argi parrastada hori, hoteletako moketa-hautsez eta aire girotuz iragazitako argi hori tristea suerta liteke batzuetan.

        Galtzak jantzi ditu Txemak, Idoiak ere bai. Barruko arroparik ez du soineratu, zuzenean galtzak. Musu eman dio Txemari ezpainetan eta gerritik behera sartu dio jostari bere tanga kiribildua, oskolera itzuli diren barraskilo-barrabil errendituen puzgarri. Nostalgiarik gabeko souvenir bat.

        — Ez ahaztu nitaz, bale?

        Eta begiak nola jarrita dauzkan ikusita, Txemak beste zerbait ulertu du: «Okurritu ere ez niri minik egiterik, bale?».

 

 

Baina Idoiak maite du oraindik Diego apur bat, maite du etxean egoteko bere modua, hori da dena, eroso bizi da eta Diegok ez du gaizki tratatzen, nahiz eta «zer?», nahiz eta «nola?». Eta oso umore oneko dago, ongi omen doazkio gauzak bere liburu berriarekin, oraindik zeri buruz den arrastorik ez daukan arren Idoiak. Eta Txemak «biluzik erretratatu nahi zaitut» esan dion arren, eta Idoiak «ezta pentsatu ere» erantzun dion arren, «ez erabili trikimailu merkerik nirekin», edo «baizea, ez esan trikimailu horrek funtzionatzen dizunik besteekin», eta Txemak «ze beste?», nahiz eta hori dena, nahiz eta bere larrua barrukoz kanpora jarri eta aspaldi sentitu gabekoak sentitzen dituela iruditu Idoiari harekin, zintzo jokatzea erabaki du, ohartu baita Txemarentzat denbora-pasa hutsa dela bera, erantzuten ez dituen dei asko jasotzen dituela eta erantzun gabe mobila amatatzean jartzen duen aurpegiagatik dakiela emakumezkoen deiak direla, eta ez emaztearenak soilik. Eta zintzo jokatzea erabaki duelako, bigarren bizitzarik eta ezkutuko bizitzarik eramatea jasanezin zaiolako, aitortu egin dio dena Diegori, nola erokeria bat egin duen, nola oheratu den Txemarekin, bere lagunarekin «benetako argazkilaria, benetako artista fartsanteen mundu honetan». Eta Diego isilik geratu da, zurbiltzera egin du, «eskertzen dinat egia esatea» aitortu dio bere harrotasun guztia irentsiz, eta kanpoan pasatu du gaua, Idoia bakarrik utziz jada bere sentitzen ez duen etxe horretan.

        Gaua begirik bildu gabe igaro ondotik jo du telefonoak. Ospitaletik. Idoiaren ama hil da.

 

 

Arrosa zuriak hilkutxa beltzaren gainean, harritu egiten gara bat-batean: edertasun topikoak suspertzen gaitu minimoki, espero ez genuen unean. Mikelen deia, «estimatzen dizut deitzea», esan dio Idoiak, eta benetan estimatzen du, «nola zaude?», eta berak, nola dagoen esan beharrean, amaren berri eman dio: «txori bat bezala joan da, gaizki zegoen oso», «deitu nahi duzunerako, Idoia», «estimatzen dizut, asko estimatzen dizut». Hiletara ere etorri da senar ohia eta baita ehorzketara ere. Egunkariko lankideak ditu saminean lagun: Roger, Victor, Pilar bekaduna. Egineko adiskide zaharrak ere azaldu dira. Estimatzekoa. Estimatzekoa oso. Diegok ez dio kutxa beherantz doan arte eskutik heldu. Leunki egin du eta Idoiak estutu egin ditu haren hatzak.

        «Ez dago larrua jotzerik hilobian». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        Ilunabarrean jabetu da Idoia liburu aurkezpenetara eramaten duen traje bera eraman duela Diegok amaren hiletara. Ez daki zer esan nahi duen horrek.

        Agian ez da unea, baina ez zaio esateko moduko beste ezer bururatzen:

        — Erokeria bat izan da, ez zait buruan sartzen hura berriro ikustea. Ulertzen dut, hala ere, zuk...

        — Ez. Geratzea nahi dut. Maite zaitut.

        Hori esan dio, malkotan ia. «Ez Ana maite izan nuen adina, baina maite zaitut». Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

        — Barkatuko zenidake zuk halakorik egingo banizu inoiz? —galdetu dio Diegok.

        Nekatuegi dago Idoia gezurretan ibiltzeko, haien arteko harremanean beti izan da garrantzitsua nekea. Orain ere bai.

        — Ez dakit. Ez dakit barkatuko nizukeen.

        — Ulertzen dut.

        — Denborarekin dena ahaztuko dugu.

        Diegok ez du ezer esan. Bere buruari bakarrik: «Bai, dena ahaztuko dinagu, nire aitaren antzera».

        Idoiak musu eman dio, haur bat bezala biluztu du eta bere burua biluzten hasi da gero. Diegok jokoa jarraitzen ez dionez gero, laztandu egin dio bizkarrezurra, ornoz orno, enbor moztuan eraztunak zenbatzen dituenak bezala, chibato hitz jada desagertua zegoen lekura iritsi arte. Aspaldi ez dute larrutan egin. Idoiak bere buruari galdetzen dio sarri masturbatu ote den azken aldion Diego. Zakila zein azkar gora etorri zaion ikusita, ezezkoan dago. Berarekiko losintxa bezala interpretatu du barau hipotetiko hori.

        Lau hankatan hartu du, bizkarretik, joanerako eta etorrerako laztanik gabe, porno izarrek bezala zakila amaieran atera eta bizkarrean isuriz, indarrean hori dena. Larru-aldi lehorra begitandu zaio Idoiari, zakarra. Plazer adina bortxa eta amorru sumatu dizkio Diegori.

        Biek dakite ez daukatela elkarrekin etorkizunik.