Karranka zuri bele luma zuriko
Moko betean sinetsi diate etorkizunaren mezulariak direla
Zalantzari gor elebele
Hegaldi ausartean kabiatik hurbil belele
Derrotaren armoniak karranka
Iparragirrerik gabeko gitarrak Beldur ematen diate
Hariak urkabean ere tinka litezke
Lehorra da luma zuriko beleen itzala
Baina ezin duk ahapetik idatzi
Hanka luzeko zubiak
Pauso erdiak bustiak
Heriotzaren ardotan dagi
Irrintzi zaldi zuriak
Ez hekien hegan eta nekez duk aurrera ikasiko
Galdu huen guardasola hura behar huke orain
Eroriko honetan idazteko astia izan nahi baduk
Poeta batek bezala Harria eskuan
Da herriaren eskubidea Beleen bazka haizela
Luma zuriko elurte honetan
Itxi eginen dizkiegu balizko errota guztien ateak
© Koldo Izagirre