Nire loreak ez du aldarerik
Idatziko du poetak
Baina bideondoan Hemen Xabier hil zuten
Eta jainkoari otoitz ez egiteko kanposantu zokoak
Irri egiten dakien begi pare bat
Portugesez mintzo balira bezain xamurrak
Eta ezagutzen ez zuela oihukatuz
Salbatu egin zuen adiskidearen oroitzapena
Beti izanen du poetak poeta surrealistek ahantzi egin zuten
Neska herren bat eguneroko espaloiean
Ez du aldarerik idatziko du lorearen poetak
Baina badu inork ez dakien sekretu bat
Apalagoak ere harrotu eginen lituzkeen duintasun bat
Badu amodio arriskutsu bat
Badu larrosak noiz loratu behar duen aholkatzen dion batzorde bat
Nire loreak
Idatziko du beti poetak
Eta horiek guztiak maiteegiak izanen ditu bihar
Aldare bihurtzeko
© Koldo Izagirre