Nire bihotza hiri lumatuez dago habitatua
Baina bihotz honetan hilen ez diren hiriak dira
Iraunen dute eta biziko dira bihotz lumatuek habitatuak
Berriro ere bazter jo dezagun
Geure aberriaren mugak aurkitzearren
Eskeletoak bezain garbiak eskeletoak bezain aldagarriak
Ez da euri berdina hiri guztietan zorionez
Nire herrian nago atzerrian nago nire herrian
Eta herbestean ez naiz arrotz
Eskuak zikin zangoak euri ezpainak bihotz
Nagoen herriak ditut aberri
Ez da urrundu beharrik kaleok ibilteko
Ibiliz bakarrik ezagutzen diren kaleotan
Zangorik gabeko zaldi zuriak ikaratzen dituen zubipeotan
Isladatzen da gure aurpegiaren uhartea
Amodioak badoaz badatoz zubipeko lumak
Zazpi euri desberdinetako harriz daukat osatua neure kromletxa
Haginka egiten didan lurraren lepoko
© Koldo Izagirre