Galdu huen guardasola hura behar huke orain
Elurte honetan idazten jarraitu ahal izateko
Eleak bele bilakatu zaizkiguk eta
Balizko errota guztietarik atera nahi gaituztek
Auzoan zegok poesia Ilunabarrean
Erahildako berri bat ehorzten genuelarik
Azken etxeko leiho ostean
Ukabilen artean ezpainak mugitzen zituen umea
Zazpi pausotan zuria
Heriotzaren zauria
Arinik zatoz nire herrira
Hankagabeko zaldia
Umea leiho ostean dago ezpainka eta mutu
Hilobi berrira etorriko da bihar
Kanposantuek hazitzen dituzte masustarik gozoenak
Eta eskuan estutzen duen kaskiloa
Erakutsiko die lagunei Auzoan zegok
Poesia eta balizko errotak
Abandona erazi nahi zizkigutek
Erreka lehortu zelako aitzakian
Iadanik ez da bustia beleen itzala
© Koldo Izagirre