Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Istripu Handia baino lehen, Promenadatik igo nintzen batean gertatu zunan. Izerditan nentorrenan korrika egin ostean, beti bezala elbarrien eta gurpil-aulkidunen artean.

        Kartzelazainak atea ireki zuenean konturatu nindunan. Nire ohean etzanda hengoen! Izutu egin nindunan. Kartzelazainari begiratu nionan ikarak hartuta, bera ere ohartu ote zen? Aztoramen berezirik gabe galdetu zidanan dutxara noiz joan nahi nuen. Nola zitekeen? Nola ez hinduen berak ere ikusi? Eta nola iritsi hintzen bertara? Nondik sartu hintzen?

        Geroxeago joango nintzela erantzun nionan, urduritasuna ahal bezala ezkutatuz. Atea itxi zinan. Ez nindunan ate ondotik mugitu, hiri begira.

        Hor nengonan, zur eta lur. Eta hor hengoen, fetu jarreran etzanda, haragi eta malko. Nahi gabe egiten zitenan ihes malkoek, euri jasaren ostean gainezka egiten duen urtegiak bezala. Hiru aste lehenago igorri arren bezperan jaso nuen gutunean esaten hidan bezala: «itoitztuta nagok».

        Gure bakarmortuaz oroitu nindunan, egarriz, hilzorian, milaka kilometrotara zeuden kartzela-ospitale banatan bakartuta gintuzten garaiaz.

        Hor nengonan. Urrats bat bera ere emateko ezgai. Burura trumilka zetozkidan galderak ahoratu ezinik.

        Zenbat denbora zen elkar besarkatu ez genuela? Gure gorputzek bata bestearen epela sentitu ez zutela? Nire hatsa hire garondoan, beso bat hire sabelean, bestea hire bularrean. Edo alderantziz, itzulia hartu eta nire bizkarraren kontra sentituz hire epela.

        Bost axola nola moldatu ote hintzen nire gelaraino iristeko, nola egin ote huen hire ziegatik ateratzeko. Honezkero hire bila beharko zitenan, eta laster batean behar zitenan bertan, besterik ez bazen nire presentzia baiesteko.

        Ihes egitea lortu eta nire gelara etortzea ere!

        Nire gelan azaldu eta errieta egitea ere! Badakin, bat-bateko erreakzio traketsekoa naun. Badakin poker jokalari baten antzera sentimenduak ezkutatzen saiatzen naizela: barne ekaitza, barne mina, poza, zorabioa, nora eza... Badakin aspaldian lehortuta ditudala malko-bideak.

        «Hik hitz egin beharko dun, maitea, esan ezan zerbait», pentsatu nuen.

        — Hator. Hator nire ondora. Etzan hadi nire ondoan. Besarka nazak —eskatu hidan burua itzuli gabe.

        Hurbildu nintzainan. Hire gorputz etzanera egokitu ninan nirea. Klak!

        — Maite haut —esan hidan.

        — Infinitu maite haut —esan ninan.

        — Kontatu egidak istorio bat. Gogoratzen al duk nola Xabier Gulliberren ipuinak kontatzen hizkion gure semeari lokartu aurretik? Kontatu egidak niri ere zerbait —eskatu hidan.

        [Istorio bat kontatzeko eskatu nian. Ez nian esan, «hator, besarka nazak, biluztu hadi, jo egidak larrua, erotu nazak, harramazka nazak, zupa nazak, edan nazak, hirea nauk, behar haut, ezin diat gehiago», ez, istorio bat kontatzeko eskatu nian. Hortxe sumatzen hindudan, ahoa erdi irekita, arnas egitera ere ausartu gabe ia, agertu bezala desagertuko nintzen beldur, eta buruan pentsamenduak trumilka, egoera aztertzen, arriskuen kalkulu amaigabeak egiten, horrelako egoera batean nola erreakzionatu behar den ezin asmatuz, zein den erreakzio egokiena asmatu nahian. Nire presentziaren inguruko gorabehera guztiak xehatzen garuneko errotarrian. Zertarako eta finean esaldi bakar batez osatutako orea jaulkitzeko ahotik. Zer esan behar huen?: «nola iritsi haiz hona? Zer egiten dun hemen?». Edo: «ba al dakin nola maite haudan?». Hitzik gabeko besarkada besterik behar ez nian arren, «hator, Mikel, etzan hadi eta kontatu egidak istorio bat», eskatu nian. Hain zuan handia nekea, hain sakona samina, hain zuan handia hire gorputzaz osatutako babesean egoteko beharra, hire besoen babesa, hire hitzen hatsa ene belarrietan sentitzeko premia].

        Korridorean arrapaladan zebiltzan kartzelazainen urratsak entzun nitinan. Oihuka ari zitunan, norbaitek ihes egin zuela ziotenan, Dimitriren izena entzutea iruditu zitzaidanan, OLT baten laguntzaz alde egin zuela, 251.ekoa ere falta zela ziotenan oihuka.

        Gelako atearen aurrean gelditu zitunan. Atea ondo itxita eta leiarretik begiratuta, bertan nengoela baietsita aurrera jo zitenan. Gutxika urrats hotsa urrundu eta zalaparta baretu zen arte.

        Dena lasaitu zenean, begiak itxi, hire usaina arnastu, ezpainak hire ezkerreko belarrira hurbildu, eta zer kontatu behar ninan pentsatu gabe hasi nindunan hizketan:

        — Badakin?, ospitale honetara ekarri nindutenean ez ninan uste handik gutxira hiltzeko zorian egongo nintzenik. Ez ninan uste, ezta ere, bertan berriro jaioko nintzenik.

 

Fresnesen,

2007ko uztaila - 2010eko otsaila

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus