Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Amak ezkaratzera lagundu gintinan arreba eta biok egun hartan. Ez dinat gogoratzen eguneroko ohitura ote zuen ala salbuespenez egin zuen.

        Garai hartan hiriaren erdiguneko eraikin bateko 6. solairuan bizi ginen. Hondartzara joateko errepide bakarra gurutzatu behar bagenuen ere, etxeak itsasoari bizkar ematen zion. Gure lehen etxea zen. 1964a izango zela iruditzen zait.

        Amak etxeko atea irekita utzita, igogailu kirrinkarian jaitsiko ginen hirurok, eskuarki kalerakoan igogailurik erabiltzen ez genuen arren. Ez genuen aita agurtzen eskolarakoan, ni jaioberritan atxilotu zutenez geroztik aitarik gabeko etxea izan baitzen gurea sei urtez. Aitak ezin gintzakeen eskolara eraman, aitarik gabeko jatorduak egiten genituen, aitarik gabeko gurasoen gelako gurasoen ohean egiten zuen lo amak, bakarrik. Aitarik gabeko amaren bakardadea. Aita eta ama biak batera izan behar zuen gure amak. Frankismo beltzean.

        Begiak ireki ditut, oroitzapenaren kimuari gehiago hazten utzi aurretik. Orain artean isildutako min horren barne zauriaz jabetu naiz bat-batean. Aitarik gabe pasatako urte, hilabete, aste, egun, ordu eta segundoen isuriak zabaldutako arrakalak hor daude, begien inguruan sortu zaizkidan zimurren antza dute, idortuta, itsasora gehiago urik eramaten ez duen delta desolatu bat bezala, minaren zornea garbituko duen malko uholde baten zain.

        Artzain Onaren katedralaren ondoko etxebizitza batean zegoen gure ikastola, izenik behar ez zuen ikastola, izaki bakanek behar ez duten antzera. Lehen solairuan egon behar zuela iruditzen zait, ez dut-eta ez igogailu ezta eskaileratan gora igotzearen nekerik gogoan. Gela bakarrean biltzen gintuzten adin guztietako haurrak, denak batera baina ez nahasian. Errezatu egiten genuen aurrenik, eta nik Joxemi izena zuen mutiko batek hankak jartzeko modua maite nuen eta bere jarrera imitatzen saiatzen nintzen, hanka bat pixka bat tolestuta eta gorputzaren zama guztia bestearen gainean jarrita, besoak bularraldean antxumatuta.

        Ilunpetsua oroitzen dut ikasgela. Eguzkirik gabeko egunetan ere erridau eta leiho sareten atzean ezkutatuta.

        Behin, gela guztiz ilundu eta film mutuak ikusarazi zizkigun andereñoak: Laurel eta Hardy. Denontzako aulkirik ezean batzuk lurrean esertzen ginen. Mordoxka bat ginen, ez dut gogoratzen zuzen zenbat, agian artean zenbatzen ez nekielako.

        Eskutik helduta egin ohi genuen etxetik ikastolarako bidea arrebak eta biok. Amak ezkaratzeraino lagundu gintuen egun hartan hotz egiten zuen. Kaleak hutsik zeuden. Alde banatara begiratu zuen amak aurrena. Gero berokien botoiak leporaino lotu zizkigun, ile adatsa atondu zidan eta listuz bustitako paineluz gosariko aztarnaren bat garbitu zidan aho ertzetik. Ez nuen batere maite izaten paineluaren lakarra azalean. Gugana makurtuta argibideak eman zizkigun:

        — Norbaitek nora zoazten galdegiten badizue izebaren etxera zoaztela esan, ados? Ez esan ikastolara zoaztenik.

        — Bai, Ama! —erantzun genion biok batera.

        Ondoren errepide nagusia gurutzatzen lagundu zigun eta presaka igoko zen etxera, gure balkoitik ia Justizia Jauretxeraino ikusten baitzen kalea.

        Egunero egiten zigun gomendioa ote zen? Egun berezia ote zen hura? Ez dut gogoratzen. Nagoen egoeran, data finkatzen saiatzeko garai hartako grebaren bat edo gertakari bereziren bat denboran kokatzeko baliabiderik ez dut. Agian, besterik gabe, ama gaixorik zegoen egun hartan eta ez zuen guri ikastolara laguntzeko indarrik. Edota beste zerbait presazko egin behar zuelako ez zuen izan gu ikastolara bakarrik bidaltzea beste erremediorik.

        Edonola ere, amaren kezka eta gure urduritasuna gogoratzen ditut. Arrebak eta biok kale ertzeko zuhaitz soilduek udazkena edo negua ote zen asmatzen uzten ez zuten egun hartan eskola-zorrotxoa, altxorraren kutxa, eskuan generamala ikusten dut orain, amaren begi oroimena nitaz jabetu balitz bezala.

        Ikastolara bidean kaleburu bat gurutzatzeko argia gorrira aldatzeko zain geundela hurbildu zitzaigun gizona. Janzki eta gorbata ilunak zeramatzan gabardina beixaren azpian. Guri mintzatzeko makurtu egingo zen. Kapelarik ez diot oroitzen. Bizarrik ere ez aurpegi beltzaranean.

        Nora gindoazen bakarrik galdetu zigun gazteleraz.

        Nik, mutu, arreba nagusiari utzi nion gezurra esateko ardura.

        Ikastola kokatuta zegoen atariraino lagundu zigula bururatu zait. Izeba zenbatgarren solairuan bizi zen galdetu zigula ere eta lagunduko zigula gora.

        Gurekin igoko zen, txirrina joko zuen eta irekitzera aterako zen gure andereñoari esango zion bere ilobak aurkitu zituela kalean bakarrik eta laguntzea erabaki zuela. Errieta modukoa egingo zion, haur txikiak ez direla horrela kalean bakarrik ibiltzen utzi behar esanez. Arriskutsua zela. Eta etxe barruan entzuten zen haur txilio eta jolasen zarata entzunda, hainbeste ilobaren izeba izanda emakume zorionekoa izan behar zuela ere gehituko zion, agian.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus