Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik ezin esnatu nengoen batean, zein ordu zen ezin asmatuz, ilunabarra eta goizaldea berdintzen dituen argitasun ahulak lausotzen baitzuen gela, ohearen alboan izaten nuen gurpil-aulkian norbait zegoela iruditu zitzaidanan. Burua biratzeko nagia ninan, ordea. Kotoi artean bezala entzun ninan Xabierren ahotsa.

        «Ametsetan nago, noski», pentsatu nuen.

        — Nire egunerokoan aurkituko ez duan zerbait kontatuko diat —hasi zitzaidan esaten bere ahots meheaz—. Aitatxoren altzoan egin nian azken bidaia. Cadizko La Linea de la Concepcion zigor eremuan gaixorik hil eta bertan lurperatu ninditean. Amatxok ezin zian eraman ni hain urrun, lur arrotzean hobiratua egotea. Urtea joan eta urtea etorri eskatzen zioan aitatxori nire gorpuzkinen bila joateko: «Hoa eta ekar ezak semea gurera. Gure lurrean egongo ez den artean ez diat-eta atsedenik izango». Eta bila etorri zitzaidaan aitatxo. Hilerriko zaindariari eskupekoa emango zioan eta gorpuzkinak lurpetik atera eta kutxa batean eman zizkiotean. Haiek hartu eta berriro ere trenera. Anaia gazteena orduan Madrilen ikasle zegoenez, hark alokatutako ostatuan pasatu genian gaua. Beraiek biak ohe estuan, ni ohe azpian, txikitan kuku-gordeketa jolas egiten nuenean bezala, isil-isilik. Biharamunean berriro ere trenera. Donostiako Norteko estazioa helburu. Ez diat uste begia bilduko zuenik aitatxok. Zein arin eta zein astun nire hezurrak aitatxoren magalean. Triki-traka, triki-traka. «Ez egin kasurik pareko gizonari, kutxan zer ote daramazun galdetzeko irrikaz dago, egin lo plantak, baina ez zaitzala benetan loak hartu, ez nazazula askatu», esaten nioan. Zaratarik egiten ote zuten nire hezurrek? Trenetik jaitsi ahala polizia armatu bikote batek gerarazi gintian.

        — ¡Buenas tardes señor! ¿Qué lleva en esa caja?

        — Son herramientas del trabajo.

        Sinetsi egin zioan, ez zioan kutxa irekitzeko eskatu. Aitatxoren nekatu itxuragatik kupituko zitzaioan agian.

        — «Goazen etxera, aitatxo. Eraman nazazu amatxorengana, arrebatxoaren ondora. Emadazue gure lurrean atseden», esan nioan.

        Sabaira begira nengoen. Xabierren itzala gelako itzalekin nahastuta ikusten nuen. Bere ahotsa leiho zabaldutik sartzen ziren hotsen artean disolbatzen zen. Begiak itxi nituen.

        Xabierren egunerokoak lurraren gainazalera egiten duten hezur zahartuen modukoak zirela otu zitzaidan. Bakoitzak bere egia, bere historia ondo atxikita dutela.

        Buiari indar guztiz urpera eraginda ere, azkenean ur azalera egiten duen bezala, hezur zaharrok ere bakea emango dien lurraren bila egiten dute. Malkorik gabe. Hildakoen begiek ez baitute itsasorik ikusten.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus