Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak beste edonorengandik bereizten nauenik. Ez dinat uste inor gustura joaten denik ospitalera. Hemengo benetako gaixo eta erien artean ez dinat ezagutzen hona gustura etorri den inor. Min handi edota larri batek bultzatzen gaitin bertara. Ezinbestean gatozan edota gakartzaten. Norberaren nahikundetik kanpoko zerbait dun ospitaleratzea. Egunerokotasunaren etena baino gehiago dun, beste mundu batean murgiltzea.

        Gaixotasuna larria ez denetan, aldi baterako jendartetik at bada ere gaixoa etxeko goxoan egoten da, ospitaleratu gabe, etxekoen babesean (bakarrik bizi ez direnen kasuan, noski). Ospitaleratzeak aldiz, gaixotasunaren larria nabarmentzeaz gain, mundutik erauzten du gaixoa, arrotz bilakatuz, baita bere maiteenganako ere. Arrotzen esku dago bere bizitza. Eta ondorioz, nolabait, heriotzatik hurbilago sentitzen da ospitalean.

        Niri dagokidanez, ospitale honetara neure kabuz etorri banintzen ere, ez nintzen gogotsu etorri. Egoerak eta jaso nituen aholkuek hartaratu ninduten. Hori zen egin nezakeen zentzuzkoena, ziotenez. Hautu faltsua jarri zidaten eta etortzea erabaki nuen. Gertatzen zitzaidana (hezurtxo baten haustura) berez larria ez bazen ere, berez gaixotasuna ez bazen ere.

        Nire ospitaleratzea ez zen hil edo biziko kontua. Baina orain, gertatuak gertatuta, nolako egoera tamalgarrian nagoen ikusita, nahiago dut pentsamendu hori uxatu, ez dut gehiegi pentsatu nahi zer gertatuko zatekeen ospitaleratu izan ez banintz.

        Hatz bat zurrundua, baina bi zangoen jabe banintz nire bizitza zer izango litzatekeen amesteko arriskurik ez dinat hartu nahi, ezta hiretzako zirriborratzen ari naizen orriotan hipotesi bezala erabiltzeko ere. Erabateko etsipenaren zulo beltzean eroriko ninduken, eta behin eroriz gero, zulo horretan bizirauteko, hemengo egoiliar gehientsuenen antzera, eragin suntsigarria duten pilula kolore bizidunen esklabo bihurtuko. Nahiago dinat arimako penak orrialde zuriak hiretzat betez arindu. Oraingoz eta ahal dudan arte. Edo uzten didaten arte.

        Haien berririk aspaldian ez dudan arren, ziur nago arrazoi nuela esaten ariko direla burkideak, hobe nukeela nire hasierako iritzian tematu izan banintz, kartzela-ospitalera etorri ordez, kartzelako ziega arruntean gelditu izan banintz, horrek hatz baten galera ekarriko bazidan ere. Ez nintzateke harrituko baten batek esango balu horixe bera aholkatu zidala, ez joateko ospitalera; ez etortzeko hona, alegia. Ez da egia ordea. Denek hobetsi zuten, denek bultzatu ninduten, denek aholkatu zidaten etortzeko, hobe nuela, egiteko kasu medikuei.

        Hala ere, ez ditut erruduntzat jotzen, ez ditut nire desgraziaren arduraduntzat hartzen. Ni naiz erantzule bakar.

        Gainera, orain, lehen ez bezala, errukiz begiratuko nioke gezurtiari.

        Ez nau lotsatzen gizakiarekiko nire ikuspegia aldatu dudala aitortzeak. Ez dut eragozpenik onartzeko lehen era batera eta orain beste era batera ikusten ditudala mundu honetakoak. Lehen ulergaitz zitzaizkidan asko garden agertzen zaizkidala. Zikoizkeria eta bihotz zabaltasuna hitz huts izateari utzi diotela nire bizitzan, bizipen sakon bihurtzeko. Mina, gorrotoa, beldurra... hitz izateari utzi eta zauri bihurtu direla nire baitan. Lehen gezurtiak jasangaitz zitzaizkidala, eta orain gezurraren geruzaren atzean ezkutatzen den mundua asmatzen saiatzeak nolabaiteko plazera ematen didala. Mundua beheragotik ikusteak gizakia barneagotik ezagutzea ekarri balit bezala.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus