Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Itxi dinat kaiera. Xabier guraso eta anai-arrebekin etxera itzuli zeneko 1937ko maiatzaren 1eko ilunpeko Donostia hari buruz gogoeta egin dinat. Nola edo hala etxera itzultzeko zuten antsia horrek birikak, sabela eta bihotzaren arteko gune zehatzezinean dardara egin zidanan.

        Nola itzuliko gaitun gu? Ez etsaiari errekisatutako tankeen gaineko bizardun horiek bezala, ez lore eta paperezko tximeletaz beteriko etorbide alaietan barrena heroiak besarkatzera eta musukatzera bildutako jendetzaren oihuen artean.

        Ez, noski.

        Guk ez dinagu halakorik nahi izan sekula. Lehen bezain anonimo itzuli nahi geninake. Behin eta berriro pintatu arren oraindik ere gure besoen gabeziaz goroldiotzen diren petriletara. Gure begiradarik gabe oroimenean kamustu zaizkigun mendi tontorrak zorroztera, bailarak leuntzera, errekak dantzatzera.

        Ezer gertatu ez balitz bezala. Gure absentziaren prezioa, oker zeudenak zuzentzea besterik izan ez balitz bezala. Gure zorionaren hildakoei barkamena eskatzera. Eta gure sufrikarioen arduradunei barkatzera.

        Xabierrek bizitakoa gogoan nerabilela otu zaidan, gure burua euskal herritartzat dugunok gure herria deitzen dugun honetako xokoren batean atzerritar sentitzen garen bitartean ez dela Euskal Herririk izango.

        1937ko maiatzaren leheneko Donostia biltzen zuen ilunpe horretatik guztiz atera ezinik zagon gure herria. Nola garbituko din inork orban bat, baduenik ere jabetzen ez bada?

        Olatuekin jolas egitera gindoazenean, itsasbeherak Ondarretako kartzelako zimentarriak erakusten zizkigunan. Aitak kontatu zigunan nola bera gaztea zenean lehertu zuten kartzela; eta osaba batek bertan egonaldia egin zuela ere.

        Orain bazakinat, udan antxeten eta haur jolasen zaraten artean, eta neguan Teniseko paseoan gora euripean nindoala entzuten nitinan ahots horiek ez zirela nire irudimenekoak, olatuen aparrak zekarkidana Ondarretako kartzelako behe-solairuko ziegetan itsasgoran ur hotza belaunetaraino iristen zitzaienen aienak zirela.

        Itzulitakoan ez nitizken berriro entzun nahi, haien atsedena ere iritsi izana nahi niken.

        Hiriaren egoneza apenas disimulatzen dun farfailaren eta su artifizialen atzean. Berrogei urtez zaindutako normaltasunera ohitutako hiriak, beste hainbestez ere jarrai zezaken itxurak egiten. Ongi ikasitako lezioak, odolez ikasitakoak, ez baitira hain erraz ahazten.

        Xabierren belaunaldikoen porrotaren osteko erreboltariok itzultzen garenean sendatuko dun zauria, hartuko diten atseden hildakoek, lurperatuko ditinagu gorrotoa eta mendeku gogoa. Eta egingo dinagu negar. Eta barre.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus