Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Bederatzi urte izango nitinan idaztearen estutasunak lehen aldiz ezagutu nituenean. Andereño M.ren ikasgelan nengonan orduan. Andereño aurrerazale eta irekia zunan. Munduari bere kabuz eta askatasunean aurre egiten irakastean oinarritzen zinan bere pedagogia. Beste andereñoek jolas-ordu gabe zigortzen gintiztenan artean, berak «pasaportea» deitzen zuen sorkuntza lan bat, margolana edo idazlana, egiteko aukera ematen zigunan.

        Aurreko urtean arrebak irakasle izan zuenez, bere bidez jakin nituenei esker ezagutu aurretik irabazia zuenez ospe ona andereño berriak, irrika biziz hasi nuen ikasturtea. Ez zuen gure esperantza zapuztu: Andereño M.k erakutsi baitzigun askatasunaren bidea!

        Andereño M.k hirian ibiltzen irakatsi nahi izan zigun. Zuzen esateko, hirian ibiltzen baino, libre ibiltzen irakatsi nahi zigun, arduraz ibiltzen. Haurron taldetxoak egin eta hiriko maparen kopia bana ematen zigun. Mapak bi gune zituen markatuta: bata ikastola eta bestea egun horretako irtenaldiaren helburua. Helburuan jartzen zigun hitzordua eta gure kabuz abiatu behar izaten genuen hirian barrena, nor lehenago iritsiko lehian.

        Irtenaldi haiek ez ziren nonbait gurasoen gustuko izan, txikiegiak omen ginen eta arriskutsuegia zen hirian zaintzarik gabe ibiltzea. Andereño M.ri errieta egin eta bukatu zitzaizkigun askatasunaren ibilaldiak.

        Behin batean, Andereño M.k handitan izan nahi genuenari buruzko idazlan bat egiteko agindu zigun. Burutu beharreko idazlan horren aurrean izan nuen Orrialde Zuriaren aurreko Idazlearen Izua deitzen zaionaren berri lehen eta azken aldiz.

        Haur batzuek txikitatik jakiten dute handitakoan zer izan nahi duten, nahiz eta gero, gehienei, bizitzak ustekabeko lanbideak eskaintzen dizkien.

        Ondo gogoratzen dut nik ez nekiela zer izan nahi nuen eta gainera izugarri urduritzen ninduen gaia zela.

        — Zer izan nahi duzu handitan? —galdetzen zidaten irribarrez helduek, masailean atximurka goxoa eginez.

        Isilik gelditzen nintzen, zer erantzun jakin gabe.

        Helduak, nire mututasunaren esanahia ezin asmatuz, lagundu egin nahi izaten zidan.

        — Nahi al zenuke su-hiltzailea izan? —galdetzen zidaten, esaterako.

        Edo:

        — Aita bezala izan nahi duzu?

        Nik ez nekien ordea zein lanbide zuen aitak.

        Aita kartzelatik atera zenez geroztik, ofizinara joaten zela zen ziur nekien gauza bakarra. Bertan egiten zuenaz susmorik ez nuen, ordea. Edonola ere, aspergarria eta interesik gabekoa iruditzen zitzaidan bere bizimodua. Goizero larruzko zorroa besapean hartuta abiatzen zen. Eguerdian itzultzen zen bazkaltzera. Eta bazkalostean berriro alde egiten zuen, arratsean itzultzeko.

        Ofizinara joatea zein lanbide mota izan zitekeen ez nekien arren, banekien ez nuela horretan aritu nahi handitan, eta ezetz erantzuten nien.

        Beraz, Andereño M.k handitakoan izan nahi genuenari buruzko idazlana jarri zigunean, zer idatzi jakin gabe gelditu nintzen. Izenburua besterik ez nuen idatzi.

        Ni izan nintzen idazlana egin ez zuen bakarra. Ikaskide guztiek bazekiten zer izango ziren handitakoan, inbidiaz entzuten nien norberak hautatu lanbideaz ari ziren bitartean: mediku, abokatu, astronauta, ziklista, su-hiltzaile, ile-apaintzaile...

        Orria zuri eman nion andereñoari eta, espero bezala, ikastordua amaitutakoan deitu ninduen. Kezkatuta zegoen, etxeko lana egin gabe ematen nion lehen aldia baitzen.

        Handitan zer izan nahi nuen ez nekielako utzi nuela etxeko-lana egin gabe esan arren, ez zidan aitzakia onartu. Zero jarri zidan.

        Etxean, afalorduan, beti bezala aitak ikastolan zer moduz ibili ginen galdetu zigun arrebari eta bioi.

        — Ondo —arrebak.

        Mutu gelditu nintzen ni.

        — Zerbait gertatu zaizu ikastolan, Mikel.

        Arazoren bat nuenean nola asmatzen zuen harrituta uzten ninduen aitak. Haur guztiek bezala gurasoek barrukoak ikusteko abilidade bereziren bat zutela uste nuen.

        Arrebak bazekien gertatu zitzaidana, baina gure arteko sekretuak benetako sekretuak zirenez ez zuen ezer esan.

        — Ez larritu, esan zer gertatu den.

        Ama mahaitik altxa zen, baxera batzuk harraskara eramateko edo azkenburua mahaira ekartzeko aitzakiaz.

        — Zero jarri didate idazlanean —aitortu nuen.

        Orduan ere ez zen haserretu aita; gutxitan haserretzen zen.

        — Zer gertatu zaizu bada?

        — Handitan zer izan nahi dugun zen idazlanaren gaia. Baina nik ez dakit zer izan nahi dudan.

        Jadanik ezagutzen nuen lanbide zerrenda eskaini zidan aitak hautuan.

        Alferrik zen. Ez nekiela zer izan nahi nuen berretsi nion. Eta horrexegatik, nire irudiz, andereñoak jarri zidan zero hori ez nuela merezi.

        — Ez badakit zer izan nahi dudan handia izatean, eta gutxiago zer izango naizen, ezin nuen idazlana egin —arrazoitu nuen.

        Aita ez zen nire iritzi berekoa. Andereñoarekin zegoen ados.

        — Ez duzu idazlana egin. Beraz, merezitako nota jarri dizu. Ez al dakizu zer egin behar zenuen?

        — Ez.

        — Handia izatean zer izan nahi duzun ez dakizula esanez idatzi behar zenuen. Zer izango zaren ez dakizula. Horri buruz idatzi behar zenuen.

        Hor nuen idazlanerako gaia, bai. Horrekin orrialde osoa ez nuen beteko, baina lerro batzuk idatz nitzakeen gutxienez. Maite ez nituen lanbideak aipa nitzakeen, nire zalantzen berri eman, zaila egiten zitzaidala nire burua etorkizunean ikustea, lanbide zehatz batean irudikatzea, alegia.

        Aitaren irakaspen horri esker orrialde zuriak ez zidan beldurrik emango aurrerantzean. Orrialde zuriaren tontorra egiteko nondik abiatu ikasia bainuen.

        Aita kartzelan egon izanak ekiditen ote zidan berarekiko identifikazioa? Alegia, beste haur batzuk bezala, aita bezalakoa izatea nahi nuela erabaki banu, horrela hasi beharko nukeen idazlana:

        Handitan aita bezalakoa izan nahi dut: euskal preso politiko ohia. Eta kartzelatik irtendakoan, ofizinara lanera joango naiz.

        Ez nuen preso izan nahi, noski, eta bulegari ere ez zitzaidan etorkizun gustagarria iruditzen.

        Andereñoak idazlan hura egiteko agindu zigunean, bederatzi urterekin, ez nekien idazle izaterik bazegoenik. Norberaren barne eta kanpo mundua, norberaren ikuspegiak eta irudimenaren uztak, norberaren egunerokoak eta ametsak paperean jartzea bizibidea izan zitekeenik. Orain, ia berrogei urte ondoren, handitan izan naizenaren, lanbide gisa izendatu ezin daitekeen nire ezkutuko bizimoduaren ispilu iruditzen zaizkit egin gabe utzi nituen idazlan eta, orri zuri haiek.

        Hamasei urte inguru nituen idazle izan nahi nuela erabaki nuenean. Hamazazpi urterekin unibertsitateko ikasketak hautatzeko ordua iritsi zitzaidanean, ez nuela unibertsitatera joan nahi jakinarazi nion aitari, idazle izan nahi nuela. Aitak, berak ere gaztetan idazle izan nahi zuela aitortu zidan. Ez zela zeregin batere erraza eta hobe nuela unibertsitateko ikasketei ekitea, eta aurrerago, idazle izateko nahia banuen, izango nuela aukera horretarako. Bitartean idazten jarraitzeko, baina ez uzteko ikasketak. Kotxea hartu eta Bilbora eraman ninduen unibertsitatean izena emateko.

        Urte luzeotan bazterrean utzi dut literatura. Beti egokitu (edo desegokitu) zait zeregin garrantzitsuagorik, presazkoagorik, ezinbestekoagorik edo larriagorik. Literatura idaztea bonbardaketen pean lehertutako Grozniko kaletan kaniketan jolasten aritzea zatekeen. Nahiz eta batzuetan galdegin izan diodan neure buruari ea ez ote nenbilen aitzaki-maitzaki, aitak zeregin zaila zela ohartarazi zidan honi itzuri egiten, bete-betean heltzeko beldurrez.

        Atxilotu gintuztenean kendu zidaten diru zorroan, nortasun agiri faltsuekin batera egunkari mozketatxo bat neukan, oroitzen ez dudan idazle hegoamerikar baten aipuarekin: «Borrokan ari ginen artean ez genuen idazteko betarik, eta orain, garaitu gaituztenean, iritsi da literaturaren ordua». Aforismoaren bigarren zatiarekin ados ez egon arren, lehenak hatz puntak txindurritzen zizkidan idazteko antsia baretzeko balio zidan.

        Eta hementxe nago orain, beste ezer ezin eta idazlearenak egiten. Ez ditut garaituaren etsipenetik zikintzen denboraren orrialde zuriak, ez naiz porrotaren mikatzarekin abiatzen oroimenaren oihanean azaltzen zaizkidan piztiak eta zomorroak alfabetoaren salabardoarekin ehizatu eta gramatikaren formolean betirako disekatzera.

        Sortzaileak bere presentzia fosildua uzten duenean, historiaurreko labarretako margo eta zeinuetan, ostraketan irarritako idazkunetan, papiroetako hieroglifoetan, kopisten kaligrafia txukunez biderkatutako inkunableetan, inprimategien tinduaz biderkatutako idazkietan, edo bytetan gordetako hizki elektronikoetan, azkarregi desagertzen den oraina bezainbeste du gogoan sekula bukatzen ez den etorkizuna.

        Ez al da bada idazlearen amets gorena, idatzitakoaren bidez ikusten edota ezagutzen ez ditugunei ikusezina ikusaraztea, ondorengoei ere hitz egiten jarraitzea, beren ahotan edota garunetan berpiztea, hil ostean ere bizidunen artean jarraitzea?

        Hitzoi bizia emanez, nire ahotsaren doinuaren antza izan nahi duen idazkera sortzen saiatzen naun. Mugimendu urriko mundu honetatik ihes egin eta higanatzeko dudan modu bakarra dinat.

        Gaur egun norbaitek galdetuko balit ea zertan aritu nahiko nukeen, ez niken zalantzarik izango.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus