Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek sartaldera din leihoa. Ikusmira ederra dinat hemen ere. Bitxia dun nola berrosatzen duen ikusmenak burdin barrek edota sareek eteten duten paisaia. Begiratzen dudanean ez ditinat jadanik leihoko zementuzko egitura eta sarea ikusten.

        Alde honetan, ahateen parkearen ordez hodeiertzean zerrenda beltz bat bezala ageri den oihana hautematen dut. Arratsetan eguzkia zuhaitzen atzean ezkutatzen ikusten dut. Luzaroan egoten naiz leihotik begira. Oihan horren atzean, urrunago askoz, itsasoa dagoela dakit. Ilunabarrean, eguzki gorria itsasoan urtzen ikusitako parajeak gogoratzen zaizkit.

        Arratseko azken printzek doratu dute gela. Erridaua zabaldu dut pixka bat, baina ez guztiz, eguzkiari sartzen uzteko aski. Begiak itxi ditut. Leihoa zabalik, arnasa sakon hartu dut. Eguzkiaren fereka nabari dut betazaletan. Erretzeari utzi ez banio zigarreta bat pizteko une aproposa litzateke. Klask! Sakon tira egin, kea gorantz bota, kea gorantz nola doan begiratu, eguzki printzek nola egiten duten jolas kearen kiribilekin. Hautsontziaren bila abiatu beharko nintzatekeen.

        Kartzelako hormaren gainetik ikusten ditinat kartzela aurreko Askatasunaren hiribidearen bi aldetan dauden zuhaitzen tantaiak, ezkiak uste dinat. Aspaldi zenbatu nitinan: hogeita bost zauden ospitaletik Quartier Nagusiraino, eta beste hainbeste Quartier Nagusitik hi haukaten Emakumeen Maison d'Arrêt txikiraino. Kartzela-eremuaren sarrerako hesiaren ondoan dagoen bandera zuri-gorri-blua ere doi-doi ikus zezakenat, arratseko azken printzetan dantzan; armaz hornitutako zaindariak —masta bezain harro eta zut— izango ditin alboan.

        Isildu da kalea.

        Eskuin aldera aldiriko eraikin erraldoi batzuk daude, ilundu ahala gizakien zereginen arabera keinuka hasten direnak, egongelatik sukaldera, sukaldetik bainugelara, bainugelatik logelara. Batzuek berriro ere sukaldera jotzen dute eta ondoren egongelara doaz, argia itzaltzean telebistaren argi koloretsu eta keinukariek apaintzen dituzte hormak.

        Sendi arrunta irudikatzen dut. Afaldu dute, haurrak oheratu dituzte, hozkailutik freskagarriren bat hartu dute eta telebistaren aurrean jesarri dira, eguneko gorabeherak elkarri aipatzeke.

        Hurbilen dagoen eraikineko laugarren solairuko leiho batean agertu da emakumea. Eskua eskuineko belarri ondoan du. Telefonoz ariko da hizketan. Bere atzean telebista piztuta, zurtz. Ez duela sendirik erabaki dut; bakarrik bizi dela. Bere ezpainak hizketan irudikatu ditut. Gero hitzak asmatzen ditut. Isiltzen denean, telefonoz bestaldeko mintzaidearen erantzunak entzun nahi nituzke. Negarrez ari ote da? Garrasika? Zergatik ez daude elkarrekin?

        Emakumea barrura sartu denean piztu dut argia nik. Xabierren egunekoa zabaldu dut. Gurea izandako beste gerra bateko sufrimenduez ari da. 36-37 bitartean eta gerora ere luzatu zen sufrimendua. Porrotaren mikatza. Gure gerra nola kontatu behar dugu? Denboran hedatzen den sufrimendua. Sufrimenduaren metatzea. Metatze ikusezina.

        Ez gaude kale gorrian, saihets hezurrak agerian, betzulo ilunez errukia eskatzen. Egunero berdintzen dugu gosea, ohantze goxoetan egiten dugu lo. Irri egiten dugu. Babes-jantzi sendoa dugu, oro har. Bertsotan egiten dugu. Liburuak idazten ditugu. Gutunak idazten ditugu. Ezkondu egiten gara eta haurrak sortzen ditugu. Gure borreroek irriz ikusten gaituzte, arratoi kakaz betetako beren kaiola estuetara sartzen. Ez dute ulertzen nolatan ez garen jadanik errenditu, beraiek baldintza bertsuetan aspaldi saldua zuketenean ama ere. Torlojua gehiago estutzen digute; juxtu irriz ari ginenean.

        Osabak Duesoko penalean heriotza-zigorra noiz beteko zuten zain pasatako bi hilabete latzen berri ematen duten pasarteak irakurri eta itxi dut Xabierren egunekoa.

        Orain ezin ditut leihotik kanpora atera eskuak. Ezin naiz leihoan bermatu lehen bezala.

        Gure etxean, artadiez hara dagoen pentzeari begira egoten nintzen leihoan. Auzokoaren behiak xaxatzen ikusten ditut gure etxeko jabearen zakurrak. Laster entzungo da baserritarraren haserre oihua: Li-fo! Bouillote! Pistache! Zakurrak uxatu nahian, alferrik.

        Hostoak galtzear oroitzen dut lizarrondoa. Ezkia ere bai. Udazkena. Pirinioetako lerroa zein zehatz ikusten zen egun batzuetan. Betiereko elurra eguerdiko eguzkipean dirdirka. Semea lizarrondotik zintzilik dagoen zabura igo dun, eserlekuan zutik zagon, etxerako aldapa zelatatzen. Beheko bihurgunean aldapari ekitean autoak altxatzen duen hauts hodeia noiz ikusiko, noiz etorriko haizen edo noiz etorriko naizen. Ikusi orduko zorion oihuz etorriko dun sukaldera, «badator amatxo!» iragartzera. Bagatozela gure paradisura, ikusten ez den guduko beste bataila bat irabazita. Atzeman gintuzten eguna ospatu zutenerako zenbat bataila ez ote genituen irabazi? Askatasun egun bakoitza, borroka egun bakoitza garaipen egun bat, zorion eguna, gure herriaren biriketan sartutako arnasa bizigarria.

        Arropa erabiliak garbigailuan sartu ditinagu afalaurretik. Ilundu aurretik hiruron artean zabaldu ditinagu arropak, baratze ondoko esekitokian. Biharamunean, ezingo ditinagu bildu, eskuak bizkarrean lotuta, mozorrodun armatuz inguratuta. Pizza prest zagon labean. Nork egingo du harrikoa gero?

        Azken datuen bila, mikrofono direkzionalekin eta beste gailuekin etxean zenbat gauden eta nortzuk garen asmatzen, etxeko argiak gelaz gela nola ibili diren zelatan zauden goizeko seietan etxeko atea apurtuz sartuko direnak: egongelatik sukaldera, sukaldetik bainugelara, bainugelatik logelara, logelatik langelara. Berandu arte egon dun piztuta argia langelan. Semearen loa zaindu ondoren, logelakoa une labur batez baizik ez dinat piztu hire alboan oheratu aitzin, denbora luzean elkarri besarkatuta egongo garen azken orduak ditugula jakin gabe.

        Aurreko eraikineko erridauak zabaldu dira. Emakumea agertu da leihora. Keinu zakarrez urrundu du telefonoa belarritik, sakelan gorde du edo zakar bota du besaulkira, ez dut ikusten hemendik. Negarrez ariko da. Atzeko horman telebistaren kaleidoskopioa islatzen da, alai. Mututuko zuen telefonoz hitz egiteko.

        Ilun zagon gaua orain. Hormetatik harantz, polizien autoen argiak hiribidean gora eta behera ikusten ditinat, kartzelarako bezero bila. Autobideko zaratotsa lehen baino nabarmenagoa dun.

        Sakelakoa lortzeko eskatu behar zionat Christopheri, bai. Hik ere beharko dun bat.

        — Allô! Maitea? Bai. Maite haut.

 

 

 

© cc-by-sa Mikel Antza

 


www.susa-literatura.eus