Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Benedictus

 

Haizeminek ziztuan gidatzen zuen, haserrea jabaldu zitzaion arren. Kontrol bat ukan baldin bagenuen, menturaz gaua polizitegian pasatzeko gai gintezkeen. Baina ekiak suntsitzen zuen zelaian nehor ez zen ageri, kamioiak salbu. 232 zenbakiko nazionaletik genbiltzan.

        Une batean, Nafarroan sartzean, Thunderbirdaren abiadura orratza ehun eta laurogeitan ikaratzen ikusi nuen:

        — Lasai Haizemin! Helduko gara.

        — Besteak baino lehen iritsi behar dugula ahantzia duzu ala?

        — Baina bizirik, lagun!

        — Thunderbirdak bidea maite du eta ez dio infidelitaterik eginen, sinesten ahal nauzu Amaia.

        Ene 4L zaharkituan ohitua, kotxe indartsuetan beldur nintzela aitortzekoa nuen. Abiadura hutsa ez nuen gogoko, ez erregebideetan, are gutxiago eguneroko harat-honatetan. Urritasun emearen ohaidea nintzen, gauza guztiak astiro egiten nituen, hainbat non batzuek egoera gaizki interpretatzen zuten, tuntuna nintzela ustez. Tetele larria ere nintekeen, ordea denboraren erritmoari jarraitzea ororen gainetik laket zitzaidan, denborak bere denboratasunean denbora hartzeko pribilegioa bailuan. Ez zen hala bistan dena, denborak bultzatzen gintuen, akuilatzen, trinkotzen, bahitzen, gatibatzen eta azkenean hobira aurtikitzen. Carmenek eskua belaunean pausatu zidan:

        — Trankil Amaia!

        — Ados.

        Eta Haizeminek Fitipaldi bailitzan zerabilen autoa. Burutazioak abiaduraren kezkatik aldentzen saiatu nintzen. Baziren jada lau ordu Gasteiz utzi genuela, eta etsipenetik etsipenera gindoazen. Gexan Hiriart eta Zokilenganako herra hotza nabaritzen nuen: trahitu gintuzten larriki. Zein harrek kurruskatu zieten burumuina? Gorringo eta Albert Labruquere halaber Santa Engraziatik iraganak ziren. Zer ari ginen gu afari erraldoien hondarrak biltzen? Zergatik ez zidan gehiago deitzen Jean d'Amouk?

        Bardeetako karta ireki nuen: nondik nora jo Santa Engraziaratzeko? Bardea Beltzak zeharkatzekoak ziren Santxo Abarka kaperaren malda dastatzeko. Jadanik izana nintzen leku horietan, aspaldi zuela Tuteran eraman nuen inkesta baten karietara. Hargatik, urtzen zihoazen urteek ez zidaten memoria zehatzik hazten.

        Mineral usain eta lurrak gorri zeuzkan eremuaren ortzaizean Tuterako dorreak sumatu genituen. Orain, behialako minarete haien ordez, katedralaren hagin zorrotzek zerumuga urratzen zuten. Juduak, arabiarrak eta kristauak garai batean Nafarroako erregetzari garesti ordaintzen zioten hein bateko bakean jardun zuten Erriberako hiri nagusian. Jerusalem ohia zen, Benjaminek abiapuntutzat hartu zuena benetako Jerusalemera oinez joateko. Tuteran orduan, ez ziren Libano hegoaldean gaurko zoritxarreko uztailetan bezalaxe, Kanaango ezteiak odoletan bururatzen. Nafarroako euskaldun askoren antzera arabiar eta judu hatsa zeukan bortxaz katolikotu protestanteetarik nintzen. Baionako zein Bidaxuneko judu hilerriak bisitatzean, bihotza amodioz hantzen zitzaidan: alabaina juduak Espainiatik kanporatu zituztenean, haietarik bat, Jakob izenekoa gure familiaren oinarrietan berme suertatu zen. Tuteran baizik ez nuen neure jatorri nahasiaz pentsatzen.

        Tutera berriz ikusteak poztu ninduen. Maite nuen hiri hori. Karrika idor hertsiak, buztinez eraikitako etxeak, sotoak bezain fresko ziren ostatuak, azken jujamendua irudikatzen zuen elizaren ate zizelkatua eta bereziki klaustro mozarabea. Handik, zikoinak habiatzen mirets nitzakeela erran nion Carmeni, amiamoko zuri-beltzen zeru urdinean zeharreko hegaldiaren pareko gauza ederragorik ez zegoela munduan.

        — Beti exajeratzen ezta?

        — Amiñi bat baizik ez.

        Ezpainak irrimarrez alegeratu zitzaizkidan. Foruen plazako sarreran ginauden. Kioskoa huts zen, baina Erriberako hemeretzi herrien eskudoak banaka aztertzeko astia ukan nuen, Thunderbirdak ziuntaz jarraitzen zuela.

        — Kafe bat edan dezakegu terrazaren batean.

        — Eroa zara ala? —orroatu zidan ordu arte isilik egon zen Estevezek—. Orain zuzenka Erriberako Santa Engaziara!

        — Badakizue nondik jo?

        — Atzemanen dugu. Haizeminek ez du nehoiz ni bezain kopiloto onik eduki.

        — Otto kopilottoa zara Estevez, zurekin ipar poloraino joango nintzateke.

        Haizeminen oharrak freskatu gintuen.

        Hezurrak bihurdikatuz, Tuterari ebatsitako behakoa bota genion, Ebro gainera hamalau arkutan aurtikitzen zen zubitik. Ibai ertzeko sasiak eta seipazazpi pisuko etxebizitzak urean miratzen ziren. Hiriko andere, katedralaren mailkako dorrea ageri zen, eta burua doi-doia inguratzen baldin bazen, kristoren betoinezko zutoina ortziei mendekari, muinoaren bizkarrean. Erregebide zuzenaz baliatzen zen Haizemin abiaduraren emendatzeko, eta ematen zuen atsegin zuela.

        — Iahuuuu!

        — Zezen beltzaren ikurra. Bardeetako sarrera bat —Estevezek baiki Bardeak ezagutzen zituela.

        Lur eta harri mihi okre baten gibelean sugetzen zihoan Valarenorako bidea. Edertasuna jada eskainia zitzaigun, arimak non alha ez genekiela. Desertua izanagatik bazka nasaiak ziren, bazka metaforikoak noski, egiazko bazka uda minean garrazki eskas baitzen. Mandruneztatu xendaren hegitik berrogei bat metrotan gizon bat zebilen, konkor eta itxuraz unatua. Carmenek txorien otserbatzeko erabiltzen zituen largabistak bildu nituen eta gizonaren ibilera ikertu nuen: txapela zeraman buruan, xahako bat sorbaldan eta makila eskuan. Jantzi zatarrez apaindua eta bilo zekenenetik oinaren azken eri ttittileraino errautsez emokatua zen. Gizon hura desertuaren erdian haztamuka begimendu bezain laster Travis oihukatu zuen Carmenek:

        — Travis!

        — Zer ari zara Travis-ka? Artaldea galdu duen artzain bat baizik ez da!

        — Artzaina sasoi honetan? Mentsa zara Haizemin.

        — Barkatu Carmen, baina nor da Travis?

        — Basamortu lehorra, ur eskasa, gizon bat oinez, egarriz kulunka, haize ertzoa eta Ry Cooderren gitarra zimikoa.

        — Arrazoi du Carmenek —maitearen aldea hartzen nuen—, arrazoi du —berretsi nuen—. Travisen aitzakian gizon kurkuilatu hori lagundu behar genukeela uste dut.

        Haizemin urrikaldu zen. Thunderbirda ipularrean utzi eta autotik jaitsi ginen. Berantetsia genuen alabaina, hankak xinaurritegi bihurtzen ari zitzaizkigulako. Jauzika genbiltzan gizon zaharraren gibeletik. Itzulikatu zen eta are lasterrago zihoala konturatu ginen. Gazteago eta entrenatuagoak ginen nolabait, eta sprint baten ostean gizona setiatu genuen.

        — Travis! —errepikatu zuen Carmenek.

        — Zer duzue zuek —karkaratu zuen gizaizoak—, bakea emadazue.

        — Travis?

        — Ez naiz Travis. Albert Labruquere naiz. Iparraldeko euskaltzainetarik bat.

        — Albert Labruquere?

        Ez nuen zorionaren gordetzeko arrazoirik. Bilatzen genuen biligarroetarik bat zen, alajainkoa! Bozkarioak agurearen laidoztatzeko tentalditik urrundu ninduen. Palto hegitik loturik neureganatu nuen, bortizki, Jack Malonek legikeen eran:

        — Errazu Albert, zergatik zabiltza eratorrian desertu honen erdian?

        — Ez da kontatzeko erraza. Istorio luzea da.

        — Badugu astia.

        — Amaia —otoiztu zidan Estevezek—, preseski, betarik ez dugu. Santa Engrazian dituzkegu gure beste pika-beleak. Erna gaitezen!

        — Baiki. Arren autoan erranen diguzu xeheki zer gertatu zaizun.

        Punpan sartu ginen Thunderbirdean, mirakuluz harrapatu Albert Labruquere Carmen eta bion artean geneukala, artoski. Thunderbirdak Ejeako erregebidea abandonatu eta lurrezko xidorrari ekin zion. Bihurgunez bihurgune ibili ginen, sasi idorretan barna, batzuetan eihartutako arto landak jaukitzen zitzaizkigula. Bazter erreiei begira, oroitzen nintzen lehen aldiz Bardeak bisitatu nituenean, Joseba, Asun eta Tuterako ikastolako kideekin, nolako euri uharra egin zuen eta orduan ura burrustan isurtzen zen errautsak buztinduz.

        Labruquerek, hasieran, komunione txikia egin gabearen herabetasuna erakusten zigun. Baina zirikatzen nuen gaizki ikasia bainintzen, eta hondarrean hitza askatu zuen:

        — Gexan Hiriart eta Gorringo irakaslea atzetik nituen, tatuatua daramadan kopla azaleratu nahiz. Biak elkarrekin dabiltza. Konplizeak dira. Giltza harrapatuko dute berehala.

        — Ez dut uste, artekatu nuen.

        Gizonak auhenka segitu zuen:

        — Autostopez iritsi naiz honaino. Larrua salbatzekoa nuen, derrigorrez. Iparraldeko euskararen ohorea jokoan dago. Orain arte zaindu dugu. Bihar ez da segur. Bilboko Doña Casilda baratzean ostu zeniguten maletako paperek euskal literaturaren geroa baldintzatuko dute.

        — Maleta ebatsi digute —zehaztu zuen Carmenek.

        — Ebatsi dizuetela? Nork?

        Albert Labruquere durduzatzen zihoan. Ahoak eman ahala edaten zuen plastikozko botiletan generaman uretik. Hatsa hartzen zuela, hizketan zerraikan:

        — Gorringori irudi zaio ordua dela euskaldunei maletaren edukia ezagutarazteko. Ez dakit nola egon den urde zikin hori sekretuaren jakinean. Gutariko bat gehiegi mintzatu daiteke. Ez gara mihi urrikoak, pixka bat mozkortu eta ongi jan ondoan. Pentsatzen dut Gexan Hiriartek duela mina eragin, diru trukean. Sosa maite baitu, nik hura maite dudan bezainbat. Sosa eta ohorea. Sekretua betirako sekretu komeni da ez?

        — Pierre d'Oihenart eta Manex Bergeret pozoiturik hilak izan dira. Eta Gasteizko Santa Maria katedraleko lantokian kausitu den hilotza zurea zela susmatu genuen. Baina ez zen hala.

        — Hilak izan dira? Pena dut. Amor emateko tenorea datorkit.

        — Amor emateko?

        Arraformulatzeko tirriari uko ezin nion egin. Gizona lehortzen zihoan. Mututzen. Etendua zen.

        Zainetan nenbilen ni:

        — Zer dago maletaren barnean?

        — Ageriko giltza erdiesten baldin badugu...

        — Ba al dakizu zer dagoen maleta hartan?

        — Zuzen ez dakit. Soilik euskal literatura ipurdiz gora jarriko duen idatzi bat. Mendeen mendeetan prestuki gordean atxiki da eta, gaurkoan, sosez gosetutako bizpahiru jendaila anbiziotsuren erruz argiratzeko arriskuan dago. Madarikatuak bitez.

        — Katxislaletxe.

        Erdeinuzko ele arrotzak baizik ez zitzaizkidan ateratzen. Saindu aurpegia aurreratuz, Carmenek so tzarra luzatu zidan. Alta bera ere hiztegi maila horretan nahiko trebea zen. Zer zuen hor marimargarita baten plantan, nintzen marimutikoari oldartzeko? Bitxia zen alainan.

        Anartean, Haizeminen autoa herrixka txiki batera iritsi zen. Santa Engrazia zena? Hala zitekeen menturaz, Haizeminek kotxe izugarriaren motorra eho zuelako. Erribera osoan nola, hala etxeak gisuz tindatuak eta apalak ziren. Eguerdi minean nehor ez zebilen karriketan. Ebro ibaiaren eta isiltasunak zapaltzen zuen herriaren artean altxatzen zen mendi biluziaren maldan zegoen, kasik lo. Airearen mineraltasuna usnatzen nuen eta ongi sentitzen nintzen, beroa jasan arren. Marruma elkorra hauteman zen. Ate berde baten atzetik jalgi zen beltzez beztitu adineko emazte bati galdetu genion ea hemen zenez Santa Engraziako kapera. Ihardespen laburra eman zigun, solasak nekatuko bailuan:

        — Ez, Santxo Abarka deritzon kaperatxoa da hau, Santa Engrazia beherago daukazue, Taustera ezker hartu eta Corteserantz.

        — Ba al da zeozer berezirik Santa Engrazian?

        — Eliza bat bada. Eliza normal bat.

        Ttattit zegoen Albert Labruquereren saihetsera jauzi egin nuen. Emaztea ordukoz desagertua zen. Euskaltzainari paltoa eta atorra ken zitzan eskatu nion ahotsa gogortuz.

        — Neska gazte hauen aurrean ez naiz larru-has jarriko!

        — Aski komedia! Biluz zaitez eta agudo!

        — Otoi, bekatu da. Bekatu dela!

        — Ez da bekatu oizu, bi gizonen hilaraztea, sekretu txepel batengatik! Zotüka zaitez bestela bortxa erabiliko dugu.

        Neguko goiz lainotsuetan auzoek sangreatzera zeramaten baserriko urdearen gisa higitzen zen Albert Labruquere. Ez zuen aterkia ilki nahi. Ohartu zelarik bururaino joatera deliberatuak ginela, galtzetako sakelatik paper puska bat jalgi zuen. Purtzilikatua. Urdin arin koloreko marrak zeuzkan puxinka desplegatu nuen eta, adiskideak gogoetara deituz, irakurtzeari ekin nion:

 

                Desertuan higatu

                Genuen abarka,

                Denetan da bilatu:

                Nork lezake barka?

 

        Behin eta bietan leitu nuen. Jada eskumenean geneuzkan bi zatiekin erkatuz, erritmo aldaketa zuhur bat bazela azpimarra genezakeen. Baina, argiago zen: giltza ondo-ondoan genuen eta Santa Engraziaren gaineratiko aipamenak oro indize faltsuak ziren. Esperatzekoa zen aitzinetik geneuzkan biligarroak Santa Engraziara joan zirela, itsuki, Errioxakoan gure antzera gelditu zirenaz gain. Albert Labruquere keinuz ari zitzaidan, papera inguratzea gomendatzeko. Hala egin nuen kuriositate soilez. Carmen beha zegokidan. Ahotsa garbitu nuen:

 

                Harrizko aingeruak

                Lurrean du oina,

                Hargatikan zeruak

                Bermatzen zutoina.

 

        Hau zen hau!

        Ortzimugan Ebroren ohantzeak distiratzen zuen, pastel aire. Eukalipto usaintsuak itzala eskaintzen zion Santxo Abarka kaperan sartzekoak ginen zalu-zalua, harrizko aingerua ikus eta zutoinaren azpian, lurra karrakatuz edo eliza zolako harlauzak mugituz, amestutako giltza atzemanen genukeen. Maleta falta zitzaigun.

        Orduan ene telefonoak jo zuen.

        — Jean d'Amou jauna! Azkenean! Non zaude?

        — Erran dizut ez duzula jakitearen beharrik. Zertan zarete?

        — Giltza badugu.

        — Maletarik ez ordea!

        — Justu.

        — Gorringo odolustu da Santa Engrazian. Etortzen baldin bazarete ederki errezebituak zirateke.

        — Santa Engrazian zara beraz?

        Bi-bi-bi-bi...

        Kaperako borta astuna karrankarazi genuen. Albert Labruquere otoitzean ari zen. Sakrilegiora atrebitzen ginen haren gustuko. Ikara zen. Gorputzean jada ur gutxi eta izerdi trenpan zebilen. Haizeminek eta Estevezek harrizko aingerua zekarren zutoina bilatu eta kausitu zuten. Beherean harlauza nabarmen zen: juntak aske zituen ez baitzen zementuz lotua. Indarka hasi ziren gure bi gizonei, Carmen gehitu zitzaien. Bulta baten buruan, harria mugitu zen eta azpian, harrak, marmutxak eta kakamarroak ugari zirela, hornidura mozarabez edertu kaxatxo bat azaldu zitzaigun. Bederazka hitz egin genuen:

        — Giltza!

        — Giltza!

        — Giltza!

        — Giltza!

        — Madarikatuak!

        Albert Labruquere hautsia, kaperako jargia batean zetzan. Historia penatsu baten azkena, munduarena bailitzan. Agian, trahitu zuelako irudipena zeukan. Funtsean, denek denak trahitu zituzten. Eta denek denak trahitu genituen, denek denak trahitu gintuzten bezala. Bidenabar, Jean d'Amou ene manatzaile sibilinoaz zer erranik ez? Izturitzeko harpean ez nuen ikusi ere egin! Noren alde zegoen?

        Gorringo zendua baldin bazen, nork zuen orain maleta? Gexan Hiriart eta Zokilek, ala Jean d'Amouk berak?

        Pentsati nenbilen bat-batean: kasik leku berean bukatu nuen duela hamar bat urteko Erriberako ikerketan berdinki maleta kontu latz bat bazela gogoratzen nintzen, eta egiaz aspergarria bihurtzen ari zitzaidan. Gogoa kordelean zihoakidan artean, Carmenek kaxa ireki zuen eta benetako zilarrezko giltza agertu zen, kaperako leiho hertsietarik zetozen eki leinuruekin jostari.

        Irriz lehertu ginen.

        Salbu Labruquere zoritxarrekoa.

        Ene hipotesiaren arabera, Hiriart, Zokil eta Jean d'Amou Santa Engrazian zeuden. Santxo Abarka kaperatik bospasei kilometrotan, oraixtiko andereak argitu zigunez. Ez genuen minutu apur bat galtzekorik. Lehiak akuilatzen gintuen. Thunderbirdean nolanahika metatu ginen. Haizeminek ments baten eran gidatzen zuen. Labruquere negarrez, eta Carmen herriaren setio taktika ozkan jartzen ari zen: ene bere ohera erakartzeko erabili zuenaren antzekoa baldin bazen, zinez erreusituko zuela segur nintzen. Estevezek aldiz bere laneko pistolaren prestutasuna aztertu eta okey murdukatu zuen.

        Tausteko norabidean, Santa Engrazia seinalatzen zuen bidegurutzean hain zuzen, masa ilun bat begiztatu genuen lurrean. Gelditu eta Bilbon behin zelatatu Gorringo lotsagarria zela konturatu ginen. Beroarekin ubeltzen ari zen abiadura gaitzean. Ulu beltz burrunbariak gainean zeuzkan jadanik, harrapakariak bezain ugari. Zerbait zen horrela bukatzea! Unibertsitate askotako irakasle ospetsua zen, ohoratua eta errespetatua, euskaldun onari komeni zitzaion eran. Ohore eta errespetu gehiagoren desiraz txirikordatu zen istorio triste honen sareetan, hilezinak ziruditen lau euskaltzainek zeramaten maleta eskuratu zuen une hitsean. Gaizkiak gaizkia zekarren. Morala salbatua zen, nolabait.

        Odolaz aparte, inguruan ez zegoen identifika lezakeen elementu izpirik. Esku muturra eta burdina zurizko ukaraikoa labana zorrotzaz edo motozerraz trenkatu zizkiotela ematen zuen, ukaraiko zainak oro lur egarrituan isurtzen zirela. Esku ahurra bere bost behatzekin zenbait metrotan zetzan. Agian eskuburdinez lotzen zion ukaraiari hainbatek xerkatzen genuen maleta inork ebats ez ziezaion. Nor zen hain krudela Euskal Herrian? Sekretu literario batengatik masakre ankerrera molda zitekeena? Arrazoia zuen Albert Labruquerek eskaini zidan paperean nork lezake barka idatzi zuenak: herriak ez zuen ezer barkatzen.

        Carmenek gerritik hartu ninduen eztiki. Musukatu ninduen, lapataka, kopetan ziztu eta ziztakari pausatzen zitzaizkidan uluak haizatuz:

        — Ez haiz trenputxartu hilotz likits hau aldion ikustean!

        — Usatzen hasia naun.

        — Mesedez Amaia, nahiago ninan hire niniketako izu zaharra, hire gaurko tema harrotsua baino.

        — Maitea... alegia ari naun.

        Eta oka egin zuen maite nuen andereak.