Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Dies irae

 

Redios!

        Zer ari zen Jean Martin Gorringo euskaltzaina, bosgarren gizon gisa, urrats trabatzen eta ene arrabia harrotzen? Euskaltzaindiaren egoitzatik atera ginen Carmen eta biok. Euskararen iragana ederki kontserbatzen zen aixolbearen aitzineko ostatuko eguteran jarri ginen, Gorringo atera zain. Jaun haren haserrearen heinaz jabetzean, iruditzen zitzaigun, idazkariaren bulegoan harrapatu bagintu zitzifrikatuko gintuela. Eta ez gintuen gizon pruntaren argazkietako irri seduzitzaileak engainatzen. Behialako kide errespetatu eta maitatuaren itxura galdua zuen, salbaia eta hiltzeko prest agertu zen Prontxoren gelan, abere.

        — Segituko dinagu.

        — Habil hoa hi, nik badinat kapitulu bat bukatzeko. Etxean egongo natzain aiduru. Ez hadila beranduegi sar.

        Carmenek, irri xehea ezpainetan, tabernako terrazan abandonatu ninduen. Papo aldea kraskatu zitzaidan. Iluna zen jadanik eta argizpien azpian jendeak ibili bazebiltzan, nora ez, doi-doia karrikan elkarrekin izateko atseginez. Artetik, ekialdetik etorri musikariak oihartzen ziren eta arrosak saltzen zituzten buhameek xendra bihurdikatzen zuten, mahaiz mahai. Ez zuten arrakasta handirik. Esker kasik ahalketuz urruntzen ziren ondoko bikoteari loreak etengabe eskaintzeko. Gehienak buhameak ziren eiki, baina haietarik franko pakistan edo indiar ozeanoko uharteetarik zetozela ziruditan.

        Mugikorrak jo zuen.

        Makinari so nengokion, zenbaki gordea azaltzen zitzaidala. Jean D'Amou zela igarri nuen.

        — Bai!

        — Bilbon zaudela badakit —erran zidan Jean d'Amouk—. Ba al duzu berririk? Minutu bakoitza garrantzitsua da, aita eta bere lagunak bizirik atzemateko.

        — Ez, ez dut gauza askorik. Euskaltzaindiaren egoitzan Euskal Herriko hiriburuak idatzirik zekartzan paper bat kausitu dugu...

        — Dugu?

        — Baha... Bilbon badut maite dudan adiskide bat.

        — Euskaltzaindikoa?

        — Ez. Barrenkalekoa. Gaira itzuliz, ez al duzu uste oporretara joan direla? Gasteiz eta Iruñea bisitatu nahi zituzten beharbada?

        — Gizon langile horien bizitzan, zurean ez bezala, ez dago oporrentzat lekurik. Jakin ezazu hori.

        — Baiki. Nor da Jean Martin Gorringo?

        Isildu zen ahotsa linearen puntan. Zintzur karraka bat hauteman nuen. Euskaltzaindiaren egoitza nagusiko ateari begira nengoen. Jean d'Amouk hitza berreskuratu zuenean, Jean Martin Gorringo bortatik ziztuan jalgitzen begiztatu nuen: Irakeko bigarren gerlaren lehen egunetan saldoan eta lerroan Bagdadera urratzen zuten amerikar tanke erraldoia ematen zuen. Puskak bildu nituen eta euskaltzain tapalaren itzaletik abiatu nintzen, telefonoan Jean d'Amou mintzo zitzaidala.

        — Gorringo jauna, hala erran behar baita, duela hirurogeita zazpi urte Bordelen sortu zen, gurasoak euskaldunak zituelarik. Barnealdekoak. Ez dakit zein eskualdeetakoak ordea. Ahurtin bizi den apez hori hizkuntzalaritzan doktore egin zen Parisen, eta karrera osoa euskararen egiturak irakasten higatu zuen, sekula euskara jakin beharrik gabe.

        — Nola da posible hori?

        — Inuxenta zara Amaia. Ez inuxent erdia. Baizik eta osoa. Ez dakizu nola bizi diren beren buruak euskaltzaletzat dauzkaten horiek? Moralki guri manatzeko ez dute euskararen premiarik. Aitagatik ez balitz, enetako ere pikutara bihoa gure hizkuntza zaharra, ez baitu dirurik emanen...

        — Rock'n'rolla dun orduan.

        Oroitzen nintzen, Arriaga antzokiaren plazara heltzen nintzela, Hertzainak taldeak taulaz taula oihukatzen zuela rokanrolak ez du dirurik ematen euripean garagardoz blai Julio Iglesias un canto a galicia e lerdoak eulixa najak etab. Carmenekin ene rock talde kuttunaren azken kontzertura joan ginen eta, egia erran, gure hondar hitzordu berezia ere izan zen. Carmen eta bion amodio platonikoa Hertzainak bandari hain estu uztartua zela ez nezakeen sinets, Jean d'Amouk garai izoztu haiek gogora ekarri ez balizkit.

        — Badu zenbait hilabete Gorringok aita kitzikatzen duela, aitak duen zerbait erdietsi nahiz. Zer liteke aitak zuena eta Gorringok ez zuena?

        — Seme bat beharbada?

        — Ez, harentzat haurrak ondasun irensleak dira. Eta enigmari buruz?

        Jean Martin Gorringo zanpa-zanpa bazihoan Areatzako zubitik, poltsa besapean tink eta esku ezkerraz haizeak bulkatzen zion txapela kasko gainean bermaraziz. Berrehun bat metro gibelago nengoen. Gizona potoloa zen eta ni nahikoa entrenatua, sekula lasterka atrebitzen baldin bazen. Jean d'Amouri aitortu nion beti sasitzar zegokidala iker-ipularra, eta menturaz, sarri, Carmenekin Prontxo idazkariaren Euskaltzaindiko bulegoan lapurtu ohar orrialdeekin enigma gurutzatuz, zerbaitetara helduko nintzela. Gorringo oinetan trebes ez zitzaidala lerratuko esperatuz.

        Gazteak multzoan jaisten ziren Areatzako zubian behera, Arriagan metatzeko eta gero Parte Zaharrean barrena txori txiolari barreiatzeko. Bizkaia guztitik zetozen autobusak Abandoko geltokian husten ziren, arratsa zetorren ber Bilbo bestarako apailatzen zelako, asteguna ala asteburua izan. Tupina ez zen nehoiz irakitetik etsitzen. Gizon ahotsak oraindik finkatu gabeko mutiko turrunpilotsuak gizurdeen moldean ari ziren oihuka, zintzur-sokak ihausteri ozenaraziz. Algarak eta marrumak nahasten ziren. Neska batzuen barre uhargiek ilunpea desorekatzen zuten. Eta ene aurrean Gorringo, zubiaren puntan gelditu zen.

        Balizko ibilbideak marraztu ziren neure izpirituan: eskuin hartzen baldin bazuen, kaiertzez kaiertz agian Guggenheimeraino lehiatuko zen, edo zuzen-zuzena jarraituz Lauaxeta plaza borobilera. Dudak iraun zion. Gizona urrunetik otserbatzen nuen: zer ari zen famaz eta ospez hantua zen Jean Martin Gorringoren trakako bat, gauez gau, ebasle baten maneran, Bilbon, batez ere Jean d'Amou Gexan Hiriart apezaren semeak Euskaltzaindiko lau adineko kide desagertuak zirela ziolarik? Kointzidenzia bat zena? Ala hasarta, Zuberoan lerraketen eran? Bidenabar, autobusean irakurri nuen Berrian desagerpen horiekiko artikulurik ez zetorrela zitzaidan bitxi. Ala Euskal Herriari berdin zitzaion Iparraldeko lau euskaltzainen eratorri ankerra? Euskal Herriak funtsean, Iparralde ekilearen mapetarik ezabatzeaz hamazazpi axola zuen. Ez zen segurki eta halere politika linguistiko bat obratzen ahal jendetzaren ehuneko hamar apur batentzat?

        Ezta?

        Baita?

        Azkenean, gizonak Nafarroa etorbidetik segitu zuen. Haren hatzetarik ibiliko nintzen gauak eta jaun haren kemenak zirauteno. Zerbait berri deskubrituko nuen, edo eskuts etxeratuko nintzen, Carmenen baitan lo egitera. Begian netxikan Gorringo eta hausnarrean narraikan: bazen aspaldi Iparraldeak ez ziola zaharkeria anakroniko zenbait salbu ezer ekarri Euskal Herriari, ulertu bedi Hegoaldeari. Kultura alorrean zerbait botere zuten franko zinkurinka aditzen ziren, baina ez zuten indar askorik egiten zirkulu orokorretan itotzeko, idatziz, sortuz, arriskuak hartuz edo soilik Iparraldeko ereduetarik aldenduz. Egunero lan egin behar zen horretarako. Bilatzen nituen lau euskaltzainen euskarazko lana ehun orrialdeko bilduma batean jos zitekeen, alta euskaltzainak ziren, hamalau liburu kometitu balituzte bezala ohoratuak eta maitatuak. Asko idazten zutenez mesfidatzen zen Iparraldeko egitura kulturala, sobera izkiriatzen zuenak hizkuntzarekiko umiltasun falta bailuan. Hizkuntza, aita, senarra, semea eta anaiaren pare, errespetatzekoa zen.

        Athletic futbol taldeko kamiseta zuri-gorriak saltzen zituen denda baten erakusleihoari so geratu zen Gorringo. Lasterka egiteko zapata ederrak ere bazirela konturatu nintzen, handik denbora labur barne, bitrinaren aitzinetik lerratzean: bihar goizean Nerbioi hegian footing eginen nuela hitz eman nion neure buruari, opari. Bizkitartean, erreus nenbilen, Iparraldearen geldotasun mutuaren truke, dirua burrustan isurtzen zuen hango kultura ekimenak sustatzeko. Konbenio publiko zein pribatuak izenpetzen ziren noizean behin, presentzia mediatikoa ausarki segurtatuz. Bestalde, liburuak milaka zetozen, baina nehork ez zuen pazientziarik edo mintzaira ezagupenik, ataletan liburuak balioski aurkezteko. Sotoetan mutxitzen zihoan euskarazko literaturaren altxorra. Noski astia behar zen: egunkarietan Iparraldeko idazleen elkarrizketen ohiko leitmotiva denbora eskasa zen. Gainera, denbora auherren luxua zen. Egia zen hondarrean, denbora gutxiago gastatzen zela diru-laguntza paper baten betetzen, nobela edo ipuin edo olerki baten orrazten baino. Lehiak kikildu gizarte honetan kontuan edukitzeko elementua zen hau.

        Gorringok jadanik trebeskatua zuen Lauaxeta plaza erraldoia. Erdian zeukan zutoina ez zen baitezpada ederra, baina autoak, motoak eta autobusak haren inguruan txirikordatzen ziren alaiki, benetako axis mundi bailitzan. Sua berdetu zenean ausartu nintzen. Ernatu eta karrikaz bestalderatzean uff salbatua askatu nuen. Ene baserritar herabe ibileraz irriz ari zen emazte feliniarrari behatu nion. Besorik gabeko atorra arrosaz bezti zen, alimaleko bularrak airean zebilzkion eta likrazko gona labur beltzak, hanka eta azpi gurintsuak agerian uzten zizkion. Irria itzuli nion, interesez emendaturik. Bat-batean seriostu eta aztalak klaskaraziz bere bidetik joan zen: ez, ez zen puta, are gutxiago alhatzailetarik. Nafarroa kalean behera kulunka jaisten miretsi nuen oraino, Gorringoren atzetik nenbilela gogoratu nintzen arte.

        Gauerdi zen kasik.

        Lopez de Haro abenidara irekitzen zen Axular hotelaren argi iturripean distiratzen ikusi nuen Jean Martin Gorringoren pantzoila handia. Atea bultzatu zuen. Ez nintzen urrun. Harreran giltzak eskatu zituen eta igogailuan urtu zen. Artean, sakelatik zikinontzira zerbait botatzen kukuzkatu nuen: zer ote zen? Harrerako mutikoak burua apaldu zuen uneaz baliatu nintzen punpan Axular hotelean sartzeko eta zikinontzian metatzen zen paper eskutara baten ahurreratzeko. Kanpora jo nuen ahalik lasterren eta han, argi iturri berdinaren azpian, paper purtzilikatuak desplegatu nituen. Erosketa taloiak baziren, aparkaleku ordain-agiriak, metro eta autobusetako txartelak eta, haien artean, bat berezia, hitzordu baten aipamena zekarrena: Iturriza parkean goizeko 11etan. Urtea, hilabetea, eguna? Noizkoa zen?

        Indize bat banuen, baina Bilboko gaua bezain iluna.

        Abenidako beribilek airea zorrozten zuten. Barrenkalera beharra nintzen, agudo. Bide bertsutik itzultzea erabaki nuen. Nafarroa. Areatzako zubia. Arriaga plaza. Zalu-zalu nenbilen, Carmenen ondoan izatea berantetsia nuelako jadanik. Parte Zaharrean sartzean, kukurusta berdea buru gain pelatuan zekarren mutil gazte batek sua eskatu zidan eta euro bateko amoina. Ez nuen, ez bata, ez bestea. Madarikatuz urrundu zitzaidan eta karriketan galdu nintzen. Itoiz talde ohiaren kanta bat neraman neuronetan zabalik, mapa baten antzera: erdiko kale iturribide atxukaletik bilboraino... nanananananana... Hasperen bat libratu nuen:

        — Gure gaztaroa!

        Alabaina gaztaroa musikaz eta noraezez blai isuri zitzaigun. Eta hor ginen, denak, harremanak zergatik hautsi ziren galdezka. Erantzunik ez. Elkorkeriaz higaturiko mendeez gogoratzen nintzen, ostatuetarik saldoan ilkitzen ziren jendeen erditik uhertzen, tabernetarik ozen zetorren tekno soinuaz hantzen eta hizkuntza arrotzen doinu lakarrak jasaten. Arrotza nintzen ni ere eta gustatzen zitzaidan Euskal Herrian bertan, neurea zen Herrian, arrotz gisa jardutea. Aldi oroz begi berriekin nekusan Lurraldea, maitale zohituen pare. Bilbon aztoratzen nindoan: hasieran bikote konbentzionala zela uste nuena, hurbildu eta bi gizon ziren: kalearen minean zeuden, elkarri musuka. Katedralaren saihetsetik iragatean, bospasei buhame metatzen ziren, lo zurrungaz. Barrenkale bilatzen nuen. Neska koadrila batek lagundu ninduen. Bilboko Parte Zaharrak labirintoa zirudien, labirinto gosetia, bakartasunaz asetzen zen horietarik.

        Barrenkaleko 18. zenbakian nintzen.

        Behereko txirrina jo nuen eta Carmenek atea ireki zidan, aurkeztearen beharrik gabe. Ene aiduru zen ala? Eskaileretan gora lehiatu eta Carmenen beso artera jauzi egin nuen: bihotza kolpeka ari zitzaidan, hatsanka eta heze nintzen, can you be loved murmuratzen nion belarrira, belarriaren erronda samurkiro ausikiz.

        — Ez dinat gauza askorik atzeman. Paper puska hau, hitzordu batekin. Eta ikasi dinat Gorringo Axular hotelean egoten dela.

        — Taxia hartu dun etxeratzeko?

        — Eeez... Zergatik? Oinez etorri naun. Gauak ezti ditun Bilbon. Hi bezain.

        — Ja. Ni bezain.

        Ordenadorearen ondora bulkatu ninduen. Eskuak gerrian pausatuz, ahotsa harrotasunez xixtaka sumatzen niola, erran zidan:

        — Eta ni lanean ari izan naun. Ene hamabosgarren nobela arrosaren zazpigarren kapitulua bukatu dinat.

        — Nobela arrosa? Ez hintzena beltzean ari lehenago?

        — Bai, argitaltxeak kaputt egin zinan eta beltza utzirik arrosari lotu natzaion. Arrosa eta burgesa. Burgesa eta heterosexuala.

        — Heterosexuala? Hik? Ez denat sekula maitale arrik ezagutu... Ez eta emerik ere funtsean...

        — Salbu hi...

        — Ja, salbu ni.

        Iruditzen zitzaidan Paris-Texas filmeko berina itsuaren pasarteko elkarrizketaren doinua errepikatzen genuela. Carmenek zintzurra karrakatu zuen Travisen antzera eta nik, Nastassja Kinski buruan, hasperen bat askatu nuen: ja, salbu ni jo ezak Ry... Carmen hara-hona zebilen, kafe kikara eskuan eta sukaldetik koñak baso bederarekin jin zenean, sofan jarri zen, desiragarri, deigarri, maitagarri.

        — Amaia, urtean sei nobela behar ditinat idatzi. Erran nahi baitu bi hilabeteetarik bat. Orduan, bizitza idazteari dedikatua dinat eta ametsetarako denbora gutxi. Ene bizitza sexualaz axolatzeko betarik ere ez zeukeanat. Erridikulua ematen din, ezta? Bueno, goi mailako kirolari bat naun, egunean zortzi ordu izkiriatzen, beste lau entrenatzen edo oharrak metatzen eta musika entzuten.

        — Musika?

        — Bai, musika. Gure gaztarokoa. Hertzainak. Itoiz. Clash. Marianne Faithfull. Oroitzen haiz as soon as you're born they make you feel small eta the ballad of Lucy Jordan biak nola aditzen genituen Bizkaia eta Nafarroa autoz zeharkatzean Bardeetara gindoazela eta egunero broken euskara ezpainetaratzen genuela?

        Why do you fight for? deiadartzen ninan ahoak eman ahala.

        — Baina hik gure alor kuttun guztientzat eskatzen huen why. Agian why sobera horiengatik noizbait galdu gintunan. Hargatik idatzi dudan nobela bakoitzean hireganako amodioa eta begirunea haztu dinat.

        — Mila esker. Ukitzen naun. Euskaraz ditun hire nobela arrosak?

        — Euskaraz...

        Ulertzen nuen. Publikorik ez zen. Literatura seriorako doia bazen eta, noski, ez ziren gustuak desbideratu behar. Carmen tinkatu nuen besoetan eta musua eman nion. Begiak hertsi zituen.

        — Aspaldiko ene betikoa.

        — Hitaz maitemindua naun.

        — Haugi. Bihar, hirekin jinen naun Iturriza parkera. Bizpahiru egun pausa hartuko dizkinat, hirekin eta higaz egoteko. Hator. Sorpresa bat badinat hiretako.

        Ohean etzan ginen. Protokolorik gabe eta presaka malgutu genuen sabelpeetarik irakiten zetorren amodioaren burdin-mihi sutsua. Batak bestearen gorputza bisitatu zuen astiro, Gallartako erakustetxea itxuratuz. Arotz trebeak ginen. Labe hezeak milikatu genituen aldizka, batera, eta haragi hegiko altzairu ekaiak oro, minutu laburrak barne, AHVko último lingote-a bailiran, gogortu ziren atseginez. Bekoz beko bermatu ginenean, karkara ari ginen, meategi ahantzietan gehiegi herrestatzearen ondorioz aurpegiak ikatz eta eskuetan argi bako tuneletan aitzinatzeko eskuargiak tinkatzen genituela. Ile kuskurtu bat kendu nuen Carmenen ezpainetarik.

        — Ongi naun. Bizitzan urrakorik ez dun gertatu.

        — Larrua jo dezagun berriz!

        Ez nuen besterik erran.

        Carmen ohetik jaikia zen jadanik eta bezti hadi erregutu zidan, oraintxe neure sorpresa! Zer sorpresa morpresa ordu honetan asaldatu nintzaion. Akitua nintzen.

        — Baionan edo Maulen nekatua izaten ahal haiz, baina ez Bilbon. Hiri hau gauez eta egunez etengabe dindari zagon.

        — Nora eraman nahi naun? Iturrizako hitzordua sarriko dinagu, eta Euskaltzaindian ez duken nehor.

        — Goazen bada. Ikusgarria bukatzeko behar dinagu han.

        — Zer da misterio berri hau?

        Musu bat eman zidan. Eskutik lotu eta laster karrikan ginen, esnatu berrian. Jendea bazen oraino. Edonoiz Jean Martin Gorringo edo beste lau euskaltzainak gurutzatzen ahal genituen, mundua arras nahasia baitzen. Gerritik heltzen genion elkarri. Eztiki. Goizeko biak baizik ez ziren. Bat-batean Engelblau izena neonez distirarazten zuen ostatu baten bisean bis ginen.

        — Hemen dun.

        — Hemen dun zer?

        — Ene sorpresa. Sar gaitezen.

        Taula gainean melodia tekno batez apaindua, blues higatuaren maneran maitia nun zira auhenkatzen zuen norbaiten pareko mahaian ttottotu ginen. Gizona ala emaztea zen? Jantzi doiez estali zerbitzaria hurbildu zitzaigun. Artean, nor zelakoari Carmenek keinu konplizea luzatu zion.

        — Haizemin. Abeslaria. Ez dea ederra?

        — Bahai. Beha ezan nola bukatzen duen kanta zahar hau: desertüala juran nahi bazira arren zoaza bena berehala... Azkarregi. Nor da Haizemin?

        — Argi denez, ez dun Jean Martin Gorringo eta hire euskaltzainen ezpal berdinekoa. David zunan. Unibertsitateko lagun bat. Garai batean drogari eta gizonei emana, drogaren ordaintzeko batez ere. Lagun batzuk dirua aurreztu geninan, sexuz aldatzeko operazioa egin zezan Bartzelonan. Egin eta Maia deitzen dun orain, taulagaineko izena Haizemin duelarik. Ikusten dun hantxe, txapelarekiko beltz erraldoi hura? Abudiop maitalea din. Eta bizkartzaina.

        — Transeuskadiexpress.

        Haizemin miazkatzen nuen xeheki. Medikuak ez zizkion silikonaz mukurutu bularrak huts egin eta ipurdi faltsuarekin jendeen gutizia pizten jolas zitekeen erraz. Gizona zelako aztarna gutxi zeukan, non ez zen igitaiz angelu zuzenetan ebaki begitartea. Ahotsa nahikoa apal zeukan ordea, baina biloen beltz, larruaren zuria eta bozaren harpetasuna zoragarriki ezkontzen ziren maitia nun zira-ren abesteko bederen. Zuberoan ez zen horrelako kantaririk. Leku ziurretik ari nintzen, bertan hamar urte iragan nituelako. Carmenen seinaleaz baliatu zen Haizemin gure mahairatzeko.

        — Gau on. Pozten naiz zure agurtzeaz Carmen.

        — Amaia Ezpeldoi, nire amodio bakarra, arratsaldean itzuli eta irudi zait denbora dil-dil dabilkidala.

        — Iparraldekoa zara? Espero dut ez dudala zuen altxorra masakratu!!!

        Korrok erlastuz amildu zen Haizemin, bularrak ahurrez azpitik atxikitzen zituela. Buruaz ezetz erran nion. Tua irensten saiatzen nintzen. Carmenek ere begiak euri zituen. Artistak eleustasuna hautsi zuen:

        — Engelblau ostatua ireki dut duela hamar urte, operaziotik landa. Gay, lesbiana, trabesti, drag queen eta trans guztiek Bilbon toki lasai, libre eta alaia ukan zezaten.

        — Aingeru Urdina.... —artekatu nuen, estiraz.

        — Hortxe duzu Marlenen argazki handitua, zigarreta ezpainetan. Berlin-Bilbo tren zuzena nahi dut.

        — Haizemin, arren, kanta ezazu gu biontzat itsasoa laño dago ezti hura.

        Carmenen desira ordena zen Haizeminentzat. Carmenen desiraz edonora nindoakeen ni ere, aditzak trinkotuz. Carmenen desira: ilargiak gaua baino... nananananana.... nik zu zaitut.... nananana.... maiteago.... erdikokale iturribide atxukaletik bilboraino...