Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Requiem aeternam

 

Baionako ene egoitza-bulegoko borta danbarazten nuenean, aldi oroz iruditzen zitzaidan munduaren herots auhentsuari niola pasabidea ukatzen. Ongi nintzen etxean, ordenadorearen aitzinean, musika entzuten, orain Portalen KDko Solitude zatia bihikatzen zen lurreko ibairik erraldoiaren xuxurlak biderkatuz, eskuko telefonoa saihetsean, lanean, idazten edo adiskide urrunen gutunei erantzuten. Egia erran, ene urrutizkinak ez zuen maiz jotzen, eta ez nekien Jean d'Amouk nondik lortu zituen zenbakiak, ez bainizkion inori ematen. Misterioz misterio nenbilela onartzekoa nuen.

        Durduzatu nintzen odolezko letraz idatzi ageriko hitza paper baten gainean atean dilingo begimentzean. Behiala jalgi nintzenean ez zen deus. Hausnarrean higatu nintzen eta esku kexatuaz orrialde zikindua kendu nuen, aspaldian ez zitzaidala horrelakorik agitu erantsuz. Mehatxuak ez nituen onartzen, xantaiak are gutxiago. Agian Jean d'Amouk manatu zidan ikerketarekin kontuz ibiltzekoa nintzela nahi zidan esku anonimo batek seinalatu. Herri honetako kideen klandestino geratzeko gustuak arrabia hazi zidan. Aspertua nintzen biolentziaz eta gordagiz gordagi herrestatzeaz: ageriko zioten guztiek. Hamarkada batez egiaz, hainbat gauza aldatu ziren ene bizitzan, non ez nuen gehiago bilduma zehatzaren moldatzeko indarrik ere.

        Alabaina Mauleko Peko Arruako sator-zuloa abandonatzea tokatu zitzaidan. Batzuetan behar nuen gogoa arras ihalozkatu Mauleko behialako bizimoduaren berriz itxuratzeko: Ovidiok hain ederki abestu zituen Tomes hartako egun gris euritsu zerrenda etengabea zetorkidan burura orduan. Itotzear nintzen. Bazterrak grisak ziren, hegatsak arbelez beltz, eta lainoak altxatzen zirenean, muinoen berdetasuna oldartzen zen, eztei deika. Ez nintzen ardura Maulera joaten, ez nuen han zeregin berezirik, ukan eduki nituen maitale apurrek ezabatua ninduketen beraien memoria zokiletarik. Alta, edonon zuberotarra edo Zuberoako dantzen nahiz kantoreen soinuak aditzean, bihotzean zimiko bat nabaritzen nuen. Ekialdearen nostalgiak sutzen ninduen, jakin arren ez nintzela nehoiz herri hartakoa izaten ausartu. Neure balizko ausardia ez zen barkatuko ere. Arrotz nenbilen sakonki, ez bainuen lagunik, etxerik eta ondasunik bertan betiko errotzeko.

        Jean d'Amouk utzi zidan Gexan Hiriarten gutuna eskuetan, burutazio sotiletan murgiltzen nintzen. Musikak ninduena akuilatzen? Ala betekizunaren bitxikeriak? Izturitzeko Neanderthalaren itzalak? Ez nerrakeen. Zena zela dokumentua irakurri nuen arretaz, eta orrialde azpian izkirione xehez idatzitakoak algara gordina bideratu zidan:

 

                Santa Engraziren giltza

                Nahi dugu harrapatu,

                Gu zaharturik gabiltza

                Baina behar dugu batu.

 

        Zer da bordela hau?

        Ele larriak isurtzen zitzaizkidan ahotik. Esku muturra ezpainetara hupatu nuen, solas likitsen uholdearen erasoak trabatzeko. Itzaina bezain hozki, sakreka lehertzen ahal nintzen, bistan dena. Badakizu, idi parea lokatzean lupezten delarik, laboraria zainetan jartzen da eta jainko ona bera madarika dezake:

        — Ala xokotzia! Katzo haugi hau hau! Deabrua sar balekio!!!

        — Gaizo idiak, hire antzeko itzainarekin...

        — Auher zikinak...

        Zer da bordela hau?

        Idien destinutik saihestu nintzen, enigmaren hondoa mirazkatzeko. Irakurri eta irakurri, ez zitzaidan ezer ateratzen. Menturaz, ordu horretan hobeko nukeen idi pare gurintsuaren aurrean hots ematen, enigma udalatzen baino. Baina ez nuen hautatzerik. Idiak ere noiztenka erotzen ziren, ibaira orgak atzean punpatzen zutelarik adibidez, kloskoan oso-osorik urperatzeko. Zutitu nintzen, leihora jo nuen eta Larrun nekusan berriz, eguzkipean, distiraz. Baiki, segitu nuen kolpearekiko hausnarrean, zaharturik zirela, ordea zergatik eta zerekin batu behar zuten, eta funtsean nor zen gu hori osatzen zuen taldeko kide? Galdera gehiegik larrutzen zidan izpiritu aldea. Ez nuen ihardukiko.

        Leninen potreta ikusi nuen apalean. A bai Lenin! Tankotx, Mauleko komunista ohiaren hil aitzineko oparia prestuki zaintzen nuen, ez hainbeste Leninekiko errespetuz, baina Tankotxen oroimenez. Mauletik Baionaratzean komunista izateari uko egin nion, ez nuen gehiago partekatzeko xederik, hobe erranik ez nuen gehiago ezer inorekin banatzekorik. Hustua nintzen erabat. Hargatik, deitoratu nuen ene komunismo bereziaren galera intimoa. Asko. Negarrez. Bakartia bilakatu nintzen, bakarti autista eta kongenitala.

        Malkotan urtu zitzaidan halaber ene abertzale sentimendua: ez nintzen nehoiz abertzale handi eta puntako gisa kontsideratua izan, baina bozkatzen, abertzale bozkatzen nuen. Presoen eta errefuxiatuen aldeko manifestaldietan parte har nezakeen, kopurua osatzeko baizik ez baldin zen ere, ikastolaren sostenguzko ekintza-bestetan eta lehen mailako ehortzetak ziruditen lantegi hersteen aurkako buru-agerraldi jendetsuetan. Une batetik hara ez nuen aburu politikorik, nik hainbat urtez neure ideiak sutsuki defendatu nituelarik. Lau lematara mugatutakoak.

        Hiriratzearekin geriza hau ere zartatu zitzaidan.

        Gexan Hiriarten koplak ez ninduen tirriatzen. Zenbait hilabete zuela gertatu zitzaidanaz burla egin nuen bat-batean: euskararen aldeko manifestaldi alimalea antolatu zuten Baionako karriketan, eta hiritik at nindoala, herenegungo kideak hiriaren bihotzera lehiatzen miretsi nituen. Ez nekien non gorde. Hitzordua ahantzia nuen erabat.

        — Ser? Es al desu manifarako gogorik?

        — Bai, bai, baina Arankuko ene ttantta xaharra hil izan da eta amarekin bisita egin behar diogu arratsalde huntan, hain zuzen.

        — Bisitsa da horrela!

        — Bahaa... suk errasu.

        Iñakik urriki handiz agurtu ninduen. Ez zen konturatu haren mintza moldea zinominokatzen nuela, lotsarik gabe. Gainera, sekulan ez egin bekatuarekin tematu nintzen, gezurra borobiltzean. Arrautza bezain erronda zen baina egiazko gezurra. Ez neukan izebarik Arankun, justu euskararen aldeko manifestaldi erraldoiaren egunean zendu zenik gainera. Amak bai, joan den aspaldian lekuak hustuak zituela, mundu krudel honetarik. Alta itxuraz ene burua salbatu nuen. Nola salatuko nion Iñakiri hitzordua burutik erabat ezabatu zitzaidala? Halatan, nioen nirekiko Larruni begira, errazago zen gezurrean ihalozkatzea, Gexan Hiriarten papaita argitzea baino.

        Mailka ekitea erabaki nuen. Gogoeta barreiatzearen tentalditik urrunduz. Hau halaber ene defaut nagusia zen, izpiritua zimiztaren pare brentsatzen zitzaidan, hitz batek mila zekarzkidan, perpausak perpausen ondotik tipulak edo Ezpeletako piperrak nola kordelatuz, ideia baten hegitik beste baten holtz artera jauzi egiten nuen, erorketa mendratuko lukeen deus gabe. Halaz, bizitzaren hiru-laurdenak ametsetan higatuak nituen. Harritzen nintzen ordea, batetik, beti bizirik izateaz, eta bestetik, oraino zutik aitzinatzeaz. Ez nituen segur gutiziatzen, den mendrenik ere, karriketan gurutzatzen nituen jende aferatu estresatuak.

        Bargo ezin aseen gisara jarduten zuten. Gose ziren. Diru, ohore, errespetu, larderia, nahikunde gose. Intimitatea herriko plazetan hedatzen zuten eredugarria bailitzan. Denbora eskasaz pleinitzen ziren eta guztiz gehienek espantuka astean laurogei ordu baino gehiago egiten zutela aldarrikatzen zuten, espantuka, hogeita hamabost ordurentzat ordainduak izanez. Ez ziren ohartzen esplotatuak zirela, lihoaren zainetaraino. Harro ziren. Edo haiek ere, nik Iñakirekin hala, gezurretan jokatzen zuten nirekin, garbitzaile erratzarekin hogeita hamabost ordu ttanko egiten nituela errepikatzen nielarik. Zernahikeria itsuaren heroiak ziren. Alta, auhertzat kontsideratzen ninduten, langetua edo laguntza-soziala erdiesten banu bezala. Urrikal eta mespretxugarria nintzela ahoskatzearekin, konturatu nintzen, eni ere biktima planta sobera gustatzen zitzaidala.

        Ez zuten desirarik, ez zuten pentsamendurik telebistetako aurkezleek edukiz beraien aurka formatatua salbu, Brasilen kontra (kauensos!) Zinedine Zidaneren ostiko bati esker irabazitako futbol partida bat aski zuten moralaren suspertzeko eta gobernu-buru trufakorrak begi onez berrikusteko, hauek ebasleak, manipulatzaileak eta erakaspen-emaile faltsuak zirela, denda-jabeek espero zuten Zinedine Zidaneren ttanttoa zela medio merkealdietan ikaragarriko sosa metatuko zutela, eta denek la montée en puissance de l'équipe nationale goraipatzen zuten. Saltzaile eta ostalarien diktaturapean genbiltzan. Baina Gexan Hiriarten enigmatik aldentzen ari nintzen beste behin. Burutazio zozoen ildotik nenbilen erantzunik kausitzen ez niolako euskaltzainaren semearen eskutik erdietsi kopla alta zuzen idatziari.

 

                Santa Engraziren giltza

                Nahi dugu harrapatu,

                Gu zaharturik gabiltza

                Baina behar dugu batu.

 

        Zer da bordela hau?

        Michel Portalen KDari bultzada bat eman nion. Entzuna nuen Baionan Kepa Junkerarekin batera jotzen, eta graziazko unea dastatu nuela sinestera heldua nintzen. Portalek lagunduko ninduen. Jadanik lagundu ninduen, tristezia sakonaren atzaparretarik eskapatzen, beraz, oraindik ere lagunduko ninduen. Lelotzen ari nintzen. Hiztegiaren pobretzeaz damutzen nindoan. Paris-Texas. Minneapolis. Midnight Train. Non neukan Thelonius Monken album zaharra? Maule eta Baiona artean galdu nuen. Bilbon, beharbada, Monken konpaktua eros nezakeen, euria jaits ahala irudikatzen nuen musikaren aditzeko, ohe zokoan kuzkur.

        Program. Repeat. Play.

        Ordenadorea piztu eta soinu dildirariak sosegatu ninduen. Euskaltzaindiaren gunea nuen helburu. Enigma iluna baztertu eta Iparraldeko lau euskaltzainez guztia ikasiko nuen denbora laburrez, biharamunean Bilbora abiatzea xede nuelako. Ez ote zidan Jean d'Amou misteriotsuak erran egoera larria zela uste zuela, aitaren eta bere adiskideen osagarria ez baitzen hoberenetarik. Alabaina, ehun urte hurbiletan ez zen mirakulurik, erantsi nuen neurekiko www.euskaltzaindia.com deitzean OK klikatzen nuela.

        Hau ere aipagarria zen. Sei-zazpi urte barne jakitateaz eta beste hainbat debaldeko gauzez jabetzeko gure moldea arras aldatu zen, internetaren bidez. Ordurarte ogitartekoa genuen klikatzen, orain aldiz orrialde baten irekitzeko search-bilatu-suchen koadrotxoen gainean klikatu eta munduan sartzen gara, etxetik kantitu gabe. Nik ere ordenadorea erosi nuen eta erraietan zeukan adsl izeneko Arianaren haria. Egunkariak online irakurtzen genituen jagoitik, liburuak manatzen, filmak ikusten eta musikak deskargatzen. Sarrera eskubideak, hilabetean hogei euro bakarrik kostatzen zuen. Hargatik Mozarten, Beethovenen eta Portalen diskoak diru idorrez eskuratzen narraikan.

        Euskaltzaindiaren atarian nengoen. Ongi etorri hitzean gelditu nintzen. Xerkatzen nuen euskaltzainen zerrenda eta, aldi berdinean, Iparraldeko euskaltzain urgazleena. Asteko berriak baizik ez nituen aurkitu, eta onomastika, etnolinguistika, gramatika eta arautegirako leihotxoetan ez nuela ezer aurkituko susmatzen nuen. Saiatu nintzen behin eta bietan, aldion Gexan Hiriarten izenarekin. Ez zegoen erantzunik. Euskaltzaindiko gune zibernetikoan ez nukeen zorionik. Orduan ideia argitsua jazarri zitzaidan: behar nuen Euskaltzaindiak Baionan zeukan egoitzara lehiatu. Arratsaldeko sei t'erdiak ziren.

        Karrikan nintzen, kasik lasterka, Pannecau zubitik merkatuaren saihetsera, Orbe zabaletik, Thiers-eraino abian. Euskaltzaindiaren etxe zolan, txilintxa jo nuen. Atea ireki zen. Lehen estaira heldu nintzen, zanpa-zanpa. Borta bulkatu eta berehala emazte bat ikusi nuen:

        — Hau al da Iparraldeko Euskaltzaindiaren bulegoa?

        — Bai. Hala da.

        — Idazkaria zara?

        — Ez, garbitzailea. Badakizu seietan badoaz hemen lanean ari direnak, lana deitzen ahal baldin bazaio egun osoa jarririk eta paperez inguratua ekiteari.

        Irri gordinaz lehertu zen garbitzailea. Amalia Rodriguezen abesti adituegi bat oihukatuz lanari bihurtu zitzaion. Ez nintzen biziki harro eta ez nuen kantatzeko den mendreneko gutiziarik. Ametsetan higatzeko ordez, Izturitzetik segidan hona zuzendu baldin banintz, norbait atzemanen nuen. Liburutegiko apalen artetik paseatu nintzen, deus ez bailitzan, aldizkari bat edo beste hostokatuz, garbitzailea zelatari zegokidala.

        — Hobe zenuke bihar etortzea. Bulegoa bederatzietan irekitzen dute. Eta aski goiz baldin bazatoz, kafea eskainiko dizute.

        — Bihar, gaixoa, ez nizate hemen gaindi.

        — Ez duzu eskubiderik leku honetan kutzukan ibiltzeko. Zato bihar.

        — Bihar ezin dudala erran dizut. Justu bizpalau xehetasun behar ditut.

        — Kanpora, bestela polizia deituko dut.

        Emaztea kexatzen ari zen. Farra gogoa neukan. Poliziari telefonatzen baldin bazion, zein heinetaraino sinesgarria zatekeen galdezka nengoen. Alabaina zer zen ebastekorik Euskaltzaindiaren egoitzan, ez zen dirurik, ez zen urrezko girgilik, salbu errautsez emokatu eta desagertzen zihoan mintzaira bateko hiztegi eta gramatika zaharkituak. Desagertuak desagertu aharrausikatuko zukeen beilako poliziak:

        — Hizkuntza bat galdu, hamar mila aurkitu.

        — Agian norbaitek ETA erakundearen agiri likitsetako perpaus sibilino zenbaiten ulertzeko Lhanderena premiazkoa zuen. Arta berezia emanen diogu afera horri. Igor ditzagun gure gizonik hoberenak Thiers karrikara...

        Elkarrizketa asmatzen nenbilen. Potentziala erabiltzen nuen, baldintza eta subjuntiboa bezain aise. Imajinazioa zalu zebilkidala aitor dut, alor honetan eta demagun sentimenduen alorrean ere. Emaztea, erratza gorarik, atzetik neukan eta ez zuen hark txantxetarako potretik. Telefonoari hurbildu zitzaion eta garatzen zihoan tentsioa jabaltzen saiatu nintzen:

        — Ez naiz ohoina. Xehetasun bat nahi dut. Iparraldeko lau euskaltzainez.

        — Berdin zait. Bulegoa hertsia denean, hertsia da.

        Telefonoaren besagia belarrira eraman zuen.

        Ilki nintzen, buztana besapean, anaia txikiak lerrakeen eran.

        Kaskoa apal, soa ezkel eta bihotza hilik Pannecauko neure etxera nindoala, mugikorrak jo zuen. Jean d'Amou zitekeen. Zenbaki gordea zen. Zer mila deabru zen hainbeste sekretu! Haserrea nigan igotzen nabaritzen nuen, telefonoaren foltsu berdea zapatzen nuelarik.

        — Baai.

        — Jean d'Amou naiz. Mintzatu gara Izturitzen duela zenbait ordu. Enigma argitu ote duzu?

        — Ez. Suerterik ez dut.

        — Ideiarik ez daukat nik ere. Santa Engrazia kapera anitz bada Euskal Herrian. Ikertu beharko dira. Edo bahitu dituzte.

        — Bahitu? —trufakor asaldatu nintzaion—. Diru-galderik ukan al duzu?

        — Oraindik ez.

        — Eta uste duzu diru-galde bat ukanen duzula? Hasteko eta bat, zergatik zuk? Bahitzaileek ezagutzen zaituztete? Ala konplizeetarik zara?

        — Arren, arren, isil zaitez. Ez dakit ezer. Soilik neure aita ez dela Bilbotik itzuli iragan ostegunean. Geroztik ez dut berririk. Bere hiru kideez are gutxiago.

        — Zein dira hiru horiek?

        — Ez dakizu nor diren Iparraldeko euskaltzainak ala?

        — Nola nakike? Politika ez zait asko interesatzen.

        — Ez dut ulertzen aitak, zeozer gertatzen baldin bazitzaion, derrigorrez zuk ikerketa eramatea zergatik nahi zuen.

        Hitz-multzoa bortizki mailukatu zuen Jean d'Amouk. Benetako axolagabea nintzen. Euskaldun zintzo-plantako behar-bezalako-sano batek gauza horiek jakitekoak zituen. Kotxinos. Redios. Gizona larritzen zihoan. Kaguenlaletxe marmarikatu ondoan, hira bulta jabaldu zitzaion. Agertu zidan Gexan Hiriarten 4Lan bazebiltzala Bilbora hilabetean behin, Pierre d'Oihenart, Albert Labruquere eta Manex Bergeret jaun apezak.

        — Zerbait baldin baduzu, iepako bat egidazu. Bihartik aitzina Bilbon izanen naiz. Ene urrutizkinak nazioarterako ere balio du.

        Bi-bi-bi-bi...

        Errumaniatik etorri familia bateko hiru gizonek ahaire tziganak airarazten zituztela, aurpegiak gaztain garbotsak bezain huts lanetik zetozen jendeak bozkariatu asmoz, Orbe karrikatik hits lerratzean, hondar aukera irudikatu nuen. Torrealdairen 1977 eta 1997ko Euskal Kultura Gaur liburu marduletan ager zitezkeen lau euskaltzain horien argazkiak eta biografiarekiko argitasunak. Etxea berantetsia nuen bat-batean, eta ez nintzen nehoiz aski laster tematzen.

        Bost Kantoien plaza zeharkatzean, gogoa hegalari zebilkidala, nonbaitetik ezagutzen nuen ahotsak lur harrarazi zidan. Marengo zubiaren norabidera begiratzean, Erika ikusi nuen, ile beltzak haizean eta matelak amodiozko arrosa gorri:

        — Nora hoa Amaia?

        — Barka ezan, presatua nun egun.

        — Arren, haugi garagardo baten edatera. Ordaintzen denat. Bazekina maite hautala oraindik?

        — Abandonatu eta erraz maitatzen ahal naun, segurki eta halere.

        Haserrea sabelpetik zintzurrean gora igotzen sentitzen nuen. Erika konturatu zen uholdearen mehatxuaz, eta sumendiaren burbuilen geldiarazteko musu luze eta hezea eman zidan ezpainetan. Eskutik heltzen ninduen. Jendearen txutxumutxuak itxuratu nituen eta ezinegonaren ezpata zorrotzak larrantzi ninduen:

        — Otoi, Erika, ez karrikaren erdian.

        — Zergatik ez guk? So egizan hantxetako bikote hura, badun oren erdi bat elkarri musuka ari direla.

        — Ez dun berdin.

        — Gizon eta emaztea direlako?

        — Bai.

        — Lesbiana haiz, ni erdi naizen moduan...

        — Baiki, baina hobe isildurik, ez?

        — Egiazko euskalduna haiz: pilota bota eta xixtera kuku. Egin eta ez erran. Ezkuta eta guztia ilunpetik kudea.

        Txapa botatzen zidan Erikak. Begietara so nengokion. Irri samurra zeukan. Zur gelditu nintzen. Kafea partekatu genuen. Biharamunean Bilbora nindoala erran nion, denbora gutxi neukala, Torrealdairen liburuak araka, Carmeni telefona eta zakua apailatzeko. Buruona kurruskatzen zidan kasua azaltzean, aferaren tragikomikotasuna azpimarratu nion. Eta enigma? Erikak burlarako tirria zuen:

        — Hi haiz bai benetako enigma.

        — Ni? Eta non dun gizona?

        — Stanley? Lekua hustu zinan aspalditik. Bi urteko alaba bat badinat, nihaurk altxatzen dudana. Duela bi hilabete Baionara etorri gaitun bizitzera, amarengana. Espero ninan nonbait hire ikustea. Eta hara.

        — Eta hara.

        Arrazoi zuen Emir Kusturicak: bizitza mirakulu bat zen, eta enigma bat aldi berean: katu beltzak eta katu zuriak Underground dantzan zebiltzan, denak nahas. Funtsean, nioen, gure historiaren harpe misteriotsuenetik, gizonekin aspertzen zenean emazteekin ibiltzea laket zitzaion Erika maita nezakeela ohartzen nintzen. Baina Erika jeloskorregia zen. Urte bi zuela, bere amante surflari baten atzetik ibilarazi ninduen, neskatxak, berarekin ez zegoenean mutikoak zer egiten zuen jakin nahi zuelako. Orduan zelako amanteak nabala ukaldi batez larrutu ninduen eta geroztik daramat seduzitzea debekatzen didan ezpain aldean urrakoaren hatz itsusi bat.

        Etxera nindoala, orbaina ferekatuz, bihotza burua bezain arin, Gexan Hiriart eta koadrila alegera batekiko argitasunik gabe ordea, mantra ahantzia bailitzan errepikatzen:

        — Ez dut ene ametsetako anderea gurutzatu arteraino etsiko.

        — Ageriko —ihardesten zidan oihartzunak.