Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

18

 

Lakarri-Büztanobian ezinago ontsa bazkaltü ginela aitortzea haizü bekit. Joanak Barkoxerik ekarri 4La hartü nüalarik, arraildüraren hegian nintzan eta doi zilatzen nüan Lakarririk Atarratzeko bidea, gero Atarratzerik Mauleratekoa. Ekipamentüko kantonier trebeek herrokatü marra xuriek erakusten zeitaen nontik iragan; azkenekoz, autoak berak bidea ezagützen züala erraitez, automata baten gisa gidatzen nüan. Joana ene kantüan lo-hasnan zagon, ez ni beno hobekiago: sobera edanik, üzten nündüan bakotx, erresponsabilitate güziak ene gainen zirelarik.

      Molde hortako bazkaririk ez nüan aspaldixkan egin: zopa berotürik, oilo-saltsa errisareki bildürik, ahüñakia ilarretan igerixkan, kostaletak errerik, ogia muñerik... ardua, prefosta, gozorik... Zerrendatzen ari nintzan eta kantore zaharraren «han ez zen eskasik maitea zü baizik...» hitzeki ürrentzen nüan. Non zagon Jim hon hura, hordimenaren erresüman ebilten nintzan tenore kütünean? Galtoak pentsamentüka trebesatü zeitan, eta papo aldean halako zimiko baten ziztak türbüstü nündüan. Amodioak sügearen zaletarzüna züan, bena ene ahalak—beharrak ote?— düdan jarten nütüan ber zoinüan, amodiorako xenderetan higatzeko auherregi beit nintzan. Ata, Jimtaz bestalde ez zagon mündüan potiko txit ejerragorik. Maitekortarzünaren argien txestatzeko ez nintzan orano prestik, akitüegi beit nintzan «etxerat ützültzeko egünaren haidürüan», eta Txinako aüzünean abandonatü urte antzüetan barna ez zeitan bürütü ere, amodio inkaü bat ments nüanik arras jente normala izaiteko. Treinez, zopa amestüz, hego aizez, lilitzear ziren gerezi-ondoz eta agurrez beterik etxeki nüan lüzaz izpiritüa eta Jimen argitarzünak jo nündüalarik, ez nakian haboro zer zen amodioa. Ordea Muskildirat joaiteko, erabakirik nüan lotsa beno hürrünago lerratzea, audela, Gaxpar bizirik kausitü ondoan, baiezkor bilakatürik nintzan, Joana ene saihetsean zurrungan arizana gatik.

      Gibeleko jargietan pausatürik ziren paper-xuri arinean troxatü lau behi-gazna freskak. Büztanobiako amañiak eman Gaxpar atzaman-sariak ziren: bi Joanarentako... gaineratikoak enetako.

      —Sosik ez ba düzüe nahi, horra phü etxeko gazna zonbait.

      Gaznak besapean elki ginen Büztanobiatik, hanko sükalteko mahain-üngürüan boztariotan hurtzen zen saldoaren kitatzez. Lobiroa aztalkatü günüalarik entzüten ziren ahaide hanitxen eta karkaza aberatsen oiharzünak. Bazkari denboran, Marisantzek bere ordenagailüaren aitzinealat kümitatü nündüan, Pierra eta Joana, Xiberotarraren eta Zaraitzuko euskara galdüaren azkazgoaz eztabadakan ari zirelarik. Joana Erronkari eta Zaraitzu larrütü zütüan 1918ko izurriaz mintzo zen eta Marisantzen botza apertzebitü nüan:

      —Tzai!

      —Bekanika horiek ez dütützat hain maite.

      —Beldür zira ala?

      —Ba... ba düzü zerbait holako.

      —Ez zütü janen ez arauz!

      Erran behar zen Marisantz oso abila zela begitarte sofistikatü bezain itsusiak zütüen etsaien güdükatzen. Bekaniken txinkakatzeak «play again» solasek erdizkatzen zütüen, eta bürzoratzear nindagon. Ixtant batez, ordülariaren joaldiak behatü nütüan eta amañiak deitü —salbatü?— nündüan:

      —Kafea hartüko düzü gureki?

      —Ba bai, prefosta. Kaferik gabe ni deüs ez nüzü.

      Mahainealat bideratü nintzan, galaxien artean ja gerla-gorria zela ahatze lehiaz. Johañe goraki mintzo zen kikerak hur-ülünez hantzen zirelarik:

      —Kafeak hon izaiteko behar dizü apeza bezain beltz eta emaztea bezain bero.

      Erriz ari ziren denak Johañeren imurraz harritürik bezala. Kantoreak arra-hasi ziren eta Maddalen etxekandere gazteak, bere alabaren gusta esplikatü gei zeitala erakustez, hitza plegatü züan:

      —Ba dakizü oraiko haurrak nintendo eta sega...

      —Ba gük ere txipiñitan sega ba ginizün bai.

      —Ordüan ordenagailüeki laket zira?

      —Batere ez. Egiazko segaz ari nündüzün, egür-ebakitzekoaz!

      Maddalenek ez züan konprenitzen eta oritzen nintzan sega-zahia nola hedatzen günüan baratzean, etxen, bonoa zela ütxüratzez; gero, lürra trenpüan senditzen günüalarik, haitzür eta jorra ari ginela, intzaur edo hür ostoen lantatzeko. Kontrolatü ez nüan zorion batek boztü zeiztan ezpainak eta Joanak so egin zeitan bitxiki:

      —Ze zu ainguru ahorpegi kori?

      —Txipi ginelarik...

      Joanak bortizki moztü züan ene oritzapenaren kontatzeko oldarra:

      —Orai haundi zra. Ze eginen zu Jimeki?

      —Jimeki?

      —Bai, maite zun mutiko gaxuareki?

      —Sarri deitüren dit!

      Sükaltean leküa hartzen ari ziren karkazer jüntatü zeien Joanarena, eta botz apalez Haitzeki iragan züan gaüa xeheki agertü zeitan.

      —Ordian?

      —Zer ordüan?

      —Ze eginen zu?

      —Eta lelori bai lelo... leloa zarrai leloa! —kantatzez segitü nüan lüzexka atzamaiten nüan mintzo-aldia. Joanak bürüa ene soinean pausatü züan eta orok alkarreki ospatü günüan Büztanobiako «seme prodigoaren» ützültzea. Oilo-saltsaren ürrinak kilikatzen zeitan orano gogapenaren eremüa: bapatean etxondoan nintzan, urde-ehaite goiz grisetan, negü hotzaren seinale ziren urde sangreatüaren garrasiak ixiltürik. Amak egüerdiko oilo-saltsa kozinatzen züan, parada handietarako etxekitzen zen janaria. Gaxparren orroak arra-jinarazi nündüan Büztanobiko berotarzün tepoalat.

      —Ba, izan nündüzün Atarratzeko Postan... Libretetik sosa eraikitzeko... mobiletez. Gero lagün hek kausitü nitizün eta arrastiria edaten iragan ginizün. Kartakan, elestan.

      —Eta gaüa jin züzün.

      —Ba phü... mobiletaren gainen etxeratzekoa nintzala pentsatü eta abiatü nündüzün. Altzai-pe hartan abantxü erori... zer hel ere hobe zela eküratzea... zigarreta bildü nizün eta ebia hasi züzün.

      —Ebia?

      —Bai, ebia. Lantzerra. Bide bazterreko hodietan aterbea txerkatü nizün.

      —Eta han, perdiu, prefosta, loak hartü zütü! —jarraiki züan Pettek airos; harritürik nindagon Gaxparren entzütez, behialako hitzen ahozkatzeko traba desagertzen ari beit zeion, ardu plaxenta züntzürrean behera ixuri arau:

      —Bai, horixek: loak hartü. Ohart hiza Pette, gazteagoak ginelarik?

      —Prefosta. Non nahi loak hartzen gintüzün.

      —Bai, gaü zerenaren lotsarik gabe!

      —Ohart nüzü bai, phü. Ordüan ere talotzen güntüzün!

      Amañia solasean sartü zen:

      —Aski txülülatürik beti ere!

      —Ba...

      —Soik, Gaxpar. Kabaleak hein bat edanik eküratzen dütük... hi... kabalea beno pisago hiz... ez beit hiz sekülan eküratzen!

      Amañiaren erasiak sükaltea freskatü züan. Laster, Pierrak Gaxparri galto egin zeion geiaren harirat biribilkatzez:

      —Bena, Atarratzen zonbat edan zünüen?

      —Lau barrikot ardu —ihardetsi züan Gaxparrek harro, eta Johañek arrunt xüxentü züan Gaxparren agerpena:

      —Ba, bat ontsa hütsik ützi balin ba dügü ejer dük!

      —Ixil hadi otoi; honek astoak latina bezala oro sinetsiko züan! —erantsi züan Gaxparrek erriz.

      Pierra jaukitü zen:

      —Zer gizona hi Gaxpar, ez bahintz hain gezürterra..

      —Ni gezürterra? Nontik dük hori hik? —Büztanobiko nausi xaharra Pierrari kexatü zeion, amañiak artean üngürüak anpletzeko lehiaz, mahain-gainen, etxeko patxaran botila agradant bat pausatü züan. Gaxparrek bere ixtorioa ürrentü züan, ikustez entzüteko prestik ziren beharriak züt-züta zirela:

      —Beraz, ostegün arratsez lotarik elki nizü Bereterretxen ehaitearen ametsak. Gero, goiz hontan züek jin ziree ene libratzera...

      —Askatzera! —züzentü züan politizatüagoa zirüdian Pettek Komando Mandoaren liderrak:

      —Nahi diana Pette. Libratü edo askatü bardin dük, bai.

      Solasak hein hortan ziren, Maulerat abiatzeko gure xedea agertü günüalarik:

      —Joan behar dizügü.

      —Zer? Jada? Neskatila ejerreki laket gütüzü gü —erran züan arraileriant Gaxparrek, bena ororek gure erabakia honartü züen eta amañiak, etxen antzera gibelak merkatüalat eroaiteko erabilten zen paper-xuriz troxatü lau behi-gaznak oparitü zeizkün: —Tziauzte gure bijitatzera noizean behin phü.

      —Bai —hitzaman günüan, eta sükalteko herotsetarik hürrüntü ginen. Joanak, kontent zelako ütxüra züan, bena nik ürrako bat nabaritzen nüan bihotzean. Autoan kokatü ordüko, Joanak Haitzeki zütüan planak azaldü zeiztan eta Atarratzera heltü bezain sarri loak eraman züala kontü-errendatü nintzan.

      Mauleratü ginelarik arrastiriko seirak eta erdiak ziren. Gotaine trebesatü aitzineko ordokietarik San Antoni kapela ümilaren itzala amiratü nüalarik, Joana iratzarrarazi nüan. Izitürik so egon zeitan:

      —Ze zu orai?

      —Bena... abantxü Maulen gütüzü!

      —Maulen?

      —Ba düzüa burrat baten edateko denborarik?

      —Ba, kori bai.

      4La Peko Arrüan nolanahika eküratü günüan eta Jojobarren sartü ginen. Ostatü barnen jateko urintsüen ürrinari lotzen zeitzon tabako kearena. Desgust zerbait senditü nüan eta oilo-saltsaren xügünean gogoaren bermatzez, bi garagardo manatü nüan:

      —Nik pakatren zut! —proposatü zeitan Joanak.

      Hirian izaiteko destorbü sikologikoa gaintitzez airoski ihardetsi neion:

      —Ez. Aldi hontan, maskaradetako buhameen gisa pakatü gabe ezkapiko gütüzü.

      —Itsusia zra zu!

      Begi-keinü bat trükatü günüan eta garagardo freskaren gahünak haginak kilikatü zeizkün. Kontuarrean ginelarik, ostatü zokotik orroa basa zonbait horra zirela behatü günüan.

      —To... gure auherrak... gure gazte auherrak!

      Alkoholak jan emazteñi mehakoil bat hüilantü zeikün kexü-gorrian:

      —Bai, züek hor auher... Somalian eta Iugoslabian hainbeste egiteko ba delarik.

      —Bakean ütz gitzazü otoi!

      —Ez gra zureki akratren araiz! —segitü züan Joanak besoaz emazteñiaren bulkatzez. Bena atsoak ez züan izaririk:

      —Gerla bat bai behar zünükee züek ikasteko!

      —Hai. Hiru gerla egari dütüzüe eta ez dütüzü hanitx arranjatü züek. Akontrari.

      —Jin bedi Pasqua züen ororen preso sartzera... edo Somaliarat igortera...

      —Ertzotzen ari zira ala? Zertarat joanen gira gü Somaliarat? Armada amerikainaren lagüngoareki erris bihiak banatzera? Eta errisa maite ez düana tiroz ehaitera?

      —Amerikainen kontrekoa zira zü.

      —Bai. Ianki kanpora kantatü ginizün Garindainen!

      —Gazodükaren kontrekoa ere bai audela!

      —Bai, prefosta. Gazodüka edo errisa... bortizkeria bardinak beit dira biak! —ausartü nintzeion. Harritürik ohartü nintzan amesten zen mündüaren aide agertzea amodiotan hurtzea bezain hunkigarri eta ejer zitakeala: ...sinesten düt lür eremü hontako jenteen erroak ez dütüala hatxeirüak ahatzaraziko... sinesten düt urtats goizetan eki-leinürü eztiak, maite direnen begitarteak argitzeaz gain Matalasen odol-idor hatsaz mozkorraraziko gütüala... sinesten düt... Amets handi batean galdürik nintzan aitzinean zagon emaztea erreüsten ari zelarik, eta Joana ene kantüan, presatürik.

      —Sinesten düt egün batez aske giratekeela.

      Emazteñia bere ülüneko mahainealat ützüli zen artean. Aizinanten saldoko gizonak zotükarazten zütüan ginen gazte-auher-müküzü-meskil-bürüberoeki gaüzen ozkan jartera kümitatzez. Joanak kaldü bat eman zeitan:

      —Jimi telefonatü bear zu.

      —Jimi?

      Kredo berriaren hitzak asmatzen ari nintzalarik arras ezeztatürik nüan Jimen izaitea bera, bena deüs güti balio züala sinesteak pentsatü nüan, haboroxieneki partekatürik ez balin ba zen, eta amodioa —Jimen ganatekoa— sinesteen gozatzeko eta hedatzeko molde bat zatekean.

      —A, bai. Jim...

      —Nigar anpulik ez ohono —komentatü züan sardonikoki Joanak.