Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

16

 

Komando Mando saldoko lau gizonak goizaren ejertarzünaz mintzo ziren, eta nik begiak tapatürik ükena gatik, ba nakian Basabürüko ibar hori zinezko argitarzün berezi batek katiastatzen züala eki sortzearen tenorean. Pierraren botza altxatü zen:

      —Bena, norat goaza?

      —Gaxpar heben non bait diagü.

      —Heltübada bai, neskatila horren arabera bai phü. Pettek tinkatzen züan karabinaren mütürra geroago lanjerosago nabaritzen nüan lepo-hegian. Noizean behin bidea malkarregi zelarik, tiroa bera partitüko zela lotsa nintzan. Johañeren botz xehea entzün nüan lotsaren ezeztazale:

      —Barda... ortografiaz aharran ari zineelarik amets bat egin dit.

      —Alabade!

      —Gaxparren gorda-leküa ikusi dit.

      Ütsüalat üngüratü nintzeion:

      —Gaxpar? Ikusi? Non?

      —Araneko kürütxünean, zübüa iragan eta handik hamalau metretara.

      —Segür zira?

      —Ametsa ametsa baizik ez düzü —heineratü züan Johañek hatsantürik, eni bürüz ari zela solasean. Besoa tinkatü zeitan elestan segitzez:

      —Ez zaizüa sekülan agitü hanitx maite düzün gizon edo emazte bateki ebilten zirela amestea?

      —Bai, prefosta, frankotan. Eta?

      —Eta... edo egiaztatzen düzü ametsa eta iros zirateke edo ihoiz ez düzü zoriontarzün horren txestatzeko ahalik. Ordüan ametsa maradikatzen düzü.

      —Johañe. Diozüna ejer zitazüt. Eta Gaxparrentako?

      Gizon erromantikoegia ixilik eküratü zen. Petteren armaren pezüa arintü zela senditü nüan, Lakarriko arrabotealat heltürik ginelako seinale. Begietako tapagia elki zeitan Pettek eta telefona-kabina urdina behatz larderiatsüz erakutsi. Kabinaren barnean nintzan ximixtaren abiadüran, Barkoxeko Haitzen zonbakiaren marrazteko prestik. Telefonoak bostetan jo züan. Seigerren joaldian lo-ürrina züen hitzak kausitü nütüan.

      —Haitz?

      —Bai, kaixo. Zelan zagoz?

      —Ontsa, ontsa. Ziauzte agüdo Aranerat.

      —Joana etorriko da neu barik.

      —Nola da Joana?

      —Ohean itzi dot oraino. Jaten nork emango daust ba?

      —A, gizonak! Gosaria egiten be ez dakizube —ihardetsi neion erri-gogoz Bizkaiko eüskalkian zinpurtzez. Oritü nintzan gero Joanak, «esnatu»ren ordez, Xiberoan erabilten zen «belhitü» solasa ezpainetaratzen züala, eta segidan zaraitzuarrak bilbotarrareki azi amodio-gaü ikaragarria ütxüratü nüan batere jeloskeriarik gabe. Bake xoil hortaz harritü nintzan nihau, eta harritü ber zoinüan Jimen ganako transfer automatikorik ez nüalakoz egin. Ixtant hartan egiaz, berantetsiago nüan Gaxpar Büztanobiren eretzean izaitea Jimen ondoan beno.

      Bostak libreki aintzina gindoazan. Lakarritik jalgitzez mürrü erori batetan, laborarien kexüa iragartzen züan pintada drole batek imur hona sortarazi zeitan bihotzean. Alabena, alageratzeko zen Pierra Gat (Garat-Aran) tabalari mitikoaren herrian berean «gatt: ez!» lemaren irakurtea. Arraileriant nintzan oso. Lau gizonak ere boztariotan zabiltzan. Hürrüneko lühertzean ürxoak amiratzen güntüan, hegaldi xügünez zelüan hurtzen, aize hegoak münho batetan bermatzen zen Altzaiko eliza bailakatzen züalarik. Zazpien altexean Ibar-Esküineko zeinüek oroek alkarreki tenorea markatü zeiküen.

      —Ordü dizügü —erran züan misterioski Pettek. Bizkarreko zaküak Johañeren ametsak agertü leküan pausatü zütüen.

      —Kau ke triballa!

      —Hobe ginikezü lehentze... beb u kop! —erantsi züan Pierrak eta hegoalat plantatü ziren, godaletak eskü ahürretan tinkatzen zütüela.

      —Perdiu, has gitean lanean orai! —erabaki züan komando-bürüak.

      Zaküetako tresnak lürrean hedatü zütüen: aihotz erdoilatüa, haitzür bat, dailü-aho bat, arraskleta, aizkora eta gider makür zonbait. Gizonak arnesen montatzen ari ziren, Altzaipeko bidean ene 4La kütünaren motür herotsa behatü nüalarik. Jüje grinazü agertü zeitan:

      —Nor da hori?

      —Joana Garalda.

      —Zotüka gitean, Anzoposekoak jinen beit dira arrunt —kontseilatü zeikün Pettek.

      Araneko bide-jüntan gelditü zen Joanak gidatzen züan autoa. Kontent nintzan Joanaren arra-ikustez aspaldian alkarreki izan ez bagina bezala, eta begietarat so egin neion. Erri zoriontsü bat ba züan ahorpegian.

      —Ontsa?

      —Bai. Soizu ze agitu zaida niauri?

      —Amodioa?

      —Begamala... erden dut laiski fite!

      Amets iros batetan galtzen zen Joana bena ez nintzan heltzen haren boztarioaren osoki txestatzera, nik dakita nonko bortüko olan lorik gabe gastatü gaüaren ondoramenez. Erreüstarzünik ordea, ez nüan senditzen, Büztanobiko Gaxparren adixkideen erdian «gerla-mezperako üsantxa» sail berezi batetan parte hartürik beit nintzan, eta goiza iratzarri zelarik Gaxparren atzamaiteko segürtantxa nüalakoz.

      —Eta Haitz?

      —Ba, kura... karek badizu lan bat... Barkoxeko apezaren zerbutzuko!

      —Zer?

      —Badra Barkoxen sorgin zomait... gau guziz apezaren leio-pin «Barkoxeko Apezak...» ahaidearen lehen hitzak kantan ari drenak...

      —... oro dira manexak!

      —Kori bai... ta zilatu bear zu nor den kantaria!

      Karkazaka hasi nintzan: Barkoxen beti ba ziren bilagarro arraileriant andanak, eta Haitz filologiaren abandonatzez bere gazte-denborako lanari üztartü zen Barkoxeko apez orano manexaren lagüntzeko.

      —Agian zorte hon dikezü.

      —Orai sa balioko zaiko... fan giten lanrat! Joanaren delibero ernea laket zeitan. Solasak hürrentürik, jadanik lürraren ützülikatzen ari ziren gizonen gana hüilantü ginen. Gazodükaren lankiaren puzka bat hor mozten zen momentüko... eta hürrünxagoñi arra-hasten, hain xüxen Anzopose multinazionalak merke pakatzen zütüan langileak elerran güntüan günean. Ondar egünetako lantzer eztiek lürraren trenpüa iharrausi züen, eta doiez elkitzen zen alde-kanporat hodiaren mütür gorria. Johañeren ametsaren arabera Gaxparrek, hodi horietarik batetan beharko züan izan. Gük Atarratzerik jitez eraman güntüan ikertzeak, ez beit günüan uste aitañia etxeratzear zagola. Mobileta pürü Lakarrin edo Aranen lokalizatü ba günüan, aisago finkatzen ahal günükean txerkara eremü hersiago bat. Bena plañitzekorik ez ükena gatik, xantza berekoi izan zen gureki.

      Haitzür kaldü bakotxean hatsa llabürtzen zeien adineko gizoner eta izerdia perla errontaren moldean eraixten kopetetan behera. Ez züen eskentü geneen lagüntzarik nahi:

      —Züek... malestrük zirateke.

      —... katxak jinen zaizüe! —erantsi züan Petteren kritika sakontzez Pierrak, eta gizonak ützi güntüan arroilaren xahatzera, heinean eta xahar indarren izariaren hartzez.

      Ipularrean lürra metatzen ari zen, üda-minetako ehorzketa goizetan ilerriak apailatzen zabiltzan edozoin etxaltetako bost aüzoen haitzürren menean bezala. Argi zen bestaldetik aitzinean güntüan gizonak —gerla hanitxetan üsatürik heltübada!—, tranxere bakitzeko ezinago trebe zirela; bizitzea berritan herioareki nahastekatü nüan gogo zokoan. Aldi hontan ordea, ez zen ürrezko behaztünik atzamanenko, are gütiago kalzioz hüstü ezürrik, bidegabekeria baten mehatxüa baizik. Zortziak kart ments ziren hodiaren aho gosetüa agertarazi züalarik aihotzaren zorrotzak.

      —Gaxpar? Hor hiza? —oihüstatü züan Pettek.

      Zürrünga lüze bat heltü zeikün. Bihotza junpeka hasi zeitan eta Joanaren esküa hartü nüan. Zaraitzuarrak ene keinüa ezeztatü züan, ahürraren herstez. Jüjek deia arrapikatü züan:

      —Hor hiza Gaxpar?

      Herioaren mündütik hantzen zen intziri latzaren oiharzüna jin zen gure gana. Buhakoa azkartü züan aize hegoak eta odeiek ezagüna zen ahaidea murmuzikatzen züela üdüritü zeitan.

      —Habil eraikan bizirik! —zioen odeiek eta lür freskaren hatsak bete nündüan.

      Bürzoro ertzoaren jazarpenaz oritü nintzan, haurzaroan, nolako ürrina züan, idi-pare nekez heziek —mantso mantso eta gü hotsemaiten «haugi katzo»ka!— lauhazkatü goldeak ideki ildoak. Beleak zirurikan zizarekan zabiltzan, harrogitik elgealat xüxenean. Gü ere lür-ekai ginen, itxaso primalean itotzen zen lür peza xoila, eta asmatü nüan hil ondoan ürrin epel bardina bildüko züala aragizko betiko uste günüan korpitzak, urte parrastot baten bürüan pürü. Aitortzekoa nüan herio molde horren ütxüra maite nüala, ez nündüalakoz lotsatzen.

      —Habil eraikan bizirik! —Kantatzen züen zelüko aidearen mezülariek—. Bizirik...

      Lau gizonak pausatzen ari ziren xahakoaren bata-besteari iragaitez, eta Joana lür meta ketsüaren gainen jarririk zagon, pentsamentükan:

      —Eraikan... eraikan... bizirik... eraik...

      Odeien gurguriak gogapena kiribilkatzen zeitan. Bi esküez kaskoa tinkatü nüan, eraik aditzaren nabelkaldüek zauri ez nindezaen. Botz bat entzün nüan:

      —Heben dükek —ahozkatü züan Johañek—. Zü Hodian sartüko zira eta Gaxpar bizirik eraikiko deiküzü.

      —Ni? —harridüra seinalatü nüan, debaldetan, Pettek inkazkin edo meatzari bürüko bat oparitü zeitanean. Bürüko argizaiola piztü nüan amiñi bat klostrofobea nintzala erran gabe.

      —Arrunt ekarten deizüet! —hitzeman nüan.

      Hodiaren ahoan hurtzeko ordüan düdetan nintzan: «Gaxpar ez balitz hor?»

      Düdak oro ixilarazi nütüan eta beldürraren gaintitzez baratx-baratxa lerratzen nintzan hodiaren zola hotzak ene sabela larrützen züalarik. Argizaiolaren leinürü ahülarekilan aitzinatzen nintzan hastiro nüan güne erronta hortan zeihar. Ardüra irakurri nüan norbaiten osoki ertzotzeko aski zirela izkinak desagertaraztez gelen errontaz betetzea. Hala idatzirik zen pürü, bena ideiaren kaskotik elkitzen iseatzen nintzan, eta bürdüinazko ezkoxinak sortzen zeitan bidean ba nindoan. Ez nakian zonbat denboraz ebili nintzan hola. Hamar minüta... ala ehün mente... zena zela, senditzen nüan orratzak eküratü zirela ülünaren menpean.

      «Gaxpar ez balitz hor?» niolarik imaginatü nüan Mourenxerik Norvegiako gaza partiarazten züela, eta gaz ühin gaiztoak hüxtüan eroaiten nündüala partiküla atomikoen maneran beren akzelerratzeko bekaniketan barna, han harat, han harat, Xiberoatik hain hürrün, ekaia enerjia bilakatzen zen lekü hitsealat. Gaza, nahi züen segürtarzün izariak plantatürik ere, beti lanjerosa zen bai jenteentako eta bai prefosta, natürarentako. Beldürraren ezeztatzeko kantan hasi nintzan: Johañeren ezpainetarik mezperan ikasi ahaidea eskenten nüan ühinari, agian sekülan iraganen ez zen gaz maradikatüari, maite nüala erraitera —irresponsablea nintzalakoz ote?— ausartzen ez nintzeion Jimi eta gaineratiko lagün-adixkideer. Bereterretxen begitarte nabelkatüaren gogapenak pentsüa trebesatü zeitan: bai... harentako ere ari nintzan!

      Hodien arteko hirugarren jüntaz jabetü nintzalarik meatzarien bürükoaren argizaiolaren ixürian forma lüze bat süsmatü nüan.

      —Gaxpar!

      Arrapostürik ez nüan ardietsi. Gaxpar hortxek zagon. Lotan edo hilik. Kantüalaino hüilantü nintzeion:

      —Gaxpar!

      Bigerren deiak ere ixiltarzüna jo züan. Hodiaren hersidüran mobitzea nekez zeitan, bena zotükatzekoa nintzan eta emazte indarren ororen biltzez, Gaxpar zitakean gizona zankoetarik gibel tiratü nüan, egiazko argialat karreatzeko Büztanobiako nausi xaharra.

      —Iratzar zite Gaxpar! —erran neion amoltsüki. Intziri einerik bat entzün nüan.

      «Ez zira hilik beraz?» komentatü nüan hats-ments nintzala ahazteko. «Hobe!» gaineratü nüan enetako, tiraka segitzez.

      Aize hegoalat ba gindoazan. Sokratesen erakaspenaz ametsetan ari nintzan: Errepüblika-ren libürüxkako harpe-lezearen metaforan, ba zen halako ekintza hunkigarri bat. Ülünean ziraüen jente elibatek Argia-rateko petik-gora hartzen züen. Lehentze ikusi argiaren xuriak ütsützen zütüan eta harpe-lezearen goxotarzün beltzealat ützültzeko lehia züen. Gidariak bortxaz egonarazten zütüan argi-ütürriaren menean. Argiaren eta Bortxaren arteko lotüra zehargi zeitan: Txinako aüzoko etxe-erraldoien arteka grisetarik Maulerat jin nintzalarik, argiaren gogorkeria bardinak katiastatü beit nündüan, eta bakartarzünaren tentazionealat eroriko nintzan segür aski, lagün zonbaitek burraten pürü partekatzera ez ba nündüen kümitatü, eta kümitüaren ohoratü beharrez ez ba nüan ene bürüa ostatü ezezagünetarat bideratzen bortxatü. Argiaren amodioak Jimen xenderalat eroan nündüan ber zoinüan. Argi horri berari orai, tiratzen nüan Gaxpar Büztanobi, hodi hügüngarrian trebes. Gaxpar lotan zagola ohartü nintzan, hatsartze lanoaren herots ümila entzüten beit nüan, eta hodiaren pünta argitsüaren azkenean, lau gizonen botzak apertzebitzen nütüan. Abantxü salbatürik ginen. Atsianartzen nüan. Arra-üsatü beharko günüan argiari eta heltübada ez zatekean hain aisa.