Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

3

 

Aitañi zaharkitüak erakatsi bezala, abiatü nintzan beraz, Lakarriko arrabotearen kantütik, exker eta errege-bidea arra-atzaman nüan. Autoa nonbait üztekoa nüala üdüritü zeitan, hoinez segitzeko, txerkatzen nüan etxaltea hürrün beno hürrünago beit zatekean, aitañiaren hitzen arabera pürü. Paperak hartü nütüan, sos amiñi bat eta bide nausia abandonatzez, esküin sartü nintzan, xenda errautsü batetan. Laster ahalko nüan ikusten famatürik zen Lakarri-Büztanobi hura, bortü maxela txipiñi baten gibel-aldean mentüraz, mentüraz nion, eta soen Ahüzki tinialat altxatzez, lühertza ezinago helkaitz agertzen zeitan. Bidearen bi aldeetako tartetarik herots hanitx horra zen, entzümena goxatzearren: üda ürrentze hontako txori eta abere xehe sonüak elkitzen ziren nahar eta asün artetik. Senditzen nüan, ürrats bakotxean, larrazkeneko ejertarzünak beteko güntüala, mündüa, nihau eta prefosta, sasietan gordatzen zirenen bihotz zehargiak. Abantxü ahatzerik nüan Büztanobiako ‘trajedi’ iragarria, eta bapatean, hilotz baten ütxürak türbüstü züan eki peko bake üsantsüa. Zalexagoñi nindabilan orai, patarraren behera, errautsa hoinetarik aidatzen zen arau: hirugerrenez exker, eta poxi bat üngürükan ari nintzala pentsatzen hasi nintzan. Gogo ülündüraren ezabatzez, harri zizelkatü batean irakürri nüalarik Büztanobia, Lakarriko elizaren ondoan agitzen nintzan, einerik, izerditan, desgostatürik, jarteko inbeabaizik ez nüala zankoetan. Aitañi arraileriantak planttan engainatü nündüan.

      Alabena, arrabotearen maldaxkan, ene autoa begistatü nüan. Animaleko kilometra saila herrokatü nüan hatsarreko ber leküala heltzeko. Jente presatüetarik nintzala ohartü zatekean gizon adintüa, eta erri karkaza zonbaiten egiteko estakürüaz, debrüetan harat igorri nündüan, aski nükealarik Lakarriko elizari bürüz itea Büztanobiako lobiroan aterbetzeko. Ustez, gure belaünaldikoen hütsa zen agian, aitañi xaharrer konfiantxa soberaxkoren egitea. Betitik arrapikatü zeiküen, eskoletan eta orotan funtsean, zaharrak zühürrak zirela, jakitate baten jabeak, herriaren ondare errespetagarriak, eta horra: zahar ertzo bat kürütxatzen nüala Lakarriko plazan. Ondoramenez, hortxek nindagon arras etenik, zaharren gogotik maradikatzen. Gaitzitürik egia erran, beropean kixkailtzen, zühaintzetako ostoen gisa eihartzen, auher-solasetan itorik. Ez nintzan ja «erri egitea laket zeionaren» ahorpegiaz ere oroitzen. Xütitü behar nüan. Xütitü nintzan, eta xüxenka Büztanobiako ezkaratzeala bortalatü:

      —Hela! Ba dea norbait?

      Arrastiri errearen minean ez zen arrapostürik, ixiltarzüna salbü, txorien kantore basatien oiharzüna. Bena etxe hortan ez ziren txoriak bizi, eta deia arralüzatü nüan:

      —Ba dea norbait?

      Klisketa herrots bat entzün nüan, ezkaratzaren fresküratik sortzen; klisketaren herotsa, ürrats baten lerrots txainküa, eztül bat, eta korpitz baten itzala alde-kanpoala hedatzen:

      —Nor zütüt zü? —egin zeitan galto itzal beltzak, eta ahal bezain anpleki ihardetsi neion:

      —Amaia Ezpeldoi nüzü.

      —A bai. Berantiar zira. Egüerdiko züzün.

      —Bai, bena aitañi batek ifernüaren barna pasearazi nizü.

      —Tzai... ez dizü axola.

      —Parka.

      —Erran deizüt ez düala inporta. Pette horri erri egitea laket ziozü.

      —Entelagatzen dit.

      Itzala, gizona ala emaztea zen, ez nüan orano mügatü; botz hautsez mintzo zeitan, üsü ozenki eleen erdizka ahozkatzez, beste erdia züntzürreko soketan kordokatzen zeiola emanez. Leiho batetik, argitzarraka bat okertü zelarik, segitzen nüana andrea zela kontü errendatü ordüko, begitarteak karreatzen züan larderia pezüaz jabetü nintzan:

      —Holako jenteak ez dira aisa koditzen —nion ahapetik. Ene murmuzika pertzebitü zükean amañiak, eta bortizki moztü nündüan:

      —Hebentik goiti gure neskato zirate.

      Harritü nintzan, eta nüan lazdüraz harritü zen bere aldian emaztea:

      —Erran gei neizün lagüntü behar gütüzüla.

      —Atx, eta süposa...

      Sükaltean ginen. Ttottotü nintzan familiako mahainaren kantuan, lekü sobera hartzearen lotsaz bezala, bankan koxkortürik. Emazteak kaidira hüilantü züan eta bi herots mota berezi nütüan: pegartegiko huraren kotera noiz-behinkaria, eta ordülariaren tik-tak jarraikia. Ene haur-denborakoaren gisa, sükaltea ülüna zen: hiru idekidüra xoilekilan. Aide eskasez, jatekoaren eta kedarriaren ürrinak nahastekatzen ziren amoltsüki, eta doia ezagütü nüan amañiaren bilaire gris-zilarra jin zeitan gogapenaren kilikatzera. Harek erhi finez pastetxa oratzen züan eta labean ezarten; gero orok jaten günüan amodioaren oparia. Lürrealat so-egin nüanean, hor bertan, karrelaje modernoaren ordez, harri-pikatü handiz moldatü zola ere zilar ütxürat nirokean, harri-pikatüen arteketarik zonbait kanika biribilkan ebilten zirela arra-amestean. Gelan bi jente haboro ba zela ohartü nintzan.

      Sütondo xokoan, züzülüaren gainen jarririk zagon, nik, lehen xixtan, etxekandere gaztea zela konsideratzen nüana. Josten ari zen, eta ülün-pe gotorrean, haria orratzean nola sar zezakean misterioa zen enetako: ata, galtza urdin parea bastatü ondoan, azpiltzen züalarik, ez nüan oihalean, odol ttanka bihirik begiesten. Zinez adreta izan behar züan etxekandere gazte horrek. Ordülari aldetik, sonü metaliko zonbait entzün nüan. Mauleko Jojobar ostatüko jokü eletronikoen ber sonüa, nintendo edo zerbait holako, space war berri baten hatxeirüzko müsika. Goizanko epeltarzünean, ene deitzera jin zen neskatila zen, pantailaren aitzinean itzatürik txostakan ari. Herots horiek güziek bürzoratzen nündüen, eta hitzaren bidearen zilatzeko premia nüan:

      —Zertan lagüntü behar zütüet?

      Emazteak droleki so egin zeitan, eta bapatean ixiltarzün orano hitsago bat bilakatü zen sükaltearen karruzale. Beste bi jenteek ere bürüak nitara ützülikatü zütüen, bakea hautse beit nüan. Bekatoros senditü nintzan, bena segitü nüan:

      —Lagüntü bai, bena zertan?

      —Zera... —hitzetan traukatzez hasi zen zaharrena—, zera... Manexina zira?

      —Bai. Aski ageri düzü bai. Ez naüzüe horren erraiteko deitü arauz?

      —Ez etxit... ba dakizü...

      —Zer?

      —Ene senarra ez zitazüt etxerat jin iragan neskenegünaz geroztik.

      Azkenean, üsantxa ixtorio xinplea zen. Emazte xaharñi baten senarra desagertürik. Pariatzekoa zen beste gazteagoko batekilan ezkapi zela zonbait egünentako amodio-minaz asetzeko. Inkesta ezinago aisa zatekean:

      —Nola izena dü züre senarrak?

      —Gaxpar, Gaxpar Büztanobi.

      —Kartieleko emazte bateki joan zaizü?

      —Jesüs!

      —Jakin behar düt. Nor da emazte hura?

      —Gaxpar beno galantagorik ez düzü. Gaxo Gaxpar!

      Amañia nigarrez hipaka lehertü zen. Itzalgünean josten edo txostakan ari ziren andreak hüilantü zeitzon konsolagarri, berak ere oso imur beltzean. Pena handi horien ogendant nintzan, eta gaüzak ez ziren üdüri bezain xinple. Düdan nindagon, leküak hüts ala nigar-zionea egar, egürüki eta ikus. Barrükütik behi marraka elibat pertzebitü nüan, ezne-tankaren gurguria beharrien jaukizale. Amañiak ordüan papotik, Gaxparren argazki hoilitüa elki züan:

      —Atzaman idazüt Gaxpar!

      —Bai, prefosta, prefosta...

      —Gazodükeko langileek bahitü ditazüet.

      —Gazodükeko langileek?

      —Bai. Oro kanpotiarrak dütüzü eta...

      —Gazodükaren kontre zen ala?

      —Aperentziarik ere ez. Alde züzün.

      —Ordüan?

      —Neskenegün goizean bederatzüen altexean igorri dit Gaxpar... Atarratzeko Postala... Hilabetoroz hunkitzen dügün erretretaren eraikitzera, hiru mila liberen etxerat ekartea manatzez. Ordütik ez dit Gaxparren berririk. Estorbü bat agitü ziozü, bahitü dizüe, sosa beit züan...

      —Balitakezü, bai.

      —Segür nüzü.

      —Gaxparren atzamaitea ene lana düzü beraz.

      —Horixek!

      Hara, Xiberoan nintzanetik, lehentze nüala gazodükaren afera kürütxatzen, inkesta batetan. Ez nintzan ja, batere interesatü gei horri, Maulen plantatü zen manifestazionean parte hartzeaz salbü, eta ebipe hartan, ez nüan Büztanobiko kiderik kausitü. Galto zehatz baten urtukitzera ausartü nintzan:

      —Züen lürretarik iragaiten dea gazodüka?

      —Ez, Jinkoari esker!

      Entelegatzen nüan engoitik, zentako bürdüinazko sügearen presentziaren aide zen Büztanobiko Gaxpar, bena josten ari zen emaztea, botz leünez mintzatü zeitan:

      —Ilobaren pentzetik iragaitearen kontre züzün gero!

      —Bai. Ez zükezün audela osoki alde.

      —Ez, osoki ez! —erantsi züan amañiak, saltsari bere gatz apürra botatü nahi üken beit züan, lerros zatekean mintzaldiaren ebakitzez.

      Mürrüan itzetik txilintxau zen kadreari so egon nintzeion, gogapen antzüetan galdürik. Erri inbea nüan, ordea gaizki ikasietarik ez nintzala porogatzeko, erria ezpainetan menperatzen iseatü nintzan. ‘Prolema’ erran güzien gatik, aski nahasia üdüritzen zeitan. Nontik bas? Nor zen zinez Gaxpar Büztanobi, etxalte hontako nausi xaharra? Non kükützen zen orai? Norekilan? Zentako galtoak baizik ez zeiztan bürüan barna ebilten, eta arrapostürik ez. Ene begiak ülünari üsatürik ziren gogapenen saila zoko batetik horra zen ordülariaren tik-tak sonü hastielak balantzatzen züala. Zietak mahainean pausatü zütüan amañiak.

      —Gureki janen dükezü?

      —Ez, ez, fazoñik gabe!

      —Zer fazoñik gabe? Manex horiek ba düzüe eüskara bitxiñi bat!

      —Gisa güziz, eüskara düzü.

      —Bai, bena...

      Xütitzeko keinüa egin nüanean, amañiak, larderiazü, ükaia lotü zeitan:

      —Gureki janen düzü.

      Alabatxiak, gazna eta konfitüra ekarri zütüan, eta zietak betetzen zütüalarik, txipiko arrastiri-askarietaz oritü nintzan. Han, bedakan, hur-hegian, idiak üztarrean hausnarrean ari zirelarik, tüa südür-ziloetarik zarioela, amak, mihimenezko zarea hüsten züan, bakotxari bere izerdiaren araberako jana emanez. Konfitüra ogiaren artekatik ixurten zen, eta sükreak engainatürik, üinürriak igaiten ziren, zankoko erhietarik zankosagarretan gora, atorra bustien petik larrüaren txistatzera. Üinürrien güdüka galtzear ginela, üilüek ez güntüen bakean üzten, oroz gainti üilü urdin lodiek, eta esküa beti aidean ebilten günüan, exkerretik esküinealateko gestü monotonoan. Neskatila nintzaneko begi-zohardiak agertü zeiztan hor, eta nostalgiaz hantürik, space war batean txostatzen zenaren sohakoen txerkatzen ari nintzan, desesperatüki. Etxeko gazna laket zeitan, konfitüra ere bai, eta minardiko ardu mingarrak aho-gaina erratzen zeitala, halako plazer lizün bat senditü nüan. Ausartü nintzan:

      —Amañi, atzamanen deizüt Gaxpar.

      —Ba dakit. Nahi düzüa kafe inkaüñi bat?

      —Bai, hola laneko prestik nizate.

      Amañiaren erri xügüna behatzez, kaminetetik elki kikerak ixuri beltzez bete ziren, eta kafearen ürrinaz, Büztanobiko sükaltea alageratü zen. Hameka edo hamabi urteko neskatilaren soak trebesatü nündüan ordüan. So berdeak ziren, berde-ñabarrak, ñapürrak agit zitekeenak. Bihotza uxkaldü zeitan, eta pentsüz, amañiak taigabe kikeran igitzen züan goilarearen herotsa segitzen nüan. Bortü handietako ardi-saldoen joalte ozenen oiharzünak nütüan beharrietan. «Bortü handietako...» Jim ütxüratü nüan, haren honezia eta elekatzeko lotsa enea. Ateka gaitzean nintzan. Mintza-min horren aidean, Gaxparren kausitzea jokü aiseta zen. Neskatxonaren begiak —ene haur denborakoak segürki— jo nütüan:

      —Atzaman indazüt aitañi —erran nahi zükean. Hasperen batez ihardetsi neion, eta entelegatü züala erakusteko, kantan lehertü zen apalik. Bereterretxen Kantorearen kobla zonbait emaiten zütüan, aingürüena baizik ez zen botzez. Magiaren xarmer ezkapatzeko bezala, mahainetik xütitü nintzan. Amañiak ezkaratzeko bortalaino lagüntü nündüan, eta despeditzekotan erantsi züan:

      —Otoi, Gaxparren beharra ba dit nik orano!

      —Bai, prefosta, zin deizüt.

      Sükalteko leihoaren eretzetik iragan nintzanean, neskatilaren abotsa horra zeitan beharrietarat, hain lüzaz ülünean egonik, arrastiriko ekiak begiak sardeskatzen zeiztalarik:

      —Bai, zin deizüt —arrapikatü nüan nihauk, eta jitean ikusiak ez nütüan lürraren ürratzeko bekanika erraldoien presentziaz jabetü nintzan. Hürrünetik heltü ziren motürren marmara gorra aragian senditzean, halako ezintarzün/keria batek esteki nündüan:

      —Debaldezkoa balitz?

      Minüta hortan, ezkorra izateko püntüan nintzan, eta norbera beretako ezkorra izan zitakean, bena kolektiboki, esperantxa poxi bat lantü behar zen. Gaüzak zirenean aztertzez, ez nüan boztekorik: nontik has?

      Lakarriko arrabotearen maldan jarri nintzan, lür arrasean kokotü nintzala egiago lizateke. Zigarreta bat bildü nüan, Büztanobiko sükalteko ürrinen harmonia purruskatzearen beldürrez ez beit nüan kerik tiratzeko ausartziarik üken. Lehen buhadak zainak anpletü zeiztan. Ezpainetan üsatüzko erradüra nabaritü nüanean, salbatürik nintzan eta ba nakian, hatsarretik hastea komeniko zeitala: mobiletaren leküstatzetik. Alabena, Gaxpar desagertürik balin ba zen, mobileta nonbait zatekean, Jinkoari esker bürdüina ez beit zen nolanahika hurtzen. Larrazkeneko ürrezko ekiaren leinürüak zeiharka eraixten ziren Ahüzkin behera, Lakarriko plazalaino. Ejertarzünaren xederetan preso nindagon, beharre mobiletaren ideia beit nüan, errealitatearekilan ez mozteko.

      Autoan sartü nintzan, aserik, trankilik, eta nitzaz kontent —ez zeitan holakorik üsü agitzen!— telefonoa-kaldü zonbaiten emaiteko xedearekilan:

      —Mobiletak Gaxparren ganat eramanen naü!

      Hori zen: mobileta... Jimen begitarte maitekorra agertzen zeitalarik, telefonatzeko inbeak kürütxefikatzen nündüan, hari deitzeko koraje aski ükenen nüanez galtoka. Harri batez bi txori eho niroke, bena bigerrena mentüraz txoria beno txoriago zen. Mauleko bidean, bürüa hüts nüan, eta irratiko 104 mghtan Eüskadi Gaztea-ren frenküentzia atzaman nüan, herriko ehün milagazteren gisa—entzün egoeraoso txarretan halere—: «Estatu Batuetarik datorkigun singel berriena»ren txesta,tzeko. Komünitate linguistiko sendimentü hunkigarriak kartzelatü nündüan, eta biharko Euskadi Askatu hura, amiñi bat Eüskadi Askatürik ere zatekealako üdüripen beroaz itorik, Mauleko ene bülegoan nindagon ja.