Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Singerren tximinoia

 

Amuan katigatuta dagoen uretakoa, berdin arrain zein txibia, preso dago. «Haretxek ei dauko preso tximinoia» dio Lekeitioko herri kantak Anteroren lagun Singerrengatik. Gero, honelakoetan sarritan bezala, bertsioak ere egin zaizkio, eta hainbestekoak egin ere, non Singerren bibotea Francorena bilakatzen den, eta tximinoia zer, eta Euskal Herria. Irudia da ikustekoa, berbakera bera librea den neurrian: tximinoia preso. Neuk ere, ezin buruan egosi gabe laga. Gurera ekarrita, nork edo zerk du preso kazetaria?

        Erantzuten hastearren, hara bat. Presak, esaterako. Albistea epe jakin batean entregatu beharrak, hau burutzeke badago ere. Imanol Murua Uriak kontatzen du bere blogean. Gauerdia, eta kazetaria Madrilen da, Auzitegi Nazionaleko atarian, Grande Marlaskak Batasuneko zortzi kideekin zer egiten duen zain. Ordu laurden Andoainen erredakzioa zarratzeko, eta kazetariak lau bertsio ditu bidalita, azken unean zirt edo zart bata ala bestea aukeratzeko: «Lau bertsio bidali nituen, azkenerako, erredakziora. 1) Epailearen erabakia garaiz heltzen ez bazen argitaratzekoa, fiskalaren argudioekin osatua: (Titulua:) Mahai Nazionalaren agerraldiak ez dira delitu, fiskalaren ustez. (Azpititulua:) Prentsaurrekoak bake prozesuaren aldekoak izan zirela argudiatu du Jesus Santosek. 2) Epailearen erabakiari buruzko zurrumurrua zabaldu zen kazetarien artean, gauerdia hurbil zenean: Permach barrura, besteak kanpora (...) Zurrumurrua egiaztatzen bazen ere, aurrez idatzi eta bidali nuen, bermearen kopurua bakarrik utzita idatzi gabe. (Tit:) Permach espetxeratu egin dute berme jarri berria ordaindu arte. (Azp:) Otegi eta Batasuneko beste sei mahaikideak aske utzi ditu Grande Marlaska epaileak. 3) Zurrumurruak zurrumurru, badaezpada ere hipotesi optimista ere idatzita utzi nuen. (Tit:) Batasuneko zortzi mahaikideak aske utzi ditu Grande Marlaskak. (Azp:) Deliturik ez dutela egin ebatzi du Auzitegi Nazionaleko epaileak, fiskalak eskatu bezala. 4) Azkenean, hipotesi optimista nagusitu zen, baina aldaketa batekin. Azpititulua berriro idatzi eta sarrera egokituta, halaxe argitaratu dugu.(Tit:) Batasuneko zortzi mahaikideak aske utzi ditu Grande Marlaskak. (Azp:) Permachi egunero sinatzera joateko agindu dio, eta besteen egoera ez du aldatu».

        Estilo ariketa legez, zoragarria begitantzen zait Muruarena, kazetaritza fakultateetan nahitaez erakutsi beharrekoa. Ez da, berak esatera, horrelakorik egiten duen aurreneko aldia. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Aukera Guztiak plataforma baliogabe berrestea erabaki zuenean hartu zituen neurriok lehenago. Muruaren beraren hitzak dira: «Joan den astean baino zorte eskasagoa izan genuen, berria ez baitzen garaiz etorri. Artikulu argitaratuaren titulua, Auzitegi Konstituzionalaren argazki handiarekin: 'Madrilen hasi da kanpaina'. Zuzenagoa izango zen 'Ez dakigu zer erabaki duen Auzitegi Konstituzionalak' idaztea, baina oraindik lotsa apur bat badugu».

        Ikasi dugu zerbait, Singerrek tximinoia legez, erlojuak du preso kazetaria... eta lotsak du libratzen kazetari ona. Zerk gehiagok du preso hartzen, ordea? Asteazkenean, Efe-ren albiste bat Plaza sailean: «Kantauri itsasoko biztanleak duela 8.300 urte hasi ziren arrantzan». Artikulua, txukun idatzia zegoen oso agentziako berria izateko: «Duela 8.300 urte, Kantauri kostaldeko biztanleak itsasora joaten ziren arrantza egitera, eta arrainek osatzen zuten haien elikaduraren erdia, Asturiasko, Kantabriako eta Euskal Herriko zenbait aztarnategitan aurkitutako giza hondakinen azterketak erakutsi duenez». Lana beltz egin zen, baina, teletipoa berridazten, bezperan, bertsio digitalean, honela eman baitzen: «Duela 8.000 urte euskal herritarrek arrantzan egiten zuten, Aranzadiren arabera». Begiak erretzeko moduko titulua, inondik ere, Egunkaria-ren Estilo liburuaren gaitzak eta menta handidun besteren batek kutsatua. Horra zerk izan lezakeen preso kazetaria. Etxeko dotrinak berak, absurduraino eramanez gero. Albiste buruak ere, ez zuen titulua nabarmen hobetzen: «Aranzadi zientzia elkarteak Gipuzkoan egindako aurkikuntza berriek erakusten dute 8.000 urte Euskal Herrian arrantza egiten zela. Jaten zutenetik % 50 arraina zen, eta Jaizkibel mendian bizi ziren, Pasaia eta Hondarribia artean».

        Tximinoia ez dabil libre, preso da amuan. Asteazkenean bertan: «Nafarroan 'behi ero' bat hil dute, Errioxatik ekarria». Hara geopolitika eskola: «Enzefalopatia espongiformea. Horixe zuen Espainiatik ekarri eta Nafarroan akabatu duten behi batek. Soriako ustiategi batekoa zen animalia, baina Errioxako beste batean eduki zuten hainbat hilabetez, eta handik ailegatu da Euskal Herrira, hiltzera». Hogeita hamaika ele, eta bost toki izen. Istorioa kontatu gainera. Zerena da preso da kazetaria?

        Geografiak kazetaria estu hartzen duelakoa, begi bistakoa da. Ekainaren 8an, albiste ikusgarria Eitb24.com-en: «Bost metroko bale bat agertu da hilda Karraspioko hondartzan». Bai, Karraspioko hondartzan jartzen zuen. Informazio gehiago nahi? El Correo Español-ek emango dizu: «En la zona rocosa de la playa del municipio de Mendexa, entre Lekeitio e Isuntza». Sinesten lanak ditu, baina halaxe eman zuten Deia-k eta Gara-k ere. Ba al liteke? Bai, iturriak ezagututa: «según confirmó a Europa Press la Subdelegación de Gobierno de Vizcaya». Eta denek hala eman? Halaxe.

        Doanekoak ez diren agentzia iraintzaile eta irentzaileen preso da kazetaria, eta bertsio ofizialena, eta ezjakintasunarena. Segi dezagun, baina, Mendexako balearekin, merezi du-eta. Hala eman zuen egunkari honek: «Bost metro luzeko eta metro bateko zabalerako balea bat aurkitu dute hilda Mendexako hondartza batean, Bizkaian. Kalderoien familiakoa da eta badirudi egun dezente zeramatzala hilda». Jakin nahi duzu, eta aditzen diozu kerurik, ez haragi ustelari, «kalderoien familiakoa» horri baizik. Calderón deitzen diote balea mota honi gazteleraz, edo ballena piloto. Frantsesez, latin izenetik gertuago, globicephale noir da, edo baleine pilot. Pilot whale ingelesez, edo pothead. Eta euskaraz, «kalderoien familiakoa» da?

        Hiztegien preso da kazetaria, hiztegien aberrian. Bila arituagatik, ez du balio dion deus topatuko. Osatu gabeko hiztegiena, eta baliabideena, eta beraz, errazkeriarena da preso. Lan gehiegi albiste txepel baterako. Bertara deitu (kofradiara eman dezagun) eta Anteroren edo Singerren ondorengoei Endai inguruetan agertu zen baleagatik galde izan balie, «hori ez da ballenia, kakota baino» erantzungo zioketen Lekeition. Zabortegira bidean atoian eraman zuten Ondarroan takota zela esango zioketen bezalaxe, edo auskalo, bramune, edo nork daki, beharbada baita arraingaiztu ere, ondo ikusi gabe ezin seguru esan baina, zer zen desitxuratuta kairatu zutena. Horren preso ere bada kazetaria. Baina zein ederra aukeratzen zuena aukeratuta, hainbeste lehorreko itsuri (eta kostaldeko tuer askori) begiak argitzea!

        Galdu da proportzioa, berriro ere. Izan ere, zerena da preso azken batean kazetaria, egiteko dagoen guztiarena ez bada.

(2006-06-18)