Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Maurice Ravelek «ni Al Kaeda naiz»

aldarri egin zuen eguna

 

Peronek bazter utzitako peronista, nazionalista baino «pentsaera nazionaleko» gizona, egun ere aski aharratzen diren gogoetak dira Arturo Jauretche-ren zonceras argentinas direlakoak.

        Zonzo Hego Ameriketako herri anitzetako berba bizia da. Tontoa esan nahi du, memeloa, pepelerdoa. Zoncerak, beraz, pellokeriak dira. Baina Jauretchek zorroztuta, harantzago doan kontzeptua da, argentinarrari txiki-txikitatik sartu ohi zaizkion printzipioak, egiatan errealitatea aztertzea eragozten dioten axioma artikulatuak dira zoncerak. Hala, jendarteak baloreak transmititzeko dituen alderdi ideologiko guztietan ageri da zoncera, bai eskolan, bai etxean, eta nola ez, prentsan.

        Espainiako zonceren artean, bada hiria aipatzen den aldiro hizpidera ateratzen den bat, turismo orriak eta entziklopediak dituena benetako zilar turuta. Toledo da hiri hori, eta Arturo Jauretchek tinta gustura aterako ziokeen zoncera, asmatu duzue, «hiru kulturen» hiria dela aditzera ematen duelakoa.

        Hori dute zoncerek, ustezko iraganean hartzen dutela aterpe, mitotik gertu, deserrealitatean direla hazten, ahazten dituela bideko lokatzak eta, edozein kritika bide bozatuz, hala dutela lasaitasun amniotikoa eman eta zabaltzen. Toledo kultura kristau, musulman eta juduaren arrago, «tolerantziaren hiri», noiz, hala izan bazen ere? Azala behar da, non eta bertako kaleetan 36ko gurutzada katoliko-militarraren ikurrak beste inon baino ageriago dituen hiri ederrean, besterik ez dago gurutzeak, uztarriak eta gerezi dotoreak Moscardoren udaminean-eta.

        Gurean, badugu, nahi izatera, non laketu: Banu Kasitarren otzantasuna, gerlari baskoiak eta arabiarrak elkarrekin Karlomagnoren harropuzkeria inperialaren kontra, ilbeheradun hilobia Gaztelu enparantzako parkinaren pean... ariketa osasungarria da ikustea zein diren auzo herrietan eta norberaren etxean kontzientzia akritikoa sendotzeko erabili izan diren zoncerak, klixe kultural eta politiko bihurtuta askotan.

        Gure izuak musulmanez betetzen ari zaizkigun egunotan, honelako amets eroek naute bahitzen, eta ez, inolaz ere, egungoa iraganaz edertzeko; zonceretako erregeak biluzirik daudela oihukatzeko gogo beroak hartzen nauelako baizik.

        Beste kulturekiko errespetuzko egunkaritzat dut esku artean dugun hau. Erreportajeetan, udan zein neguan, zohizko zein izotzezko, oihan zein metropoli, mundu guztiko bazterrak ekarri izan zaizkigu. Urruneko jendez bete ditugu orriak, beste hizkuntza batzuen doinuz edertu. Mundua, gurean. Ezagutzea, esan gabe esaten zaigu, maitatzea da. Ez da literatura: nazioarteko orriek kalitatea ematen diote egunkari honi. Nik, behintzat, harro egin izan dut hegan.

        Gaur zortzi, asaldatzeko moduko titulua, ordea, azal-azalean: «Siriarrak sutan, Mahomagatik». Neuk inoiz eskatutako hitz jokoa, ez nahi bezalakoa, baina han zen, azal agerian: sutan zeudenak Danimarkako eta Norvegiako enbaxadak ziren. Kausal salatari hark zuen, baina, oro hondatzen: «Mahomagatik».

        Munduaz hainbeste dakien egunkarian, idatz lezake kazetari batek dituen datuak izanda, antropologia konparatuaz gain inbasio militarrez, ustiaketa ekonomikoz, menperatze historikoz nahi beste dakien esku batek, «Mahomagatik» (aintzat hartzekoa Morris-en errieta gure espainoltasunagatik) eman zaiela su enbaxadei? Egindako bidea egin eta gero, zergatik erortzen gara bihotz-tiratu merkean, triparik bareena ere nahasteko moduko amarillismo errazean? Egun hartan bertan Die Zeit-eko analisi sakon itxurakoa eskaintzen zitzaigun hemerotekan, klixe eginetatik ihes, bestelako iritzirik ondu genezan!

        Euskal Herria musulmanen eta frankoen zein baskoien arrago, iraganeko lauso baino ez da, ondikoz. Euskal zoncera gaitz bat. Hurrengo egunean, egunkari honetako orrialde digitalean: «Donibane Lohizunen jaiotako gizonezko baten epaiketa hasiko da gaur AEBetan, Irailaren 11ko atentatuengatik».

        Ez dago asmatutako letra bakar bat. Hala eman zen Zakaria Moussaoui-ren (Zacarias frantziar legeak behartuta) kontrako epaiketaren berri: «Donibane Lohizunen jaiotako gizon bat». Ez gaitezen engaina, «jaiotako» diogunean, hori baitiogu, azken batean, Estatu Batuetako informazio zerbitzuen arabera Dorre Bikien kontrako atentatuen «20. terrorista» dena, «jaio» besterik ez zela egin Euskal Herrian, osterantzean, istripu txiki hori bazter utzita, ez duela harremanik Moussaouik herri honekin. Astelehenean ez da Berria-rik. Asteartean, albistearen jarraipenik ez paperezko edizioan. Epaiketak aurrera segituko du, baina kitto Moussaoui eta fini lohizunkeriak.

        Ez da gaia aldetik kentzen ahalegindu garen aurreneko aldia. 2004ko abenduaren 10ean, honako titulua irakurri ahal izan genuen Berria-n: «Martxoaren 11ko erasoekin ustez lotutako bi arabiar atxilotu dituzte Irunen». Ez ziren atxilotu bakarrak izan. Garai hartan, Espainiako Poliziak ustez Madrilgo atentatuekin zerikusia zuten hainbat pertsona atxilotu zuen han-hemen. Bitxiena da, hain zaigula arrotz eta orban lizun gai hau, ezen Irunen atxilotutako bi gizonen albistea Mundua sailean eman baitzen, ez Euskal Herria-n.

        Zakaria Moussaouiren epaiketari eman zaion trataerak, madarikaziorako bide baino ez du ematen. Moussaoui Donibane Lohizunen jaioa da, nahiz eta gero Frantzian, Erresuma Batuan eta AEBetan bizi izan den. Ez dute antzeko ibilbidea izan Maurice Ravelek, Juan Crisostomo Arriagak, Bixente Lizarazuk, Aitor Gonzalezek, Frantzisko Aizkibelek edota ehunka eta ehunka fraide eta moja misiolarik, konparazio batera? 37an Bilboko Abran negarrez agurtu eta itzuli ez diren ume haiek, ez dira euskal herritarrak ere?

        — Toledon bizi izanagatik, Aizkibel euskaltzalea zen! Eta besteak ikasten edo lanean ibili dira kanpoan! Gerratik eskapo joan behar izan zuten!

        Eta esaten ausartzen ez garena: gurasoak dituzte hemengoak, eta abizenak, edo izenak, Zakaria Moussaouik ez bezala.

        Eta Pablo Ibar-ez euskal hedabide publikoetan esandakoak datozkizu berehala akordura, eta Francisco Larrañagaz loratutakoak, eta erreportaje bitxietako «Ameriketako euskaldunak», askotan egundo lur hau zapaldu ez dutenen postal zuri-gorri-berde horiek, aizkoran Boisen, txinga eroaten Caracasen, ezpatadantzari La Platan, zangoa euskal zeruraino jasoa.

        — Baina haiek maite dute herri hau!

        Hain moderno, munduko eta mestizozale garenok: ezin liteke inor izan euskal herritar, islamiar eta, hala den frogatzeke dagoen arren, bonbaketari? Bihotz itxurako gure mapa hori, benetan daukagu jendez beteta ala pin bat besterik ez da, elkarte gastronomikoko horman erliebean eskegitzeko apaingarri hutsa?

        Moussaouik erakutsi digu integrismoa, etxekotua dugula. Gure nazio ikuspegia ageri da, horrelakoetan, integrista, erreakzionario, nazionalista. Euskal herritartasuna soilik balio positiboekin berdinduta, mesede ustela egiten diogu herri honetan gertatzen denaz informatuta egon nahi duenari. Donibane Lohizuneko Karrika Handian gora eta behera, linge, drapeau, gâteau basque, Euskal Herria hori dela sinetsita itzultzen diren turistentzako egunkaria da, horrelakoetan, gurea. Sentitzen dut: Moussaouik gehiago laguntzen du herri hau ulertzen Mattin Partarrieu-ren koadro kitsch guztiek baino.

        Ustezko hiltzaileari frantziartasuna ukatu ez dion prentsak, interbiua Moussaouiren amari, Aicha El Wafi-ri: «Si elle le veut, la France peut sortir mon fils de ce pétrin». Heriotza zigorraren aurkako kanpaina, abian da. Frantziar bat da, ausaz aulki elektrikoan kiskaliko dutena. Halakotzea baino ez da: «Euskal Herriak, nahi badu, atera lezake nire semea zulo honetatik».

        Egundo zoncera izatera iritsiko ez den irribarre mikatza masailean zauria marrazten.

(2006-02-12)

 

Ostekoa:

Coetzee-ren eleberrietako Hegoafrikan, nola daki irakurleak esaterako Lotsaizuna-ko Lurie zuria dela eta Petrus, aldiz, beltza? Ez idazleak hala esanda... eta badaki.