Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hitzolak

 

Garai bakoitzak du bere hiztegia. Italian, faxismo formalaren aroan, elegile handia izan zen Benito Mussolini. Bereak dira, besteak beste, topolino, sagutxoa, alegia, Fiat etxearen auto txikiari deitzeko eta Pisorno, Pisa eta Livorno artean eraiki zen zinema produktorari eman zitzaion izena. Weimar-ko Errepublikaren ilusioari zor zaizkio verankern (errotu, harroindu) eta ankurbeln (manibelari eragin, martxan jarri, ekin, sustatu). Lehen Mundu Gerra garaian, alemaniarrei ura ere ezin opa eta, Eau de Pologne bihurtu zuten frantziarrek Eau de Cologne usain gozoa. Garai bertsuan, Estatu Batuetan aleman eskolak eta Beethovenen musika galarazita zirelarik, sauerkraut berdea ere itzuli zen: askatasunaren aza. Iraken kontrako erasoei ekin zitzaienean, AEBetan zegoen Frantziaren aurkako giroaren ondorio eta ondare da, azaren logika berbera erabilita, french fries ez erabiltzearren sortutako freedom fries hura, halaxe zerbitzatuak, konparazio batera, Kongresuko jatetxean. Gertuago, hala komeni eta montaña rusa guztiak montaña suiza bihurtu ziren... Donostiako Igeldokoa da lekuko.

        Euskal Herrian, hainbesteko antzerik gabe, baina egin izan ditugu geure saiotxoak. Hegoaldean, «trantsizio garaian» trena galdu usu erabili ohi zen esaldia izan zen. Lizarra-Garazi sasoian, berriz, eszenategi berria jarri zen modan, eta honekin batera gaur arte heldu zaigun biharko argazkia. Biak ala biak, gazteleraz zein euskaraz berdin. Ez hainbeste frantsesez. Ez da berria ere, ezagun da non dauden gure hitzolak. 70eko hamarkadan, hainbesteko min ematen zigun, antza, Espainiak, non gozatzearren, eta autonomiena ikusita, Espainiar estatua eman eta erruz zabaldu genuen, esan gabe, noski, Franco beraren hiztegitik ebatsia zela estatuarena. Bidea, antzekoa hemen ere, gazteleraz sortu eta euskarara itzuli. Iparraldean, Frantziaz mintzatzen segitu zuten. Izan ere, l'état administrazioaren makina da. Ezin beraz futbol talde bat «frantziar estatukoa» izan, Frantziakoa baizik. Gobernuen zein alderdi politikoen prentsa bulegoak eta hedabideetako erredakzioak izan dira, honetan, hitzolarik handienak.

        Bada Euskadi Irratian bere kasa dabilen esataririk, eta albistegietan, lasai ederrean «Gobernu zentrala» gora eta «Gobernu zentrala» behera aritzen denik. Ez da, prefosta, berak asmatua. Garbi-garbi, Radio Euskadik bere-berea duen hiztegitik hartua da, Gobierno central-aren euskarazko ordaina. Euskal entzuleari ematen zaiona, hau da: Espainiako Gobernuari, Rodriguez Zapaterorenari deitzeko beste era bat da, hala ulertu behar duzue. Baina nahi gabetanik, beste zerbait ere esaten ari zaizkigu. Moncloakoa Gobernu zentrala bada, han dagoela erdia, begia, bihotza, eta gu, beraz, kanpoan, lekorean, periferian gaudela. Eta esan gabe doa, euskal herritarrok Gobernu zentral bakarra dugula. Eta ez hemen. Iparraldekoak? Ezin hasiko gara vasco-españoletik hartutako formula errazak zalantzan jartzen lau artzain eta bi pastoral egilerengatik!

        Horrela gaude. Horrela gabiltza. Orduak eta orduak eman litezke EITB taldeak sortutako neolinguak erakusten duen munduaz miraz. Arian-arian, eskizoide egin naute, ordea. Orain independentzia lortzear dagoen balizko euskal ez-dakit-zer bateko biztanle naizela sinetsarazten didate. Handik ordubetera Agustina Aragoikoaren titi disekatua baino espainolagoa naiz. Hurrengoan, izebarengana bisitan doana legez naramate Nafarroara. Albaceten hildako bat beti sartuko zait autoan, sukaldean, ohean, ez ordea Angeluko bat, gutxiago Bordelekoa... Astoa ikusten dut, banastak aldean. Eta beti alde batera apatxa.

        Batzuetan badirudi ahaztu egiten zaigula hitzek mundua ikusteko era bat erakusten dutela. Egunkari honetan bertan, oso artikulu polita nushua hizkuntzaren gainean lehengo irailaren 26an. Albistea ezagun zaigu Mariano Mendigatxaren bakardadea izan dugunontzat: emakumeek soilik zekiten hizkuntza horretako azken hiztuna hil zen. Hitzez hitz: «Jakin da, era berean, nushua Txina erdialdeko eta hegoaldeko urrutiko eskualde batzuetan hitz egiten zela bakarrik». Letra etzana nirea da.

        Orain geu gara geurekin erabili dituzten eskema zaharrak errepikatzen ari garenak. Piztiekin etzaten ginen basakristauok, orain geu gara Aymeric Picaud? Urrutiko? Zer diogu urrutikorekin? Urruti dagoela (Pekin gertuago dago agian?) ala zentrotik (jarri hiria, kultura, zibilizazioa, nahi den izen arriskutsu bat) dagoela urruti? Ez da hori «A! izan ere, zu Gipuzkoa sakonekoa zara!» harro-sinpatiko horren parekoa?

        Eskerrak Ipupomamuaren aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoa sakonarena hainbestetan entzun eta Asteasuko alkateak erantzuna gertu zekarren, bere hitzolan ondua: haur eta gazte literatura sortu, erakutsi eta gozatzeko euskara hutsezko gunea izango dena, «Euskal Herri osotik gertu dago».

        Nirea, sinetsidazue, ez da mapa eta hegorratz batez sendatzen.

(2004-10-17)

 

Ostekoa:

Hitzola mortalak dira hedabideak. Txileko presidente izan zen Augusto Pinochet-i deitzeko, «diktadore ohia» entzutera ohitu gaituzte. Ez dakit nor izan zen aurrena, kontua da azkar zabaldu dela gaitza. Berria-n bertan: «Guzman epaileak diktadore ohia atxilotu eta auzipetzeko aukera du».

        Galdera, egitekoa da: noiz arteko iraungitze data du diktadore lanbideak? Ohiak izan daitezkeen hitzen zerrenda osatzen hasi naiz: ministro, apaiz, jokalari, senar edo emazte... baina bortxatzaile bat, ohia izan liteke? Roldan, Aragon eta Urralburu, lapur ohiak dira? Rodriguez Galindo jenerala Lasa eta Zabalaren hiltzaile ohia da?