Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Les apaches de Paname

 

«Lapurrak dira, jendaila nazkagarria, horretan nago eta halaxe sinatzen dut», esan zuen kazetariaren aurrean Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak ostegun gauean banlieueetako gertaerez eskainitako emanaldi berezian. Ez zuen behin bakarrik aipatu. Hirutan erabili zuen «jendaila nazkagarria» (racaille); hagitzez nahiago, antza, «lapur» epelagoa baino (voyou).

        Hitzena, ez da huskeria. Frantzia eta auzo herriak asaldatu dituzten gertaerek asko zor diote Sarkozyren mintzatzeko manerari. Orain dela egun batzuk, Argenteuil-en, erasoetan parte hartzen ari diren gazteei «des racailles» deitu izana sutara botatako olio parrastada izan zen. Gobernutik bertatik, Azouz Begag Aukera Berdintasunerako ministroak berehala gaztigua: «Ezin zaie gazteei jendaila nazkagarri deitu. Semantika gerrazale eta zehaztugabean oinarritzen den metodoaren kontra nago». Haserre erantzun zion Lilian Thuram futbolariak ere: «Niri ere deitzen zidaten jendaila nazkagarri. Baina ni ez naiz zirtzileria. Nik lan egin nahi nuen». Ostegunean, filologia irakasle, «bakea nahi duen jende ausartaren izenean» mintzatu zen Sarkozy France 2ren A vous de jouer saioan: «Nahiko nuke baten batek aurrez aurre garbi esatea nola deitzen zaion suhiltzailea jotzen duenari, suhiltzaileari harriak botatzen dizkionari, suhiltzaileari dorre baten gainetik garbigailua botatzen dionari... nola deitu behar zaio jende honi? Gaztea? Jauna? Lapurra deitzen zaio lapurra delako. Nik «des racailles» direla esaten dudanean, berak dira beren buruari izen hori ematen diotenak». Eta bi ohar. Aurrena, kazetariei: «Utziozue gazte deitzeari». Eta bigarrena, Thuram-i: «Ez da bere afera. Hark ondo irabazten du, eta denbora da ez dela auzo hauetan bizi».

        Frantziako prentsak, oro har, ez du bere egin Barne ministroaren terminologia hori. Kontu handiagoz ibili ohi da, asko baitago jokoan. Hala, ez du egunkari irakurleak egunotan «des racailles» leitu, ez bada ministroaren hitzetan. Gehienetan, eta hitzek suari dei diezaioketela ohartuta, hautu neutroagora jo dute Le Monde-k eta Libération-ek. Gazteak dira ia beti, gazte taldeak, «400 jeunes ont...» (eta hortik Sarkozyren haserrea horrela deitzeagatik). Edo pertsonak: «une douzaine de personnes portant des marteaux et des bidons...».

        Kazeten arteko batasuna, espero litekeen bezala, ez da erabatekoa izan. Le Figaro-k eta Sud Ouest-ek, konparazio batera, nahiago izan dituzte deitura markatuagoak, Espainiako hainbat hedabidek erabili ohi dituztenen parekoak: «ces badauds de l'émeute», «les incendiaires», «les enragés», «des fauteurs de troubles», «des bandes estructurées», «des malfaiteurs»... Poliziak, teknikoago, «des petits groupes mobiles» deitzen ditu, eta «émeutiers» nahiko sarri. Sarkozyk baita «bandes» ere, eta Villepin beti ikasiak?: «Hitz guztiek dute beren garrantzia, eta txikizioak egiten dituztenak, gaizkileak dira».

        «Besteari» prentsak izan duen deitzeko eraz, egoki etor daiteke Dino Segre, Pitigrilli-k Zintzotasunaren hiztegia-n Napoleonez kontatzen duen hura ekartzea hona, gurean Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa ederrean berreskuratu zuena: «Harrigarriak dira, benetan, Le Moniteur Universel egunkariaren titularrak [1815eko] martxo guzian zehar, enperadore ohiaren hurbilketaren testigantza aparta ematen bait dute:

        Martxoak 9: «Monstruoak ihes egin zuen bere desterrutik». Martxoak 10: «Korsikar ogroak Cape Jean aldean desenbarkatu du». Martxoak 11: «Tigrea Gap aldean agertu da». Martxoak 12: «Monstruoa Grenoble hiriraino sartu da». Martxoak 13: «Tiranoa Grenoble eta Lyon aldean orain». Martxoak 18: «Usurpadorea hiriburutik hirurogei orduko ibilaldira dagoen punduraino hurbiltzen ausartu da». Martxoak 19: «Bonaparte ibilera arinez hurbiltzen ausartu da, baina inposiblea zaio Parisen sartzea». Martxoak 20: «Napoleon bihar iritsiko da Pariseko harresietara». Martxoak 21: «Napoleon Enperadorea Fontainebleaun dago». Martxoak 22: «Atzo arratsaldean Bere Maiestate Enperadoreak sarrera publikoa egin zuen Tullerietan».

        Berebiziko kontua da prentsak jendea, tokiak edota gauzak deitzeko erabiltzen duen erregistroa. Hortik Sarkozyren kezka: «On l'appelle comment? Jeune homme? Monsieur?».

        Banlieueetako gazteak ez direla Napoleon edo ez direla egunotako prentsan monsieur eta madame legez emango, badakigu. Baina hala eta guztiz ere, uste dut esan litekeela egon dela nolabaiteko aldaketa gai hau emateko eran. Politikoak barik soziologoak, gizarte laguntzaileak eta hezitzaileak mintzatzen hasi arau ikasi du prentsak —ez beti— gaia beste era batera agertzen. Ñabardurak, nabariak egin dira. Eta beharrezkoak. Bidean, denok ikasi dugu zerbait.

        El País-ek, esate baterako, ondotxo. Urriaren 27an hil ziren Bouna Traore eta Zyed Benna Poliziarengandik ihesi zihoazela. Hamar eguneko istiluen ostean hasi da banlieueetako borrokei «Revuelta urbana en Francia» izena ematen. Espainiako zenbait hedabidetan «revuelta», edota «rebelión» gero eta errazago agertzen hasi dira, hasierako «violencia», «disturbios» edota «altercados» baztertu gabe bada ere. Frantzian, «violence» da gehienek darabiltena, baina adierazgarria da subjektuak gordetzeko ahalegina: «des villes du Grand Ouest ont été touchées par les violences», «Après quinze jours, les violences dans les banlieues marquent le pas». Polizia eta gazteen arteko borrokak, berriz, «des incidents qui éclatent» dira usuki.

        Egon da, egon denez, aldaketarik aste hauetan. Horregatik dago Sarkozy hain gogoetatua eleen itzalekin.

        «Eta gertaera hauek, zer izen dute?», galdetu diote aste honetan Eric Mace-ri, hitzek hartu duten indarra ikusita. «Matxinada, krisia, gerrilla?». CADISko soziologoa eta Sorbonako irakaslea, makurrik gabe mintzatu da: «Nire ustez, garbi dago Clichykoa matxinada dela, orain dela 20 urtetik gidoia ezagutzen dugun matxinada. Berria iraupena da, eta horrenbeste zabaltzea. Eta beraz, gerrillaz mintza gaitezke, baina gerrilla «matxinatua», azken batean, dimentsio politikoa duen matxinada. Talde ekintzari loturiko dimentsio politikoa, eta ez ekintza deliktibo hutsa».

        Eta guk, nola eman dugu? Paname-ko banlieueetan Poliziari aurre egiten dioten apache horiek, «gazteak» dira ia beti. Gertaerak izendatzeko, berriz, «liskar» izan da sarrien erabili izan dugun hitza, estilo aldetik akitu arte errepikatzeraino (baita hamabi aldiz ere egun bakar batean!), eta «istilu». Inoiz, baita «eraso» ere. Alde bakarra, sinaduraren araberakoa. Erredakzioan legez sinatuta agertu izan direnak dira pobreenak. Sinatuetan, aldiz, ageriago da nolabaiteko nahiera: «bazterkeriaren eta arrazakerien kontra piztutako liskarrek 13. suzko gaua izan zuten herenegun». Baina inondik ere ez Frantzian erabiltzen ari diren «émeute» edo errebolta, matxinada edo «delitu hutsetik harantzagoko ekintza» horren antzeko ezer. Hilaren 10ean halako amets hutsa, edizio digitalean, paperera pasa ez zena: «Errebolta baretzen ari dela dio Frantziako Poliziak».

        Auto txikitzen barik autotxikitzen ari diren neska-mutil matxinatuen afera honek guztiak ikasgai ederra utzi digu guztioi. Bazterketa soziala hizkuntzatik hasten dela, esate baterako. Aukeratzen ditugun hitzen bidez erakusten dugula mundua. Eta honetan, egunak eta gauak bata bestearen atzetik garretan pasa arren, ez dut uste asmatu dugunik. Hala ere, ez nuke sinetsi nahi tarteka entzutea egokitzen zaiguna, alegia, euskaraz ez dagoela mundu zailak azaltzerik.

(2005-11-13)