Itoizko urtegia betetzeko herriak husten ari dira Longidan eta Artzibarren 2003ko udaberrian. Bizidunekin batera kanposantuetako hilak ere atera egin behar ordea. Horretan ari da Maite Andueza antropologo-forentsea, Oscar Iriarte argentinarraren laguntzaz, bertakoak izan zirenen gorpuzkinak berreskuratzen urak betirako irentsi baino lehen.
Iņigo Aranbarriren bigarren nobelak Imanol Arellano du narratzailea, “Historiaren zabortegiak irentsi aurretik” edertasunak zikindutako istorioak biltzea maite duen kazetaria. Denbora kontra jarri zaion ikerketan murgildua, jakin dituenak idazteko premiak larrituta dauka, lurpean ezkutatuta dagoena azalera ekarri ezean erreportajeko kontakizunak ezin frogatuzkoak bihurtuko baitira urpean.