Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—8—

 

Agindutakoan iritsi banintzen ere, Maite han nuen ordurako. Sukaldeko atetik gertuegi zegoen mahaitxo bat zuen hartua. Urduri sumatu nuen. Begiak ziren, eta ezpainak nerabearen artegatasuna salatzen zutenak. Ez nenbilen oker, eseri eta batera eskuinaz koilara eta aiztoa eta ezkerraz furxeta ia berauen tokitik mugitzeke doitzen hasi zen. Beste horrenbeste egin zuen edalontziarekin, esku artean hartu gero ipurdi bustiak marka utzia zuen biribilaren gainean uzteko berriz. Auzi medikuari mahaian hamaika bider egiten ikusitako keinu hura: bisturiak, arraspak, stryker zerra.

        — Ez duzu denbora larregirik izango...

        Ez nion hala ez zenik ukatu nahi, banuela lasai bazkaltzeko astia esan nion, jolas egin nuen, egia zen gainera, non egongo nintzen han baino hobeto, «hain konpainia onean». Aurpegia piztu zitzaion. Ostirala zen, lantokira itzuli beharra nuen, banuen zeregina, batez ere astebururako Ziudadelako Armategiko aretoan antolatzen ari ziren erakusketa harekin, «baina zuk», ohartu nintzen orduan, «zer egiten duzu lanera joateke?».

        Begiez hurbildu zitzaidan.

        — Edateko zer?

        Rochekoak izan ez zuen segida izan nahi zuen bazkari hark. Oscar zegoelako, ezin izan genuen geure gauzez hitz egin, eta hala aitortu nion, bi ezezagun bagina bezala portatu ginela ordukoan. Erreportajea egitera joan ginenean, berriz, lanean ari ginen biok, «zu, hildakoak azalera ateratzen; ni, zure hildakoen etorkizunaz galdezka jendeari». Telefonoz deitu zidanean bezain hotz sumatzen nuen. Distantziak, Bartzelonako urteak, berehala ohartu nintzen, bion borondatetik harantzagoko neurria hartua zuen. Itauna ere, halakoxea, zer moduz nenbilen.

        Bera zen galdetzen zuena, eta ongi, erantzun nuen, buruarekin baietz egiten bezala, ahoa biribilduz, ongi nenbilela, ongi genbiltzala etxean. Tximistaren bristada bat-batean: Laida eskolako jantokian, ez ahal zuten deituko, gaixo dagoela eta bila joateko. Ez genuen ongi behar bestela. Galdera itzuli nionean, berdin erantzun zuen Maitek, singularrean beti, nahita, eta lasaitu egin nintzen, eta pentsatu nuen telefonoz hots egin izanak ez zuela hasieran eman nion larritasunik.

        — Dei bat izan dut.

        Emakume bat izan zela argitu zidan, ahotsagatik ez gaztea ere, lantokira deitu ziona. Orain hurrena, urpean geratuko ziren hilerrietako lanak zirela-eta, osaba zahar batekin hizketan ari zela gaia atera eta Larraingaingo hilerrikoa aipatuta, eroaren pare jarri omen zen gizona. Lortzeko han ari zirenen telefonoa, deitzeko, solasteko agudo, langile haiei esan beharreko bat zuela berak.

        — Eta?

        — Horregatik deitzen zidala. Ea gizonarekin hitz egingo dugun erregutu zidan.

        — Zuek?

        — Ez, guk, Imanol.

        Hau da beraz, etorri zitzaidan, niretzat gordea zenuen konfidentzia sekretua. Ez da kazetaria nahi zuena, laguna baino. Poztu egin nintzen.

        Gizona zahartuta zegoen, itxura. Erabat galduta ere ez, baina ez omen zen bere buruaz osoro arduratzeko gauza.

        — El Vergelen dago, egoitzan, gurpildun aulkian. Aspaldiko konturen bat izan behar du, ateratzeko dugun hildakoren batekin duena zerikusia.

        Emakumeak ez ziola argiegi azaldu, ez zela hitz errazekoa desenkusatu zen.

        — Osabarekin egongo ginela entzun arteko onik ez du izan. «Ea bakean uzten nauen behingoz», atera zaio.

        — Eta zuk, zer esan diozu?

        — Zurekin hitz egin nahi nuen lehenago. Enpresan ez dago ezer esateko modurik. Joatekotan, lanordutik kanpo egin beharrekoa litzateke.

        Maiteren begietan ikusi nuen neure burua. Hegirik gabeko putzu beltz bi, kanpora egin arau argitzen, goroldioz berdetzen zirenak. Garai batean, osin haietatik ez ateratzera jolasten nintzen, ahalik eta gehien irautera, albait sakonen itotzera. Gero, beste bat erori zen putzuotan, baina. Ni, ia lehortu gabe, beste batzuetan murgildu nintzen. Gaur arte. Orain berriro nengoen bertan. Eta ez nuen igeri egin nahi.

        — Lasai, joango gara.

        Goitik beherako arrakala estu bat zuen beheko ezpain mamitsuan.

        Eskatu eta Rochen agindua niona eskura emateko unea zen.

        — Hau da aipatu nizun liburua.

        Azkazal motzak zituen, gustatzen zitzaidan bezala biribilduak, nabarmenak azal beltzaranean. Ezinbesteko zauri txikiak hatz muturretan.

        Maiteren hortzen ederra liburua hartzean. Azalean Mastroianni eta Piccoli ageri dira filmeko fotograma batean. Largabistak zintzilik, lepoa animaliaren baten larruz dotoretutako militar jantziz bata —orduantxe etorri zitzaidan: badu Langsdorff-en aire bat argazki honetan—; larruzko jaka eta jertse beltzez bestea, jeep kabriolet batean doaz. Atzean, mendi mazela soildua, haitzak agerian nonahi. Mediterraneo hegiko beste herriren batean filmatua zen, duda izpirik gabe, Albania izan nahi zuena.

        Kontrazala irakurtzen hasi zen. Gazte baten erretratua du barrenean, ia ikasle batena begitantzen dena. Enver Hoxha-ren Albaniako idazle ofiziala zen orduan, beste Ismail Kadare bat.

        — Ez nuen ezagutzen.

        Neure sinadura aurreneko orrian, liburua erosi nuen dataren azpian. Berarentzat zela argitu behar izan nion, bila ibiliagatik, ez nuela aurkitu, liburu-dendetan katalogoz kanpo dutela eta ez zidatela borondate handirik erakutsi egon litekeen azken zulotik ekartzeko. Hala beharko zuela esan nion, barkatzeko, ertzak horitutako edizio bat, pixka bat nasaitua, «baina merezi du».

        Zurikeriarik gabe onartu zuela iruditu zitzaidan.

        — Asmatu duzu gainera: atzo nituen urteak.

        Zorionak ematen ari nintzaion barazki pasta ekarri zutenean biontzat. Ardotik atera nuen.

        — Biak bizi dira?

        — Mastroianni ez. Piccoli baietz uste dut.

        — Beste garai batekoa dena —esan zuen.

        Biok ere, Maite, ez gara beste garai batekoak? Ez balitz horrela, beste nonbait geundekeen elkarrekin bazkaltzen beharrean. Gogoan ez dudan norbaiti irakurria diot oraintsu, zauri batetik atera eta beste zauri batera goazela beti, hori dela eta ez besterik gure bizitza. Neuk ere ez nuke esango hala ez denik. Ikusi egiten dut, tartean, errepide nagusi bat edo beste eta, bidegurutzean sartuta, karrefurrean, hamaika bide, estrata eta zidor. Badakigu zer gertatzen den: bideok nahaspilatu egiten dira, badira elkar jotzen dutenak eta ipar edo hego, badira elkarrengandik betirako urruntzen direnak. Betirako aldendu egundo gehiago ez ikusi arteraino gehienetan.

        Aitorpenen unea iritsia zen. Norberaren bizitza besteak baso ardoa amaitu artean kontatzearena. Gizakiaren gozo eta malurak zazpi minutuan laburtzea badaitekeela erakutsi zuen berak. Nik, ur handiegietan sartu gabeko azalpen batez erantzun nion, uzkurrago hagitzez. Oso neurea den keinua. Ez dut piku heldua bezala zabaltzeko dohain hori.

        — Neure gorotzetan egosten, horretan naiz ona.

        — Gizaseme gehienak bezala.

        Hasieran biok jarri genion langa iraganera eraman gintzakeen edozein aipameni. Erosoago zebilen hagitzez Maite urtegikoaz galdetuta. Lanak zelaitu zuen oro. Gustura ari zen, talde ona zuen eta beharrari dagokiona, berez, ohitze kontua baino ez zen.

        — Nik ez nuke balioko.

        — Zertarako?

        Inoren hezurrek sortzen duten atzerakadarena aipatu nion.

        — Eta nork balio du ba?

        Ez nion galdetu zergatik ari zen, zer egiten zuen han, ez al zuen beste ezer aurkitu. Handia zen min emateko arriskua. Banuen susmorik. Kontua ez zen hilen eta bizien artekoa soilik. Ez zen ezezagun batzuk lurpetik atera eta garapenez mozorroturiko proiektu ero baten atzaparretatik libratuta memoriaren hobi txikietan gordetzea, duintasuna, eginbehar soziala eta hori guztia. Etorri zitzaidan egon behar zuela ihesen bat esker txarreko borondate hartan, kontatuko ez zidana eta, baldinbaitere, eskatuko ez niona.

        Atzeratuta zebiltzan agidanean. Hilak ez ziren hasieran aurreikusi bezain azkar ateratzen azalera. Katabutek sustraiak zituztela omen zirudien, «hain erro sakonak non luzatu ahala elkarren artean korapilatu eta lurraren muinean galtzen direla ematen duen». Halaxe esan zidan.

        Leihorik gabeko jangela itoan egurrezko mahaiak paperezko tapetez babestuak, aulki guztiak desberdinak argi apalpean, bizidunen arteko hariak mantentzeko aitzakia baino ez ziren hildakoak: iraganari deitu eta bertan bizitzea, kale berauek beste era batean ibiltzea, betirako joan den jendea, inoiz itzuliko ez diren elkarrizketak, begiradak eta eskuak. Gauza askoren hasiera eta gehiagoren bukaera, Maite.

        Hormetan, kolore biziz margotuak, Andy Warholen serieen maneran, Berpizkundeko goi emakume bat. Margot erreginaren ama, Endrike III.a Nafarroakoaren amaginarreba da koadroetakoa, Medicisko Katalina. Ostatuko nagusien jolas bat. Egin dezagun sinesten dugula hala deitzen ziotela, ostatuari bezalaxe, Catachu. «Paueko Gortetik arribatu Katherinak zabaldu zizun OstatUniversitate hau bisorraiaren isilik, non printzesa bera aritzen baitzen ostalers XVI.aren akaballan», jakinarazten zaio bazkaltiarrari. Jolasa, mitoa, asmakizuna... ederki sartua, baina zer ardura dio jatera datorrenari. Nire platerera arrankari zatia ateratzen ari zela, ausardia handirik gabe galdetu nion:

        — Eta Oscarrekin?

        Furxeta utzi gabe, ongi, esan zuen.

        — Lanerako ona da, atsegina.

        Tarteka, elkarrekin gelditu izan direla zerbait hartzeko, gehitu zuen.

        — Bakarrik dago mutil hori.

        Baietz, aitortu nion, Rochekoaren ostean neuk ere topatu izan dudala kalean, igoarazi dudala inoiz etxera, eta hala iruditzen zaidala, ez dabilela alai, baduela zerbait.

        — Harritu egiten al zara.

        Orain bost bat egun azkena, Nabarrerian. Galdetu nion:

        «Aurrekoan ez hidan esan. Aitona eta biok, heldu zineten Rügenera?».

        «Ni ez, bera bai, Alemaniara itzuli zen bidaia bakarrean. Super 8an filmatu zitian Langsdorffen arrokak, itsasoa, jaioterria. Ahotsik gabeko hamazazpi minutu dituk: hondartza zuriak, dunak, olatuak, arrantzontziak kalatxori artean portuan sartzen. Eta Graf Speeko nagusiaren jaioterriko kaleak, jenderik gabeak; eta haurrak, berrogeita hamar urte lehenago Langsdorff bera ibili zeneko eskolatik irteten Bergenen; eta... ez didak sinetsiko».

        «Zer?».

        «Aita Donostiaren pieza bat dutela atzean. Gainetik ezarri zioan. Oinazez dik izena, ezagutzen duk? Hil ostean aurkitu genian zinta, haren trasteen artean. Gerora jakin genian harako-harako erakutsi zutela areto batzuetan. Arrebak zaukak».

        Kurlinta labarretan.

        Orduan ohartu nintzen jantokian ere musika zeukatela jarria. Zerbitzariak hiru lagun eserarazi zituen aldameneko mahaian.

        — Orain hurrena, zinemara joan ginen elkarrekin —esan zidan Maitek.

        Dena utzita bizimodu hobe baten itxaropena diozu. Zer egiten du orduan argentinar batek hemen hezur batzen, Mastroianni eta Piccoli Albanian baino galduago bertako askok ere inoiz entzun gabeko herrietan? Neure burua ikustera egin dut Atlantikoaz bestalde, nik dakit bada non, Ixcanen, Iquiquen edota Sao Paulon, gerrirainoko lokatzetan sartua, inoiz neure arteko sentitu ez ditudan maia nekazariak, txiletar meatzariak, brasildar obreroak esku artean hartu, zapi batez arretaz garbitu eta metalezko kutxetan sartzen eta etiketatzen. Areago, urtegirik ederrenean, ibaia baino itsasoa den Rio de La Platan uretan zuloa egin eta hogeita hamar mila desagertuen bila aritu naiz. Eguna paraje arrotz batean argitzen ikusi. Egunero. Esku lokaztuz heldu kafearen kikarari, eta herrikoak, hilerri hegira pasieran heldu eta begirazun bakoitzean oihuka, «utzi gure hilak bakean!», eta obrak amaitu eta ura ttupa-ttupa geldiro gorantz datorrela, iruntzietara txilioak, «atera azkar, ez daitezela hor gelditu, urpean betirako!». Etsiak eta iraganak jotako jendearen kontradikzio horiek guztiak.

        Ulertzen ez nituen kontuak zituzten mintzagai aldamenean eseri berriek. Erosketa batzuk, tarifak eta irabazi marjinak.

        — Biok joango gara orduan El Vergelera?

        Egoitza batean bizi den agurea, azalera atera beharreko hildako batez arduratuta. Niretzat, probetxua ateratzeko moduko istorio bat izan zitekeen ausaz. Maiterentzat, jakizu.

        Bi kafe huts eskatu nituen. Hildakoez landa, bagenuen zertan jardun. Zein bidegurutzetan urrundu ziren gure bideak gogora ekarri, esaterako.