Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Kiowak eta beste batzuk

 

1989an ia 600 preso zeuden 70 espetxetan sakabanatuta. Kartzela askotan modulu apartetan daude, harremanik eta elkar ikusteko aukerarik gabe. Modulu berean egonik ere, galeria berezituetan daude zenbait kartzelatan, patio ordu ezberdinekin, bisita egun ezberdinekin, elkarrekin topo egiteko paradarik gabe. Modulu, galeria eta kartzela bereizi guziok kontuan hartuta, esan dezakegu 106 lekutan banatuta daudela presoak estatu espainiar eta frantziarrean.

        Hala ere, Aljerko elkarrizketak eten ondoren, beste bultzada eman zioten sakabanaketari, eta estatu espainiarreko ia 100 kartzeletan banatuak egongo dira euskal presoak. Haien artean dira Kanariar uharteak, Ceuta, Melilla edo Ibiza.

        Presoak ez ezik senideak ere zigortzeko asmatu zuten sakabanaketa. Bisean biseko edo kabinetako bisitetan mantar brodatuetan bilduta ezagutu genituen seme-alaba edo iloba txiki haiek, artean ezgai, zirriborroari legez begiratzen zigutenak ama edo amamaren besoetatik, «zu zergatik zaude kartzelan» galdetzen ziguten kabina berean urte batzuk geroago, «noiz etorriko zara etxera» galdetzen ziguten hurrengo bisean bisekoan, jolasak eta jakinminak gainezka egiten dieten adin horretan. Eta orain, jolasgurak eta galderak astebururoko bidaia amaiezinetako neke eta istripuetan galdu zaizkienean, euren neska edo mutil-lagunekin etortzen dira kabina berberetara edo bisean bisetara, eta «zer moduz zaude» galdetzen dute aurrez aurre begiratuz... Hori, eta euren begiradetan ostentzen den malkoen mapa latza da sakabanaketa.

        Presoentzat, larri zaudenean norengana jorik ez izatea da sakabanaketa eta bakardadea. Zure oihua inork entzuten ez duenean, zure deiadarrak erantzunik ez badu erakarri, haizeak eramanda galdu bada, bakarrik zauden seinale. Zure oihua inork ezin duela entzun baldin badakizu, are handiagoa da zure bakardadea. Eta preso bazaude, eta bakarrik, eta ehunka kilometrotara bazaude zure herritik eta etxetik, zure ziegako leihoaren paretik gorago eraikitzen bada aurreko harresia eta ezin baduzu ikusi mendi muinoa eta hodeiertza, zure etxearen kokagunea asmatzeko parametrorik ezin baduzu ezarri... argi dago bakardade izugarrian zaudela. Moduluan beste preso pila batekin batera bazauzkate ere bakar-bakarrik egon baitzaitezke zure larriari inork ez badio jaramonik egiten. Erkiderik ez baduzu alboan, alde honetara edo horretara dauden ziegetan tribu-kiderik ez badago, «ikusezina» zara.

        Joseba Sarrionandiaren nobelak tentatuta hasi ginen historia hauen hariari tiraka. Orain, bakardadearen haran itsu honetara iritsi eta gure deiadarrak bere oihartzuna beste erantzunik aurkitu ez duenean, Lagun izoztua nobelara nator berriro.

        Nobelako pertsonaietako bat da ipuina kontatzen duena: «Munduan asko lez, familia Kiowa bat bakarrik geratu zen gauez lautadan eta han zeuden senar-emazteak lanean eta umetxo bat lotan bisonte larruzko dendaren barruan. Gizona, su txikiaren argitan, gezigintzan ari zen. Geziburua zorroztarriaz zorroztu, ziria hortzen artean sakatuz zuzendu, gero gezi hori arkuan ipini eta arteztasuna frogatzen zuen. Bat-batean, dendaren kanpoaldean animalia edo gizakiren bat zegoela ohartu zen. Gezigileak, bere lana ezertan aldatu gabe esan zion bere emazteari: «Kanpoaldean baten bat dago, zaindu umea, baina ez beldurtu, hizketan jarraituko dugu lasaitasunez». Eta geziburu zorroztua lotu ondoren, ziria hortzen artean sakatuz berriro arteztu, gezia uztaian kokatu eta harantz honunzka frogatu zuen lasai, eta emazteari hitz eginez bezala esan zuen, «Badakit hortxe kanpoan zaudela, zure pausoa entzun dut, zure begiak sentitu ditut nire gainean. Kiowa baldin bazara, esaten ari naizena ulertuko duzu eta esadazu zure izena».

        «Kanpotik inork ez zuen erantzun eta gizonak, frogatzen ari zen gezia alde batera eta bestera zuzendu zuen. Bere frogantzan gezia kanpokoa igartzen zuen puntura zuzendu zuenean, jaurti eta gezi zorrotz hura etsaiaren bihotz bihotzera sartu zen artez...».

        Itsuari, esate baterako, ukimena, inguruko giroan ezohiko zerbait sumatzeko ahalmena... bizituko zaizkio ikusmen faltaren mugapenak gainditzeko. Presoari belarria, entzumena zorrozten zaiola esango nuke, ziegan zaudenean entzuten duzun ate hotsa goiko edo beheko galeriakoa ote den, zeure galeriakoa bada harantzagoko edo honantzagoko ziegakoa ote den igartzen diozu. Oihua presoarena edo kartzeleroarena izan ote den sumatzen ikasten duzu... Zure ziegako atearen osteko galerian zehar dabilen oinotsa kartzeleroarena edo presoren batena den bereizten ikasten duzu, eta zure galeria horretan beste euskal presorik baldin badago, gogaiderik baduzu, zure tribu-kideren batzuk baldin badaude harantzagoko edo honantzagoko ziegaren batzuetan, haien ateak noiz irekitzen dituzten igartzen du euskal-kiowa presoak.

        Eta galerian zehar kartzelero taldearen oinotsak sumatu baditu, eta ondorenean tribu-kidearen atea ireki dutela sumatzen badu, erne eta atezuan jarriko da euskal-kiowa presoa, badakielako araketa egitera joan zaizkiola, edo jipoitzeko aitzakiaren baten bila. Baina kartzeleroak badaki presoak badakiela, eta horrexegatik, bere pausoen hotsak entzutean ziegan itxita dagoen euskal-kiowa atezuan jartzen dela badakielako, galeria horretan paseatzen da tarteka, edo zarata egiten du giltzarekin burdina joz, bakarrik dagoen preso horrek lasaitasun unerik ez dezan izan egundo. Lautadaren erdian, bere ziega-dendan bakarrik dago euskal-kiowa presoa, eta badaki bakarrik dagoela, eta ziega-dendaren kanpoaldean sumatzen dituen oinotsak, ateko idi-begitik so dauzkan begiak bere tribu-kidearenak ez direla. Horixe da sakabanaketa euskal presoentzat.

        Pentsatzekoa da EAJko buruzagi eta aholkulariak harro sentitu zirela euskal presoen sakabanaketa antolatzen eta burutzen zuten bitartean. Historiak eman zien horretarako irakaspenik ugari. 1938ko hasieran presoak sakabanatzeari ekin zioten frankistek. Lehenago ere erabilia zuten presoen dispertsioa, baina ordutik modu orokorrean egin zuten.

        Iraganaren lanbroan galtzen zaigu memoria. Baina ez guztiei; pentsatzekoa da 1987 inguruan euskal presook sakabanatzea erabaki eta hori egiteko modua prestatu zuten agintari eta aholkulariek interes handiz berreskuratu zutela historiaren lanbroan galdutako memoria hura. Santoñan gudariak saldu zituztenetik batez ere, ikusi zuten kartzelarik urrutieneraino nola eramaten zituzten, eta nola eraisten zituzten kartzela haietan bizi baldintzarik gogorrenak ezarriz.

        Ez da zaila aholkulari jeltzale haietakoren bat imaginatzea «1937-1938an gureak sakabanatu eta izorratu zituzten moduan, 1987-1988an sakabanatu eta izorratu daitezke hauek ere» esanez. Nork daki EAJk baino hobeto zer egin behar zen euskal preso politikoak suntsitzeko? Inork ez, noski!