Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Sartuko zara eta ez zara irtengo

 

Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua ezaguna zen 1936a baino lehenago ere.1934ko iraultzaren porrotaren ondoren ehunka preso, asturiarrak eta eibartarrak batez ere, sartu zituzten, eta bertan hil ziren haietako asko. 1936ko amnistiarekin atera ziren 400 inguru.

        Altxamendu faxistaren ondoren, San Kristobalen bi milaren bat atxilotu sartu zituzten. Haietako askori heriotza eman zioten, batzuei gotorlekuan bertan, gehienak legez askatatasuna agindu eta gotorlekutik atera ondoren fusilatu egiten zituzten. Letra handiko errotulua zegoen sarreran: «Sartuko zara eta ez zara irtengo».

        1938ko maiatzaren 22an ihes handi bat izan zen. Une horretan zeuden 2.487 gatibuetatik 795 saiatu zen askatasuna berreskuratzen. Esan ohi da porrotari diogun beldurra dela presook ihes egiteko dugun trabarik handiena, eta guztiz gezurra ez da izango agian. Edozein modutan, handia da ateak ireki ondoren San Kristobalen geratu zirenen kopurua.

        Hanka egin zutenetatik 585 atxilotu egin zituzten, 187 hildakoren gorpuak ezagutu zituzten, eta ezagutu gabeko beste 24 hildako agertu ziren. Fuga hartan abiatu zirenak baino gehiago ateratzen dira kontu horietatik, eta, beraz, argi dago San Kristobal ez zen lekuren batzuetatik alde egindakoak ere bazirela tartean.

        Lurpeko sotoetan zeuden zigor ziegetan sartu zituzten harrapatu zituztenak, argirik, mantarik, oherik eta tabakorik gabe, eta eguneroko jipoiekin. Hiru hilabetetik gora eduki zituzten han, egunsentian ordu erdiz patiora atera eta akitu arte korrika eginaraziz. Ihesaren prestaketa leporatu zieten hamalauri heriotza zigorra ezarri zieten.

        San Kristobalgo iheslarietatik hiruk bakarrik lortu zuten mugaz bestaldera igarotzea. Salatariek ere izan zuten euren partea ondorio horretan. Kondenak gutxitu zizkieten ihesaren unean kartzeleroei lagundu zietelako 61i. Esklaboak, perretxikoak bezala ateratzen dira.

        San Kristobalgoak amaitzeko apunte bitxi bat. Paulino Uzkudunen iloba bat zegoen presoen artean. Artilezko lastaira bat jaso zuen, etxetik bidalita. Hainbat denbora geroago lastaira ireki zuen, artilea harrotzeko asmoz, eta han aurkitu zuen etxekoek bidalitako eskutitza ere, eta ohartxo bat azalean idatzia: «koltxonetaren barnean doa eskutitza».

        Hor datorkit Mario mokoa zorrotz, kritikaren eztena berezkoa duela iruditzen zait. Maiz ezer esango ez balu ere, begiradan igarriko nioke pentsamendua donostiarrari.

        — Ihesaren kontu horrekin ez zara asko luzitu! San Kristobalgo harrezkeroztik beste saiorik eta ihesik ez dela egin ez duzu usteko, ala?

        Errieta kutsuan nabari zaio goizeko kafeak pixetan isuriak dituela dagoeneko, eta ekonomatoa itxita dago. Eta okerrena da arrazoi duela alu honek. Izan ere, Ezkaba mendikoaz gero egin dira beste ihes saio batzuk eta merezi dute hitz erdi bat sikiera nire aldetik.

        Carabanchel dena zuloz josia zegoela entzun izan dugu sarritan. Zamoran ere egin zuten zuloa. Herreran bertan aritu ginen zerbaitetan, Langraiztik saiatu zen kideren bat... Eta saiakerak ez ezik, azken bururaino eramandako ihesak ere bai, izan dira; 1980ko hamarkadaren aurretik Basauri, Martutene eta Segoviako kartzelatik ihes egin zuten. Hor dago, ahanztezin, Sarrionandia eta Pikabearena ere.

        — Horiena ederra joan zen! Polita izan behar du bafleetan sartuta kartzeleroen aurrean ate handitik irteteak. Danborrak adinako taupada hotsa egingo zien bihotzak une haietan.

        — Agian politagoa izan zen Ismael Berasategik burututakoa —dio Mariok—. Bisitaren ondoren bera anaiaren ordez kalera atera, eta anaia barrura, haren lekua hartzera...

        Historia hori, gainera, edo horren antzekoa, ihesa gertatu baino dezente lehenago ipuinen batean irakurri izana gogoratu uste dut. 2002ko abuztuaren 17an La Sante kartzelatik Ismael Berasategik egindako ihesak, eta haren lekua hartzeko barrura sartu zen anaia Jose Antoniorenak Koldo Izagirreren Nikola Agirreren pasadizo bat ematen du.

        — Zein presok ez du ihes bat amestu? Ba ote da presorik kalean dagoela amets egin ez duenik?

        — Kondena beteta kaleratzen den presoaren sentipena eta ihesean doan horrena, ezberdinak izango dira horma edo atea gurutzatu eta bere burua libre dakusanean. —ari da Mario.

        — Eta, San Kristobalgo hartan bezala, atea zabalik eduki arren barruan geratzen diren haien sentipena, zer izango da? —galdetu diot ostera.

        Miresgarria da askotan giza izaera, eta beste batzuetan errukia ematen du. Kartzeletan ugari izan ohi dira salatari eta antzekoak, cabo de varak, kapoak eta halakoak. Espainiar kartzeletan eta kontzentrazio eremuetan aspaldikoak dira txota edo cabo de vara deituak, kartzeleroei lanik zikinenetan laguntzen zietenak. Nazien suntsipen barrutietan ere kapoak deitutakoak zeuden, preso sozial alemaniarrak gehienak, haien makilkadapean lan egin behar izaten zuten prisioneroek, eta hiru angeluko eta kolore ezberdinetako zapitxoa zeramaten paparrean esklabo horiek bereizgarri. Geuk ere ikusi izan ditugu hemen ziegetako leihoetan barroteak soldeatzen kartzelarentzat lan egiten duten presoak...

        Egun hauetan alanbre hesi altuagoa ipintzen ari dira Ceuta eta Melillako mugetan, afrikarrik ez dadin igaro espainiar koloniara, eta... etorkinak, lehenago alanbresi horren gainetik igaroz iritsi diren afrikar etorkinak ari dira alanbresia handitzen. Giza izaeraren metafora izan daiteke.

        Ezkaba mendikoan, ateak zabalik edukita, zergatik geratu ziren barruan hainbeste preso? Askatasunari izua zioten beharbada, eta gotorleku galeria ilunenetan ezkutatuz euren buruak ikusezin bihurtu nahi izan zituzten etor ziezaiekeen mendeku eta ondorioari itzuri egiteko. Hala ere, eta izu guztien gainetik, geuretzat nahiko genuke askok San Kristobalgo hura bezalako aukera bat.